Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.15.5. 7/1998 Legea, irailaren 16koa, Hizkuntzaren Valentziako Akademia sortzekoa


8.4.15.5. 7/1998 Legea, irailaren 16koa, Hizkuntzaren Valentziako Akademia sortzekoa[1348]

HITZAURREA

Espainiako 1978ko Konstituzioaren 3. artikuluak, gaztelania Estatuko hizkuntza espainiar ofizial gisa aldarrikatzeaz gain, ezartzen du ezen Espainiako gainerako hizkuntzak ere ofizialak izango direla autonomia-erkidegoetan, bakoitzaren autonomia-estatutuen edukiaren arabera.

Era berean, Konstituzioaren testuko 148. artikuluaren 1. apartatuko 17. puntuan xedatzen da ezen autonomia-erkidegoek eskumenak beren gain har ditzaketela, hala badagokio, autonomia-erkidegoko hizkuntzaren irakaskuntza sustatzeko.

Gainera, Valentziako Erkidegoko Autonomia Estatutuari buruzko uztailaren 1eko 5/1982 Lege Organikoak 7. artikuluan ezartzen duenez, “Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak valentziera eta gaztelania dira”, eta, geroago esaten duenez, “Valentziako Generalitatek bermatuko du bi hizkuntzen erabilera normala eta ofiziala, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ezagutza ziurtatzeko”. Era berean, 5. puntuan honako hau aurreikusten du: “Legeak ezarriko ditu Administrazioan eta irakaskuntzan berezko hizkuntza aplikatzeko irizpideak”. Azkenik, Autonomia Estatutuaren 31. artikuluko 4. puntuak eskumen esklusiboa ematen dio Valentziako Generalitati kulturaren arloan.

Beste alde batetik, azaroaren 23ko 4/1983 Legeak, Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzkoak, Valentziako Generalitaten konpromisoa islatu zuen, gure autonomia-erkidegoko kultura-ondarearen defentsan eta, bereziki, gure herriaren hizkuntza historiko eta propio gisa definitutako valentziera berreskuratzean. Valentziako Erkidegoko hizkuntza ofizialen artean dagoen desberdintasun-harremana gainditu nahi du legeak, eta beharrezko jarduketak xedatzen ditu valentzieraren erabilera gizarteko zenbait esparrutan bultzatzeko, betiere valentzieraren eta gaztelaniaren arteko benetako parekatzea ahalbidetze aldera.

Era berean, lege horrek dioenez, valentziera “gure gizarte osoaren kultura-ondarearen funtsezko zatia da”, eta, horrenbestez, Valentziako Gobernua, egungo egoera historikoan, beharrezko gaitasunaren jabe da Valentziako Erkidego osoko gizarte-sektore guztiak konprometituta sentitu ahal izan daitezen gure herritik haren nahia eta zintzotasuna jasotzeko ohorea izan duen hizkuntza berreskuratzeko prozesuan. Valentzieraren erabilera “normala eta ofiziala” bermatzeko premisetako bat, Autonomia Estatutuaren 7. artikuluak aurreikusten duen bezala, eta, beraz, administratuen segurtasun juridikoa bermatzeko premisa hauxe da: administrazio publiko guztiak valentzieraren araudi ortografiko eta gramatikal bera izatea. Alderdi hori ez zen berariaz aurreikusi Autonomia Estatutuaren kasuan, ez eta Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko Legearen kasuan ere, nahiz eta lege horren 34. artikuluak ezartzen duen Valentziako Gobernuak bere gain hartuko duela valentzieraren erabilera- eta irakaskuntza-prozesuaren zuzendaritza teknikoa eta koordinazioa; horretarako, aholkularitza emango die administrazio publiko eta partikular guztiei, eta haren erabilera eta hedapena sustatzen lagunduko duten neurri guztiak hartuko ditu.

Gai horiengatik eta beste batzuengatik, Valentziako Gorteek 1997ko irailaren 17an erabaki zuten Kulturaren Valentziako Kontseiluari eskatzea valentziar “hizkuntza-gai”ei buruzko irizpena eman zezala. Hona hemen 1998ko uztailaren 13an onetsitako irizpenaren zati xedatzailea:

«Valentzieraren gizarte-egoerari eta erabilerari buruz.

»Valentziera xv. mendean eta xvi. mendearen zati batean heldu zen bere literatura-ospe handienera, eta Calabriako duke-dukesekin idazkiak pixkanaka gaztelaniaratzen hasi ziren, nahiz eta eguneroko erabileran bizirik iraun zuen.

»xix. mendearen amaieran, Renaixença izeneko mugimenduak hizkuntzaren erabilera pixka bat berreskuratu zuen lehiaketetan eta literatura-argitalpenetan, eta hori gure mendearen lehenengo hamarkadetan zehar luzatu zen.

»Gaur egun, valentzieraren egoera paradoxikoa da: Erabilera kultu eta ofizialari dagokionez, eta alor horretan gabezia nabarmenak egon arren, azken mendeetan inoiz baino hobeto gaude Planta Berriko Dekretuaz geroztik, behintzat xviii. mendearen hasieratik; herri-erabilerari dagokionez, ordea, ez dirudi ezer berreskuratu genuenik, eta hizkuntza-desafekzioko egoeran jarraitzen dugu, eta eguneroko hizkera modu kezkagarrian pobretzen eta gaztelaniaratzen ari da. Baina, bistakoa da horrelako egoera batek ezin duela denbora gehiegi iraun, eta, beraz, edo lortzen da valentzierak inoiz galdu behar ez zukeen herri-erabileraren maila berreskuratzea, edo hura zaintzea ere ezinezko bihurtuko da.

»Beste alde batetik, 1932. urtean Castellóko ortografia-arauak sinatu ziren, eta haiei jarraitu zieten Valentziako literatura-egileek berrogei urtez arazorik gabe. Ondoren, hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, kultura- eta politika-sektoreak jarki zaizkio araudi horri, baina valentzieraz idatzitako ekoizpen gehiena lehenengo arau gutxi gorabehera garatu horien arabera idazten jarraitu da.

»Era berean, esan behar dugu ezen Autonomia Estatutuaren eta Estatutuak ahalbidetu duen autogobernuaren babesean, egingarri egin dela valentzieraren gizartearen aitortza- eta prestigio-maila nabarmen hobetzea eta azken aldi honetan hobetze hori ikusi dugula; hori oinarri faboragarria da baikortasunez ahalegintzeko gure hizkuntza behar bezala birgaitzen, zeina gaur egun abandonatzeak eta utzikeriak hondatua baita. Zoritxarrez, gure artean betierekotzen den gatazka antzugarriak oztopatu egiten du hobekuntza hori, batez ere Valentziako hirian eta haren konurbazioan. Valentziarren berezko hizkuntzaren izenari, izaerari eta araudiari buruzko gatazka bat, zeinak eragozten baitu haren osasuna, eta valentziar gisa identifikatu eta elkartu beharko gintuzkeen hizkuntza berreskuratzeko prozesuan zailtasunak metatzen baititu; izan ere, hizkuntza horrek ez gintuzke bereizi behar.

»Hala ere, gatazkaren antzutasunak hizkuntzaren beraren eremua gainditzen du, eta eragin negatiboa du gure herriaren gizarte-egituraketan. Izan ere, orain oro har hitz eginda, egia da norbanakoen ekimena eta lehia, maila guztietan, edozein gizarte-talde handiren martxa onaren osagai ordeztezinak direla, baina, era berean, egia da gaur egun beharrezkoa dela oinarri erkide bat, nagusiki partekatzen diren erreferente kolektibo batzuentzat, taldeko kide izatearen sentimendu indartsua, gutxieneko elkartasuna, betiere norbanakoen ekimen indibidual hura eta lehia hura gizartearentzat onuragarriak izan daitezen eta gizarte-giro insolidario eta suntsitzaile bihur ez daitezen. Izan ere, Valentziako Erkidegoa bezalako erkidego politiko batek gainerako erkidego politikoen eremuan iraun baino gehiago nahi badu, bere nortasun bereizia baieztatu nahi badu, arrakasta izan nahi badu eta aurrera egin nahi badu, beharrezkoa izango da haren kide indibidual eta kolektiboetatik hoberenak erkidego bateko kide izatearen eta leialtasun erkidego-sentimendu operatibo sendoa garatzea. Hain zuzen ere, kulturaren berezko hizkuntza bat, gure kasuan valentziera, kalean eta instituzioetan bizi dena, balio handiko elementua da erkidego-sentimendu hori eratzeko, zeina baita aurrerapenaren gizarte-etorkizun baten ataria.

»Baina, dagoeneko esan dugun bezala, valentziera, gure hizkuntza, sarritan erabiltzen da valentziarren arteko desadostasun-arrazoi gisa, eta ez da identifikaziorako eta batasunerako behar dugun erkidego-ezaugarria. Esan beharra dago alde batetik eta bestetik hizkuntzaren eta nazioaren artean askotan egin den identifikazio mekanikoak ez duela ezelan ere lagundu gaia argitzen eta gai hori gutxieneko lasaitasun eta arrazionaltasun baten gainean finkatzen. Beraz, beharrezkoa da jakitea zelan desaktibatu behar den gizartearentzat antzugarria den gatazka hori; izan ere, gainera, bizitzen egokitu zaigun mundu honetan, hau da, globalizazioaren, mass medien eta eskolatze orokortuaren munduan, irismen demografiko txikiko hizkuntza batek, gurea bezalakoak, zeina hizkuntza indartsuez inguratua baita, epe laburrean desagertzeko arrisku handia du, baldin eta hari gehitzen badiogu alferreko zailtasuna, nola baita denboran zehar luzatzen den gatazka larriki nahasgarria.

»Argudiatu berri dugun guztiaren arabera, beharrezkoa da gure hizkuntza propioaren gaia egunerokotasuneko eztabaida alderdikoitik kanpo uztea eta, horrela, alderdien arteko eztabaida lasaiaren xede bihurtzea, ahalik eta adostasun handienetara heltzeko. Bide horren amaieran, gure hizkuntzak irabaziko luke, eta horrek valentziar guztiok irabaztea ekarriko luke.

»Azkenik, Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko Legearen espirituan, eta valentziar gisa dugun autoestimua indartzeko, gure nortasun bereizia baieztatzeko eta indartzeko ikuspegian, garaia heldu da, lehenik eta behin adosteko eta ondoren aplikatzeko valentzieraren erabilera maila guztietan sustatzeko premiaz hartu behar diren neurri politikoak; horretarako, beharrezkoa izango balitz, aldez aurreko foro politikoak sortuko lirateke, eta horietan beharrezko diren neurriak batera eztabaidatu eta ebaluatu beharko lirateke (zeinak instantzia egokiek onetsi eta aplikatu beharko bailituzkete: Valentziako Gorteak, Gobernua, diputazioak eta udalak). Valentziera esparru publikoan dagoen egoera marjinaletik ateratzeko neurriak, betiere etorkizun posible eta duina emateko, epe laburrean desagertzeko benetako arriskua saiheste aldera.

»Neurriek jarduketa publiko batzuk estali beharko lituzkete, hala nola:

»Valentzieraren irakaskuntza eta valentzierazko irakaskuntza indartzea hezkuntza-maila guztietan.

»Programazioa, funtsean, valentzieraz, Valentziako telebista eta irrati publikoetan.

»Valentziako Administrazioak ereduzko jarrera izatea hizkuntzaren erabileran, bai arduradun politikoen agerpen publikoei dagokienez, bai jarduketa ofizialei dagokienez (argitalpenak, publizitatea, administrazio-dokumentazioa...).

»Merkataritzan, publizitatean bereziki eta, oro har, bizitza ekonomikoan valentzieraren erabilera sustatzeko politika sistematikoa.

»Era berean, kultura-industrian: liburuan, prentsan, antzerkian, zineman eta, oro har, ikus-entzunezkoen munduan.

»Dei bat eliza-munduari, bere eremuan valentzieratze-bulkada horrekin bat egin dezan.

»Amaitzeko: gure erkidegoan bi hizkuntza ofizial ditugu, valentziera eta gaztelania, eta bitzuok herritarrek benetan erabiltzen dituzte, baina bata eta bestea modu desorekatuan. Zorionez, gaztelania hain hizkuntza zabaldua eta indartsua da nazioartean, ezen lasaiago susta baitezakegu gure artean valentzieraren erabilera, bigarren hizkuntza bat ezagutzen dugulako, baita gurea ere, zeinak errazten baitigu nazioarteko komunikazioa, betiere herri bereizi gisa dugun identitatearen zati ordainezin bat alferrik galdu gabe: geure hizkuntza propioa. Benetan penagarria izango litzateke, baina baita dimisio tamalgarria ere, elkarrizketarik edo ohartarazpenik ezagatik, edo txarto ulertutako modernitate batengatik, mendez mende valentziar gisa identifikatu gaituen hizkuntza gordetzeko aukera pasatzen utziko bagenu.

»Valentzieraren izenari, izaerari eta kodetzeari buruz

»Gure autonomia-estatutuak “valentziera” deitzen dio valentziarren berezko hizkuntzari, eta, beraz, termino hori erabili behar da esparru instituzionalean, izaera baztertzailerik izan gabe. “Valentziera” izendapen hori, eta “valentziarren berezko hizkuntza”, “valentziar hizkuntza” izendapenak edo beste batzuk, zeinak bermatzen baitituzte Valentziako tradizio historikoak, herri-erabilerak edo indarrean dagoen legeriak, ez dira zalantzan jarri behar, eta ez dute polemikarako gai izan behar. Guztiek balio dute gure hizkuntza propioa izendatzeko, zeina hizkuntza ofiziala baita gaztelaniarekin batera.

»Valentziera Valentziako Erkidegoaren hizkuntza historikoa eta propioa da, eta Aragoiko Koroa zaharreko lurralde hispanikoetako autonomia-estatutuek hizkuntza propiotzat aitortzen duten hizkuntza-sistemaren barruan dago.

»Castellóko Arauak izenekoak gertakari historiko dira, eta beharrezko adostasuna eratu zuten eta eratzen dute. Kulturaren Valentziako Kontseiluak 1932. urtean arauok posible egin zituen akordio-espiritua aldarrikatzen du, eta uste du arau horiek abio izan direla, valentziarrok partekatuta, gure hizkuntza propioa sendoro araupetzeko. Valentziera hizkuntza-ondarea da, hurrengo apartatuan proposatuko den erreferentzia arauemaileko enteak zaindu eta aberastu beharrekoa. Entea tradizio lexikografikoan, literarioan eta Valentziako benetako hizkuntza-errealitatean oinarrituko da.

»Erreferentzia arauemaileko entea

»Kulturaren Valentziako Kontseiluak valentzieraren araudiaren erreferentziako ente bat sortzea proposatu du, eta horretarako honako ezaugarri hauek proposatzen ditu:

»I. Nortasun juridiko propioa izatea, funtzionalki eta aurrekontuz independentea.

»II. Gaitasuna izatea hizkuntza-arloko araudia zehazteko, lege batek aitortua. Hark arlo horretan hartzen dituen erabakiak lotesleak izatea administrazio publikoentzat, hezkuntza-sistemarentzat, komunikabide publikoentzat eta titulartasun publikoko beste erakunde edo organo batzuentzat, edo finantzaketa publikoa duten erakunde edo organoentzat.

»III. Erreferentzia arauemaileko enteko kideak hogeita bat izatea, hamar urteko aldietarako izendatuak. Berritzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik sor daitezkeen postu hutsak barne-kooptazio bidez betetzea.

»IV. Valentziako Gorteek bi hereneko gehiengoz hautatzea hasierako kideak, eta kide horien bi herenak gutxienez valentzieraren adituak izatea, gaitasun zientifiko eta akademiko egiaztatua dutenak, betiere ebaluazio objektiboko irizpideen arabera. Eta gainerakoak, hogeita bat kide izan arte, letretako eta irakaskuntzako pertsona ospetsuak izatea, hizkuntza-gaitasuna eta valentzieraren esparruan ekoizpen aitortua dituztenak.

»V. Enteak harreman horizontalak izan ditzake estatuko beste hizkuntzetako erakunde arauemaileekin.

»Valentziako Gorteen mandatua denez, Kulturaren Valentziako Kontseiluak goi-instituzioari iradokitzen dio aipatutako legea parlamentuan presaz izapidetu dadila».

Irizpen hori ikusita, Valentziako Gorteek Hizkuntzaren Valentziako Akademia sortzea erabakitzen dute, ondoren adieraziko den moduan:

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

1. artikulua

Hizkuntzaren Valentziako Akademia (AVA) sortzen da, Valentziako Generalitaten instituzio gisa, lege honetan zehazten diren eskumenekin, osaerarekin, funtzionamendu-araubidearekin eta antolaketarekin.

2. artikulua

AVA izaera publikoko instituzioa da, Generalitateko Presidentetzari atxikia, berezko nortasun juridikoa du, eta bere eginkizunak autonomia organiko, funtzional eta aurrekontuzkoaz egikaritzen ditu, objektibotasuna eta independentzia bermatzeko.

3. artikulua

Hizkuntzaren Valentziako Akademia instituzio bat da, zeinaren eginkizuna baita valentzieraren hizkuntza-araudia zehaztea eta, hala badagokio, prestatzea. Era berean, valentziera zaintzea, tradizio lexikografiko eta literariotik eta Valentziako benetako hizkuntza-errealitatetik abiatuta, baita arautze kontsolidatua ere, zeina baitator Castellóko Arauak izenekoetatik.

4. artikulua

Akademiaren jardunaren oinarri izan behar duten printzipioak eta irizpideak Kulturaren Valentziako Kontseiluak 1998ko uztailaren 13an onetsitako irizpenetik ondorioztatzen dira, zeina jasota baitago lege honen hitzaurrean.

5. artikulua

AVAk bere eginkizunak egikaritzean hartzen dituen erabakiak Generalitateko instituzio guztiek, botere publikoek, gainerako administrazio publikoek, hezkuntza-sistemak eta komunikabideek, titulartasun publikoko edo finantzaketa publikoa duten erakundeek, organismoek eta enpresek bete beharko dituzte.

6. artikulua

AVAk Valentziako hirian izango du egoitza, beste lurralde-egoitza batzuk izan baditzake ere, edo Valentziako Erkidegoko edozein udalerritan bilkurak egin baditzake ere.

II. TITULUA
AVAren eskumenak

7. artikulua

Honako hauek izango dira AVAren eskumenak:

a) Valentzieraren araudi ofiziala zehaztea, aspektu guztietan.

b) Generalitatek eskatuta, Valentziako Erkidegoko toponimiaren eta onomastika ofizialaren hizkuntza-forma zuzenak finkatzea, horiek ofizialki onets daitezen.

c) Valentziako araudiari eta onomastika ofizialari buruzko txostenak edo irizpenak ematea eta zabaltzea eta azterlanak egitea, bere ekimenez edo Valentziako Erkidegoko instituzio publikoek eskatuta.

d) Valentzieraren erabilera normala zaintzea eta haren izendapena eta izaera defendatzea.

e) Instituzio publikoek sortutako testuak edo ofizialki onetsi behar direnak AVAren hizkuntza-araudira egokitzen diren informatzea, bai eta Valentziako Erkidegoko ikus-entzunezko ekoizpenari buruz informatzea ere.

f) Generalitaten Kontseiluari eta Valentziako Gorteei urteko memoria bat egitea eta aurkeztea, zeinean azalduko baitira ekitaldian zehar egindako jarduerak, bai eta valentzieraren edozein adierazpen normaltasunez erabiltzeko behar diren oharrak eta aholkuak ere.

g) Generalitateko presidenteak, Valentziako Gorteek edo Valentziako Gobernuak, beren eskumenen eremuan, agintzen dizkioten gainerakoak.

8. artikulua

Kontseiluak AVAri eskatuko dio txostena edo irizpena eman dezan valentzieraren araudiari, toponimiari eta onomastikari lotutako lege- edo arau-aurreproiektuei buruz. Eskabidea egin eta hirurogei eguneko epean AVAk ez badu berariazko adierazpenik egin horiei buruz, ulertuko da instituzioaren oniritzia dutela eta ez dagoela eragozpenik aurkezteko.

Kontseiluaren eskaeretan prozedura presazkoa dela adierazten bada, epea hogeita hamar egunera murriztuko da.

9. artikulua

1. Bere xedeak hobeto betetzeko, AVA ataletan egituratu eta azterlan batzordeak eratu ahal izango dira, betiere lege honen edukiaren eta erregelamendu bidez zehazten denaren arabera.

2. Era berean, Hizkuntzaren Valentziako Akademiak harreman horizontalak izan ditzake estatuko beste hizkuntzetako erakunde arauemaileekin.

3. Era berean, beste organismo akademiko, zientifiko eta kultural batzuekin ere lankidetza-akordioak egin ahal izango ditu.

III. TITULUA
Hizkuntzaren Valentziako Akademiaren osaera

I. KAPITULUA
AVAko akademikoak

10. artikulua

AVAk hogeita bat akademiko izango ditu, eta betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Valentziar izate politikoa edukitzea.

b) Adituak izatea valentzieran, gaitasun zientifiko eta akademiko egiaztatua izatea, edo letretako edo hizkuntza-arloko irakaskuntzako pertsona ospetsuak izatea, edo valentzieraren edo Valentziako kulturaren esparruan ekoizpen aitortua izatea.

11. artikulua

1. Hasierako hogeita bat akademikoak Valentziako Gorteek hautatuko dituzte, zuzenbideko kideen bi hereneko gehiengoz, hamabost urterako, eta berriz ere hautatu ahal izango dira.

2. Akademiako kideak lehen aldiz hautatu eta hamabost urtera —kideok aurreko apartatuan aipatutakoak dira— Hizkuntzaren Valentziako Akademiak, hogeita bat kideen kooptazio bidez, akademikoen herena berrituko du. Ordeztu beharreko zazpi akademikoak zakuratze-sistemaren bidez zehaztuko dira.

Aurreko berritzetik bost urtera, era berean jokatuko da, hasieran aukeratutakoen edo haien ordezkoen beste heren bat berritzeko. Gainerako herena bigarren berritzea egin eta bost urtera berrituko da, prozedura bera erabiliz.

Bost urtean behin, eta sistema bera erabiliz, hamabost urteko aldia betea duten akademikoen herena berrituko da.

Berritze-prozesuetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa errespetatuko da, haien merezimenduaren eta gaitasunaren arabera.

Lege honen ondorioetarako, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna dagoela ulertuko da emakumeen presentzia gutxienez % 50ekoa denean. Artikulu honetan aipatzen den zakuratze-prozesuak bermatu beharko du emaitzak ez diola kalterik egingo organoan ordezkaritza txikia duen sexuaren presentziari.

3. Akademikoak hautatu ondoren, Generalitateko presidenteak haiek izendatuko ditu dekretu bidez, eta ekitaldi publiko batean jabetuko dira karguaz.

12. artikulua

Akademikoa izatea eta hauek bateraezinak dira:

a) Valentziako Gorteetako diputatua.

b) Gorte Nagusietako diputatua edo senataria, edozein parlamentu autonomotako kidea edo Europako Parlamentuko kidea.

c) Espainiako Gobernuko kidea edo edozein autonomia-erkidegotako gobernuetako kidea eta Administrazio autonomikoko eta Estatuko goi-karguak.

d) Toki-korporazioetako kidea.

e) AVAren zerbitzuan diharduten langileak.

AVAk aztertu, deklaratu eta kontrolatuko ditu akademikoen balizko bateraezintasunak, betiere erregelamenduz ezartzen den moduan.

13. artikulua

1. Akademikoak, hautatuak izan ziren aldian zehar, ezin aldatu izango dira eta beren izaerari utziko diote honako kasu hauetan:

a) Heriotzagatik.

b) Espresuki uko egiteagatik.

c) Hautatuak izan ziren aldia azkentzeagatik. Hala ere, akademikoek beren eginkizunak osorik egikaritzen jarraituko dute harik eta kide berriak karguaz jabetu arte.

d) Ezintasun nabarmenagatik, edo desgaikuntzagatik, ebazpen judizial irmoaren bidez deklaratua.

e) Valentziar izaera politikoa galtzeagatik.

f) Finkatutako epean ebatzi ez den bateraezintasunagatik.

2. Artikulu honetako a), b), d) eta e) apartatuetan jasotako kasuetako bat gertatzen bada lehenengo hamabost urteetan zehar, Valentziako Gorteek beteko dute hutsik dagoen postua, 11.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Aurrerantzean, 11.2 artikuluaren arabera beteko da postu hutsa.

Hautatutako akademikoa, bi kasuotan, ordeztua hautatua izan zen aldirako geratzen den denborarako izango da.

Gainera, f) letran jasotako kasua gertatzen bada eta hori ebazten ez bada erregelamendu bidez ezartzen den epean, aurreko apartatuetako irizpide berberen arabera beteko da postu hutsa.

14. artikulua

Akademikoek eskubidea izango dute dietak eta kalte-ordainak jasotzeko beren eginkizunak egikaritzeagatik.

II. KAPITULUA
AVAren gobernu-organoak

15. artikulua

Honako hauek dira AVAren gobernu-organoak:

1. Kide anitzeko organoak:

AVAren Osoko Bilkura.

Gobernu Batzarra.

2. Kide bakarreko organoak:

AVAren presidentea.

16. artikulua

1. Osoko Bilkura da AVAren erabaki-organo gorena, eta hogeita bat akademikoek osatuko dute.

2. Honako eskudantzia hauek dagozkio AVAren Osoko Bilkurari:

a) Erregelamendu-proiektua eta haren balizko aldaketak onestea, eta Valentziako Generalitateko Kontseiluari bidaltzea, honek haiek onets ditzan.

b) Urteko memoria onestea.

c) Urteko aurrekontuaren aurreproiektua, haren aldaketak eta likidazioa onestea, Kontseiluari bidaltzeko.

d) Ekitaldi ekonomiko bakoitzerako jardun-planak eta -programak onestea.

e) Lege honek ezartzen dituen atalak eta batzordeak eratzea, betiere erregelamendu bidezko garapenaren arabera.

f) Bilkuren ohiko araubidea onestea, eta, hala badagokio, baita batzordeen eta atalen bilerena ere.

g) Lege honetan aurreikusitako karguak eta erregelamendu bidez zehaztutakoak hautatzea.

h) Legez edo erregelamenduz eskumena duten organismo edo erakundeetan AVAk izango dituen ordezkariak izendatzea eta kargutik banantzea.

i) Kontseiluari proposamena egitea, berak onets ditzan instituzioaren zerbitzuan diharduten langileen plantilla eta egitura organikoa.

j) 7. artikuluan aipatzen diren txostenak zein irizpenak onestea.

k) Lege honek esleitzen dion beste edozein.

17. artikulua

1. Honako hauek dira Gobernu Batzarra osatuko dutenak:

a) Presidentea.

b) Presidenteordea.

c) Idazkaria.

d) Kide bi.

2. Eskudantzia hauek izango ditu Gobernu Batzarrak:

a) Urteko memoriaren proiektua egitea.

b) Urteko aurrekontuaren aurreproiektua egitea Osoko Bilkurari aurkezteko.

c) AVAren aurrekontuaren betearazpena zuzentzea eta kontrolatzea, eta haren likidazioa prestatzea.

d) Erabakitzea instituzioari zuzendutako idazkiak eta eskaerak izapidetzeko.

e) Administrazio-kontratazioaren arloko ohiko ahalmenak egikaritzea, lege- eta aurrekontu-mugen barruan.

f) AVAren zerbitzuen berezko gastuak xedatzea, lege- eta aurrekontu-mugen barruan.

g) Presidenteak aztertzeko aurkezten dizkion eta Osoko Bilkurari esleitu ez zaizkion gaiak ebaztea.

h) Osoko Bilkurak espresuki eskuordetzen dizkion eginkizunak egikaritzea.

i) 7. artikuluan aipatzen diren txostenak zein irizpenak egitea.

j) Lege honek esleitzen dion beste edozein.

18. artikulua

1. Presidentea AVAko kide bakarreko organoa da; Osoko Bilkurak hautatuko du bere kideen artetik, gehiengo osoz, bost urteko aldirako, eta beste bost urtez berriz hautatu ahal izango da.

2. Generalitateko presidenteak izendatuko du presidentea dekretu bidez, eta ekitaldi publiko eta solemne batean jabetuko da karguaz.

19. artikulua

AVAko presidentea izango da haren ordezkaria, eta eskudantzia hauek izango ditu:

a) Akademiaren bilkuretako buru izatea, bilkuretarako deialdia egitea eta gai-zerrenda finkatzea.

b) Urtero, instituzioaren jardueren memoria bat aurkeztea Valentziako Gorteei eta Valentziako Generalitateko presidenteari.

c) Funtzionamendurako behar diren neurriak hartzea.

d) Aurrekontua betearaztearen ondoriozko gastua baimentzea eta ordainketak proposatzea.

e) Funtzionarioak eta behin-behineko langileak eta lan-kontratudun langileak izendatzea, legeetan ezarritako betekizunak betez.

f) Erregelamendu bidez erabakitzen diren gainerakoak.

20. artikulua

Presidentea ez dagoenean, kargua hutsik dagoenean edo gaixorik dagoenean, presidenteordeak ordeztuko du.

21. artikulua

Honako eskudantzia hauek izango ditu AVAko idazkariak:

a) Akademiaren bilkuretako gai-zerrenda prestatu eta bideratzea, presidenteak aldez aurretik finkatua.

b) Eskatzen diren akta, erabaki, txosten eta bertaratzeen ziurtagiriak luzatzea, presidentearen oniritziarekin.

c) Akta-liburua eramatea, zenbakitzea eta presidenteak ikus-onetsia.

d) Instituzioaren jarduera-memoriaren proiektuaren urteko prestaketa zuzendu eta koordinatzea.

e) Akademiaren zerbitzuan diharduten langileen burutza.

f) Erregelamendu bidez erabakitzen diren gainerakoak.

22. artikulua

Idazkariak postua hutsik uzten badu, agertzen ez bada edo gaixo jartzen bada, karguan antzinatasun txikiena duen kideak ordeztuko du.

23. artikulua

Akademikoei txit argiaren tratua emango zaie.

IV. TITULUA
AVAren funtzionamendua

I. KAPITULUA
AVAren Osoko Bilkura

24. artikulua

1. AVAren Osoko Bilkura aldian behin batzartuko da presidenteak deialdia egiten duenean, bere ekimenez edo gutxienez kideen herenak hala eskatzen duelako; aztertu beharreko gaiak sartu beharko dituzte kide horiek eskabidean; Osoko Bilkurak gutxienez hiru hilean behin batzartu beharko du.

2. Bilkuren deialdian gai-zerrenda sartuko da, eta gutxienez bilkuren eguna baino zazpi egun lehenago bideratuko da. Presako arrazoiak direla-eta, epe hori berrogeita zortzi ordura murriztu ahal izango da.

25. artikulua

1. AVAren Osoko Bilkura eratuta geratuko da gutxienez kideen erdiak gehi bat bertaratzen direnean, eta, betiere, presidentea eta idazkaria edo legez haien ordezkoak direnak daudenean.

2. Erabakiak Osoko Bilkurako zuzenbideko kideen gehiengo osoz hartuko dira.

Akademikoek boto partikularra eman dezakete idatziz, gehiengoaren erabakiarekin bat ez badatoz; hori egiteko hamar eguneko epea izango dute erabakia hartzen denetik zenbatuta.

26. artikulua

AVAren Osoko Bilkurak zehaztuko du, bere eskumenen eremuan, zein ebazpen argitaratu behar diren Valentziako Generalitateko Aldizkari Ofizialean. Edozelan ere, Akademiak onesten dituen hiztegi, araudi eta sarrerei eragiten dietenak Valentziako Generalitateko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

27. artikulua

Generalitateko presidenteak, edo hark eskuordetzen duen kontseilariak, ahotsarekin joan ahal izango du AVAren Osoko Bilkurara, informazioa emateko edo eskatzeko.

II. KAPITULUA
Gobernu Batzarra

28. artikulua

AVAren Gobernu Batzarra aldian-aldian batzartuko da presidenteak deialdia egiten duenean, bere ekimenez edo gutxienez kideen erdiek gehi batek eskatzen dutenean; bilera horiek, gutxienez, hilean behin egin beharko dira.

29. artikulua

AVAren Gobernu Batzarrak erabakiak hartuko ditu gutxienez kideen erdiak gehi bat bertaratzen direnean, eta, betiere, presidentea eta idazkaria edo legez haien ordezkoak direnak daudenean.

III. KAPITULUA
Atalak eta azterlan-batzordeak

30. artikulua

AVAren Osoko Bilkurak atalak eta azterlan-batzordeak sortu ahal izango ditu Akademiaren baitan.

31. artikulua

Atala eta azterlan-batzorde horien sorkuntza, osaera eta funtzionamendua erregelamendu bidez arautuko dira.

V. TITULUA
AVAren antolaketa eta baliabideak

I. KAPITULUA
Langileak

32. artikulua

AVAn lan egin behar duten langileek Generalitaten zerbitzuan diharduten langileei aplikatu beharreko araubide juridikoa bete beharko dute.

II. KAPITULUA
Ondare- eta ekonomia-araubidea

33. artikulua

AVAk, bere xedeak betetzeko, bitarteko material eta baliabide ekonomiko hauek izango ditu:

a) Generalitaten aurrekontuetan aurreikusitako kontsignazioak.

b) Generalitatek edo beste edozein administrazio publikok berari atxikitako edo lagatako ondasunak, bai eta, edozein tituluren bidez, haren ondarearen zati direnak ere.

c) Bere ondarearen produktuak eta errentak.

d) Bere zerbitzuen, jardueren edo produktuen kontraprestazio gisa lortzen dituen diru-sarrerak.

e) Erakunde edo organismo publiko zein pribatuen eta partikularren dirulaguntzak, jaraunspenak, legatuak, dohaintzak, babesletzak eta borondatezko beste edozein ekarpen.

f) Kontzertatzen dituen kredituak, maileguak eta bestelako eragiketak, Kontseiluak aldez aurretik baimena emanda.

g) Izendatu ahal zaizkion bestelako baliabideak.

34. artikulua

AVAren aurrekontua, Kontseiluak hura onetsi ondoren, atal gisa sartuko da Valentziako Generalitaten aurrekontuetan.

35. artikulua

AVAk eskuratu ahal izango ditu Osoko Bilkurak legez erabakitako ondasunak.

Lehenengo xedapen iragankorra

Lege hau indarrean jarri eta gehienez ere hilabeteko epean, Valentziako Gorteek lehenengo hogeita bat akademikoak hautatuko dituzte, zeinengandik gutxienez bi heren valentzieraren adituak izango baitira eta gaitasun zientifiko eta akademiko egiaztatua izango baitute, betiere ebaluazio objektiboko irizpideen arabera; gainerakoak, berriz, letretako edo irakaskuntzako pertsona ospetsuak izango dira, eta valentzieraren esparruan hizkuntza-gaitasuna edo ekoizpen aitortua izango dute.

Bigarren xedapen iragankorra

Valentziako Gorteek akademikoak hautatu eta hurrengo hamabost egunetan, Generalitateko presidenteak dagokion izendapena egingo du dekretu bidez.

Hirugarren xedapen iragankorra

Legez eratu eta hiru hilabeteko epean, AVAren Osoko Bilkurak lege honen 16. artikuluan aipatzen den erregelamendu-proiektua bidali beharko dio Generalitateko Kontseiluari, honek behin betiko onets dezan.

Laugarren xedapen iragankorra

Valentziako Gobernuak AVAri lokal egokiak esleituko dizkio haren xedeak betetzeko.

Azken xedapenetako lehenengoa

AVA legez eratuko da, akademikoak izendatzeko dekretua Valentziako Generalitateko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamabost egunen barruan.

Azken xedapenetako bigarrena

Baimena ematen zaio Generalitateko Kontseiluari lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren erregelamendu-arau eta xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena

Lege hau Valentziako Generalitateko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper