Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.15.16. 4/2018 Legea, otsailaren 21ekoa, Valentziako Hezkuntza-sisteman Eleaniztasuna arautu eta sustatzeari buruzkoa


8.4.15.16. 4/2018 Legea, otsailaren 21ekoa, Valentziako Hezkuntza-sisteman Eleaniztasuna arautu eta sustatzeari buruzkoa[1359]

HITZAURREA

I

Espainiako 1978ko Konstituzioak, 3.1 artikuluan, aldarrikatzen du gaztelania dela estatuko hizkuntza espainiar ofiziala, eta espainiar guztiek dutela gaztelania jakiteko eginbeharra eta erabiltzeko eskubidea. Gainera, 3.2 puntuan zehazten du ezen Espainiako beste hizkuntzek ere ofizialak izan behar dutela haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz. Eta 3.3 puntuan ezartzen da ezen Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultura-ondarea dela, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango duela.

Valentziako Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 6. artikuluak adierazten du Valentziako Erkidegoko berezko hizkuntza valentziera dela. Eta 6.2 puntuan zehazten du valentziera ofiziala dela Valentziako Erkidegoan, gaztelania bezala, zeina baita hizkuntza ofiziala estatu osoan. Guztiek dute hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea, bai eta valentzieraren eta valentzierazko irakaskuntza jasotzekoa ere. Gainera, 6.5 puntuak manatzen du babes eta errespetu berezia eman behar zaiola valentziera berreskuratzeari.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 2. artikuluan aurreikusten duenez, Espainiako hezkuntza-sistema honako xede hauek lortzera bideratuko da, besteak beste: hizkuntza ofizialean eta koofizialean, halakorik badago, eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan komunikatzeko gaitzea.

Valentziako Gorteek 1983. urtean Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko Legea onetsi zuten, laugarren legea Valentziako Erkidegoaren Autonomia Estatutua onetsi zenetik; bada, lege hori tresnarik garrantzitsuena izan da gure hizkuntza eskolaren eta hezkuntza-erkidegoaren bidez berreskuratzeko. Hala, duela 34 urte ezarri zen valentziera irakaskuntzan sartuko zela hezkuntza-maila guztietan, eta, lurralde nagusiki gaztelaniadunetan, valentziera pixkanaka sartuko zela.

Azken hamarkada hauetan aurrera egin dugu, baina, valentzieraren egungo ezagutzari eta erabilerari buruzko datuen arabera, oraindik bide luzea dugu egiteko hizkuntza-berdintasun osoa lortzeko. Hala adierazten du Kulturaren Valentziako Kontseiluak, adierazten duenean ezen, hizkuntza nagusi bat eta hizkuntza gutxitu bat dauden ingurumarietan, hizkuntza-eredurik eraginkorrena gizartean ezarpen txikiena duen hizkuntzarekiko esposizio osoa dela. Abiapuntu gisa Valentziako ikasleak hartu behar dira, zeinek lortu behar baitute Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko Legeak lortu nahi duen helburua, hau da, ikasleek gaztelaniaren baldintza berdinetan menderatu behar dute valentziera.

Hizkuntzaren Valentziako Akademiak ere adierazten du, ikuspuntu pedagogikotik, valentzieraren eta valentzierazko ikaskuntza osatu behar duela gaztelaniaren eta ingelesaren edo Europako beste hizkuntza batzuen edo nazioartean goraka ari diren hizkuntzen ikaskuntzak, eta hizkuntzon ikaskuntzak ez duela ordeztu behar valentzieraren eta valentzierazko ikaskuntza. Lurralde bateko berezko hizkuntza da, hain zuzen ere, prestakuntza eleaniztunerako oinarri positibo eta arrakastatsuena. Aldi berean, Valentziako unibertsitateek egindako “Valentziako hezkuntza-sistemako eleaniztasunerako eta kulturartekotasunerako hezkuntzako hizkuntza-eredu berria” txostenak dioenez, programa eleaniztunei buruzko ikerketaren eremuan ia erabateko adostasuna dago honi buruz: beharrezkoa da hizkuntza gutxitua irakaskuntzarako gehienek erabiltzea, baldin eta benetan gizarte-elebitasun asimetrikoa zuzendu nahi bada.

Era berean, adierazten da ezen eredu bakarra izan behar duela, mailaz maila aplikatu behar dela, eta gune guztietan ezarpen egokia errazteko behar diren laguntzak izan behar dituela.

Atzerriko hizkuntza ikaskuntzako komunikazio-hizkuntza gisa sartzeari dagokionez, hori pixkanaka sartu behar da, betiere ikasleek bi hizkuntza ofizialetan eskuratutako hizkuntza-ikaskuntzako estrategiak aprobetxa ditzaten.

Beraz, erantzukizun sozialeko ariketa bihurtzen da ahalegin berriei aurre egitea, valentzieraren iraupena eta bi hizkuntza ofizialen berdintasunezko elkarbizitza bermatzeko.

Europa eleaniztunak beti egin du apustu, mundura irekitako herritartasun eleaniztuna eraikitzeko, non kultura- eta giza aniztasuna, norbanakoaren hazkunderako eta eraikuntza politikorako oztopo izan beharrean, herritar guztientzako aukera partekatua izango den.

2002ko martxoan, Europako Kontseiluaren ondorioak iragarri ziren, Kontseilua Bartzelonan batzartuta zegoela; bertan, gobernuek konpromisoa hartu zuten europar herritarren gaitasun eleaniztuna hobetzeko, ama-hizkuntzaren edo hizkuntza ofizialaren eta atzerriko beste bi hizkuntzaren ezagutza indartuz.

2012. urtean, hizkuntza-gaitasunari buruzko Europako inkestaren emaitzak aurkeztu ziren; eskala handiko ekimen hori Europako Batzordeak egin zuen, Europa osoan hizkuntzak ikasteko politikei laguntzeko. Emaitzak eztabaidaezinak dira beste herrialde batzuetatik bereizten gaituen distantziari dagozkionez; izan ere, herrialdeotan, hizkuntzak ikasteko politika publikoak urteetan ari dira emaitzak ematen: belaunaldi erabat elebidunak sortzea. Horrenbestez, azterlanak ondorioztatzen du lortutako emaitzek erakusten dutela Espainian hobetu egin behar dela ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten gaitasun-maila, batez ere ingelesean. Trebetasunen araberako errendimendu-mailak aztertzean, ikusten da ezen emaitzarik txarrenak ahozko trebetasunetan lortzen direla; beraz, ahalegin handiagoa egin beharko da trebetasun horiek eskuratzeko.

Horregatik, funtsezkoa da ahozko komunikaziorako beren-beregi emandako denbora txertatzea, bai eskola-orduetan, bai jarduera osagarrietan eta eskolaz kanpoko jardueretan.

II

Gobernuek eta instituzioek ekintza politikoak garatu behar dituzte herritarren hizkuntza-kapitala handitzeko, hiztun-taldeen arteko hizkuntza-oztopoak gainditzeko eta lurralde berean elkarrekin bizi diren hizkuntzekiko aurreiritziak ezabatzeko; izan ere, gobernuek eta instituzioek hizkuntzak tratatu behar dituzte berdintasun, errespetu, elkarlan eta elkarrekiko lurralde- eta kultura-aberastasunaren printzipioen argitan.

Valentziako irakasleak izan dira, azken urteotan, berezko hizkuntza berreskuratzeko gakoetako bat, eta erreferente izan dira hizkuntzen irakaskuntzari eta ikaskuntzari lotutako hezkuntza-jardunbide berritzaileetan. Hala ere, Valentziako Erkidegoko datu demolinguistikoek eta errealitate soziolinguistikoaren ezagutzak —1984tik gaur arte egindako ikerketa soziologikoen helburua— baieztatzen digute ezen % 30 inguruk soilik dutela erabateko gaitasuna valentzieraz, eta % 6k soilik ingelesez. Beraz, gizarte- eta hezkuntza-eginbeharra da egungo populazio osoan valentzieraren gaitasun- eta erabilera-desorekak zuzentzeko beharrizana, bai eta ingelesa nazioarteko komunikaziorako hizkuntza gisa benetan ez menderatzea ere. Neurriak aplikatu behar dira, bi hizkuntza ofizialen arteko oreka eraginkorra faboratzeko eta valentzieraren hizkuntza-normalizazioa faboratzeko; beraz, etorkizuneko belaunaldi berriak prestatzeko, irakaskuntza-programa eleaniztun bat ezarri behar da, zeinak bermatuko baitu bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten ezagutza optimoa, betiere beste hizkuntza batzuk txertatzeari uko egin gabe. Beraz, beharrezkoa da, etorkizuneko belaunaldi berriak prestatze aldera, hezkuntza eleaniztunaren programa bat edukitzea, zeinak bermatuko baitu bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten ezagutza optimoa, betiere beste hizkuntza batzuk txertatzeari uko egin gabe.

Hizkuntzak bidelagun ditugu bizitzan zehar. Horregatik, komeni da etengabe harremanetan egotea ikasi beharreko hizkuntzekin. Beharrezkoa da hezkuntzan hizkuntzen presentzia bermatuta egotea hezkuntza-etapa guztietan eta irakaskuntza guztietan proportzio arrazoizko batekin, betiere ikasleei bi hizkuntza ofizialetako gaitasuna bermatzeko, eta ingelesa lehentasunez atzerriko hizkuntza gisa. Hizkuntzak jakiteak aukera gehiago sortzen du, etorkizunerako ateak irekitzen ditu, enplegagarritasuna hobetzen du eta herritarrak aberasten ditu gaitasun profesional gehiagorekin.

Espainiak Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna berronetsi zuen, zeina 2001eko abuztuaren 1ean indarrean jarri zen. Horren helburua hizkuntza gutxituen prebentzioa eta garapena da, betiere hizkuntzok eremu publikoan sustatuz eta Europako kultura-aberastasunari eutsiz. Gutuna sinatzeak zenbait gaitara konprometitzen ditu estatuak, hala nola: hizkuntza erregionalak eta gutxituak aitortzea, haiek mintzatzen diren alde geografikoari dagozkionez; hizkuntza horiek sustatzeko ekintzak; hizkuntza horien ikaskuntza eta irakaskuntza erraztea; hizkuntza horiez mintzatzen ez diren hiztunei haien ikaskuntza erraztea; diskriminazioak ezabatzea; hizkuntza-talde desberdinen arteko elkarrekiko errespetua sustatzea, eta Gutuneko printzipioak lurralderik gabeko hizkuntzei aplikatzea. Gainera, Gutunak zenbait eremutan neurriak sustatzea jasotzen du, hala nola hezkuntzan, administrazio publikoetan, komunikabideetan, kultura-jardueretan edo justizia-auzitegietan.

III

Hizkuntzen irakaskuntzaren eta ezagutzaren zeharkako dimentsioa politika publikoen ekintzan txertatu behar da, funtsezkoak baitira haien jarduketek arrakasta izan dezaten. Generalitateko eta Kontseiluko organo eta instituzio guztien erantzunkidetasuna, haien arteko koordinazioa, lankidetza eta konplizitatea ezinbestekoak dira ikuspegi berri honetan. Eta botere publikoetatik harago, kanpo-eragileekin hitz egitea eta hizkuntzak jakiteak ematen digun balioa ulertzeko modu berri horretan inplikatzea ukaezinak eta beharrezkoak dira hizkuntza-aniztasuna aukera pertsonal eta sozial berri eta handiagoen eragile bihurtzeko.

Eskolak errealitate soziala islatu behar du, baina, era berean, zuzenketa egokiak sartu behar ditu interes orokorra, hizkuntza-eskubideen babesa eta nazioarteko eta mundura irekitako Valentziako herritarrek atzerriko hizkuntzako prestakuntzan dituzten beharrizanak uztartzeko. Hizkuntza-prestakuntza aberatsa, plurala, malgua eta eraginkorra izatea ezinbesteko premisa da desberdintasun sozial eta soziolinguistikoak, indibidualak eta kolektiboak zuzentzeko, eta eskolak hori hartu behar du lehentasunezko helburutzat.

Hizkuntzen gizarte-erabilera berrezartzeak eta gizarte- eta lurralde-desorekak zuzentzeak balio behar dute Valentziako gizartea haren osotasunean egituratzeko, hizkuntza-aldaera desberdinetan sakontzeko, eta sustatzeko identitate pluralarekiko errespetua, lurraldeen arteko elkarlana, valentziera valentziar guztien berezko hizkuntza gisa aitortzea eta nazioarteko komunikazio-hizkuntzak ikasteko dagoen beharrizana.

Arduraz eta ekitatez jokatzea hezkuntza eleaniztunaren azken helburua da, komunikazioaren eskakizunei erantzuteko; hori ez ezik, borondatea izan behar da valentzieraren etorkizuneko iraupena bermatzeko. Ikasleak hezkuntza-eraikuntzako prozesu osoaren erdigune bihurtzen dira, eta prozesu horretan dena oinarritzen da haien inguruan, etorkizuneko gizartea prestatzeko eta oinarrizko gaitasunak bermatzeko, besteak beste, hizkuntza-gaitasunak. Hezkuntza-erkidego osoaren —ikasleen, familien eta irakasleen— ahaleginak eta konpromisoak eta gizarte-eragileen —alderdi politikoen – inplikazioa izaten baditugu soilik egingo da aurrerapauso handia bi hizkuntza ofizialen berdintasunezko ezagutza lortzeko.

IV

Azaldutako ingurumarian eta helburuekin, lege honetan hezkuntza-eredu bat ezartzen da, zeina eratzen baita esku hartzeko zenbait tresna eta eremuk bat eginda. Alde batetik, Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko arau-esparrua osatzeko, lege honek ezartzen dituen erreferentziako oinarrizko helburuak eta mailak erabiltzen dira, betiere hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programaren edukiaren eta antolaketaren bidez.

Beste alde batetik, hizkuntza-proiektuak zehazten du zein den irakaskuntzako zentro bakoitzean hizkuntzen irakaskuntzaren eta haien komunikazio-erabileraren antolaketa, valentzieraren normalizazioa eta eleaniztasunaren sustapena, betiere zentroko berezko ezaugarriak eta zentroa kokatzen den ingurumaria kontuan hartuta.

Azkenik, sistemaren funtsezko elementua da irakasleek ikasgelan didaktikoki esku hartzea; esku-hartze horrek ikaskuntza-ingurune aberatsak ahalbidetu behar ditu, eta hizkuntza koofizialak eta atzerrikoak egokiago erabili behar dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan, jarduketa metodologiko egokienen bidez.

V

Honela dago egituratuta araua: hiru titulu, hogeita hamar artikulu, bost xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bi eta azken xedapen bi.

Atariko tituluak kapitulu bakarra du, hiru artikulutan egituratzen dena. Lehenengoak eta bigarrenak legearen xedea eta aplikazio-eremua ezartzen dituzte, hurrenez hurren, eta hirugarrenean zehazten da zein diren Valentziako hezkuntza-sistemako curriculum-hizkuntzak eta horietaz bestelako berezko hizkuntzen tratamendua, betiere gutxiengoen errespetua kontuan hartuta.

Lehenengo tituluak bost kapitulu ditu, Valentziako hizkuntza-ereduaren antolaketa arautzen du eta haren egitura definitzen du. Lehenengo kapituluak bederatzi artikulu ditu, hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa deskribatzen du, haren helburuak eta erreferentziako oinarrizko mailak zehazten ditu, eta zentro guztietan bermatu behar diren hizkuntza bakoitzaren gutxieneko ehunekoak eta Valentziako hezkuntza-sisteman hizkuntzen irakaskuntzaren antolaketa arautzen ditu. Bigarrenak, zortzi artikulurekin, zentroaren hizkuntza-proiektua, helburuak, egitura, egiteko prozedura, onespena eta ebaluazioa deskribatzen ditu. Hirugarren kapituluan, bi artikulutan, arautzen da ikasgelako esku-hartze didaktikoa eta metodologikoa. Laugarren kapituluan, bi artikulurekin ere, zentroak familiekin eta ingurunearekin dituen harremanak. Bosgarren kapituluan, hiru artikulurekin, aztertzen da zelan egiaztatu behar duten irakasleek hizkuntzak badakizkitela, bai eta zein diren hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa aplikatzeko gaikuntza eta prestakuntza ere.

Bigarren tituluak bi kapitulu ditu, eta Valentziako hizkuntza-ereduaren ebaluazio orokorra eta gainbegiratzea jorratzen ditu.

Xedapen gehigarrietan arautzen da zelan aplikatuko zaien legea hezkuntza-sistemako beste irakaskuntza batzuei, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zentroetako Haur Hezkuntzako lehen zikloari. Baita ezartzen da lankidetzan aritu behar dela beste organismo eta erakunde batzuekin eta Valentziako lurraldean presentzia duten komunikabideekin Valentziako Erkidegoan hezkuntza eleaniztuna dinamizatzeko, betiere lege honetan araututako hizkuntzen ezagutza indartzeko jarduerak inplementatze aldera. Azkenik, ezartzen da legea aplikatuko zaiela valentzierazko irakaskuntza-programa eleaniztuna baimenduta duten zentroei.

Xedapen iragankorrek ezartzen dute zein den ezarpen-egutegia eta zein den hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa ezarri arte aplikatu beharreko araudia, zein den egokitzapen-aldia ingelesaren hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko, eta zein den lege hau indarrean jarri arte ezarritako programa eleaniztunen indarraldia.

ATARIKO TITULUA

KAPITULU BAKARRA
Xedapen orokorrak

1 artikulua.— Xedea

Lege honen xedea da curriculum-hizkuntzen irakaskuntza eta komunikazio-erabilera arautzea, Valentziako ikasleen gaitasun eleaniztunak eta kulturartekoak menderatzen direla ziurtatzea, eta hezkuntza-ibilbidean irakaskuntzako zentroetan dauden curriculumetik kanpoko hizkuntzen presentzia sustatzea.

2. artikulua.— Aplikazio-eremua

1. Lege honen xedapenak aplikatzekoak dira Valentziako Erkidegoko irakaskuntza-zentro publiko eta pribatu guztietan, baldin eta behar bezala baimenduta badaude Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako eta helduen prestakuntzako irakaskuntzak emateko.

2. Itundu gabeko zentro pribatuek heldu ahal izango diote lege honetan xedatutakoari.

3. artikulua.— Hizkuntzak hezkuntza-sisteman

1. Valentziako eskola-sistema hezkuntza-sistema eleaniztuna eta kulturartekoa da, zeinaren curriculum-hizkuntzak baitira valentziera, gaztelania, ingelesa eta atzerriko beste hizkuntza batzuk.

2. Irakaskuntzako zentroek valentzieraren erabilera normala sustatu behar dute, Generalitateko Administrazioan hizkuntza ofizialen erabilera instituzional eta administratiboak arautzen dituen indarreko araudiarekin bat etorriz eta zentroaren hizkuntza-normalizazioko planaren preskripzioekin bat etorriz.

3. Aztertu eta sustatu ahal izango dira, eta hala ezarriko da zentroaren hizkuntza-proiektuan: erromania, Ijito Herriaren berezko hizkuntza; zeinu-hizkuntza, Valentziako Erkidegoko gorrek erabilia, eta braillea, zeina baita ikusmen-desgaitasuna edo itsutasuna duten pertsonek erabiltzen duten irakurketa- eta idazketa-sistema.

4. Irakaskuntzako zentroek kontuan hartu beharko dituzte hizkuntza-gutxiengoen hizkuntzak, eta kulturen arteko trukerako espazioak sortu beharko dituzte. Era berean, hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleei eskubidea bermatu beharko diete hezkuntza eleaniztun eta kulturartekorako.

I. TITULUA
Valentziako hizkuntza-eredua

I. KAPITULUA
Hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa

4. artikulua.— Hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa

Lege honetan garatutako hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programak honako helburu hauek ditu:

1. Valentziako hezkuntza-sistemako ikasleei bermatzea konpetentzia eleaniztuna lortuko dutela, eta konpetentzia horrek honako hauek ekarriko dituela:

a) Bi hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz menderatzea, atzerriko hizkuntza bat edo gehiago funtzionalki menderatzea eta curriculumekoak ez diren baina ikasleen zati batek berezkoak dituen hizkuntza eta kulturekin harreman aberasgarria izatea.

b) Hizkuntzekiko interesa eta jakin-mina, horiek zelakoak diren eta zelan funtzionatzen duten jakitea, eta zein diren ezagutza horiek eraikitzeko prozedurak, ikasgelan dauden hizkuntzak behatuz, manipulatuz eta konparatuz, eta horiek erabiltzeko moduari buruzko ikuspegi kritikotik.

2. Valentziako hezkuntza-sistemako ikasleen aukera-berdintasuna bermatzea eta hezkuntza-sisteman eta Valentziako gizartean integratzea:

a) Ikasle guztiek hizkuntzen ezagutzari eta erabilerari dagozkionez ahalik eta ahalmenik handiena lortzeko duten eskubidea bermatuz, alde batera utzita zein den familien jatorri soziokulturala, zein diren komunikazio-konpetentziak, zein diren zentrora heltzen diren kultura-esperientziak eta ikasteko gaitasunak eta estiloak.

b) Ikasleei prestakuntza emanez gizarte eleaniztun eta kultura-aniztun batean bizitzeko eta integratzeko zuzenbide osoko herritar gisa.

3. Valentzieraren erabilera sozial eta instituzionalaren normalizazioa bermatzea hezkuntza-sistemaren barruan.

5. artikulua.— Erreferentziako oinarrizko mailak hizkuntzetarako

4. artikuluan ageri diren helburuak lortzeko, hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programak ziurtatuko du ikasleek, hezkuntza-etapa guztiak amaitzean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko ahozko eta idatzizko konpetentziak lortu dituztela; hona hemen konpetentzia horiek:

a) Derrigorrezko irakaskuntzak amaitzean, gutxienez valentzieraren eta gaztelaniaren maila, B1 mailaren baliokidea, eta atzerriko lehenengo hizkuntzaren A1 mailaren baliokidea.

b) Derrigorrezkoak ez diren irakaskuntza ez-unibertsitarioak amaitzean, gutxienez valentzieraren eta gaztelaniaren maila, B2 mailaren baliokidea, eta atzerriko lehenengo hizkuntzaren A2 mailaren baliokidea.

6. artikulua.— Hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa

1. Valentziako hezkuntza-sistemako funts publikoekin sostengatutako hezkuntza-zentro guztiek aplikatuko dute hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa.

2. Hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa zentroaren ingurumari sozioedukatiboaren eta demolinguistikoaren beharrizanen arabera egingo da, betiere lege honetan finkatutako konpetentzia eleaniztunak eta kulturartekoak lortzen direla bermatzeko.

3. Irakaskuntzako zentro guztiek diseinatuko dute hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa, honako hauek kontuan hartuta:

a) Hizkuntza ofizial bakoitzeko curriculum-edukietarako gutxieneko denborak, derrigorrezko eskolaldi osoan, benetako irakastorduen % 25ekoa izan behar du. Hizkuntza ofizialetako bakoitzean haien ikaskuntzari dagokion gaia edo ikasgaia eman beharko da, eta aldi berean, gutxienez, enborreko edo antzeko izaerako beste arlo edo ikasgai ez-linguistiko kurrikular bat.

b) Atzerriko hizkuntzako curriculum-edukietan emandako denbora, derrigorrezko eskolaldi osoan, irakastorduen % 15 eta % 25 bitartekoa izan daiteke.

c) Ehuneko horiek kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: hizkuntza-arlo bakoitzeko curriculumera bideratutako orduak; ahozko komunikazio-konpetentziara bideratutako orduak, eta zein diren arloak edo ikasgaiak zeinetan hizkuntza bakoitza ikaskuntza-hizkuntza gisa erabiltzen den.

4. Proiektuen araberako lan-metodologia edo planteamendu globalizatuak dituen beste edozein metodologia erabiltzen duten irakaskuntza-zentroek edo taldeek beren hizkuntza-proiektuko hizkuntzen proportzioak errespetatu behar dituzte.

7. artikulua.— Hizkuntzen irakaskuntzak antolatzea hezkuntza-maila bakoitzean

Zentroek hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa aplikatu beharko dute, ezaugarri hauekin:

1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan:

a) Ingelesa ikuspegi jakin batetik sartuko da, alegia, hizkuntzetara irekita egoteko ikuspegitik, edo goiz sartzeko modalitatearen bidez, curriculum-ordutegiaren % 10 duelarik.

b) Valentzierazko eta gaztelaniazko curriculum-edukietan emandako denbora 6. artikuluan xedatutakora egokituko da.

2. Lehen Hezkuntzan:

a) Valentziera, gaztelania eta ingelesa hizkuntza-arlo gisa tratatuko dira Lehen Hezkuntzako lehen mailatik aurrera.

b) Valentzieraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzaz ematen diren curriculum-edukietan emandako denbora 6. artikuluan xedatutakora egokituko da.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan:

a) Valentziera, gaztelania eta ingelesa hizkuntza-arlo gisa tratatzen jarraituko du.

b) Nahitaez eskaini beharreko atzerriko bigarren hizkuntza gisa, ahal dela, hizkuntza erromaniko bat sartuko da.

c) Valentzieraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzaz ematen diren curriculum-edukietan emandako denbora 6. artikuluan xedatutakora egokituko da.

b) Atzerriko hizkuntzako curriculum-edukietan emandako denbora, Batxilergoan, curriculum-orduen % 10 eta % 25 bitartekoa izan daiteke.

4. Hezkuntza berezian:

a) Hezkuntza bereziko zentro espezifikoetan, ikasleak hobekien ezagutzen duten hizkuntza ofizialean artatuko dira, eta beste hizkuntza ofizialarekin eta atzerriko hizkuntzekin harremanetan jartzen lagunduko zaie, haien beharrizanen eta aukeren arabera.

b) Curriculum-egokitzapenak dituzten eta zentro arruntetan eskolatzen diren ikasleek zentroaren hizkuntza-proiektuari jarraituko diote ikasleoi egindako diagnostikoak zehazten dituen egokitzapenekin.

5. Helduen prestakuntzan.

Hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa honela artikulatu behar da:

a) Valentziera eta gaztelania modulu gisa tratatu behar dira bi zikloetako maila guztietan.

b) II. zikloan ingelesa modulu gisa sartu behar da bi mailetan.

c) II. zikloko bi mailetan ingelesa edo eskola-kontseiluak zehaztutako atzerriko beste hizkuntza bat sar daiteke komunikazio-hizkuntza gisa, zentroak aukeratu beharreko modulu batean. Ingelesak lehentasuna izango du.

d) Valentzieraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzaz ematen diren curriculum-edukietan emandako denbora 6. artikuluan xedatutakora egokituko da.

6. Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan.

Valentzierazko eta gaztelaniazko curriculum-edukietarako ematen diren denborak 6. artikuluan xedatutakora egokituko dira, eta atzerriko hizkuntzako curriculum-edukietarako ematen diren denborak % 10 eta % 25 artekoak izan daitezke.

8. artikulua.— Programa esperimentalak

Hezkuntza-arloko sail eskudunak programa eleaniztun esperimental berritzaileak baimendu ahal izango ditu, baldin eta lege honetan ezarritako helburuak betetzen edo gainditzen badituzte.

9. artikulua.— Berandu sartutako ikasleak

Beharrezkoa bada, egokitzapena egingo zaie Espainiako edo atzerriko beste hezkuntza-sistema batzuetatik datozen eta Lehen Hezkuntzako bigarren mailatik aurrera Valentziako hezkuntza-sisteman sartzen diren ikasleei curriculumera sartzeko, betiere lege honetan ezarritako helburuekin bat etorriz.

Hezkuntza-eskumenak dituen sailak sustatuko du programa espezifikoak aplikatzea, berandu sartutako ikasleei harrera egiteko.

10. artikulua.— Helduen prestakuntza

Helduen prestakuntza-zentroetan matrikulatzen diren eta Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko 4/83 Legea aplikatu aurretik eskolatuta egoteagatik edo Valentziako hezkuntza-sisteman berandu sartzeagatik valentzierazko irakaskuntzarik jaso ez duten ikasleei curriculumera sartzeko egokitzapena egin beharko zaie, lege honetan ezarritako helburuekin bat etorriz.

11. artikulua.— Valentziera sustatzea eta atzerriko hizkuntzetarako konpetentzia hobetzea

a) Lege honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Konstituzioaren 3.2 artikulua, Valentziako Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 6. artikulua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. xedapen gehigarriaren 2. puntua eta Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko azaroaren 23ko 4/1983 Legea betez, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak sustapena egingo du, funts publikoekin sostengatutako hezkuntza-zentroek curriculum-denboraren % 50 valentzieraz eman dezaten.

b) Lege honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten hizkuntza-gaitasuna hobetzeko, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak sustapena egingo du funts publikoekin sostengatutako hezkuntza-zentroek curriculum-denboraren % 25 ingelesez eman dezaten.

12. artikulua.— Hezkuntza-erkidegoari laguntza ematea

1. Hezkuntza-arloan eskumenak dituen sailak familiei informazioa eman behar die, irakasleak prestatu behar ditu eta zentroak baliabide gehigarriekin zuzkitu behar ditu, betiere ikasle guztiek lor ditzaten lege honetan ezarritako oinarrizko helburuak eta erreferentzia-mailak.

2. Artikulu honen 1. puntuan adierazitako jarduketak honako hauek izango dira, besteak beste:

a) Irakasle gehiago zuzkitzea, hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa benetan ezartzen dela bermatzeko.

b) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egin daitezen sustatzea, valentzierazko eta ingelesezko ahozko komunikazio-konpetentzia sustatzeko.

c) Irakasleak prestatzeko plan espezifikoak abian jartzea.

d) Curriculum-materialak egitea eta zentroen jardunbide egokiak zabaltzea hezkuntza-etapa guztietan.

3. Artikulu honetan adierazitako neurriak hezkuntza-zentro guztietan aplikatu ahal izango dira. Zentroek lehentasuna izango dute baldin eta:

a) Gehienez valentziera-hiztun ez diren ikasleak eskolatzen badituzte.

b) Bazterketa-arriskua duten ikasleak eskolatzen badituzte.

c) Ikasle heldu berri asko eskolatzen badute.

d) Valentzieraren normalizazioa eta atzerriko hizkuntzetako konpetentzia hobetzea sustatzen badute, lege honen 11. artikuluan zehaztutako curriculum-denboren bidez.

II. KAPITULUA
Zentroaren hizkuntza-proiektua

13. artikulua.— Definizioa

1. Zentroaren hizkuntza-proiektua tresna bat da, zeinaren bitartez hezkuntza-zentro bakoitzak antolatzen eta zehazten baitu hezkuntza eleaniztasun eta kulturartekoaren programaren aplikazioa, betiere hezkuntza-zentroaren eta ikasleen ezaugarrien arabera.

2. Funts publikoekin sostengatutako Valentziako Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko zentro guztiek zentroaren hizkuntza-proiektua egin behar dute, lege honen xedapenekin bat etorriz.

3. Zentroaren hezkuntza-proiektuaren zati izango da zentroaren hizkuntza-proiektua, zeina egingo baita zentroaren eta haren inguruko ingurumari sozioedukatiboaren eta demolinguistikoaren eskakizunak, igurikimenak, aukerak eta mugak kontuan hartuta.

4. Ikasleak haien artetik ez bereizteko, zentroaren hizkuntza-proiektuak curriculum-denboraren banaketa bera aplikatuko du komunikazio-hizkuntza bakoitzean maila bereko ikasle guztientzat.

14. artikulua.— Helburuak

Hauek dira zentroaren hizkuntza-proiektuaren helburuak:

a) Lege honen 4. eta 5. artikuluetan agertzen diren erreferentziako oinarrizko helburuak eta mailak lortzen direla bermatzea, baita zentroak ingurumariaren eta bere proposamen pedagogikoaren arabera zehazten dituen helburuak ere.

b) Zentroen, familien eta Hezkuntza Administrazioaren gardentasunerako, eraginkortasunerako eta baterako lanerako tresna bihurtzea.

15. artikulua.— Zentroaren hizkuntza-proiektuaren egitura

Zentroaren hizkuntza-proiektuak zehaztu eta egokituko du hezkuntza-zentroan hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa, honako elementu hauen bidez:

1. Hizkuntzen irakaskuntzarako eta komunikazio-erabilerarako plana, zeinak antolatuko baititu irakaskuntzaren antolaketa eta tratamendu didaktikoa eta hizkuntzen irakaskuntza-erabilera, honako hauek definituz:

a) Hizkuntza horietako bakoitzean komunikazio-erabileraren proportzioa, curriculum-denboraren % 100 osatu arte.

b) Curriculum-hizkuntzen irakaskuntzan eta komunikazio-erabileran lehentasuna izan behar duten ikuspegi metodologikoak.

c) Curriculum-hizkuntza bakoitzean hasierako alfabetatzearen tratamendu sistematikoa sartzeko unea, sekuentzia eta ikuspegia.

d) Hizkuntzen irakaskuntzari eta komunikazio-erabilerari laguntzeko neurriak, bai zentroaren barruan, bai tokiko ingurunean eta ingurune globalean.

e) Pertsona heldu berrien eta ikasle kalteberen tratamendua (ingurune soziokultural behartsuetako ikasleak, eta hizkuntzak eskuratzeko eta ikasteko zailtasunak dituzten ikasleak).

f) Curriculumaz kanpoko hizkuntzek eta kulturek zentroaren hezkuntza-jardueran duten presentzia.

g) Antolaketa-neurriak, irakaskuntzan eta hizkuntzen komunikazio-erabileran honako hauek bermatzeko: koherentzia hezkuntza-maila guztietan, eta etapen arteko jarraitutasuna, edukiei eta metodologiari dagokienez; ikasleak modu optimoan antolatzea eta taldekatzea, eta ikaskuntza-ingurune optimoak sortzea, zentroak dituen edo lor ditzakeen baliabide guztiak estrategikoki erabiliz; espazioak eta ingurumariak, zeinak zentroak baititu eta erabil baititzake eremu ez-formal batean hizkuntzekiko esposizio-denbora hobetzeko.

2. Zentroaren hizkuntza-normalizaziorako plana, zeinak zehaztuko baitu zein diren valentzieraren erabilera sustatzeko aurreikusitako neurriak; esku hartzeko eremu hauek barne hartuko ditu plan horrek:

a) Administrazio-eremua.

b) Kudeaketa eta plangintza pedagogikoaren eremua.

c) Gizarte-eremua eta ingurunearekiko harreman-eremua.

3. Proposamena, honako hauek ebaluatzeko: proiektuaren helburu zehatzen lorpena; emaitzak eta eragina eduki ahal izan duten proiektuko elementuak elkarrekin erlazionatzea, eta ondorioak aprobetxatzea aldaketak eta hobekuntzak sartze aldera.

4. Ebaluazio-proposamena, zeinak ezarriko baitu zein diren zentroak hartuko dituen neurriak zentroaren hizkuntza-proiektuaren helburuen lorpena ebaluatzeko, aldaketa eta hobekuntza egokiak zehazte aldera.

16. artikulua.— Proiektua egiteko eta onesteko prozedura

1. Hezkuntza-zentroaren hizkuntza-proiektua hezkuntza-zentroak egingo du, lau ikasturterako. Lege honen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta lau ikasturteko aldia igarota, hezkuntza-zentroak zentroaren hizkuntza-proiektua ebaluatu beharko du, eta, aldaketak egin behar badira, horiek sustatu.

2. Zentroaren hizkuntza-proiektua irizpide pedagogikoetan oinarritutako partaidetza-prozesu baten emaitza izango da.

3. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 132. artikuluan ezarritakoaren esparruan, hezkuntza-zentroko zuzendaritzak zentroaren hizkuntza-proiektuaren proposamena zehaztu eta hezkuntza-arloan eskumena duen sailari aurkeztuko dio, honek proposamena baimendu dezan edo, bestela, aldatu.

4. Aldez aurretik, eskola-kontseiluak, edo gizarte-kontseiluak, Lanbide Heziketako zentro integratuen kasuan, zentroaren hizkuntza-proiektuaren proposamena adostuko du kideen bi hereneko gehiengo kualifikatuz.

5. Eskola-kontseiluak edo, hala badagokio, gizarte-kontseiluak ez badu kideen bi herenen gehiengo kualifikatuaren proposamena adosten, Hezkuntza Administrazioak zentroaren hizkuntza-proiektua zehaztuko du, zeina aplikatu ahal baita ebaluazioen eta zentroaren ingurumari sozioedukatibo eta demolinguistikoaren arabera.

6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroen hizkuntza-proiektua Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroen hizkuntza-proiektuen arabera egokituko da. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak zainduko du ibilbideak koherenteak eta mailakatuak izan daitezen hezkuntza-etapa guztietan zehar.

7. Zentro itundu pribatuetan, zentroaren titulartasunari dagokio zentroaren hizkuntza-proiektua egitea, baimena eskatzea eta koordinatzea, betiere eskola-kontseiluari entzun ondoren.

17. artikulua.— Eragina urteko programazio orokorrean eta hobekuntzarako jardun-planetan

1. Zentroaren urteko programazio orokorrean, ikasturte bakoitzerako zentroaren hizkuntza-proiektuan aurreikusitako berrikuntza didaktikoak eta antolaketa-neurriak jaso beharko dira.

2. Zentroaren hizkuntza-proiektuaren aplikazioa ebaluatzetik eratorritako hobekuntzak eta berrikuntzak hobekuntzarako jardun-planean jaso beharko dira, eta urteko programazio orokorrean sartu.

18. artikulua.— Emaitzen ebaluazioa

Lau ikasturtean behin, gutxienez, hezkuntza-zentroek zentroaren hizkuntza-proiektuaren emaitzak eta aplikazio-prozesua ebaluatuko dituzte, betiere proiektu bakoitzean aurreikusitako ebaluazio-neurrien arabera.

19. artikulua.— Zentroaren hizkuntza-proiektuaren aldaketak

1. Aurreko artikuluan aurreikusitako ebaluazioaren emaitzen arabera, hezkuntza-zentroek zentroaren hizkuntza-proiektuan egin beharreko aldaketak proposatu beharko dituzte, betiere ikasleek hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren helburuak eta lege honetan zehaztutako erreferentziako oinarrizko mailak lortzen dituztela bermatzeko.

2. Era berean, lau urte bete baino lehen, hezkuntza-zentroek eskatu ahal izango dute zentroaren hizkuntza-proiektu baimendua aldatzea, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak zehazten duen moduan.

3. Edozelan ere, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak baimendu beharko ditu hezkuntza-zentroek proposatutako zentroaren hizkuntza-proiektua eta haren ondorengo aldaketak, betiere hurrengo ikasturteko ikasleak onartzeko prozedura hasi baino lehen.

4. Zentroaren hizkuntza-proiektua aldatzeko prozedura lege honen 16. artikuluan hura egiteko zehazten den berbera izango da.

20. artikulua.— Aholkularitza zentroei

Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak zentroei emango dizkie eurek behar dituzten aholkularitza eta laguntza, betiere zentroaren hizkuntza-proiektuak egiteko, aplikatzeko eta haien jarraipena egiteko.

III. KAPITULUA
Esku-hartze didaktikoa ikasgelan

21. artikulua.— Gelako programazioa

1. Valentziako hezkuntza-sistemako irakasleek ikasgelako programazioa zentroaren hizkuntza-proiektuan aurreikusitako helburuetara egokituko dute, eta hizkuntzen eta edukien ikaskuntza integratua hartuko dute erreferentzia metodologiko gisa.

2. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak arau bidez garatuko ditu ikasgelako esku-hartze didaktikoaren alderdi metodologikoak eta ebaluazio-prozesuak.

3. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak sustatuko du zentroek hezkuntza-materialak izan ditzaten, zeinek izango baitituzte hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programaren kudeaketa akademiko eta didaktikorako komeni diren ikuspegi metodologikoak.

22. artikulua.— Jarraitutasuna Haur eta Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroak eurek atxikita dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroekin koordinatuko dira, betiere hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa zehazki aplikatzen dela eta programa horrek hizkuntzen ikaskuntzan jarraitutasun metodologikoa duela bermatzeko.

IV. KAPITULUA
Zentroak familiekin eta ingurunearekin dituen harremanak

23. artikulua.— Zentroak familiekin dituen harremanak

Zentroek ekintza espezifikoak diseinatuko dituzte familiei informazioa eta prestakuntza-laguntza emateko hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programari buruz.

24. artikulua.— Zentroak ingurunearekin dituen harremanak

Hezkuntza-zentroek elkarlan-neurriak hartu ahal izango dituzte eurok kokatuta dauden herriko edo inguruko eragile hezitzaileen artean, bereziki udalekin, kultura-instituzioekin, enpresekin, GKEekin eta tokiko elkarte-sarearekin; neurri horiek helburu hau izango dute: inguruneari lotutako hizkuntzen ikaskuntza sustatzen laguntzea eta eleaniztasunaren inguruko gizarte-kohesioa faboratzea.

V. KAPITULUA
Irakasleen egiaztapena, gaikuntza eta prestakuntza

25. artikulua.— Hizkuntzen ezagutza egiaztatzea: irakasleen betekizun espezifikoak irakasle-postuetarako

1. Ulertuko da irakasleek gaitasun nahikoa dutela arlo ez-linguistikoak gaztelaniaz eta valentzieraz irakasteko, hurrenez hurren, baldin eta valentzieraren C1 eta gaztelaniaren C1 ezagutza-maila egiaztatua badute Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.

2. Lege honen bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari kalterik egin gabe, ulertuko da irakasleek gaitasun nahikoa dutela arloak ingelesez irakasteko, baldin eta ingelesaren C1 ezagutza-maila egiaztatua badute Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.

26. artikulua.— Irakasleen konpetentzia didaktikoa

Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak arautuko du zein konpetentzia didaktiko izan behar duten unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako mailetako irakasleek arlo, ikasgai edo modulu ez-linguistikoak valentzieraz, ingelesez eta beste hizkuntza batzuetan emateko.

27. artikulua.— Hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa

1. Kontseiluak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bidez, sustatuko du unibertsitateen ikasketa-planek irakasleei eman diezaieten hasierako prestakuntza jarraitu optimoa, betiere lege honetan arautzen den hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programaren helburuak betetzeko.

2. Kontseiluak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bidez, prestakuntza-eskaintza egoki bat bermatuko du irakasleentzat, betiere hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa behar bezala aplikatzeko, eta horretarako kontuan hartuko dira hezkuntza-eredu horren beharrizan linguistiko eta didaktikoak eta irakasleen lan-baldintzak.

II. TITULUA
Valentziako hezkuntzako hizkuntza-ereduaren ebaluazio globala, ikuskapena eta harentzako aholkularitza

I. KAPITULUA
Hezkuntzako hizkuntza-ereduaren ebaluazio globala

28. artikulua.— Valentziako hezkuntzako hizkuntza-ereduaren ebaluazio globalaren helburua

Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak Valentziako hezkuntzako hizkuntza-ereduaren ebaluazio globala egingo du, gutxienez lau urtean behin, eta ebaluazio horrek honako helburu hauek izango ditu, besteak beste:

1. Proposatutako helburuen betetze-maila egiaztatzea.

2. Ereduak ematen duen hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren kalitatea hobetzea.

3. Hezkuntzako hizkuntza-politika gizartearen beharrizanetara egokitzea.

4. Hezkuntza-sistemaren baliabideak optimizatzea, eta haren eraginkortasuna eta gardentasuna areagotzea.

5. Metodologia-, antolaketa- eta funtzionamendu-prozesuetan berrikuntzak sartzea erraztea.

6. Aldaketak sartzea hezkuntzako hizkuntza-eredua hobetzeko.

II. KAPITULUA
Hezkuntzako hizkuntza-ereduaren ikuskapena eta harentzako aholkularitza

29. artikulua.— Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren jarduketak

Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren urteko jardun-planaren barruan zehaztuko da zein diren Hezkuntzako Ikuskatzailetzak egin beharreko jarduketak, lege hau eta berau garatzen duten arauak betetzen direla bermatzeko.

30. artikulua.— Irakaskuntzako aholkularitza teknikoa hezkuntza eleaniztunaren arloan

Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak urtero ezarriko ditu hezkuntza eleaniztunaren arloko irakaskuntza-aholkulari teknikoen lan-planak, eta lehentasuna emango dio lege honen 12. artikuluan adierazten diren zentroekin lan egiteari.

Lehenengo xedapen gehigarria.— Hezkuntza-sistemako beste irakaskuntza batzuei aplikatzea

1. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak erregelamendu bidez zehaztuko du zer presentzia duten curriculumeko hizkuntzek irakaskuntzan, eta zer proportziotan erabiliko diren hizkuntza horiek komunikaziorako Haur Hezkuntzako lehen zikloan eta araubide bereziko irakaskuntzetan.

2. Kontseiluak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bidez, sustatuko du Valentziako Erkidegoko unibertsitate publiko eta pribatuek ikasleei aukera eman diezaieten valentzierazko, gaztelaniazko eta ingelesezko, eta atzerriko beste hizkuntza batzuetako hizkuntza-konpetentziak garatzeko, betiere hezkuntza eleaniztuna sustatzeko lehiakortasunerako, mugikortasunerako eta enplegagarritasunerako abantaila gisa eta kulturen arteko elkarrizketa indartzeko tresna gisa.

Bigarren xedapen gehigarria.— Haur Hezkuntzako lehen zikloa Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroetan

Haur Hezkuntzako lehen zikloko Haur Hezkuntzako bi urteko unitateak baimenduta dituzten zentroek lege honetako 7.1 artikuluan zehaztutakoa aplikatuko dute.

Hirugarren xedapen gehigarria.— Beste organismo eta erakunde batzuekiko lankidetza

Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak sustatuko du lankidetza-hitzarmenak egin daitezen Valentziako Erkidegoan hezkuntza eleaniztuna eta kulturartekoa dinamizatzeko ospe handia duten erakundeekin, bai zentroen barruan, bai familien eta bereziki hezkuntza-erkidegoaren artean.

Laugarren xedapen gehigarria.— Komunikabideekiko lankidetza

1. Lege honek arautzen dituen hizkuntzen ezagutza eta erabilera indartzeko jarduerak sustatzeko, Kontseiluak egoki iritzitako lankidetza-hitzarmenak sustatuko ditu Valentziako Komunikabideen Korporazioarekin eta Valentziako lurraldean dauden beste komunikabide batzuekin.

2. Kontseiluak valentzierazko ikus-entzunezko programazioa eta ekoizpena sustatuko ditu, eta jatorrizko bertsio azpitituluduna eta atzerriko hizkuntzako ikus-entzunezko edukiak sustatuko ditu, hezkuntza-etapa bakoitzaren beharrizanetara egokituta.

Bosgarren xedapen gehigarria.— Valentzierazko irakaskuntzako programa eleaniztuna duten zentroei aplikatzea

Lege hau indarrean jartzen den unean valentzieraz irakasteko programa eleaniztun bat baimenduta duten Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroek baimenduta duten komunikazio-ehuneko bera edo handiagoa ezarri beharko dute valentzieraz, eta lege honen xedapenak errespetatu beharko dituzte, zeinek osatzen baitute hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa.

Lehenengo xedapen iragankorra.— Ezarpen-egutegia eta aplikatu beharreko araudia hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa erabat ezarri arte

1. Lege hau pixkanaka ezarriko da, egutegi honen arabera:

a) 2018-2019 ikasturtea. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloa.

b) 2019-2020 ikasturtea. Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloak eta hezkuntza bereziko zentroak.

c) 2021-2022 ikasturtea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta helduen prestakuntza.

2. Aurreko paragrafoan zehaztutako aplikazio-egutegiaren arabera hezkuntza-maila bakoitzean hezkuntza eleaniztun eta kulturartekoaren programa ezarri arte, lege hau indarrean jarri arte indarrean zeuden xedapen arauemaileek araututako programa elebidun eta eleaniztunak aplikatuko dira.

Bigarren xedapen iragankorra.— Ingelesezko hizkuntza-gaitasuna aldi baterako egiaztatzea

Aldi baterako eta 2026-2027 ikasturtea hasi arte, ulertuko da irakasleek gaitasun nahikoa dutela arloak ingelesez irakasteko, baldin eta ingelesaren C1 ezagutza-maila egiaztatua badute Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.

Hirugarren xedapen iragankorra.— Haur eta Lehen Hezkuntzako hizkuntza-proiektua 2018-2019 ikasturterako

Hezkuntza-zentroek zentroaren hizkuntza-proiektua egin behar dute Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako etapetarako, lege honetan adierazitakoaren arabera, Hezkuntza, Ikerketa, Kultura eta Kirol Sailak zentroen eskura jartzen duen plataforma telematikoaren bidez. Zentroetako zuzendaritzak zentroaren hizkuntza-proiektuaren proposamen hau aurkeztu behar du 2018ko martxoaren 16ra arte, sailak hura baimendu dezan.

Lehenengo xedapen indargabetzaile bakarra.— Arau-indargabetzea

Maila bereko edo beheragoko arauak indargabeturik geratuko dira lege honetan ezarritakoaren aurka dauden puntuetan.

Bigarren xedapen indargabetzailea

Lege honen xedapen iragankorretan aurreikusitakoari kalterik egin gabe, Kontseiluaren irailaren 1eko 3/2017 Lege-dekretua indargabetuta geratzen da.

Azken xedapenetako lehenengoa.— Erregelamendu-garapena

Baimena ematen zaio hezkuntzaren arloan eskumena duen saileko titularrari lege hau aplikatzeko eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.— Indarrean jartzea

Lege hau Valentziako Generalitateko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper