Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.3.8. 1/1998 Legea, martxoaren 23koa, bablea/asturiera erabiltzeari eta sustatzeari buruzkoa


8.4.3.8. 1/1998 Legea, martxoaren 23koa, bablea/asturiera erabiltzeari eta sustatzeari buruzkoa[806]

HITZAURREA

Asturiaserako Autonomia Estatutuak honako hau ezartzen du 4. artikuluan: «Bableak babesa izango du. Erabilera, komunikabideetan zabaltzea eta irakastea sustatuko da, betiere tokian tokiko aldaerak eta ikasteko borondatea errespetatuz».

Era berean, 10.1.15 artikuluan, Printzerriaren eskumen gisa honako hau adierazten da: «Bablea sustatzea eta babestea, aldaera guztietan, eta horiek, hizkuntza-modalitate gisa, Asturiasko Printzerrian erabiltzen dira».

Bestalde, artikulu berak, 1.14. apartatuan, Printzerriaren eskumenetako bat dela adierazten du: «Ikerketa eta kultura sustatzea, erregioetako adierazpenei eta kultura autoktonoaren irakaskuntzari aipamen berezia eginez». Ikuspuntu horretatik, bablea eta haren modalitateak ondare historiko-kultural dira, eta defendatu eta kontserbatu egin behar dira.

Argi dago, gainera, erregio bateko hizkuntza-aniztasuna eta kultura indartzeak Espainiako nazioa osatzen duten herrien nortasun-ezaugarriak biziberritzen laguntzen duela.

Asturiar herriak bable/asturieraren aberastasuna berreskuratzeko, hainbat jarduketa egin behar dira, modalitate desberdinak sustatzeko, babesteko, kontserbatzeko eta ondo erabiltzeko.

Printzerriko Gobernu Kontseiluak bere gain hartu du bable/asturierarekin lotutako jardueren zuzendaritza eta koordinazioa, eta hura sustatzeko neurriak ezarri ditu, batez ere irakaskuntzan eta beste sektore instituzional batzuetan. Neurri horien helburua bablea eta haren aldaerak berreskuratzea, kontserbatzea eta sustatzea zen.

Komenigarritzat jotzen da prozesu horretan aurrera egitea eta, aldi berean, orain arte egindakoa sendotzea. Horregatik guztiagatik, egokitzat jotzen da gure estatutuaren artikuluen edukia garatzea, bable/asturierari eta haren modalitateei dagokienez.

Ildo horretan, beharrezkoa da zenbait alderditan sakontzea, hala nola erabilera, irakaskuntza eta komunikabideetako sustapena, egungo gizarte-eskaria gure estatutuaren eskakizunen arabera bete ahal izateko.

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

1. artikulua.— Hizkuntza tradizionala

Bable/asturierak, Asturiasko hizkuntza tradizionala den aldetik, babesa izango du. Asturiasko Printzerriak haren erabilera, hedapena eta irakaskuntza sustatuko ditu.

2. artikulua.— Galiziera/asturiera.

Lege honetan bable/asturierarentzat ezarritako babes-, errespetu-, itzalpe- eta garapen-araubidea galiziera/asturierara hedatuko da, berezko hizkuntza-modalitatea duten eremuetan.

3. artikulua.— Legearen xedea.

Lege honen xedea da:

a) Herritarrek bable/asturiera ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta eskubide hori gauzatzeko bitartekoak ezartzea.

b) Haren berreskuratze eta garapena sustatzea, eta erabilera sustatzeko neurriak definitzea.

c) Bable/asturieraren irakaskuntza bermatzea, Asturiasko Printzerriak bere gain hartutako eskumenak egikaritzean, borondatezkotasun, mailakotasun eta Asturiasko errealitate soziolinguistikoarekiko errespetuaren printzipioak kontuan hartuta.

d) Herritarren erabilera askea eta diskriminaziorik eza bermatzea.

II. KAPITULUA
Bable/asturieraren erabileraz

4. artikulua.— Administrazio-erabilera.

1. Herritar guztiek dute bable/asturiera erabiltzeko eta berean ahoz eta idatziz jarduteko eskubidea.

2. Herritarrek Asturiasko Printzerriarekin ahoz edo idatziz egiten dituzten komunikazioetan bable/asturiera erabiltzea baliozkotzat joko da ondorio guztietarako.

3. Asturiasko Printzerriak bultzatuko du Asturiasen lan egiten duten enplegatu publiko guztiek bable/asturiera ezagutzea; bable/asturiera Asturiasko Printzerriak deitutako oposizio eta lehiaketetan balioetsi ahal izango da, lanpostuaren ezaugarriek eta garatuko diren eginkizunen izaerak hala eskatzen dutenean.

5. artikulua.— Argitalpenak.

1. Printzerriko organo instituzionalen xedapenak, ebazpenak eta erabakiak, bai eta Batzar Nagusiak onetsitako legeak ere, bable/asturieraz argitaratu ahal izango dira, Asturiasko Printzerriko Aldizkari Ofizialaren edizio bananduaren bidez; argitaratzeko erabakia argitalpena baimentzen edo agintzen duen organo edo instituzioak hartuko du.

2. Argitalpen, inprimaki, eredu, liburuxka edo iragarki instituzionalak gaztelaniaz, bable/asturieraz edo bi hizkuntzetan argitaratu ahal izango dira; hirugarrenen aurrean ondorioak izan behar badituzte, gaztelaniaz argitaratu beharko dira nahitaez, hargatik eragotzi gabe bable/asturieraz ere argitaratu ahal izatea.

6. artikulua.— Hitzarmenak.

Asturiasko Printzerriak hitzarmenak egin ahal izango ditu Estatuko Administrazioarekin, beren eginkizunak Asturiasko lurraldean garatzen dituzten zerbitzuek bable/asturieraren erabilera sustatzeko.

7. artikulua.— Itzulpen-organoa.

Printzerriko Administrazioak bable/asturiera-gaztelaniako itzulpen-organo ofiziala izango du, eta honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Asturiasko Printzerriaren eta Asturiasko Printzerriko Batzar Nagusiaren Aldizkari Ofizialetan bable/asturieraz argitaratu behar diren testuak itzultzea edo haien baliozkotasuna ziurtatzea, kasuaren arabera.

b) Lege honen 16. artikuluan aipatzen diren instituzioek eta botere publikoek, beren eskumenak egikarituz, bable/asturiera eta gaztelaniaren artean eskatzen dioten edozein itzulpen egitea.

c) Lege honen erregelamendu bidezko garapenean esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

8. artikulua.— Udalak.

1. Asturiasko udalek beharrezko neurriak hartu ahal izango dituzte, lege honek Asturiasen bizi diren herritarrei ematen dizkien hizkuntza-eskubideak benetan egikaritzen direla ziurtatzeko.

2. Asturiasko Printzerriak udalekin plan espezifikoak hitzartu ahal izango ditu, bable/asturieraren kontzejuetan bera benetan erabiltzeko. Horretarako, behar diren zerbitzuak eta jarduketak diruz lagundu ahal izango ditu.

III. KAPITULUA
Irakaskuntzaz

9. artikulua.— Irakaskuntza.

Asturiasko Printzerriak, bere eskumenak egikarituz, bable/asturieraren irakaskuntza ziurtatuko du eta haren erabilera sustatuko du hezkuntza-sistemaren barruan, Asturiasko Autonomia Estatutuan aurreikusitako baldintzetan.

10. artikulua.— Curriculuma.

1. Asturiasko Printzerriak, bere eskumenak egikarituz, bable/asturieraren irakaskuntza bermatuko du maila eta gradu guztietan, nahiz eta haren ikaskuntza borondatezkoa izan. Nolanahi ere, bable/asturierako eskola-ordutegiaren barruan eman beharko da, eta curriculumeko ikasgaitzat hartuko da.

2. Aurreko printzipioak helduen hezkuntza iraunkorrera hedatuko dira.

3. Bable/asturieraren ikasketa edo erabilera curriculumeko ikasgai gisa aukeratzea ez da inola ere izango ikasleak diskriminatzeko arrazoia. Aukeratzen dutenentzat, horiek ikastea edo erabiltzea ezin izango da oztopo izan gainerako ikasleen prestakuntza eta ezagutza berberak jasotzeko.

11. artikulua.— Titulazioak.

Asturiasko Printzerriak ezarriko du:

a) Bable/asturieraren irakaskuntza emateko behar diren titulazioak.

b) Bable/asturiera ezagutzen dela egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak.

c) Titulazio eta ziurtagiri horiei buruzko prestakuntza-programak eta sarbide-prozedurak.

d) Bable/asturieraren irakaskuntzan erabili beharreko testuliburuak baimentzeko prozedura.

e) Hezkuntza-maila desberdinetako curriculum-dekretua.

IV. KAPITULUA
Komunikabideez eta argitalpen- eta ikus-entzunezko ekoizpenaz

12. artikulua.— Sustapena.

Administrazio publikoek bable/asturieraren defentsa sustatuko dute komunikabide publiko eta pribatuetan.

13. artikulua.— Zabalkundea.

1. Asturiasko Printzerriak bable/asturiera komunikabideetan zabaltzen lagunduko du, eta horretarako:

a) Laguntza ekonomiko eta materialeko planak egingo ditu eta aurrekontu-zuzkidura egingo, komunikabideek bable/asturiera erabili ohi dezaten.

b) Kultura eta arte-adierazpenak babestuko ditu, liburuak argitaratuko, eta ekoizpen fonografikoa, ikus-entzunezkoa eta zinematografikoa, eta bable/asturieraz egiten den beste edozein jarduera egingo.

2. Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gaur egun edo etorkizunean, irrati- eta telebista-emisioetan eta gainerako komunikabideetan bable/asturieraren presentzia egokia zainduko du.

14. artikulua.— Dirulaguntzak.

1. Komunikabideentzako, ikus-entzunezko ekoizpenentzako, zinematografikoentzako, fonografikoentzako edo argitalpenentzako dirulaguntzen deialdia espezifikoa izan daiteke bable/asturieraz egindako ekoizpen edo argitalpenetarako; gainerako argitalpen eta ekoizpenetan, horiek atal edo espazio jakin batzuetara mugatu gabe egotea sustatuko da.

2. Publizitatean, etiketetan, korrespondentzian edo dokumentazioan bable/asturiera erabiltzen duten enpresa eta enpresaburu pribatu edo publikoek ere jaso ahal izango dituzte horretarako berariaz deitutako dirulaguntzak eta laguntzak.

V. KAPITULUA
Toponimiaz

15. artikulua.— Toponimoak.

1. Asturiasko Printzerriko Autonomia Erkidegoko toponimoek izen ofiziala izango dute beren forma tradizionalean. Toponimoak modu tradizionalean eta gaztelaniaz erabilera orokorra duenean, izendapena elebiduna izan daiteke.

2. Erregelamendu bidez zehazten diren prozeduren arabera, Gobernu Kontseiluari dagokio, Asturiasko Printzerriko Toponimia Batzordeak irizpena eman ondoren, eta udalen eta estatuaren eskumenei kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoaren toponimoak zehaztea.

VI. KAPITULUA
Organo aholku-emaileez

16. artikulua.— Kontsulta- eta aholkularitza-organoak.

Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Asturiasko Printzerriko Administrazioaren kontsulta- eta aholkularitza-organotzat hartuko dira honako instituzio hauek:

a) Oviedoko Unibertsitatea.

b) Llinguaren Akademia.

c) Asturiasko Printzerriko Toponimiako Batzarra.

d) Asturiasko Ikaskuntzen Errege Institutua (RIDEA).

17. artikulua.— Oviedoko Unibertsitatea.

Oviedoko Unibertsitateak, bere eskumenak egikarituz, eta bable/asturiera irakasteko beharrezkoa den irakasleen gaikuntza egokia bermatze aldera, haren hasierako prestakuntza gauzatuko du, dagozkion sailen bidez. Halaber, Unibertsitateari dagokio bable/asturierari buruzko ikerketa linguistikoa eta filologikoa egitea.

18. artikulua.— Llinguaren Akademia.

Lege honen 16. artikuluan aipatzen diren instituzioek beren eskumenak egikaritzean dituzten berezko eskudantziei kalterik egin gabe, Asturiasko Printzerriko Llinguaren Akademiari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Bable/asturieraren arloko programa eta plan erregionalen jarraipena egitea.

b) Irizpenak ematea, norberaren ekimenez edo Printzerriko Batzar Nagusiak nahiz erregioko gobernuak eskatuta, bable/asturieraren arloko jarduera zehatzei buruz.

c) Asturiasko Printzerriko Administrazioari aholkuak ematea eta proposamenak egitea bable/asturierari buruz, kultura eta/edo hizkuntza arloko organismo eskudunek hala eskatzen diotenean.

d) Lege honen erregelamenduzko garapenean esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

Xedapen gehigarria

Galiziera/asturierak antzeko tratamendua izango du bere lurralde-eremuko babes, errespetu, irakaskuntza, erabilera eta itzalpeari dagokienez.

Xedapen iragankorra

11. artikuluko a) apartatuan aipatutako titulazioak eskuratzeko beharrezkoak diren prozedurak eta ikasketa-planak onesten ez diren bitartean, Asturiasko Printzerriak instituzio ofizialek emandako titulazioak aitortuko ditu ofizialki, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Azken xedapena

Baimena ematen zaio Gobernu Kontseiluari lege hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren erregelamendu-xedapenak eman ditzan.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper