Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.11. Kantabriako Autonomia Erkidegoa


8.4.11. Kantabriako Autonomia Erkidegoa


8.4.11.1. 4/1993 Legea, martxoaren 10ekoa, Funtzio Publikoari buruzkoa[1145]

V. TITULUA
Funtzionario publikoen estatutu-araubidea

VIII. KAPITULUA
Diziplina-araubidea

74. artikulua

Honako hauek dira falta oso astunak:

b) Arraza, sexu, erlijio, hizkuntza, iritzi, jaioleku edo bizileku edo beste edozein izaera edo norbere edo gizarte-egoera dela eta, diskriminazioa ekar dezakeen edozein jarduketa.


8.4.11.2. 11/1998 Legea, urriaren 13koa, Kantabriako Kultura Ondareari buruzkoa[1146]

IV. TITULUA
Araubide espezifikoak

I. KAPITULUA
Ondare arkeologikoa eta paleontologikoa

77. artikulua.— Baimenak

3. Atzerriko ikertzaileek edo instituzioek egiten dituzten indusketek, lege honetan ezarritako araudiaz gain, espainiar zuzendarikide bat izan beharko dute. Indusketaren txostenak eta memoria gaztelaniaz aurkeztuko dira.


8.4.11.3. 5/1999 Legea, martxoaren 24koa, Kantabriako Turismoaren Antolamenduari buruzkoa[1147]

II. TITULUA
Turismo-agenteak

II. KAPITULUA
Turismo-eskaintza

14. artikulua.— Izena eta publizitatea

2. Errotuluek, dokumentazioak, publizitateak, adierazpenek, prezio-zerrendek edo fakturek gaztelaniaz idatzita egon beharko dute, baina horrek ez du eragotziko aldi berean beste hizkuntza batzuk erabiltzea edo izen propio bat erabiltzea izendapen gisa.

IV. TITULUA
Turismo-baliabidea garatzea eta mantentzea

VI. KAPITULUA
Turismo-prezioak eta -zerbitzuak

46. artikulua.— Prezioen araubidea eta publizitatea

2. Eskaintzen diren zerbitzuen prezioen zerrendan, publizitatean edo merkataritza-eskaintzan azken prezio osoa sartu beharko da, zergak barne, gutxienez gaztelaniaz eta legezko erabilerako diruan.

8.4.11.4. 3/2001 Legea, irailaren 25ekoa, Kantabriako Liburutegiei buruzkoa[1148]

HITZAURREA

Espainiako Konstituzioaren 46. artikuluak zehazten duenez, botere publikoen ataza da bermatzea Espainiako herrien ondare historiko, kultural eta artistikoa zaindu eta aberastea, bai eta ondareon ondasunena ere, horien araubidea eta titulartasuna edozein izanda. Ondare historikoaren barruan, berebiziko garrantzia du ondare bibliografiko eta dokumentalak, identitate historikoari eta norberaren hizkuntzari eusteko bitarteko gisa, hizkuntza komunikaziorako eta gizarte-elkarbizitzarako oinarrizko tresna gisa ulertuta.

[…]

II. TITULUA
Kantabriako irakurketa publikoaren sistema

III. KAPITULUA
Irakurketa publikoko zerbitzuak

20. artikulua.— Funtsak eskuratzea

2. Beharrezkoa denean, neurri egokiak hartuko dira gutxiengo etniko, erlijioso edo linguistikoen eskubideak kontuan har daitezen.


8.4.11.5. 3/2004 Legea, urriaren 7koa, Kantabriako Logopeden Elkargo Profesionala sortzekoa[1149]

HITZAURREA

[…]

Gaur egun badaude antzeko eginkizunak betetzeko gaitzen duten beste titulazio batzuk, baina testuinguru desberdinetan, hala nola 1440/1991 Errege Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Entzumen eta Hizketako Maisu Espezialista titulua arautzen duena, bai eta Hezkuntzako Estatu Idazkaritzaren eta Kantabriako Gobernuko Hezkuntza eta Gazteria Sailaren (gaur egun Hezkuntza Saila) zenbait ebazpen ere, entzumen eta hizketako nahasmenduak espezializatzeko ikastaroak homologatzen dituztenak. Inguruabar horiek justifikatzen dute lege honek hirugarren xedapen iragankorrean ezartzea zelan izan daitezkeen Kantabriako Logopeden Elkargo Ofizialeko kide titulazio horietako bat duten eta lanbide-kaudimena egiaztatzen duten profesionalak. Era berean, komeni da elkargoan sartzeko araubide iragankor bat ezartzea, zenbait autonomia-erkidegotan sortutako gainerako logopeden elkargoekin nolabaiteko homogeneotasunari eusteko.

[…]

Hirugarren xedapen iragankorra.— Profesionalak elkargo ofizialean sartzea

Lege hau indarrean jarri eta bi urteko epean, Kantabriako Logopeden Elkargo Ofizialean sartu ahal izango dira hizketaren eta entzumenaren nahasmendu eta patologien arloan lan egin duten profesionalak, baldin eta honako kasu hauetako batean badaude:

a) Logopediaren arloan gutxienez hiru urtez jardun dutela egiaztatzen dutenak, baldin eta honako titulazio hauetako bat badute:

1) Hizketaren eta entzumenaren nahasmenduetako irakasle espezializatuaren titulua, hezkuntzaren arloan eskuduna den ministerioak emandakoa.

2) Hizketaren eta entzumenaren nahasmenduetako espezialistaren diploma, Espainiako unibertsitate batek luzatua edo behar bezala homologatutako atzerri-titulua.

b) Osasunaren edo hezkuntzaren arloko unibertsitate-titulazio bat dutenak, lizentzia edo diploma mailakoa, eta egiaztatzen dutenak logopeda-lanak egin dituztela gutxienez bost urtez, lege hau indarrean jarri aurreko hamar urteetan.

c) Lege hau indarrean jarri aurreko hogei urteetan, logopedia-arloko lanetan aritzeko gaitasun profesional praktikoa eta hamar urteko jardun edo arduraldia egiaztatzen dutenak.


8.4.11.6. 1/2006 Legea, martxoaren 7koa, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak defendatzeari buruzkoa[1150]

II. TITULUA
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

IV. KAPITULUA
Informaziorako eskubidea eta merkataritza-komunikazioak

15. artikulua.— Administrazio publikoen jardun-eremua

4. Kantabriako administrazio publikoek zainduko dute, bakoitzak bere eskumenen eremuan, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei emandako informazioa gaztelaniaz egon dadin.

20. artikulua.— Etiketak

2. Edozelan ere, eta araudi sektorialean formulatutako beste betekizun batzuei kalterik egin gabe, ondasunekin batera doan informazio idatziak, oro har, eta haien etiketek, bereziki, gaztelaniaz egon beharko dute, inskripzio argia, ikusteko modukoa, irakurtzeko eta ulertzeko errazekoa, eduki beharko dute, eta trazabilitatea, jatorria eta jatorri geografikoa, izaera eta osaera, kalitatea eta kantitatea, erabilera-jarraibideak eta -baldintzak, aurreikus daitezkeen arriskuei buruzko ohartarazpenak, biltegiratzeko beharrezko baldintzak eta iraungitze-data zehazteko beharrezko informazioa izan beharko dute.


8.4.11.7. 2/2007 Legea, martxoaren 27koa, Gizarte-eskubide eta -zerbitzuei buruzkoa[1151]

I. TITULUA
Eskubideak eta eginbeharrak

5. artikulua.— Pertsonen eskubideak gizarte-zerbitzuetan

1. Gizarte-zerbitzuen hartzaileek honako eskubide hauek dituzte:

g) Beren egoeraren balioespena idatziz eta hizkera ulergarrian jasotzeko eskubidea.

t) Hizkuntzarekiko zailtasunengatik edo desgaitasun fisiko, intelektual, mental edo sentsorialen batengatik jasotzen duten informazioa ulertzeko behar diren laguntzak eta babesak izateko eskubidea, betiere beren eskubideen egikaritzea bermatzeko eta informazio-prozesuan eta erabakiak hartzeko prozesuan bete-betean parte hartzea errazteko.

II. TITULUA
Gizarte-zerbitzuen sistema publikoa

IV. KAPITULUA
Gizarte-zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak

1. atala
Gizarte-zerbitzuen zorroa

27. artikulua.— Gizarte-zerbitzuen zorroaren gutxieneko edukia

1. Gizarte-zerbitzuen zorroak, gutxienez, honako prestazio hauek bildu beharko ditu:

A) Zerbitzu-prestazioak.

15) Autonomia sustatzeko eta komunikazio-oztopoak kentzeko zerbitzua, Administrazio autonomikoarekin duen harremanean, betiere gizarte-zerbitzuen arloan:

a) Espainiar zeinu-hizkuntzaren interprete-zerbitzua entzumen-desgaitasun larria duten pertsonentzat. Zerbitzua bermatu egingo da eta doakoa izango da.

b) Atzerriko hizkuntzako bitartekari-zerbitzua, espainiera ulertzeko zailtasun larriak dituzten pertsonentzat. Zerbitzua bermatu egingo da eta doakoa izango da.


8.4.11.8. 4/2007 Legea, apirilaren 4koa, Kantabriako Autonomia Erkidegoaren Nazioarteko Lankidetzari buruzkoa[1152]

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

4. artikulua.— Printzipioak

Garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloko politikak honako printzipio hauek ditu oinarri:

e) Herriek beren kultura, hizkuntza eta identitatea defendatzeko eta sustatzeko dituzten eskubideak aitortzea.

7. artikulua.— Geografia-alorreko lehentasunak

2. Geografia-alorreko lehentasunei dagokienez, honako hauek hartuko dira kontuan lehentasunez:

b) Historia-, kultura- edo hizkuntza-harremanak dituzten herrialdeak, edo gaur egun Kantabriako Autonomia Erkidegoari immigrazioa ekartzen dioten herrialdeak.


8.4.11.9. 6/2008 Legea, abenduaren 26koa, Kantabriako Hezkuntzari buruzkoa[1153]

HITZAURREA

[…]

Lehen azaldutako esparrua kontuan hartuta, eta hezkuntza-helburu garrantzitsuak gaindituta (derrigorrezko adinean eskolatzea, adibidez), beharrezkoa da jarduerak garatzen jarraitzea autonomia-erkidego honetan hezkuntza-sistema etengabe hobetzeko, betiere gizartearen eskakizun berriei eta erronka profesional berriei dagokienez. Horien artean, honako hauek nabarmendu ditzakegu: […] ikasleen eleaniztasunerako eta kultura-aniztasunerako konpetentzia garatzea, hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia garatzen laguntzeko funtsezko jardueretako bat den aldetik; […]

[…]

Lege honek ere hizkuntzen irakaskuntzak arautzen ditu, zeinen xedea baita ikasleak prestatzea hizkuntzak egoki erabiltzeko hezkuntza-sistemako ohiko etapetatik kanpo, irakaskuntza horiek Europako Kontseiluak gomendatutako mailen arabera egokituz… […]

[…]

Azkenik, bi alderdi garrantzitsu aipatu behar dira ikuspuntu formaletik, lege honen testua egiteari dagozkionez. Lehenik eta behin, pertsonei, karguei edo jarduerei aplikatutako maskulinoa bi sexuetako gizabanakoak izendatzeko erabiltzen da, eta erabilera horrek ez du inolako diskriminazio-asmorik. Hizkuntza-aukera horren helburu bakarra araua irakurtzen laguntzea eta adierazpenean ekonomia handiagoa lortzea da. […]

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA
Jardun-printzipio eta -ildoak

3. artikulua.— Lehentasuneko jardun-ildoak

Lege honen 2. artikuluan ezarritako printzipioen eta Espainiako hezkuntza-sistemaren xedeen esparruan (zeinak jasota baitaude Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 2. artikuluan), Kantabriako hezkuntza-sistemak lehentasunekotzat jotzen ditu, besteak beste, honako jardun-ildo hauek:

e) Ikasleen eleaniztasuna eta kultura-aniztasuna, hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia garatzen faboratzeko funtsezko jarduketetako bat den aldetik.

III. KAPITULUA
Curriculuma

9. artikulua.— Oinarrizko konpetentziak

3. Ikasleek oinarrizko hezkuntzan eskuratu eta garatu behar dituzten oinarrizko konpetentziak honako hauek dira:

a) Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia.

IV. KAPITULUA
Elkarlana beste administrazio, instituzio, elkarte eta erakunde batzuekin

3. atala
Hezkuntza Sailaren eta unibertsitateen arteko elkarlana

19. artikulua.— Elkarlana unibertsitateekin

1. Hezkuntza Saila elkarlanean arituko da Kantabrian jarduerak egiten dituzten unibertsitateekin, bereziki Kantabriako Unibertsitatearekin, hezkuntza-sistema hobetzen laguntzen duten aspektuetan, besteak beste:

e) Hezkuntza elebiduneko programak indartzea.

4. atala
Hezkuntza Administrazioen arteko elkarlana

21. artikulua.— Lurralde-elkarlanerako programak

1. Hezkuntza Sailak parte hartu ahal izango du Estatuak lurralde-elkarlanerako sustatutako programak garatze aldera, hezkuntza-helburu orokorrak lortzeko, ikasleen oinarrizko konpetentziak sendotzeko, autonomia-erkidegoen kultura-aniztasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren ezagutza eta horienganako estimazioa bultzatzeko, eta desberdintasunen konpentsazioan lurralde-oreka eta lurraldeen arteko elkartasuna lortzen laguntzeko.

I. TITULUA
Irakaskuntzak eta horien antolamendua

I. KAPITULUA
Haur Hezkuntza

25. artikulua.— Printzipio pedagogikoak

6. Haur Hezkuntzako ziklo bietan arian-arian arreta jarriko zaie garapen afektiboari, mugimenduari eta gorputza kontrolatzeko ohiturei, komunikazioaren eta hizkeraren adierazpenei, elkarbizitza eta harreman sozialen oinarrizko jarraibideei, eta eurak bizi diren inguruneko ezaugarri fisiko eta sozialak aurkitzeari. Gainera, erraztu egingo da umeek euren buruaren irudi positibo eta orekatua egitea, eta eurok autonomia pertsonala eskuratzea.

7. Hezkuntza Sailak sustatuko du atzerriko hizkuntzara lehenengoz hurbiltzea Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikaskuntzetan, bereziki azken urtean. Hezkuntza Sailak erraztu ahal izango du curriculumaren aspektu jakin batzuk atzerriko hizkuntza batean ematea, eta beste jarduketa batzuk garatu ahal izango ditu hezkuntza eleaniztun eta kultura-aniztunaren esparruan, sail horrek ezartzen dituen baldintzetan.

8. Hezkuntza Sailak sustatuko du irakurketara eta idazketara lehenengoz hurbiltzea, bai eta oinarrizko zenbaki-trebetasunetan , eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietan goiz hasteko esperientziak ere. Horretarako, informazioaren eta komunikazioaren teknologien curriculum-integrazioa bultzatuko da, bai eta irakurketaren eta idazketaren erabileran eta lengoaia matematikoan hastea ere, ingurumari esanguratsuetan, funtzionaletan eta erabilera sozialekoetan.

II. KAPITULUA
Oinarrizko hezkuntza

1. atala
Lehen Hezkuntza

31. artikulua.— Antolaketa

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 18. artikuluan ezartzen den Lehen Hezkuntzako etaparen antolaketaren arabera, atzerriko bigarren hizkuntza bat sartuko da etaparen hirugarren zikloan, eta arreta berezia eskainiko zaie beste ezagutza batzuk eskuratzeko izaera instrumentala duten arloei.

32. artikulua.— Printzipio pedagogikoak

5. Irakurtzeko ohitura sustatzeko, egunero denbora bat eskainiko zaio irakurtzeko konpetentzia hobetzeko jarduerak garatzeko eta ikasleen artean irakurtzeko ohitura sustatzeko, Hezkuntza Sailak ezartzen duenarekin bat etorriz. Etapa honetako lehen zikloko gaztelaniaren eta literaturaren arloko ordutegietan, denbora espezifiko bat sartuko da astean xede horretarako.

6. Etapa honi dagozkion irakaskuntzak ematean, bereziki gaztelania eta literaturaren, atzerriko hizkuntzen eta matematikaren arloetan, ikuspegi komunikatiboak, soziokulturalak, funtzionalak eta praktikoak landu beharko dira.

7. Hezkuntza Sailak erraztu ahal izango du curriculumaren arlo jakin batzuk atzerriko hizkuntza batean ematea, eta beste jarduketa batzuk garatu ahal izango ditu hezkuntza eleaniztunaren eta kultura-aniztunaren esparruan.

2. atala
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

36. artikulua.— Printzipio pedagogikoak

5. Etapa honi dagozkion irakaskuntzak ematean, bereziki gaztelania eta literaturaren, atzerriko hizkuntzen eta matematikaren irakasgaietan, ikuspegi komunikatiboak, soziokulturalak, funtzionalak eta praktikoak landu beharko dira.

6. Hezkuntza Sailak erraztu ahal izango du curriculumaren irakasgai jakin batzuk atzerriko hizkuntza batean ematea, eta beste jarduketa batzuk garatu ahal izango ditu hezkuntza eleaniztun eta kultura-aniztunaren esparruan.

III. KAPITULUA
Batxilergoa

42. artikulua.— Printzipio pedagogikoak

3. Irakaskuntza horiek ematean, bereziki gaztelania eta literaturaren, atzerriko hizkuntzen eta matematikaren irakasgaietan, ikuspegi komunikatiboak, soziokulturalak, funtzionalak eta praktikoak landu beharko dira.

4. Hezkuntza Sailak erraztu ahal izango du curriculumaren irakasgai jakin batzuk atzerriko hizkuntza batean ematea, eta beste jarduketa batzuk garatu ahal izango ditu hezkuntza eleaniztunaren eta kultura-aniztunaren esparruan. Alde horretatik, etapa honetako ikasleak Europar Batasuneko herrialdeetan egotea erraztuko da, atzerriko hizkuntza bat hobeto jakin dezaten, eta familiek neurri hori finantzatzen lagunduko dute, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

IV. KAPITULUA
Lanbide Heziketa

48. artikulua.— Jarduketak

1. Irakaskuntza horietarako ezarritako xedeak eta helburuak lortzeko, Hezkuntza Sailak, bere eskumenen eremuan, honako jarduketa hauek jarriko ditu abian, besteak beste:

i) Irakaskuntza horiek hartzen dituzten ikasleak Europar Batasuneko herrialdeetan egotea erraztuko da, atzerriko hizkuntza bat hobeto jakin dezaten, eta familiek neurri hori finantzatzen lagunduko dute, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

6. Aurreko apartatuan xedatutakoari dagokionez, kontuan hartu beharko da heziketa-ziklo jakin batzuetan, zeinetan profil profesionalak hala eskatzen baitu, prestakuntza sartuko dela lanbide-modulu espezifikoetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiei, hizkuntzei eta laneko arriskuen prebentzioari buruz. Gainerako heziketa-zikloetan, prestakuntza hori zeharka txertatuko da titulua osatzen duten lanbide-moduluetan, hargatik eragotzi gabe Hezkuntza Sailak hizkuntzen inguruan gaitu ditzakeen beste jarduketa batzuk.

V. KAPITULUA
Araubide bereziko irakaskuntzak

2. atala
Hizkuntzen irakaskuntza

65. artikulua.— Hizkuntzen irakaskuntzen antolaketa

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 59. artikuluan xedatutakoaren arabera, hizkuntzen irakaskuntzak antolatu eta horietan sartzeari dagokionez, Hezkuntza Sailak irakaskuntza horien oinarrizko mailaren ezaugarriak eta antolaketa zehaztuko ditu.

66. artikulua.— Hizkuntza-eskola ofizialak

1. Aurreko artikuluak aipatzen dituen maila ertainari eta aurreratuari dagozkien hizkuntzen irakaskuntzak emango dira hizkuntza-eskola ofizialetan. Hezkuntza Sailak arautuko ditu hizkuntza-eskola ofizialek bete behar dituzten betekizunak, betiere ikasle-irakasleen arteko ratioari, instalazioei eta eskola-postuen kopuruari dagokienez.

2. Hizkuntza-eskola ofizialek bereziki bultzatuko dute Europar Batasuneko estatu kideetako hizkuntza ofizialen ikasketa, Espainian dauden hizkuntza koofizialen ikasketa eta espainiera atzerriko hizkuntza gisa ikastea. Era berean, erraztu egingo da arrazoi kultural, sozial edo ekonomikoengatik interes berezia duten beste hizkuntza batzuen ikasketa.

3. Hezkuntza Sailak hizkuntza-eskola ofizialetan hizkuntzen urrutiko irakaskuntzak integratu ahal izango ditu.

4. Hizkuntza-eskola ofizialek ikastaroak eman ahal izango dituzte, oro har, helduen hizkuntza-ezagutzak eguneratzeko; irakasleak prestatzeko, bereziki beren espezialitateko arloak edo ikasgaiak atzerriko hizkuntza batean ematen dituztenak edo beste jarduketa batzuk garatzen dituztenak hezkuntza eleaniztunaren eta kultura-aniztunaren esparruan; eta atzerriko hizkuntzetan ezagutza eguneratu edo handitu behar duten beste kolektibo profesional batzuk prestatzeko. Ikastaro horiek Hezkuntza Sailak ezarritako baldintzetan antolatu eta garatu beharko dira.

67. artikulua.— Hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko maila ematea

Oinarrizko mailako hizkuntza-irakaskuntzak hizkuntza-eskola ofizialetan emango dira. Era berean, oinarrizko maila horri dagozkion irakaskuntzak Hezkuntza Sailak baimendutako helduen hezkuntza-zentroetan eman ahal izango dira, baita sail horrek zehazten dituen beste zentroetan ere.

69. artikulua.— Hizkuntza-irakaskuntzen ziurtagiriak eta beste irakaskuntza batzuekiko korrespondentzia

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 61. eta 62. artikuluetan xedatutakoaren arabera lortuko dira maila desberdinetako ziurtagiriak, bai eta beste irakaskuntza batzuekiko korrespondentzia ere.

VI. KAPITULUA
Helduen hezkuntza

76. artikulua.— Irakaskuntzak

1. Era berean, Hezkuntza Sailak programa espezifikoak sustatuko ditu gaztelania ikasteko, bai eta kulturaren oinarrizko osagaiak ikasteko programa espezifikoak ere, etorkinak errazago integratze aldera.

4. Hezkuntza Sailak bereziki helduei zuzendutako hizkuntza-irakaskuntzen prestakuntza-ekintzak garatuko ditu, lege honen 67. artikuluan adierazitakoa kontuan hartuta.

II. TITULUA
Ekitatea hezkuntzan

II. KAPITULUA
Hezkuntza-laguntzaren beharrizan espezifikoa duten ikasleak

86. artikulua.— Espainiako hezkuntza-sisteman berandu integratutako ikasleentzako plan eta programa espezifikoak

1. Hezkuntza-sisteman berandu sartzen diren ikasleen integrazioa eta hezkuntza-aurrerapena errazteko, Hezkuntza Sailak plan eta programa espezifikoen garapena sustatuko du, betiere gaztelanian hizkuntza-gabezia larriak edo konpetentzietan edo oinarrizko ezagutzetan gabezia larriak dituzten ikasleen hezkuntza-beharrizanei erantzuteko.

III. KAPITULUA
Irakasleei aitortza, babesa eta balioespena erakustea

120. artikulua.— Zentro publikoetako irakasleentzako neurriak

2. Hezkuntza Sailak, zentro publikoetako irakasleei dagokienez, irakasleon garapen profesionalaren aldeko neurriak faboratuko ditu, eta haiei hezkuntza-sisteman dagokien zeregina aitortuko du. Neurriok, besteak beste, honako hauek dira:

c) Hezkuntza elebiduneko programak garatzen dituzten zentroetan, beren ikasgaiko eskolak atzerriko hizkuntza batean ematen dituzten irakasleen lana aitortzea, Hezkuntza Sailak zehaztutako baldintzetan.

VII. TITULUA
Zentroen parte-hartzea, autonomia eta gobernua

III. KAPITULUA
Zentro publikoen gobernurako eta irakasleen koordinaziorako kide anitzeko organoak

2. atala
Irakasleen beste koordinazio-organo batzuk

141. artikulua.— Irakasleen koordinazio-sailak

1. Bigarren hezkuntza, arte-irakaskuntzak eta hizkuntza-irakaskuntzak ematen dituzten zentro publikoetan, koordinazio didaktikoko sailak egongo dira, betiere Hezkuntza Sailak irakaskuntza bakoitzaren ezaugarriekin bat etorriz zehazten duenaren arabera.

3. Zentroan dauden koordinazio didaktikoko sailak honako jakintza-arlo hauetan bildu ahal izango dira:

b) Hizkuntza- eta gizarte-eremua.

Hirugarren xedapen gehigarria.— Sartzea eta barne-igoera

1. Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko sistema Hezkuntza Sailak deitutako lehiaketa-oposizioa izango da. Lehiaketaren fasean, beste zenbait merezimenduren artean, prestakuntza akademikoa eta aldez aurreko irakaskuntza-esperientzia balioetsiko dira, bai eta atzerriko hizkuntzak, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak menderatzea. Oposizioaren fasean, berriz, honako aspektu hauek hartuko dira kontuan: aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak izatea, irakaskuntzarako gaitasuna, eta irakaskuntza-jardunerako beharrezkoak diren teknikak menderatzea. Probetarako deialdiak irakaskuntza-espezialitateen arabera egingo dira. Izangaiak hautatzeko, lehiaketa-oposizioaren bi faseen balioespena hartuko da kontuan, probak gainditu izana aparte utzi gabe. Hautatutakoen kopuruak ezin izango du gainditu deialdiaren xede diren plazen kopurua. Gainera, praktiken fase bat izango da, eta prestakuntza-ikastaroak sartu ahal izango dira bertan; fase hori hautaketa-prozesuaren zati izango da.

2. Praktiken fase horretan, irakasleak pixkanaka eta tutoretzapean sartzeko prozesu bat ezarriko da. Horretarako, Hezkuntza Sailak eta irakaskuntzako zentroek neurriak ezarriko dituzte.


8.4.11.10. 8/2010 Legea, abenduaren 23koa, Haurren eta Nerabeen Eskubideak eta Haiei Arreta emateari buruzkoa[1154]

HITZAURREA

I

[…]

Beste alde batetik, Kantabriako Hezkuntzari buruzko abenduaren 26ko 6/2008 Lege berriak, hezkuntzaren oinarrizko eskubidea egikaritzeko esparru gisa balio duen hezkuntza-sistema arautzeaz gain, espresuki jasotzen ditu adingabeen elkarbizitza- eta herritartasun-printzipioak, hala nola prestakuntza eleaniztuna eta kultura-aniztuna, sexuen arteko berdintasunezko hezkuntza, jasangarritasunerako hezkuntza eta aukera-berdintasuna indartzea.

[…]

IV

Ikuspegi formaletik, lege hau egiteari dagokionez, pertsonei, karguei edo jarduerei aplikatutako genero bakarra bi sexuetako gizabanakoak izendatzeko erabiltzen da, eta erabilera horrek ez du inolako diskriminazio-asmorik. Hizkuntza-aukera horren helburu bakarra araua irakurtzen laguntzea eta adierazpenean ekonomia handiagoa lortzea da.

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

5. artikulua.— Administrazio-jardunaren printzipio gidariak

1. Administrazio publikoek, beren eskumenak egikaritzean, printzipio gidari hauek bete beharko dituzte:

a) Berdintasun-printzipioaren errespetua, betiere nekazaritza giroko inguruneetan edo ingurune baztertuetan nahiz andeatuetan bizitzeagatik egon daitekeen muga oro eragotziz eta, behar balitz, ezabatuz; orobat, diskriminazio oro eragotzi eta ezabatuko da, jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-orientazio, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo adingabeen edo beraien familien egoera edo ezaugarri pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik gerta daitekeen diskriminazio oro, hain zuzen ere.

II. TITULUA
Haurren eta nerabeen eskubideak sustatzea eta defendatzea

II. KAPITULUA
Eskubide espezifikoak

22. artikulua.—Osasuna babesteko askatasuna

1. Kantabriako Autonomia Erkidegoko Administrazioak adingabeen osasuna babestu eta sustatzeko eta haiei osasun-arreta emateko eskubidea bermatuko du, indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera, bereziki honako hauei dagokienez:

b) Beren osasunari buruzko informazioa jasotzea, eta, bereziki, haiek jasaten dituzten prozedura medikoei buruzkoa, adinaren, heldutasunaren eta egoera psikologikoaren araberako hizkeran. Era berean, adostasuna jaso beharko da Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legearen arabera.

27. artikulua.— Gizarteratzeko eskubidea

2. Era berean, Administrazio publikoek bermatuko dute Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden adingabe atzerritarrek, beren legezko egoera edozein dela ere, eskubidea izango dutela baliabide eta zerbitzu publikoak izateko, betiere gizartean, hizkuntzan eta kulturan erabat integratze aldera.

IV. TITULUA
Haurren eta nerabeen babesa

III. KAPITULUA
Administrazio publikoen babes-ekintza

1. atala
Xedapen orokorrak

40. artikulua.— Babestutako adingabeen eskubide espezifikoak

Babes-neurrien mende dauden adingabeak lege honetan oro har eta gainerako ordenamendu juridikoan aitortutako eskubideen titular izango dira, eta, bereziki, honako eskubide hauen titular:

i) Euren kultura-identitatea eta hizkuntza errespetatuz gizarteratzea erraztuko duten bitartekoak izateko eskubidea, batez ere adingabe etorkinen kasuan.


8.4.11.11. 1/2011 Legea, martxoaren 28koa, Kantabriako Autonomia Erkidegoko Bitartekaritzari buruzkoa[1155]

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

II. KAPITULUA
Bitartekaritzaren printzipio gidariak

12. artikulua.— Berehalakotasuna eta presentzialtasuna

1. Bitartekariek beti joan behar dute euren buruz bitartekaritza-bileretara. Aldeek euren buruz bertaratu beharko dute gatazkak ius cogens eskubide guztiz pertsonalei eragiten dienean edo gatazka Fiskaltzak fiskalizatu behar duenean, betiere adingabe eta ezgaien beharrezko ordezkaritzari kalterik egin gabe. Kasu horietatik kanpo, aldeek ordezkariak aurkeztu ahal izango dituzte, bitartekariari zuzendutako ordezkaritza egiaztatzen duen idazki baten bidez. Hala badagokio, bitartekariak proposatu ahal izango du beste pertsona batzuk egotea aholkulari gisa, zeinak aldeek onartu beharko baitituzte. Aholkulari horiek aldeei eta bitartekariei eskatzen zaizkien eskubideak eta eginbeharrak ere izango dituzte. Gainera, adierazteko edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonen kasuan, interprete egokiak joan ahal izango dira, bitartekaritza-saioak ulergarriak izan daitezen.


8.4.11.12. 1/2018 Legea, martxoaren 21ekoa, Jarduera Publikoaren Gardentasunari buruzkoa[1156]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA
Xedea, subjektuak eta printzipio orokorrak

3. artikulua.— Definizioak

Lege honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira oinarritzat:

8. Informazio irisgarria: Administrazioak betebeharra du, desgaitasuna duten pertsonei informazioa iristeko aukera emate aldera, pertsona guztiek informazio hori segurtasun, erosotasun eta modurik ahalik eta autonomo eta naturalenean ulertzeko, erabiltzeko eta usatzeko moduko tresnak, lanabesak eta gailuak erabiliz; horren barruan sartzen da braille, audiodeskripzioa, zeinu-hizkuntza edo irakurketa errazaren bidez informazioa iristeko aukera ere.

II. TITULUA
Publizitate aktiboa

I. KAPITULUA
Gardentasunaren ezaugarri orokorrak

24. artikulua.— Arau orokorrak

6. Publizitate aktibotzat hartzen den informazioa idaztean, arreta berezia eskainiko zaio hizkera ez-sexista eta ez-diskriminatzailea erabiltzeari.


8.4.11.13. 9/2018 Legea, abenduaren 21ekoa, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideak bermatzeari buruzkoa[1157]

HITZAURREA

V

[…]

IV. tituluak espainiar zeinu-hizkuntzaren eta ahozko komunikaziorako laguntza jorratzen ditu, eta zenbait xedapen jasotzen ditu, zeinek ahalbidetzen baitute pertsonek zeinu-hizkuntzaren prestakuntza iristea eta hizkuntza hori zenbait eremutan erabiltzea. Bereziki aipatu behar dira hezkuntza-eremuko xedapenak — zeinu-hizkuntza ikasteari buruzkoak eta hezkuntza-eredu elebidunen eskaintzari buruzkoak—, bai eta herritarren eskura dauden zerbitzuetan edo administrazio publikoekiko harremanetan zeinu-hizkuntza erabiltzeko neurriak ezartzen dituzten xedapenak ere. Baldintza eta eremu berberetan aurreikusten da ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak sustatuko direla, pertsonak askatasuna duelarik erkidegoko gainerako kideekin komunikatzeko bidea aukeratze aldera.

[…]

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

1 artikulua.— Xedea

Hau da lege honen xedea:

d) Estatuko oinarrizko araudiaren esparruan, irisgarritasun- eta diseinu-neurriak ezartzea pertsona guztientzat, bai eta espainiar zeinu-hizkuntzaren eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidezko ahozko hizkuntzaren erabilera bermatzea ere entzumen-zailtasunak dituzten pertsonentzat.

4. artikulua.— Definizioak

Lege honen ondorioetarako, bertan erabiltzen diren terminoak honela ulertuko dira:

n) Espainiar zeinu-hizkuntza: ikusmen-, espazio-, keinu- eta eskuzko hizkuntza da, eta haren osaeran faktore historikoek, kulturalek, linguistikoek eta sozialek parte hartzen dute; gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsutasuna dutenek erabili ohi dute hizkuntza hori zeinuen bidez.

ñ) Ahozko hizkuntza: ahozko eta entzutezko hizkuntza.

o) Ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak: gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek, gor-itsuek eta laguntza horiek beharrezko egiten dituzten desgaitasunak dituztenek erabiltzen dituzten kodeak eta komunikabideak dira, bai eta haiek erabiltzen dituzten baliabide teknologikoak eta laguntza teknikoak ere, zeinek errazten baitute ahozko eta idatzizko adierazpenerako irispidea, ingurune osoarekiko komunikazioa faboratuz.

p) Hezkuntza elebiduna: hezkuntza-proiektu honetan, irakasteko eta ikasteko prozesua komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzen diren bi hizkuntza edo gehiago dauden ingurunean gauzatzen da. Gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen kasuan, Kantabrian, gaztelania eta espainiar zeinu-hizkuntza hartuko dira kontuan.

II. TITULUA
Desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzeko neurriak

VI. KAPITULUA
Justizia iristeko neurriak

38. artikulua.— Justizia Administraziorako irispidearen eremuko neurriak

1. Justizia-arloko eskumena duen sailak honako hauek sustatuko du:

b) Egintza judizialak eta prejudizialak modu ulergarrian komunikatzea egintzon eraginpeko pertsona desgaituei, dela zeinu-hizkuntzaren interpreteek esku hartuz, dela ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez, dela beste edozein bitarteko egokiren bidez, dela pertsona jakin batzuek esku hartuz, zeinek ezagutza teknikoak baitituzte egintza eta ebazpen judizialak ulertzen laguntzeko.

III. TITULUA
Irisgarritasun unibertsala eta bizimodu independentea

II. KAPITULUA
Irisgarritasun-baldintzak

53. artikulua.— Desgaitasuna duten pertsonen komunikaziorako eta ulermenerako laguntzak

2. Neurri horiek programa espezifikoen bidez zehaztuko dira, bai aurrez aurre, bai informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez, desgaitasuna duten pertsonek erraz ulertzeko moduan. Neurrion helburuak hauek dira:

a) Zeinu-hizkuntzaren ikaskuntza, ezagutza eta erabilera ahalbidetzea gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen artean, IV. tituluan ezarritako baldintzetan.

c) Ahozko eta keinuzko komunikazioa eragozten dieten alterazio neuromotorrak dituzten pertsonen komunikazio-eskubidea bermatzea, nahiz eta komunikazio-sistema handigarrien eta alternatiboen bidez eta sistema horiek erabiltzeko laguntza edo interprete adituen bidez komunikatzeko gaitasuna izan.

IV. TITULUA
Espainiar zeinu-hizkuntza eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak

57. artikulua.— Espainiar zeinu-hizkuntza eta ahozko hizkuntza ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez ikasi eta erabiltzeko eskubidea

1. Kantabriako Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere eskumenen esparruan, behar diren neurriak hartuko ditu gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek espainiar zeinu-hizkuntza ikasteko, ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko, bai eta ahozko hizkuntza ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bitartez ikasteko, ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko ere, betiere urriaren 23ko 27/2007 Legean ezarritakoarekin bat etorriz —lege horrek Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortzen ditu, eta gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen ditu—.

2. Zeinu-hizkuntza eta ahozko hizkuntza ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidezko ikaskuntza sustatzeko neurriak garatuko dira, bai prestakuntza arautuan, bai prestakuntza ez-arautuan.

3. Gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen aldeko neurriak sustatuko dira, espainiar zeinu-hizkuntza edo ahozko hizkuntza erabiltzeko, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez, honako eremu hauetan:

a) Herritarren eskura jartzekoak diren ondasun eta zerbitzuetan.

b) Garraioetan.

c) Administrazio publikoekiko harremanetan.

d) Parte-hartze politikoan.

e) Komunikabide sozialetan, telekomunikazioetan eta informazioaren gizartean.

58. artikulua.— Irakaskuntza arautuan ikastea

1. Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak behar diren baliabideak jarriko ditu ikasle gorren bat eskolatu duten zentroetan, indarreko hezkuntza-legerian ezarritakoarekin bat etorriz, espainiar zeinu-hizkuntza eta ahozko hizkuntza ikas ditzaten, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez, ikasle gorrek, entzumen-desgaitasuna duten ikasleek eta gor-itsuek, baldin eta ikaskuntza horiek aukeratzen badituzte.

2. Zehazten diren zentroetan, hezkuntza-eredu elebidunak eskainiko dira, zeinak askatasunez aukeratuko baitituzte ikasle gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek edo gor-itsuak direnek, edo haien gurasoek edo legezko ordezkariek, haiek adingabeak badira edo ezgaituta badaude.

3. Ikasketa-planetan, zehazten diren zentroetan, hautazko irakasgai gisa, ikasle guztientzako espainiar zeinu-hizkuntzaren ikaskuntza sartu ahal izango da; horrela, espainiar zeinu-hizkuntzaren erabiltzaile gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen eta itsuen gizarteratzea erraztuko da, eta berdintasuneko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunarekiko errespetuko balioak sustatuko dira.

4. Prestakuntza-programak ezarriko dira ikasle gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei edo gor-itsuei arreta ematen dieten irakasleentzat, bai eta espainiar zeinu-hizkuntza eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ikasi nahi dituztenentzat ere.

5. Kantabriako Unibertsitateak sustatuko du irakasleen prestakuntzan espainiar zeinu-hizkuntza eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak sartzea bigarren hezkuntza emateko master pedagogikoen ikasketa-planetan eta hezkuntza-zientzien fakultateetan.

59. artikulua.— Prestakuntza ez-arautuan ikastea

1. Enplegurako prestakuntzan eta prestakuntza ez-arautuan elkarlana sustatuko da gorrekin, entzumen-desgaitasuna duten pertsonekin eta gor-itsutasuna dutenekin, haien familiekin eta sektoreko elkarteekin espainiar zeinu-hizkuntza eta ahozko hizkuntza ikasteko prestakuntza-ikastaroak egiteko, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiliz, bai eta material didaktikoak editatuz ere.

2. Administrazioek, eragile ekonomiko eta sozialek, zentro laguntzaileek eta gainerako erakundeek komunikaziorako irisgarritasuna erraztuko diete espainiar zeinu-hizkuntzaren erabiltzaile izan eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonei eta ahozko hizkuntza erabiltzen dutenei enplegurako prestakuntza-eskaintzetan eta gainerako prestakuntza ez-arautuan; horretarako, giza baliabideak, bitarteko materialak, didaktikoak eta teknikoak emango dizkiete, haien beharrizanetara egokituta.

3. Administrazio eskudunak lanbide-eguneratzerako ikastaroen eskaintza indartuko du, baldin eta horiek lotuta badaude espainiar zeinu-hizkuntza edo ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiltzen diren lanpostuekin.

4. Kantabriako Administrazio autonomikoak bultzatuko du Kantabriako Autonomia Erkidegoko, haren erakunde instrumentaletako eta toki-erakundeetako enplegatu publikoek espainiar zeinu-hizkuntzaren eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen prestakuntza jaso dezaten, batez ere publikoari arreta eta herritarrei arreta ematen dieten lanpostuekin lotutako langileek jasoko dute prestakuntza hori segurtasunaren eta larrialdien arloan.

5. Kantabriako Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta gizarte- eta ekonomia-eragileek, entzumen-desgaitasuna duten pertsonak barne hartzeko neurri gisa, komunikazio-heterogeneotasunari eta dauden beharrizanei buruz sentsibilizatuko dute, eta espainiar zeinu-hizkuntzaren eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen erabileraren arloko prestakuntza bermatuko dituzte.

60. artikulua.— Jendearen eskura dauden ondasun eta zerbitzuetarako irispidea

1. Entzumen-desgaitasuna eta gor-itsutasuna duten pertsonek jendearen eskura dauden ondasunak eta zerbitzuak iritsi ahal izateko, artikulu honetan jarduketa-eremu bakoitzerako xedatutakoaren araberako neurriak sustatuko dira.

2. Hezkuntza-administrazioek, euren eskumenen eremuan, hurrengo neurriak gauzatuko dituzte:

a) Aukera ematea espainiar zeinu-hizkuntza erabiltzen duten pertsonei, hizkuntza hori irakaskuntza-hizkuntza gisa erabiltzeko ikasleak eskolatuta dauden irakaskuntza-zentroetan. Era berean, ahozko hizkuntzaren erabiltzaile diren gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei eta gor-itsuei horretarako aukera emango diete ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez hala zehazten diren irakaskuntza-zentroetan.

b) Sustatzea Espainiako zeinu-hizkuntzen interpreteen zerbitzuak eman daitezen hizkuntza horien erabiltzaileentzat, hala zehazten diren zentroetan, eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen zerbitzuak eman daitezen, hala zehazten diren zentroetan.

3. Kantabriako Autonomia Erkidegoko unibertsitateek, desgaitasuna duten ikasleei arreta emateko zerbitzuen esparruan, programa eta ekimen espezifikoak sustatuko dituzte ikasle gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei eta gor-itsuei arreta emateko, eta horren helburua izango da aholkuak eta laguntza-neurriak ematea.

4. Osasun Administrazioak neurri hauek hartuko ditu:

a) Espainiar zeinu-hizkuntzaren interpreteen zerbitzuak ematea aldez aurretik eskatuz gero, zerbitzuok behar dituzten erabiltzaileentzat.

b) Zerbitzu horiek behar dituzten erabiltzaileen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ematea, erabiltzaileok arreta jasotzen duten osasun-zentroetan.

c) Beharrezko neurriak hartzea osasunaren arloko informazio- eta prebentzio-kanpainak eskuratzeko modukoak izan daitezen espainiar zeinu-hizkuntza erabiliz, edo azpititulazioa eta ahozko komunikaziorako bestelako laguntza-bitartekoak txertatuz.

5. Prestakuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duen administrazioak honako neurri hauek hartuko ditu, ezertan eragotzi gabe abenduaren 30eko 62/2003 Legearen (zerga-, administrazio- eta gizarte-arloko neurriei buruzkoa) II. tituluko III. kapituluko 3.a atalean ezarritakoa, zeinak tratu-berdintasunaren eta laneko diskriminaziorik ezaren arloko neurriak arautzen baititu:

a) Espainiar zeinu-hizkuntzaren arloko prestakuntza bermatzea Kantabriako Enplegu Zerbitzuko bulegoetako langileei, bai eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonei arreta emateari buruzko prestakuntza ere, ahozko hizkuntzan edo espainiar zeinu-hizkuntzaren bidez komunikatzen badira.

b) Kantabriako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren enplegu publikoan sartzeko hautaprobetan ezartzea giza baliabideak eta baliabide materialak, hala nola espainiar zeinu-hizkuntzaren interpreteak, teknologia lagunduak eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak, baldin eta proba horiek egiteko behar badira.

c) Irisgarritasuna bermatzea, aurreko apartatuko neurrien bidez, toki-administrazioetan, edozein administrazio publikotako erakunde instrumentaletan eta Kantabriako Unibertsitatean sartzeko prozesuetan.

6. Kultura, turismo, aisia eta kirolaren arloan eskumena duten Kantabriako Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek espainiar zeinu-hizkuntzaren interpreteen zerbitzuak emango dituzte, baldin eta aldez aurretik zerbitzuok eskatzen badira espainiar zeinu-hizkuntzaren erabiltzaileentzat, eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ezarriko dituzte antzokietan, titulartasun edo kudeaketa publikoko museoetan eta kultura-, kirol-, jolas- eta aisialdi-jardueretan.

7. Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten administrazio publikoek beren zerbitzuak entzumen-desgaitasuna duten erabiltzaileen beharrizanetara egokitzea sustatuko dute, betiere honako neurri hauek ezarriz:

a) Prestakuntza ematea espainiar zeinu-hizkuntzaren inguruan eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen erabileraren inguruan, lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuetako zentroetako langileei, desgaitasuna duten pertsonak balioesteko eta orientatzeko zentroetako langileei eta mendekotasun-egoera balioesteko zerbitzuetako langileei.

b) Espainiar zeinu-hizkuntzaren interprete-zerbitzua ematea entzumen-desgaitasuna duten pertsonei, betiere interesdunak aldez aurretik hala eskatuta, Autonomia Erkidegoko Administrazioko gizarte-zerbitzuekiko harremanetan, eta ahozko komunikaziorako beste laguntza-bide batzuk sustatzea.

61. artikulua.— Garraioak

1. Garraio publikoko geltokietan, Autonomia Erkidegoaren edo toki-administrazioaren eskumenekoak badira eta haiek zehazten badira irizpide objektiboen arabera bidaiarien trafikoaren garrantziaren arabera zehazten badira, espainiar zeinu-hizkuntzaren interpreteen zerbitzuak ematea sustatuko da, aurrez aurre edo teleinterpretazioaren bidez, bai eta informazioa emateko eta jendeari arreta emateko guneetan ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiliz ere.

2. Garraioko eskubide eta eginbeharrei, funtzionamendu- edo segurtasun-arauei buruzko jarraibideen edizioa edo zabalkundea, ahal den guztietan, espainiar zeinu-hizkuntzaz eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez ere egitea sustatuko da.

62. artikulua.— Administrazio publikoekiko harremanak

1. Kantabriako Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek bermatuko dute espainiar zeinu-hizkuntzaren interprete-zerbitzuak emango direla aldez aurretik eskatzen den kasuetan, bai eta ahozko komunikaziorako laguntzako beste bitarteko batzuk ere, betiere gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek administrazio publikoekin harremanak izan ditzaten ahalbidetzeko.

2. Kantabriako Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Justizia Administrazioaren zerbitzuko bitarteko materialak eta giza bitartekoak hornitzeko eskumena duen sailaren bitartez, baldintza egokiak sustatuko ditu espainiar zeinu-hizkuntzaren interpreteen eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen zerbitzuak xedatzeko, gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsutasuna dutenek komunikazioa irisgarri izan dezaten ordena jurisdikzional guztietako prozesu judizialetan eta prozesu estrajudizialetan, zeinetan pertsona haiek esku hartzen duten, betiere arlo bakoitzean indarrean dauden lege prozesaletan xedatutakoa aplikatuz.

63. artikulua.— Parte-hartze politikoa

Kantabriako Parlamentuak eta toki-erakundeek espainiar zeinu-hizkuntzaren interpretazioa sustatuko dute, bai eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak eta azpitituluak egotea eta erabiltzea ere, izaera publikoko osoko bileretan eta hala erabakitzen den interes orokorreko beste edozein bileratan, baldin eta gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsutasuna dutenek parte hartzen badute eta aldez aurretik hala eskatzen badute.

64. artikulua.— Komunikabide sozialak, komunikazio elektronikoak eta informazioaren gizartea

1. Administrazio publikoek beharrezko neurriak sustatuko dituzte komunikabide sozialak, haien araudi espezifikoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, irisgarri izan daitezen gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat, zeinek espainiar zeinu-hizkuntza eta ahozko hizkuntza erabiltzen dituzten.

2. Botere publikoek beharrezko neurriak hartuko dituzte publizitate instituzionalaren kanpainak, eta kanpaina horiek herritarren eskura jartzen dituzten ikus-entzunezko euskarriak 1. apartatuan aipatutako pertsonentzat irisgarri egon daitezen.

3. Beharrezko neurriak ezarriko dira komunikazio elektronikoetarako irisgarritasuna sustatzeko, bai Espainiako zeinu-hizkuntzen bitartez, bai ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen eta azpititulazioaren bidez.

4. Titulartasun publikoetako edo funts publikoekin finantzatutako Interneteko orrialdeak eta atariak agintari eskudunek unean-unean ezarritako estandarretara egokituko dira, betiere gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek haiek irisgarri izan ditzaten.

5. Administrazio publikoek kongresu, jardunaldi, sinposio eta mintegiak sustatzen edo diruz laguntzen dituztenean, eta horietan gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek parte hartzen dutenean, erraztasunak emango dituzte, espainiar zeinu-hizkuntzan edota ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiliz, betiere interesdunek hala eskatu ondoren.


8.4.11.14. 2/2019 Legea, martxoaren 7koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoa[1158]

HITZAURREA

V

[…]

Gaur egun ere, emakume ugarik diskriminazio-mota batzuk pairatu behar izaten dituzte batera; izan ere, sexuan oinarritutako diskriminazioaz gainera, beste arrazoi batzuk direla-eta jasaten dute diskriminazioa: arraza, etnia, hizkuntza, adina, desgaitasuna edo sexu-orientazioa.

[…]

VI

[…]

II. tituluan, Kantabriako administrazio publikoen jardunean genero-berdintasuna sustatzeko neurriak arautzen dira; I. kapituluan, Kantabriako administrazio publikoei aplikatzekoak bereizten dira; II. kapituluan, berriz, Kantabriako Autonomia Erkidegoko Administrazioarenak. Azken horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Kantabriako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organoetan ordezkaritza orekatua izateari buruzko neurriak; genero-inpaktuari buruzko txostenak; genero-ikuspegia duten aurrekontu publikoak; hizkuntzaren erabilera ez-sexista, edo neurriak aplikatzea kontratazio publikoaren eremuan, laguntza eta dirulaguntzetan, prestakuntzan eta ordutegiak arrazionalizatzean.

[…]

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

3. artikulua.— Printzipio orokorrak

1. Lege honen xedeak lortzeko, botere publikoen jarduna, haien eskumenen esparruan, arautu eta bideratuko duten printzipio orokorrak honako hauek izango dira:

i) Idatzizko dokumentazioan, dokumentazio grafikoan, ikus-entzunezkoan eta, oro har, pertsonen arretan hizkera ez-sexista ezartzea administrazio-eremuan, eta hizkera hori sustatzea harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan.

I. TITULUA
Eskumenak, eginkizunak, antolaketa, koordinazioa eta finantzaketa

I. KAPITULUA
Eskumenak eta eginkizunak

5. artikulua.— Autonomia Erkidegoko Administrazioa

1. Kantabriako Autonomia Erkidegoaren Administrazioak genero-berdintasunaren arloan duen eskumena egikarituko du, gizonen eta emakumeen berdintasun osoa eta eragingarria lortzeko bizitza publikoan, pribatuan, eta familia-, gizarte-, lan-, ekonomia-, hezkuntza- eta kultura-bizitzaren eremu guztietan. Era berean, berdintasun erreala eta eragingarria eragozten edo zailtzen duten oztopoak kenduko ditu beharrezkoak diren ekintza positiboko neurrien bidez.

2. Horretarako, Kantabriako Autonomia Erkidegoko Administrazioak, funtsean, eginkizun hauen bidez garatuko ditu bere eskumenak sustapenaren, koordinazioaren eta exekuzioaren arloan:

b) Genero-ikuspegia politika, programa eta ekintza guztietan txertatzea, betiere administrazio-dokumentuetan eta publizitate instituzionalean hizkuntzaren eta irudiaren erabilera ez-sexista sustatuz.

6. artikulua.— Kantabriako Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak

3. Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere eskumena egikarituz, sustatuko du toki-erakundeek genero-ikuspegia txerta dezaten beren administrazio-politika, -programa eta -ekintza guztietan eta hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexistan.

II. TITULUA
Genero-berdintasuna sustatzea

I. KAPITULUA
Genero-berdintasuna sustatzeko neurriak

19. artikulua.— Komunikazioa, irudia, publizitate instituzionala eta hizkera ez-sexista

1. Kantabriako botere publiko guztiek hizkera sexistarik ez erabiltzea sustatuko da, eremu sozial, kultural eta artistiko guztietan, bai eta partikularren artean ere.

5. Bereziki, komunikabideak, dirulaguntza publikoak jasotzen badituzte, behartuta daude hizkuntzaren eta irudien erabilera integratzaile eta ez-sexista egitera.

II. KAPITULUA
Kantabriako Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren jardunean genero-berdintasuna sustatzeko neurriak

24. artikulua.— Hizkuntzaren erabilera ez-sexista administrazio-eremuan. Sexismoa desagerraraztea hizkera instituzional eta sozialean

Kantabriako Gobernuak:

1. Eremu instituzionalean hizkuntzaren erabilera sexista desagerraraziko du, ahozko zein idatzizko adierazpide guztietan, bai herritarren aurrean, bai barne-komunikazioetan. Horretarako, informazioa eta prestakuntza emango zaizkie Kantabriako Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileei.

2. Gizartea sentsibilizatzeko eta zabaltzeko kanpainak egingo dira, gizartean hizkuntzaren erabilera sexista eta androzentrikoa desagerrarazteko.


8.4.11.15. 8/2020 Legea, azaroaren 11koa, lesbiana, gay, trans, transgenero, bisexual eta intersexualen eskubideak bermatu, eta sexu-orientazioagatik eta genero-identitateagatik diskriminaziorik ez egiteari buruzkoa[1159]

HITZAURREA

II

Pertsonen giza eskubideak aitortzea eta, zehazki, diskriminazioa debekatzea izan dira nazioarteko zuzenbideko sistemaren ardatz nagusiak. Ildo horretan, gogorarazi behar da 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak, bere lehenengo artikuluetan eta zalantzarik gabe, esaten zuela gizaki guztiak aske jaiotzen direla, duintasun eta eskubide berberak dituztela, inolako diskriminaziorik egin gabe arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo bestelakoengatik. Hala, berdintasunerako eskubidea giza eskubideen sistemaren oinarrizko eskubide bihurtzen da, eta hor sartzen da, legearen aurreko tratu-berdintasunaz gain, beste arrazoi batzuen artean, sexu-orientazioaren, sexu-identitatearen edo genero-identitatearen ondoriozko diskriminazioaren aurka babesteko eskubidea ere.

[…]

Europako eremuan, Europar Batasuneko 2000ko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 21. artikuluak beren-beregi debekatzen du diskriminazio oro, batez ere, diskriminazioaren eragilea denean sexua, arraza, kolorea, etnia- edo gizarte-jatorriak, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa, pentsamoldeak, iritzi politikoak nahiz beste edozein motatako iritziak, gutxiengo nazional bateko izatea, ondarea, jaiotza, desgaitasuna, adina edota sexu-orientazioa. […]

[…]


8.4.11.16. 12/2020 Legea, abenduaren 28koa, Neurri Fiskal eta Administratiboei buruzkoa[1160]

ERANSKINA
Kantabriako Gobernuko Administrazioaren, eta haren mendeko organismo publikoen eta zuzenbide publikoko enteen tasak

Sail, organismo publiko eta mendeko zuzenbide publikoko ente guztietan oro har aplikatzekoak diren tasak

2. Administrazio-zerbitzuen ziozko tasa

Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Turismo Saila

1. Titulu akademikoak eta ziurtagiri ofizialak emateagatiko tasa.

Salbuespenak.— Titulu eta diploma akademikoak emateko tasa ordaintzetik salbuetsita egongo dira Hezkuntza, Kultura eta Kirol Sailak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat antolatutako atzerriko hizkuntzen proba estandarizatuetan parte hartu eta horien ondorioz araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzen oinarrizko mailaren ziurtagiria lortzeko moduan daudenak. Era berean, tasa hau ordaintzetik salbuetsita egongo dira hezkuntza-etapa horretan hezkuntza elebiduneko programa bat egin eta sail horrek tarteko mailako egiaztapen-probetan izena eman dutenak, baldin eta tarteko mailako ziurtagiria lortzeko moduan badaude.

5. Araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzak sailkatzeko probetan izena emateko tasa.

Zerga-egitatea. Tasa honen zerga-egitatea sailkapen-proba egiteko eskabidea da; probaren xedea, berriz, hauxe da: eskaeraren xedepeko hizkuntzaren ezagutzak ematea eskatzaileari, betiere Kantabriako Autonomia Erkidegoan araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzetan eskatzailea berari dagokion ikasketa-mailan kokatzeko.

Sortzapena. Araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzetan onartua izateko eskabidea aurkezten den unean sortuko da tasa ordaintzeko betebeharra.

6. Turismo-sektorea antolatzeagatiko tasa.

3. tarifa.— Turismo-gidariaren eta interpretazio-gidariaren txartela ematea: 6,12 euro.


8.4.11.17. 11/2021 Legea, abenduaren 23koa, Neurri Fiskal eta Administratiboei buruzkoa[1161]

46. artikulua.— Tributu-kudeaketa

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Saila.

Titulu akademikoak eta ziurtagiri ofizialak emateagatiko tasa

[…]

Salbuespenak. Titulu eta diploma akademikoak emateko tasa ordaintzetik salbuetsita egongo dira Hezkuntza, Kultura eta Kirol Sailak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat antolatutako atzerriko hizkuntzen proba estandarizatuetan parte hartu eta horien ondorioz araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzen oinarrizko mailaren ziurtagiria lortzeko moduan daudenak. Era berean, tasa hau ordaintzetik salbuetsita egongo dira hezkuntza-etapa horretan hezkuntza elebiduneko programa bat egin eta sail horrek tarteko mailako egiaztapen-probetan izena eman dutenak, baldin eta tarteko mailako ziurtagiria lortzeko moduan badaude.

[…]

5. Araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzak sailkatzeko probetan izena emateko tasa

Zerga-egitatea. Tasa honen zerga-egitatea sailkapen-proba egiteko eskabidea da; probaren xedea, berriz, hauxe da: eskaeraren xedepeko hizkuntzaren ezagutzak ematea eskatzaileari, betiere Kantabriako Autonomia Erkidegoan araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzetan eskatzailea berari dagokion ikasketa-mailan kokatzeko.

Subjektu pasiboa. Tasa horien subjektu pasiboak dira sailkapen-probak egitea eskatzen dutenak.

Sortzapena. Araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzetan onartua izateko eskabidea aurkezten den unean sortuko da tasa ordaintzeko betebeharra.

[…]


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper