Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.1.134. 11/2023 Legea, maiatzaren 8koa, zeinaren bidez egiten den Europar Batasunaren zuzentarauen transposizioa produktu eta zerbitzu jakin batzuen irisgarritasunaren arloan, kualifikazio handiko pertsonen migrazioarenean, tributuen arloan eta notario- eta erregistro-jarduketen digitalizazioaren arloan, eta aldatzen den 12/2011 Legea, maiatzaren 27koa, kalte nuklearren edo material erradioaktiboek eragindako kalteen ondoriozko erantzukizun zibilari buruzkoa


8.1.134. 11/2023 Legea, maiatzaren 8koa, zeinaren bidez egiten den Europar Batasunaren zuzentarauen transposizioa produktu eta zerbitzu jakin batzuen irisgarritasunaren arloan, kualifikazio handiko pertsonen migrazioarenean, tributuen arloan eta notario- eta erregistro-jarduketen digitalizazioaren arloan, eta aldatzen den 12/2011 Legea, maiatzaren 27koa, kalte nuklearren edo material erradioaktiboek eragindako kalteen ondoriozko erantzukizun zibilari buruzkoa[462]

I. TITULUA
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko apirilaren 17ko 2019/882 (EB) Zuzentarauaren, produktu eta zerbitzu jakin batzuen irisgarritasunerako betekizunei buruzkoaren, transposizioa

III. KAPITULUA
Produktuekin zerikusia duten eragile ekonomikoen betebeharrak

7. artikulua.— Fabrikatzaileen betebeharrak

6. Fabrikatzaileek hauek adieraziko dituzte produktuan: produktuaren izena, erregistratutako izen komertziala edo marka erregistratua eta harremanetarako helbidea; hori ezinezkoa bada, bilgarrian edo ontzian edo produktuarekin batera doan dokumentu batean adieraziko dituzte haiek guztiak. Helbideak fabrikatzailearekin harremanetan jartzeko dagoen gune bakarra adierazi beharko du. Harremanetarako datuak azken erabiltzaileek eta zaintza-agintariek erraz ulertzeko moduko hizkeran agertuko dira, eta formatu irisgarrietan ere eskainiko dira, hori egitea fisikoki posible denean; hori egitea ezinezkoa denean, berriz, azken erabiltzaileok eta zaintza-agintariok informazio hori non aurki dezaketen aipatu beharko da.

7. Fabrikatzaileek bermatuko dute produktuarekin batera segurtasunari buruzko jarraibideak eta informazioa ematen direla, kontsumitzaileek eta beste azken erabiltzaileek erraz ulertzeko moduko hizkeran, gutxienez gaztelaniaz eta produktua merkaturatuko den lurraldeko hizkuntza ofizialean, baldin eta produktua Espainiako merkatuan sartzen bada. Jarraibideok eta informazioak, bai eta etiketatze guztiek ere, hizkera argiaren irizpideak bete beharko dituzte, betiere informazioa egokia, aurkitzeko modukoa eta pertsona guztiek ikusteko eta ulertzeko modukoa dela ziurtatzeko.

9. Agintari nazional eskudun batek egindako eskaera arrazoitu batean oinarrituta, fabrikatzaileek produktuaren adostasuna frogatzeko behar den informazio eta dokumentazio guztia emango diote agintari hari, betiere agintari horrek erraz ulertzeko moduko hizkeran, gutxienez gaztelaniaz eta produktua merkaturatuko den lurraldeko hizkuntza ofizialean. Fabrikatzaileak agintari horrekin lankidetzan arituko dira, agintariak berak hala eskatuta, fabrikatzaileok merkatuan sartu dituzten produktuei aplikatu beharreko irisgarritasun-betekizunak ez betetzea konpontzeko hasitako edozein ekintzatan, bereziki produktuek aplikagarri diren irisgarritasun-betekizunak bete ditzaten.

9. artikulua.— Inportatzaileen betebeharrak

4. Inportatzaileek hauek adieraziko dituzte produktuan: produktuaren izena, erregistratutako izen komertziala edo marka erregistratua eta harremanetarako helbidea; hori ezinezkoa bada, bilgarrian edo ontzian edo produktuarekin batera doan dokumentu batean adieraziko dituzte haiek guztiak. Harremanetarako datuak azken erabiltzaileek eta merkatua jagoten duten agintariek erraz ulertzeko moduko hizkeran agertuko dira, gutxienez gaztelaniaz eta produktua merkaturatuko den lurraldeko hizkuntza ofizialean.

5. Inportatzaileek bermatuko dute produktuarekin batera segurtasunari buruzko jarraibideak eta informazioa ematen direla, kontsumitzaileek eta beste azken erabiltzaileek erraz ulertzeko moduko hizkeran, gutxienez gaztelaniaz eta produktua merkaturatuko den lurraldeko hizkuntza ofizialean. Jarraibideok eta informazioak irakurketa errazaren irizpideak bete beharko dituzte, betiere informazioa egokia, aurkitzeko modukoa eta pertsona guztiek ikusteko eta ulertzeko modukoa dela ziurtatzeko.

9. Agintari nazional eskudun batek egindako eskaera arrazoitu batean oinarrituta, inportatzaileek produktuaren adostasuna frogatzeko behar den informazio eta dokumentazio guztia emango diote agintari hari, betiere agintari horrek erraz ulertzeko moduko hizkeran, eta gutxienez gaztelaniaz. Inportatzaileak agintari horrekin lankidetzan arituko dira, agintariak berak hala eskatuta, inportatzaileok merkatuan sartu dituzten produktuei aplikatu beharreko irisgarritasun-betekizunak ez betetzea konpontzeko hasitako edozein ekintzatan.

10. artikulua.— Banatzaileen betebeharrak

2. Produktu bat merkaturatu aurretik, banatzaileek egiaztatuko dute ezen produktu horrek CE marka daramala, badoala beharrezko dokumentuekin eta jarraibideekin eta segurtasunari buruzko informazioarekin batera, kontsumitzaileek eta azken erabiltzaileek erraz ulertzeko moduko hizkeran, eta, gutxienez, gaztelaniaz. Era berean, dokumentazio hori guztia formatu irisgarrietan ere eskainiko da desgaitasuna duten pertsonentzat, hori egitea fisikoki posible denean; hori egitea ezinezkoa denean, berriz, informazio hori aurki daitekeen gunea aipatu beharko da, eta fabrikatzaileak eta inportatzaileak bete dituztela 7. artikuluko 5., 6. eta 7. apartatuetan eta 9. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan, hurrenez hurren, ezarritako betekizunak.

6. Agintari nazional eskudun batek egindako eskaera arrazoitu batean oinarrituta, banatzaileek produktuaren adostasuna frogatzeko behar den informazio eta dokumentazio guztia emango diote agintari hari, betiere agintari horrek erraz ulertzeko moduko hizkeran, eta gutxienez gaztelaniaz. Banatzaileak agintari horrekin lankidetzan arituko dira, agintariak berak hala eskatuta, inportatzaileok merkaturatu dituzten produktuei aplikatu beharreko irisgarritasun-betekizunak ez betetzea konpontzeko hasitako edozein ekintzatan.

VII. KAPITULUA
Produktuen adostasuna eta CE marka

18. artikulua.— Produktuen CE adostasun-deklarazioa

2. CE adostasun-deklarazioa VI. eranskinean ezarritako ereduaren egiturara egokituko da, IV. eranskinean zehaztutako elementuak jasoko ditu eta etengabe eguneratuko da. Dokumentazio teknikoari buruzko betekizunek ez diete justifikaziorik gabeko zamarik ezarriko mikroenpresei eta ETEei. Deklarazio hori gaztelaniaz eta produktua merkaturatuko den lurraldeko hizkuntza ofizialean egin beharko da gutxienez, betiere produktuak Espainiako merkatuan sartzen direnean, edo produktua sartzen edo merkaturatzen den estatu kideak eskatutako hizkuntzan.

III. TITULUA
Kontseiluaren 2020ko otsailaren 18ko 2020/284 (EB) Zuzentarauaren transposizio partziala egitea; zuzentarau horren bidez aldatu egiten da 2006/112/EE Zuzentaraua ordainketa-zerbitzuen hornitzaileentzako zenbait betekizun sartzeari dagokionez

33. artikulua.— Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzea

Aldatu egiten da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen X. titulua, eta honela geratuko da idatzita:

«X. TITULUA
»Subjektu pasiboen betebeharrak

»I. KAPITULUA
»Arau orokorrak

»164. artikulua. Subjektu pasiboen betebeharrak.

»Lau. Tributu Administrazioak edozein jarduketa beharrezkotzat jotzen duenean enpresaburuaren, profesionalaren edo subjektu pasiboaren tributu-egoera egiaztatzeko, ondoko dokumentuen gaztelaniarako edo beste edozein hizkuntza ofizialetarako itzulpena eskatu ahal izango du: bai zerga aplikatzen den lurraldean egindako ondasun-emateei edo zerbitzu-prestazioei dagozkien fakturena, bai lurralde horretan kokatutako enpresaburuek edo profesionalek edo subjektu pasiboek jasotakoena ere».

IV. TITULUA
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1151 (EB) Zuzentarauaren transposizioa; zuzentarau horrek 2017/1132 (EB) Zuzentaraua aldatzen du, sozietateen zuzenbidearen eremuan tresna eta prozesu digitalen erabilerari dagokionez

36. artikulua.— Hipoteka Legea, 1946ko otsailaren 8ko Dekretuaren bidez onetsia, aldatzea

Hipoteka Legea honela geratuko da aldatuta:

Hamazazpi. Aldatu egiten da 252. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«252. artikulua

»1. Erregistroan inskribatu beharreko tituluak paperean edo euskarri elektronikoan aurkeztu ahal izango dira.

»[…]

»Aurkezpena elektronikoki eginez gero, gizakiak irakurtzeko moduko hizkuntza naturaleko formatuan aurkeztu beharko da dokumentua, eta formatu egituratuko fitxategi batekin joango da edo fitxategi horren barruan egongo da, zeinak dokumentuaren funtsezko datuak izango baititu prozesu elektronikoaren ondorioetarako, betiere erregistratzaileak hura egiaztatu ondoren. Edozelan ere, kalifikazioaren xedea aurkeztutako dokumentu irakurgarria izango da, eta fitxategi egituratua elementu osagarri bat izango da, halako moldez non, haien artean desadostasuna egonez gero, dokumentua lehenetsiko den».

39. artikulua.— Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia, aldatzea

Honela geratuko da aldatuta uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina:

Lau. Kapitulu berri bat sartzen da II. tituluan, III bis kapitulua, zeina osatuko duten 40 bis artikulutik 40 quinquies artikulura bitartekoek, eta honela geratzen da idatzita:

«III BIS KAPITULUA
»Erantzukizun mugatuko sozietatearen eraketa elektronikoa (linean eratzea)

»40 bis artikulua. Eraketa elektronikorako eredu elektronikoak

»[…]

»Ereduzko dokumentu horiek gaztelaniaz, hizkuntza koofizialetan eta ingelesez idatzita egon beharko dute. Eskritura publikoa egilestea eta inskribatzea notario- eta erregistro-arauen arabera egingo da, hurrenez hurren».

V. TITULUA
Transposizioa: Kontseiluaren 2019ko abenduaren 19ko 2020/262 (EB) Zuzentaraua, zerga berezien araubide orokorra ezartzen duena, eta Kontseiluaren 2020ko uztailaren 29ko 2020/1151 (EB) Zuzentaraua, alkoholaren eta edari alkoholdunen gaineko zerga berezien egiturak harmonizatzeari buruzko 92/83/EEE Zuzentaraua aldatzen duena

40. artikulua.— 38/1992 Legea, abenduaren 28koa, Zerga Bereziei buruzkoa, aldatzea

Honako aldaketa hauek egiten dira Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legean:

Bi. Aldatu egiten da 4. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«4. artikulua. Kontzeptuak eta definizioak.

Titulu honen ondorioetarako, honela definitzen dira kontzeptu hauek:

6. “NK kodeak”: 1987ko uztailaren 23ko 2658/87 (EEE) Erregelamenduak ezarritako nomenklatura konbinatuko kodeak. Fabrikazio-zerga berezien aplikazio-eremu objektiboa zehazteko, oro har, hauek aplikatuko dira: merkatugaiak nomenklatura konbinatuan sailkatzeko ezarritako irizpideak eta, bereziki, nomenklatura konbinatua interpretatzeko arau orokorrak, nomenklatura horretako atal- eta kapitulu-oharrak, Aduana Lankidetzarako Kontseiluak merkatugaiak izendatzeko eta kodetzeko duen sistema harmonizatuaren azalpen-oharrak, kontseilu horrek onartutako sailkapen-irizpideak, eta Europar Batasunaren nomenklatura konbinatua azaltzeko oharrak.

Azken xedapenetako hirugarrena.— 29/2005 Legea, abenduaren 29koa, Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzkoa, aldatzea

Honela geldituko da idatzita 5. artikulua:

«5. artikulua. Publizitatea eta komunikazioa egiteko kanpaina instituzionaletarako irisgarritasuna

»2. Zehazki, Estatuko Administrazio Orokorraren publizitate- eta komunikazio-kanpaina instituzionalek azpitituluak, zeinu-hizkuntzaren bidezko interpretazioa eta audiodeskripzioa izango dituzte, eta irisgarritasun kognitiboa bermatzen duten formatuak sustatuko dituzte.

I. ERANSKINA
Produktuen eta zerbitzuen irisgarritasun-betekizunak

I. atala
Lege honen I. tituluaren aplikazio-eremuan sartzen diren produktu guztiekin lotutako irisgarritasun-betekizun orokorrak, betiere 2.1 artikuluaren arabera

Produktuak halako moldez diseinatu eta fabrikatu beharko dira, non optimizatuko baita desgaitasuna duten pertsonek aurreikus dezaketen erabilera, eta informazio irisgarria emango baita produktuan edo haren gainean haren funtzionamenduari eta irisgarritasun-ezaugarriei buruz.

2. Erabiltzaile-interfazea eta funtzionalitate-diseinua:

Produktuak, erabiltzaile-interfazea barne, ezaugarri, elementu eta funtzio batzuk izango ditu, zeinek ahalbidetuko baitute desgaitasuna duten pertsonek produktua iritsi, hauteman, erabili, ulertu eta kontrolatu ahal izatea, betiere honako hauek zainduz:

a) Produktuak komunikazio-funtzioak —pertsonen arteko komunikazioa barne—, eta erabilera-, informazio-, kontrol- eta orientazio-funtzioak ematen dituenean, orduan funtziook zentzumen-kanal baten baino gehiagoren bidez emango ditu, eta horrek barne hartuko du ikusmen-, entzumen-, mintzamen- eta ukimen-komunikaziorako alternatibak eskaintzea;

b) produktuak hizketa erabiltzen duenean, hitz egiteko eta ahoz esku hartzeko aukerak eskainiko ditu komunikatzeko, erabiltzeko, kontrolatzeko eta orientatzeko;

o) produktuak sektoreko betekizun espezifiko hauek beteko ditu:

3) ahalmen informatiko interaktiboa duten kontsumoko ekipo terminalak, zeinak erabiltzen diren komunikazio elektronikoko zerbitzuak emateko:

ii) zerbitzuok bideoa erabiltzeko gaitasuna dutenean, testu- eta ahots-gaitasuna edo azken horiekin konbinatutako gaitasuna edukitzeaz gain, elkarrizketa osoa erabiltzeko aukera eman beharko dute, betiere ahots sinkronizatua, denbora errealeko testua eta bideoa barne, zeinaren bereizmenak ahalbidetuko baitu zeinu-hizkuntzaren bidezko komunikazioa,

IV. atala
Zerbitzu espezifikoekin lotutako irisgarritasun-betekizun gehigarriak

Desgaitasuna duten pertsonek aurreikus dezaketen erabilera optimizatzeko zerbitzuak emateko, honako funtzio, jardunbide, politika, prozedura eta aldaketa hauek sartuko dira zerbitzuaren funtzionamenduan, betiere desgaitasuna duten pertsonen beharrizanei aurre egiteko eta laguntza-teknologiekiko elkarreragingarritasuna bermatzeko:

b) Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetarako irispidea ematen duten zerbitzuak:

2) zeinek bermatuko baitute ezen ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen irisgarritasun-osagaiak (irispide-zerbitzuak), hala nola gorrentzako, entzumen-desgaitasuna dutenentzako eta gor-itsuentzako azpitituluak, audioaren deskripzioa, ahozko azpitituluak eta zeinu-hizkuntzaren interpretazioa osorik transmitituko direla erabiltzaileak haien aurkezpena eta erabilera kontrolatzea ahalbidetuko duen bistaratze zehatz eta sinkronizaturako behar besteko kalitatearekin.

e) Kontsumitzaileentzako banku-zerbitzuak:

2) zeinek bermatuko baitute informazioa ulergarria izango dela, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila (tarteko maila altua) baino konplexutasun-maila handiagoa gainditu gabe.

VII. atala
Errendimendu funtzionalerako irizpideak

Desgaitasuna duten pertsonek aurreikus dezaketen erabilera optimizatzeko, baldin eta eranskin honetako I. ataletik VI. atalera bitartekoetan agertzen diren irisgarritasun-betekizunek ez badute funtzio bat edo gehiago jorratzen produktuak diseinatu eta fabrikatzeko edo zerbitzuak emateko, orduan funtzio edo bitarteko horiek irisgarri jarriko dira, beraiei dagozkien errendimendu funtzionaleko irizpideak betez.

Errendimendu funtzionaleko irizpide horiek betekizun tekniko espezifiko baten edo batzuen alternatiba gisa aplikatu ahal izango dira soilik irisgarritasun-betekizunetan aipatzen direnean, eta hori soilik errendimendu funtzionaleko irizpide egokien aplikazioak irisgarritasun-betekizunak betetzen dituenean, eta aplikazio horrek dakarrenean produktuen diseinuak eta fabrikazioak eta zerbitzuak emateak irisgarritasun baliokidea edo handiagoa dakartela, betiere desgaitasuna duten pertsonek aurreikus dezaketen erabileraren esparruan.

a) Ikusmenik gabeko erabilera. Produktuak edo zerbitzuak ikusmen-erabilerako moduak dituenean, ikusmenik behar ez duen erabilera-modu bat izango du gutxienez.

b) Ikusmen mugatuko erabilera. Produktuak edo zerbitzuak ikusmen-erabilerako moduak dituenean, erabilera-modu bat izango du gutxienez, zeinak bide emango baitie erabiltzaileei produktua ikusmen mugatuarekin erabiltzeko.

c) Kolore-hautematerik gabeko erabilera. Produktuak edo zerbitzuak ikusmen-erabilerako moduak dituenean, erabilera-modu bat izango du gutxienez, zeinak ez duen beharrezkoa izango erabiltzaileak kolorea hautematea.

d) Entzumenik gabeko erabilera. Produktuak edo zerbitzuak entzumen-erabilerako moduak dituenean, erabilera-modu bat izango du gutxienez, zeinak ez duen beharrezkoa izango entzutea.

e) Entzumen mugatuko erabilera. Produktuak edo zerbitzuak entzumen-erabilerako moduak dituenean, soinu-ezaugarri hobetuak dituen erabilera-modu bat izango du gutxienez, betiere ezaugarriok bide ematen dietenean entzumen mugatua duten erabiltzaileei produktua erabiltzeko.

f) Ahots-gaitasunik gabeko erabilera. Produktuak edo zerbitzuak erabiltzaileen ahozko esku-hartzea behar duenean, ahozko esku-hartzea behar ez duen erabilera-modu bat izango du gutxienez. Ahozko esku-hartzean, ahoz sortutako edozein soinu sartzen da, hala nola hizketa, txilibituak edo karraskak.

g) Manipulazio edo ahalegin mugatuko erabilera. Produktuak edo zerbitzuak eskuzko ekintzak behar dituenean, erabilera-modu bat izango du gutxienez, zeinak bide emango baitie erabiltzaileei hura erabiltzeko ekintza alternatiboen laguntzarekin, zeinek ez duten beharrezko manipulazio edo motrizitate zehatzik, eskuzko indarrik edo kontrol bat baino gehiago aldi berean eragiterik.

h) Irismen mugatuko erabilera. Produktuen elementu operatiboak erabiltzaile guztien eskura egongo dira. Produktuek edo zerbitzuek eskuz erabiltzeko modu bat aurkezten dutenean, horiek erabilera-modu bat izango dute gutxienez, zeinak bide emango baitu haiek mugimendu askorekin eta indar mugatuarekin erabili ahal izateko.

i) Erreakzio fotosentikorrak aktibatzeko arriskua minimizatzea. Produktuak ikusmen-erabilerako moduak dituenean, krisi fotosentikorrak eragiten dituzten erabilera-moduak saihestuko ditu.

j) Ezagutza mugatuko erabilera. Produktuak edo zerbitzuak erabilera-modu bat eskainiko du gutxienez, zeinak ezaugarriak izango baititu erabilera sinplifikatu eta errazteko.

k) Pribatutasuna. Produktuak edo zerbitzuak irisgarritasuna ahalbidetzen duten ezaugarriak dituenean, ezaugarri horiek erabiltzean pribatutasunari eutsiko dion erabilera-modu bat izango du gutxienez.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper