Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.15.1. 4/1983 Legea, azaroaren 23koa, Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzkoa


8.4.15.1. 4/1983 Legea, azaroaren 23koa, Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzkoa[1343]

[SARRERA]

I

Espainiako 1978ko abenduaren 27ko Konstituzioaren 3. artikuluak, 1. zenbakian aldarrikatu ondoren gaztelania dela Espainiako estatuko hizkuntza ofiziala, eta espainiar guztiek dutela gaztelania jakiteko eginbeharra eta erabiltzeko eskubidea, 2. zenbakian xedatzen du ezen Espainiako beste hizkuntzak ofizialak izango direla haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan ere, beraietako estatutuen arabera, eta 3. zenbakian gehitzen du ezen Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultura-ondarea dela eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango duela.

Konstituzioaren 148.1.17 artikuluak ezartzen du ezen autonomia-erkidegoek eskumenak bere gain hartu ahal izango dituztela kultura, ikerketa eta, hala denean, Autonomia Erkidegoko hizkuntzaren irakaskuntzaren sustapenaren arloan.

Era berean, Konstituzioaren 20. artikuluko 3. zenbakiak xedatzen du ezen etorkizunean lege bidez arautuko dela mendekotasun publikoko komunikabide sozialen antolaketa eta kontrol parlamentarioa, eta bermatzen du talde sozial eta politiko esanguratsuek hedabide horietarako irispidea izango dutela, eta hori gizartearen aniztasuna eta Espainiako hizkuntzak errespetatuz egingo dela.

II

Autonomia aurreko etapan, zeina ezarri baitzen egungo Valentziako Erkidegoan martxoaren 17ko 10/1978 Errege Dekretuaren bidez, abuztuaren 3ko 2003/1979 Errege Dekretua eta hura garatzeko 1979ko uztailaren 7ko Agindua eman ziren, betiere valentziar hizkuntza Valentziako hezkuntza-sisteman sartzea arautuz; araudi horrek, era berean, aurrekari gisa zuen maiatzaren 30eko 1433/1975 Dekretua, zeinak arautzen zuen zelan txertatu behar ziren jaioterriko hizkuntzak eskolaurreko hezkuntza-zentroen eta oinarrizko hezkuntza orokorreko zentroen programetan; hori ez ezik, araudi hori abagunekoa eta iragankorra zen, hizkuntza-arloko behin betiko erregulazioak etorkizunean eratuko zen Autonomia Erkidegoaren langai izan beharko zuen bitartean.

III

Valentziako Erkidegoa uztailaren 1eko 5/1982 Lege Organikoaren bidez lortu zen; izan ere, lege organiko horrek estatutua onetsi zuen; bada, autonomia lortutakoan, hizkuntzaren arloa bereziki arautu zen 7. artikuluan:

1. Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak valentziera eta gaztelania dira. Guztiek dute horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

2. Valentziako Generalitatek bermatuko du bi hizkuntzen erabilera normala eta ofiziala, eta beharrezko neurriak hartuko ditu hizkuntza horien ezagutza ziurtatzeko.

3. Inor ezin izango da diskriminatu hizkuntza dela-eta.

4. Babes eta errespetu berezia emango zaio valentziera berreskuratzeari.

5. Legeak irizpideak ezarriko ditu Administrazioan eta irakaskuntzan berezko hizkuntza aplikatzeko.

6. Lege bidez zehaztuko da zein lurraldetan nagusitzen den hizkuntza baten eta bestearen erabilera, bai eta Erkidegoko berezko hizkuntzaren irakaskuntzatik eta erabileratik salbuetsi daitezkeenak ere.

Beste alde batetik, Autonomia Estatutuaren 31.4 artikuluak Valentziako Generalitati ematen dio kultura-arloko eskumen esklusiboa, eta 35. artikuluak, berriz, irakaskuntza-arloko eskumen osoa.

Konstituzioko eta Estatutuko aginduak behar bezala zehazteko eta eraginkorrak izateko, beharrezkoa da, beraz, lege-garapena egitea, Valentzieraren Erabilerari eta Irakaskuntzari buruzko Legeak betetzen duen zeregina, hain zuzen ere.

IV

Justifikatuta dago arlo hori legearen ikuspegitik arautzeko beharra, eta beste arrazoi batzuk daude testu legegile hau arrazoitzeko.

Valentziako Generalitatek konpromiso ukaezina du Autonomia Erkidegoko kultura-ondarea babesteko eta, bereziki, valentziera berreskuratzeko, zeina baita gure herriaren hizkuntza historikoa eta berezkoa, gure herriaren identitate-ezaugarri bereziena dena.

Gure biztanle gehienen egoera diglosikoaren aurrean, ia hirurehun urteko historian Valentziako herria menderatuta egon delako, Generalitatek, Valentziako herriaren identitate osoa berreskuratzeko prozesuan funtsezko subjektua den aldetik, eskubide eta eginbeharra du, gure hizkuntzari berak merezi duen maila eta lekua itzultzeko, betiere valentzieraren abandonu eta narriadurari amaiera emanez. Gure egoera soziolinguistiko irregularrak legez jardutea eskatzen du, atzerapenik gabe mendekotasun-egoera horri amaiera emateko, eta, valentzieraren erabilera eta irakaskuntza bultzatuz, gaztelaniarekin guztiz parekatzea lortzeko.

Lege honen xedea da gure autonomia-erkidegoko bi hizkuntza ofizialen artean dagoen desberdintasun-harremana gainditzea, eta, horretarako, behar diren neurriak hartzea, batetik, valentzieraren erabilera sustatzeko gure gizartearen esparru guztietan, eta, bereziki, Administrazioan, eta, bestetik, valentziera irakastea, hizkuntza hori berreskuratzeko bide gisa. Legearen helburu gorena da, valentziera sustatuz, gaztelaniarekin benetan parekatzea eta bi hizkuntzen erabilera normal eta ofiziala bermatzea, berdintasunezko baldintzetan, edozein hizkuntza-diskriminazio mota baztertuz.

Eta beste alderdi batetik, Valentziako Gobernuaren programako puntuetako bat betetzea da lege hau; izan ere, Valentziako Gorteen konfiantzarekin, konpromisoa hartu zuen bi hizkuntzen erabilera normala eta ofiziala bermatzeko eta valentzieraren berreskurapenari babes eta errespetu berezia emateko, Autonomia Estatutuaren arabera. Generalitateko presidenteak, inbestidura-hitzaldian, Valentziako Gorteei lege-proiektu bat bidali ziela jakinarazi zuen; izan ere, horren gaia hauxe izan zen: valentzieraren irakaskuntza; hizkuntza-guneen mugaketa, eta Administrazioan valentziera aplikatzeko irizpideak; helburu horiek guztiak Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko Legeak jasotzen ditu.

V

Arestian aipatutako konstituzio- eta estatutu-aginduetan oinarrituta, zeinak baitira lege honen printzipio orokorren gidari, adierazpen programatikoak artikulatzen dira eta helburu espezifikoak zehazten dira atariko tituluan. Horrela, bada, adierazten da ezen valentziera Valentziako Erkidegoaren berezko hizkuntza dela, bai eta herritar guztiek eskubidea dutela valentziera ezagutzeko eta ondorio juridiko guztiekin erabiltzeko, gaztelania erabiliko balitz bezala. Eskubide horren babes judiziala bermatzen da, eta hizkuntzaren ondoriozko diskriminazio oro debekatzen da.

Legearen printzipio inspiratzaile horietatik abiatuta, testua bost titulutan egituratzen da, izenburu hauekin: “Valentzieraren erabilera”, “Valentziera irakaskuntzan”, “Valentzieraren erabilera komunikabide sozialetan”, “Botere publikoen jarduna”, eta “Batez ere valentzieradunak eta gaztelaniadunak diren lurraldeak”.

VI

Lehenengo tituluaren lehenengo kapitulua Administrazio publikoan valentziera ofizialki erabiltzeari buruzkoa da. Valentziako Gorteek onesten dituzten legeen idazketa eta argitalpen elebiduna ezartzen da, bai eta valentzieraz egindako administrazio- eta auzitegi-jarduketen balio osoa ere. Administrazio publikoarekiko harremanetan, bai eta instantzia judizialarekikoetan ere, herritar guztiei ahalmena ematen zaie beren aukerako hizkuntza ofiziala erabili eta eskatzeko. Valentzieraz idatzitako dokumentu publikoen balio osoa ere xedatzen da, eta arautzen da zelan egin behar diren erregistro-idazpenak eta zelan luzatu behar diren ziurtagiriak. Kontseiluari esleitzen zaio, ezarritako legezko prozeduren arabera, udalerrien izen ofizialak eta, oro har, toponimoak zehaztea. Ezartzen da izaera publikoko enpresetako eta Administrazioaren mendeko zerbitzu publikoetako langileek, jendearekin zuzeneko harremana badute, valentziera behar bezala ezagutu behar dutela, beren zerbitzua normaltasunez eman ahal izateko.

Bigarren kapitulua herritarrek beren jardueretan valentziera normaltasunez erabiltzeari buruzkoa da.

VII

Zalantzarik gabe, legeak hizkuntza-parekatzeko eta valentziera berreskuratzeko jasotzen duen ikuspegi horretan, garrantzi berezia hartzen du valentziera Generalitatek eskumenak dituen hezkuntza-maila guztietan sartzeak, betiere herritar guztiek valentziera ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea egia bihurtzeko funtsezko faktore gisa. Alderdi horri buruzkoa da legearen bigarren titulua, zeinaren lehenengo kapituluan xedatzen baita valentziera hezkuntza-maila guztietan sartu behar dela irakaskuntzan, salbuespen batekin: gaztelania-hiztunen lurraldeetan pixkanaka sartuko dira irakaskuntzan, haien egoera soziolinguistiko berezia kontuan hartuta.

Unibertsitateaz kanpoko mailetako irakaskuntza-planetan valentziera eta gaztelania derrigorrezko hizkuntzatzat jotzen dira, eta joko da ikasleek lehenengo irakaskuntzak ohiko hizkuntzan jasotzera, bai eta ikasleek bi hizkuntzen ahozko eta idatzizko ezagutza, berdintasun-mailan, lortzera ere. Era berean, ezartzen da ezen irakasleek bi hizkuntza ofizialak jakin beharko dituztela, eta ezartzen da ezen ikasketa-planak egokituko direla, irakasleok behar bezala gaitzeko.

Hala eta guztiz ere, badakigu jakin Valentziako Erkidegoaren eremu osoan valentzieraren nahitaezko irakaskuntza zorrotz eta berehala aplikatzeak, bidegabekeria historiko bat konpontzen saiatzean, beste bidegabekeria bat eragin lezakeela, egungo hizkuntza-egoera kontuan hartuta; hori dela eta, titulu honen bigarren kapituluak aplikazio horretan kontuan hartu beharreko salbuespenak arautzen ditu. Hala, aurreikusten da ezen valentzieraren irakaskuntza ez dela nahitaezkoa izango valentzieradun lurraldeetan, ezartzen diren egoera justifikatuetan, ez eta gaztelaniadun lurraldeetan ere; azken lurraldeotan, valentziera irakaskuntzan pixkanaka sartzeari dagokionez, ikasleen gurasoek eta tutoreek ahalmena dute ikasle horientzat valentzieraren irakaskuntzaren salbuespena beren borondatez lortzeko.

Horrela, legeak, gaztelania ohiko hizkuntza duten herritarren eskubideak erabat errespetatuz, valentzieraren ezagutza gure gizarte osora hedatzea errazten du, bereizketarik egin gabe, zeren valentziera gure gizarte osoaren kultura-ondarearen funtsezko zati baita, eta valentzieraren erabilera berreskuratzea eta hedatzea gure herriaren identitatea berrelkartzeko faktoreetako bat da eta valentziar guztioi dagokigu, norberaren ohiko hizkuntza zein den kontuan hartu gabe.

VIII

Hirugarren tituluan, aitortzen da herritar guztiek eskubidea dutela komunikabide sozialen informazioa jasotzeko, valentzieraz zein gaztelaniaz, eta bi hizkuntzak erabiltzeko komunikabideotara jo behar dutenean; era berean, Kontseiluari esleitzen zaio valentziera sustatu eta erabiltzea komunikabide horietan, eta Generalitaten mende dauden komunikabideetan valentziarren presentzia egokia zaintzea.

IX

Laugarren tituluan jasotzen da zelan jardungo duten botere publikoek valentzieraren erabilera sustatzeko administrazio-jardueretan eta funtzionario eta enplegatu publikoen ezagutza sustatzeko. Hobari fiskalak ezarri ahal izango dira valentziera sustatu, zabaldu eta hedatzearekin zerikusia duten egintza eta adierazpenetarako. Aurreikusten da ezen akordioak hitzartu ahal izango direla Justizia Administrazioarekin, betiere valentziera erabiltzeko epaitegi eta auzitegietan, eta Estatuko Administrazioarekin, betiere Valentziako Generalitaten eskumenekoak ez diren erregistroetan erabiltzeko. Valentziako Gobernuari esleitzen zaio Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko Legea aplikatzeko prozesuaren zuzendaritza teknikoa eta koordinazioa.

X

Bosgarren tituluan, legea aplikatze aldera, batez ere valentzieradunak eta gaztelaniadunak diren lurraldeak zehazten dira; edozelan ere, lurralde horiek berrikusi ahal izango dira, eta horrek ez du eragotziko gure erkidegoko herritar guztiek valentziera ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea gauzatzea.

Udal-mugarteak hizkuntza-eremu bakoitzean sartzeko, Valentziako Unibertsitate Literarioren eta Alacanteko Unibertsitatearen Valentziar Filologiaren Institutuak horretarako prestatutako mapa eta populazio-zerrenda hartu dira oinarritzat.

XI

Xedapen iragankorretan hiru urteko epea ezartzen da Valentziako Administrazioaren esparru guztietan lege honetako xedapenak gauzatzeko, Administrazioaren beste esparru batzuekin hitzartu beharreko itunetan ezartzen diren epeak betez. Era berean, gaur egungo egoeratik legea aplikatzearen ondoriozko egoerara igarotzea aurreikusten da, betiere prestatzen ari diren eta jardunean dauden irakasleei dagokienez.

Legeak, era berean, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu; azken honek baimena ematen dion Valentziako Gobernuari legea aplikatzeko behar den erregelamendua garatzeko, eta indarraldiaren hasierako data ezartzen du.

Aurrekoa kontuan hartuta, Kontseiluak proposatuta eta Valentziako Gorteek nahitaez egin behar den eztabaida egin ondoren, erregearen izenean, honako hau promulgatzen dut:

Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko Legea
ATARIKO TITULUA
Printzipio orokorrak

1. artikulua

1. Lege honen helburu orokorra da Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan xedatutakoa bete eta garatzea, valentzieraren erabilera normala eta ofiziala arautuz gizarte-elkarbizitzako eremu guztietan, bai eta haren irakaskuntza ere.

2. Horretan oinarrituta, lege honen helburu espezifikoak honako hauek dira:

a) Herritar guztiek valentziera ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea gauzatzea.

b) Haren berreskuratzea babestea, eta erabilera normala eta ofiziala bermatzea.

c) Valentziera Administrazioan, komunikabide sozialetan eta irakaskuntzan aplikatzeko irizpideak arautzea.

d) Valentziera eta gaztelania nagusiki erabiltzen dituzten lurraldeak mugatzea.

e) Erkidegoko lurralde-eremu osoan valentzieraren ezagutza eta erabilera bermatzea, betiere gradualtasunaren eta borondatezkotasunaren printzipioen arabera.

2. artikulua

Valentziera Valentziako Erkidegoaren berezko hizkuntza da, eta, ondorioz, herritar guztiek dute eskubidea hura ezagutzeko eta ahoz eta idatziz erabiltzeko, bai harreman pribatuetan, bai haien eta instantzia publikoen arteko harremanetan.

3. artikulua

Lege honetan araututako salbuespenei kalterik egin gabe, herritarrek beren harremanetan, publiko zein pribatuetan, valentziera erabiltzeak ondorio juridiko osoak ditu, gaztelania erabiliko balitz bezala, eta ezin da ezein diskriminazio-motarik edo itzulpen-eskakizunik eratorri valentzieraz jarduteko eskubidea egikaritzetik.

4. artikulua

Inola ere ezingo da diskriminaziorik egin bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeagatik.

5. artikulua

Administrazioak behar diren neurri guztiak hartuko ditu eragozteko herritarrak edo jarduerak diskriminatuak izango direla bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeagatik, bai eta valentzieraren erabilera normala, sustapena eta ezagutza bermatzeko ere.

6. artikulua

Herritarrek eskubidea dute epaileengandik eta auzitegietatik lortzeko beren hizkuntza erabiltzeko duten eskubidearen babesa, indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera.

I. TITULUA
Valentzieraren erabilera

I. KAPITULUA
Erabilera ofiziala

7. artikulua

1. Valentziera, Valentziako Erkidegoaren berezko hizkuntza den aldetik, Generalitatena eta haren Administrazio publikoarena ere bada, baita Toki Administrazioarena eta haien mendeko korporazio eta instituzio publiko guztiena ere.

2. Valentziera eta gaztelania Valentziako Erkidegoko hizkuntza ofizialak dira, eta, beraz, Administrazioak horiek erabiliko ditu legeak araututako moduan.

8. artikulua

Valentziako Gorteek onesten dituzten legeak ele bietan idatzi eta argitaratuko dira.

9. artikulua

1. Baliozkoak eta eraginkortasun juridiko osokoak izango dira Valentziako Erkidegoko lurralde-eremuan valentzieraz egindako administrazio-jarduketa guztiak.

2. Eraginkortasun juridikoa izango dute valentzieraz idatzitako dokumentuek, zeinetan adierazten baita administrazio-jarduera, bai eta administrazio publikoek beren jardunean erabilitako inprimaki eta formularioek ere.

10. artikulua

Valentziako Erkidegoaren lurraldean, herritar guztiek dute eskubidea Generalitatekin, toki-enteekin eta gainerako erakunde publikoekin valentzieraz jarduteko eta harremanak izateko.

11. artikulua

1. Alde batek eskatuta hasitako administrazio-jarduketetan, eta horietan beste interesdun batzuk badaude eta hala adierazten badute, Administrazio jarduleak interesdunok aukeratzen duten hizkuntza ofizialean jakinarazi beharko die haiei eragiten dien guztia, jarduketa edozein hizkuntza ofizialetan hasi dela ere.

2. Era berean, erabilitako hizkuntza ofiziala edozein dela ere, ofizioz hasitako espedienteetan, komunikazioak eta gainerako jarduketak interesdunek adierazitako hizkuntzan egingo dira.

12. artikulua

1. Lege honetan xedatutakoaren arabera, herritar guztiek eskubidea dute Justizia Administraziora jo ahal izateko eurek erabili nahi duten hizkuntza ofizialean, eta ezin zaie ezein itzulpenik eskatu, eta haien uziak izapidetzean ez da atzerapenik edo berandutzerik izango.

2. Justizia-auzitegietan valentzieraz egindako edo idatzitako jarduketa, dokumentu eta idazki guztiek, eta auzitegiok hizkuntza berean egindakoek, balio eta eraginkortasun osoa dute.

13. artikulua

1. Dokumentu publikoak valentzieraz edo gaztelaniaz idatziko dira, eskuesleak hala adierazita, eta, eskuesle bat baino gehiago izanez gero, haiek ados jarrita aukeratzen dutena.

2. Edozelan ere, Valentziako Erkidegoaren lurraldetik kanpo ondorioak izan behar dituzten dokumentuen kopiak edo ziurtagiriak gaztelaniaz idatziko dira.

3. Gainerako kasuetan, kopiak eta ziurtagiriak interesdunak edo errekeritzaileak eskatutako hizkuntzan egingo dira, eta notarioek eta gainerako fede-emaile publikoek matrizeak eta jatorrizkoak itzuli beharko dituzte, hala badagokio. Edozelan ere, ele bietan egin ahal izango da beti.

14. artikulua

Edozein erregistro publikotan egin beharreko idazpenak egingo dira interesdunak edo interesdunek elkarrekin adostuta eskatutako hizkuntza ofizialean. Eskaera zehatzik egiten ez bada, idazpena egingo da erregistratu beharreko dokumentua deklaratu, eman edo idatzi den hizkuntzan.

15. artikulua

1. Valentziako Generalitateko Kontseiluari dagokio zehaztea zein diren Valentziako Erkidegoko udalerrien, lurraldeen, biztanleguneen, gorabehera geografikoen, hiriarteko komunikazio-bideen eta toponimoen izen ofizialak, betiere ezarritako legezko prozeduren arabera. Hiri barruko bideen izena kasuan kasuko udalak zehaztuko du.

2. Kontseiluak onartutako izendapenak, aurreko zenbakian xedatutakoaren arabera, legezkoak izango dira ondorio guztietarako, eta errotulazio publikoa izendapen horien arabera egin beharko da erregelamendu bidez zehazten den moduan, betiere Estatuak arlo horretan sinatutako nazioarteko arauei zor zaien errespetuari kalterik egin gabe.

3. Izendapena Erkidegoko bi hizkuntzetan duten udalerriek bietan agertuko dute izena.

4. Kontseiluak 1. apartatuaren arabera onartutako izendapenak bi hizkuntza ofizialetan errotulatuko dira, betiere izen ofizialak ahalbidetzen duen neurrian.

16. artikulua

Izaera publikoko enpresek eta zuzenean Administrazioaren mende dauden zerbitzu publikoek bermatu behar dute enpresa eta zerbitzu horietako langileek, jendearekin harremana zuzenean dutenean, behar adinako ezagutza dutela valentzieraz, betiere agindutako zerbitzua normaltasunez eman ahal izateko.

II. KAPITULUA
Erabilera normala

17. artikulua

Herritar guztiek eskubidea dute edozein bileratan valentzieraz hitz egiteko, bai eta beren jarduera profesionalak, merkataritzakoak, lanekoak, sindikalak, politikoak, erlijiosoak, aisialdikoak eta artistikoak valentzieraz egitekoa ere.

II. TITULUA
Valentziera irakaskuntzan

I. KAPITULUA
Valentziera irakaskuntzan aplikatzea

18. artikulua

1. Nahitaezkoa da valentziera hezkuntza-maila guztietan txertatzea. Bosgarren tituluan zerrendatzen diren lurralde gaztelaniadunetan, txertatze hori pixkanaka egingo da, betiere bakoitzaren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, eta erregelamendu bidez zehazten den moduan.

2. Kontseiluak zainduko du valentziera modu ulergarrian txertatzen dela, gaur egun valentzieraren ezagutzan eta erabileran dauden ezberdintasunak eta mailak zainduz; izan ere, desberdintasunok gainditzea da lege honen helburu garrantzitsuenetako bat.

3. Valentziera eta gaztelania nahitaezko hizkuntzak dira unibertsitateaz kanpoko mailetako irakaskuntza-planetan, lehenengo puntuan egindako salbuespenarekin.

19. artikulua

1. Zentroetan dauden antolaketa-aukeren arabera, ahalegina egingo da ikasle guztiek lehenengo ikasketak beren ohiko hizkuntzan, valentzieraz edo gaztelaniaz, jasotzeko.

2. Hala ere, 24. artikuluan araututako salbuespenei kalterik egin gabe, zikloen amaieran, zeinetan adierazi baita valentziera irakaskuntzan txertatzea nahitaezkoa dela, eta ziklo horiek hastean ohiko hizkuntza edozein izanda ere, ikasleek gai izan behar dute valentziera erabiltzeko, ahoz eta idatziz, gaztelaniaren maila berean.

20. artikulua

Administrazioak behar diren neurri guztiak hartuko ditu ikasleak ohiko hizkuntza dela-eta diskrimina ez daitezen.

21. artikulua

Nahitaez sartu beharko da valentziera helduen hezkuntza iraunkorreko programetan.

22. artikulua

Irakaskuntza espezializatuetan, zeinen programetan hizkuntza irakasten den, nahitaez sartu behar da valentzieraren irakaskuntza.

23. artikulua

1. Valentzieraren eta gaztelaniaren koofizialtasuna dela eta, irakasleek bi hizkuntzak ezagutu behar dituzte.

2. Lege hau indarrean jarritakoan valentziera behar beste ezagutzen ez duten irakasleak arian-arian gaituko dira, borondatezkotasun- eta gradualtasun-politikaren bidez.

3. Valentziako Generalitateko Kontseiluak ahalegina egin beharko du unibertsitateetako eta irakasleak prestatzeko zentroetako ikasketa-planetan valentziera irakasgai gisa sar dadin, eta, bereziki, azken zentro horietan; horrela, irakasle guztiek, prestakuntza amaitzean, valentziera ezagutuko dute ahozko eta idatzizko mailetan, haiek gaztelaniaz dakiten maila berean. Hori guztia, gaiari buruzko legeria orokorrean ezarritakoari kalterik egin gabe.

4. Irakasleak zentro publiko eta pribatuetara sartzeko araudi erregulatzaileak ezarriko du zein den sistema irakasle sartu berri guztiek artikulu honetako 1. zenbakian ezarritako baldintzak betetzeko.

II. KAPITULUA
Salbuespenak

24. artikulua

1. Bosgarren tituluan lurralde nagusiki valentzieraduntzat jotako lurraldeetan valentziera aplikatzeko betebeharrak ez du ondorerik izango, banaka, hala eskatzen duten guraso edo tutoreek modu frogagarrian egiaztatzen dutenean bizilekua aldi baterako dutela lurralde horietan, eta adierazten dutenean, inskripzioa egitean, beren seme-alaba edo tutoretzapekoek salbuetsita egon nahi dutela valentzieraren irakaskuntzatik.

2. Valentziako Generalitateko Kontseiluak arian-arian sartuko du valentzieraren irakaskuntza bosgarren tituluan zerrendatzen diren lurralde nagusiki gaztelaniadunetan, eta horretarako lagungarriak diren ekimen publiko eta pribatu guztiak faboratuko ditu. Hori guztia hala izanik ere, eremu horietan bizi diren gurasoek edo tutoreek salbuespena lortu ahal dute beren seme-alabei edo tutoretzapekoei valentzieraren irakaskuntza ematetik, betiere inskripzioa egitean hala eskatzen dutenean.

III. TITULUA
Valentzieraren erabilera komunikabide sozialetan

25. artikulua

1. Valentziako Generalitateko Kontseiluak zainduko du valentzierak presentzia egokia izan dezan Valentziako Generalitatek kudeatzen dituen edo haren eskumenekoak diren irrati- eta telebista-igorgailuetan eta gainerako komunikabideetan, betiere lege honetan xedatutakoaren arabera.

2. Irrati eta telebistetan valentzieraren erabilera bultzatuko du.

3. Bi hizkuntzetan egiten diren kultura- eta arte-adierazpen guztiak sustatuko ditu, eta arreta berezia emango zaie valentzieraz egindakoei.

4. Valentziako Generalitatek valentziar liburua argitaratzera, garatzera eta sustatzera bideratutako ekintza guztiak babestuko ditu, betiere erabilitako hizkuntzari kalterik egin gabe, baina valentzieraz inprimatutakoei tratamendu espezifikoa emanez.

26. artikulua

1. Herritar guztiek eskubidea dute komunikabide sozialen bidez informazioa jasotzeko, bai valentzieraz bai gaztelaniaz.

2. Era berean, herritarrek, legerian ezarritako baldintzetan, komunikabide sozialetara irispidea dutenean, herritarrok eskubidea izango dute valentziera ahoz eta idatziz erabiltzeko, gaztelaniaren baldintza berberetan.

IV. TITULUA
Botere publikoen jarduna

27. artikulua

Valentziako Generalitateko Kontseiluak, erregelamendu-xedapenen bidez, valentzieraren erabilera sustatuko du bere mendeko organoen administrazio-jarduera guztietan.

28. artikulua

Era berean, lege honetan zehaztutako printzipio eta salbuespenekin bat etorriz jokatu beharko dute toki-enteek.

29. artikulua

Valentziako Generalitateko Kontseiluak lagunduko die bere mendeko funtzionarioei eta gainerako enplegatu publikoei valentziera ikas dezaten, bai eta Toki Administraziokoei eta Administrazio zentralekoei ere, azken honekin adostutakoaren arabera, gradualtasunaren eta borondatezkotasunaren printzipioen arabera.

30. artikulua

1. Valentziako Generalitatek eta toki-korporazioek, betebehar fiskalei dagozkienez, egintza eta adierazpenak salbuetsi ahal izango dituzte eta haiei hobariak eman, baldin eta egintza eta adierazpenok zerikusia badute Valentziako kultura sustatzearekin, zabaltzearekin eta hedatzearekin, eta bereziki aintzat hartuko dituzte valentzieraren erabilera dakartenak.

2. Valentziako Generalitatek eta toki-korporazioek, bakoitzak bere eskumenen eremuan, kargu, enplegu eta funtzio publikoak betetzeko egiten dituzten deialdien oinarrietan balioetsiko dute valentzieraren ezagutza, betiere funtzio publiko horiek egin ahal izateko lege honetan valentzieraren erabilerarako aurreikusitako printzipioen arabera.

3. Aurreko apartatuaren ondorioetarako, Valentziako botere publikoek adieraziko dute zein plazatarako den nahitaezkoa valentzieraz jakitea.

4. Valentziako Erkidegoan botere publikoek erabili beharreko inprimaki, formulario eta eredu ofizial guztiek bi hizkuntzetan egon beharko dute.

31. artikulua

Valentziako Gobernuak beharrezko akordioak egingo ditu Justizia Administrazioarekin, valentziera epaitegi eta auzitegietan erabil ahal izateko.

32. artikulua

Era berean, Valentziako Generalitaten eskumenekoak ez diren erregistro publikoetan valentzieraren erabilera normalizatzeko, egin beharreko akordioak sustatu beharko ditu organo eskudunekin.

33. artikulua

Valentziako botere publikoek, beren eskumenen eremuan, eta lege honetan xedatutakoaren arabera, valentzieraren erabilera sustatuko dute jarduera profesionaletan, merkataritzakoetan, lanekoetan, sindikaletan, politikoetan, erlijiosoetan, aisialdikoetan eta artistikoetan.

34. artikulua

Valentziako Gobernuak bere gain hartuko du valentzieraren erabilera- eta irakaskuntza-prozesuaren zuzendaritza teknikoa eta koordinazioa; horretarako, aholkularitza emango die administrazio publiko eta partikular guztiei, eta haren erabilera eta hedapena sustatzen lagunduko duten neurri guztiak hartuko ditu.

V. TITULUA
Lurralde nagusiki valentzieradunak eta lurralde nagusiki gaztelaniadunak

35. artikulua

Lege honetan araututako ondorioetarako, eta irizpide historikoak kontuan hartuta, honako hauek hartzen dira udal-mugarte nagusiki valentzieradun gisa:

1. Alacanteko probintzia: Absúbia, Agost, Agres, Aguas de Busot, Alcalalí, Alcocer de Planes, Alcolecha, Alcoy, Alfafara, Alfaz del Pí, Algueña, Alicante, Almudaina, Alquería de Aznar, Altea, Balones, Bañeres, Benasau, Benejama, Beniarbeig, Beniardá, Beniarrés, Benichembla, Benidoleig, Benidorm, Benifallim, Benifato, Benilloba, Benillup, Benimantell, Benimarfull, Benimasot, Benimeli, Benissa, Benitachel, Biar, Bolulla, Busot, Calpe, Callosa de Ensarriá, Campello, Campo de Mirra, Cañada, Castalla, Castell de Castells, Concentaina, Confrides, Crevillente, Cuatretondeta, Denia, Elche, Facheca, Famorca, Finestrat, Gata de Gorgos, Gayanes, Gorga, Guadalest, Guardamar del Segura, Hondón de las Nieves, Hondón de los Frailes, Ibi, Jalón, Jávea, Jijona, Lorcha, Llíber, Millena, Monóvar, Muchamiel, Murla, Muro de Alcoy, Novelda, La Nucía, Ondara, Onil, Orba, Orcheta, Parcent, Pedreguer, Pego, Penáguila, Petrel, Pinoso, Planes, Polop, Rafol de Almunia, Relleu, La Romana, Sagra, San Juan de Alicante, San Vicente del Raspeig, Sanet y Negrals, Santa Pela, Sella, Senija, Setla-Mirarrosa y Miraflor, Tárbena, Teulada, Tibi, Tollos, Termos, Torremanzanas, Vall de Alcalá, Vall de Ebo, Vall de Gallinera, Vall de Laguart, Vergel, Villajoyosa.

2. Castellóko probintzia: Adzaneta, Ahín, Albocácer, Alcalá de Chivert, Alcora, Alcudia de Veo, en cuanto se refiere a su núcleo valenciano-parlante, Alfondeguilla, Almazora, Almenara, Ares del Maestre, Artana, Bechí, Benafigos, Benasal, Benicarló, Benicásim, Benlloch, Borriol, Burriana, Cahanes, Cálig, Canet lo Roig, Castell de Cabres, Castellfort, Castelló de la Plana, Catí, Cervera del Maestre, Cinctorres, Costur, Cuevas de Vinromá, Colla, Chert, Chilches, Chodos, Eslida, Figueroles, Forcall, Herbés, La Jana, La Llosa, La Mata de Morelia, Lucena del Cid, Moncófar, Morelia, Nules, Onda, Oropesa, Palanquea, Peñíscola, Portell de Morella, Puebla de Benifasar, Puebla ‘remesa, Ribesalbes, Roseli, Salsadella. San Jorge, San Mateo, San Rafael del Río, Santa Magdalena de Pulpis, Sarratella, Sierra-Engarcerán, Sueras, Tales, Tírig, Todolella, Torre de Embesora, Torre de Endoménech, Torreblanca, Traiguera, Useras Vall d´Alba, Vall de Uxó, Vallibona, Villafamés, Villafranca del Cid, Villanueva de Alcolea, Villar de Canes, Vila-Real, Villavieja, Villores, Vinarós, Vistabella del Maestrazgo, Zorita del Maestrazgo.

3. Valentziako probintzia: Ador, Adzaneta de Albaida, Agullent, Alaquás, Albaida, Albal, Albalat de la Ribera, Albalat deis Taronchers, Albalat deis Sorells, Alberique, Alboraya, Albuixech, Alcácer, Alcántara del Xúquer, L´Alcudia, Alcudia de Crespíns, Aldaya, Alfafar, Alfahuir, Alfara de Algimia, Alfara del Patriarca, Alfarp, Alfarrasí, Algar de Palancia, Algemesí, Algimia de Alfara, Alginet, Almácera, Almiserat, Almoines, Almusafes, Alquería de la Condesa, Alzira, Antella, Ayelo de Malferit, Ayelo de Rugat, Barig, Barxeta, Belgida, Bellreguart, Bellús, Benaguacil, Benavites, Benegida, Bentusser, Beniarjó, Beniatjar, Benicolet, Benifairó de les Valls, Benifairó de Valldigna, Benifayó, Beniflá, Benigánim, Benimodo, Benimuslem, Beniparrell, Benirredrá, Benisanó, Benisoda, Benisuera, Bétera, Bocairent, Bonrepós y Mirambell, Bufali, Burjassot, Canals, Canet de Berenguer, Carcaixent, Cárcer, Carlet, Carrícola, Casinos, Castellón de Rugat, Castellonet, Catadau, Catarroja, Cerdá, Corbera, Cotes, Cuart de les Valla, Cullera, Daimús, La Eliana, Enova, Estivella, Estubeny, Faura, Favareta, La Font d´en Carrós, Fontanares, Fortaleny, Fofos, Fuente la Higuera, Gabarda, Gandía, Genovés, Gilet, Godella, La Granja de la Costera, Guadaséquies, Guadasuar, Guardamar, Lugar Nuevo de Fenollet, Lugar Nuevo de la Corona, Lugar Nuevo de San Jerónimo, Llanera de Ranes, Llaurí, Llíria, Llombay, Llosa de Ranes, Llutxent, Manises, Manuel, Masalavés, Masalfasar, Massamagrell, Massanassa, Meliana, Miramar, Mislata, Mogente, Moncada, Montserrat, Montaberner, Montesa, Montichelvo N`ontroy, Museros, Náquera, Novelé, Oliva, Olocau, L´Ollería, Ontinyent, Otos, Paiporta, Palma de Gandía, Palmera, Palomar, Paterna, Petrés, Picanya, Picassent, Piles, Pinet, Pobla del Duc, La Pobla Llarga, La Pobla de Vallbona, Polinyá del Xuquer, Potríes, Pucol, Puebla de Farnals, Puig, Quart de Poblet, Quartell, Quatretonda, Rafelbuñol, Rafelcofer, Rafelguaraf, Ráfol de Salem, Real de Gandía, Real de Montroy, Ribarroja del Turia, Riola, Rocafort, Rotglá y Corbera, Rótova, Rugat, Sagunto, Salem, San Juan de Enova, Sedaví, Segart, Sellent, Sempere, Senyera, Serra, Silla, Simat de Valldigna, Sollana, Sueca, Sumacárcel, Tavernes Blanques, Tabernes de Valldigna, Terrateig, Torrella, Torrent, Torres Torres, Turís, Valencia, Vallada, Vallés, Villalonga, Villamarchante, Vilanova de Castelló, Vinalesa, Xátiva, Xeraco, Xeresa, Xirivella.

36. artikulua

Lege honetan araututako ondorioetarako, honako hauek hartzen dira udal-mugarte nagusiki gaztelaniadun gisa:

1. Alacanteko probintzia: Albatera, Algorfa, Almoradí, Aspe, Benejúzar, Benferri, Benijófar, Bigastro, Callosa de Segura, Catral, Cox, Daya Nueva, Daya Vieja, Dolores, Elda, Formentera del Segura, Granja de Rocamora, Jacarilla, Monforte del Cid, Orihuela, Rafal, Redován, Rojales, Salinas, San Fulgencio, San Miguel de Salinas, Sax, Torrevieja, Villena.

2. Castellóko probintzia: Algimia de Almonacid, Almedíjar, Altura, Arañuel, Argelita, Ayódar, Azuébar, Barracas, Bejfs, Benafer, Castellnovo, Castillo de Villamalefa, Caudiel, Cirat, Cortes de Arenoso, Chóvar, Espadilla, Fanzara, Fuente la Reina, Fuentes de Ayódar, Gaibiel, Gátova, Geldo, Higueras, Jérica, Ludiente, Matet, Montan, Mentanejos, Navajas, Olocau del Rey, Pavías, Pina de Montalgrao, Puebla de Arenoso, Sacañet, Segorbe, Soneja, Sot de Ferrer, Teresa, Toga, Torás, El Toro, Torralba del Pinar, Torrechiva, Vall de Almonacid, Vallat, Villahermosa del Río, Villamalur, Villanueva de Viver, Viver, Zucaina.

3. Valentziako probintzia: Ademuz, Alborache, Alcublas, Alpuente, Andilla, Anna, Aras de Alpuente, Ayora, Benagéber, Bicorp, Bolbaite, Bugarra, Buriel, Calles, Camporrobles, Casas Altas, Casas Bajas, Castielfabib, Caudete de las Fuentes, Cofrentes, Cortes de Pallás, Chelva, Chella, Chera, Cheste, Chiva, Chulilla, Domeño, Dos Aguas, Enguera, Fuenterrobles, Gestalgar, Godelleta, Higeruelas, Jalance, Jarafuel, Loriguilla, Losa del Obispo, Macastre, Marines, Millares, Navarrés, Pedralba, Puebla de San Miguel, Quesa, Requena, Siete Aguas, Sinarcas, Sot de Chera, Teresa de Cofrentes, Titaguas, Torrebaja, Tous, Tuéiar, Utiel, Vallanca, Venta del Moro, Villar del Arzobispo, Villargordo del Cabriel, Yátova, La Yesa, Zarra.

37. artikulua

1. Aurreko artikuluetan egindako adierazpenak ez du eragotziko Valentziako Generalitateko Kontseiluaren jardun instituzionala, betiere lege honetan araututako valentzieraren erabilera eta irakaskuntza gauzatu daitezen lortzeko, eta, bereziki, herritar guztiek hura ezagutu eta erabiltzeko duten eskubide eraginkorra lortzeko.

2. Aurreko artikuluetan egindako adierazpena lege honen aplikazioaren arabera berrikusi ahal izango da.

Lehenengo xedapen iragankorra

Valentziako Generalitateko Administrazioari, Toki Administrazioari, haien mendeko erakunde eta instituzioei, eta lege honetan araututako gainerako zerbitzu publikoei dagokienez, valentzieraren erabilera eta irakaskuntza hiru urteko epean gauzatu beharko dira.

Valentziako Erkidegoan dagoen Estatuko Administrazioari dagokionez, bai eta Justizia Administrazioari dagokionez ere, Valentziako Generalitateko Kontseiluak organismo eskudunekin horretarako hitzartzen dituen akordioetan xedatutakoari jarraituko zaio, alde batera utzi gabe hizkuntza ofizialen erabilerari buruz Administrazioaren esparru horietarako ezar daitekeen estatu-mailako lege-erregulazioa.

Bigarren xedapen iragankorra

Gaur egun irakasleak prestatzeko zentroetan ikasten ari diren ikasleek haietako ikasketa-planak lege honetan xedatutakora egokitzen ez diren bitartean, Valentziako Generalitateko Kontseiluak, erregelamendu bidez, beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu ikasle horiek, ikasketak amaitzean, valentzieraren ezagutza nahikoa dutela ziurtatzeko.

Hirugarren xedapen iragankorra

Lege hau indarrean jarritakoan, Valentziako Generalitateko Kontseiluak behar diren ikastaroak antolatuko ditu, une horretan jardunean dauden irakasleek, edozein hezkuntza-mailatan irakasten dutela ere, ahalik eta lasterren valentzieraren gaitasun nahikoa lor dezaten.

Xedapen indargabetzailea

Indargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurka osorik edo zati batean jotzen duten maila bereko edo beheragoko arau guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa

Baimena ematen zaio Valentziako Generalitateko Kontseiluari lege honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko behar diren erregelamendu-xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena

Lege hau Valentziako Generalitateko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper