Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

7.2. 51-46 Legea, 1951ko urtarrilaren 11koa, Tokian Tokiko Hizkuntzei eta Dialektoei buruzkoa (Deixonne legea)


7.2. 51-46 Legea, 1951ko urtarrilaren 11koa, Tokian Tokiko Hizkuntzei eta Dialektoei buruzkoa
(Deixonne legea)[93]

1. artikulua

Hezkuntza Nazionalaren Kontseilu Nagusia arduratuko da, lege honen eremuan eta aldarrikatua izango delarik, baliabide hoberenak bilatzen, tokian tokiko hizkuntzak eta dialektoak laguntzeko, erabiltzen diren eskualdeetan.

2. artikulua

Argibide pedagogikoak errektoreei igorriko zaizkie, irakasleei baimena emateko tokian tokiko hizkuntzak erabil ditzaten lehen mailan eta ama-eskoletan, baliagarriak izango diren neurrian beren irakaskuntzan, bereziki hizkuntza frantsesaren ikaskuntzan.

3. artikulua

Eskaera egingo duen irakasle orok baimena erdiets dezake, astero oren bat erabiltzeko ekintza norabideratuentzat, tokian tokiko hizkuntzen irakurketaren eta idazketaren oinarrizko kontzeptuak irakasteko eta araberako literaturaren atal hautatu batzuk lantzeko.

Ikaskuntza hau aukerakoa da ikasleentzat.

4. artikulua

Irakasleei baimena emango zaie liburuak hautatzeko, beren akademiako errektoreak urtero antolatuko duen zerrenda batean, eskoletako liburutegietan ezartzeko, baliatu ahal izango dituztenak ikasleei ezagutarazteko tokiko kulturaren eta folklorearen aberastasunak.

5. artikulua

Heziketa-eskoletan, aukerako ikastaldiak eta egonaldiak antolatuko dira, ahal den neurrian, beren lanbide-heziketaren denboran, irakaslegaientzat, irakastera joateko xedea badute tokiko hizkuntza bizkor den eskualde batera.

6. artikulua

Lizeo eta kolegioetan, tokian tokiko hizkuntza eta dialekto guztien aukerako ikaskuntza antolatuko da, bai eta tokiko folkloreaz, literaturaz, herri arteez ekintza norabideratuen bidez ere.

7. artikulua

Fakultate-kontseiluen eta unibertsitate-kontseiluen abisuak hartu ondoren, eta Hezkuntza Nazionalaren Kontseilu Nagusiaren proposamenez, sortzen ahal izango dira, kreditu eskuragarrien neurrian, euskaldunei buruzko ikaskuntza-institutuak; horietan, katedrak izango dira, tokian tokiko hizkuntzentzat eta literaturentzat, bai eta ere folklore etnografiarentzat, besteak beste.

8. artikulua

Lizentzia-diploma berriek eta goi-mailako ikaskuntza-diplomek, doktore-tesiek onespena emango diote, ikastaldi horiei jarraituz diren ikasleen lanari.

9. artikulua

Epaimahaietan epaile aditu batek parte hartu ahal duen neurrian, unibertsitateek aukerako azterketa sar dezakete batxilergo-programetan.

10. artikulua

Lege hau, bigarren artikulutik bederatzigarrena arte, bi artikulu hauek barne, aplika daiteke aldarrikapenaren ondotik izango den lehen ikasturtean bretoiera, euskara, katalana eta okzitaniera erabiltzen diren eskualdeetan.

11. artikulua

Zazpigarren eta zortzigarren artikuluen aplikazioak hauexek izango dira, besteak beste:

a) Roazhonen, Ikaskuntza Zeltikoen Institutuak antolatuko du hizkuntza eta literatura zeltikoen irakaskuntza.

b) Bordeleko Unibertsitatean eta Bordeleko Ikaskuntza Iberikoen Institutuan, euskararen eta euskal literaturaren irakaskuntza antolatuko da.

c) Katalan hizkuntza eta literaturaren irakaskuntza antolatuko da Montpellier eta Tolosako unibertsitateetan, Pariseko Ikaskuntza Hispanikoen Institutuan eta Bordeleko Ikaskuntza Iberikoen Institutuan.

d) Okzitaniako hizkuntza, literatura eta historiaren ikaskuntza antolatuko da Aix en Provence, Montpellier eta Tolosako unibertsitateetan.


Testuaren kontzeptuak eta esaldiak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper