Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

9.1.3. Atzerritarren Sarrera eta Egonaldiaren eta Asilo-eskubidearen Kodea


9.1.3. Atzerritarren Sarrera eta Egonaldiaren eta Asilo-eskubidearen Kodea[1387]

I. LIBURUA
Atzerritarrei eta zenbait estatutako herritarrei aplikagarriak zaizkien xedapen orokorrak

I. TITULUA
Orokortasunak

KAPITULU BAKARRA

L111-7 artikulua

Atzerritar bati neurriren bat aplikatzen bazaio, dela Frantzian onartua ez izatekoa, dela itxarote-eremu edo atxikitze-eremu batean edukitzekoa, dela zirkulazio- edo egonaldi-eskubidea baduela egiaztatzeko atxikitzekoa, dela haren asilo-eskaera aztertzeko ardura duen estatura lekualdatzekoa, eta frantsesez hitz egiten ez badaki, atzerritar horrek prozeduraren hasieran adierazi beharko du zer beste hizkuntza ulertzen duen. Halaber, irakurtzen badakien ere adierazi beharko du. Datu horiek espresuki aipatu beharko dira atzerritarra ez onartzeko erabakian, edo hura itxarote-eremu batean eduki edo beste norabait lekualdatzekoan, edo L. 611-1-1 artikuluaren I. zenbakiko hamalaugarren apartatuan aurreikusten den aktan. Kontrako probarik ezean, aipamenok guztiok egiazkotzat joko dira. Atzerritarrak ulertzen duela adierazitako hizkuntza izango da prozedura amaitu bitartean erabiliko dena. Atzerritarrak uko egiten badio zein hizkuntza ulertzen duen esateari, frantsesa erabiliko da.

L111-8 artikulua

Kode honen II. V. eta VI. liburuetan eta L. 742-3 artikuluan hala aurreikusten delarik, atzerritar bati berak ulertzen duen hizkuntza batean komunikatu behar zaionean erabaki edo informazioren bat, hori bi eratara egin ahal izango da: edo idatzizko inprimakien bitartez, edo interprete baten bitartez. Atzerritarra ez bada frantsesez hitz egiteko gai, eta irakurtzen ere ez badaki, interprete baten laguntza derrigorrezkoa izango da.

Horretarako premiarik bada, interpretazio-lana telekomunikazio-bideen bitartez egin daiteke. Halakoetan, L. 111-9 artikuluan aipatzen diren zerrendetan izena emana duten interpreteak edo Administrazioaren onespena duten interpretazio- eta itzulpen-organismoetako interpreteak soilik aukeratu ahal izango dira. Atzerritarrari idatziz jakinaraziko zaizkio bai interpretearen izen-deiturak eta helbidea, bai hitzordua noiz izango den eta zein hizkuntza erabiliko den ere.

L111-9 artikulua

Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez finkatuko dira L. 111-7 eta L. 111-8 artikuluen aplikazio-modalitateak; zehatz esatera, baldintzak definituko dira L. 111-8 artikuluko azken apartatuan aurreikusitako zerrendetan interprete-itzultzaileek izena emateko edo haietatik kanporatuak izateko.

II. LIBURUA
Frantzian sartzea

I. TITULUA
Sartzeko baldintzak

III. KAPITULUA
Sarrera ukatzea

L213-2 artikulua

Asilo-eskaeren kasuetan izan ezik, erregelamenduz zehazturiko kategoria duen agente batek jakinarazpen ziodun baten bitartez eman beharko dio atzerritarrari Frantzian sartzeko eskubidea ukatu zaiola adierazten duen erabakiaren berri.

Erabakiaren berri ematearekin batera, interesdunari aipatu egin beharko zaio eskubidea duela erabakiaren abisua emateko halakoak entrega dakizkion berak adierazitako pertsonari, bere kontsulatuari edo berak hautatutako lege-aholkulariari. Asilo-eskaeretan, jakinarazpenak orobat aipatu beharko du interesdunak, L. 213-9 artikuluan oinarriturik, deuseztatzeko errekurtsoa aurkezteko eskubidea duela, eta horretarako bide eta epeak zehaztu beharko ditu. Interesdunari berak ulertzen duen hizkuntza batean komunikatu beharko zaizkio erabakia eta harekin batera helaraztekoa den eskubideen jakinarazpena.

[…]

Atzerritarrak frantsesez hitz egiten ez badu, L. 111-7 artikulua aplikatuko da.

[…]

L213-9 artikulua

[…]

Atzerritarrak interprete baten laguntza eskatu ahal izango dio auzitegiko presidenteari edo berariaz izendatutako magistratuari. Atzerritarrak lege-aholkularia badu, haren laguntza jaso ahal izango du. Ofiziozko lege-aholkulari bat izenda diezaiola ere eskatu ahal izango dio atzerritarrak presidenteari edo berariaz izendatutako magistratuari. Entzunaldian zehar, Gobernuaren ordezkariak ez du ondoriorik aterako.

[…]

II. TITULUA
Atzerritarrak itxarote-eremu batean edukitzea

I. KAPITULUA
Atzerritarrak itxarote-eremu batean edukitzeko baldintzak

L221-4 artikulua

Itxarote-eremu batean dagoen atzerritarrari ahalik eta eperik laburrenean komunikatu beharko zaio interprete edo mediku baten laguntza eska dezakeela, lege-aholkulari batekin edo berak hautatu nahi duen zeinahi pertsonarekin harremanetan jar daitekeela, eta itxarote-eremua noiznahi utz dezakeela, baldin eta Frantziatik kanpoko lekuren batera alde egiten badu. Orobat azaldu beharko zaio asiloa eskatzearekin loturiko zer eskubide balia dezakeen. Informazio hori guztia berak ulertzen duen hizkuntza batean jakinarazi beharko zaio. Horren guztiaren berri eman beharko da L. 221-3 artikuluko bigarren apartatuan aipatzen den eta interesdunak berak sinatu beharko duen erregistroan.

Baldin eta itxarote-eremu batean atzerritar-kopuru handia badago aldi berean, bertan Administrazioko zenbat funtzionario eta interprete dauden kontuan harturik helaraziko zaio bakoitzari lehen apartatuan aipaturiko eskubideen jakinarazpena, baina ahalik eta eperik laburrenean betiere. Inguruabar berezi horietan, halaber, jakinarazten zaizkien eskubideak ahalik eta eperik laburrenean gauzatu ahal izango dituzte.

Atzerritarrak frantsesez hitz egiten ez badu, L. 111-7 artikulua aplikatuko da.

[…]

II. KAPITULUA
Itxarote-eremuetako atzerritarren egonaldia luzatzeko baldintzak
1. atala
Askatasunen eta atxiloketaren epailearen erabakia

L222-3 artikulua

[…]

Atzerritarrak ofiziozko lege-aholkulari bat izendatzeko eskatu ahal izango dio askatasunen eta atxiloketaren epaileari. Adingabeek ad hoc administratzaileak aukeraturiko abokatu baten laguntza izango dute, edo, halakorik ezean, funtzionario publiko batena. Interprete batek bere txostena itzul dezala ere eskatu ahal izango dio atzerritarrak —edo, L. 221-5 artikuluan aipatzen diren adingabeen kasuan, ad hoc administratzaileak— askatasunen eta atxiloketaren epaileari.

[…]

3. atala
Xedapen erkideak

L222-7 artikulua

Atzerritarrak itxarote-eremuetan edukitzearekin lotuta titulu honetan bertan ezartzen diren jurisdikzio-prozeduretan laguntzeko izendaturiko interpreteen sari eta ordainei dagokienez, Estatuak bere gain hartu beharko ditu gastuok, atzerritarraren kontra errekurtsorik jartzeko modurik gabe, eta justizia penalaren, justizia korrekzionalaren eta polizia-zerbitzuen arloko gastuetarako aurreikusiriko baldintzen arabera.

III. LIBURUA
Frantzian egonaldia egitea

I. TITULUA
Egonaldi-baimenak

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
2. atala
Frantziako gizartean integratzeari buruzko xedapenak

L311-9 artikulua

Estatuak Frantziako bizimoduari eta bertan bizitzeak dakartzan eskubide eta eginbeharrei buruzko informazioa eman beharko dio, sorterrian bertan, Frantziako lurraldean modu iraunkorrean bizi nahi duen atzerritarrari.

Hamasei urterekin etorri eta hemezortzi urte beteak izan bitartean Frantzian egonaldi bat egiteko baimena lehen aldiz jasoa duen edo bertara modu erregularrean etorri den atzerritarrak, baldin eta Frantzian modu iraunkorrean bizi nahi badu, integrazio errepublikanoko ikastaro pertsonalizatu bat jaso beharko du. Atzerritarrak Errepublikaren balioak ulertu, frantsesa ikasi, eta gizarte- eta lan-arloko integrazioa eta autonomia erdietsi beharko ditu ikastaro horren bitartez.

Hauek izango dira ikastaroaren eduki nagusiak:

[…]

2. Estatuak agindutako hizkuntza-prestakuntza, atzerritarrak frantsesa ikas dezan;

[…]

Atzerritar iritsi berriari lan bat lortzeko eta Frantziako gizartean integratzeko modua emateko adina ordu eskaini beharko dizkio frantsesaren irakaskuntzari artikulu honetako 2. zenbakian aipatzen den hizkuntza-prestakuntzak. Prestakuntza horrek ziurtagiri estandarizatu bat eskuratzeko bidea ere eman ahal izango du, atzerritarraren hizkuntza-maila ebaluatzen duena. Atzerritarrak eskaera ziodun bat egiten badu, 2 bis zenbakian aipatzen den lege-aholkulariak eman ahal izango dio ziurtagiria atzerritarrari.

[…]

Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez finkatuko dira artikulu hau aplikatzeko baldintzak. Dekretu horrexen bidez zehaztuko dira integrazio errepublikanoko ikastarorako kontratuaren iraupena, aurrez ezarritako prestakuntza-saioen kopurua eta haietan parte hartzeko eta saioak balioztatzeko baldintzak, tartean baita atzerritarrari frantses nahikoa dakiela ziurtatzen dion ziurtagiria bidaltzekoa ere, horrek agintzen zaizkion prestakuntza-saioetara jarraituki joateko ahala eman diezaion.

II. KAPITULUA
Egonaldi-baimenen batzordea

L312-2 artikulua

[…]

Batzordeak bera eratu ondorengo hiru hilabeteen barruan batzartu beharko du, eta atzerritarrari gutxienez hamabost egun lehenago jakinarazi beharko dio, idatziz, bilera horretan parte hartu behar duela; atzerritarrak lege-aholkulari baten laguntza jaso ahal izango du bileran, edo berak aukeratzen duen beste edozein pertsonarena, eta interprete bat ondoan duela hitz egin ahal izango du. Justiziaren alorreko laguntzei buruzko 1991ko uztailaren 10eko 92-647 Legean aurreikusitako baldintzen arabera eta eskaeran bertan aipatzen zaizkion ahalak aintzat harturik eskatu ahal izango ditu atzerritarrak dagozkion jurisdikzio-laguntzak, eta horiek behin-behinean onartzen zaizkion ala ez batzordeburuak erabaki beharko du.

[…]

III. KAPITULUA
Behin-behineko egonaldi-baimena eta urte anitzeko egonaldi-baimena
4. azpiatala
Au pair gaztea” izendapena duen behin-behineko egonaldi-baimena

L313-9 artikulua

I. “Au pair gaztea” izendapena duen egonaldi-baimenak urtebeteko iraupena izango du, eta behin berriztatu ahal izango da. Baimena eskuratzeko, atzerritarrak baldintza hauek bete beharko ditu:

[…]

2. Behin-behineko egonaldi bat egiten egotea berarenaz bestelako nazionalitatea duen eta berarekin inolako senidetasun-loturarik ez duen familia baten etxean frantsesa ikasteko eta bere hizkuntza-gaitasunak hobetzeko, etxeko lanak egitearen edo etxeko haurrak zaintzearen truke;

3. Frantsesari buruzko oinarrizko ezagutzak badituela egiaztatzen duen agiria aurkeztea, dela bigarren hezkuntzan eskatzen denaren paretsuko maila duela egiaztatzen duena, dela horretarako kualifikazio profesionalak badituela egiaztatzen duena.

[…]

IV. KAPITULUA
Bizileku-txartela
1. atala
Xedapen orokorrak

L314-2 artikulua

Kode honen legezko xedapenek hala aurreikusten dutenean, atzerritar batek Frantziako gizartean zenbaterainoko integrazio errepublikanoa duen aintzat harturik erabakiko da hari aurreneko bizileku-txartela eman ala ez, eta, horretarako, kontuan hartuko da, batez ere, ea baduen Frantziako Errepublikan nagusi diren printzipioak errespetatzearen aldeko jarrerarik, ea printzipiook izatez eta egitez errespetatzen dituen eta ea baduen Estatu Kontseiluak dekretu baten bidez ezarritako frantsesaren gutxieneko ezagutza-mailarik.

Integrazio-mailari dagokionez, administrazio-agintaritzak iritzia eskatuko die atzerritarra bizi den herri edo hiriko udal-agintariei. Iritzi hori aldekotzat joko da administrazio-agintaritzak udal-agintariei kontsulta egiten dienetik hasi eta bi hilabeteko epea amaitu ondoren.

Hirurogeita bost urtetik gorako atzerritarrak ez dira beharturik egongo frantsesa jakitearen baldintza betetzera.

IV. LIBURUA
Egonaldia Frantzian

III. TITULUA
Administrazio-prozedura

IV. KAPITULUA
Xedapen fiskalak
2. atala
Atzerriko langile baten enplegatzaileak edo Frantzian finkatuta ez dagoen enpresa batek aldi baterako lekualdatutako langile bat hartu behar duenak ordaindu behar duen zerga

L436-10 artikulua[1388]

[…]

Kontratazioa hizkuntza-laguntzaile gisa egiten denean aldi baterako lan baterako, zerga honen zenbatekoa zero da.

V. LIBURUA
Urruntze-neurriak

I. TITULUA
Frantziako lurraldetik alde egiteko betebeharra, Frantziako lurraldera itzultzeko debekua eta Frantziako lurraldean zirkulatzeko debekua

II. KAPITULUA
Administrazioarekiko auzien prozedura

L512-1 artikulua

I. […]

Atzerritarrak interprete baten laguntza eskatu ahal izango dio Administrazio Auzitegiko presidenteari edo berariaz izendatutako magistratuari, bai eta erabakia aurkaratzeko oinarri gisa erabilitako egiaztagiriak barnean dituen txostenaren berri emateko ere.

[…]

III. […]

Atzerritarrak interprete baten laguntza eskatu ahal izango dio Administrazio Auzitegiko presidenteari edo berariaz izendatutako magistratuari, bai eta erabakia aurkaratzeko oinarri gisa erabilitako egiaztagiriak barnean dituen txostenaren berri emateko ere.

[…]

IV. Atzerritarra atxilotuz gero, berak ulertzeko moduko hizkuntza batean adieraziko zaio, Frantziako lurraldea uztera beharturik dagoela jakinarazteaz batera, interprete baten eta lege-aholkulari baten laguntza eska diezaiokeela Administrazio Auzitegiko presidenteari, baita bere eskaera egin baino lehen ere.

[…]

L512-2 artikulua

Frantziako lurraldea uztera beharturik dagoela adierazten dion jakinarazpena jasotzeaz batera, atzerritarrak, zeinari ez baitzaio Frantziatik bere borondatez irteteko inolako epealdirik emango, ahalik eta eperik laburrenean eman beharko die horren berri bere lege-aholkulari eta kontsulatuari edo berak hautatutako pertsonari. L. 511-1 artikulua aplikatzean jakinarazten zaizkion erabakiekin loturiko elementu nagusien berri emango zaiola azaldu beharko zaio atzerritarrari. Berak ulertzen duen edo uler dezakeela uste izatekoa den hizkuntza batean emango zaio elementu horien guztien berri.

II. TITULUA
Kanporatzea

II. KAPITULUA
Administrazio-prozedura

L522-2 artikulua

L. 522-1 artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitako agindua batzordea batzartu baino gutxienez hamabost egun lehenago bidali beharko zaio atzerritarrari. Aginduan bertan zehaztu beharko da interesdunak eskubidea duela lege-aholkulari baten edo berak hautatutako zeinahi pertsonaren laguntza jasotzeko eta interprete bat ondoan duela hitz egiteko.

[…]

V. TITULUA
Atzerritarrak Espetxe Administrazioaren mendekoak ez diren lokaletan atxikitzea

I. KAPITULUA
Atxikitzea

L551-2 artikulua

[…]

Atzerritarrari berak ulertzeko moduko hizkuntza batean eta ahalik eta eperik laburrenean jakinaraziko zaio, atxikia duten lekuan bertan dagoela, eskubidea duela interprete baten, aholkulari baten eta mediku baten laguntza eskatu eta bere kontsulatuari edo berak hautatutako zeinahi pertsonari bere egoeraren berri emateko. Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztuko da, horretarako beharrik bada, zer modalitateren arabera egikarituko den eragile horien laguntza.

[…]

Atzerritarrak frantsesez hitz egiten ez badu, L. 111-7 artikuluko xedapenak aplikatuko dira.

III. KAPITULUA
Atxikitze-baldintzak

L553-5 artikulua

[…]

Atxikitze-gune bakoitzean, bertan atxikirik dauden pertsonen esku jarriko den dokumentu batean, gure inguruan gehien erabiltzen diren hizkuntzetan idatzirik azaldu beharko zaio atzerritarrari zer-nolako eskubideak izango dituen bere urruntze- eta atxikitze-prozedura martxan den bitartean.

[…]

I. TITULUA
Kontrolak

L611-1-1 artikulua

I. […]

Atzerritarrari berehala jakinarazi beharko zaio, berak ulertzen duen edo ulertzen duela uste izatekoa den hizkuntza batean, zergatik izan den atxikia, neurriak zenbat denbora iraungo duen eta zer eskubide dagozkion:

1. Interprete baten laguntza jasotzeko eskubidea;

[…]

Atzerritarrak frantsesez hitz egiten ez badu, L. 111-7 artikulua aplikatuko da.

[…]

II. TITULUA
Zigorrak

II. KAPITULUA
Sarrera eta egonaldi irregularra erraztea

L622-4 artikulua

Hargatik eragotzi gabe L. 621-2, L. 623-1, L. 623-2 eta L. 623-3 artikuluetan xedatutakoa, ezin izango zaio ekin, L. 622-1 artikulutik L. 622-3 artikulura bitartean xedatzen dena oinarri hartuta, atzerritar bati modu irregularrean zirkulatzeko edo Frantzian modu irregularrean egoteko erraztasunak ematen dizkion inoren aurkako zigor-prozedurari, baldin eta pertsona hori:

[…]

3. Pertsona fisiko edo juridiko bat bada, egozten zaion ekintzaren truke zuzenean edo zeharka inolako ordainik jaso ez badu, eta atzerritarrari lagundu izana berariaz baldin badago loturik aholkularitza edo laguntza juridiko, linguistiko eta soziala eskaini izanarekin edo soilik humanitarioak diren arrazoiekin lotutako beste zeinahi laguntza eskaini izanarekin.

II. TITULUA
Aterpetuen eta Aberrigabeen Babeserako Frantziako Bulegoa

III. KAPITULUA
Asilo-eskaeren azterketa
1. atala
Prozedura-bermeak eta eskatzailearen betebeharrak

L723-6 artikulua

[…]

Eskatzaileak elkarrizketara joan beharko du, eta aurrez aurre erantzun beharko die bulegoko funtzionarioak egiten dizkion galderei. L. 741-2-1 artikuluan aurreikusitako baldintzekin bat etorriz entzungo dira hark esateko dituenak, eta berak hautatu edo nahikoa ezagutzen duen hizkuntzan hitz egin ahal izango du.

Eskatzaileak bere asilo-eskaeraren zio guztiak azaltzeko zailtasunak baditu —zio horiek sexu-izaera duten bortxaketekin loturik daudelako batez ere—, eta espresuki hala eskatzen badu, eskatzaileak berak hautatu ahal izango du, ahal den neurrian behintzat, elkarrizketan egongo diren funtzionario eta interpreteen sexua.

[…]

III. TITULUA
Asilo-eskubidearen Arloko Auzitegi Nazionala

III. KAPITULUA
Errekurtsoen azterketa

L733-1 artikulua

Interesdunek Asilo-eskubidearen Arloko Auzitegi Nazionalean eman ahal izango dituzte azalpenak, aholkulari eta interprete banaren laguntzarekin.

Justizia behar bezala administratzen dela bermatzeko eta interesdunei auzitegian beren azalpenak emateko duten ahala errazteko, eta betiere apartatu honetan aurreikusiriko baldintzak betetzen badira, auzitegiko presidenteak zera erabaki ahal izango du: auzi-aretoa ikus-entzunezko komunikazio-bitartekoen bidez zuzenean lotzea, konfidentzialtasuna eta transmisioaren kalitatea bermatuz, xede horretarako bereziki egokituriko beste auzi-areto batekin, eta areto hori publikoarentzat zabalik dauden eta Justizia Ministerioaren mendekoak diren lokaletan kokatzea, eskatzailearentzat irits-erraza izateko moduan, lehen apartatuan aurreikusiriko baldintzen arabera eta interesdunaren eskubideak errespetatuz. Txosten osoaren kopia bat emango zaio eskatzaileari. Interesdunak aholkulari baten laguntza badu, aholkulariak haren ondoan egon beharko du fisikoki. Eskatzailearen esku jarritako interpreteak hura dagoen auzi-aretoan bertan egon beharko du. Interprete kualifikatu batek eskatzaileari haren ondoan fisikoki egonez laguntzeko zailtasunik badago, entzunaldia ez da inola ere hasiko harik eta auzitegiak interpretea lortu eta entzunaldiak irauten duen denbora guztian eskatzailea dagoen auzi-aretoan bertan egoteko modua ziurtatzen ez duen arte. Auzi-areto bakoitzean gauzatzen diren prozedura guztiak akta batean jaso beharko dira, edo haiek ikus-entzunezko baliabideen edo audioen bidez grabatu.

[…]

L733-5 artikulua

[…]

Horixe bera gertatuko da baldin eta eskatzaileak bere eskaeran adierazitako hizkuntzan edo ezagutza nahikoa duen besteren batean esan beharrekoak itzuli behar zizkion interpretearen laguntzarik izan ez badu, eta, hori dela-eta, hark elkarrizketan esanak ulertzeko modurik izan ez bada, eta auzitegiak uste badu interpretaziorik ezaren hutsegitea bulegoari egoztekoa dela. Eskatzailea errekurtsoa jartzeko epearen barruan soilik baliatu ahal izango da interpretaziorik ezaren hutsegite horretaz, eta entzunaldian zein hizkuntzatan hitz egin nahi duen ere adierazi beharko du. Auzitegiak ezin izenda badezake atzerritarrak adierazitako hizkuntza horretako interpreterik, uler dezakeela uste izatekoa den hizkuntza batean hitz egin beharko du eskatzaileak.

Hargatik eragotzi gabe bigarren apartatuan xedatutakoa, eskatzaileak errekurtsoa jartzeko epearen barruan aurkeztekoa den aurkaratze baten oinarri gisa baino ez du erabili ahal izango bere elkarrizketaren audio-grabazioa; aurkaratze horretan, elkarrizketaren transkripzioan zehatz-mehatz identifikaturiko itzulpen-akats edo kontraesan baten berri eman beharko du eskatzaileak, eta akatsak estuki lotuta egon beharko du eskatzailearen babes-premiez jabetzeko modurik ez izatearekin.

IV. TITULUA
Prozedurarako sarbidea eta asilo-eskatzaileen harrera-baldintzak

I. KAPITULUA
Asilo-eskaeraren erregistroa

L741-1 artikulua

Frantzian dagoen eta asiloa eskatu nahi duen atzerritar orok jo beharko du zuzenean administrazio-agintaritza eskudunera, han bere eskaeraren erregistroa egin eta eskaera hori aztertzeko ardura zein estaturi dagokion zehazteko. Herrialde bateko herritar batek edo aberrigabe batek Europar Batasuneko kide den estatu batean aurkeztutako nazioarteko babes-eskaera aztertzeko ardura zein estaturi dagokion zehazteko, horretarako irizpideak eta mekanismoak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 604/2013 Erregelamendua (EB) edo hartan ezarritakoen berdinak diren konpromisoak aplikatuko dira, betiere Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez ezarritako baldintzen arabera. Eskatzaile orok jasoko du, berak ulertzen duen edo ulertzen duela uste izatekoa den hizkuntza batean, aipatu erregelamenduaren aplikaziotik eratortzen diren eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa, erregelamendu horren 4. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

[…]

L741-2-1 artikulua

Bere asilo-eskaera erregistratzean, atzerritarrari argi eta garbi azaldu beharko zaio zein hizkuntzatan hitz egin ahal izango duen Aterpetuen eta Aberrigabeen Babeserako Frantziako Bulegoak L. 723-6 artikulua aplikatuz egingo dion elkarrizketan. Hizkuntza horietako zeinetan hitz egin nahiko lukeen adierazi beharko du atzerritarrak. Honetaz ere informatu egin beharko zaio atzerritarrari: batetik, noiznahi izango duela hautatu duen hizkuntza hori erabiltzeari uko egiteko aukera, bai bere eskaeraren azterketak irauten duen aldi osoan zehar eta bai gero ere, baldin eta Asilo-eskubidearen Arloko Auzitegi Nazionalean errekurtsoa jartzen badu; eta, bestetik, baldin eta orduan beste hizkuntza bat hautatzen ez badu edo eskatutako hizkuntza hori erabiltzeko aukerarik ez badago, ezagutza nahikoa duen hizkuntza batean hitz egin ahal izango duela. Artikulu hau gorabehera, atzerritarrak noiznahi hitz egin ahal izango du frantsesez, hala eskatzen badu. Bulegoak hartutako erabakiaren kontra Asilo-eskubidearen Arloko Auzitegi Nazionalean errekurtsoa jartzen bada bakarrik aurkaratu ahal izango da atzerritarrak prozeduran zehar erabiltzeko hautatu duen hizkuntza, eta betiere L. 733-5 artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Artikulu honen aplikazio-modalitateak Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez ezarriko dira.

II. KAPITULUA
Asilo-eskaera aztertzeko ardura zein estaturi dagokion zehazteko prozedura

L742-3 artikulua

[…]

Administrazio-agintaritzak idatzi ziodun baten bidez eman beharko du atzerritarra lekualdatzeko erabaki ororen berri.

Erabaki hori interesdunari jakinarazi beharko zaio. Atzerritarrak zein errekurtso-bide eta -epe dituen azaldu beharko du erabakiak, eta, horrekin batera, orobat azaldu beharko du atzerritarrak eskubidea duela erabakiaren abisua emateko bere kontsulatuari, lege-aholkulariari edo berak hautatutako zeinahi pertsonari. Interesdunak lege-aholkularirik ez badu, erabakiaren elementu nagusiak berak ulertzen duen edo ulertzen duela uste izatekoa den hizkuntza batean jakinaraziko zaizkio.

L742-4 artikulua

[…]

Atzerritarrak interprete baten laguntza eskatu ahal izango dio auzitegiko presidenteari edo berariaz izendatutako magistratuari. Atzerritarrak lege-aholkularia badu, haren laguntza jaso ahal izango du. Ofiziozko lege-aholkulari bat izenda diezaiola ere eskatu ahal izango dio atzerritarrak presidenteari edo berariaz izendatutako magistratuari.

[…]

IV. KAPITULUA
Asilo-eskatzaileen harrera-baldintzak
3. atala
Eskatzaileentzako orientabideak

L744-7 artikulua

L. 744-1 artikuluan ezarritako harrerak dakartzan onura materialak eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

[…]

Eskatzaileari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio, berak ulertzen duen edo ulertzen duela uste izatekoa den hizkuntza batean, proposatu zaion harrera-lekua edo artikulu honetako 1. zenbakian aipatzen den harrera-eskualdea onartzen ez badu edo handik alde egiten badu, edo 2. zenbakian ezarritako asiloaren arloko agintarien eskakizunak betetzen ez baditu, horrek guztiak berekin duela harrerak dakartzan onura materialez baliatzeko eskubidea zuzenbide osoz deusez jotzea edo, hala badagokio, eskubide hori egikaritzeko aukera kentzea.

[…]

VIII. LIBURUA
Xedapen erkideak eta bestelako xedapenak

III. TITULUA
Itsasoz haraindi aplikagarriak diren xedapenak

II. KAPITULUA
Mayotte

L832-1 artikulua

Kode honetako xedapenak aplikagarriak izango dira Mayotten, baina honako egokitzapen hauek eginda:

[…]

15. Mayotteko departamenduan, eta bertako egoera berezia aintzat harturik, Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez ezarritako baldintzen arabera egokitu ahal izango dira L. 311-9 artikuluko 1. zenbakitik 3.era bitartean aipatzen diren prestakuntzari eta ekintza lagungarriei buruzko edukiak eta L. 314-2 artikuluan aipatzen diren frantses hizkuntzaren ezagutza-mailak.

[…]


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper