Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

9.1.11. Hezkuntzaren Kodea


9.1.11. Hezkuntzaren Kodea[1398]

I. ZATIA
Xedapen orokor eta erkideak

I. LIBURUA
Hezkuntzaren printzipio orokorrak

I. TITULUA
Hezkuntzarako eskubidea
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

L111-1 artikulua

[…]

Eskolak ikasle guztiei bermatu behar die frantsesa ikasten eta menderatzen dutela.

[…]

II. KAPITULUA
Ahalmen urriko haur eta nerabeentzako xedapen bereziak

L112-3 artikulua

Beren hezkuntza- eta eskola-ibilbide osoan, gazte gorrek legez bermaturik izango dute komunikazio-hizkuntza aukeratzeko askatasuna: komunikazio elebiduna (frantsesa eta zeinu-hizkuntza) edo frantses hutsezko komunikazioa. Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez finkatuko da, batetik, gazte gorrek eta haien familiek zer-nolako baldintzak bete beharko dituzten aukera-askatasun horretaz baliatzeko, eta, bestetik, haien hezkuntzaz arduratzen diren ikastegi eta zerbitzuek zer-nolako neurriak hartu beharko dituzten aukera-askatasun horren aplikazioa bermatzeko.

II. TITULUA
Hezkuntza-zerbitzu publikoaren xede eta eginkizunak
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

L121-1 artikulua

Ikastetxeak, kolegioak, lizeoak eta goi-mailako ikasketak ematen dituzten ikastegiak ezagutzak eta lan-metodoak transmititzeaz eta irakasteaz arduratuko dira. Hezkuntza mistoa eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatuko dituzte, orientazioaren alorrean batez ere. Herritartasunerako hezkuntza sustatuko dute, tartean baita Internet eta komunikazio publikoko online zerbitzuak modu arduratsuan erabiltzearekin lotutako prestakuntza ere, eta delinkuentziari aurrea hartzen lagunduko dute. Giza eskubideen ezagutzan eta errespetuan hezi eta eskubideon kontrako egoera zehatzen nondik norakoez jabearaziko dituzten ikasleak. Herrialdeko bilakaera ekonomiko, sozial eta kulturalera egokituko dituzte beren eduki eta metodoak, bai eta Europako eta nazioarteko inguruabarretara ere. Prestakuntza hori osatzeko, gainera, hizkuntza eta kultura erregionalak ere irakatsi ahal izango dira maila guztietan. Heziketa artistiko eta kulturalak zuzen-zuzenean lagunduko die ikasleei beren prestakuntza osatzen, eta gorputz-heziketak eta kirolek ere bai. Goi-mailako ikasketetan ere, ikasleei jarduera fisikoak eta kirolak proposatuko zaizkie. Eskolen, ikastetxeen eta lizeoen eginkizuna izango da, halaber, ikasleei indarkeriari buruzko informazioa ematea eta sexu-heziketa eskaintzea, bai eta irakasleak indarkeria sexistaren eta sexu-erasoen inguruan sentsibilizatzea eta onespenik eza errespetatu beharraren gaineko prestakuntza ematea ere.

L121-3 artikulua

I. Irakaskuntzaren oinarrizko xedeetako bat izango da ikasleek frantsesa menderatzera eta beste bi hizkuntza jakitera iristea.

II. Ikastegi publiko zein pribatuetan, eskola guztiak frantsesez eman eta azterketak, lehiaketak, tesiak eta ikerlanak hizkuntza horretan egingo dira. Honako hauek izan daitezke salbuespenak:

1. Eskualdeetako edo atzerriko hizkuntzen eta kulturen irakaskuntza.

[…]

4. Mugaz bestaldeko unibertsitate-ikasketa eta -titulu eleaniztunak.

[…]

Halakoetan, goi-mailako ikasketak partzialki baizik ezin izango dira eman atzerriko hizkuntzan, eta betiere ikasketa horiei buruzko akreditazioan bertan finkaturik baldin badago zenbat ikasgai emango diren frantsesez. Frantzian frantsesa erabiltzen dela bermatzeko ardura duen ministroari berehala jakinaraziko zaio zein salbuespen adostu diren, zein eperen barruan eta zein den baimen bereziok ematearen arrazoia.

Ikasketak atzerriko hizkuntza batean jasotzen dituzten ikasle atzerritarrek, frantses nahikorik ez badakite, frantseseko eskoletara joan beharko dute. Titulua eskuratzeko, ikasleek frantses-maila nahikoa lortu duten ala ez ebaluatuko da.

Proposatzen diren ikasgaiak zein hizkuntzatan ematen diren, horrek eta eskolek berek hizkuntza hori menderatzeko modua emango diete ikasle frankofonoei.

Ez ikastetxe atzerritarrek, ez nazionalitatez atzerritarrak diren ikasleei eskolak emateko berariaz sortutakoek eta ez nazioarteko ikasketak ematen dituzten ikastegiek ere ez daukate lehen apartatuan aurreikusitakoa betetzeko betebeharrik.

III. KAPITULUA
Goi-mailako irakaskuntzaren xede eta eginkizunak

L123-6 artikulua

[…]

Frantsesa eta hizkuntza eta kultura erregionalak aberasteaz eta sustatzeaz arduratuko da. Ondare nazionalaren eta eskualdeetako ondarearen parte diren elementuak aztertzeko eta aintzat hartzeko lanetan parte hartuko du. Ikastegien esku utzitako bildumak zaintzen eta elikatzen direla bermatuko du.

[…]

L123-7 artikulua

Irakaskuntza-zerbitzu publikoak, nazioarteko erkidego zientifiko eta kulturalaren barruan, ideien debateak eta ikerketak aurrera egin dezaten lagundu beharko du, eta kulturen arteko topagune izan. Europan eta nazioartean ezagutzak ahalik ongiena truka daitezen sustatuko du, eta ezagutzok gizarte zibilera zabaltzeaz arduratuko da. Mugaz haraindiko lankidetza sustatuko du, eta, helburu horretarako, itsasoz haraindiko departamendu eta eskualdeek nazioartean ospea lor dezaten lan egitera bultzatuko ditu Konstituzioaren 73. artikuluak barnean hartzen dituen kolektibitateetan kokaturik dauden goi-mailako ikasketa-zentroak. Atzerrian ikasketak eta hezkuntza-jarduerak aldi batez egiteko aukera emango die ikasle eta langileei, baina haien ikasketa-martxari kalterik egin gabe. Halaber, erraztasunak emango dizkie atzerriko ikertzaileei Frantziara etorri eta beren proiektu zientifikoak irauten duen aldian bertan egon daitezen. Estatuaren Kanpo Harremanei buruzko 2010eko uztailaren 27ko 2010-873 Legearen L. 822-1 artikuluan aipatzen den unibertsitate-jardueren eta jarduera akademikoen sarearekin eta 6. artikuluan aipatzen den ikastegi publikoarekin lotuta, ikasle atzerritarrak Frantziara etorri eta ikasketak bertan egin ditzatela bermatuko du. Atzerrian dauden ikastegi frantsesak babestu beharko ditu, eta atzerrian frantseseko ikastaroak eman daitezela bultzatu, bai eta frantsesaren hedapena sustatzen duten zerbitzu eta baliabide pedagogiko digitalen garapena ere. Nahi duten herrialdeetan prestakuntza- eta ikerketa-zentroak sortzen lagunduko du. Atzerrian eskolatutako ikasle frantsesei eta atzerriko ikastegi frantsesetan eskolatutako ikasle atzerritarrei erraztasunak emango dizkie goi-mailako ikasketak frantsesez egin ditzaten. Martxan jartzen dituen lankidetza-programen bitartez, langile frantses eta atzerritarrei modua emango die teknologia berrien alorrean eta ikerketa zientifikoaren praktikarenean prestakuntza eskuratzeko.

Botere publikoek ezarririko esparruaren barruan, zerbitzu publiko honen parte diren ikastegiek hitzarmenak egingo dituzte atzerriko edo nazioarteko instituzioekin, bereziki Frantziaz kanpoko estatuetako goi-mailako instituzio akademikoekin eta are berezikiago Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko kide diren estatuetakoekin, haiekin guztiekin loturak sendotuz, bai eta eskolak partzialki edo osoki frantsesez ematen dituztela bermatzen duten atzerriko ikastegiekin ere. Diploma nazionalak edo ikastegi-mailakoak ematea da hitzarmen horien xedea, atzerrian kokaturik dauden goi-mailako ikasketa-zentroekin elkarlanean zein ez.

II. LIBURUA
Hezkuntza Administrazioa

I. TITULUA
Estatuaren eta lurralde-kolektibitateen arteko eskumen-banaketa
II. KAPITULUA
Udalerrien eskumenak

1. atala
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak

L212-8 artikulua

[…]

Gainera, tartean diren haurrak bizi diren udalerriko ikastetxeetan hizkuntza erregionalik irakasten ez bada, bertako alkateak ezin izango dio uko egin, ezta eskolotan eskolatuak izateko leku nahikoa baldin badago ere, haurrok beste udalerri bateko ikastetxe batean eskolatzeari, baldin eta beste ikastetxe horretan hizkuntza erregionala irakasten badute eta haurrak bertan eskolatuak izateko lekua badago. Haurron eskolatze-gastuei aurre egiteko, udalerri hartzaileak eta jatorrizko udalerriak akordio bat egin beharko dute. Akordiorik ezean, eta tartean diren haurren eskolatze-interesak direla tarteko, Estatuak departamenduan duen ordezkaria bi udalerrietako alkateekin batzartuko da, eskolatze-gastuen inguruko desadostasunak konpontzeko.

[…]

IV. KAPITULUA
Eskualdeen eskumenak

4. atala
Itsasoz haraindiko eskualdeen eskumenak

L214-17 artikulua

Lurralde Kolektibitateen Kode Orokorraren L. 4433-25 eta L. 4433-26 artikuluetako xedapenen bidez ezartzen dira itsasoz haraindiko eskualdeen hezkuntzaren alorreko eskumen bereziak, hemen erreproduzitzen diren moduan:

“L. 4433-25 artikulua. Kultura, Hezkuntza eta Ingurumen Auzietarako Kontseiluaren aurretiazko irizpenean oinarriturik, Eskualdeko Kontseiluak erabaki beharko du hizkuntza eta kultura erregionalekin lotutako zer-nolako hezkuntza- eta kultura-jarduera osagarriak antolatuko diren eskualdearen eskumenpeko ikastetxeetan.

[…]

VI. KAPITULUA
Lurralde-kolektibitateen eskumen erkideak

L216-1 artikulua

[…]

Lehen apartatuan aipaturiko jarduera osagarriak hizkuntza erregionalen eta kulturen irakaskuntzarekin loturik egon daitezke.

Jarduerok antolatzeko, kolektibitate interesdunak eta ikastegiak konbentzio bat sinatuko dute, eta, bertan, Estatuko funtzionarioak kolektibitatearen zerbitzura zer egin dezaketen zehatuko da batez ere.

II. ZATIA
Ikasketa-planak

III. LIBURUA
Ikasketa-planen antolaketa

I. TITULUA
Ikasketa-planen antolaketa orokorra
II. KAPITULUA
Zenbait ikasgairen berariazko xedapenak

3 bis atala
Zeinu-hizkuntzaren irakaskuntza

L312-9-1 artikulua

Frantsesezko zeinu-hizkuntza zuzenbide osoko hizkuntzatzat jotzen da. Hizkuntza horretan mintzatzen diren ikasleek frantsesezko zeinu-hizkuntza ikasteko ahala izan beharko dute. Hezkuntza Kontseilu Nagusiari dagokio hizkuntza horren irakaskuntza errazteko ardura, eta hura ebaluatzeko baldintzen berri ere eman beharko du erregulartasunez. Azterketa eta lehiaketetan, tartean baita lanbide heziketakoetan ere, ikasleek hizkuntza horri buruzko hautazko proba bat egin ahal izango dute. Administrazioan ere, zeinu-hizkuntza erabil dadin erraztuko da.

3 ter atala
Atzerriko hizkuntza bizien irakaskuntza

L312-9-2 artikulua

Ikasle guztiek izango dute, derrigorrezko eskolatze-aldiaren hasieratik, atzerriko hizkuntza bizi bat ikasteko aukera.

Herrialderen batekin sinaturiko erregioen arteko lankidetza-akordioak indarrean badaude, herrialde horretan hitz egiten diren atzerriko hizkuntzak irakastea bultzatu ahal izango du ikastetxe bakoitzak.

Atzerriko hizkuntza bizien irakaskuntza lehen hezkuntzan hasi eta bigarrenean jarraitzen dela bermatu beharko da.

Ematen zaien hizkuntzen irakaskuntzaz gain, hizkuntza-aniztasunaren hastapenak ere irakats dakizkieke ikasleei. Horretarako, etxean hitz egiten dituzten hizkuntzak har daitezke oinarritzat.

4. atala
Hizkuntza erregional eta gutxituen irakaskuntza

L312-10 artikulua

Hizkuntza eta kultura erregionalak Frantziako ondarearen parte dira, eta haien irakaskuntza erraztuko da hizkuntza eta kultura horiek dituzten erregioetan.

Irakaskuntza hori eskolatze-aldi osoan zehar eskaini ahal izango da, Estatuak hizkuntza horiek hitz egiten diren lurralde-kolektibitateekin sinatuak dituen konbentzioen bidez definituriko modalitateen arabera.

Hizkuntza eta kultura erregional horiek dituzten erregioetan haien irakaskuntza errazteko zer egin Hezkuntza Kontseilu Nagusiari kontsultatuko zaio, L. 231-1 artikuluak ematen dizkion eskudantziekin bat etorriz.

Hizkuntza eta kultura erregionalekin loturiko hautazko ikasgaia bi modu hauetako batean eskaini ahal izango da:

1. Erregioko hizkuntza eta kulturari buruzko ikasgaia;

2. Ikasgai elebiduna, frantsesez eta hizkuntza erregionalean.

Familiei hizkuntza eta kultura erregionalak ikasteko moduei buruzko informazioa eman beharko zaie.

L312-11 artikulua

Hargatik eragotzi gabe L. 121-3 artikuluko xedapenak, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleek hizkuntza erregionalak erabili ahal izango dituzte hizkuntza horiek irakasten ari direla. Eskualde-kulturaren elementuez ere baliatu ahal izango dira irakasleak, ezagutza-, gaitasun- eta kultura-oinarri erkideak eta ikasketa-programekin loturikoak behar bezala eskuratzen direla bermatzeko.

L312-11-1 artikulua

Korsikan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ohiko ordutegiaren barruko ikasgaietako bat izango da korsikera.

L. 312-11-2 artikulua[1399]

Hargatik eragotzi gabe L. 312-11-1 artikulua, Estatuaren eta eskualdeen, Korsikako lurralde-kolektibitatearen, Alsaziako Kolektibitate Europarraren eta Konstituzioaren 73. artikuluaren agintepeko lurralde-kolektibitateen arteko konbentzioekin bat etorriz, tartean diren lurraldeetan edo lurralde horietako leku batzuetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako eta kolegio eta lizeoetako ohiko ordutegiaren barruko ikasgaietako bat izango da hizkuntza erregionala, ikasle guztiei hura ikasteko modua emateko asmoz

IV. KAPITULUA
Pedagogiaren alorreko ikerketa-, esperimentazio- eta dokumentazio-lana

L314-2 artikulua

Agintari akademikoen aurretiazko baimena eta pedagogiaren alorreko ikerketa-taldeen adostasuna lortu ondoren, esperimentu pedagogikoak ere egin ahal izango dira L. 401-1 artikuluan aipatzen den ikasketa-proiektuaren edo ikastetxeko proiektuaren parte gisa, ikastetxe edo ikastegi osoari edo haren zati bati eragiten diotenak, gehienez ere bost urteko epean eta dekretu bidez ezarritako baldintzetan. Esperimentuok gai hauei buruzkoak izan daitezke: ikastaldearen, ikastetxearen edo ikastegiaren antolaketa pedagogikoa; ikasmailen arteko erlazioak; hezkuntza-sistemako langileen arteko elkarlana; atzerriko hizkuntzen eta hizkuntza erregionalen irakaskuntza; atzerriko ikasketa-zentroekiko ikasketa-trukeak; tresna eta baliabide digitalen erabilera; ikasgai eta ordutegiek ikasturtean zehar izan behar luketen banaketa; ikasleentzako orientazio-prozedurak; eta ikasleen gurasoek ikastetxe edo ikastegiaren martxan nola parte hartu zehazteko moduak. Lurralde-kolektibitateek modu sistematikoan parte hartuko dute hezkuntza-sistema nazionala gidari izango duten esperimentuen eta lurralde-eremu bakoitzeko aldaeren orientazio-lerroak definitzeko lanetan.

Esperimentu horien esparruan, eta betiere tartean diren irakasleak ados baldin badaude, arauzko zerbitzu-betebeharren periodikotasuna aldatu egin ahal izango da.

Esperimentuen ebaluazio-modalitateak eta balizko luzapenak dekretu bidez zehaztuko dira.

II. TITULUA
Lehen mailako irakaskuntza
KAPITULU BAKARRA

L321-3 artikulua

Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasketa-eskaintza ikasketa-programa bakar baten arabera antolatu eta, L. 311-1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ziklotan banatuko da; hasierako ikastaldiaren iraupena aldagarria izango da.

Ikasketa-eskaintza horrek ahozko eta idatzizko adierazmena, irakurmena, kalkulua eta problemen ebazpena, eta gainerako oinarrizko ezagutzak eskuratzen direla bermatu beharko du, eta ikasleen adimen-garapena, sentsibilitate artistikoa, eta esku- eta gorputz-gaitasunak zein kirolerako gaitasunak sustatzen direla ere bai. Ikasleei kultura historiko, geografiko, zientifiko eta teknikoarekin loturiko elementuak irakatsi eta heziketa artistiko eta musikala eskainiko die. Ikasleek atzerriko hizkuntza bizi bat ikasten dutela bermatu beharko du, bai eta hizkuntza-aniztasunaren nondik norakoak ikasten hasita daudela ere. Komunikazio-bideak zer diren ulertzeko eta halakoak modu autonomo eta arduratsuan erabiltzeko gakoak emango dizkie, batez ere komunikazio-bide digitalen gainekoak. Neska-mutilak pertsona guztiak errespetatu beharraz jabetzen direla bermatu beharko du, haien jatorri eta desberdintasunak gorabehera. Haurren eskubideak eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna errespetatu beharra ere transmitituko die. Familiekin batera, ikasleek hezkuntza morala eta herritartasunerako hezkuntza jasotzen dituztela bermatu beharko du, eta Errepublikako eta Europar Batasuneko balio eta ikurrak ezagutzen dituztela ere bai, batez ere ereserkia eta haren historia.

L321-4 artikulua

Ikastetxeetan, zailtasunak dituzten ikasleen aldeko egokitzapen- eta babes-neurri zehatzak jarriko dira martxan, batez ere ahozko eta/edo idatzizko hizkuntzarekin loturiko arazoak dituztenei —hala nola dislexia— laguntzekoak. Zailtasun horiek larriak eta iraunkorrak badira, neska-mutilek ikasketa egokitua jasoko dute.

[…]

IV. LIBURUA
Ikastegiak

II. TITULUA
Kolegioak eta lizeoak
I. KAPITULUA
Tokian tokiko ikastegi publikoen antolaketa eta funtzionamendua

3 bis atala
Estrasburgoko Eskola Europarrari buruzko xedapen bereziak

L. 421-19-1 artikulua

Nazioarteko ikasketen tokian tokiko ikastegi publikoak lehen eta bigarren mailako eskolak ematen dituzten ikastegiak dira, ikasgai guztiak frantsesez eta atzerriko hizkuntza bizi batean ematen dituztenak eskolaldi osoan. Ikasleak hiru diploma nazional hauek lortzeko prestatzen dituzte: nazioarteko brebeta, nazioarteko batxilergoa eta batxilergo europarra, Eskola Europarren Estatutuko eranskina aldatzeari buruzko akordioan aurreikusitako baldintzen arabera ematen dena, Luxenburgon 1984ko apirilaren 11n sinaturiko Batxilergo Europarraren Erregelamenduarekin bat etorriz. Ikasleak nazioarteko batxilergoa egiteko prestatzen dituzten nazioarteko ikasketen tokian tokiko ikastegi publikoek orobat prestatu ahal izango dituzte ikasleak, titulazio bikoitzeko programen barruan, aldi berean bi titulu hauek eskuratzeko: batetik, batxilergoko diploma, eta, bestetik, atzerriko estatu batean estatu horrekin sinaturiko akordioen arabera goi-mailako ikasketak egiteko ahala ematen duen titulu edo egiaztagiria.

Nazioarteko ikasketak egitea edota titulazio bikoitzeko programaren batean parte hartzea hautatu ez duten ikasleek ere ikasi ahal izango dute ikastegiotan, eta horietan brebeta edo batxilergoko diploma nazionala (baxoa) eskuratzeko prestatu, baldin eta halako ikasleen kopurua dekretu bidez ezarritakoaren gainetik ez badago.

Estatuak departamenduan duen ordezkariaren erabaki bidez sor daitezke ikastegiok; horretarako, kolegio eta lizeoen kudeaketaren gaineko eskumenak dituzten lurralde-kolektibitateek, udalerriek eta udalerriarteko lankidetza-elkarte publikoek —halakoek ikastetxeen funtzionamenduaren gaineko eskumenak baitituzte— konbentzio bat burutu beharko dute, eta hezkuntzaren gaineko eskumena duen Estatuko agintaritzak bere oniritzia eman beharko du.

Hargatik eragotzi gabe atal honetan aurreikusitako xedapenak, ikastegiok liburu honetako atariko tituluko xedapenen eta titulu honetako gainerako xedapenen arabera arautuko dira.

L421-19-10 artikulua

L. 421-19-1 artikuluko bigarren apartatuan aipaturiko ikasleen kasuan izan ezik, nazioarteko ikasketen tokian tokiko ikastegi publikoetan ikasle gisa onartua izateko, berariaz egiaztatu beharko da neska-mutilak gai direla, beren adinari dagokion mailan eta dekretu bidez ezarritako baldintzen arabera, titulazio bikoitzeko programetan erabiliko den hizkuntzan emandako eskolak ulertzeko.

Horretarako gai direla egiaztatu ondoren, hezkuntzaren gaineko eskumenak dituen Estatuko agintaritzak nazioarteko ikasketen tokian tokiko ikastegi publiko bana esleituko die ikasleei, bakoitzean eskolaturik dauden neska-mutilen artean ahalik eta gizarte-aniztasun handiena dagoela bermatuz.

L421-19-11 artikulua

Baldin eta nazioarteko ikasketen tokian tokiko ikastegi publiko bateko ikasketa-programa lantzeko erabiltzen den hizkuntza estatu bateko lurralde barruan hitz egiten diren hizkuntza ofizialetako bat bada, estatu horrek beharrezkoak izan litezkeen irakasleak bidali ahal izango ditu ikastegiotara.

IV. TITULUA
Ikastegi pribatuak
II. KAPITULUA
Estatuaren eta ikastegi pribatuen arteko harremanak

3. atala
Ikastegi pribatuen eta Estatuaren arteko irakaskuntza publikoko lankidetza-kontratuak

L442-5-1 artikulua[1400]

[…]

Hizkuntza erregionalak L. 312-10 artikuluko 2. zenbakiaren zentzuan irakasteko lankidetza-kontratua duten lehen mailako ikastegi pribatuetan eskolatzekoak diren haurren gastuei aurre egiteko, haurra bizi den udalerriak akordio bat egin beharko du beste udalerri batean dagoen ikastegi batekin, baldin eta haurra bizi den udalerri horretan ez badago hizkuntza erregionala irakasten duen eskolarik […]

5. atala
Estatuarekin kontratu bidez loturik dauden ikastegien xedapen erkideak

L442-14 artikulua

Irakasleei ordaintzeko esleitu beharreko maileguen zenbatekoa L. 442-5 eta L. 442-12 artikuluetan irakasleen zereginetarako aurreikusitako kontratuetako baten mende egongo da, eta aurrekontuei buruzko legearen bidez zehaztuko da urtero. Ikastegi publikoetan eta kontratupeko ikastegi pribatuetan zenbat ikasle dituzten eta zer-nolako eskolak ematen diren bertan, zenbatekoa horren arabera finkatuko da, bai eta ikastegi publikoen muga demografiko, sozial edo linguistiko zehatzen arabera ere. Kontratu berriak artikulu honetan aipaturiko mailegu-mugen barruan baino ezin izango dira burutu.

V. TITULUA
Atzerriko ikastegi frantsesak
II. KAPITULUA
Atzerriko Frantses Irakaskuntzarako Agentzia

L452-2 artikulua

Ikastegien harrera-ahalmenen arabera, Agentziak xede hauek izango ditu:

[…]

3. Frantsesaren eta Frantziako kulturaren ospe ona sustatzea, batez ere ikasle atzerritarrei harrera eginez;

7. Lehentasunez laguntzea atzerrian dauden frantses irakaskuntzako establezimenduetan jardunean ari diren edo aritu nahi duten langileak prestatzen, bai eta 2. puntuan definitutako hezkuntza-lankidetzako helburuaren arabera atzerriko hezkuntza-sistemetan aritzen diren langileak ere, frantsesezko edo frantsesaren prestakuntza salbuetsien programen esparruan, behar bezala arrazoitutako salbuespena dagoenean izan ezik;[1401]

8. Ekimenen sustatzaileei aholkularitza ematea haien homologazio-proiektuaren gidaritzan frantses irakaskuntzako establezimendu bat sortze aldera;[1402]

9. Estatuaren berme-eskarien espedienteak instruitzea irakaskuntzako lokalen eskuratze, eraikitze eta antolaketa finantzatzeko; [1403]

10. Berrikuntza pedagogikorako laborategia izatea hezkuntza nazionalerako, batez ere hizkuntzen irakaskuntzaren esparruan. [1404]

L452-3 artikulua[1405]

Agentziak atzerrian kokatutako irakaskuntza-establezimenduak kudeatuko ditu, zeinak baitaude Atzerriko Arazoetako Ministerioaren edo Lankidetza Ministerioaren mende, eta zuzeneko kudeaketan baitaude; establezimendu horientzat, Agentziak Estatuaren kredituak jasoko ditu, bere gain hartzen dituen konpromisoak estaltzeko. Agentziak, halaber, atzerrian kokatuta dauden prestakuntza-institutu erregionalak kudeatuko ditu, zeinak zuzeneko kudeaketan baitaude, eta bermatzen baitute atzerrian dauden frantses irakaskuntzako establezimenduetan jardunean ari diren edo aritu nahi duten langileen prestakuntza, eta prestakuntzaren helburuak bermatu ahal baitituzte L. 452-2 artikuluaren 2. puntuan zehaztutako hezkuntza-lankidetzako helburuen arabera jardunean ari diren langileen fabore. Finantzen gaiez arduratzen den ministerioaren, atzerriko gaiez arduratzen den ministerioaren eta lankidetzako gaiez arduratzen den ministerioaren arteko agindu bateratu batek finkatuko du.

Prestakuntzako institutu erregionalen instantzia pedagogiko eta zientifikoak irakasleen ordezkariak ditu bere kideen artean.

L. 452-3-1 artikulua

Atzerriko frantses irakaskuntzako establezimenduak homologatzean, haietan hezkuntza inklusiboaren printzipioak errespetatzen diren ala ez eta eskola-jazarpenaren aurkako borrokarako gailurik dagen ala ez izango da irizpideetako bat.[1406]

L452-6 artikulua

Agentzia administrazio-kontseilu batek administratuko du, zeinak ordezkari hauek izango baititu, dekretuz izendatutako lehendakariaz eta bi diputatuz eta bi senatariz gain:

1. Atzerriko gaiez, lankidetzaz, hezkuntzaz eta finantzez arduratzen diren ministroak, administrazio-kontseiluaren eserlekuen erdien kopuru berdinean gutxienez;

2. Atzerriko Frantsesen Batzarrarenak, establezimenduen organismo kudeatzaileenak, atzerriko frantses irakaskuntzako ikasleen gurasoen elkarte ordezkatzaileenenak[1407], eta atzerriko irakaskuntza-establezimenduetan nahiz agentziako zerbitzu zentraletan eragina duten pertsonenak. Administrazio-kontseiluak, halaber, Atzerriko Frantsesaren Batzarreko aholkulari bat ere izango du, zeina ez baita izango Atzerriko Frantsesen Batzarreko kide, eta azken batzarrak proposatuta izendatua izango baita[1408].

Atzerriko frantses irakaskuntzako establezimenduetan eta agentziako zerbitzu zentraletan eragina duten langileen ordezkarien kopuruak 2. puntuan aipatutako ordezkarien kopuruaren herena izango du gutxienez; atzerriko frantses irakaskuntzako ikasleen gurasoen elkarteen federazioetako ordezkarien kopuruak ere kopuru bera izango du gutxienez; federazioen ordezkarietako batek gutxienez hitzartutako establezimenduen organismo kudeatzaileak ordezkatzen ditu.[1409]

Atzerriko frantses irakaskuntzako ikasle ohien elkarteetako ordezkari batek, Atzerriko Frantses Eskolen Elkarte Nazionaleko ordezkari batek eta haur-hizkuntza frantsesa dutenen elkarteetako ordezkari batek parte hartzen dute administrazio-kontseiluan aditu gisa, ahotsarekin baina botorik gabe.[1410]

L452-8 artikulua

Agentziak txosten zehatz bat argitaratuko du urtero, zeina Parlamentuaren mendean jarriko baita; txosten horretan hauek jasoko dira: jarduerak; kudeaketa; lehiaketak eta aurrekontuetako zuzkidurak; agente titularren eta kredituen banaketa geografikoen hautapena eta loturak; eskolatze-gastuak, lagapen-gastuen emaitza, bai eta izandako zailtasunak ere. Gainera, agentziak frantses eskolek atzerrian dituzten etorkizuneko programei eta garapen-eskakizunei buruzko aurreikuspenak ezarriko ditu.

Txosten horretan, baremoaren osagai guztiak eta eskola-beken hurrengo kanpainako jarraibideen bilakaera-proposamenak jasoko dira.

V. LIBURUA
Ikastetxeetako bizimodua

IV. TITULUA
Ikastetxeetako osasun-egoera
I. KAPITULUA
Osasunaren babesa

L541-1 artikulua

[…]

Ikastetxeetan, hiru urtetik lau urtera bitarteko haur guztiak aztertzeko bisitaldi bat antolatuko da. Bisitaldiaren helburua haurren osasun-arazoak detektatzea izango da, hau da, arazo sentsorial edo psikoafektiborik baduten, behar bezala hazten ari diren eta, batez ere ahozko hizkuntzari dagokionez, haien garapen neuronala egokia den aztertzea. Departamenduko Ama-umeen Babeserako Zerbitzuko osasun-langileak joango dira bisitan ikastetxeetara, kode beraren L. 2112-2 artikuluko 2. zenbakian ezarritakoa eta L. 2112-2 artikuluan bertan osasun-azterketak egiteko ahalari buruz ezarritakoa aplikatuz. Departamenduko Ama-umeen Babeserako Zerbitzuek ez badute modurik inor eskolara bisitan bidaltzeko, Hezkuntza Nazionalaren mendeko osasun-langileek joan beharko dute.

[…]

Eskolaldiko seigarren urtean, erregelamenduz ezarritako baldintzen araberako beste bisitaldi bat antolatuko da, haurrek hizkuntza- eta ikaskuntza-arazo espezifikorik baduten aztertzeko.

[…]

VI. LIBURUA
Goi-mailako ikasketen antolaketa

I. TITULUA
Ikasketa-planen antolaketa orokorra
II. KAPITULUA
Goi-mailako ikasketen bilakaera

1. atala
Lehen zikloa

L612-2 artikulua

Bigarren mailako ikasketetako bigarren zikloak goi-mailako ikasketetarako prestatzen ditu ikasleak, eta, han ikasitakoei segida emanez, goi-mailako ikasketetako lehen zikloak ere helburu hauek izango ditu:

1. Ikasleei ahalik eta jarduera gehienekin lotutako oinarrizko jakintzak eskuratzeko, ikasitakoan sakontzeko eta ezagutzak dibertsifikatzeko aukera ematea, eta frantsesaren gainean duten ezagutza hobetzea, lanerako metodoak irakastea eta ikerketarako jaidura piztea;

[…]

II. TITULUA
Unibertsitate-ikasketa orokorrak eta irakasle-ikasketak
III. KAPITULUA
Letrak, hizkuntzak, arteak, eta giza eta gizarte-zientziak

L623-1 artikulua

L. 121-6 artikuluan xedatutako jakintza-arloen gaineko goi-mailako prestakuntza ziurtatu beharko dute bai VII. liburuaren aplikazio-eremukoak diren eta ikasgai artistikoak eskaintzen dituzten ikastegiek, bai L. 361-2 artikulua aplikatuz onartutako goi-mailako ikastegiek.

Berez dagozkien zereginen artean, ikastegion eginkizunak izango dira ikasleak lanbide baterako prestatzea, ikerketaren alorrean aurrera egiteko modua ematea, kultura zabaltzea, eta arte-jardueren eta sektore produktibo guztien arteko loturak estutzea.

III. ZATIA
Goi-mailako ikasketak

VII. LIBURUA
Goi-mailako ikastegiak

II. TITULUA
Irakasle-ikasketen eta hezkuntza-zientzien goi-mailako eskolak
I. KAPITULUA
Irakasle-ikasketen eta hezkuntza-zientzien goi-mailako eskolen eginkizunak eta antolaketa

L721-2 artikulua

Irakasle-ikasketen eta hezkuntza-zientzien goi-mailako institutu nazionalek eginkizun hauek izango dituzte:

[…]

Itsasoz haraindiko ikastegietan, eleaniztasunaren oinarriak irakasteko eta ikasle alofonoen eskolatzeaz arduratzeko prestatu beharko dituzte irakasleak, bai eta ikasleen ezagutzak eta gaitasunak ebaluatzeko ere.

[…]

V. TITULUA
Goi-mailako ikastegi espezializatuak
II. KAPITULUA
Arkitektura-eskolak

L752-2 artikulua

Arkitekturari dagozkion goi-mailako ikasketen eremuan, arkitekturako goi-mailako eskola nazionalek zerbitzu publikoko helburu eta eginkizunak gauzatzen lagundu beharko dute. Ikerketaren alorreko estrategia nazionalaren parte izango dira, bai eta L. 718-3 artikuluko 2. zenbakian aipatzen den goi-mailako ikastegiak batzeko estrategiaren parte ere. Arkitektura- eta kultura-ondarearen aniztasuna errespetarazteaz arduratuko dira, eta, bai hasieran eta bai gero ere, bizi artean, prestakuntza emango diete arkitekturaren, hirigintzaren, lurralde-plangintzaren eta paisaia-jardueren alorreko profesionalei.

Beren eginkizunen artean, artikulu honen lehen apartatuan aipatzen diren eskolek zera bermatu beharko dute:

[…]

5. Ikasleak gai direla, arkitektura-eskoletan ematen dizkieten nahitaezko ikasgaien bitartea, gutxienez atzerriko hizkuntza bat modu profesionalean menderatzeko.

[…]


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper