Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.1.11. 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, Botere Judizialari buruzkoa


8.1.11. 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, Botere Judizialari buruzkoa[272]

III. LIBURUA
Epaitegi eta auzitegien araubidea

II. TITULUA
Epaitegi eta auzitegiak osatzeko modua

IV BIS KAPITULUA
Neurri indargarriak organo judizialen titulartasunean

216 bis 3 artikulua

2. Zerbitzu-eginkizun bererako zenbait eskatzaile daudenean, gobernu-sala eskudunak inguruabar hauek balioetsi beharko ditu egokien deritzonari lehentasuna ematean:

[…]

d) Zerbitzu-eginkizuna egin beharreko autonomia-erkidegokO zuzenbide edo hizkuntza eta zuzenbide substantibo propioak ezagutzea.

III. TITULUA
Jarduketa judizialak

I. KAPITULUA
Ahozkotasuna, publikotasuna eta hizkuntza ofiziala

231. artikulua

1. Jarduketa judizial guztietan, epaileek, magistratuek, fiskalek, idazkariek eta epaitegi eta auzitegietako gainerako funtzionarioek gaztelania erabiliko dute, estatuko hizkuntza ofiziala baita.

2. Orobat, autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala erabili ahal izango dute epaileek, magistratuek, fiskalek, idazkariek eta epaitegi eta auzitegietako gainerako funtzionarioek, baldin eta aldeetako bat ere aurka agertzen ez bada, hizkuntza hori ez dakiela eta horrek defentsa-gabezia sor dezakeela argudiatuz.

3. Aldeek, haien ordezkariek eta haiek zuzentzen dituztenek nahiz lekuko eta perituek erabili ahal izango dute jarduketa judizialak egiten diren autonomia-erkidegoan orobat ofiziala den hizkuntza, ahozko zein idatzizko adierazpenetan.

4. Autonomia-erkidego bateko hizkuntza ofizialean egindako jarduketa judizialek eta aurkeztutako dokumentuek balio eta eraginkortasun osoa izango dute, gaztelaniara itzuli beharrik gabe. Ondorioak izan behar badituzte autonomia-erkidegoko organo judizialen jurisdikziotik kanpo, itzuli egingo dira ofizioz, non eta ez den berezko hizkuntza ofizial bera duen beste autonomia-erkidego bat. Orobat itzuliko dira jarduketak legeek hala xedatzen dutenean edo aldeek defentsa-gabezia alegatuta eskatzen dutenean.

5. Ahozko jarduketetan edo zeinu-hizkuntzan egindako jarduketetan, interprete bat gaitu ahal izango da lege prozesal aplikagarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

[…]

IV. LIBURUA
Epaile eta magistratuak

I. TITULUA
karrera judiziala eta destino-betetzeak

II. KAPITULUA
Sarrera eta igoera karrera judizialean

311. artikulua

1. […]

Hizkuntza ofizial bat baino gehiago edo zuzenbide zibil propioa duten autonomia-erkidegoetan, lege honetan halakoetarako ezarri diren aurreikuspenak aplikatuko dira plaza horiek betetzean.

V. KAPITULUA
Epaitegietan, entzutegietan eta justizia-auzitegi nagusietan plazak betetzea

341. artikulua

1. Zuzenbide Zibil Berezia edo Forala edo berezko hizkuntza ofiziala duten autonomia-erkidegoetan justizia-auzitegi nagusietako eta entzutegietako presidente-postuak betetzeko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak merezimendutzat hartuko du zuzenbide zibil berezi edo foru-zuzenbide zibil horien espezializazioa eta erkidegoko berezko hizkuntza jakitea.

2. Erregelamendu bidez zehaztuko dira autonomia-erkidego horietako hizkuntza-ezagutzari buruzko balioespen-irizpideak eta Zuzenbide Zibil Berezia edo Forala, haien lurraldeko jurisdikzio-organoetarako lehiaketetan lehentasunezko merezimendu gisa.

VI BIS KAPITULUA
Lurralde-atxikipeneko epaileak

347 bis artikulua

7. Hizkuntza ofizial bat baino gehiago edo berezko zuzenbide zibila duten autonomia-erkidegoetan, lege honetan halakoetarako ezarri diren aurreikuspenak aplikatuko dira plaza horiek betetzean.

IV. TITULUA
Aldi baterako betetze-araubideko epaileak

431. artikulua

2. Lehentasuna izango dute ondorengo baremoaren arabera merezimendu gehien biltzen dutenek, ez badago egokitasunik eza dakarren bestelako inguruabarrik:

f) Berezko zuzenbidea edo berezko hizkuntza eta zuzenbidea dituzten autonomia-erkidegoetan, merezimendutzat joko da haiek jakitea.

V. LIBURUA
Justizia Administrazioko eta Bulego Judizialeko abokatuak

II. TITULUA
Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoa

I. KAPITULUA
Estatutu pertsonala

450. artikulua

4. Berezko zuzenbide zibila, forala edo berezia eta hizkuntza ofiziala duten autonomia-erkidegoetan, horien ezagutza merezimendutzat hartuko da.

VI. LIBURUA
Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidegoak eta bestelako langileak

II. TITULUA
Enplegu publikoaren eskaintza, sarrera eta lanbide-igoera

II. KAPITULUA
Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioak hautatzea

483. artikulua

2. Kidego bakoitzarentzat gaitegi bera eta egin beharreko probak berak izango dira estatuko lurralde osoan, baina eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoetan beste probaren batzuk ezar daitezke, bai bertako hizkuntzaren ezagutza egiaztatzeko, bai bertako zuzenbide zibil foral edo bereziaren ezagutza egiaztatzeko. Proba horiek hautazkoak izango dira, eta ezein kasutan ez dira kanporatzaileak izango; ezartzen den baremoaren arabera hartuko da kontuan proba horietako puntuazioa, kasuko autonomia-erkidegoaren barruan destinoa esleitzearen ondorioetarako eta ez bestetarako.

VII. TITULUA
Lanbide-jardueraren antolamendua

521. artikulua

3. Honako zehaztapen hauek agertu behar dute, nahitaez, lanpostu-zerrendetan:

B) Postu-mota. Lege honi dagokionez, bi sailetan sailkatzen dira postuak: generikoak eta banakotuak.

[…]

Postu banakotuak dira: egitura organikoan bereizirik daudenak eta banan-banan esleituriko ataza edo eginkizunak bete beharra dakartenak. Horri dagokionez, berezko hizkuntza duten autonomia-erkidegoetan, hizkuntza hori jakin beharra, postuaren banakotasunaren elementu funtsezko izatekotan, lanpostu-zerrendetan postuari esleituriko eginkizun zehatz batzuengatik izango da.

[…]

4. Gorago adierazitako betekizunez gainera, honako hauek jaso daitezke lanpostu-zerrendetan:

3) Autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala jakitea, ahoz eta idatziz, hizkuntza ofizial hori aintzatetsia duten autonomia-erkidegoetan.

VIII. TITULUA
Lanpostuak betetzea eta mugikortasuna

530. artikulua

Eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoetako lanpostuetarako deialdietan, erkidegoak berezko hizkuntza ofiziala baldin badu, merezimendutzat hartuko da hizkuntza hori jakitea, ahoz eta idatziz. Zenbait postutan, sartzeko ezinbesteko betekizuntzat hartu ahal izango da hori, bete beharreko eginkizunen izaerak hala eskatzen duenean eta lanpostu-zerrendetan hala ezarrita dagoenean.

IX. TITULUA
Diziplina-erantzukizuna

536. artikulua

Faltak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.

a) Falta oso astuntzat joko dira:

[…]

2. Diskriminazioa dakarren edozein jarduketa, edozein dela ere diskriminazioaren zioa: sexua, arraza, erlijioa, hizkuntza, iritzia, sorlekua edo auzotasuna edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial.

VIII. LIBURUA
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia

I. TITULUA
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eskudantziak

563. artikulua

2. Orobat jasoko da memoria horretan ere kapitulu batzuk sartuko dira eremu hauen inguruan:

c) Hizkuntza koofizialek justizian duten erabilerari buruzko txostena, bereziki epaile eta magistratuek euren eginkizunetan dihardutela egiten duten erabilerari dagokionez.


8.1.110. 4/2022 Legea, otsailaren 25ekoa, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoeren aurrean babesteari buruzkoa[438]

HITZAURREA

I

[…]

Hurbilketa teoriko eta kontzeptual horrekin bat etorriz, esan nahi da Europako araudiak kontsumitzaile ahulak babestera hertsatzen duela, ez soilik alderdi ekonomikoei dagokienez, araudi sektorialean egiten izan den bezala, baizik eta beste inguruabar batzuei dagokienez ere, hala nola adina, sexua, jatorri nazionala edo etnikoa, jaiolekua, pertsona alergikoak edo elikadura-intolerantzia motaren bat dutenak, genero-indarkeriaren biktimak, guraso bakarreko familiak, langabeak, desgaitasunen bat duten pertsonak, gaixoak, gutxiengo etniko edo linguistikoak, beren ohiko bizilekutik aldi baterako lekualdatutako pertsonak, migratzaileak edo nazioarteko babesa eskatzen dutenak, bai eta gabezia ekonomikoak dituzten pertsonak edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonak ere, edo beren kontsumo-harremanetan desabantailak sorraraz ditzakeen beste edozein inguruabar ere. Horren haritik, Europako Parlamentuak aldarrikapena egin zuen Kontsumitzaile Kalteberen Eskubideak indartzeko Estrategiari buruzko 2012ko maiatzaren 22ko Ebazpenean, edo, Kontseiluarekin batera, 2014-2020 aldirako Kontsumitzaileen Urte Anitzeko Programari buruzko 2014ko otsailaren 26ko 254/2014 Erregelamenduan, zeinak argi eta garbi jokatu baitzuen kontsumitzaile kalteberak babestearen alde, legegintza-aurreikuspen bereziak txertatuz.

Beraz, kontuan hartu behar da ezen askotarikoak direla kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kalteberatasun-egoera dakarten arrazoiak, betiere haiei eragiten dieten kontsumo-harreman espezifikoak kontuan hartuta. Garrantzitsua da adieraztea ezen kontsumo-harremanak diseinatzean ez direla kontuan hartzen pertsonen kolektibo jakin batzuen beharrizanak eta inguruabarrak, kolektibook oztopo bereziak baitituzte beren burua moldatzeko eta eskubideak egikaritzeko berdintasun-baldintzetan. Hala, kontsumo-harremanetan eragina dute zenbait aldagai psikosozialek (hala nola adina, sexua, jatorri nazionala edo etnikoa, jaiolekua edo desgaitasuna, besteak beste), eta eragin horrek kontsumitzaileak kalteberatasun bereziko egoeran jartzen ditu, zeinak beharrezko egiten baitu haien eskubideen babes indartua. Era berean, kontuan hartu behar dira zenbait inguruabar, hala nola hizkuntza ez jakitea, prestakuntza-maila (dela orokorra, dela merkatuko sektore bateko espezifikoa), bizilekua, egoera soziala, ekonomikoa eta finantzarioa edo baita ere teknologia berriak ondasun eta zerbitzuen merkatura normaltasunez iristeko tresna edo bide gisa erabiltzeari lotutako arazoak. Gainera, garrantzitsua da kontuan hartzea ezen aipatutako kausa edo faktore batzuek aldi berean jardun dezaketela edo elkarri eragin diezaioketela, horrela kasu horietan kalteberatasun-egoera areagotuz.

[…]

Lehenengo artikulua.— Azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretu bidez onetsitako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren aldaketa

Honela geratzen da idatzita Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina, azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretu bidez onetsia:

Zortzi. Erantsi egiten zaio bigarren paragrafoa 60. artikuluaren 1. apartatuari, eta aldatu egiten da artikulu beraren 4. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«4. Kontratu aurreko informazioa doan eta gaztelaniaz gutxienez eskuratu behar zaio kontsumitzaile eta erabiltzaileari, eta, aldeetako edozeinek eskatzen badu, kontratua egiten den tokian ofiziala den gainerako hizkuntzaren batean idatzi beharko da halaber.

Hamaika. Aldatu egiten da 99. artikuluko 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Saltokitik kanpo egindako kontratuetan, enpresariak 97.1 artikuluan agindutako informazioa helaraziko dio kontsumitzaile eta erabiltzaileari, paperean edota, hura ados badago, beste euskarri iraunkor batean. Informazio horrek irakurtzeko modukoa izan beharko du, eta gutxienez gaztelaniaz idatzita egon beharko du, eta, hala badagokio, aldeetako edozeinek eskatzen badu, kontratua egiten den tokiko beste hizkuntza ofizialetako edozeinetan ere idatzi beharko da, argi eta ulertzeko moduan».

Hamabi. Aldatu egiten da bigarren liburuaren IV. tituluko 127. artikuluaren 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«2. Berme komertzialaren deklarazioa euskarri iraunkor batean entregatuko zaio kontsumitzaile edo erabiltzaileari, beranduenez ondasunak entregatzeko unean, eta gaztelaniaz idatzita egongo da gutxienez, eta, hala badagokio, aldeetako edozeinek eskatzen badu, kontratua egiten den tokiko gainerako hizkuntza ofizialetako edozeinetan ere idatzi beharko da, modu argi eta ulergarrian.

Hamabost. Aldatu egiten da 153. artikuluko 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Aurreko 1. eta 2. apartatuetan aipatzen den informazioa gutxienez gaztelaniaz eman beharko zaio bidaiariari, eta, hala badagokio, aldeetako edozeinek eskatzen badu, kontratua egiten den tokiko beste hizkuntza ofizialetako edozeinetan ere idatzi beharko da, modu argi, ulergarri eta nabarmenean, eta, idatziz ematen denean, irakurtzeko modukoa izan beharko du».


8.1.111. 3/2022 Lege Organikoa, martxoaren 31koa, Lanbide-heziketa antolatzeari eta integratzeari buruzkoa[439]

HITZAURREA

V

[…]

IX. tituluan atzerriko hizkuntzen ezagutza eta lanbide-heziketako sistemaren nazioartekotzea arautzen dira. Titulazio bikoitzak sor daitezela xedatu da, nazioarteko akordioen ondorioz, bi herrialdeen titulua aldi berean eskuratu ahal izateko.

Bereziki, eleaniztasuna txertatzen da lanbide-heziketan, bai eta biztanleria aktiboa atzerriko hizkuntzetan prestatzea ere, betiere ekoizpen-sektoreei lotuta.

Besteak beste, nazioarteko proiektu eta organismoetan parte hartzea arautzen da.

Eta Espainiako eta atzerriko zentroen arteko prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak jasotzen dira, baita prestakuntzan zehar egonaldiak beste herrialde batean egiteko aliantzak ere.

[…]

I. TITULUA
Lanbide-heziketako sistema

I. KAPITULUA
Eginkizuna, helburuak eta tresnak

6. artikulua.— Helburuak

Hauek dira lanbide-heziketako sistemaren helburuak:

17. Atzerriko hizkuntzen ezagutza zabaltzea lanbide-eremuan.

II. TITULUA
Lanbide-heziketako eskaintzak

II. KAPITULUA
Eskaintzen tipologia eta prestakuntza-graduak

1. atala
A gradua. Konpetentziaren egiaztapen partziala

30. artikulua.— Egitura, iraupena eta irispidea

3. A graduko prestakuntzetara iristeko, ez da betekizun akademiko edo profesionalik eskatzen, baina hizkuntza-komunikaziorako behar besteko trebetasunak izan behar dira ikaskuntza ahalbidetzeko, bai eta prestakuntza hori probetxuz egiteko behar diren oinarrizko konpetentziak ere, konpetentzia profesionalaren estandarraren 1., 2. edo 3. mailaren arabera edo ikaskuntzaren emaitzen arabera.

2. atala
B gradua. Konpetentzia-ziurtagiria

33. artikulua.— Egitura, iraupena eta irispidea

2. B graduko prestakuntzetara iristeko, ez da betekizun akademiko edo profesionalik eskatzen, baina hizkuntza-komunikaziorako behar besteko trebetasunak izan behar dira ikaskuntza ahalbidetzeko, bai eta prestakuntza hori probetxuz egiteko behar diren aurretiazko konpetentziak ere, konpetentzia profesionalaren estandarraren 1., 2. edo 3. mailaren arabera.

3. atala
C gradua. Lanbide-ziurtagiria

37. artikulua.— Egitura, iraupena eta irispidea

3. C graduko prestakuntzetara iristeko, betekizun hauetako bat bete beharko da, lotuta dagoen konpetentzia profesionalaren estandarren 1., 2. edo 3. mailaren arabera:

a) 1. mailako C gradurako ez da betekizun akademiko edo profesionalik eskatzen, baina hizkuntza-komunikaziorako behar besteko trebetasunak izan behar dira ikaskuntza ahalbidetzeko. Aurretiazko oinarrizko konpetentziak behar izanez gero, eskaintzak prestakuntza-osagarriak txertatu ahal izango ditu horretarako.

4. atala
D gradua. Lanbide-heziketako heziketa-zikloetan

44. artikulua.— Oinarrizko graduko heziketa-zikloak

2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren arabera, oinarrizko graduko heziketa-zikloek hiru eremu eta proiektu hauek izango dituzte:

a) Komunikazio eta gizarte-zientzien eremua, zeinak ondoko ikasgaiok sartuko baititu: 1) Gaztelania. 2) Lanbide-hastapeneko atzerriko hizkuntza. 3) Gizarte-zientziak. 4) Honakoa badago, hizkuntza koofiziala.

45. artikulua.— Gradu ertaineko eta goi-graduko heziketa-zikloak

2. Gradu ertaineko eta goi-graduko zikloek egitura modularra izango dute, eta honako hauek izango dituzte:

b) Hautazkotasunaren zati bat, zeina osatzen baitute eskaintzaren konfigurazioari eta egokitzeko gaitasunari malgutasun handiagoa ematen dieten lanbide-moduluek; zati hori erabiliko da erantzuna emateko lurralde bakoitzeko ekoizpen-errealitatearen aniztasunari eta prestakuntza- eta lanbide-ibilbide bakoitza eraikitzeko interes eta motibazio pertsonalei, eta bide emango da heziketa-zikloko elementu jakin batzuetan sakontzeko.

Administrazio eskudunek, hala badagokio, hautazko lanbide-moduluak zehaztuko dituzte, zeharkako konpetentzien garapenean gehiago sakontzeko, hala nola sektoreari aplikatutako digitalizazioan sakontzea, enpresa-ekimenean eta ekintzailetzan sakontzea, atzerriko hizkuntzetan eta sektoreari aplikatutako garapen jasangarrian sakontzea; bai eta prestakuntza orokorreko osagarriak ematen dituzten hautazko lanbide-moduluak ere, banakako prestakuntza-ibilbidearen jarraipena errazteko, hala nola ezagutza humanistikoak zabaltzea, ezagutza zientifiko-teknikoak edo trebetasun sozialak zabaltzea.

V. TITULUA
Profil desberdinetako irakasleak eta prestatzaileak

I. KAPITULUA
Irakasleak eta prestatzaileak

87. artikulua.— Etengabeko prestakuntza

2. Etengabeko prestakuntzako programek bermatu beharko dute irakasleen eta prestatzaileen ezagutzak eta gaitasunak egokitzen direla ekoizpen-sektore bakoitzean gertatzen diren teknologiaren eta iraunkortasunaren aldaketetara, bai eta lanaren antolaketaren transformazioetara ere, eta bereziki:

a) Arreta berezia emango diote berrikuntza eta ikerketa aplikatuko, ekintzailetzako, digitalizazioko eta atzerriko hizkuntzetako prestakuntzari.

IX. TITULUA
Atzerriko hizkuntzen ezagutza eta lanbide-heziketako sistemaren nazioartekotzea

106. artikulua.— Nazioartekotzearen helburuak

Lanbide-heziketa nazioartekotzeko, lanbide-heziketako sistematik, Estatuko Administrazio Orokorrak honako hauek bultzatuko ditu:

1. Lankidetza-akordioak sinatzea eta proiektuak egitea beste herrialde batzuekin, jakintzaren transferentzia eta ekimen berritzaileen garapena errazteko interes partekatuko arloetan.

2. Irakasleen, prestatzaileen, ikasleen, landunen eta langabeen truke-programetan parte hartzea, bai esperientziak trukatzeko bai jardunbide egokiak ikasteko, eta, aldi berean, sektore profesionalarekiko konpromisoa eta motibazioa erraztea.

3. Lanbide-heziketako titulazio bikoitzetan oinarritutako programak egon daitezela, zeinek ahalbidetuko baitute tartean dauden bi herrialdeek diseinatu eta onetsitako curriculum mistoen bidez Espainiako eta bigarren herrialdeko lanbide-heziketako tituluak aldi berean lortzea, bai eta, titulazio bikoitzari esker eta baldintza abantailatsuetan, bi herrialdeetako goi-mailako ikasketetara eta prestakuntzara eta lanbide-jarduerara iristea ere.

4. Hedapen- eta ezagutza-jarduera espezifikoak atzerrian egitea, betiere ikasleak Espainiako lanbide-heziketako sistemara erakartzeko.

5. Lankidetzan aritzea lanbide-heziketako sistemak diseinatzeko eta ezartzeko prozesuetan beste herrialde batzuekin, bakoitzaren ezagutza eta esperientzia eskainiz.

107. artikulua.— Nazioarteko proiektu eta organismoetan parte hartzea

Estatuko Administrazio Orokorrak honako hauetan parte hartzea sustatuko du:

1. Lanbide-heziketako nazioarteko sareetan, zeinek ezagutza eta esperientzia-trukea ekarriko baitituzte biztanleriaren kualifikazioari lotutako prestakuntzaren, orientazioaren, digitalizazioaren, iraunkortasunaren eta hazkundearen esparruan, hargatik eragotzi gabe administrazio autonomikoek nazioarteko proiektuetan ezar ditzaketen lankidetzak.

2. Lanbide-heziketaren berrikuntzarekin eta hobekuntzarekin lotutako nazioarteko proiektuak eta antolakundeak.

108. artikulua.— Atzerriko hizkuntzak jakitea

Lanbide-atazen garapena eta igurikimen profesionalak hobetze aldera, lanbide-heziketako sistemak atzerriko hizkuntzen irakaskuntza txertatuko du lanbide-heziketako prozesuetan, betiere profesionalak gero eta ingurumari plurinazionalagoetan eta mugikortasun handiko ingurumarietan gaitzeko, helburua lanbide-eremu bakoitzean komunikatzea delarik. Horretarako:

1. C, D eta E graduetako lanbide-heziketako eskaintzek, ahal den neurrian, programak sustatuko dituzte atzerriko hizkuntzak ikasteko, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuari buruzkoak, betiere ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunean aurrera egiteko prestakuntzaren xede den eremu profesionalean eta ekoizpen-sektorean.

Administrazio eskudunek atzerriko hizkuntza teknikoaren modulu bat txertatu ahal izango dute, erregioko enpresa-ehunaren eta, oro har, ekoizpen-sektorearen beharrizanen arabera.

2. Arlo honetan eskumena duten administrazioek lankidetzan jardungo dute irakasleek beren lanbide-moduluak atzerriko hizkuntza batean emateko moduko hizkuntza-konpetentzia egokia eta nahikoa eskura dezaten.

3. Hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleen kasuan, bereziki ahozko adierazpenean zailtasunak dituztenen kasuan, atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan eta ebaluazioan malgutasun-neurriak eta alternatiba metodologikoak erraztuko dituzte.

109. artikulua.— Atzerriko prestakuntza-proiektuak

Lanbide-heziketako zentroek araubide orokorreko edo araubide tinkoko prestakuntza-eskaintzen proiektuak gauzatu ahal izango dituzte atzerrian kokatutako enpresekin, nazioartekotze-maila edozein dela ere, baldin eta komunikazio-hizkuntza ikasi bada edo prestakuntza-egonaldia behar bezala aprobetxatzeko moduko maila egiaztatzen bada. Horretarako, prestakuntza-osagarri egokiak txertatu ahal izango dira, prestakuntza-eskaintza nazioartekotutako enpresen beharrizanetara eta beste kultura batzuetako prestakuntzara egokituz, eta beharrezko mekanismoak ezarriz herrialde horietako zentro edo enpresetan prestakuntza jasoko dela koordinatzeko, bai eta laguntza-beharrizan espezifikoak dituzten pertsonek proiektu horietan parte hartzen dutela bermatuko duten egokitzapenak eta baliabideak ezartzeko ere.


8.1.112. 6/2022 Legea, martxoaren 31koa, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina aldatzen duena, irisgarritasun kognitiboa eta hura exijitzeko eta aplikatzeko baldintzak ezarri eta arautzeko[440]

HITZAURREA

I

[…]

Era berean, informazioak eta komunikazioak erraz irakurtzeko moduko formatuetan eta modu eta metodo handigarri eta alternatiboetan egon behar dute eskuragarri desgaitasuna duten pertsonentzat, zeinek formatu, modu eta metodo horiek erabiltzen dituzten. Gainera, 2. artikuluan, definizio kautoei buruzkoan, nazioarteko tratatuak xedatzen duenez, «konbentzio honen ondorioetarako […], “komunikazioak hizkera erraza izango du”, “irakurketa erraz”eko gaztelanian tinkatutako terminologia baliokidea.

[…]

Lege-aldaketa honek indartu egiten du desgaitasuna duten pertsonen talde handi baten eskubideen egikaritze eta erkidego-partaidetza osoa, eta, gainera, gizarte-sektore hori gainditzen du, eta ongintzako eta hobekuntza kolektiboko ondorioak erkidegoko beste segmentu batzuetara zabaltzen ditu, hala nola adinekoengana, herrialdeko bisitariengana nahiz egoiliarrengana, zeinek hizkuntza ofizialak behar bezala ezagutzen ez baitituzte, eta alfabetatze-maila txikia dutenengana, besteak beste.

[…]

Artikulu bakarra.— Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren aldaketa

Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina honela aldatzen da:

Lau. Aldatu egiten da 23. artikuluko 2. apartatuko c) letra, eta honela geratu da idatzita:

«c) Laguntza osagarriak, hala nola dirulaguntzak, laguntzeko produktu eta teknologiak, zerbitzu edo tratamendu espezializatuak eta beste zerbitzu pertsonal batzuk, bai eta pertsona edo animalia bidezko beste laguntza modu batzuk ere. Bereziki, komunikaziorako laguntza eta zerbitzu lagungarriak, hala nola sistema handigarriak eta alternatiboak, braillea, irakurketa erraza, piktogramak, irispide errazeko multimedia gailuak, ahozko komunikaziorako eta zeinu-hizkuntzarako laguntza-sistemak, ukipenezko komunikazio-sistemak eta komunikazioan laguntzen duten beste gailu batzuk».


8.1.113. 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Poluituei buruzkoa[441]

HITZAURREA

XVI

[…]

[…] Gainera, proposatutako desagregazioak hizkera komuna ziurtatzea ahalbidetzen du tratamendu-instalazio horien baimenetan, eta erraztu egiten du administrazioen eta enpresen artean hondakinen kudeaketari buruzko informazioa elkarri trukatzea, bai eta hondakinen kudeaketari buruzko estatistikak egitea eta informazioa ematea ere.

III. TITULUA
Hondakinen ekoizpena, edukitza eta kudeaketa

I. KAPITULUA
Hondakinak ekoiztea eta edukitzea

21. artikulua.— Hasierako ekoizlearen edo beste edukitzaile baten betebeharrak, betiere hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari dagozkienez

Hondakinak ekoitzi diren lekuan biltegiratu, nahasi, ontziratu eta etiketatzeari dagokionez, hasierako ekoizleak edo hondakinen beste edozein edukitzailek betebehar hauek ditu:

e) Hondakin arriskutsuak dituzten poto eta ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, ikusteko modukoa, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, gutxienez Estatuko espainiar hizkuntza ofizialean.

Etiketan honako hauek agertu beharko dira:

1) Hondakinaren kodea eta deskripzioa 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, bai eta, I. eranskinaren arabera, arrisku-ezaugarrien kodea eta deskripzioa ere.

2) Hondakinen ekoizlearen edo edukitzailearen izena, Ingurumeneko Identifikazio Zenbakia (aurrerantzean, «NIMA»), posta-helbidea eta helbide elektronikoa, eta telefonoa.

3) Hondakinen gordailuaren hasierako data.

4) Ontziratutako hondakin bati piktograma bat baino gehiago esleitzen zaionean, Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko abenduaren 16ko 1272/2008 (EE) Erregelamenduaren 26. artikuluan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

Aurreko apartatuan aipatutako irizpideak aplikatu ondoren hondakinari esleitzen zaizkion arrisku-piktograma guztiak agerraraziko dira etiketan. Etiketak irmo itsatsita egon beharko du ontziaren gainean, eta, beharrezkoa izanez gero, aurreko adierazpenak edo etiketak deuseztatu beharko dira, horrela errakuntzak ezabatzeko edo ontziaren jatorria eta edukia ez nahasteko hondakinaren ondorengo eragiketetatik ezeinetan.

Etiketak irmo itsatsita egon beharko du ontziaren gainean, eta, beharrezkoa izanez gero, aurreko adierazpenak edo etiketak deuseztatu beharko dira, horrela errakuntzak ezabatzeko edo ontziaren jatorria eta edukia ez nahasteko hondakinaren ondorengo eragiketetatik ezeinetan.

Etiketaren neurriak, gutxienez, 10 × 10 cm-koa izan beharko du. Etiketa ez da beharrezkoa izango adierazitako inskripzioak ontziaren gainean argi eta garbi markatuta agertzen direnean, betiere eskatutako betekizunekin bat badatoz.


8.1.114. 11/2022 Legea, ekainaren 28koa, Telekomunikazioen Orokorra[442]

III. TITULUA
Zerbitzu publikoko betebeharrak eta eskubide eta betebehar publikoak, sareen horniduran eta komunikazio elektronikoen zerbitzuak ematean

IV. KAPITULUA
Azken erabiltzaileen eskubideak

65. artikulua.— Azken erabiltzaileen eskubide espezifikoak, eta herritarrentzat eskuragarri dauden komunikazio elektronikoen sareen eta zerbitzuen kontsumitzaileen eskubide espezifikoak

4. Estatuko hizkuntza ofizialean eta norberari dagokion autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialean eskaini beharko dira azken erabiltzaileek eta komunikazio elektronikoen sare eta zerbitzu eskuragarrien kontsumitzaileek jasotako informazio guztia, bai eta bezeroarentzako arreta-zerbitzu guztiak ere, baldin eta azken erabiltzaileak edo kontsumitzaileak hala eskatzen badu.

68. artikulua.— Gardentasuna, eskaintzak konparatzea eta informazioa argitaratzea

3. Konparazio-tresnek betekizun hauek bete behar dituzte:

d) hizkera erraza eta zalantzarik gabea erabiliko dute.

73. artikulua.— Desgaitasuna duten pertsonek iristeko behar dituzten oinarrizko baldintzak arautzea

Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalari entzun ondoren, errege-dekretu bidez, oinarrizko baldintzak ezarri ahal izango dira, desgaitasuna duten pertsonek iritsi ahal izan ditzaten komunikazio elektronikoekin lotutako teknologiak, produktuak eta zerbitzuak. Arau horretan ezarriko dira herritarrentzat eskuragarri dauden komunikazio elektronikoen zerbitzuen operadoreek bete beharko dituzten betekizunak, betiere desgaitasuna duten erabiltzaileek honako hau lortuko dutela bermatze aldera:

a) irispide bera izan ahal izatea azken erabiltzaile gehienek dituzten komunikazio elektronikoen zerbitzuetarako, kontratu-informazioa, fakturazioa eta jendearentzako arreta barne, betiere guztiek haiek iristeko dituzten moduko baldintza eta formatuetan eta hizkuntza koofizialak erabiliz;

V. TITULUA
Jabari publiko erradioelektrikoa

93. artikulua.— Teknologia- eta zerbitzu-neutraltasuna jabari publiko erradioelektrikoaren erabileran

2. Maiztasunak Esleitzeko Koadro Nazionalean komunikazio elektronikoen zerbitzuetarako erabilgarri deklaratutako irrati-maiztasunen bandetan, komunikazio elektronikoen edozein motatako zerbitzuak eman ahal izango dira, Europar Batasuneko zuzenbidearekin bat etorriz.

Hala ere, eskaintzen diren komunikazio elektronikoen zerbitzu-motei murrizketa proportziozkoak eta ez-diskriminatzaileak ezarri ahal izango zaizkie, bai eta, hala dagokionean, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunaren Irrati-komunikazioen Erregelamenduko betekizun bat betetzea ere.

Komunikazio elektronikoen zerbitzu bat komunikazio elektronikoen zerbitzuetarako eskuragarri dagoen banda espezifiko batean ematea eskatzen duten neurriek justifikatuta egon beharko dute Europar Batasuneko zuzenbidearen arabera definitutako interes orokorreko helburuak lortzen direla bermatzeko, hala nola:

d) komunikabideen kultura- eta hizkuntza-aniztasuna eta pluraltasuna sustatzea, adibidez, ikus-entzunezko telebista- eta irrati-komunikazioko zerbitzuak emanez.

II. ERANSKINA
Definizioak

68. Lotutako zerbitzuak: komunikazio elektronikoen sare batekin edo komunikazio elektronikoen zerbitzu batekin lotutako zerbitzuak, baldin eta ahalbidetzen edo laguntzen badute sare edo zerbitzu horren bidez zerbitzu automatizatuak, autoprestazioa edo prestazioa ematea, edo hori egiteko ahalmena badute, eta barnean hartzen badituzte zenbakien itzulpena edo antzeko funtzionalitatea duten sistemak, baldintzapeko irispide-sistemak eta programen gida elektronikoak, bai eta beste zerbitzu batzuk ere, hala nola identitate-, lokalizazio- eta presentzia-zerbitzua.


8.1.115. 13/2022 Legea, uztailaren 7koa, Ikus-entzunezkoen Komunikazioari buruzkoa[443]

HITZAURREA

I

[…]

Erregulazioak, beraz, honako hau hartu behar du abiapuntutzat: ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu tradizionalek egunean batez beste ikusten den denboraren ehuneko handia hartzen jarraitzen badute ere, ikus-entzunezko eduki-mota berriek, hala nola bideo laburrek edo erabiltzaileek sortutako edukiak, garrantzi handiagoa hartu dute, eta zerbitzu hauen emaileak (eskaerako zerbitzuenak eta plataformaren bidez bideoak trukatzekoak barne) ondo finkatuta daude. Zerbitzu horiek guztiek eragin handia dute erabiltzaileengan, eta ikus-entzule eta diru-sarrera berengatik lehiatzen dira, edozein delarik ere zerbitzuok ezarrita dauden herrialdea edo haiek erabiltzen duten teknologia. Gainera, zerbitzu horiek guztiak tresna bat dira balioak, esanahiak eta identitateak transmititzeko, bai eta gizarte batean kultura- eta hizkuntza-aniztasuna babesten laguntzeko, emakumeen eta gizonen irudi berdinzalea, ez-diskriminatzailea, ez-sexista eta estereotiporik gabea transmititzeko eta, azken batean, gizarte horretako kideak hezteko eta prestatzeko ere. […]

[…]

IV

[…]

I. tituluak ikus-entzunezko komunikazioaren printzipio orokorrak ezartzen ditu; printzipio horiek giza duintasuna eta konstituzio-balioak errespetatu beharko dituzte, eta emakumeen eta gizonen irudi berdinzalea eta ez-diskriminatzailea helarazi beharko dute. Era berean, ikus-entzunezko komunikazioak pluraltasunaren balio konstituzional gorena errespetatu behar du. Orobat, ikus-entzunezko komunikazio inklusiboa sustatu behar da, bai desgaitasuna duten pertsonak aurkezteko moduan, bai pertsona horiek ikus-entzunezko komunikaziorako duten irispidean ere. Legearen beste printzipio orokor batzuk dira kultura- eta hizkuntza-aniztasunarekiko errespetua eta alfabetatze mediatikoa. […].

[…]

VI. tituluak ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzuen betebeharrak biltzen ditu, linealak zein eskaera bidezkoak. […] Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzuen irisgarritasunari buruzkoa da II. kapitulua, zeinak betebeharrak arautzen baititu desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzuak etengabe eta pixkanaka hobetzen direla bermatzeko. Berrikuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: irisgarritasun-tresnen kalitate-eskakizunak txertatzea, eta Espainiako Azpititulazio eta Audiodeskripzioaren Espainiako Zentroa eta Espainiar Zeinu-hizkuntzaren Hizkuntza Normalizaziorako Zentroa erreferentziazko estatuko zentro teknikotzat hartzea desgaitasuna duten pertsonentzako ikus-entzunezko irisgarritasunaren arloan. III. kapituluak sistema berri bat ezartzen du ikus-entzunezko obra europarra sustatzeko, zeina baita ikus-entzunezkoen eremuan sustatzen den kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren oinarria.

[…]

[…]. Azkenik, bosgarren xedapen gehigarriak zenbait jarduketa jasotzen ditu ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetan hizkuntza-aniztasuna sustatzeko.

[…]

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

2. artikulua.— Definizioak

Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honako definizio hauek ematen dira:

10. Autonomia-erkidegoaren eremuko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua:

b) Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua, zeina ematen baita II. tituluan eta araudi autonomiko egokian aurreikusitakoaren arabera autonomia-eremuko ikus-entzunezko agintaritza eskudunaren aurrean aldez aurreko komunikazioa egitean oinarrituta, betiere honako baldintza hauek aldi berean betetzen badira:

1) Zerbitzu-emaileak egoitza nagusia autonomia-erkidego batean duenean eta ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuari buruzko argitalpen-erabakiak autonomia-erkidego horretan hartzen direnean.

2) Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua autonomia-erkidego horretan kokatutako erabiltzaileei zuzentzen zaienean gehienbat, zerbitzu horren bidez ematen diren ikus-entzunezko edukien izaera, gaia edo hizkuntza dela eta.

I. TITULUA
Ikus-entzunezko komunikazioaren printzipio orokorrak

4. artikulua.— Giza duintasuna

2. Ikus-entzunezko komunikazioak ez du talde baten aurkako edo talde bateko kideen aurkako indarkeriara, gorrotora edo diskriminaziora bultzatuko, adina, sexua, desgaitasuna, sexu-orientazioa, genero-identitatea, genero-adierazpena, arraza, kolorea, jatorri etniko edo soziala, ezaugarri sexualak edo genetikoak, hizkuntza, erlijioa edo sinesmenak, iritzi politikoak edo beste edozein motatakoak, nazionalitatea, ondarea edo jaiotza direla eta.

5. artikulua.— Pluraltasuna

1. Ikus-entzunezko komunikazioaren pluraltasuna sustatuko da, eta horretarako sustatuko da gizartearen pluraltasun ideologikoa eta politikoa eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna islatuko dituzten hedabide publiko, pribatu eta komunitario batzuk egon daitezela.

6. artikulua.— Genero-berdintasuna eta emakumeen irudi publikoa

3. Autorregulazioa sustatuko da ikus-entzunezko komunikazio komertzial ez-sexistak, bai hizkuntzan, bai edukian eta irudietan, eta genero-estereotiporik gabeak bermatzeko.

8. artikulua.— Estatuko hizkuntza ofiziala eta autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialak

Ikus-entzunezko komunikazioak Estatuko hizkuntza ofiziala, autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialak eta haien kultura-adierazpenak ezagutzea eta zabaltzea sustatuko du, eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna islatzen lagunduko du.

15. artikulua.— Autorregulazioko eta korregulazioko jokabide-kodeak

4. Edozelan ere, bai estatuan bai autonomia-erkidegoan, jokabide-kodeak sustatuko dira honako eremu hauetan:

l) Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna babestean eta sustatzean.

II. TITULUA
Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzua ematea

IV. KAPITULUA
Zerbitzu-emaileen erregistroa, eta ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen jabetza-araubidearen publizitatea eta plataformaren bidez bideoak trukatzeko zerbitzuen jabetza-araubidearen publizitatea

42. artikulua.— Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua ematen dutenen eta plataformaren bidez bideoak trukatzeko zerbitzua ematen dutenen jabetza-araubidearen publizitatea

Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren emaileek eta plataformaren bidez bideoak trukatzeko zerbitzuaren emaileek honako informazio hau izan beharko dute irisgarri haien webgune korporatiboetan, erraz ulertzeko moduan eta formatu elektroniko eta berrerabilgarrian, Estatuko hizkuntza ofizialean eta autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan, hargatik eragotzi gabe uztailaren 11ko 34/2002 Legearen eta abenduaren 9ko 19/2013 Legearen arabera, eta Merkataritza Kodean, Kapital-sozietateei buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuan eta Kontu Auditoriaren uztailaren 20ko 22/2015 Legean informazio ez-finantzarioaren eta aniztasunaren arloko araudiaren arabera dagozkien betebeharrak:

III. TITULUA
Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoa ematea

I. KAPITULUA
Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoa

51. artikulua.— Ikus-entzunezkoen komunikazio-zerbitzu publikoaren xedea

Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoaren xedea da:

d) Kultura- eta hizkuntza-aniztasuna ezagutaraztea.

VI. KAPITULUA
Autonomia-erkidegoetako eta tokian tokiko ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoa ematea

73. artikulua.— Ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoa ematea norberari dagokion autonomia-erkidegotik kanpo

1. Autonomia-erkidego baten lurreko uhin hertziarren bidez ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa eman ahal izango da hizkuntza- eta kultura-kidetasunak dituen beste autonomia-erkidego mugakide batean, baldin eta baldintza hauek betetzen badira aldi berean:

a) Hitzarmena sinatzen bada autonomia-erkidego interesdunen artean.

b) Autonomia-erkidego biek zerbitzu publikoaren emaile bat badute, igorpenetan elkarrekikotasunak egon behar du.

c) Plan tekniko nazional egokiaren arabera autonomia-erkidegoari esleitutako espektro erradioelektrikoa erabiliz ematen bada zerbitzua.

d) Estatuko Administrazio Orokorrari jakinarazten bazaio a) letran adierazitako hitzarmena sinatu dela, eta jabari publiko erradioelektrikoa erreserbatzeagatiko tasa ordaindu behar duen subjektua identifikatzen bada.

2. Autonomia-erkidego batek autonomia-erkidego mugakide batean ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa emateak autonomia-erkidegoko zerbitzu publikoaren izaerari eutsiko dio.

3. Autonomia-eremuko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren emaileek akordioak egin ahal izango dituzte haien artean eta Espainiako Irrati eta Telebista Korporazioarekin, edukiak batera ekoizteko edo editatzeko, eskubideak eskuratzeko edukien gainean edo beste estaldura batzuetan, beren jardueraren eraginkortasuna hobetzeko, betiere lege honetan kate-emanaldirako ezarritako mugekin.

VI. TITULUA
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua ematen dutenen betebeharrak

I. KAPITULUA
Adingabeen babesa

100. artikulua.— Adingabeentzat bereziki gomendatutako ikus-entzunezko edukia

Ikus-entzunezko agintaritza eskudunak jarduerak jarriko ditu abian adingabeentzat bereziki gomendatutako programen ekoizpena eta emisioa sustatzeko, betiere haien adinera, heldutasunera eta hizkerara egokituta, haien garapen eta ongizate integrala sustatze aldera.

II. KAPITULUA
Irisgarritasuna

101. artikulua.— Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzurako irisgarritasun unibertsala

1. Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua ematen dutenek betebehar hauek izango dituzte irisgarritasunaren arloan:

e) Bermatzea zeinuzko edukiak txertatzen direla Espainiar Zeinu-hizkuntzaren Hizkuntza Normalizaziorako Zentroak edo, hala badagokio, zeinu-hizkuntza propioa duten autonomia-erkidegoetako organismo baliokideek jasotako kalitate-irizpideen arabera.

102. artikulua.— Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu lineal irekirako irisgarritasuna

1. Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu lineal irekia ematen dutenek betebehar hauek izango dituzte haien edukien irisgarritasuna bermatzeko:

b) Gutxienez bost ordu astean zeinu-hizkuntzan emandako programetan, ahal dela ikus-entzule gehien dagoen ordutegian; programon artean, albistegiek, haurrentzako programazioak, gaurkotasuneko eduki informatiboa duten programek, kontsumitzaileen interesekin zerikusia duten programek edo erlijio-zerbitzuek egon beharko dute.

2. Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu publiko lineal irekia ematen dutenek betebehar hauek izango dituzte haien edukien irisgarritasuna bermatzeko:

b) Gutxienez hamabost ordu astean zeinu-hizkuntza sartzen duten programetan, ahal dela ikus-entzule gehien dagoen ordutegian; programon artean, albistegiek, haurrentzako programazioak, gaurkotasuneko eduki informatiboa duten programek, kontsumitzaileen interesekin zerikusia duten programek edo erlijio-zerbitzuek egon beharko dute.

103. artikulua.— Baldintzapeko iristea duen ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu linealerako irisgarritasuna

1. Baldintzapeko iristea duen ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu lineala ematen dutenek betebehar hauek izango dituzte haien edukien irisgarritasuna bermatzeko:

c) Zeinu-hizkuntzako entzuleentzat interes handiagoa izan dezaketen programak pixkanaka txertatzea.

104. artikulua.— Eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzurako irisgarritasuna

1. Eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzua ematen dutenek betebehar hauek izango dituzte haien katalogoko edukien irisgarritasuna bermatzeko:

b) Audiodeskripzioa eta zeinu-hizkuntza dituzten programak pixkanaka txertatzea, betiere katalogoan haiei behar bezalako garrantzia emanaz.

108. artikulua.— Autorregulazioa

[…]

Autorregulazio-koderik hartu ez bada aurreko paragrafoan aurreikusitako irisgarritasunaren arloko nahitaezko neurrien kalitatea hobetzeko, edo ikus-entzunezko agintaritza eskudunak ondorioztatzen badu autorregulazio-kode hori ez dela nahikoa eraginkorra ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetarako irisgarritasunaren kalitatea hobetzeko, orduan Gobernuak kalitate-betekizun horiek erregelamendu bidez ezarriko ditu, eta horretarako erreferentzia gisa hartuko ditu Espainiako kalitateari buruzko UNE araudia eta Espainiar Zeinu-hizkuntzaren Hizkuntza Normalizaziorako Zentroak jasotako kalitate-irizpideak.

109. artikulua.— Estatuko eta autonomia-erkidegoetako eremuetako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen irisgarritasunerako erreferentzia-zentroak

1. Desgaitasunari buruzko Errege Patronatuaren Azpititulazio eta Audiodeskripzioaren Espainiako Zentroa (CESyA) eta Espainiar Zeinu-hizkuntzaren Hizkuntza Normalizaziorako Zentroa (CNSLE) dira erreferentziazko Estatuko zentro teknikoak desgaitasuna duten pertsonentzako ikus-entzunezko irisgarritasunaren arloan, betiere estatu-eremuko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei dagokienez.

2. Autonomia-erkidegoek erabaki ahal izango dute zein diren desgaitasuna duten pertsonentzako ikus-entzunezko irisgarritasunaren arloko erreferentziazko zentro autonomiko teknikoak, betiere autonomia-erkidegoaren eremuko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei dagokienez.

III. KAPITULUA
Ikus-entzunezko obra europarra eta hizkuntza-aniztasuna sustatzea

110. artikulua.— Ikus-entzunezko obra europarra eta hizkuntza-aniztasuna sustatzeko betebeharra

Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzua ematen dutenek Estatuaren kultura- eta hizkuntza-aniztasuna islatzen lagunduko dute, eta behar besteko mailak bermatuko dituzte ikus-entzunezko obra europarren inbertsio- eta banaketarako, betiere kapitulu honetan aurreikusitako baldintzetan.

2. atala
Ikus-entzunezko obra europarraren kuotarako eta hizkuntza-aniztasuna sustatzeko betebeharra

115. artikulua.— Ikus-entzunezko obra europarraren kuota ikus-entzunezko telebista-komunikazio linealeko zerbitzuan

1. Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu lineala ematen dutenek programazioaren urteko emanaldi-denboraren ehuneko berrogeita hamaika gordeko dute gutxienez ikus-entzunezko obra europarretarako.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako kuotaren ehuneko berrogeita hamar, gutxienez, Estatuko hizkuntza ofizialean edo autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean egindako obretarako gordeko da. Azpikuota horretatik, estatu-eremuko ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoaren emaileak gutxienez ehuneko hamabost gordeko du autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean egindako ikus-entzunezko obretarako, biztanle-pisua kontuan hartuta, eta, gutxienez, ehuneko hamar gordeko du hizkuntza horietako bakoitzerako.

3. Emanaldi-denbora osoaren ehuneko hamar, gutxienez, zerbitzu-emailearengandik independenteak diren ekoizleen obra europarretarako gordeko da, eta ehuneko hamar horren erdiak azken bost urteetan ekoitzia izan beharko du.

4. Zerbitzu-emaileek Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetan soilik hedatzeko eskaintzen dituzten ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu linealek ez dute artikulu honen 2. apartatua bete beharrik izango.

5. Artikulu honetan aipatzen den emanaldi-denbora zenbatuko da albistegiei, kirol-ekitaldiei, jokoei eta ikus-entzunezko merkataritza-komunikazioei eskainitako denbora kenduta.

6. 2. apartatuan ezarritako betebeharrei dagokienez, hizkuntza ofiziala duten autonomia-erkidegoek betebehar gehigarriak arautu ahal izango dituzte beren eremu autonomikoetan ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren emaileentzat.

116. artikulua.— Ikus-entzunezko obra europarraren kuota eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzuaren katalogoan

1. Eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzua ematen dutenek katalogoaren ehuneko hogeita hamar, gutxienez, gordeko dute obra europarretarako.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako kuotaren ehuneko berrogeita hamar, gutxienez, Estatuko hizkuntza ofizialean edo autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean egindako obretarako gordeko da. Azpikuota horretatik, estatu-eremuko eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzuaren emaileak gutxienez ehuneko berrogeita hamar gordeko du autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean egindako ikus-entzunezko obretarako, biztanle-pisua kontuan hartuta, eta, gutxienez, ehuneko hamar gordeko du hizkuntza horietako bakoitzerako.

3. Zerbitzu-emaileek Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetan soilik hedatzeko eskaintzen dituzten eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzuek ez dute 2. apartatuan xedatutakoa bete beharrik izango.

4. Eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzua ematen dutenek obra europar horien garrantzia bermatuko dute beren katalogoetan.

5. 2. apartatuan ezarritako betebeharrei dagokienez, hizkuntza ofiziala duten autonomia-erkidegoek betebehar gehigarriak arautu ahal izango dituzte beren eremu autonomikoetan eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzuaren emaileentzat.

3. atala
Ikus-entzunezko obra europarra aurretiaz finantzatzeko eta hizkuntza-aniztasuna sustatzeko betebeharra

117. artikulua.— Ikus-entzunezko obra europarra aurretiaz finantzatzeko betebeharra

1. Ikus-entzunezko telebista-komunikazio linealeko edo eskaera bidezko zerbitzuaren emaileek betebeharra dute ikus-entzunezko obra europarra aurretiaz finantzatzeko, baldin eta Espainian ezarrita badaude eta zerbitzuak Espainian ematen badituzte, edo, baldin eta zerbitzuak Espainiara zuzentzen badituzte eta Europar Batasuneko beste estatu kide batean ezarrita badaude.

2. Aurreko apartatuan ezarritako betebeharra ez zaie exijituko negozio-bolumen txikia duten zerbitzu-emaileei, ikus-entzule gutxi duten ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei, ezta betebeharra erabilezina edo justifikaziorik gabea den kasuetan ere, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren izaera edo gaia dela-eta, erregelamendu bidez zehazten den moduan.

3. Ikus-entzunezko obra europarra aurretiaz finantzatzeko 1. apartatuan aurreikusitako betebeharraren zenbatekoa zehazteko, Espainiako ikus-entzunezko merkatuan ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzuak emateagatik aurreko ekitaldian sortutako diru-sarrerak hartuko dira oinarritzat, ustiapen-kontuaren arabera.

4. Lehenengo apartatuan aurreikusitako betebeharra bete ahal izango da obren ekoizpenean zuzenean parte hartuz, obrok ustiatzeko eskubideak eskuratuz edota ekarpena eginez Zinematografia Babesteko Funtsari, zeina kudeatzen baitu Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 19.3 artikuluaren arabera, edo, bestela, ekarpena eginez gaztelania ez den beste hizkuntza ofizial batzuetan zinematografia eta ikus-entzunezkoak sustatzeko funtsari, zeina lege horren 36. artikuluan jasota baitago.

5. Koprodukzioetan, finantzaketa-betebeharra betetzeko, ez da kontabilizatuko ekoizle independentearen ekarpena.

6. Behartutako subjektuek Zinematografia Babesteko Funtsari egiten dioten ekarpena, lehenik eta behin, ekoizle independenteek ikus-entzunezko obraren ekoizpenean egindako finantzaketa gisa zenbatuko da, salbu eta kontrakoa adierazten bada edo kopuruak kontzeptu horrengatik egin beharreko inbertsioa gainditzen badu.

7. Ikus-entzunezko obra europarra aurretiaz finantzatzeko betebeharra betetzeko, ez da zenbatuko Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen arabera X kalifikazioa jaso dezaketen filmen eskubideak ekoiztea edo erostea.

8. Sare nazional baten parte ez diren toki-eremuko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen emaileak salbuetsita egongo dira obra europarra finantzatzeko betebeharra betetzetik.

118. artikulua.— Ikus-entzunezko obra europarra aurretiaz finantzatzeko betebeharra, ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu publikoa ematen dutenentzat

1. Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu publikoa ematen duenak bere diru-sarrera konputagarrien ehuneko sei ikus-entzunezko obra europarrak aurretiaz finantzatzeko erabiliko du.

2. Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu publikoa ematen duenak finantzatzeko duen betebehar osoak honako baldintza hauek errespetatu beharko ditu:

a) Gutxienez ehuneko hirurogeita hamar ekoizle independenteek beren ekimenez edo enkarguz ekoitzitako ikus-entzunezko obrak egiteko izango da, 112. artikuluan xedatutakoaren arabera, Estatuko hizkuntza ofizialean edo autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean. Azpikuota horretatik, estatu-eremuko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu publikoaren emaileak honako hauek erreserbatuko ditu:

1) Gutxienez ehuneko hamabost autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan egindako ikus-entzunezko obretarako, biztanle-pisua kontuan hartuta, eta, gutxienez, ehuneko hamar gordeko du hizkuntza horietako bakoitzerako.

2) Gutxienez ehuneko hogeita hamar emakumeek soilik zuzendutako edo sortutako ikus-entzunezko obrentzat.

b) Gutxienez ehuneko berrogeita bost ekoizle independenteek, beren ekimenez edo enkarguz, Estatuko hizkuntza ofizialean edo autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean ekoitzitako edozein generotako film zinematografikoetarako izango da, 112. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Gutxienez ehuneko hamabi animaziorako eta dokumentaletarako izango da.

3. Hizkuntza ofizialak dituzten autonomia-erkidegoek betebehar gehigarriak arautu ahal izango dituzte eremu autonomikoko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu publikoa ematen dutenentzat. Era berean, hitzarmen bidez itundu ahal izango da artikulu honetan aurreikusitako finantzaketa-betebeharrak aplikatzeko modua, kapitulu honetan ezarritako finantzaketa-betebeharrari lotutako eremu autonomikoko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren emaile baten edo batzuen eta ekoizle zinematografiko gehienak biltzen dituzten elkarte baten edo batzuen arteko akordio bidez, betiere bertan ezarritako proportzioak errespetatuz.

119. artikulua.— Ikus-entzunezko obra europarra aurretiaz finantzatzeko betebeharra, ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu publikoa linean edo eskaera bidez ematen dutenentzat

1. Ikus-entzunezko obra europarra aurretiaz finantzatzeko betebeharra mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioaren arabera modulatuko da.

2. Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu lineala edo eskaera bidezkoa ematen dutenek, baldin eta 117.3 artikuluan ezarritakoaren arabera berrogeita hamar milioi euroko edo gehiagoko diru-sarrera konputagarriak badituzte, diru-sarrera horien ehuneko bost bideratuko dute urtero ikus-entzunezko obra europarra finantzatzera, dagoeneko amaituta dagoen ikus-entzunezko obra europarra ustiatzeko eskubideak erostera edo Zinematografia Babesteko Funtsari edo gaztelania ez den beste hizkuntza ofizial batzuetan egindako zinematografia eta ikus-entzunezkoak sustatzeko funtsari ekarpena egitera. Zerbitzu-emailearen finantzaketa-betebehar osoak honako bi baldintza hauek errespetatu beharko ditu:

a) Gutxienez ehuneko hirurogeita hamar ekoizle independenteek beren ekimenez edo enkarguz ekoitzitako ikus-entzunezko obrak egiteko izango da, 112. artikuluan xedatutakoaren arabera, Estatuko hizkuntza ofizialean edo autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean. Azpikuota horretatik, ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzua linean edo eskaera bidez ematen duenak honako hauek erreserbatuko ditu:

1) Gutxienez ehuneko hamabost autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan egindako ikus-entzunezko obretarako, biztanle-pisua kontuan hartuta, eta, gutxienez, ehuneko hamar gordeko du hizkuntza horietako bakoitzerako.

2) Gutxienez ehuneko hogeita hamar emakumeek soilik zuzendutako edo sortutako ikus-entzunezko obrentzat.

b) Gutxienez ehuneko berrogei ekoizle independenteek, beren ekimenez edo enkarguz, Estatuko hizkuntza ofizialean edo autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean ekoitzitako edozein generotako film zinematografikoetarako izango da, 112. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu lineala edo eskaera bidezkoa ematen dutenek, baldin eta 117.3 artikuluan ezarritakoaren arabera berrogeita hamar milioi euro baino gutxiagoko eta hamar miloi eurotik gorako diru-sarrera konputagarriak badituzte, diru-sarrera horien ehuneko bost bideratuko dute urtero ikus-entzunezko obra europarra finantzatzera, dagoeneko amaituta dagoen ikus-entzunezko obra europarra ustiatzeko eskubideak erostera edo Zinematografia Babesteko Funtsari edo gaztelania ez den beste hizkuntza ofizial batzuetan egindako zinematografia eta ikus-entzunezkoak sustatzeko funtsari ekarpena egitera. Zerbitzu-emailearen finantzaketa-betebehar osoak gutxienez ehuneko hirurogeita hamar errespetatu bete beharko du ekoizle independenteek beren ekimenez edo enkarguz ekoitzitako ikus-entzunezko obrak egiteko, 112. artikuluan xedatutakoaren arabera, Estatuko hizkuntza ofizialean edo autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean.

4. Ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzu lineala edo eskaera bidezkoa ematen dutenek ez dute betebeharrik izango, baldin eta 117.3 artikuluan ezarritakoaren arabera hamar milioi eurotik beherako diru-sarrera konputagarriak badituzte.

5. Hizkuntza ofizialak dituzten autonomia-erkidegoek betebehar gehigarriak arautu ahal izango dituzte eremu autonomikoko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzua ematen dutenentzat.

IV. KAPITULUA
Ikus-entzunezko merkataritza-komunikazioak

1. atala
Ikus-entzunezko merkataritza-komunikazioak egiteko eskubidea

122. artikulua.— Erabateko debekuak ikus-entzunezko merkataritza-komunikazio jakin batzuk egiteko

1. Debekatuta dago ikus-entzunezko merkataritza-komunikazio oro, baldin eta giza duintasuna urratzen badu, baldin eta pertsona-talde baten edo talde bateko kide baten aurkako diskriminazioa sustatzen badu adina, sexua, desgaitasuna, sexu-orientazioa, genero-identitatea, genero-adierazpena, arraza, kolorea, jatorri etniko edo soziala, ezaugarri sexual edo genetikoak, hizkuntza, erlijioa edo sinesmenak, iritzi politikoak edo beste edozein motatakoak, nazionalitatea, ondarea edo jaiotza direla eta, baldin eta segurtasunerako kaltegarriak diren portaerak sustatzen baditu edo baldin eta ingurumena babesteko oso kaltegarriak diren jokabideak sustatzen baditu.

VII. TITULUA
Ikus-entzunezko edukiak emateko kontratazio esklusiboa

146. artikulua.— Gizartearentzat interes orokorrekoak diren gertaeren katalogoa

6. Interes orokorreko gertaeren katalogoan sartutako gertaeraren batean hizkuntza ofiziala duen autonomia-erkidego bateko taldeek edo pertsonek parte hartzen badute, zerbitzuak erabili ahal izango dira gertaerok autonomia-erkidego horretako hizkuntza ofizialean emateko konektatuta dagoen telebistaren bidez.

X. TITULUA
Zehapen-araubidea

157. artikulua.— Arau-hauste oso astunak

Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

1. Ikus-entzunezko edukiak ematea, baldin eta horiek agerian bultzatzen badute indarkeriara, terrorismo-delitua edo haur-pornografiako delitua, edo delitu arrazista edo xenofoboa egitera edo pertsona-talde baten aurkako edo talde bateko kideen aurkako gorrotora edo diskriminaziora, betiere adina, sexua, desgaitasuna, sexu-orientazioa, genero-identitatea, genero-adierazpena, arraza, kolorea, jatorri etniko edo soziala, ezaugarri sexualak edo genetikoak, hizkuntza, erlijioa edo sinesmenak, iritzi politikoak edo beste edozein motatakoak, nazionalitatea, ondarea edo jaiotza direla eta.

Bigarren xedapen gehigarria.— Ikus-entzunezko Komunikazio-zerbitzuak gainbegiratzeko Agintaritza-taldea

3. Ikus-entzunezko Komunikazio-zerbitzuak gainbegiratzeko Agintaritza-taldearen zereginak honako hauek izango dira:

d) Bosgarren xedapen gehigarrian autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialak sustatu eta bultzatzeko aurreikusitako mekanismoen funtzionamenduari buruzko informazioa eta jardunbide hobeak trukatzea.

Bosgarren xedapen gehigarria.— Autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialak sustatzea

1. Estatu-eremuko ikus-entzunezko agintaritza eskudunak eta hizkuntza ofizialak dituzten autonomia-erkidegoetako agintaritza eskudunek sustatuko dute ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzuetan autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan ekoitzitako, bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko obren presentzia.

Era berean, ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzuetan estatu-eremuko edo eremu autonomikoko ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoa ematen dutenek autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean ekoitzitako ikus-entzunezko obrak egotea sustatuko da, bai eta autonomia-erkidego horien laguntzak jaso dituztenak egotea, edo autonomia-erkidegoko ikus-entzunezko agintaritza eskudunak egiaztatutako kalitate-maila egiaztatzen dutenak egotea.

Estatu-eremuko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren emaileak eta estatu-eremuko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren emaileek bermatuko dute haurrentzako ikus-entzunezko zerbitzu tematikoetan eta programen katalogoetan hamabi urtera arteko haurrentzat bereziki gomendatutako ikus-entzunezko edukiak txertatuko direla, zeinek bikoiztuta egon behar baitute autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan. Era berean, zerbitzu-emaile horiek publiko orokorrari zuzendutako ikus-entzunezko edukiak eskainiko dituzte, autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan bikoiztuta edo azpititulatuta.

2. Autonomia-erkidegoetako hizkuntza-aniztasuna eta ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzuetan hizkuntza ofizialen presentzia sustatzeko, administrazio publikoek laguntza-programa batzuk ezarri ahal izango dituzte, ikus-entzunezko obrak hizkuntza horietan azpititulatzeko edo bikoizteko.

Era berean, ikus-entzunezko agintaritza eskudunak, hizkuntza ofiziala duten autonomia-erkidegoekin lankidetzan jardunez, sustatuko du autorregulazio-akordio bat onestea sei hilabeteko epean, lege hau indarrean jartzen denetik aurrera, eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioaren zerbitzua ematen dutenekin, barnean hartuta Europar Batasuneko beste estatu kide batean kokatuta egonik beren zerbitzuak Espainiako merkatura zuzentzen dituzten zerbitzu-emaileak; akordio horren helburua, berriz, hauxe izango da: beren katalogoetan autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko edukiak sar daitezen sustatzea, arreta berezia jarriz hamabi urtera bitarteko haurrei zuzendutako ikus-entzunezko edukietan.

Aurrekoari kalterik egin gabe, eta autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialen erabilera sustatzeko eta babesteko, eta ikus-entzunezko obrak hizkuntza ofizialetan bikoiztea eta azpititulatzea sustatzeko, laguntza-funts bat ezarriko dute Estatuak eta hizkuntza ofizialak dituzten autonomia-erkidegoek; funts horren zenbateko osoa hizkuntza ofizialak dituzten autonomia-erkidegoetako organismo eskudunei transferituko zaie, zeinek kudeatuko baitituzte laguntza haiek, beren eskumenen arabera. Funts hori hizkuntza ofiziala duen autonomia-erkidego bakoitzak eta Estatuak egiten dituzten ekarpenez zuzkituko da, urtero onesten diren aurrekontu-baliabideen arabera.

3. Eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzua eskaintzen dutenek beren katalogoetan sartu beharko dituzte autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean bikoiztuta edo azpititulatuta dauden ikus-entzunezko obren hizkuntza-bertsioak, baldin eta eskuragarri jartzen badira kontraprestazio ekonomikorik gabe, teknikoki bideragarria bada eta bikoizketa edo azpititulu hori autonomia-erkidegoko agintaritza eskudunak finantzatu badu, edo eremu autonomiko bakoitzean ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoa ematen dutenen jabetzakoa bada, edo autonomia-erkidegoko ikus-entzunezko agintaritza eskudunak egiaztatutako kalitate-maila egiaztatzen badute. Hizkuntza-bertsioak txertatzeko akordioak gainbegiratzea kasuan-kasuan eskumena duen ikus-entzunezko agintaritzari dagokio.

Eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzua ematen dutenek katalogoan mantenduko dituzte autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan bikoiztuta edo azpititulatuta dauden ikus-entzunezko obrak, eduki hori katalogoan dagoen bitartean.

4. Eskaera bidezko ikus-entzunezko telebista-komunikazioko zerbitzua ematen dutenek autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan ekoitzitako, bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko edukien garrantzia bermatu beharko dute, bilaketa- edo sustapen-sistemen bidez eta horietara iristeko erraztasunak emanaz, betiere autonomia-erkidego horietan bizi diren erabiltzaileek dituzten geolokalizazio-datuen arabera.


8.1.116. 15/2022 Legea, uztailaren 12koa, Tratu-berdintasunari eta Diskriminaziorik ezari buruzkoa[444]

HITZAURREA

I. Arau-esparrua

[…]

Eremu komunitarioari dagokionez, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza dira Europar Batasunaren oinarrizko eta funtsezko printzipioetako bat, sorrera-proiektutik bertatik, eta ondare garrantzitsua sortu dute gai horretan. Europar Batasunaren Tratatuaren 2. artikuluaren arabera, diskriminaziorik eza Batasunaren balio erkideetako bat da, eta diskriminazioaren aurka borrokatzea, berriz, Batasunaren helburuetako bat. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak ere, zeinak baitu EBko tratatuen balio juridiko bera, giza duintasuna bortxaezina dela aldarrikatzen du 1. artikuluan, eta 21. artikuluan «diskriminazio oro» debekatzen du, eta, batez ere, diskriminazioaren eragilea denean sexua, arraza, kolorea, etnia- edo gizarte-jatorriak, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa, pentsamoldeak, iritzi politikoak nahiz beste edozein motatako iritziak, gutxiengo nazional bateko izatea, ondarea, jaiotza, desgaitasuna, adina edota sexu-orientazioa, bai eta kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasunarekiko errespetua (22. artikulua), gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna (23. artikulua) eta desgaitasuna duten pertsonen integraziorako eskubidea (26. artikulua) ere.

III. Printzipioak, helburuak, bitartekoak eta egitura

[…]

Desgaitasunari dagokionez ere, legegintza- eta administrazio-neurri ugari eta beste mota batekoak ere promulgatu dira, desgaitasunen bat duten pertsonen giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztien egikaritza osoa ziurtatzeko, inolako diskriminaziorik egin gabe arrazoi hori dela-eta; bereziki nabarmendu behar dira 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duena; 27/2007 Legea, urriaren 23koa, Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortu, eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen dituena; eta 26/2011 Legea, abuztuaren 1ekoa, araudia Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentziora egokitzekoa, zeina Espainiak berronetsi zuen haren protokolo fakultatiboarekin batera 2007ko azaroan, eta indarrean jarri zen 2008ko maiatzaren 3an.

[…]

Azkenik, legea integrala da diskriminazio-arrazoiei dagokienez, atariko tituluan islatzen den bezala; titulu horrek aplikazio-eremu objektiboa eta subjektiboa ezartzen ditu. Eremu subjektiboari dagokionez, Konstituzioaren 14. artikulua hartzen du erreferentziatzat, eta, Europar Batasuneko araudian jasotako sei diskriminazio-arrazoiekin batera (sexua, arraza- edo etnia-jatorria, desgaitasuna, adina, erlijioa edo sinesmenak eta sexu-orientazioa), berariaz jasotzen ditu gaixotasunak edo osasun-egoera, egoera serologikoa edota patologia eta nahasmenduak pairatzeko joera genetikoa, sexu-identitatea, genero-adierazpena, hizkuntza eta egoera sozioekonomikoa, garrantzi sozial berezia dutelako, eta aipatutako artikulua ixten duen klausula irekiari eusten dio. […]

[…]

ATARIKO TITULUA

2. artikulua.— Aplikazio-eremu subjektiboa

1. Pertsona guztiei aitortzen zaie tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko eskubidea, kontuan hartu gabe zein den haien nazionalitatea edo adingabeak edo adindunak diren edo legezko bizilekurik duten edo ez. Inor ezin izango da diskriminatu arrazoi hauengatik: jaiotza, arraza- edo etnia-jatorria, sexua, erlijioa, sinesmena edo iritzia, adina, desgaitasuna, sexu-orientazioa edo -identitatea, genero-adierazpena, gaixotasuna edo osasun-egoera, egoera serologikoa edota patologia eta nahasmenduak pairatzeko joera genetikoa, hizkuntza, egoera sozioekonomikoa, edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozial.

I. TITULUA
Tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko eskubidea

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

5. artikulua.— Diskriminazioaren biktimek informaziorako eta aholkularitzarako dituzten eskubideak

3. Behar diren bitartekoen bidez bermatuko da diskriminazioaren biktima guztiek, bereziki desgaitasuna dutenek, irispide osoa izango dutela beren eskubideei eta dauden eskuarteei buruzko informaziorako. Informazio hori formatu irisgarri eta ulergarrian eman beharko zaie desgaitasuna duten pertsonei, hala nola irakurketa erraza, Braille, zeinu-hizkuntza, espainiarra zein katalana, eta beste komunikazio-modalitate edo -aukera batzuk, sistema handigarriak eta alternatiboak barne.

5. Haurrek eta nerabeek eskubidea dute beharrezkoa den informazio guztia hizkera argi eta ulergarrian jasotzeko, haiek uler dezaketen hizkuntza batean eta formatuen bidez, zeinak irisgarriak izango baitira zentzumenei eta kognizioei dagozkienez, eta hartzaileen egoera pertsonaletara egokituta, betiere irispide unibertsala bermatuta. Hizkuntza koofizialak dituzten lurraldeak direnean, haurrak edo nerabeak aukeratzen duen hizkuntza koofizialean jaso ahal izango du informazio hori. Gainera, berriro biktimizatzea prebenitu eta debekatu behar da.

II. KAPITULUA
Tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko eskubidea bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialeko zenbait eremutan

13. artikulua.— Tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko eskubidea hezkuntzan

3. Hezkuntza-administrazioek behar bezalako arreta eskainiko diete ikasleei, baldin eta egoera txarrean badaude lege honetan adierazitako arrazoietako batengatik edo desgaitasunen batengatik, arrazoi sozioekonomiko edo kulturalengatik, ikaskuntza-hizkuntza edo beste mota bateko hizkuntza larri ez jakiteagatik, betiere hezkuntza-laguntzako beharrizan espezifikoak badituzte edo haien taldeak absentismo-ehuneko handiagoak edo eskola-uztearen ehuneko handiagoak pairatzen dituela jakiten bada. Arreta berezia jarriko zaio haur eta nerabeen egoerari.

22. artikulua.— Komunikabide sozialak eta publizitatea, Internet eta sare sozialak

2. Administrazio publikoek, beren eskumenen eremuan, sustatuko dute autorregulazio-akordioak hartzea komunikabide sozialetan, publizitatean, Interneten, sare sozialetan eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien enpresetan, lagungarri izan daitezen tratu-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta intolerantziaren arloko legeria betetzeko, lege hau oinarritzen duten arrazoiengatik, eta pertsonen eta populazio-taldeen irudi ez-estereotipatua sustatzeko, barne hartuta haietan garatzen diren salmenta- eta publizitate-jarduerak, eta diskriminazioaren eta intolerantziaren aurkako hizkera eta mezuak eskatzeko.


8.1.117. 16/2022 Legea, irailaren 5ekoa, Konkurtso Legearen testu bategina, maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia, erreformatzen duena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1023 (EB) Zuzentarauaren transposizioa egiteko —prebentziozko berregituraketaren esparruei, zorretatik libratzeari eta desgaitzeei buruzkoa eta berregituraketaren, kaudimengabeziaren eta zorrak libratzearen prozeduren efizientzia handitzeko neurriei buruzkoa—, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017/1132 (EB) Zuzentaraua, sozietateen zuzenbidearen zenbait alderdiri buruzkoa, aldatzen duena (Berregituraketari eta Kaudimengabeziari buruzko Zuzentaraua)[445]

HITZAURREA

III

[…]

Legeak, puntu honetan, zuzentarauaren hitzez hitzeko edukia jasotzen du, legegintza-politikako aukeren arteko konpromisoari erantzuten diona. Erregela hori aplikatzeko, lehenik eta behin, egiaztatu behar da eragindako klase gehienek planaren aldeko botoa eman duten eta, horien artean, gutxienez mota bateko pribilegioa, berezia edo orokorra, duten kredituak dauden, konkurtso-araudiaren arabera. Kasu honetan, nahikoa da gehiengo soila, eta ez litzateke beharrezkoa izango zordunak funtzionamenduan dagoen enpresa gisa duen balioa zehaztea, fase honetan behintzat. Gehiengo hori lortzen ez bada, nahikoa izango da klase batek aldeko botoa eman izana, betiere ordainketaren bat jaso duen klase bat bada, konkurtso-tarteen arabera, eta zordunak funtzionamenduan dagoen enpresa gisa duen balioa kontuan hartuta. Kasu honetan, beharrezkoa da balio hori zehaztea. Praktikan, aktiboaren balioa zehaztu ondoren, pasiboa kalkulatu behar da, eta enpresa balio horretan salduz gero ordainketaren bat jaso duten hartzekodunen klaseak identifikatu, konkurtso-mailaren arabera. Klase horietako batek gutxienez planaren aldeko botoa eman behar izan du. Hau da, plana ukitutako hartzekodun-klase batek onetsi behar du, zeinak egon behar baitu, lagunarteko hizkera lizentziatzat hartuta, «diruaren barruan», eta, gainera, tipikoki, «balioa hausten duen» klaseak.

[…]

VII

[…]

Bigarren printzipioak, kasu zehatzera egokitzekoak, «txanda korrelatiboaren» sistema modulatzea behartzen du konplexutasun handieneko konkurtsoetan; horien artean, berariaz aipatu behar dira mugaz haraindiko elementuekin egindako konkurtsoak, zeinetan herrialdeko/herrialdeetako hizkuntzaren edo ingelesaren ezagutza kontuan hartzen den; edozelan ere, epaileak, izendapena egitean, izendapena arrazoitu behar du izendatutako pertsonaren ezagutzak eta esperientzia kasuaren berezitasunetara egokitzen direla. Bi izendapen-modu horiek konbinatuta, sistema argia eta gardena eratu daiteke, eta, aldi berean, kasu zehatzera egokitua.

Artikulu bakarra.— Konkurtso Legearen testu bategina aldatzea, zeina onetsi baitzen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez,

Hogeita lau.— Aldatu egiten da 62. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«62. artikulua. Izendapena

3. Mugaz haraindiko elementuekin egiten diren konkurtsoetan, izendapena onartzean elementu horiekin lotutako herrialdeko edo herrialdeetako hizkuntza behar bezala dakiela edo, gutxienez, ingelesa behar bezala dakiela egiaztatzen duen pertsona izendatu beharko da. Bestela, langileak dituela edo ezagutza horiek dituen zinpeko itzultzaile bat kontratatu duela egiaztatu ahal izango du».

Ehun eta berrogeita hamabi. Aldatu egiten da bigarren liburua, 583. artikulutik 684.era bitartekoek osatua, izenburu eta eduki honekin:

BIGARREN LIBURUA
Aurrekonkurtsoaren zuzenbidea

V. TITULUA
Araubide berezia

684. artikulua. Berregituratze-planaren arloko espezialitateak

1. Berregituratze-plana eredu ofizialean aurkeztu ahal izango da; eredu hori bitarteko elektronikoen bidez eskuragarri egongo da egoitza judizial elektronikoan, notariotzetan edo merkataritza-erregistroaren bulegoetan, eta enpresa txikien beharrizanetara egokituta egongo da; gainera, gaztelaniaz ez ezik, Estatuko gainerako hizkuntza ofizialetan ere emango da, hala badagokio, kasuan kasuko autonomia-erkidegoetan erabiltzeko, haien estatutuen arabera. Berregituratze-plana araudiaren arabera idazteko moduari buruzko jarraibide praktikoak jasoko ditu. Formalizatzen den agerkari publikoa muntarik gabeko dokumentutzat hartuko da, betiere agerkari hori baimentzen duen notarioaren zerbitzu-sariak zehazteko. Matrizearen eta luzatzen diren lehenengo kopien folioek ez dute inolako zenbatekorik sortuko.

Azken xedapenetako bederatzigarrena. Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoari buruzko uztailaren 30eko 29/2015 Legea aldatzea

Lau apartatu gehitzen zaizkio Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoari buruzko uztailaren 30eko 29/2015 Legearen 4. artikuluari, eta egungo edukia 1. apartatu gisa geratzen da, honela:

3. Jakinarazpena idatziz egiten bada, eta epaileak beharrezkotzat jotzen badu, itzultzaile baten laguntza eskatuko du. Egoki iritziz gero, eta komunikazioa egin aurretik, entzunaldia emango die alderdiei, hauek egokitzat jotzen dituzten alegazioak edo eskaerak egin ditzaten. Edozelan ere, komunikazioa amaitu ondoren, jarduketen edukia jasoko da eta alderdiei helaraziko zaie.

4. Jakinarazpena ahoz egiten bada, eta epaileak beharrezkotzat jotzen badu, interprete baten laguntza eskatuko du. Egoki iritziz gero, eta komunikazioa egin aurretik, entzunaldia emango die alderdiei, hauek egokitzat jotzen dituzten alegazioak edo eskaerak egin ditzaten. Ahal izanez gero, eta egokitzat jotzen duen guztietan, epaileak aukera eman ahal izango die alderdiei komunikazioa egiten den bitartean bertan egoteko. Edozelan ere, komunikazioa amaitu ondoren, haren edukia grabazio bidez edo beste bitarteko baten bidez jasoko da, eta jarduketetan txertatuko da, eta alderdiei ere helaraziko zaie.


8.1.118. 10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzkoa[446]

HITZAURREA

III

[…]

IV. titulua laguntza espezializatu eta irisgarrirako eskubideari buruzkoa da, eta bi kapitulu ditu.

I. kapituluak eskubide horren irismena eta bermea definitzen ditu, eta, eskubide horrek, gutxienez, honako hauek bilduko ditu: biktimentzako informazioa eta orientazioa; arreta mediko eta psikologikoa, bai berehalakoa eta krisikoa, bai epe luzeko susperraldikoa; ekonomia-, lan-, etxebizitza- eta gizarte-beharrizanei erantzutea; aurretiko aholkularitza juridikoa eta doako laguntza juridikoa indarkeriatik eratorritako prozesuetan; eskubideen erreklamazioen jarraipena; itzulpen- eta interpretazio-zerbitzuak; eta laguntza espezializatua, desgaitasuna duten emakumeen eta haurren kasuan.

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

2. artikulua.— Printzipio gidariak

Lege organiko honen ondorioetarako, hauek izango dira botere publikoen jardunaren printzipio gidariak:

f) Irisgarritasuna. Bermatuko da lege organiko honek jasotzen dituen ekintza eta neurri guztiak irisgarritasun unibertsaletik sortuko direla; horren helburua, berriz, hauxe da: biktima guztiek ulertzeko eta erabiltzeko modukoak izatea, eta horrela lege organiko honek jasotzen dituen eskubideak eraginkorrak izatea desgaitasuna duten, mendekotasun-egoeran dauden, hizkuntza-mugak edo kultura-desberdintasunak dituzten adineko emakumeentzat eta haurrentzat.

II. TITULUA
Prebentzioa eta detekzioa

I. KAPITULUA
Prebentzio- eta sentsibilizazio-neurriak

9. artikulua.— Prebentzioko eta informazioko kanpaina instituzionalak

2. Kanpainak herritarrentzat irisgarriak izateko moduan egingo dira, kontuan hartuta, besteak beste, adina, desgaitasuna, hizkuntza, landa-ingurunea, uhartetasuna edo Espainiako herritarrak atzerrian bizitzea. Horretarako, zabalkunde berezia izango dute titulartasun publikoko komunikabideetan, eta hezkuntza-, gizarte-, osasun-, lan-, kultura- eta kirol-zentroetan.

IV. TITULUA
Laguntza integral espezializatu eta irisgarria izateko eskubidea

I. KAPITULUA
Eskubidearen irismena eta bermea

33. artikulua.— Laguntza integral espezializatu eta irisgarria izateko eskubidea

1. Lege organiko honen 3. artikuluko 2. apartatuan aipatutako pertsona guztiek laguntza espezializatu eta irisgarria jasotzeko eskubidea dute, sexu-indarkeriak eragindako ondorio fisikoak, psikologikoak, sozialak edo bestelakoak gainditzen laguntzeko. Eskubide horrek barne hartuko ditu, gutxienez:

g) Itzulpen- eta interpretazio-zerbitzuak, zeinu-hizkuntzako zerbitzuak, azpitituluak, gidari-interpreteak eta komunikaziorako laguntzako beste langile espezializatu batzuk barne.

34. artikulua.— Informazioa jasotzeko eskubidea

2. Behar diren bitartekoen bidez bermatuko da ezen desgaitasuna duten emakumeek eta sexu-indarkeriaren biktima diren haurrek aukera izango dutela beren eskubideei eta dauden baliabideei buruzko informazioa iristeko. Informazio hori formatu irisgarri eta ulergarrian eman beharko da, adinaren eta desgaitasunaren inguruabarretara egokituta, eta zeinu-hizkuntza edo komunikatzeko beste modalitate edo aukera batzuk erabiliko dira, sistema alternatibo eta handigarriak barne. Hala badagokio, biktimaren ordezkariari edo haren zaintza, babesa edo defentsa esleituta duenari ere emango zaio, hargatik eragotzi gabe Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Osorik Babesteko 8/2021 Lege Organikoaren 16.4 artikuluan aurreikusitako berehalako arreta eta informazioa emateko betebeharra, ez eta haurrek eta nerabeek konfiantzazko pertsona batekin egoteko eskubidea ere, zeina lege beraren 17.2 artikuluan aurreikusita baitago.

3. Era berean, beharrezkoak diren bitartekoak jarriko dira, beren inguruabar pertsonal, sozial edo idiomatikoengatik informazioa iristeko zailtasunak izan ditzaketen sexu-indarkeriaren biktimek bermatuta izan dezaten eskubide hori benetan egikaritu ahal izatea, betiere informazioa lurralde bakoitzeko hizkuntza propiotzat onartuta dauden horietan eskuragarri dagoela bermatuz.

35. artikulua.— Laguntza integral espezializatu eta irisgarriko zerbitzuak

1. Administrazio publikoek, beren eskumenen eremuan, laguntza oso, espezializatu eta irisgarria izateko eskubidea sustatuko dute, aurreko artikuluetan adierazitako baldintzetan, honako zerbitzu hauek eskura jarriz:

c) Sexu-salerosketaren eta -esplotazioaren biktimei arreta emateko zerbitzuak: gutxienez, laguntza psikologikoa, laguntza juridikoa eta aholkularitza soziala haien hizkuntzan ematen duten zerbitzuak.

Azken xedapenetako bederatzigarrena.— Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aldatzea

Hiru. Honelaxe geldituko da idatzita 18. artikulua:

«18. artikulua. Informazioa jasotzeko eskubidea.

2. Behar diren bitartekoen bidez bermatuko da genero-indarkeriako biktimak diren eta desgaitasuna duten emakumeek irispide osoa izango dutela beren eskubideei eta dauden eskuarteei buruzko informaziorako. Informazio hori formatu irisgarri eta ulergarrian eman beharko zaie desgaitasuna duten pertsonei, hala nola zeinu-hizkuntzan edo komunikatzeko beste modalitate edo aukera batzuetan, sistema alternatibo eta handigarriak barne.

3. Era berean, beharrezkoak diren bitartekoak bideratuko dira genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eskubide hori benetan egikaritu ahal izango dutela bermatze aldera, emakumeok beren inguruabar pertsonal eta sozialengatik informazioa osorik iristeko zailtasun handiagoak izan ditzaketenean. Informazioak irisgarria izan beharko du emakumeentzat, baldin eta emakumeok gaztelania edo haien egoitzako lurraldeko hizkuntza ofiziala ez dakitenean».


8.1.119. 18/2022 Legea, irailaren 28koa, Enpresak sortu eta hazteari buruzkoa[447]

5. artikulua.— Ekintzaileei eta haien nazioartekotzeari laguntzeko irailaren 27ko 14/2013 Legea aldatzea

Aldatu egiten da Ekintzaileei eta haien nazioartekotzeari laguntzeko irailaren 27ko 14/2013 Legea, eta honela idatzita geratzen da:

Bost. Aldatu egiten da 15. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«15. artikulua.— Erantzukizun mugatuko sozietateak eratzea formatu estandarizatuko eskritura publiko bidez eta eredu-estatutuen bidez

2. Kasu horretan, hau erabiliko da:

c) Eredu-estatutuen eredu sinplifikatuak formatu estandarizatuan; eredu horien edukiak autonomia-erkidego guztietako hizkuntza ofizial guztietan egon behar du eskuragarri, eta eduki hori erregelamendu bidez garatuko da.

d) Era berean, formatu estandarizatuko ahalordetze-eredu sinplifikatuak erabili ahal izango dira; eredu horien edukia, ahalmen estandarizatu eta kodifikatuak izango dituena, erregelamendu bidez garatuko da, autonomia-erkidego guztietako hizkuntza ofizial guztietan.

3. Ekintzaileei arreta emateko guneetan eta aldi berean:

a) Dokumentu Elektroniko Bakarra beteko da eta izapidetze telematikoa hasiko da; esku hartzen duen organismo bakoitzari dagokion DEBaren zatia bidaliko zaio bide elektronikoz, bere eskumeneko izapidea egin dezan.

Atzerriko hizkuntzan idatzitako dokumentuekin batera, zinpeko itzultzaile batek gaztelaniara edo egoitza soziala dagoen probintziako beste hizkuntza ofizial batera egindako itzulpena aurkeztuko da. Xedapen honek ez dio kalterik egingo gaztelania ez beste hizkuntza espainiar batzuk ere ofizialak diren autonomia-erkidegoetan aplikatu beharreko hizkuntza-araubideari. Atzerriko dokumentu publikoek dagokien apostilla edo legeztatze diplomatikoa izan beharko dute, salbu eta Espainian indarrean dauden legeak edo nazioarteko hitzarmenek salbuetsitako kasuetan. Edozelan ere, dokumentu horiek egilesten dituen kontsulak notario-eginkizunetan esku hartzea, bai eta atzerrian egiletsitako notario-dokumentuak Espainiako agintariek legeztatzea ere, Espainiako tributu-ordenamenduan ezarritako tributu-betebeharren mende geratuko dira.

16. artikulua.— Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzea

35/2003 Legea, azaroaren 4koa, Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzkoa, honelaxe geratuko da aldatuta:

Bat. Aldatu egiten da 17. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

17. artikulua.— Informazio-dokumentuak

e) inbertsioaren arriskuaren/ordainsariaren profila, kontuan hartutako IKEan egindako inbertsioei lotutako arriskuei buruzko orientabide eta ohartarazpen egokiekin. Horrez gain, inbertitzailearentzako funtsezko datuen artean, adierazpen bat egongo da, non adieraziko baita zein web-orrialdetan kontsulta daitezkeen ordainsari-politika eguneratuaren xehetasunak, eta bertan doan eskuratu ahal izango baita informazio horren paperezko ale bat, aldez aurretik eskatuta. Lehen aipatutako ordainsari-politikaren xehetasunek, gutxienez, honako hauek jasoko dituzte: ordainsaria eta irabaziak kalkulatzeko moduaren deskripzioa, hori egiteko ardura duten pertsonen identitatea eta, hala badagokio, ordainsari-batzordearen osaera.

Dokumentuak adierazpen bat izan beharko du, zeinean azalduko den non lor daitekeen aurreikusitako inbertsioari buruzko informazio gehigarria, eta, bereziki, liburuxka eta urteko eta seihileko txostenak, bai eta informazio hori inbertitzaileen eskura dagoen hizkuntza ere.

Dokumentu hori labur-labur idatziko da, hizkera ez-teknikoan, eta formatu erkidean aurkeztuko da, konparazioak egin ahal izateko, eta erraz aztertzeko eta ulertzeko moduan, batez besteko inbertitzaileak arrazoizko moduan uler ditzan eskaintzen zaion inbertsio-produktuaren funtsezko ezaugarriak, izaera eta arriskuak, eta inbertsio-erabaki oinarridunak har ditzan beste dokumentu batzuetara jo beharrik gabe.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper