Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.1.57. 27/2007 Legea, urriaren 23koa, Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortu, eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen dituena


8.1.57. 27/2007 Legea, urriaren 23koa, Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortu, eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen dituena[343]

HITZAURREA

I

Gorrak, entzumen-desgaitasuna dutenak eta gor-itsuak, nagusiki, entzuten duten pertsonez osatutako gizarte batean bizi dira, eta, beraz, euren burua gizarteratzeko, komunikazio-oztopo batzuk gainditu behar dituzte, zeinak itxuraz ikusezinak baitira entzumen-desgaitasunik ez duten pertsonentzat. Lege honek egoera hori konpondu nahi du, eta informazioa eta komunikazioa eskuratzeko erraztasunak eman nahi dizkie halako pertsonei, betiere heterogeneotasuna eta talde bakoitzaren beharrizan espezifikoak kontuan hartuta.

Era berean, legean nagusi da gorrek komunikazio-modua aukeratzeko duten askatasunaren printzipioa, edozein dela ere pertsona horien entzumen-desgaitasuna; printzipio hori ere gor-itsuei aplikatzen zaie. Horrenbestez, modu bereizian aitortzen eta arautzen dira espainiar zeinu-hizkuntzaren ezagutza, ikaskuntza eta erabilera, bai eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ere.

Zalantzarik gabe, hizkera da komunikazio-tresna nagusia. Hizkuntza bat ezagutzeak eta erabiltzeak errazago egiten dute ezagutza eta informazioa eskuratzea eta transmititzea, eta, gainera, harreman indibidualak eta sozialak egituratzeko oinarrizko bidea da. Horrela, hizkuntza ez da norbanakoaren askatasunaren adierazpen hutsa, ezpada eremu pertsonalak gainditzen ditu, eta ezinbesteko tresna bihurtzen da gizartean bizitzeko.

Gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek ezin dute beti informazioa eta ingurunearekiko komunikazioa eskuratu, dela zeinu-hizkuntzaren interpreterik ez dutelako, adibidez zeinu-hizkuntza erabiltzen duten gorrek eta gor-itsuek, dela ahozko hizkuntzaren bidezko komunikazioa ahalbidetzeko beharrezkoak diren laguntza-baliabideak ez dituztelako. Izan ere, lege hau aplikatu behar den arlo gehienetan, askotan, ez dago ikusmen- eta soinu-egokitzapenik, entzumen-informazioa hobeto entzuteko eta jasotzeko, edo ez daude ahozko komunikaziorako behar diren laguntza-bitartekoak edo zeinu-hizkuntzaren interpreteen zerbitzua.

Gor-itsutasunak zailtasun bereziak ditu; bi zentzumen-gabezia konbinatzen ditu (ikusmenekoa eta entzumenekoa), eta desgaitasun hori dutenei komunikazio-arazo bakarrak eta beharrizan bereziak sortzen zaizkie; beharrizanok sortzen dira ingurunea modu globalean hautemateko, ezagutzeko, eta, beraz, hartaz interesatzeko eta hari moldatzeko pertsona horiek duten zailtasunaren ondorioz. Gor-itsu horietako batzuk erabat gorrak eta itsuak dira, eta beste batzuek entzumen- edota ikusmen-arrastoak dituzte.

Publizitatea eskatzea zuzenbide-estatuaren berezko ezaugarria da, eta eskakizun hori dela-bide arauek irisgarriak izan behar dute herritar guztientzat; ezin da esan herritarrek sistema demokratiko baten eremuan benetan eta eraginkortasunez parte hartzen dutenik, baldin eta informazioa eta komunikazioa eskuratzerik ez badute eta beren ideiak eta asmoak hizkuntza baten bidez adierazterik ez badute; jakin behar dugu, gizarte- eta kultura-integrazio unibertsala lortu ahal izateko, herritarren parte-hartzea edozein gizarte- eta kultura-eremutan islatu behar dela hizkuntzaren ezagutza eta erabilera eskuratzearen bidez —estatu sozial baten eskakizuna—; horrez gainera, gaur egungo gizarteetan informazioa idatzizko eta ikus-entzunezko hedabideen bidez transmititzeak garrantzia hartu du. Bada, horrek guztiak nahitaezko bihurtzen du hizkuntza baten erabilera eta ezagutza lotuta egotea nortasunaren garapen askearekin, eta, azken batean, giza bizitza duina lortzearekin.

Edozelan ere, gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen kolektiboa askotarikoa da, eta ez dator bat komunikazio-eredu bakar batekin, ez entzuteagatik edo, gor-itsuen kasuan, ez entzuteagatik eta ez ikusteagatik —gor-itsutasunak bi urritasunok konbinatzen ditu—. Beraz, ahozko hizkuntza edo Espainiako zeinu-hizkuntzak erabiltzeak eta ahozko komunikabideei laguntzeak aukera aske eta indibidual bati erantzun behar diote ingurunearekin komunikatzean, ikastean, eta informazioa eta kultura eskuratzean; aukera hori, adingabeei dagokienean, gurasoei edo tutoreei dagokie.

II

Zeinu-hizkuntzei buruzko aurrekari historikoak, Espainian, xvi. mendean hasi ziren, hezkuntzaren ikuspegitik, monjeak haur gorrak hezten hasi zirenean. Pedro Ponce de León monje beneditarrak bere ardurapean zituen haur gorrei euren burua komunikatzen irakatsi zien, eta horri esker berriz ere ebaluatu ahal izan ziren gorrei buruz denbora luzez ikasitako sinesmenak, eta horrek lagundu zuen pertsona horiei buruz zegoen pentsamoldea eta horiek gizartean zuten lekua pixkanaka aldatzen. Garai hartan, monasterioak isilik egotera behartuta zeuden, eta eskuzko zeinuak erabiliz komunikatzen zuten elkar monasterioetakoek; esate baterako, beneditarren esku zeuden «garrantzi handieneko gauzetarako zeinuak, eta horiekin elkar ulertzen zuten». Pedro Ponce de Leónek ulertu bide zuen arrazoia hitzik egin gabe adieraz zitekeela, zeren berak egiten baitzuen bere pentsamenduak zeinu monastikoen bidez adierazten zituen bakoitzean, eta haur gorrekin keinuzko komunikazio-sistema bat erabili zuen.

xvii. mendean metodologia aldatu egin zen, eta Manuel Ramírez de Carrión jaunak bere garaiko pedagogia erabili zuen haur gorrei irakaskuntza emateko, betiere haiek gizartean integra zitezen prestatze aldera.

xviii. mendearen bigarren erdian, Lorenzo Hervás y Panduro jaunak tratatu hau argitaratu zuen: Escuela española de sordomudos o arte para enseñarles a escribir y hablar el idioma español, zeina funtsezko mugarria baita gorren integraziorako ahalegin pedagogikoan.

Espainiako eskolak gorren hizkuntza naturalerako garrantzi handia duten obrak ekoitziko ditu oraindik ere; esate baterako, Francisco Fernández Villabrille jaunaren mimika eta daktilologiako hiztegia, zeinak zeinu-hizkuntzaren 1.500 zeinu zituen espainiar zeinu-hizkuntzaz egiteko. Zalantzarik gabe, espainiar zeinu-hizkuntza estandarizatzeko ordura arte egindako urratsik garrantzitsuena da, eta espainiar zeinu-hizkuntza naturala ez ezik, historikoa ere badela erakusten du.

xix. mendean, Espainian gor-mutuen eta itsuen lehenengo ikastetxeak ezarri zirenean, gorren, itsuen eta gor-itsuen hezkuntza instituzionalizatzeko aukera eman zen, eta haren ondorioz pertsona horien arteko hizkuntza- eta gizarte-interakzioa sortu zen, eta zeinu-protohizkuntza espainiarra eta katalana modu sistematikoan garatzen hasi ziren.

xx. mendearen azken laurdenean, zeinu-hizkuntza espainiarra eta katalana aldarrikarazi ziren, hizkuntza horietako bat askatasunez aukeratzen duten gorren komunikazio-tresna gisa. Nazioko eta nazioarteko topaketa askotan eztabaidatu da ea beharrezkoa den hizkuntza horiek aitortzea eta erabiltzea, zertarako eta hezkuntza, zerbitzuak, bizitza ekonomikoa eta kulturala, komunikabideak eta informazioaren teknologia berriak pertsona horiek erabat eskuragarri dituztela bermatzeko, eta eztabaidatu da ea aitortzea eta erabiltzea beharrekoak diren komunikazio-modalitate hori aukeratu duten gorren garapen pertsonalerako eta parte-hartze sozialerako.

Hizkuntzaren erabileraren eta ezagutzaren garrantzia errealitate ukaezina da gaur egun. Hala eta guztiz ere, hizkuntzaren garrantziari buruzko eraikuntza hori beste egoera batzuei bizkarra emanez eratu da. Izan ere, hizkuntzaren balioa aitortzeak entzumen-desgaitasuna duten pertsonen beharrizanei erantzun behar die.

Espainiako zeinu-hizkuntzek, hizkuntza-modalitate hori aukeratu duten gorren eta gor-itsuen berezko hizkuntzak izanik, ez dute haiei dagokien aitortza eta garapena izan, nahiz eta nazioko eta nazioarteko eremuetan egindako ikerketa ugarik agerian utzi duten zeinu-hizkuntzek hizkuntza natural baten betekizun guztiak betetzen dituztela eta berezko zaizkien ezaugarri gramatikalak, sintaktikoak eta lexikoak dituztela. Arestian, egoera hori konpondu egin da, eta horren erakusgarri da arau ugari onetsi izana; horien artean, nabarmentzekoak dira zenbait autonomia-estatutu, zeinek aitortzen baitute zeinu-hizkuntzen garrantzia.

III

Espainian, aberastasun hori ez duten beste herrialde batzuen aldean, zeinu-hizkuntzaren errealitateak beste dimentsio bat hartzen du; izan ere, zeinu-hizkuntza katalana egoteak argi eta garbi adierazten du zelan komunikazio-bide horren bitartez bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean eta kulturalean bete-betean parte har daitekeen.

Zeinu-hizkuntza katalana, zeina baita komunikazio-modalitate hori aukeratu duten Kataluniako gorren berezko hizkuntza, eta, beraz, gorrek eguneroko bizitzako komunikazioetan erabiltzen dutena, espainiar zeinu-hizkuntzak Espainiako gainerako lekuetan egin duen antzera garatu da Katalunian; hala, ingurune geografiko historiko eta kulturalarekin lotura estua duen komunikazio-egitura linguistikoa sendotuz joan da. Kataluniako Parlamentuak 1994ko ekainaren 30ean hauxe onetsi zuen: «Legez besteko proposamena, zeinu-hizkuntzaren ezagutza sustatzeari eta hedatzeari buruzkoa», eta Kataluniako unibertsitate batzuek «zeinu-hizkuntza katalanaren interpretazioko aditua»ren graduondoko programa bat eskaintzen dute; programa horren dimentsio profesionala bermatuta dago lan-ondorioetarako. 2005. urtean, lehenengo Gramática básica de lengua de signos catalana agertu zen, eta, gainera, hizkuntzaren aldetik balio handia duen bibliografia zientifiko ugari dago. Azkenik, 2006. urtean, Kataluniako Autonomia Estatutuak zeinu-hizkuntza katalana aitortu egin zuen.

IV

Ahozko komunikazioa sustatzen eta ahalbidetzen duten baliabideak erabiltzen dira —ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez, hala nola ezpain-irakurketa, entzumen-protesiak, azpitituluak eta beste edozein aurrerapen teknologiko—; bada, erabilera hori komunikabide hori askatasunez aukeratu duten gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen oinarrizko eskubidea da.

xx. mendea izan da aurrerapen bizkorrenen unea medikuntzarekin, audiologiarekin, zientziarekin, teknologiarekin, pedagogiarekin eta ezpain-irakurketarekin aliantzan, entzumenari dagokionez. Horrela, diziplina horien ekarpenek ezin pentsatuzko itxaropenak ekarri dituzte hezkuntzarako eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonek ahozko komunikaziorako irispidea izan dezaten, bai eta ingurunearekin integratzeko eta parte-hartze aktiboagoa izan dezaten ere.

Aurrerapen teknologikoei esker, gorrak edo entzumen-desgaitasuna duen pertsonak edo gor-itsuak ahozko hizkuntza erabil dezakete, hau da, beren kultura-, lan- eta gizarte-ingurunekoa dena, betiere entzumen-protesien bidez estimulatuta eta ahozko komunikazioan laguntzeko baliabideak eta bitartekoak erabilita. Kontuan izan behar da entzumen-galerak sortzetikoak izan daitezkeela, txiki-txikitatik ager daitezkeela eta helduaroan zehar ere har daitezkeela; hori dela eta, beharrezkoak diren baliabide guztiak aurreikusi behar dira pertsona horien garapen pertsonala, lanekoa, kulturala eta baita akademikoa ere ahalik eta gehien faboratzeko, eta horretarako printzipio hauek bete behar dira: autonomiarena, normalizazioarena, gizarteratzearena eta hezkuntzarena, eta erkidegoan parte hartzearena; gainera, profesional egokiak eta behar bezala kualifikatuak eduki behar dira, pertsona haien beharrizan guztiei erantzun ahal izateko.

V

Denbora luzez, gizarteak gizakiaren eredu unibertsal bat hartu du erreferentziatzat duintasunaren ideia islatzeko garaian. Eta hortik aurrera, eta ahalegin handia eginaz, gizartea desberdintasunak aitortzen eta balioesten saiatu da, bereizketa positiboaren printzipioa erabiliz. Arau-mota horrek berdintasunaren ideia bat erabiltzen du, hain zuzen ere, desberdintasuna onartzetik abiatzen dena, eta haren helburua da ahalik eta gutxienak izatea desberdintasun horrek eskubideak baliatzean eta giza bizitza duin baten garapenean eragiten dituen ondorioak.

Desgaitasunaren tratamendua ez da joera horretatik kanpo geratu. Azken urteotan, bai nazioarteko eremuan bai nazioko eremuan, zenbait arau agertu dira, zeinek helburu baitute eskubide espezifikoak aitortzea, betiere desgaitasun-egoera egoera esanguratsua dela ulertuta.

Horrekin batera, eta desgaitasuna duten pertsonen egoerarekin zuzenean lotuta, mota horretako neurriak beste arrazoibide batzuen bidez justifikatu nahi izan dira. Izan ere, xx. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, desgaitasuna ulertzeko modua aldatzen hasi da, eta aldaketa horrek arazo honi aurre egiteko beste modu bat sorrarazi du.

Aldaketa horiek eragina izan dute nazioarteko zuzenbidean; izan ere, zenbait dokumentutan aitortzen da aukera-berdintasunerako eskubidea, eta, horien artean, Desgaitasuna duten Pertsonen Aukera Berdintasunerako Arau Bateratuak nabarmentzen dira; horrela, nazioarteko zuzenbideko zenbait xedapenetan jasota dago komunikazioaren irisgarritasuna. Horrela, Nazio Batuen Erakundeak 1993ko abenduaren 20ko 48/96 Ebazpenean, zehazki 5. artikuluko 7. apartatuan, honelaxe dio: «Zeinu-hizkuntza haur gorren hezkuntzan erabiltzea, bai eta haien familia eta erkidegoetan ere. Era berean, zeinu-hizkuntza interpretatzeko zerbitzuak eman behar dira, gorren eta gainerako pertsonen arteko komunikazioa errazteko». Aldi berean, 6. apartatuan ezartzen da estatuek teknologia egokiak erabili behar dituztela entzumen-desgaitasuna duten pertsonei ahozko informazioa eskuratzeko aukera emate aldera.

Era berean, Europar Batasunak eta Europako Kontseiluak aitortzen dute pertsona guztiek legearen aurrean berdinak izateko eta diskriminazioaren aurka babestuak izateko duten eskubidea: lehenengoak, Oinarrizko Eskubideen Gutunaren bidez, eta bigarrenak, berriz, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Europako Konbentzioaren bidez. Europar Batasunak eskubide hau aitortu eta errespetatzen du: desgaitasuna duten pertsonek beren autonomia, gizarteratzea eta erkidegoko bizitzan parte hartzea bermatzeko dauden neurriez baliatzekoa. Hezkuntza-beharrizan Berezietarako Europako Agentziak, berriz, beharrizan berezietarako hezkuntzaren funtsezko printzipioei buruzko 2003ko Dokumentuan, estatuei gomendatzen die integrazioa bultzatuko duen lege- eta politika-esparru bat, zeinak integrazioa lagunduko baitu inklusiorantz jotzen duten garapenak eta prozesuak zabalduko dituzten bitartekoen bidez.

Beste alde batetik, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak gomendioa egin zuen Europako Kontseiluko estatu kideetan zeinu-hizkuntza babesteari buruz (2003ko martxoaren 17ko 9738 dokumentua), eta horren helburua hauxe izan zen: zeinu-hizkuntza komunikabide natural eta osoa dela eta gaitasuna duela aitortzea, entzumen-mugak dituzten pertsonen gizarteratzea sustatzeko, eta pertsona horiek errazago irits ditzaten hezkuntza, enplegua eta justizia. Ildo beretik, Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioaren 2001eko 1492 Gomendioak —gutxiengo nazionalen eskubideei buruzkoak— zeinu-hizkuntza ofizialki aitortzeko gomendatu die estatu kideei. Era berean, ildo berean, Europako Parlamentuaren 1/2004 Adierazpenak, gor-itsuen eskubideei buruzkoak, honako hau adierazten du: «Gor-itsuek Europar Batasuneko gainerako herritarren eskubide berak izan beharko lituzkete, eta eskubide horiek estatu kide bakoitzean legeria egoki baten bidez bermatu beharko lirateke».

VI

Espainian, abenduaren 2ko 51/2003 Legeak, desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak[344], bat egin du joera berri horrekin. Lege horrek, Espainiako Konstituzioaren manuak garatzeko, besteak beste, baldintzak sustatzen ditu pertsonen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izate aldera, eta, horretarako, askatasun eta berdintasun horien osotasuna eragozten edo zailtzen duten oztopoak kentzen ditu, eta bizitza politikoan, kulturalean eta sozialean pertsona horien parte-hartzea errazten du (Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikulua); era berean, botere publikoek desgaitasuna duten pertsonei arreta espezializatua emateko duten betebeharra betetzen du lege horrek, betiere Konstituzioak herritar guztiei aitortzen dizkien eskubideak baliatzeko (Konstituzioaren 49. artikulua).

51/2003 Legearen oinarrian dauden printzipioak betetzeko, gizartea normalizatuko duten neurriak hartu behar dira, gizarte hori herritar guztiei eta, zelan ez, desgaitasuna duten pertsonei ahalik eta gehien irekitzeko, eta neurri horien helburu nagusia pertsona horiek baldintza, aukera eta posibilitateen berdintasunean kokatzea izango da, betiere pertsonok oinarrizko eskubideak eta bizitza duina gara ditzaten (Espainiako Konstituzioaren 10.1 eta 14. artikuluak). Ildo horretan, lege horrek beren-beregi jasotzen du zeinu-hizkuntzaren erregulazioa, bai eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoena ere.

Hala, hizkuntzak informazio- eta ezagutza-tresna gisa duen garrantzia eta Espainiako arau-esparru konstituzional eta legala kontuan hartuta, botere publikoen betebeharra da ahozko hizkuntzaren ahozko eta idatzizko adierazpenerako irispidea erraztuko duten bitartekoak garatzea gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat, bai eta Espainiako zeinu-hizkuntzak ikasi, ezagutu eta erabiltzeari buruzko oinarrizko araudia eratzea ere.

VII

Lege honek bi eskakizun horiei erantzuten die, sinetsita baikaude gizartea desgaitasunaren gaiari buruz normalizatu behar dela eta desgaitasuna duten pertsonak gizarte-eremu guztietan integratu behar direla; horregatik, aukera sustatu behar da pertsona horiek euren burua hizkuntzaren bidez komunikatzeko, ahoz edota zeinuen bidez. Aukera hori ezin da izan soilik desgaitasuna duten pertsonei zuzenean zuzendutako neurri-multzo bat ezartzea, baizik eta gainerako herritarrei ere eskaini behar zaie, zerbitzu publikoa ematen duten instituzio eta erakunde guztietan ahozko hizkuntzaren edota zeinu-hizkuntzaren erabilera eta ulermena bermatuz, zertarako eta oinarrizko eskubideak benetan eta eraginkortasunez baliatu ahal izateko. Ez da ahaztu behar komunikaziorako oztopoak ezabatzeak desagerrarazten dituela entzumen-mugak dituzten pertsonen eta horrelako mugarik ez duten pertsonen arteko komunikazio-zailtasunak —izan ere, komunikazioak subjektuen arteko harreman-fenomenoa dakar—; beraz, onurak ez dira gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen eta gor-itsuen talde espezifikoarentzat bakarrik, gizarte osoarentzat baizik.

Norbanakoen gaitasunak eta ahalmenak ditu abiapuntu legeak, eta horren helburua norbanakoen gaitasunak garatzeko aukera bermatzea da, betiere giza duintasuna errespetatuz. Badakigu jakin entzumen-mugak dituzten pertsonek eta gor-itsuek —zeinengan bi zentzumen-urritasun (ikusmenekoa eta entzumenekoa) konbinatzen baitira— beharrizan desberdinak dituztela; hori dela eta, pertsona batzuek zeinu-hizkuntzaren bidez komunikatzea aukeratzen dute, eta beste batzuek, aldiz, nahiago dute ahozko komunikazioa sustatzen eta ahalbidetzen duten baliabideak erabiltzea; legeak aukera-eskubidea aitortzen du, eta, azken batean, aukera egitea interesdunon esku uzten du: entzumen-desgaitasuna duten pertsonak eta gor-itsuak, edo haien gurasoak edo tutoreak, horiek adingabeak badira.

VIII

Legeak ondorengo egitura du: atariko titulua; lehenengo titulua, bi kapitulutan banatuta; bigarren titulua, bi kapitulutan banatuta; zazpi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta sei azken xedapen.

Legeak, atariko tituluan, hauek aitortu eta arautzen ditu: espainiar zeinu-hizkuntza, hargatik eragotzi gabe zeinu-hizkuntza katalana aitortzea haren hizkuntza-erabileraren eremuan; ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak; Espainiako zeinu-hizkuntzak ikasteko, ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea, eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ere; horrenbestez, askatasunez aukera daitezke hizkuntza horiekin komunikatzeko baliabideak. Era berean, legearen aplikazioak izango dituen ondorioak arautzen ditu.

Beste alde batetik, araudi honetan zehar sortzen diren kontzeptuak aipatzen ditu, eta horietako bakoitza aztertzen du; kontzeptuon azalpen hori ezinbestekoa da legearen interpretazio egokia bermatzeko; era berean, legea zer printzipiotan oinarritzen den ere ezartzen du. Azkenik, zeharkakotasun-printzipioari jarraituz, legea zein arlotan aplikatuko den jasotzen du.

Lehenengo titulua Espainiako zeinu-hizkuntzak ikasteari, ezagutzeari eta erabiltzeari buruzkoa da; zehazki, I. kapituluan, haren ikaskuntza arautzen da hezkuntza-sistemarako, eta II. kapituluan, berriz, Espainiako zeinu-hizkuntzak hizkuntza-interpreteen bidez arlo publiko eta pribatuetan zelan erabili arautzen da.

Azkenik, Espainiar Zeinu Hizkuntzaren Normalizazio Linguistikorako Zentroa sortzea xedatu da.

Bigarren titulua ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen ikaskuntzari, ezagutzari eta erabilerari buruzkoa da; zehazki, I. kapituluan ikaskuntza hori arautzen da hezkuntza-sistemarako, eta II. kapituluan ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen erabilera jasotzen da arlo publiko eta pribatuetan.

Azkenik, Azpititulazio eta Audiodeskripzioaren Espainiako Zentroa sortzea xedatu da.

Legeak, lehenengo xedapen gehigarrian, jarraipen-batzorde bat sortzen du Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalaren barruan, eta urtebeteko epea ezartzen du hura eratzeko.

Bigarren xedapen gehigarriak egitura-zuzkiduraren bermeak ezartzen ditu.

Hirugarren xedapen gehigarriak arbitrajearekin eta babes judizialarekin lotutako berme juridikoak jasotzen ditu.

Laugarren xedapen gehigarriak Espainiako zeinu-hizkuntzen interpreteen eta profesionalen egoeraren araubide iragankorra zehazten du.

Bosgarren xedapen gehigarriak Gobernuari agintzen dio azterlan bat egin dezala zeinu-hizkuntzen profesionalei buruz eta lan hori egiteko behar diren titulazioei buruz.

Seigarren xedapen gehigarria gor-itsuek behar duten arreta bereziari buruzkoa da.

Zazpigarren xedapen gehigarria entzumenerako laguntza teknikoen finantzaketari buruzkoa da.

Xedapen indargabetzaileak legeak ezartzen duenaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapenak indargabetzen ditu.

Azken xedapenetako lehenengoak aurreikusi du legeak oinarrizko izaera duela.

Azken xedapenetako bigarrenak abenduaren 2ko 51/2003 Legearen osagarritasuna ezartzen du.

Azken xedapenetako hirugarrenak legearen finantzaketa hartzen du kontuan.

Azken xedapenetako laugarrenak ahalmenak ematen ditu legea betearazteko eta garatzeko.

Azken xedapenetako bosgarrenak erabakitzen du legea pixkanaka aplikatuko dela.

Azken xedapenetako seigarrenak arautzen du noiz jarriko den indarrean legea.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.— Legearen xedea

Lege honen xedea da espainiar zeinu-hizkuntza Espainian hura erabiltzea askatasunez erabakitzen duten gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen hizkuntza gisa aitortzea eta arautzea, hargatik eragotzi gabe zeinu-hizkuntza katalan haren hizkuntza-erabileraren eremuan aitortzea, bai eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzea ere.

Era berean, ondoko hau ere lege honen xedea da: zeinu-hizkuntza katalana Katalunian erabiltzea askatasunez erabakitzen duten gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen hizkuntza gisa aitortzea, hargatik eragotzi gabe Kataluniako Generalitatek, bere eskumenak garatuz, gerora egin dezakeen lege- eta erregelamendu-erregulazioa.

Lege honetan espainiar zeinu-hizkuntza aipatzen den guztietan, Espainiako gainerako zeinu-hizkuntzak aipatzen direla ulertuko da, zein bere lurralde-eremurako, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidego bakoitzaren araudiak haren eskumenak egikarituz ezartzen duena.

Lege honen xedea ere bada gorren, desgaitasuna duten pertsonen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ikasteko, ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

2. artikulua.— Espainiako zeinu-hizkuntzak eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ikasi, ezagutu eta erabiltzeko eskubidea

Eskubidea aitortzen da gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuak direnek askatasunez aukera dezaten Espainiako zeinu-hizkuntzak ikasteko, ezagutzeko eta erabiltzeko, bai eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoetarako ere, betiere lege honetan ezarritakoaren arabera.

3. artikulua.— Legearen ondorioak

1. Lege honetan ezarritako arauek Espainiako lurralde osoan izango dituzte ondorioak, betiere autonomia-erkidegoen eremuan bakoitzari dagokion erregulazioari kalterik egin gabe; edozelan ere, azken xedapenetako lehenengoak aipatu berdintasuna bermatuko da.

2. Lege honetan, behar diren neurri eta bermeak ezartzen dira, gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek askatasunez erabili ahal izan ditzaten Espainiako zeinu-hizkuntzak edota ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arlo publiko eta pribatu guztietan, eta horren helburua da eskubide eta askatasun konstituzionalen egikaritza eragingarri bihurtzea, eta, bereziki, nortasunaren garapen askea, oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzeko prestakuntza, hezkuntzarako eskubidea, eta bizitza politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalean oso-osorik parte hartzea.

3. Lege honen II. tituluan ezarritako neurriak eta bermeak bete-betean aplikatuko zaizkie gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei eta gor-itsuei, Espainiako zeinu-hizkuntzak erabiltzen dituztenean ahozko hizkuntzak erabiltzean.

4. artikulua.— Definizioak

Lege honen ondorioetarako, honako hauek honela ulertzen dira:

a) Zeinu-hizkuntza: ikusmen-, espazio-, keinu- eta eskuzko hizkuntzak edo hizkuntza-sistemak dira, zeinen osaeran faktore historikoek, kulturalek, linguistikoek eta sozialek parte hartzen duten; izan ere, hizkuntza horiek gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek erabiltzen dituzte Espainian zeinuen bidez hitz egiten dutenean.

b) Ahozko hizkuntza: Espainiako Konstituzioan ofizialki aitortutako hizkuntzei dagozkien hizkuntzak edo hizkuntza-sistemak dira, eta autonomia-estatutuetan haiei dagozkien lurralde-eremuetarako ofizialki aitortutakoak, zeinak Espainian hizkuntza gisa erabiltzen baitituzte gor oralistek, entzumen-desgaitasuna duten oralistek eta gor-itsu oralistek.

c) Ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak: gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek erabiltzen dituzten kodeak eta komunikabideak dira, bai eta haiek erabiltzen dituzten baliabide teknologikoak eta laguntza teknikoak ere, zeinek errazten baitute ahozko eta idatzizko adierazpenerako irispidea, ingurune osoarekiko komunikazioa faboratuz.

d) Gorrak edo entzumen-desgaitasuna dutenak: arrazoi horregatik % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortua duten pertsonak, zeinek eguneroko bizitzan oztopoak baitituzte beren komunikazioan, edo, oztopook gaindituta ere, komunikaziorako bitartekoak eta laguntzak behar baitituzte.

e) Gor-itsuak: ikusmenaren eta entzumenaren narriadura konbinatua duten pertsonak dira, narriadura horrek informazioa, komunikazioa eta mugikortasuna lortzea eragozten dielarik. Desgaitasun horrek eragin larria du gutxieneko bizitza autonomoa izateko beharrezkoak diren eguneroko trebetasunetan, eta hauek behar ditu: zerbitzu espezializatuak, arreta emateko prestakuntza espezifikoa duten langileak eta komunikazio-metodo bereziak.

f) Hizkuntzaren erabiltzailea: ingurunearekin komunikatzeko hizkuntza jakin bat erabiltzen duen pertsona da. Bi hizkuntza erabiltzen dituzten pertsonak elebiduntzat jotzen dira.

g) Zeinu-hizkuntzaren erabiltzailea: komunikatzeko zeinu-hizkuntza erabiltzen duen pertsona da.

h) Ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen erabiltzailea: gorra, entzumen-desgaitasuna duena eta gor-itsua, zeinak ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak behar baititu ingurune sozialean informazioa eta komunikazioa eskuratzeko.

i) Zeinu-hizkuntzaren interpretea: zeinu-hizkuntzaren informazioa ahozko hizkuntzara eta hizkuntza idatzira, eta alderantziz, interpretatzen eta itzultzen duen profesionala, zeinak komunikazioa ziurtatzen baitu hizkuntza hura erabiltzen duten gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen eta haien ingurune sozialaren artean.

j) Gidari-interpretea: gor-itsuaren interprete- eta gidari-eginkizuna betetzen duen profesionala da, zeinak beharrezko egokitzapenak egiten baititu, ingurunearekiko lotura gisa balio du eta baldintza berdinetan parte hartzea errazten dio.

k) Hezkuntza elebiduna: hezkuntza-proiektu honetan, irakasteko eta ikasteko prozesua komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzen diren bi hizkuntza edo gehiago dauden ingurunean gauzatzen da. Gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen kasuan, ofizialki aitortutako ahozko hizkuntzak eta Espainiako zeinu-hizkuntzak hartuko dira kontuan.

l) Logopeda eta entzumen eta hizkuntzako maisu/maistra espezialista: ahozko komunikaziorako sistema alternatiboetan edota sistema handigarrietan espezializatutako profesionalak, zeinek laguntzen baitute komunikazioa sustatzen eta errazten.

5. artikulua.— Printzipio orokorrak

Lege honek ondorengo printzipioak ditu abiaburu:

a) Zeinu-hizkuntzaren eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen arloko politiken zeharkakotasuna: administrazio publikoek garatzen dituzten jarduketak ez dira soilik plan, programa eta ekintza espezifikoetara mugatuko, zeinak pentsatuta baitaude hizkuntza-modalitate horiek zein laguntza-bitartekoak erabiltzen dituzten gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat soilik, ezpada jarduketa horiek beren barruan izan behar dituzte politika eta ekintza-lerro orokorrak jarduketa publikoaren eremuetako edozeinetan, betiere hizkuntza horien erabiltzaileen beharrizanak eta eskariak kontuan hartuta.

b) Irisgarritasun unibertsala: inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek, bai eta objektuek eta tresnek, lanabesek eta gailuek ere beharrezko baldintzak bete behar dituzte, pertsona guztiek segurtasunez eta erosotasunez ulertu, erabili eta baliatu ditzaten, ahal denik eta modurik autonomoen eta naturalenean.

c) Aukeratzeko askatasuna: gorrek, entzumen-desgaitasuna duten pertsonek edo gor-itsuek eta, hala badagokio, haien gurasoek edo legezko ordezkariek, baldin eta haiek adingabeak badira edo ezgaituta badaude, ahozko hizkuntza edota espainiar zeinu-hizkuntza edota autonomia-erkidegoetako berezko zeinu-hizkuntzak aukeratu ahal izango dituzte.

d) Diskriminaziorik eza: inor ezin izango da diskriminatu, ez eta modu desberdinean tratatu, ez zuzenean, ez zeharka, espainiar zeinu-hizkuntza edota autonomia-erkidegoetako berezko zeinu-hizkuntzak edota ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiltzeko eskubidea edozein eremu publiko edo pribatutan egikaritzeagatik.

e) Normalizazioa: printzipio bat da, zeinaren bidez gorrek, entzumen-desgaitasuna duten pertsonek edo gor-itsuek aukera izan behar baitute ohiko bizimodua eramateko, beste edozein pertsonak eskura dituen leku, eremu, ondasun eta zerbitzu berberak eskuratuz.

6. artikulua.— Aplikazio-eremua

Desgaitasunaren arloko politiken zeharkakotasun-printzipioaren arabera, lege honetan xedatutakoa honako arlo hauetan aplikatuko da:

1. Herritarren eskura jartzekoak diren ondasun eta zerbitzuetan.

2. Garraioetan.

3. Administrazio publikoekiko harremanetan.

4. Parte-hartze politikoan.

5. Komunikabide sozialetan, telekomunikazioetan eta informazioaren gizartean.

I. TITULUA
Espainiako zeinu-hizkuntzak ikastea, ezagutzea eta erabiltzea

I. KAPITULUA
Espainiako zeinu-hizkuntzak ikastea eta ezagutzea

7. artikulua.— Hizkuntza horiek prestakuntza arautuan ikastea

1. Hezkuntza-administrazioek beharrezkoak diren baliabideak xedatuko dituzte zehazten diren zentroetan, indarrean dagoen hezkuntza-legerian ezarritakoarekin bat etorriz, Espainiako zeinu-hizkuntzak ikasi ahal izan ditzaten hizkuntza hori aukeratu duten ikasle gorrek, entzumen-desgaitasuna duten ikasleek eta ikasle gor-itsuek, lege honen 5.c) artikuluan zehaztutakoaren arabera. Pertsona horiek adingabeak badira edo ezgaituta badaude, aukeraketa gurasoek edo legezko ordezkariek egingo dute.

2. Hezkuntza-administrazioek, zehazten diren zentroetan, besteak beste, hezkuntza-eredu elebidunak eskainiko dituzte, zeinak askatasunez aukeratuko baitituzte ikasle gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuak direnek, edo haien gurasoek edo legezko ordezkariek, haiek adingabeak badira edo ezgaituta badaude.

3. Era berean, ikasketa-planetan, lehen aipatutako zentroetan, ikasle guztientzako hautazko irakasgai gisa, Espainiako zeinu-hizkuntzen ikaskuntza sartu ahal izango da; horrela, Espainiako zeinu-hizkuntzen erabiltzaile gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen eta gor-itsuen gizarteratzea erraztuko da, eta berdintasuneko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunarekiko errespetuko balioak sustatuko dira.

4. Hezkuntza Administrazio eskudunak, behar bezala kualifikatutako profesionalak izateko, Espainiako zeinu-hizkuntzak eta, hala badagokio, lege honen I. tituluko II. kapituluan aurreikusitako erabilerarako, egokitzat jotzen dituen titulazioak zehaztuko ditu horiek egikaritzeko betekizunei buruzko araudiaren arabera, eta profesionalen hasierako eta etengabeko prestakuntza erraztuko du.

5. Hezkuntza-administrazioek prestakuntza-planak eta -programak ezarriko dituzte ikasle gorrak, entzumen-desgaitasuna dutenak eta gor-itsuak artatzen dituzten irakasleentzat.

8. artikulua.— Hizkuntza horiek prestakuntza ez-arautuan ikastea

1. Hezkuntza-administrazioek familien, adingabe gorren, entzumen-desgaitasuna duten adingabeen eta adingabe gor-itsuen elkarlana sustatuko dute eskola- edo ikasketa-instituzioarekin, eta elkarlanean arituko dira gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen elkarteekin eta pertsona horien familien elkarteekin, betiere Espainiako zeinu-hizkuntzak ikasteko prestakuntza-ikastaroak egite aldera.

2. Era berean, administrazio publiko eskudunak elkarlanean arituko dira unibertsitateekin, gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen elkarteekin eta horien familien elkarteekin, betiere Espainiako zeinu-hizkuntzak beste gizarte-eremu batzuetan ikasteko.

II. KAPITULUA
Espainiako zeinu-hizkuntzak erabiltzea

9. artikulua.— Xedea

Lege honen arabera, botere publikoei agintzen zaie Espainiako zeinu-hizkuntzen interpreteen zerbitzuak emateko gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei eta gor-itsuei, horiek guztiek hala behar dutenean, betiere kapitulu honetan zehazten diren arlo publiko eta pribatuetan.

Botere publikoek, abenduaren 2ko 51/2003 Legean eta haren erregelamendu-garapeneko arauetan ezarritakoaren arabera, diskriminazioaren aurkako neurriak ere sustatuko dituzte, eta ekintza positiboko neurriak ezarriko dituzte Espainiako zeinu hizkuntzen erabiltzaile diren gorren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonen eta gor-itsuen alde, kapitulu honetan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.— Herritarren eskura dauden ondasun eta zerbitzuetarako irispidea

a) Hezkuntza.

Hezkuntza-administrazioek aukera emango diete Espainiako zeinu-hizkuntzak erabiltzen dituzten pertsonei, hizkuntza horiek irakaskuntza-hizkuntza gisa erabiltzeko zehazten diren irakaskuntza-zentroetan.

Era berean, Espainiako zeinu-hizkuntzen erabiltzaileek Espainiako zeinu-hizkuntzen interprete-zerbitzuak ematea sustatuko dute, zehazten diren zentroetan.

Desgaitasuna duten unibertsitate-ikasleei arreta emateko zerbitzuen esparruan, programa eta ekimen espezifikoak sustatuko dituzte unibertsitateko ikasle gorrei, entzumen-desgaitasuna duten ikasleei eta ikasle gor-itsuei arreta emateko, eta horren helburua izango da aholkuak eta laguntza-neurriak ematea.

b) Prestakuntza eta enplegua.

Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legearen II. tituluko III. kapituluan, lan-eremuan tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeko neurriei buruz xedatutakoa beteko da.

c) Osasuna.

Administrazio publiko eskudunek interprete-zerbitzuak ematea sustatuko dute espainiar zeinu-hizkuntzan edota autonomia-erkidegoetako berezko zeinu-hizkuntzetan —horrelakoak baldin badaude—, aldez aurretik hala eskatzen bada zerbitzu hori behar duten erabiltzaileentzat gorrak, entzumen-desgaitasuna dutenak eta gor-itsuak artatzen dituzten osasun-zentroetan.

Era berean, beharrezko neurriak hartuko dituzte osasunaren arloko informazio- eta prebentzio-kanpainak Espainiako zeinu-hizkuntzetan irisgarri egon daitezen gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat.

d) Kultura, kirola eta aisia.

Administrazio publiko eskudunek interprete-zerbitzuak ematea sustatuko dute Espainiako zeinu-hizkuntzetan, aldez aurretik hala eskatzen bada hizkuntza hori erabiltzen duten pertsonentzat, betiere zehazten diren kultura-, kirol-, aisia- eta aisialdi-jardueretan, hala nola zinemetan, antzokietan eta museo nazionaletan, Estatuaren ondarearen monumentu historiko-artistikoetan eta gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek parte hartzen duten bisita gidatuetan.

11. artikulua.— Garraioak

1. Administrazio eskudunek zehazten dituzten itsasoko, lurreko eta aireko garraio-geltokietan, bidaiarien trafikoaren garrantzia dela eta, interpreteen zerbitzuak emango dira espainiar zeinu-hizkuntzan edota autonomia-erkidegoetako berezko zeinu-hizkuntzetan —horrelakoak baldin badaude—, gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat, horiek ere ezartzen diren jendaurreko informazio- eta arretaguneetan, betiere lege honen azken xedapenetako hirugarrenean aipatzen diren lankidetza-mekanismoetan jasotako aurreikuspenekin.

2. Garraioetako funtzionamendu- eta segurtasun-arauei buruzko jarraibideak zeinu-hizkuntzan ere zabaltzeko beharrezko neurriak hartuko dira, ahal den guztietan.

12. artikulua.— Administrazio publikoekiko harremanak

1. Administrazio publiko eskudunek interprete-zerbitzuak ematea sustatuko dute espainiar zeinu-hizkuntzan edota autonomia-erkidegoetako berezko zeinu-hizkuntzetan —horrelakoak baldin badaude—, aldez aurretik hala eskatzen bada hizkuntza hori erabiltzen duten pertsonentzat, zertarako eta gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek administrazio publikoekin dituzten harremanak errazagoak izan daitezen.

2. Justizia eta Espetxeetako Administrazioari dagokionez, baldintza egokiak sustatuko dira, hala nola espainiar zeinu-hizkuntzaren interprete-zerbitzuak edota autonomia-erkidegoetako berezko zeinu-hizkuntzen interprete-zerbitzuak —horrelako hizkuntzak baldin badaude—, prestatu eta eskuragarri izatea, betiere Prozedura Zibilaren Legearen 143. artikuluan eta Prozedura Kriminalaren Legean gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei eta gor-itsuei buruz xedatutakoa aplikatzeko.

13. artikulua.— Parte-hartze politikoa

1. Botere publikoek, alderdi politikoek eta gizarte-eragileek erraztuko dute informazio instituzionalak eta komunikabideetan doan eta nahitaez eman behar diren programak erabat irisgarriak izatea gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat, betiere hauteskunde- eta sindikatu-legeriaren arabera; horretarako, informaziook eta programok espainiar zeinu-hizkuntzan edota autonomia-erkidegoetako berezko zeinu-hizkuntzetan emititu edo banatuko dira.

2. Gorte Nagusiek, autonomia-erkidegoetako batzar legegileek, diputazio probintzialek eta toki-korporazioek eta -erakundeek interpretazioa sustatuko dute espainiar zeinu-hizkuntzan edota autonomia-erkidegoetako berezko zeinu-hizkuntzetan —horrelakoak baldin badaude—, bai jendaurreko osoko bileretan, bai interes orokorreko beste edozeinetan, horrela erabakitzen denean, baldin eta gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek parte hartzen badute eta aldez aurretik hala eskatzen bada.

14. artikulua.— Komunikabide sozialak, telekomunikazioak eta informazioaren gizartea

1. Botere publikoek beharrezko neurriak sustatuko dituzte komunikabide sozialak, haien araudi espezifikoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, irisgarri izan daitezen gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat, betiere Espainiako zeinu-hizkuntzak txertatuz.

2. Era berean, botere publikoek beharrezko neurriak hartuko dituzte publizitate-kanpaina instituzionalak, eta kanpaina horiek herritarren eskura jartzen dituzten ikus-entzunezko euskarriak pertsona horientzat irisgarri egon daitezen.

3. Beharrezko neurriak ezarriko dira telekomunikazioak espainiar zeinu-hizkuntzaren bidez iristea sustatzeko.

4. Titulartasun publikoko edo funts publikoekin finantzatutako Interneteko orrialdeak eta atariak agintari eskudunek unean-unean ezarritako estandarretara egokituko dira, betiere gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek haiek irits ditzaten; horretarako, agintariek orrialdeotan eta atariotan sistemak jarriko dituzte pertsona haien eskura, informazioa irits dezaten hizkuntza-eremuari dagokion hizkuntzan.

5. Administrazio publikoek kongresu, jardunaldi, sinposio eta mintegiak sustatzen edo diruz laguntzen dituztenean, eta horietan gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek parte hartzen dutenean, erraztasunak emango dituzte, espainiar zeinu-hizkuntzan edota autonomia-erkidegoetako berezko zeinu-hizkuntzetan interprete-zerbitzuak emanez, betiere interesdunek hala eskatu ondoren.

6. Alarma-, salbuespen- eta setio-egoeren deklarazioari buruzko mezuek, bai eta mezu instituzionalek ere, erabat irisgarriak izan beharko dute gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat.

15. artikulua.— Espainiar Zeinu Hizkuntzaren Normalizazio Linguistikorako Zentroa

Espainiar Zeinu Hizkuntzaren Normalizazio Linguistikorako Zentroa sortzen da. Gobernuak, Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalari entzun ondoren, Desgaitasunari buruzko Errege Patronatuan zentro hori arautuko du, eta horren helburua izango da hizkuntza horren erabilera ona ikertu, sustatu, hedatu eta zaintzea. Espainiar Zeinu Hizkuntzaren Normalizazio Linguistikorako Zentroak espainiar zeinu-hizkuntzan eta soziolinguistikan adituak diren profesionalak izango ditu, eta bere ekintzak garatuko ditu, kontsultak eginez eta hitzarmenak ezarriz unibertsitateekin, eta gorrak, entzumen-desgaitasuna dutenak eta gor-itsuak eta haien familiak ordezkatzen dituzten erakundeekin. Kide anitzeko organo paritario batek zuzenduko du zentro hori, zeina osatuko baitute Estatuko Administrazioaren ordezkariek eta espainiar zeinu-hizkuntzaren erabiltzaileen hizkuntza-komunitatearen elkarte-mugimendua ordezkatzen duten beste horrenbeste erakundek. Gainera, lehendakari bat eta idazkari bat izango ditu, eta horien titularrak Estatuko Administrazioaren ordezkariak izango dira.

II. TITULUA
Ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ikastea, ezagutzea eta erabiltzea

I. KAPITULUA
Ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ikastea eta ezagutzea

16. artikulua.— Bitartekoak prestakuntza arautuan ikastea

1. Hezkuntza-administrazioek behar den guztia xedatuko dute, lege honen 5.c) artikuluan aurreikusitakoaren arabera hizkuntza hori aukeratzen duten ikasle gorrei edo entzumen-desgaitasuna duten ikasleei eta ikasle gor-itsuei, hala behar badute, ahozko hizkuntzaren eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen ikaskuntza errazteko, indarrean dagoen hezkuntza-legeriaren arabera. Pertsona horiek adingabeak badira edo ezgaituta badaude, aukeraketa gurasoek edo legezko ordezkariek egingo dute.

2. Behar bezala kualifikatutako profesionalak izateko ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen ikaskuntzarako, eta, hala badagokio, II. tituluko II. kapituluan aurreikusitako erabilerarako, hezkuntza-administrazio eskudunak egokitzat jotzen dituen titulazioak zehaztuko ditu horiek egikaritzeko betekizunei buruzko araudiaren arabera, eta profesionalen hasierako prestakuntza erraztuko du.

3. Hezkuntza-administrazioek prestakuntza-planak eta -programak sustatuko dituzte ikasle gorrak, entzumen-desgaitasuna duten ikasleak eta ikasle gor-itsuak artatzen dituzten irakasleentzat.

17. artikulua.— Bitartekoak prestakuntza ez-arautuan ikastea

1. Hezkuntza-administrazioek familien, adingabe gorren, entzumen-desgaitasuna duten adingabeen eta adingabe gor-itsuen elkarlana sustatuko dute eskola- edo ikasketa-instituzioarekin, eta elkarlanean arituko dira gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen elkarteekin eta pertsona horien familien elkarteekin, betiere ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ikasteko prestakuntza-ikastaroak egite aldera.

2. Era berean, administrazio publiko eskudunak elkarlanean arituko dira unibertsitateekin, gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen elkarteekin eta horien familien elkarteekin, betiere ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ikasteko.

II. KAPITULUA
Ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiltzea

18. artikulua.— Xedea

Lege honekin bat etorriz, botere publikoei agintzen zaie ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen erabilera sustatzeko gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen artean, betiere kapitulu honetan zehazten diren arloetan.

Botere publikoek, Desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legean eta haren erregelamendu-arauetan ezarritakoaren arabera, diskriminazioaren aurkako neurriak sustatuko dituzte, eta ekintza positiboko neurriak ezarriko dituzte ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiltzen dituzten gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen alde, kapitulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

19. artikulua.— Herritarren eskura dauden ondasun eta zerbitzuetarako irispidea

a) Hezkuntza.

Hezkuntza-administrazioek ahozko komunikazioaren erabiltzaile diren gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei eta gor-itsuei horretarako aukera emango diete zehazten diren irakaskuntza-zentroetan.

Era berean sustatuko dute gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ematea, zehazten diren zentroetan.

Desgaitasuna duten unibertsitate-ikasleei arreta emateko zerbitzuen esparruan, unibertsitateko ikasle gorrei, entzumen-desgaitasuna duten unibertsitateko ikasleei eta unibertsitateko ikasle gor-itsuei arreta emateko programa eta ekimen espezifikoak sustatuko dituzte, aholkularitza, orientazioa eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak emateko.

b) Prestakuntza eta enplegua.

Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legearen II. tituluko III. kapituluan, lan-eremuan tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeko neurriei buruz xedatutakoa beteko da.

c) Osasuna.

Osasun-administrazioek ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak sustatuko dituzte horiek behar dituzten erabiltzaileen artean, gorrak, entzumen-desgaitasuna dutenak eta gor-itsuak artatzen dituzten osasun-zentroetan.

Era berean, beharrezko neurriak hartuko dituzte osasunaren arloko informazio- eta prebentzio-kanpainak gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek iristeko modukoak izan daitezen, azpititulazioaren eta ahozko komunikaziorako bestelako laguntza-bitartekoen bidez.

d) Kultura, kirola eta aisia.

Administrazio eskudunek sustatuko dute ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ezar daitezen bitarteko horien erabiltzaileentzat, zehazten diren kultura-, kirol-, jolas- eta aisialdi-jardueretan, hala nola zinemetan, antzokietan eta museo nazionaletan, Estatuaren ondarearen monumentu historiko-artistikoetan eta gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek parte hartzen duten bisita gidatuetan.

20. artikulua.— Garraioak

Bidaiarien trafikoaren garrantzia dela-eta administrazio eskudunek zehazten dituzten itsasoko, lurreko eta aireko garraio-geltokiek ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak izango dituzte gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat, era berean ezartzen diren jendaurreko informazio- eta arretagune zehatzetan, hori guztia legearen azken xedapenetako hirugarrenak aipatzen dituen lankidetza-mekanismoetan dauden aurreikuspenen arabera.

Beharrezko neurriak hartuko dira garraioetako funtzionamendu- edo segurtasun-arauei buruzko jarraibideak, ahal den guztietan, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez ere zabaltzeko.

21. artikulua.— Administrazio publikoekiko harremanak

Administrazio publikoek baldintza egokiak sustatuko dituzte, hala nola ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen prestakuntza eta eskuragarritasuna, eta horren helburua izango da gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek administrazio publikoekin dituzten harremanak erraztea.

Justizia Administrazioari dagokionez, baldintza egokiak sustatuko dira, hala nola ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen prestakuntza eta eskuragarritasuna, Prozedura Zibilaren Legearen 143. artikuluan xedatutakoa benetan aplikatzeko, bai eta Prozedura Kriminalaren Legeak arautzen dituen prozesuetan ere, gorrei, entzumen-desgaitasuna dutenei eta gor-itsuei dagokienez.

22. artikulua.— Parte-hartze politikoa

1. Botere publikoek, alderdi politikoek eta gizarte-eragileek erraztuko dute informazio instituzionalak eta komunikabideetan doan eta nahitaez emateko programak, hauteskunde- eta sindikatu-legeriaren arabera, erabat irisgarriak izatea gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat, eta informazio eta programa horiek ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez emititu edo banatuko dira.

2. Gorte Nagusiek, autonomia-erkidegoetako batzar legegileek, diputazio probintzialek eta toki-korporazioek eta -erakundeek ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak eta azpititulazioa sustatuko dituzte, bai jendaurreko osoko bileretan, bai interes orokorreko beste edozeinetan, horrela erabakitzen denean, baldin eta gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek parte hartzen badute eta aldez aurretik hala eskatzen bada.

23. artikulua.— Komunikabide sozialak, telekomunikazioak eta informazioaren gizartea

1. Botere publikoek beharrezko neurriak sustatuko dituzte titulartasun publikoko edo izaera publikoko komunikabide sozialak, haien araudi espezifikoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, irisgarri izan daitezen gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat, betiere ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen bidez.

2. Era berean, botere publikoek beharrezko neurriak hartuko dituzte publizitate-kanpaina instituzionalak, eta kanpaina horiek herritarren eskura jartzen dituzten ikus-entzunezko euskarriak pertsona horientzat irisgarri egon daitezen azpititulazioa txertatuz.

3. Beharrezko neurriak ezarriko dira ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoen eta azpititulazioaren bidez telekomunikazioetarako irisgarritasuna sustatzeko.

4. Titulartasun publikoko edo funts publikoekin finantzatutako Interneteko orrialdeak eta atariak agintari eskudunek unean-unean ezarritako estandarretara egokituko dira, betiere gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek haiek irits ditzaten; horretarako, agintariek orrialdeotan eta atariotan sistemak jarriko dituzte pertsona haien eskura, informazioa eskura dezaten.

5. Administrazio publikoek kongresu, jardunaldi, sinposio eta mintegiak sustatzen edo diruz laguntzen dituztenean, eta horietan gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek eta gor-itsuek parte hartzen dutenean, erraztasunak emango dituzte, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiliz, betiere interesdunek hala eskatu ondoren.

24. artikulua.— Azpititulazio eta Audiodeskripzioaren Espainiako Zentroa

Azpititulazio eta Audiodeskripzioaren Espainiako Zentroa sortu da. Gobernuak, Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalari entzun ondoren, Desgaitasunari buruzko Errege Patronatuan zentro hori arautuko du, eta horren helburua izango da ikertzea, sustatzea, ekimenak eragitea, jarduketak koordinatzea, eta azpititulazioa eta audiodeskripzioa zabaltzea laguntza-bitarteko gisa gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen komunikaziorako. Azpititulazio eta Audiodeskripzioaren Espainiako Zentroak bere ekintzak garatuko ditu, kontsultak eginez eta hitzarmenak ezarriz gorrak, entzumen-desgaitasuna dutenak eta gor-itsuak eta haien familiak ordezkatzen dituzten erakundeekin.

Lehenengo xedapen gehigarria.— Legearen Jarraipen Batzordea

Jarraipen-batzorde bat sortu da Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalaren barruan; bertan, gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen, gor-itsuen eta haien familien antolakundeak egongo dira, lege honetan jasotako neurriak bultzatzeko eta neurriok betetzen direla zaintzeko, eta legea erabat eraginkorra izateko neurri egokiak proposatzeko.

Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean eratuko da batzorde hori.

Bigarren xedapen gehigarria.— Egitura-zuzkiduraren bermeak

Botere publikoek beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak sustatuko dituzte lege honen xede diren ekintza positiboko neurriak betetzeko.

Hirugarren xedapen gehigarria.— Berme juridikoak

Desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen III. kapituluko 2. atalean arbitrajeari eta babes judizialari buruz xedatutakoari jarraituko zaio.

Laugarren xedapen gehigarria.— Espainiako zeinu-hizkuntzen interpreteen eta profesionalen egoeraren araubide iragankorra

Estatuko Gobernuak, administrazio eskudunek proposatuta, eta gai horretan indarrean dagoen legeriaren arabera, aztertuko du zein egoeratan dauden irakaskuntza ez-arautuen bitartez, lege hau indarrean jarri aurretik, prestakuntza eskuratu duten Espainiako zeinu-hizkuntzen interpreteak eta profesionalak, betiere horien administrazio-erregulazioari begira.

Bosgarren xedapen gehigarria.— Zeinu-hizkuntzen profesionalak

Lege hau indarrean jarri ondoren, Gobernuak azterlan bat egingo du zeinu-hizkuntzen profesionalei buruz eta lan hori gauzatzeko behar diren titulazioei buruz.

Seigarren xedapen gehigarria.— Gor-itsutasunari arreta ematea

Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioak azterlan bat egingo du gor-itsutasuna duten pertsonen kopurua, haien bizi-baldintzak eta kokapen geografikoa zehazteko, zer erreferentzia-zentro sortu behar diren zehazteko eta kolektibo horren beharrizan bereziekin bat datozen baliabideak ezartzeko.

Zazpigarren xedapen gehigarria.— Entzumenerako laguntza teknikoak

Botere publikoek, beren eskumenen eremuan, finantzaketa emango dute laguntza teknikoak eskuratzeko gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat.

Xedapen indargabetzaile bakarra.— Arau-indargabetzea

Indarrik gabe geratzen da lege honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko xedapen oro.

Azken xedapenetako lehenengoa.— Legearen oinarrizko izaera

Estatuak eskumen esklusiboa du Konstituzioan ezarritako eskubideak egikaritzean eta eginbeharrak betetzean espainiar guztiak berdinak izango direla bermatzeko oinarrizko baldintzak arautze aldera, Espainiako Konstituzioaren 149.1.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena.— Abenduaren 2ko 51/2003 Legearen osagarritasuna

Lege honetan espresuki arautzen ez denerako, abenduaren 2ko 51/2003 Legean, desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoan, eta hura garatzeko arauetan xedatutakoa beteko da.

Azken xedapenetako hirugarrena.— Finantzaketa

Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioak bete egingo du lege honetan xedatutakoa, betiere desgaitasunaren arloan dituen eskumenak betetzeko esleituta dituen aurrekontuekin.

Horretarako, lankidetza-mekanismoak ezarriko dira gaian eskumena duten ministerioekin eta eskumena duten administrazio publikoekin, dagokionaren arabera.

Bereziki, Estatuko Administrazio Orokorrak lagunduko du zeinu-hizkuntza katalanaren erabileraren sustapena, ikerketa eta zabalkundea ordaintzen.

Azken xedapenetako laugarrena.— Betearazteko eta garatzeko ahalmenak

Gobernuak, bere eskumenen eremuan eta kasuan kasuko konferentzia sektorialei eta Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalari kontsulta egin ondoren, baimena du lege hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko. Era berean, Gobernuak erregelamendu espezifiko bat egingo du espainiar zeinu-hizkuntzaren erabilera garatzeko, baita ere laguntzak emateko gorrak, entzumen-desgaitasuna dutenak edo gor-itsuak gizarteratzeko komunikazio-oztopoak kentzen laguntzen duen edozein laguntza teknikotarako.

Azken xedapenetako bosgarrena.— Legearen aplikazioa

Lege honetan jasotako aurreikuspenak pixkanaka aplikatuko dira 6. artikuluan aipatzen diren arloetan.

Lege honen 10., 11., 12., 13., 14., 19., 20., 21., 22. eta 23. artikuluetan ezarritako arauak Desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen azken xedapenetako bosgarrenean, seigarrenean, zazpigarrenean, zortzigarrenean eta bederatzigarrenean aurreikusitako epeen eta egutegien arabera aplikatuko dira.

Azken xedapenetako seigarrena.— Indarrean jartzea

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper