Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.1.24. 11/2011 Legea, abenduaren 5ekoa, espainiar zeinu-hizkuntzaren erabilera eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak Andaluzian arautzen dituena


8.4.1.24. 11/2011 Legea, abenduaren 5ekoa, espainiar zeinu-hizkuntzaren erabilera eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak Andaluzian arautzen dituena[715]

ZIOEN AZALPENA

I

Espainiako Konstituzioak 9.2 artikuluan aldarrikatzen duenez, botere publikoek betebeharra dute inguruabar zehatzak sustatzeko, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzekoa, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztekoa, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere. Era berean, 49. artikuluak ezartzen du, gizarte- eta ekonomia-politikaren printzipio gidari gisa, botere publikoek betebeharra dutela: desgaitasun fisiko, sentsorial eta psikikoa duten pertsonen aurreikuspen-, tratamendu-, errehabilitazio- eta integrazio-politika egitekoa, eta pertsona horiei eurok behar duten arreta espezializatua eman eta haiek bereziki babestekoa, lehenengo tituluak herritar guztiei ematen dizkien eskubideak eduki ditzaten.

II

Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioak, 2006ko abenduaren 13koak, ezartzen du, “arrazoizko egokitzapenak” egin behar direla honako hauen erabilerarekin lotuta: zeinu-hizkuntza; braillea; komunikatzeko modu, bitarteko eta formatu handigarriak eta alternatiboak, eta desgaitasuna duten pertsonek aukeratzen dituzten gainerako komunikazio-modu, bitarteko eta formatu irisgarri guztiak. Hala, 26.3 artikuluak ezartzen duenez, “alde diren estatuek sustatuko dute pertsona desgaituentzako laguntza-teknologiaren eta gailuen irisgarritasuna, ezagutza eta erabilera, betiere gaikuntzaren eta birgaikuntzaren ondorioetarako”, eta Konbentzioaren 30.4 artikuluak honako hau jasotzen du: “Pertsona desgaituek eskubidea izango dute, gainerakoen baldintza berberetan, euren kultura- eta hizkuntza-identitate berezia aitortuak eta babestuak izan daitezen, baita zeinu-hizkuntza eta gorren kultura ere”.

III

Abenduaren 2ko 51/2003 Legearen azken xedapenetako hamabigarrenak Espainiako Gobernua behartzen zuen espainiar zeinu-hizkuntzak izan beharko zituen ondorioak arautzera, gorrek eta entzumen-desgaitasuna dutenek ikasteko, ezagutzeko eta erabiltzeko aukera izan zezaten, bai eta aukeratzeko askatasuna ere, ingurunearekin komunikatzeko erabil zitezkeen bitartekoei zegokienez. Haren ondorioz, urriaren 23ko 27/2007 Legea promulgatu zen, zeinaren bidez Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortu ziren, eta gortasuna, entzumen-desgaitasuna eta gor-itsutasuna duten pertsonen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautu ziren; izan ere, lege horren 3.1. artikuluan xedatzen denez, lege horretan ezarritako arauek “Espainiako lurralde osoan izango dituzte ondorioak, betiere autonomia-erkidegoen eremuan bakoitzari dagokion erregulazioari kalterik egin gabe; edozelan ere, azken xedapenetako lehenengoak aipatu berdintasuna bermatuko da”.

IV

Andaluziarako Autonomia Estatutuak, 10.3.16 artikuluan, Autonomia Erkidegoaren oinarrizko helburu gisa ezartzen du desgaitasuna duten pertsonen integrazio soziala, ekonomikoa eta laborala lortzea. Beste alde batetik, 14. artikuluak diskriminazio oro debekatzen du I. tituluan jasotako eskubideak egikaritzean, eginbeharrak betetzean eta zerbitzuak ematean, eta bereziki nabarmentzen du desgaitasunaren ondorioz egikaritzen den diskriminazioa. Hala ere, adierazten du debeku horrek ez duela eragotziko egoera ahulean dauden sektore, talde edo pertsonen onurarako ekintza positiboak egiterik.

Era berean, Estatutuak 24. artikuluan aitortzen du desgaitasuna duten pertsonek eta mendekotasun-egoeran daudenek eskubidea dutela, legeak ezartzen duen moduan, beren garapen pertsonal eta sozialerako beharrezkoak diren berme publikoko laguntza, prestazio eta zerbitzuak eskuratzeko. Eta 37.1 artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetako politika publikoen printzipio gidarien artean espresuki sartzen dira “desgaitasuna duten pertsonen autonomia eta gizarteratzea eta lanbidean integratzea, betiere diskriminaziorik ezaren, irisgarritasun unibertsalaren eta aukera-berdintasunaren printzipioekin bat etorriz, eta hor sartzen dira oztopoak erabat ezabatzea eta komunikazioa ahalbidetuko dieten lengoaien erabilera”, bai eta “gorrek espainiar zeinu-hizkuntza erabiltzea, eta haien berdintasuna lortzea ahalbidetuko duten baldintzak ere; izan ere, hizkuntza hori irakatsi, babestu eta errespetatu egingo da”.

V

Andaluzian Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntzeko martxoaren 31ko 1/1999 Legearen VII. tituluko V. kapitulua komunikazioaren irisgarritasunari buruzkoa da. Kapitulu horretan ezartzen da ezen administrazio publikoek komunikazioan dauden oztopoak ezabatzea sustatuko dutela, eta, bereziki, eskubidea bermatuko dutela informaziorako, komunikaziorako, kulturarako, hezkuntzarako, osasunerako, lanerako, gizarte-zerbitzuetarako eta aisialdirako. Era berean ezartzen da ezen administrazio publikoek lanbide-heziketa bultzatuko dutela zeinu-hizkuntzaren interpretazioan eta gor-itsutasuna duten pertsonen gida-interpretazioan, eta beren eremuan, interpreteen eta gidari-interpreteen erabilera sustatuko dutela. Eta, azkenik, neurri teknikoen plan bat egitea jasotzen da Andaluziako administrazio publikoen mendeko ikus-entzunezko hedabideetan informaziorako eskubidea bermatzeko.

VI

Andaluziako botere publikoak espainiar zeinu-hizkuntza aitortzearen bultzatzaile izan dira, gorren zein entzumen-desgaitasuna duten pertsonen ordezkari den Andaluziako elkarte-mugimenduaren eskarien berri emanez. Hala, 2003an, irailean, espainiar zeinu-hizkuntza legez aitortzeko legez besteko proposamena onetsi zen; haren bidez, Andaluziako Parlamentuak Gobernu Kontseiluari eskatu zion Espainiako Gobernuari eska ziezaiola espainiar zeinu-hizkuntza aitortzeko eta Espainiako lurralde osoan hezkuntza-sistema elebiduna ezartzeko (ahozko hizkuntza / zeinu-hizkuntza). Gainera, Gobernu Kontseiluari eskatu zitzaion, besteak beste, espainiar zeinu-hizkuntzaren erabilera erraztu zezala hala eskatzen zuten irakaskuntza-zentroetan, sentsibilizazio-kanpainak eta -ekintzak bultzatzen jarrai zezala prestakuntzari eta informazioari buruz, eta komunikazio-oztopoak ken zitzala.

Lege honetan nabarmentzen da entzumen-desgaitasuna duten herritarrek parte hartu dutela hura egiten, betiere haien erakunde ordezkarien bidez; eta parte hartu dute Administrazio autonomikoko sailek, toki-administrazioak, eta gizarte- eta ekonomia-eragileek ere. Lege honek apustu erabakigarria egiten du gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen eta gor-itsuen parte-hartze sozial, ekonomiko eta laboral osoa lortzeko. Hartzaile nagusiak horiek izanik, komunikaziorako irisgarritasunerako zeharkako neurriek Andaluziako gizarte osoari ere eragingo diote. Lege honek urriaren 23ko 27/2007 Legearen aplikazioa bultzatuko du, eta berrikuntza nabarmenak ekarriko ditu, hala nola teleinterpretazioko profesionalen aitortza, gorren erkidegoko garapen-agentearen figura eta gor-itsuentzako bitartekaritza-figura.

VII

Lege honek hiru kapitulu, bost xedapen gehigarri eta azken xedapen bi ditu.

I. kapituluak xedapen orokor hauek jasotzen ditu: legearen xedeari buruzkoak, haren aplikazio-eremuari buruzkoak, arau honetan zehar sortzen diren kontzeptuen definizioari buruzkoak, eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez espainiar zeinu-hizkuntza eta ahozko hizkuntza ikasteko, ezagutzeko eta erabiltzeko eskubideari buruzkoak; gainera, legearen aplikazioak izango dituen ondorioak arautzen ditu, eta legearen printzipio inspiratzaileak ezartzen ditu.

II. kapituluaren gaia hauxe da: espainiar zeinu-hizkuntza eta ahozko hizkuntza ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez ikastea eta ezagutzea, bai irakaskuntza arautuan, bai prestakuntza ez-arautuan.

III. kapituluak espainiar zeinu-hizkuntzaren erabilera eta legearen aplikazio-arlo publiko eta pribatuetan ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak garatzen ditu, honako eremu hauei dagozkienez: hezkuntza, osasuna, prestakuntza eta enplegua, kultura, turismoa, kirola, aisialdia, eraikuntzak, gizarte-ongizatea, garraioak, administrazio publikoekiko harremanak, parte-hartze politikoa, eta komunikabide sozialak, telekomunikazioak eta informazioaren gizartea.

Azkenik, legeak bost xedapen gehigarri eta azken xedapen bi ditu: lehenengo xedapen gehigarriak Legearen Jarraipen Batzordearen sorrera jasotzen du; bigarren eta hirugarren xedapenek, berriz, egitura-zuzkiduraren bermea eta berme juridikoa jasotzen ditu, bai eta laguntza teknikoen eta beste bitarteko batzuen zuzkidura ere; laugarrenak, arbitraje-sistema, eta bosgarrenak, araudi estatala berregitea. Azken xedapen bietan, hurrenez hurren, hauek jasotzen dira: araugintza-garapena eta betearaztea, eta legea indarrean jartzea.

Lege hau oinarrizko baldintza estatalei kalterik egin gabe eman da, eta Andaluziarako Autonomia Estatutuak Autonomia Erkidegoari arlo hauetan ematen dizkion eskumenen arabera: sustapena (45. artikulua), hezkuntza (52. artikulua), unibertsitateak (53. artikulua), ikerketa, garapena eta berrikuntza teknologikoa (54. artikulua), osasuna (55. artikulua), etxebizitza (56. artikulua), toki-araubidea (60. artikulua), gizarte-zerbitzuak (61. artikulua), enplegua (63. artikulua), garraioa eta komunikazioak (63. artikulua), komunikabide sozialak (69. artikulua), turismoa (71. artikulua), eta kirolak, ikuskizunak eta aisialdiko jarduerak (72. artikulua).

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

1. artikulua.— Legearen xedea

Lege honen xedea da Andaluzian espainiar zeinu-hizkuntzaren (aurrerantzean, EZH) errespetua, babesa, irakaskuntza eta erabilera berdintasun-baldintzetan bermatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak arautzea, hizkuntza hori askatasunez erabiltzea erabakitzen duten pertsonen hizkuntza den aldetik, bai eta ahozko hizkuntza ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez erabiltzea ere, urriaren 23ko 27/2007 Legean ezarritako oinarrizko baldintzen esparruan; izan ere, lege horrek Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortzen ditu, eta gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen ditu.

2. artikulua.— Legearen ondorioak

1. Lege honetan beharrezko neurriak eta bermeak ezartzen dira gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuak direnek EZH eta ahozko hizkuntza askatasunez erabili ahal izan ditzaten, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez, arlo publiko eta pribatu guztietan, betiere Konstituzioan eta Andaluziarako Autonomia Estatutuan jasotako eskubide eta askatasunen egikaritza gauzatzeko.

2. EZH eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak, lege honen ondorioetarako, irisgarritasunerako eta ez diskriminatzeko oinarrizko baldintzatzat hartzen dira entzumen-desgaitasuna duten eta zeinu-hizkuntzaren edo Andaluziako ahozko hizkuntzaren erabiltzaile diren pertsonentzat, bai informaziorako irispidean, bai komunikazioan, bai telekomunikazioetan, partaidetza-eremu guztietan.

3. EZHren eta ahozko hizkuntzaren errespetua, erabilera, irakaskuntza eta babesa bermatuko dira, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez, gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsutasuna dutenen aukera-berdintasuna sustatzeko.

3. artikulua.— Hartzaileak

Lege honen hartzaileak izango dira gor-itsutasuna duten pertsonak eta gorrak edo entzumen-desgaitasuna dutenak, baldin eta arrazoi horregatik % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortu bazaie, bai eta % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa duten pertsona guztiak ere, baldin eta beste desgaitasun batzuk direla-eta legean jasotako neurriak behar badituzte, eta ohiko bizilekua Andaluziako edozein udalerritan badute.

4. artikulua.— Aplikazio-eremua

Lege hau ez da ondorengo eremuetan aplikatuko:

a) Herritarren eskura jartzekoak diren ondasun eta zerbitzuetan.

b) Garraioetan.

c) Administrazio publikoekiko harremanetan.

d) Justizia Administrazioan.

e) Parte-hartze politikoan.

f) Komunikabide sozialetan, telekomunikazioetan eta informazioaren gizartean.

5. artikulua.— Definizioak

Lege honen ondorioetarako, honako hauek honela ulertzen dira:

a) EZH: ikusmen-, espazio-, keinu- eta eskuzko hizkuntza da, eta haren osaeran faktore historikoek, kulturalek, linguistikoek eta sozialek parte hartzen dute; gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsutasuna dutenek erabili ohi dute Andaluzian.

b) Ahozko hizkuntza: Espainiako Konstituzioan ofizialki onartutako aho-entzumenezko hizkuntza da. Lege honen ondorioetarako, Andaluzian, gaztelaniari egiten dio erreferentzia.

c) Ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak: gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsutasuna dutenek erabiltzen dituzten kodeak eta komunikabideak dira, bai eta haiek erabiltzen dituzten baliabide teknologikoak eta laguntza teknikoak ere, zeinek errazten baitute ahozko eta idatzizko adierazpenerako irispidea, ingurune osoarekiko komunikazioa faboratuz.

d) Gorrak edo entzumen-desgaitasuna dutenak: entzumen-galera handiagoa edo txikiagoa duten pertsonak dira, arrazoi horregatik % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortu zaienak, beren eguneroko bizitzan informazioan, komunikazioan eta telekomunikazioetan oztopoak dituztenak, edo, horiek gaindituz gero, horiek egiteko bitartekoak eta laguntzak behar dituztenak.

e) Gor-itsuak: bi zentzumen-gabezia, ikusmenekoa eta entzumenekoa, konbinatzen dira pertsona horietan, eta komunikazio-arazo bakarrak eta beharrizan bereziak sortzen zaizkie, zeinak sortzen baitira modu globalean hautemateko, ezagutzeko, interesatzeko eta ingurunean moldatzeko zailtasunaren ondorioz. Pertsona horietako batzuk erabat gorrak eta itsuak dira, eta beste batzuek entzumen- eta ikusmen-arrastoak dituzte. Beren zentzumen-egoerara moldatutako komunikazio-sistemak erabiltzen dituzte.

f) EZHren erabiltzailea: komunikatzeko EZH erabiltzen duen pertsona da.

g) Ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen erabiltzailea: gorra, entzumen-desgaitasuna duena edo gor-itsutasuna duena da, zeinak bere burua ahozko hizkuntzan komunikatzen baitu eta gizarte-ingurunean informazioa eta komunikazioa iristeko ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak behar baititu.

h) EZHren interpretea: espainiar zeinu-hizkuntzaren informazioa ahozko hizkuntzara eta hizkuntza idatzira, eta alderantziz, interpretatzen eta itzultzen duen profesionala, zeinak ziurtatzen baitu hizkuntza hori erabiltzen duten gorren eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonen, entzuleen eta haien gizarte-ingurunearen arteko komunikazioa. Bestalde, EZHren teleinterpretea informazioa urrutitik interpretatzen eta itzultzen duen profesionala da.

i) EZHren teleinterpretazioa: teleinterprete batek ematen duen zerbitzua da, eta EZHtik ahozko hizkuntzarako informazioa, eta alderantziz, urrutitik interpretatzen eta itzultzen du, bideotelefonia publikoa erabiliz (sare finko eta mugikorren bidez) eta beste teknologia batzuk erabiliz, eta hori teleinterpretazio-zentro batean eta nonahi egiten du, ahozko hizkuntza erabiltzen duen pertsona baten eta telekomunikazio-zerbitzuak irisgarri egiten dituen EZHren beste baten arteko komunikazio-zubi gisa.

j) Gor-itsuen gidari-interpretea: informazioa EZHtik ahozko hizkuntzara, hizkuntza idatzira eta gor-itsuek erabiltzen dituzten komunikazio-sistema eta -bitartekoetara, eta alderantziz, interpretatzen eta itzultzen duen profesionala. Gor-itsuen eta haien solaskideen arteko komunikazioa ziurtatzeko, haiek inguruneari buruz behar duten informazio guztia ematen die, bai ingurumariari dagokionez, bai hizkuntzari dagokionez, eta haien parte-hartzea errazten du, baldintza berberetan. Joan-etorrietan gidari gisa jarduten du.

k) Gor-itsuen bitartekaria: EZH eta ahozko hizkuntzaren ordezko komunikazio-sistemak erabiltzen dituen profesionala da, zeinak gor-itsuari laguntzen baitio haren ezaugarri pertsonaletara gehien egokitzen den komunikazio-maila eta -sistema garatzen. Gor-itsuaren eta haren ingurunearen arteko lotura egiten du, ingurune harekiko elkarrekintza eta ikaskuntzak bereganatzea sustatuz.

l) Gorren erkidegoaren garapen-agentea: gorren erkidegoari arreta emateko prestakuntza espezifikoa duen profesionala da, betiere gorrek eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonek gizartean parte har dezaten sustatzeko, haien autonomia pertsonala suspertuz.

m) Hezkuntza elebiduna: hezkuntza-proiektu honetan, irakasteko eta ikasteko prozesua komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzen diren bi hizkuntza edo gehiago dauden ingurunean gauzatzen da. Gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen kasuan, ofizialki aitortutako ahozko hizkuntzak eta Espainiako zeinu-hizkuntzak hartuko dira kontuan.

n) Azpitituluak: ahozko komunikaziorako laguntza-baliabidea da, zeinak ahozko mezua testuan transkribatzen baitu, betiere gorraren, entzumen-desgaitasuna duenaren edo gor-itsuaren informaziorako irispidea bermatuz.

ñ) Audiodeskripzioa: ikus-entzunezko komunikazioari laguntzeko zerbitzua da, alegia, ikus-entzunezko eduki baten ikusmen-zatia ez atzematea konpentsatzeko aplikatutako teknika eta trebetasunen multzoa; horretarako, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei soinu-informazio egokia ematen dio, ikusmen-elementu garrantzitsuak itzuliz, azalduz edo kontatuz, betiere eduki hori osotasun harmoniko gisa eta ikusmen-desgaitasunik gabeko pertsona batek hautematen duenarekin ahalik eta hurbilen hautemateko.

o) Arrazoizko doikuntza: ingurune fisikoa, soziala eta jarrerazkoa desgaitasuna duten pertsonen beharrizan espezifikoetara egokitzeko neurriak dira, zeinek errazten baitute modu eraginkorrean eta praktikoan, eta neurriz kanpoko zamarik eragin gabe, desgaitasuna duen pertsonaren irisgarritasuna edo parte-hartzea, gainerako herritarren baldintza berberetan. Zama bat neurritsua edo neurriz kanpokoa den zehazteko, kontuan hartuko dira: dena delako neurri horren kostuak; neurri hori ezarri ezean desgaitasuna duen pertsonari eragiten zaion diskriminazioa; neurria abiarazi behar duen pertsona, erakunde edo antolakunde jakin horren egitura eta ezaugarriak, eta zer aukera dagoen finantzaketa ofiziala edo beste edozein laguntza lortzeko.

6. artikulua.— EZH eta ahozko hizkuntza ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez ikasi, ezagutu eta erabiltzeko eskubidea

Gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuak direnek eskubidea dute EZH eta ahozko hizkuntza ikasteko, ezagutzeko eta erabiltzeko, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez, lege honetan ezarritako baldintzetan. Adingabeen edo ezgaituen kasuan, gurasoek edo legezko ordezkariek egikarituko dute eskubide hori.

7. artikulua.— Printzipio orokorrak

Lege honek ondorengo printzipioak ditu abiaburu:

a) Diskriminaziorik eza: desgaitasuna duen inor ezin izango da modu desberdinean tratatu edo diskriminatu, ez zuzenean, ez zeharka, EZH eta ahozko hizkuntza erabiltzeko eskubidea edozein eremutan, publikoa zein pribatua izan, egikaritzeagatik ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez.

b) Aukeratzeko askatasuna: gorrek, entzumen-desgaitasuna duten pertsonek edo gor-itsuek eta, hala badagokio, haien gurasoek edo legezko ordezkariek, baldin eta haiek adingabeak badira edo ezgaituta badaude, ahozko hizkuntza eta EZH aukeratu ahal izango dituzte.

c) Normalizazioa: gorrek, entzumen-desgaitasuna duten pertsonek edo gor-itsuek aukera izan behar dute ohiko bizimodua eramateko, beste edozein pertsonak eskura dituen leku, eremu, ondasun eta zerbitzu berberak iritsiz.

d) Irisgarritasun unibertsala: inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek, bai eta objektuek eta tresnek, lanabesek eta gailuek ere beharrezko baldintzak bete behar dituzte, pertsona guztiek segurtasunez eta erosotasunez ulertu, erabili eta baliatu ditzaten, ahal denik eta modurik autonomoen eta naturalenean.

e) Denentzako diseinua, EZHren eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen arloan: jarduera estrategikoa da, zeinaren bidez jatorritik eta ahal den guztietan sortu eta proiektatzen baitira EZH eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak barne hartzen dituzten inguruneak, prozesuak, ondasunak, produktuak, zerbitzuak, objektuak, tresnak, gailuak edo lanabesak, Andaluzian pertsona guztiek haiek erabili ahal izan ditzaten.

f) Zeharkakotasuna EZHren eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen arloko politiketan: Andaluziako administrazio publikoek garatzen dituzten jarduketak ez dira soilik plan, programa eta ekintza espezifikoetara mugatuko, zeinak gorrentzat, entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzat edo gor-itsuentzat pentsatuta egongo baitira soilik, ezpada jarduketa horiek politika publikoen jarduketa-eremu eta -sektoreetako izaera orokorreko politiketan eta ekintza-lerroetan sartu beharko dira, horien erabiltzaileen beharrizanak eta eskariak kontuan hartuta.

g) Elkarrizketa zibila: printzipio honen arabera, Andaluzian gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen eta gor-itsuen eta haien familien eta eragile ekonomiko eta sozialen ordezkari diren antolakundeek parte hartzen dute, legeek eta gainerako xedapen arauemaileek ezartzen duten moduan, gorren gaineko jarduketak biltzen dituzten politika ofizialak prestatzen, exekutatzen, horien jarraipena egiten eta ebaluatzen.

h) Emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasuna: printzipio horrek badakar sexuan oinarritutako diskriminaziorik ez egitea, ez zuzenean, ez zeharka, ekonomia-, politika-, gizarte-, lan-, kultura- eta hezkuntza-eremuetan, bereziki enpleguari, lanbide-heziketari eta lan-baldintzei dagokienez.

II. KAPITULUA
EZH eta ahozko hizkuntza ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez ikasi eta ezagutzea

8. artikulua.— Irakaskuntza arautuan ikastea

1. Hezkuntza Administrazioak behar diren giza baliabideak, baliabide materialak eta teknologikoak izango ditu, indarrean dagoen hezkuntza-legerian ezarritakoarekin bat etorriz zehazten diren irakaskuntza arautuko zentroetan EZH eta ahozko hizkuntza ikasteko aukera emateko ikasle gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei eta gor-itsuei. Edozelan ere, zentroen edukiera hartu beharko da kontuan eskola-postuak adjudikatzeko.

2. Hezkuntza Administrazioak, zehazten diren zentroetan, besteak beste, hezkuntza-eredu elebidunak eskainiko ditu, zeinak askatasunez aukeratuko baitituzte ikasle gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek edo gor-itsuak direnek, edo haien gurasoek edo legezko ordezkariek, haiek adingabeak badira edo ezgaituta badaude. Horretarako, hezkuntza elebidunaren aukeraren berri emango da, baita eskura dauden beste baliabide batzuen berri ere. Hezkuntza elebidunaren aukera, EZHren erabilera normalizatzeko eta integratzeko, zentro horietan eskolatutako entzuleei zabalduko zaie.

3. Andaluziako Hezkuntza Administrazioak indarra emango die entzumen-desgaitasunari lotutako hezkuntza-beharrizan berezietara egokitutako EZHko material didaktikoak diseinatzeari, lantzeari eta zabaltzeari, betiere entzumen-desgaitasuna duten ikasleek ahozko hizkuntza irits dezaten, laguntza teknikoen bidez zein komunikazio-sistema handigarrien bidez.

4. Ikasketa-planetan, zehazten diren zentroetan, hautazko irakasgai gisa, ikasle guztientzako EZHren ikaskuntza sartu ahal izango da; horrela, EZHren erabiltzaile gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen eta itsuen gizarteratzea erraztuko da, eta berdintasuneko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunarekiko errespetuko balioak sustatuko dira.

5. Hezkuntza Administrazio eskudunak, behar bezala kualifikatutako profesionalak izateko, EZH eta ahozko hizkuntza irakasteko, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez, eta, hala badagokio, III. kapituluan aurreikusitako erabilerarako, egokitzat jotzen dituen titulazioak zehaztuko ditu, horiek egikaritzeko baldintzei buruzko araudiaren arabera, eta profesionalen hasierako eta etengabeko prestakuntza erraztuko du. Horretarako, entzumen-desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeen eta haien familien parte-hartzea eta aholkularitza izango da.

6. Hezkuntza Administrazioak prestakuntza-planak eta -programak ezarriko ditu ikasle gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei edo gor-itsuak direnei arreta ematen dieten irakasleentzat, edo etorkizuneko hezkuntza- eta prestakuntza-ekintzetarako EZHn prestatu nahi dutenentzat. Ildo horretan, sustatuko da irakasleen hasierako prestakuntzan EZH sartzea bigarren hezkuntza emateko master pedagogikoen ikasketa-planetan eta hezkuntza-zientzien fakultateetan.

9. artikulua.— Prestakuntza ez-arautuan ikastea

1. Enplegurako prestakuntzan eta prestakuntza ez-arautuan eskumena duten administrazioek elkarlana sustatuko dute gorrekin, entzumen-desgaitasuna duten pertsonekin eta gor-itsutasuna dutenekin, haien familiekin eta sektoreko elkarteekin EZH eta ahozko hizkuntza ikasteko prestakuntza-ikastaroak egiteko, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiliz, bai eta material didaktikoak editatuz ere.

2. Andaluziako administrazio publikoek, eragile ekonomiko eta sozialek, zentro laguntzaileek eta gainerako erakundeek komunikaziorako irisgarritasuna erraztuko diete EZHren erabiltzaile izan eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonei eta ahozko hizkuntza erabiltzen dutenei enplegurako prestakuntza-eskaintzetan eta gainerako prestakuntza ez-arautuan; horretarako, giza baliabideak, bitarteko materialak, didaktikoak eta teknikoak emango dizkiete, haien beharrizanetara egokituta.

3. Administrazio eskudunak lanbide-eguneratzerako ikastaroen eskaintza indartuko du, baldin eta horiek lotuta badaude EZH edo ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiltzen diren lanpostuekin.

Abandonuaren arriskuak murrizteko eta gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuak direnek prestakuntza-ibilbide batean aurrera egin dezaten ahalbidetzeko, lanbide-kualifikazioen aitortza eta egiaztapen partzial metagarria bultzatuko da. Horretarako, gaitasun-unitateetan oinarritutako prestakuntza-moduluek osatutako prestakuntza-ekintzak programatzea sustatuko dute organismo eskudunek, betiere gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuak direnek modulu horiek metatu eta profesionaltasun-ziurtagiri baten bidez kualifikazio osoa egiazta dezaten.

4. Andaluziako administrazio publikoek bultzatuko dute Andaluziako Juntako, haren erakunde instrumentaletako eta toki-erakundeetako enplegatu publikoek EZHko prestakuntza jaso dezaten, batez ere publikoari arreta eta herritarrei arreta ematen dieten lanpostuekin lotutako langileek jasoko dute prestakuntza hori segurtasunaren eta larrialdien arloan.

5. Andaluziako Administrazioak eta Andaluziako eragile sozial eta ekonomikoek, entzumen-desgaitasuna duten pertsonak integratzeko eta normalizatzeko neurri gisa, pertsona horien beharrizanen inguruan sentsibilizatuko dute, eta prestakuntza sustatuko dute EZHn eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen erabileran.

III. KAPITULUA
EZH eta ahozko hizkuntza ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidezko erabiltzea

10 artikulua.— Xedea

1. Andaluziako administrazio publikoek, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan, honako zerbitzu hauek sustatuko dituzte kapitulu honetan zehazten diren arlo publiko eta pribatuetan: EZH interpretatzeko zerbitzuak; gidari-interpretazio-zerbitzuak; bitartekaritza-zerbitzuak, eta gorren, entzumen-desgaitasuna edo gor-itsutasuna duten pertsonen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak. Jendearen eskura dauden prozedura, ondasun eta zerbitzu guztien informazioa eta zabalkundea modu irisgarrian aurkeztuko dira.

EZHren interpreteen zerbitzuak presentzialak edo urrutikoak izan daitezke, bideotelefoniaren edo beste bitarteko teknologiko batzuen bidez. Gidari-interpreteen eta bitartekaritzako profesionalen zerbitzuak presentzialak izango dira.

2. Botere publikoek, abenduaren 2ko 51/2003 Legean eta haren erregelamendu-garapeneko arauetan ezarritakoaren arabera, diskriminazioaren aurkako neurriak sustatuko dituzte, eta ekintza positiboko neurriak ezarriko dituzte EZHren erabiltzaile diren gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen eta gor-itsuen alde eta ahozko hizkuntza ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez erabiltzen dutenen alde, kapitulu honetan xedatutakoaren arabera.

3. Ondasun eta zerbitzu berriak diseinatzean, garatzean eta jendearen eskura jartzean, edo arrazoizko egokitzapenak ezartzean, gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen beharrizanak hartuko dira kontuan, eta EZH eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiltzea erraztuko da.

4. Era berean, gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek edo gor-itsutasuna dutenek EZHko profesionalekin eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoekin batera parte hartzeko duten eskubidea bermatuko da, parte-hartzeko eremu guztietan, publikoak zein pribatuak izan, entzumen-desgaitasuna edo gor-itsutasuna duen pertsonak hala eskatzen duenean.

11. artikulua.— Jendearen eskura dauden ondasun eta zerbitzuetarako irispidea

Ondasun eta zerbitzu publikoetarako irispidea eremu hauen arabera zehaztuko da:

1. Hezkuntza.

Hezkuntza Administrazioak, zehazten diren zentroetan, EZHren erabiltzaileei erraztuko die hura irakaskuntzako komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzea, bai eta ahozko hizkuntza erabiltzen duten gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei edo gor-itsuei hura erabiltzea ere, eta honako neurri hauek hartuko dituzte aukera-berdintasunean hezteko:

a) Unibertsitateko ikasle gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei edo gor-itsutasuna dutenei arreta emateko programa eta ekimen espezifikoak sustatzea, aholkularitza eta laguntza-neurriak emateko, bai ahozko komunikazioan, bai EZHn, desgaitasun-egoeran dauden unibertsitate-ikasleei arreta emateko zerbitzuen esparruan.

b) Komunikazioaren eta informazioaren teknologia berrien eta komunikazio-sistema handigarri eta alternatiboen erabilera sustatzea, beren gaitasun pertsonalei lotutako hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleen hezkuntza-arretaren esparruan.

c) Entzumen-desgaitasuna duten ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei behar duten informazioa ematea, bai eta behar duten aholkularitza ere, betiere beren seme-alaben hezkuntzan komunikazio-sistema egokiena aukeratu ahal izan dezaten, eskura dituzten baliabideen eta ikasle bakoitzaren egoeraren eta beharrizan pertsonalen arabera, betiere ahalik eta esku-hartze goiztiarrena eginez.

d) Indartu egingo da entzumen-desgaitasunari lotutako hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzen dituzten irakaskuntzako zentroen hezkuntza-proiektuetan eta programazio didaktikoetan, hala badagokio, EZHren eta komunikazioaren sistema handigarriak edo alternatiboak ezagutzea eta erabiltzea.

e) Irakasleen etengabeko prestakuntza indartuko da, bai ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoetan, bai EZHn.

2. Osasuna.

Osasun Administrazioak honako neurri hauek hartuko ditu osasuna aukera-berdintasunean iristeko:

a) Osasun Administrazioko langileen EZHko prestakuntza indartzea.

b) Osasun-zerbitzuetarako nahiz plan, prozesu eta programetarako irisgarritasuna sustatzea, laguntza teknikoak eta beharrezko teknologia sartuz.

3. Prestakuntza eta enplegua.

Arau honek bermatu egiten du entzumen-desgaitasuna eta gor-itsutasuna duten pertsonen aukera-berdintasunerako eskubidearen eraginkortasuna enpleguaren eta okupazioaren eremuan, betiere Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legearen II. tituluko III. kapituluko 3. atalean ezarritakoari kalterik egin gabe —lege horrek neurriak arautzen ditu laneko tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko arloan—.

Zehazki, EZH arloko prestakuntza sustatuko zaie Andaluziako Enplegu Zerbitzuko bulegoetako langileei, bai eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonei arreta emateari buruzko prestakuntza ere, ahozko hizkuntzan edo EZH bidez komunikatzen badira.

Andaluziako Juntako Administrazioak bermatuko du gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuak direnek berdintasunez iritsiko dutela enplegu publikoa. Horretarako, hautaprobetan denborak eta bitartekoak egokitzea erraztuko du, giza baliabideak eta baliabide materialak eskura jarrita, hala nola EZHko interpreteak, gidari-interpreteak, teknologia lagunduak eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak, baldin eta proba horiek egiteko behar badira. Era berean, neurri horiek lanpostuen egokitzapenetan eta prestakuntza-prozesuetan aplikatuko dira.

Andaluziako toki-administrazioek, Andaluziako edozein administrazio publikotako erakunde instrumentalek eta unibertsitate publikoek, era berean, irisgarritasuna bermatuko dute beren sarrera-prozesuetan eta barne-igoerako prozesuetan, aurreko apartatuko neurrien bidez, bai eta lanpostuen egokitzapenetan eta prestakuntza-prozesuetan ere.

4. Kultura, turismoa, kirola eta aisialdia.

Andaluziako administrazio publikoek plan eta programa espezifikoak onestea sustatuko dute; plan eta programa horien bidez, EZHren interpreteen, gidari-interpreteen edo bitartekaritzako profesionalen, bisita gidatuen edo bestelako bitarteko eta teknika egokien bidez, gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsutasuna dutenek iritsi eta erabiliko dituzte kultura-ondasun eta -jarduerak eta kirol-, turismo-, jolas- eta aisialdi-jarduerak, hala nola zinemak, antzokiak, naturagune babestuak, Autonomia Erkidegoaren eskumeneko museoak, monumentuak eta gainerako ondasun kulturalak.

5. Eraikuntzak.

Andaluziako administrazio publikoek eta haien erakunde instrumentalek informazioaren teknologien eta telekomunikazioen aplikazio aurreratua ezarriko dute haiek erabiltzen dituzten eraikin, establezimendu eta instalazioetan, eta teknologia horiek erabilera edo titulartasun pribatuko eraikin, establezimendu eta instalazio publikoetan aplikatzea sustatuko dute, betiere EZHren eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen erabilera bermatzeko. Gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen irisgarritasun-elementutzat hartuko dira espazio publiko urbanizatuetara eta eraikinetara (etxebizitzak barne) iristean eta haiek erabiltzean informazio-, komunikazio- eta telekomunikazio-beharrizanetara egokitutako gailuak instalatzea edo hobetzea .

6. Gizarte-ongizatea.

Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten Andaluziako administrazio publikoek beren zerbitzuak entzumen-desgaitasuna duten erabiltzaileen beharrizanetara egokitzea sustatuko dute. Horretarako, berariaz sustatuko da gizarte-zerbitzu komunitarioetako zentroetako langileen EZHko prestakuntza, eta desgaitasuna duten pertsonak balioesteko eta orientatzeko zentroetako langileena, eta mendekotasun-egoera balioesteko zerbitzuetako langileena.

12. artikulua.— Garraioak

1. Garraio publikoko geltokietan (lurrekoetan, itsasokoetan eta airekoetan), Andaluziako Autonomia Erkidegoaren edo toki-administrazioaren eskumenekoak badira eta bidaiarien trafikoaren garrantziaren arabera zehazten badira, EZHren interpreteen eta gidari-interpreteen zerbitzuak ematea sustatuko da, aurrez aurre edo teleinterpretazioaren bidez, bai eta informazioa emateko eta jendeari arreta emateko guneetan ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiliz ere.

2. Garraioko eskubide eta eginbeharrei, funtzionamendu- edo segurtasun-arauei buruzko jarraibideen edizioa edo zabalkundea, ahal den guztietan, EZHz eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez ere egitea sustatuko da.

3. Aurreko paragrafoetan aipatutako neurriak azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuaren IX. eranskineko 11.1 apartatuan aurreikusitako irisgarritasun-planen gutxieneko edukian txertatuko dira; izan ere, azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuak irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak arautzen ditu desgaitasuna duten pertsonek garraio-moduak iristeko eta erabiltzeko.

13. artikulua.— Administrazio publikoekiko harremanak

1. Andaluziako Juntako Administrazioak, haren erakunde instrumentalek, toki-administrazioek eta unibertsitateek arreta egokia eskainiko dute; EZHren erabilera eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez egiten den ahozko hizkuntzaren erabilera errespetatuko dute; langileak prestatuko dituzte; EZHko interprete-zerbitzuen, gidari-interpreteen eta bitartekaritzako profesionalen argiztapen-baldintza egokiak jarriko dituzte, bai eta haientzat beharrezkoak diren denborak eta seinaleztapena, eta ahozko komunikaziorako behar diren laguntza-bitartekoak ere.

2. Gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen irisgarritasuna sustatuko da Andaluziako administrazio publikoen telefono bidezko arreta-zerbitzuetan.

3. Langileek zuzenean artatzen ez dituzten informazio-guneak informazio osagarriko sistema irisgarriez hornitzea erraztuko da, hala nola informazioa EZHn transmititzen duten ikus-entzunezko sistemez eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoez, nola diren ikus-entzunezko sistemen azpitituluak.

14. artikulua.— Justizia Administrazioa

Andaluziako Juntako Administrazioak, Justizia Administrazioaren zerbitzuko bitarteko materialak eta giza bitartekoak hornitzeko eskumena duen sailaren bitartez, baldintza egokiak sustatuko ditu EZHren interpreteen, gidari-interpreteen eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen zerbitzuak xedatzeko, gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsutasuna dutenek komunikazioa irisgarri izan dezaten ordena jurisdikzional guztietako prozesu judizialetan eta estrajudizialetan, zeinetan pertsona haiek esku hartzen duten, betiere arlo bakoitzean indarrean dauden lege prozesaletan xedatutakoa aplikatuz.

15. artikulua.— Parte-hartze politikoa

1. Urriaren 23ko 27/2007 Legearen 13. eta 22. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, botere publikoek, alderdi politikoek eta eragile ekonomiko eta sozialek erraztasunak emango dituzte informazio instituzionalak eta komunikabideetan doan eta nahitaez emititzen diren programak erabat irisgarriak izan daitezen, hauteskunde-legeriaren eta legeria sindikalaren arabera, gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat edo gor-itsutasuna dutenentzat, eta irisgarritasun hori lortuko da, bai EHLn emitituz edo banatuz, bai zuzenean azpititulatuz.

2. Andaluziako Parlamentuak eta toki-erakundeek EZHren interpretazioa sustatuko dute, bai eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak eta azpitituluak egotea eta erabiltzea ere, izaera publikoko osoko bileretan eta hala erabakitzen den interes orokorreko beste edozein bileratan, baldin eta gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsutasuna dutenek parte hartzen badute eta aldez aurretik hala eskatzen badute.

16. artikulua.— Komunikabide sozialak, telekomunikazioak eta informazioaren gizartea

1. Andaluziako administrazio publikoek beharrezko neurriak bermatuko dituzte komunikabide sozialak, haien araudi espezifikoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, irisgarri izan daitezen gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat, zeinek EZH eta ahozko hizkuntza erabiltzen duten.

2. Andaluziako administrazio publikoek telekomunikazioetarako irisgarritasuna sustatuko dute, eta, horretarako, EZH, azpitituluak eta, beharrezkoa izanez gero, audiodeskripzioa txertatuko dituzte pixkanaka, bai eta informazioa iristeko sistemak ere, titulartasun publikoko edo funts publikoekin finantzatutako Interneteko atari eta orrietan, bai eta jendeari oro har garrantzi ekonomiko berezia duten zerbitzuak ematen dizkioten enpresenetan ere, baldin eta enpresa horiek abenduaren 28ko 56/2007 Legearen 2. artikuluan ezarritako betebeharraren mende badaude; izan ere, lege hori Informazioaren Gizartea bultzatzeko Neurriei buruzkoa da. Txertatze horrek kalitate-estandar normalizatuak beteko ditu, eta, bereziki, ematen diren zerbitzu irisgarriei buruzko informazioari eragingo dio.

3. Andaluziako administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen eremuan, desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasun-estandarren bultzada, garapena eta aplikazioa, eta denentzako diseinua sustatuko dute, informazioaren gizartearen teknologia berrietan oinarritutako elementu eta prozesu guztietan.

Ikus-entzunezko euskarrien garapena sustatuko da, hala nola EZH, azpitituluak eta audiodeskripzioa barne hartzen dituzten material didaktikoen eta zabalkunde- eta informazio-materialen garapena, informazioaren eta ezagutzaren gizartean irispidea eta irisgarritasuna errazteko.

4. Andaluziako administrazio publikoek eta beste erakunde publiko zein pribatuek antolatutako edo diruz lagundutako kongresu, jardunaldi, sinposio, mintegi eta bestelako ekitaldietan, zeinetan gorrak, entzumen-desgaitasuna dutenak eta gor-itsutasuna dutenak dauden edo parte hartzen duten, horien irisgarritasuna erraztuko da; horretarako, EZHren interpreteen edota gidari-interpreteen zerbitzuak emango dira, edo ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiliko dira, interesdunek aldez aurretik eskatzen dutenean. Era berean, espazio egokiak eta irisgarriak gordeko dira pertsona horientzat, eta baldintza tekniko egokiak bermatuko dira interpretazioko eta gida-interpretazioko lanpostuak betetzeko.

5. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei eta gor-itsutasuna dutenei hurbiltzeko, haien prestakuntza sustatuko da teknologia horiek erabiltzeko.

17. artikulua.— Ikerketa

1. Andaluziako Juntako Administrazioak EZHren eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen ikerketa bultzatuko du, eta haren lankide izango dira Andaluziako unibertsitate publikoak; gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen, gor-itsuen eta haien familien ordezkari diren erakundeak; eragile ekonomiko eta sozialak, eta ikerketan diharduten beste erakunde batzuk.

2. Era berean, ikerketa sustatuko du gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen berrikuntza pedagogikoari buruz, eta haien hezkuntza elebidunaren garapenari eta jarraipenari buruz.

3. Andaluziako Juntako Administrazioak EZHren eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen aplikazioari buruzko ikerketa sustatuko du partaidetza-eremu guztietan, hala nola hezkuntzan, enpleguan, kulturan, teknologia berrietan, informazioaren eta ezagutzaren gizartean, gizarte-ongizatean, osasunean eta eraikuntzan, besteak beste. Horretarako, EZH eta ahozko hizkuntza erabiltzen duten pertsona desgaituen iritzia jasoko du, haien ordezkaritza-erakundeen eta familien bitartez, bai eta eragile ekonomiko eta sozialen bitartez ere.

4. Andaluzian proiektu teknologikoak garatzean, horien produktu, ondasun eta zerbitzu berriek EZH edo ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak barne hartzen badituzte, kontuan hartuko da desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak ordezkatzen dituzten erakundeen parte-hartzea.

Lehenengo xedapen gehigarria.— Legearen Jarraipen Batzorde Berezia

Desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eskumena duen sailaren agindu baten bidez, jarraipen-batzorde berezi bat sortuko da Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntzeko Andaluziako Kontseiluaren barruan; batzorde horretan ordezkaritza izango dute: gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen edo gor-itsuen antolakundeek eta haien familiek; toki-administrazioaren ordezkariek, eta eragile ekonomiko eta sozialek; gainera, batzorde horren helburua hauxe izango da: lege honetan jasotako neurriak bultzatzea eta haiek betetzen direla zaintzea, eta, horretarako, neurri egokiak proposatuko dituzte haiek eraginkortasun osoa izan dezaten.

Batzorde horren osaeran, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua errespetatuko da.

Bigarren xedapen gehigarria.— Egiturazko zuzkiduraren bermeak

Andaluziako botere publikoek behar diren giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak sustatuko dituzte lege honen xede diren ekintza positiboko neurriak exekutatzeko, bai eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen arloko politika publikoen zeharkakotasuna garatzeko ere.

Hirugarren xedapen gehigarria.— Laguntza teknikoak eta beste bitarteko batzuk

Andaluziako Administrazioak, bere eskumenen eremuan, bere aurrekontu-baliabideen barruan, finantzaketa emango die pertsonei eta erakundeei, laguntza-produktuak eta bitarteko teknikoak eskura ditzaten, eta giza baliabideak ipiniko ditu, desgaitasuna duten pertsonen komunikaziorako irisgarritasuna errazteko Andaluziako EZHren eta ahozko hizkuntzaren erabiltzaileen artean.

Andaluziako erakundeek laguntzak jaso ahal izango dituzte laguntza-produktu, bitarteko tekniko eta giza baliabide horietarako; laguntzok, berriz, helburu hau izango dute: neurriak egokitzea, baldin eta horien arrazoia bada komunikaziorako irisgarritasunaren arloan arrazoizko egokitzapenak egitea, betiere, EZHren eta ahozko hizkuntzaren erabiltzaileak izanik, desgaitasuna duten pertsonek lanpostua iritsi, euren burua prestatu eta lanpostuan gora egin dezaten. Neurri horien onuradun izan daitezke: Andaluziako administrazio publikoak; gorren eta haien familien ordezkari diren erakundeak; enpresa pribatuak; irabazi-asmorik gabeko erakundeak, eta eragile ekonomiko eta sozialak.

Laugarren xedapen gehigarria.— Arbitraje-sistema

Arbitraje-sistemaren aplikazio eraginkorra honen mende geratzen da: Andaluziako Autonomia Erkidegoko aukera-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren arbitraje-batzordea eratu eta abiaraztearen mende, araudi estatalean xedatutakoaren arabera.

Bosgarren xedapen gehigarria.— Araudi estatala errepikatzea

4., 5., 6., 7., 8., 9., 10., 11., 12., 13., 15. eta 16. artikuluek, neurri batean, Espainiako Konstituzioaren 149.1.1 artikuluaren babesean Estatuak emandako arauak errepikatzen dituzte, zeinak urriaren 23ko 27/2007 Legean jasota dauden; izan ere, lege horren bitartez Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortzen dira, eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen dira.

Azken xedapenetako lehenengoa.— Arau-garapena eta exekuzioa

1. Baimena ematen zaio Andaluziako Juntako Gobernu Kontseiluari lege honetan aurreikusitakoa arauz garatzeko eta exekutatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan, urriaren 23ko 27/2007 Legearen azken xedapenetako bosgarrenean ezarritako epeen arabera. Lege honen erregelamenduz garatuko da Andaluziarako Autonomia Estatutuaren 112. eta 119.3 artikuluetan eta Andaluziako Autonomia Erkidegoko Gobernuari buruzko urriaren 24ko 6/2006 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Era berean, Gobernu Kontseiluak erregelamendu bat egingo du berariaz, Andaluzian irisgarritasunari eta komunikazio-oztopoak ezabatzeari buruzko arau teknikoak onesteko.

Aurreko paragrafoan aipatzen den erregelamendu-garapena gehienez ere hiru urteko epean egin beharko da.

Azken xedapenetako bigarrena.— Indarrean jartzea

Lege hau Andaluziako Juntaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper