Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

7. Europar Batasuna

7. Europar Batasuna

7.1. Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioa


7.1.1. Cirili txostena eta 928. gomendioa: 1981eko urriaren 7ko gomendioa, Europako hizkuntza gutxituen eta dialektoen hezkuntza- eta kultura-arazoei buruzkoa[104]

Batzarrak,

1. Kontuan hartuta oso garrantzitsua dela, Europaren bilakaerarentzat eta Europaren inguruko ideientzat, Europako kultura guztiekin, eta, bereziki, hizkuntza-identitateekin, errespetua izatea eta horien garapena orekatua izatea;

2. Kontuan hartuta desberdintasun handiak daudela, demografiari dagokionez, egoera soziologikoari dagokionez, hizkuntzen normalizazioari dagokionez, hizkuntza horien erabilera pribatu edo publikoari dagokionez, eta hezkuntza lortzeko nahiz komunikabideetan lekua izateko aukerei dagokienez, konponbideek kasuan kasukoak eta bereziak izan behar dute, ezin baita konponbide orokorrik eman;

3. Kontuan hartuta hizkuntza bakoitzaren tratamendu zientifikoak, giza tratamenduak eta kultura-tratamenduak honako printzipio hauek izan behar dituztela oinarrian:

Kautotasun zientifikoari zor zaion errespetua.

Haurrak bere hizkuntza erabiltzeko duen eskubidea.

Giza erkidegoek euren hizkuntza eta kultura propioak garatzeko duten eskubidea.

4. Ministroen Batzordeari gomendioa luzatzen dio, horrek azter dezan ea aukerarik dagoen, estatu kideetako gobernuek, baliabiderik egokienak erabilita, jarraiko neurriak har ditzaten:

  1. Zientziaz denaz bezainbatean, eta, kasua denean, ohiko izenarekin bat etorrita, toponimiaren forma egokiak ezari-ezarian bereganatzea, lurraldean jatorrizkoak diren hizkuntzak horretarako abiapuntu izanik, lurralde hori txikia izan arren.
  2. Gizakiaz denaz bezainbatean, haur-hezkuntzan ama-hizkuntza arian-arian barneratzea (eskolaurrean, ahoz dialektoa erabiltzea; lehen hezkuntzan, ama-hizkuntzaren forma normalizatuak barruratzea, eta, lehen hezkuntza horretan ere, gutxika-gutxika baina jarraitutasunez, ama-hizkuntzarekin batera, herriko hizkuntza nagusia sartzea).
  3. Kulturaz denaz bezainbatean, hizkuntza gutxitu normalizatuen toki-erabilerari errespetua izatea eta erabilera horrentzako laguntza publikoak ematea, erabilera hori ohikoa izan dadin lurralde zehatz horietako goi-mailako hezkuntzan eta masa-komunikabideetan, betiere hizkuntza horiek zein erkidegotan hitz egin eta erkidego horiek hala nahi dutenean.
  4. Politikaz denaz bezainbatean, lurraldeek euren hizkuntza propioa baldin badute, eta, lurraldeok zein estaturen barruan egon eta estatu horretan, nolabaiteko administrazio-egitura badute, lurralde horietan ezarritako botereek hizkuntza hori aitortzea hizkuntza ofizial edo koofizial moduan.

5. Aurretiaz aipatu a, b, c eta d apartatuetan zein proposamen jaso eta proposamen horiek Europako eremuan abian jartzeaz denaz bezainbatean, gonbita luzatzen dio Ministroen Batzordeari, horrek azter dezan ea aukerarik dagoen, eremu honetan gertatuko berrikuntzak bildu eta horien gaineko informazioa zabaltzeko.


7.1.2. 1492. gomendioa, 2001eko urtarrilaren 23koa, Gutxiengo Nazionalen Eskubideei buruzkoa[105]

[…]

9. Bestalde, Albania, Andorra, Belgika, Bulgaria, Estonia, Georgia, Grezia, Irlanda, Letonia, Lituania, Moldova, Polonia, Portugal, Errusiar Federazioa, San Marino, Eslovakia eta Turkiak ez dute sinatu ez berronetsi Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna (ETS 148 zenbakia).

10. Batzarrak ohartarazten du ezen Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak, 2000ko abenduan Nizako goi-bileran onartuak, ez duela gutxiengoen eskubideen gaia jorratzen, eta bere burua mugatzen du 22. artikuluan hauxe adieraztera: “Batasunak errespetatu egiten du kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna”.

12. Beraz, Batzarrak gomendatzen hauxe gomendatzen dio Ministroen Batzordeari:

12.5. Bultza ditzala Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna oraindik berronetsi ez duten estatuak gutun hori berronets dezaten, eta bultza ditzala estatu kideak eta etorkizunean kide izan daitezkeen estatuak gutun hori egoki aplikatzeko;

12.6 gehitu ditzala Europako Kontseiluaren gidalerro orokorren giza eta finantza-baliabideak, aipatutako bi tresna horiek aplikatuz;

12.8 dei diezaiola Ministroen Batzordeari lehentasun handia eman diezaion Gutxiengo Nazionalen Babeserako Esparru Konbentzioaren Aholku Batzordeak eta Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutunaren Adituen Batzordeak emandako irizpen eta txostenak eztabaidatu eta onartzeko, eta prozedura egoki bat sor dezala horiek arin argitaratzeko eta zabal-zabal hedatzeko;

12.13. Europan erabiltzen diren zeinu-hizkuntzei eman diezaiela Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutunak emandako babesaren antzekoa, agian gomendioa onartuz estatu kideentzat;

12.14. argitara ditzala Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutunaren Adituen Batzordeak aurkeztutako txostenak.

7.2. Europako Parlamentua


7.2.1. Arfé gomendioak

7.2.1.a) Europako Parlamentuak 1981eko urriaren 16an emandako ebazpena, Hizkuntza eta Kultura Erregionalei buruzko Europako Gutuna eta Gutxiengo Etnikoen Eskubideei buruzko Gutuna aipatzen dituena[106]

Europako Parlamentuak,

Kontuan harturik gutxiengo etniko eta linguistikoek mugimendu bereziak piztu dituztela, euren identitate historikoa hobeto uler eta aitor dadin;

Aitorturik, mugimendu horiekin batera, hizkuntza eta kultura erregionalak indarberritu egin direla, eta Europako zibilizazioarentzat aberastasun-iturri eta bizitasun-seinale direla;

Kontuan harturik nazioarteko organismorik esanguratsu eta ospetsuenek (Nazio Batuek eta Europako Kontseiluak, besteak beste) egindako printzipio-adierazpenak, eta aintzakotzat harturik guztion onarpenarekin arestian zabaldu diren teoria politikoak, lege-teoriak eta teoria antropologikoak;

Kultura-gaietan erantzukizuna duten ministro europarrek, 1976. urtean, Osloko Konferentzian, 1. zenbakiarekin emandako ebazpenari lotuta;

Kontuan harturik Europako Erkidegoko gobernu guztiek, orokorrean bederen, aitortu dutela talde horiek adierazpen pertsonalak nahiz kultura-adierazpenak askatasunez egiteko duten eskubidea, eta sortu dutela, kasurik gehienetan, eremu zehatz horri buruzko legeria, eta hasiera eman dietela ekintza-programa koordinatuei;

Kontuan harturik kultura-nortasuna, gaur egun, beharrizan psikologikoetatik garrantzitsuenetako bat dela, beharrizan materialak ez direnen artean behintzat;

Kontuan harturik autonomia ez dela ulertu behar tradizio desberdinetako pertsonak integratzeko aukera gisa, baizik eta baliabide gisa, pertsona horiek euren kabuz zuzen dezaten interkomunikazioa gehitzeko beharrezkoa den prozesua;

Kontuan harturik, beraz, hizkuntza- eta kultura-ondarea ezin dela babestu, ez badira baldintza egokiak sortzen, kulturaren eta ekonomiaren garapena behar bezalakoa izan dadin;

Helburu sendoa izanik Europako herrien artean lotura estuagoak ezartzea eta haien hizkuntza biziak iraunaraztea, eta, horrela, haien desberdintasunak baliatuz, guztion kultura-ondarea aberatsagoa eta askotarikoagoa izatea;

1371/79, 1-436/79 eta 1-790/79 ebazpenetako mozioak aintzakotzat harturik;

Kontuan harturik Gazteria, Kultura, Hezkuntza, Informazio eta Kirol Batzordeak emandako txostena, eta Politika Erregionalerako eta Lurralde-antolamendurako Batzordeak emandako irizpena ere (1-965/80),

1. Nazioetako gobernuei, eta erregioetako nahiz tokian tokiko agintariei eskatzen die, euren egoerak arras desberdinak izanik ere, eta haiek duten independentzia-mailari kalterik egin gabe, eremu honetan politika zehatza aplikatzea, politika horrekin guztiok helburu berberak lor ditzaten. Horretarako, beren-beregi galdatzen die:

a) Hezkuntzaren eremuan:

Hizkuntza eta kultura erregionalen irakaskuntza ahalbidetu eta sustatzea, ikasketa ofizialen programetan, haurtzaindegitik hasita unibertsitatea arte;

Biztanleek adierazitako beharrizan zehatzei erantzuna emateko, maila guztietako irakaskuntza-eskolak onartu eta ematea hizkuntza erregionaletan, eta, horrekin batera, arreta berezia jartzea haur-eskoletako irakaskuntzan, haurra bere ama-hizkuntza hitz egiteko gauza dela ziurtatzeko;

Ikasketa-programa guztietan, erkidego horien literatura eta historiari buruzko irakaskuntza barnera dadin ahalbidetzea;

b) Masa-komunikabideen eremuan:

Beharrezkoak diren neurriak ahalbidetu eta hartzea, tokian tokiko irrati eta telebistak eskuragarriak izan daitezen ziurtatzeko; horrela, komunikazio koherente eta eragingarria bermatu ahal izango da erkidegoaren barruan. Orobat, kultura-informazioaren espezializatuen heziketa sustatzea;

Gutxiengo-taldeek kultura-ekintzetarako antolaketa-laguntzak eta laguntza ekonomikoak jasotzen dituztela ziurtatzea, laguntza horiek gehiengoa duten taldeek jasotzen dituztenen bestekoak izanik;

c) Gizarte-bizitzaren eta gizarte-gaien eremuan:

Europako Kontseiluaren barruan, Tokietako eta Erregioetako Botereen Lantaldeak Bordelen egindako adierazpena kontuan harturik, gai honen gaineko zuzeneko erantzukizuna tokian tokiko agintarien gain jartzea;

Ahal den neurrian, kultura-erregioen eta toki-botereen muga geografikoak bat etor daitezen sustatzea;

Pertsonen eskubidea denez beren hizkuntza erabili ahal izatea, bizitza publikoaren eta gizarte-arazoen esparruan, gobernu-organoekin harremanak dituztenean, eta organo judizialetan dihardutenean ere, eskubide hori bermatzea;

2. Europako Batzordeari eskaria egiten dio, horrek, ahalik eta modurik egokienean, datu berri, zehatz eta erkatzeko modukoak eman ditzan, estatu kideetako biztanleek hizkuntza eta kultura erregionalei begira dituzten jarrera eta jokabideei buruz, herri desberdinetan;

3. Europako Batzordeari galdatzen dio, horrek eredu-proiektuak presta ditzan, hizkuntzen irakaskuntzaren arloan; horrela, hezkuntza eleaniztunaren metodoekin esperimentatu ahal izango da, eta metodorik egokienak definitu ahal izango dira, banakako kulturek bizirik iraun dezaten eta kanporantz hobeto babestuta egon daitezen;

4. Gomendioa luzatzen du Erregioen Funtsak laguntza ekonomikoa eman diezaien erregio eta herrietako kulturak iraunarazteko helburua duten proiektuei; Europako Batzordeari eskatzen dio, berebat, horrek, bere hezkuntza- eta kultura-programetan, neurri egokiak har ditzan, Europako kultura-politika egokia sustatzeko, eta, politika horren bidez, gutxiengo etniko eta linguistiko guztien gurariak eta igurikimenak kontuan hartzeko, gutxiengo horiek Europari eta horren instituzioei so egiten baitiete, konfiantza eta itxaropenarekin;

5. Proposamena egiten du Erregioen Funtsak finantzaketa eman diezaien erregioetako proiektu ekonomikoei; izan ere, erregio zehatz baten kultura-nortasunak iraungo badu, nahitaezkoa da erregio horretako biztanleak euren esparru geografikoan bizi eta lan egiteko gauza izatea;

6. Europako Batzordeari eskaria egiten dio, horrek Europako Erkidegoko legeak eta praktikak berrikus ditzan, lege edo praktika horiek hizkuntza gutxituen aurka diskriminazioak egiten dituzten neurrian;

7. Bere lehendakariari agintzen dio, ebazpen hau helaraz diezaien Kontseiluari eta Batzordeari, estatu kideetako erregio-gobernu eta -agintariei, bai eta Europako Kontseiluari ere.


7.2.1.b) Europako Parlamentuak 1983ko otsailaren 11n emandako ebazpena, hizkuntza eta kultura gutxituen aldeko neurriei buruzkoa[107]

Europako Parlamentuak,

Kontuan harturik Europako Erkidegoko herritarren artetik 30 milioik baino gehiagok ama-hizkuntza dutela hizkuntza erregionaletatik bat edo gutxi hitz egiten diren horietatik bat;

Kontuan harturik gutxiengo etniko eta linguistikoek mugimendu bereziak piztu dituztela, euren identitate historikoa hobeto uler eta aitor dadin;

Aintzakotzat harturik berak gai honen gainean 1981eko urriaren 16an emandako ebazpena;

1. Europako Batzordeari eskatzen dio:

Arlo honetan egindako ahaleginekin aurrera egin eta horiek indartzea, bereziki eredu-proiektuak eta -azterketak sortuz;

Europako Erkidegoko nahiz nazioetako legeak eta praktikak berrikustea, lege eta praktika horiek hizkuntza gutxituen aurka diskriminazioa egiten duten neurrian, eta Europako Erkidegoaren tresna egokiak sortzea, diskriminazio hori bukarazteko;

1983. urtearen bukaeran, Parlamentuari informazioa helaraztea, aurreko bi apartatuen inguruan egindako jardunari buruz eta jardun horren emaitzei buruz.

2. Europako Batzordeari eskaria egiten dio, horrek Parlamentuari informazioa helaraz diezaion, egun hartuta dauden edo bihar-etzi hartzekoak diren neurriei buruz, neurri horien helburua denean, masa-komunikabideen esparruan eta kultura-programen eremuan, erregioetako nahiz herrietako kulturak eta kultura-politikak sustatzea; orobat, erregioetako proiektu ekonomikoei finantzaketa ematea, Erregioen Funtsak 1981. urteko urriaren 16ko ebazpenaren 4. eta 5. paragrafoetan ezarri bezala.

3. Parlamentuak emandako ebazpenaren printzipioak gogoan izanik, Europako Kontseiluari eskaria egiten dio, horrek praktikan ziurta dezan printzipio horiek betetzen direla.

4. Bere aburuz, Parlamentuak eutsi beharko lioke Europako Erkidegoaren mailan izandako aurrerapenen gaineko berrikuspenari, eta kasuan kasuko batzorde parlamentarioek baterako bilera egin beharko lukete, guztien artean erabaki dezaten zein den modurik onena hori gauzatzeko.

5. Bere lehendakariari agintzen dio, ebazpen hau helaraz diezaien Europako Batzordeari, Europako Kontseiluari eta estatu kideetako gobernuei.


7.2.2. Kuijpers ebazpena,
Europako Parlamentuak 1987ko urriaren 30ean emandako ebazpena, Europako Erkidegoko Gutxiengo Erregional eta Etnikoen Hizkuntza eta Kulturei buruzkoa[108]

Europako Parlamentuak,

Ikusirik Columbu jaunak eta beste sinatzaile batzuek Ipar Kataluniako hizkuntza-eskubideei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (2-1259/84 agiria);

Ikusirik Kuijpers eta Vandemeulebroucke jaunek Europako Erkidegoko hizkuntza eta kultura erregionalak defendatu eta sustatzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-76/85 agiria);

Ikusirik Rossetti jaunak eta beste sinatzaile batzuek gutxiengoen eskubideak aitortzeari buruz eta haien kultura balioesteari buruz prestatutako proposamena (B2-321/85 agiria);

Ikusirik Vandemeulebroucke eta Kuijpers jaunek prestatutako ebazpen-proposamena (proposamen horren eretzean, Europako Batzordeak ez du gaitasunik izan Europako Parlamentuak onetsitako ebazpenari bidea egiteko, ebazpen horrek Hizkuntza eta Kultura Erregionalen Europako Gutuna eta Gutxiengo Etnikoen Eskubideei buruzko Gutuna aipatzen zituela) (B2-1514/85 agiria);

Ikusirik Vandemeulebroucke eta Kuijpers jaunek irrati askeen aitorpenari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1532/85 agiria);

Ikusirik Vandemeulebroucke jaunak eta beste sinatzaile batzuek Frisian frisierazko telebista izateari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-31/86 agiria);

Ikusirik Kuijpers eta Vandemeulebroucke jaunek Herbehereetako Ongizate, Osasun Publiko eta Kulturako ministroak duen asmoari buruz eta asmo horrek mugaz gaindiko kultura-lankidetzarentzat ekarriko dituen ondorio latzei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (ministro horren asmoa bide da Herbehereetako Aliantza Nagusiari emandako laguntza ezabatzea) (B2-890/86 agiria);

Ikusirik Columbu jaunak eta beste sinatzaile batzuek hizkuntza gutxituentzat hizkuntza-ikerketarako institutuak sortzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1015/86 agiria);

Ikusirik Rubert de Ventós jaunak katalana unibertsitatean eta telebistan erabiltzeko dauden zailtasunei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1323/86 agiria);

Ikusirik Mizzau jaunak eta beste sinatzaile batzuek, hizkuntza gutxituak defendatzeko helburuarekin, hizkuntza-ikerketarako institutu edo elkarteentzako laguntzei buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1346/86 agiria);

Ikusirik Kuijpers jaunak eta beste sinatzaile batzuek SEASKA elkarteak Ipar Euskal Herrian administratutako eskola elebidunak integratzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-1346/86 agiria);

Ikusirik Colom i Naval jaunak Europako Ekonomia Erkidegoan hizkuntza gutxituak sustatzeari buruz prestatutako ebazpen-proposamena (B2-291/87 agiria);

Ikusirik Gazteria, Kultura, Hezkuntza, Informazio eta Kirol Batzordeak emandako txostena, eta entzunda Herritarren Eskubideen Batzorde juridikoak emandako iritzia (A2-150/87 agiria);

A) Kontuan harturik berak 1981. urteko urriaren 16an Hizkuntza eta Kultura Erregionalen Europako Hitzarmenari buruz eta Gutxiengo Etnikoen Eskubideen gaineko Hitzarmenari buruz emandako ebazpena, bai eta 1983. urteko otsailaren 11n hizkuntza eta kultura gutxituen aldeko neurriei buruz emandako ebazpena ere;

B) Kontuan harturik Nazio Batuek eta Europako Kontseiluak gutxiengoen eskubideei buruz aldarrikatu eta onetsitako printzipioak;

C) Batzordeak, gaur arte, ez duenez proposamenik prestatu, aipatu ebazpenak betearazteko (horietan etnia-, hizkuntza- eta kultura-gutxiengoen arazoak euren osotasunean aztertzen direla), hori deitoratuz;

D) Kontuan harturik eragozpen asko daudela nazio- eta hizkuntza-gutxiengoek euren kultura- eta gizarte-identitatea gauza dezaten, eta, gutxiengo horiei begira eta euren arazoei begira, sarri askotan ez-jakitea eta ezin-ulertzea nagusitzen direla, eta, are gehiago, zenbait kasutan, diskriminazioa ere;

E) Europako Erkidegoaren Erregioetako Lantaldearen azken adierazpenari so eginez, eta Europako Erkidegoak 1984. urteko apirilaren 13an Europa demokratikoa eraikitzeko orduan erregioek duten zereginari buruz emandako ebazpenari erreparaturik; eta, orobat, Erregioetako Lantaldearen emaitzak aintzakotzat harturik (emaitza horien arabera, Europako Erkidegoko erregioen autonomia indartzea eta politikaren ikusmiratik gero eta batuago dagoen Europa sortzea elkarren osagarri eta bateragarri dira, eta bilakaera politikoak bi-biok behar ditu, Europako Erkidegoak eragingarritasunez bete ditzan bere eginkizunak);

F) Kontuan harturik erregioen egoera ekonomikoak baldintzatu egiten dituela tokian tokiko kulturen adierazpena eta garapena; horregatik, arlo horretan beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira, Europako politika erregional orekatu baten barnean, erregio-oinarrian abiaburua duena, eta inguruneak zentrora ihes egitea oztopatzen duena;

1. Eskatzen du goian aipatu ebazpenetan, alegia, 1981. urteko urriaren 16ko eta 1983. urteko otsailaren 11ko ebazpenetan, jasotako printzipioak eta neurriak oso-osorik aplikatzea.

2. Uste du nahitaezkoa dela estatu kideek beren hizkuntza-gutxiengoak aitortzea, euren ordena juridikoaren esparruan; horrela, erregio nahiz etnien kulturak eta hizkuntzak iraunarazi eta garatzeko baldintzak sortuko dira.

3. Estatu kideei gonbita luzatzen die, euren konstituzioetan gutxiengoak babesteko printzipio orokorrak jasoak dituztenei, ahalik lasterren ziurtatzea, xedapen organiko aplikagarrien bitartez, printzipio horiek praktikan zehatz-mehatz gauzatzen direla.

4. Laguntza ematen die Europako Kontseiluak Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna prestatzeko egin dituen ahaleginei.

5. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, hezkuntzaren arloan:

Kasuan kasuko hizkuntza-erregioetan, eskolaurretik unibertsitatea arte, bai eta hezkuntza iraunkorrean zehar ere, hizkuntza erregionala edo gutxitua irakasteari dimentsio ofiziala ematea, eta maila berean jartzea irakaskuntza hori eta nazio-hizkuntzen irakaskuntza.

Indarreko xedapen nazionalen arabera, elkarteek irakasteko gaikuntza izan eta elkarte horiek ikastaroak, klaseak eta eskolak ematen dituztenean, halakoak modu ofizialean aitortzea, heziketarako hizkuntza nagusia hizkuntza erregionala edo gutxitua dela.

Irakasleak hizkuntza erregional eta gutxituetan treba daitezen, arreta berezia jartzea, eta beharrezkoak diren neurri pedagogikoak hartzea, aipatu neurriak abian jar daitezen.

Hizkuntza erregional eta gutxituetan irakasteko dauden aukera desberdinei buruz, informazioa sustatzea.

Lanbide-gaikuntzarako diploma, ziurtagiri eta gainerako titulu nahiz ziurtapenen baliokidetasuna arautzea; horrela, estatu kide zehatz batek beste estatu kide batzuekin kultura-harremanak dituenean, estatu kide horietako talde erregionalei edo gutxituei errazago egingo zaie estatu kide zehatz horretako lan-merkatuan sartzea.

6. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, administrazio- eta epaiketa-arloan:

Legegintzako xedapenen bitartez, zuzen-zuzenean bermatzea hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzeko eskubidea; lehenik eta behin, tokian tokiko agintarien kasuan, horietan gutxiengoaren izatea errealitate bihurtu denean.

Nazioko legeek eta praktikek hizkuntza gutxituen aurka diskriminazioa egiten dutenean, horiek guztiak berrikustea, horixe agintzen baitu Europako Parlamentuak Europan Faxismoa eta Arrazakeria Gehitzeari buruz emandako ebazpenak.

Estatuko zerbitzu deszentralizatuei ere agintzea, kasuan kasuko erregioetan hizkuntza nazionalak, erregionalak eta gutxituak erabil ditzaten.

Hizkuntza erregional eta gutxituetan ezarritako patronimikoak eta toki-izenak modu ofizialean aitortzea.

Hauteskundeetako zerrendetan baimentzea hizkuntza erregional eta gutxituetan ezarritako toki-izenak eta bestelako adierazpenak jar daitezen.

7. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, masa-komunikabideen arloan:

Tokian tokiko, erregioko eta nazioko irrati-telebista eskuratzeko baimena ematea eta hori ahalbidetzea, hizkuntza erregional eta gutxituetan egindako emanaldien iraunkortasuna eta eragingarritasuna bermatuz.

Ahaleginak egitea, gutxiengo-taldeek, euren programak gauzatzeko orduan, antolaketa- eta finantza-laguntza jaso dezaten; laguntza horrek eta gehiengoak jasotzen duenak izaera berbera edukiko dute.

Aipatu neurriak gauza daitezen, komunikabideetako kazetari eta profesionalen heziketarako dirulaguntzak ematea.

Hizkuntza erregional eta gutxituen esku jartzea komunikazio-teknologien eskuratze berriak.

Era berean, idazketa bereziek, besteak beste, zirilikoak, hebreerak, grezierak eta antzekoek, material berezia behar dutenez gero, material horri dagokion kostu osagarria kontuan hartzea.

8. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, kultura-azpiegiturei dagokienez:

Ekipamenduez eta kultura-jarduerez denaz bezainbatean, taldeek hizkuntza erregionala edo gutxitua hitz egiten dutenean, talde horietako ordezkariek zuzeneko parte-hartzea izan dezaten ziurtatzea.

Fundazioak edo institutuak sortzea, haien helburua izan dadin hizkuntza erregional eta gutxituak aztertzea. Fundazio edo institutu horien zeregina izango da, bereziki, material didaktikoak prestatzea, material horiek beharrezkoak direnean hizkuntza erregional eta gutxituak ikastetxeetan sar daitezen; haien eginkizuna izango da, orobat, hizkuntza horien “inbentario orokorra” egitea.

Hizkuntza erregional eta gutxituetan ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzeko, bikoizketa- eta azpititulazio-teknika bereziak garatzea.

Aipatu neurriak gauza daitezen beharrezkoak diren laguntza materialak eta finantza-laguntzak ematea.

9. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, gizarte eta ekonomiaren arloan:

Enpresa publikoek (adibidez, posta-trafikoak) hizkuntza erregional eta gutxituak erabil ditzaten ahalbidetzea.

Finantza-transakzioetan (posta-txekeetan eta banku-eragiketetan), hizkuntza erregional eta gutxituak erabil daitezen onartzea.

Kontsumitzaileei informazioa emateko orduan eta produktuei etiketak jartzeko orduan, hizkuntza erregional eta gutxituak erabil daitezen ahaleginak egitea.

Errepideetako trafiko-seinaleetan, zirkulazio-adierazleetan eta kaleen izenetan, hizkuntza erregionalak erabil daitezen ezartzea.

10. Estatu kideei gomendioa luzatzen die, horiek, batik bat, jarraiko neurriak har ditzaten, hizkuntza erregional eta gutxituak estatu kide batean baino gehiagotan hitz egiten direnean, eta, bereziki, hori muga-erregioetan gertatzen denean:

Mugez gaindik, kultura- eta hizkuntza-arloko elkarlana ziurtatuko duten mekanismo bereziak sortzea.

Tokian tokiko botereen artean, mugez gaindiko lankidetza sustatzea, Lurraldeetako Erkidego edo Agintarien arteko Mugaz Gaindiko Lankidetzari buruzko Europako Esparru-konbentzioarekin bat etorriz.

11. Estatu kideei gonbita luzatzen die, Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoa eta bulego horren nazio-batzorde guztiak susta eta iraunaraz ditzaten.

12. Batzordearen ardurapean jartzen du:

Horrek, bere eskumenen eremuaren barruan, 5. paragrafotik 10.erakoetan ezarritako neurriak har daitezen laguntzea.

Horrek Europako Erkidegoko gutxiengo erregionalen eta etnikoen hizkuntzak eta kulturak aintzakotzat hartzea, Europako Erkidegoko politika desberdinak prestatzeko orduan, eta, batez ere, kultura- eta hezkuntza-politikaren eremuan Europako Erkidegoaren ekintzak prestatzeko orduan.

Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoari aitortzea kontsulta-organo ofizialaren maila.

Ikerketarako bisita-sistema ezartzea, gutxiengoek hobeto ezagut dezaten elkar.

Gutxiengoen kulturentzat beharrezkoa den antena-denbora erreserbatzea, Europako Erkidegoaren telebistari dagokion eremuan.

Europako Erkidegoaren informazio-gastuetan, hizkuntza gutxituen arazoentzat atalen bat erreserbatzea.

13. Kontseiluari eta Batzordeari gonbita luzatzen die, horiek Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoa iraunaraz eta susta dezaten:

Aurrekontuetatik behar besteko kredituak horri emanez, eta horrentzat bereziki aurrekontu-lerroa berrezarriz.

Aurrekontuen esparruan, proposamenak aurkeztuz, aurretiaz aipatu neurriak gauza daitezen.

FEDER eta FSE izeneko funtsetatik baliabideak hartu, eta baliabide horiek programa eta proiektu zehatzetarako bideratuz, kultura erregionalak eta etnikoak sustatzeko helburuarekin.

Urtero-urtero, Parlamentuari txostena bidaliz, Europako Erkidegoko hizkuntza erregionalek eta gutxituek zein egoera duten azalduz, eta estatu kideek eta Erkidegoak berak goian aipatu puntuak garatzeko zein neurri hartu duten adieraziz.

14. 1988. urterako aurrekontuaren esparruan, kreditu egokiak aurreikustea proposatzen da; kreditu horiekin (gutxienez, milioi bat ecukoak), hedadura txikiko hizkuntzen aldeko ekintzaren bat burutuko da.

15. Argi eta garbi azpimarratzen da ebazpen honetako xedapenak ez direla interpretatu edo aplikatu behar, estatu kideen lurralde-osotasuna edota ordena publikoa arriskuan jartzeko tenorean.

16. Batzorde eskudunaren ardurapean jartzen da horrek irizpen bananduak idaztea, herri ibiltarien hizkuntza eta kulturei buruz; herritarrak zein estatu kidetakoak izan eta beste estatu kide bateko egoiliar direnean, herritar horiek dituzten hizkuntza eta kulturei buruz; eta, berebat, itsasoz bestaldeko emigranteei eta hizkuntza eta kultura gutxituei buruz. Talde horiek guztiek eta hizkuntza gutxituen erabiltzaileek antzeko trabak izan ohi dituzte; baina, euren arazoak bereziak direnez gero, arazo horientzat tratu berezia ezarri behar da.

17. “Hizkuntza eta kultura gutxituak” izeneko barne-taldeari barne-talde ofizialaren maila aitortzen dio bete-betean.

18. Bere lehendakariari agintzen dio, ebazpen hau helaraz diezaien Europako Kontseiluari eta Batzordeari, estatu kideetako agintari nazional eta erregionalei, Europako Kontseiluko Kontsulta Batzarrari, eta Europako Tokietako eta Erregioetako Botereen Lantalde Iraunkorrari ere.


7.2.3. Pasquale ebazpena,
Europako Parlamentuak 1988ko azaroaren 18an emandako ebazpena, Europako Erkidegoaren Erregio-politikari eta Erregioen Zereginari buruzkoa[109]

Europako Parlamentuak,

Ikusirik Erregioen Konferentziak 1984. urteko apirilaren 13an onetsitako ebazpena, ebazpen horrek Europa demokratikoa eraikitzeko orduan erregioek duten zeregina aipatzen duela;

Ikusirik Europako Kontseiluak, Batzordeak eta Parlamentuak, hirurek batera, 1984. urteko ekainaren 18an egindako adierazpena (ebazpen horren arabera, beharrezkoa da erregioek bat egitea Europako Erkidegoan erabakiak hartzeko dagoen prozesuarekin);

Ikusirik Erregioen lehenengo Konferentzian, 1994. urtean, Europako Parlamentuak onetsi zuen azken adierazpena;

Ikusirik Europako Ekonomia Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren 130 A artikulua;

Ikusirik Europar Batasunaren Tratatuaren proiektua, 1984. urteko otsailekoa (horren hitzaurrean aipatzen da Europa eraikitzeko orduan beharrezkoa dela tokian tokiko eta erregioetako botereek parte hartzea, formula egokien bitartez);

Ikusirik 1988. urteko ekainaren 20ko bateratze-prozeduraren emaitza, tartean Kontseilua eta Batzordea daudela (prozedura horretan, egitura-funtsen eginkizunak eta eragingarritasuna aipatzen dira, bai eta haiek euren parte-hartzeetan izan behar duten koordinazioa ere; orobat, Europako Inbertsio Bankuarenak, eta egun dauden gainerako finantza-baliabideak);

Ikusirik Erregioen Politika eta Lurraldearen Antolaketa Batzordeak gai nagusiari buruz emandako sei txostenak, eta entzunda Batzorde Instituzionalaren iritzia;

Ikusirik Europako Batzordeak 1988. urteko ekainaren 24an Erregio- eta Toki-agintarien Kontseilu Aholku-emailea sortu duela;

Ikusirik Europako Kontseiluko Toki eta Erregioetako Lantalde Iraunkorrak eta Europako erregioetako elkarteek (Europako Erregioetako Lantaldeak, Europako Erregioetako Udalerrien Kontseiluak eta sektore horretako zenbait elkartek) erregionalizazioaren alde egindako lana;

[…]

IV. Europako Erkidegoaren erregionalizatzea: ekonomia garatu eta bateratzeko, Europako integrazioa demokratizatzeko eta kultura-berezitasunak gogoan hartzeko eragilea.

[…]

22. Europako kultura-nortasunarentzat, ezinbestekoa da egun diren erregioen berezitasunek euren tokia izatea estatu nazional bakoitzean, egungo bereizgarriak gogoan izanik eta erregioen interesak, gurariak, eta historia-, hizkuntza- nahiz kultura-ondarea errespetatuz. Ezinbestekoa da, halaber, mugaz gaindiko nahiz erregioen arteko hizkuntza- eta kultura-lankidetza erraztea, historia-, hizkuntza- eta kultura-ondare erkideak direnean, egungo administrazio-zatiketen gainetik.

V. Azken oharrak […]

31. Haren aburuz, kasuan kasuko biztanleen borondateak izan behar du erregionalizatzearen abiaburua, eta erregionalizatze hori nazioaren esparru juridikoaren barruan gauzatu behar da, betiere estatuaren adostasunarekin.

Baldintza horiek guztiak gertatzen direnean, erregionalizatzearen oinarri izan behar dute gutxieneko printzipio hauek:

[…]

c) Erregioei behar den besteko eskumenak eratxikitzea, behintzat, euren instituzioak antola ditzaten, garapen ekonomiko erregionala susta eta antola dezaten, eta euren kultura- eta hizkuntza-ondarea defenda dezaten.


7.2.4. Maastrichteko Tratatua,
1992ko otsailaren 7koa[110][111]

128. artikulua

1. Erkidegoak laguntasuna emango du estatu kideetako kulturak loratu daitezen, betiere haien aniztasun nazionala eta erregionala errespetatuz, eta, aldi berean, erkide duten kultura-ondarea azpimarratuz.

2. Erkidegoaren ekintzak erraztu egingo du estatu kideen arteko lankidetza; eta, beharrezkoa bada, laguntasuna eman eta osatu egingo du haien ekintza honako eremu hauetan:

Europako herrien ezagutza hobetzean, eta haien kultura eta historia zabaltzean;

Europan garrantzia duen kultura-ondarea iraunarazi eta babestean;

merkataritzakoak ez diren kultura-trukeetan;

artea eta literatura sortzean, ikus-entzunezkoen sektorea barne harturik.

3. Erkidegoak eta estatu kideek sustatu egingo dute beste herrialde batzuekin eta kulturaren eremuan eskudun diren nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzea, bereziki Europako Kontseiluarekin.

4. Erkidegoak, tratatu honen xedapenen ondorioz diharduenean, kontuan hartuko ditu kultura-alderdiak.

5. Artikulu honen helburuak lortzen laguntzeko, Europako Kontseiluak hartuko ditu:

aho batez, 189 B artikuluan ezarritako prozedura dela medio, eta aurretiaz Erregioetako Lantaldeari kontsulta eginez, sustapen-neurriak, estatu kideen lege- eta erregelamendu-xedapenak harmonizatzeari kalterik egin gabe. Kontseiluak ahobatezko iritziak ematen ditu, 189 B artikuluan ezarritako prozedura osoan zehar.

eta, aho batez, Batzordeak hala proposatuta, gomendioak emango ditu.


7.2.5. Killilea ebazpena,
Europako Parlamentuak 1994ko otsailaren 9an emandako ebazpena, Europako Erkidegoko Gutxiengo Erregional eta Etnikoei buruzkoa[112]

Europako Parlamentuak,

Ikusirik 1981eko urriaren 16an emandako ebazpena, ebazpen horrek Hizkuntza eta Kultura Erregionalen Europako Gutuna eta Gutxiengo Etnikoen Eskubideei buruzko Gutuna aipatzen dituela;

Ikusirik 1983ko otsailaren 11n emandako ebazpena, ebazpen hori hizkuntza eta kultura gutxituen aldeko neurriei buruzkoa dela;

Ikusirik 1987ko urriaren 10ean emandako ebazpena, ebazpen hori Europako Erkidegoko gutxiengo erregional eta etnikoen hizkuntza eta kulturei buruzkoa dela;

Ikusirik 1993ko urtarrilaren 21ean emandako ebazpena (ebazpen horren arabera, Europako Batzordeak Europako Kontseiluari, Parlamentuari, eta Ekonomia eta Gizarte Batzordeari komunikazioa luzatu zien, “Europako Erkidegoko kultura-ekintzarako ikuspegi berriak” izenburuarekin);

Ikusirik jaun-andre hauek aurkeztutako ebazpen-proposamenak:

Hume jaunak eta beste batzuek, hizkuntza gutxituei buruzkoa (B3-0016/90);

Gangoiti Llaguno jaunak, hizkuntza erregional eta gutxituen sustapenari eta erabilerari buruzkoa (B3-2113/90);

Bandrés Molet jaunak, irratiek euskarazko saioak egiteko behar dituzten baimenei buruzkoa (B3-0523/91);

Van Hemeldonck andreak, Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna sinatzeari buruzkoa (B3-1351/92);

Ikusirik Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna (Europako Kontseiluak Europako konbentzioaren lege-forma eman dio gutun horri, eta sinadurarako aurkeztu da 1992ko azaroaren 5ean);

Ikusirik CSCE izenekoaren giza hedadurari buruz Kopenhagen (1990eko ekainaren 5etik 29a arte) izandako Konferentziaren azken agiria, eta, bereziki, agiri horren IV. kapitulua;

Ikusirik Europa berri baterako Parisko Gutuna (CSCE izenekoa), 1991ko azaroaren 21ean onetsitakoa;

Ikusirik Erregelamenduaren 148. artikulua;

Ikusirik Kultura, Gazteria, Hezkuntza eta Komunikabideen Batzordeak emandako txostena, eta entzunda Herritarren Arazo Juridiko eta Eskubideen Batzordeak emandako iritzia (A3-0042/94);

A. Europako Erkidegoaren Tratatuaren 128. artikuluan jasotako engaiamenduak bultzaturik (horren arabera, Europako Erkidegoak laguntasuna eman behar du estatu kideetako kulturak gara daitezen, aldi berean estatu kide horietako aniztasun erregionala eta nazionala errespetatuz);

B. Europako hizkuntza-kulturaren beharra dagoela aldarrikatuz, eta, horren eremuaren barruan, hizkuntza-ondarearen defentsa, hizkuntza-mugen gainditzea, hedadura txikiko hizkuntzen sustatzea eta hizkuntza gutxituen babesa barneratzen direla aitorturik;

C. Europa erdialde eta ekialdeko demokratizazio-prozesua eragile izanik, eta, bereziki, demokrazia eskuratu berri duten herriek, euren hizkuntza eta kultura propioak aldarrikatzeko orduan, joera sendoa izan eta joera hori pizgarri izanik;

D. Kontuan harturik herri orok eskubidea duela, bere hizkuntza eta kultura errespetatuak izan daitezen, eta, ondorenez, herri orok aukera izan behar duela, hizkuntza eta kultura horiek babestu eta sustatzeko zein lege-baliabide behar eta baliabide horiek izateko;

E. Kontuan harturik Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasuna haren kultura-aberastasunaren oinarrizko osagaia dela;

F. Kontuan harturik Europar Batasunean hizkuntza-aniztasunaren gaineko babesa eta sustatzea, izatez, gakoak direla Europa baketsu eta demokratikoa eraikitzeko tenorean;

G. Kontuan harturik Europako Erkidegoaren erantzukizuna dela estatu kideei, euren ahaleginetan, laguntasuna ematea, haien kulturak garatzeko eremuan, eta aniztasun nazionala eta erregionala babesteko orduan, hizkuntza erregional eta gutxitu autoktonoen aniztasuna tartean dela;

H. Kontuan harturik Europako Erkidegoak sustatu beharko lukeela estatu kideen ekintza, batez ere, hizkuntza eta kultura horien gaineko babesa askiez edo ezereza denetan;

I. Kontuan harturik Europako Erkidegoaren betebeharra dela, orobat, estatu elkartuetako nahiz hirugarren estatuetako gobernuekin harremanak dituenean, gutxiengoen eskubideak azpimarratzea; hala denean, aurrekoaz gain, betebeharra du gobernuei laguntasuna emateko, gobernu horiek eskubideok baliaraz ditzaten; kondenatu behar ditu, halaber, eskubide horiek hala nahita ukatzen dituzten guztietan;

J. Kontuan harturik Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunak haren kultura-aniztasuna islatzen duela, eta, maiz asko, aniztasun horri ez zaiola behar den besteko aitorpena egiten;

K. Azpimarraturik hizkuntza oinarrizko osagaia dela, osatze bidean dagoen Europar Batasunaren eremuan elkarrekin komunikatzeko, eta Europa egiteak bateratu behar dituela, bateko, hedadura handiko hizkuntzak komunikazioan erabiltzea, egungo barne mugetan zehar, eta, besteko, hedadura txikiko hizkuntzak babestu eta defendatzea, erregioetako nahiz erregioez gaindiko eremuetan;

L. Kontuan harturik hizkuntza eta kultura gutxituak ere Europako kultura eta ondarearen osagaiak direla, eta, ikuspuntu horretatik, Europako Erkidegoak babes juridikoa eman behar diela, finantza-baliabide egokiak bermatzearekin batera;

M. Kontuan harturik hizkuntza gutxitu horietatik asko arriskuan daudela eta euren hiztun-kopurua azkar gutxitu dela, hori mehatxu izanik, biztanle-talde zehatz batzuen ongizateari begira; eta, gainera, Europaren sortze-gaitasun osoa, neurri handi batean, txikitu egiten dela gertaera horren ondorioz;

N. Kontuan harturik estatu kideetako gobernuen eginbeharra dela euren hizkuntza ofiziala babestu eta sustatzea, eta eginbehar horri zor zaion osoko errespetuak ezin diela inola ere kalterik egin hizkuntza gutxituei, ezta hizkuntza horiek dituzten biztanleei ere, biztanleontzat halako hizkuntzak baitira berezko kultura-eramaileak;

O. Oharturik, edonondik begiratuta, “hizkuntza eta kultura gutxituak” adierazmoldeak ezaugarri eta neurri desberdinetako gertaerak har ditzakeela bere barnean, estatu kideen egoerak ere desberdinak direlako, batez ere horren barruan sartzen badira zenbait estatu kidetan dagoeneko ofizial diren hizkuntza batzuk, hain zuzen ere, behar den moduko hedapena edo pare-pareko estatutua ez dutenak aldameneko estatu kidean edo beste estatu kide batean.

1. Eskaria egiten du 1981eko urriaren 16ko, 1983ko otsailaren 11ko eta 1987ko urriaren 30eko ebazpenetan jasotako printzipioak eta proposamenak, lehen aipatu direnak, bete-betean aplika daitezen.

2. Berriro ere nabarmentzen du beharrezkoa dela estatu kideek euren hizkuntza-gutxiengoak aitortzea, eta lege- nahiz administrazio-neurriak hartzea, hizkuntza horiek iraunarazi eta garatzeko oinarrizko baldintzak sor daitezen.

3. Uste du, berebat, hizkuntza eta kultura gutxitu guztiek babestuta egon beharko luketela estatu kideetan, horretarako lege-estatutu egokia onetsiz.

4. Bere aburuz, lege-estatutu horrek, gutxienez, jarraikoak barneratu beharko lituzke: hizkuntza eta kultura horien erabilera eta sustapena, hezkuntzaren, kulturaren, justiziaren, Administrazio Publikoaren, komunikabideen eta toponimiaren esparruetan, bai eta bizitza publikoaren eta kultura-bizitzaren gainerako sektoreetan ere. Horri kalterik egin gabe, hedadura handiko hizkuntzak erabili ahal izango dira, estatu kide bakoitzaren barruan, eta Europar Batasunean oro har, komunikazioaren errazteak hori behar duenean.

5. Azpimarratzen du, estatu bateko biztanle batzuen hizkuntza edo kultura ez denean estatu horretan nagusia dena, edota ez denean estatuko zati edo erregio horretan nagusia dena, horrek ez du diskriminaziorik eragin behar, eta, batez ere, ez duela gizarte-bazterketarik ekarri behar, halakoek oztopatzen dutenean biztanleok enplegua lortzea edo enpleguan irautea.

6. Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutunaren alde egiten du, horren lege-forma Europako konbentzioarena dela, eta, tresna eragingarri eta malgu horren bitartez, hizkuntza gutxituak babestu eta sustatzen direla.

7. Estatu kideetako gobernuei eskatzen die konbentzio hau presaz sina eta haien parlamentuetan berrets dezaten, oraindik hori egin ez badute. Estatu kideok, une oro, aukeratu beharko dute konbentzioaren paragrafoetatik zein diren euren hizkuntza-komunitateek dituzten beharrizan eta gurariei gehien egokitzen zaizkienak.

8. Estatu kideetako gobernuei eta tokian tokiko nahiz erregioetako agintariei eskatzen die, elkarte espezializatuak susper eta bultza ditzaten, bereziki, Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoko estatu kideen batzordeak. Hartara, herritarrek eta euren antolakundeek euren hizkuntzak garatzeko orduan duten erantzukizuna baliatu ahal izango da.

9. Estatu kideei, bai eta erregioei eta tokian tokiko talde eskudunei ere, eragiten die, horiek azter dezaten ea aukerarik duten zenbait hitzarmen sinatu, eta, hitzarmen horien bitartez, mugaz gaindiko hizkuntza-instituzioak sortzeko, hizkuntza eta kultura gutxituetatik edozeinentzat, halako hizkuntza edo kulturak bi estatu mugakidetan edo gehiagotan erabiltzen direnean, edota estatu kide baten baino gehiagotan aldi berean.

10. Europako Batzordeari honako hau eskatzen dio:

a) Batzordeak, bere eskumenen eremuan, estatu kideei laguntasuna ematea, horiek arlo honetan bideratutako ekimenak aplika ditzaten.

b) Batzordeak, eremu guztietan Europako Erkidegoaren politika prestatzeko orduan, kontuan hartzea hizkuntza gutxituak eta horien kulturak; eta, horrekin batera, hezkuntza- eta kultura-programa guztietan (besteak beste, Europarentzako Gazteria, ERASMUS, TEMPUS, Europako Dimentsioa, Europako Plataforma, MEDIA, literatura garaikidea itzultzeko proiektuetan…), beharrezko xedapenak onestea hizkuntza gutxituen erabiltzaileek izan ditzaketen premiei erantzuteko, eremu zabaleko erabiltzaileenak bezainbeste.

c) Hizkuntza gutxituen erabilera sustatzea, Europako Erkidegoaren ikus-entzunezko politikan, adibidez, bereizmen handiko telebistari dagokionez. Orobat, laguntasuna ematea hizkuntza gutxituetan egindako ekoizpen eta emanaldiei, 16:9 formatuan programa berriak ekoitz daitezen.

d) Telekomunikazioen teknologia digital modernoaren erabilera bermatzea, horri esker satelite nahiz kable bidezko irrati-hedapeneko transmisioak gehi baitaitezke, eta, bide batez, hizkuntza gutxitua gehiago zabal.

e) Ahalik arinen, eta LINGUA egitasmoa abiapuntu moduan harturik, programa zehatza abian jartzea, hizkuntza gutxituentzat; horretarako, dagoeneko garatuta dauden sareak (esaterako, MERCATOR hezkuntza-sarea) erabil daitezke, Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak burutzen dituen jardueren esparruan.

f) Europako Erkidegoan hizkuntza gutxituei buruzko mapa zientifikoa, Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak prestatu duena, zuzendu eta osatu ondoren, horren berehalako argitalpena erraztea.

g) Europako Erkidegoen tratatuak, eta Europako Erkidegoaren oinarrizko xedapenak nahiz informazioak, bai eta horien guztien jarduerak ere, Europar Batasunean hizkuntza gutxituetan argitara daitezen bultzatzea.

11. Europako Kontseiluari eta Europako Batzordeari honako hau eskatzen die:

a) Europako antolakunde jakin batzuek (bereziki, Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak) hizkuntza gutxituak ordezkatzen dituztenez gero, antolakunde horiek laguntzeari eta sustatzeari ekitea, eta beharrezkoak diren baliabideak haiei helaraztea.

b) Europako programa jakin batzuk hizkuntza gutxituen aldekoak eta horien kulturen aldekoak direnez gero, programa horientzat egoki diren aurrekontu-zuzkidurak bermatzea, eta, gai horretan, urte anitzeko ekintza-programa proposatzea.

c) Erregioetako hizkuntza- eta kultura-oinordetza behar bezala aitortzea, euren politika erregionala garatzeko orduan eta FEDERen baliabideak esleitzeko orduan; halaber, erregioen garapenerako proiektu integratuei laguntza ematea, baldin eta proiektu horietan zenbait neurri jasotzen badira, hizkuntza eta kultura erregionalak sustatzeko; orobat, euren gizarte-politika aplikatzeko orduan eta FSEren baliabideak esleitzeko orduan.

d) Europa zentral nahiz ekialdeko herrietan, hizkuntza gutxituen erabiltzaileen beharrizanak behar den moduan aintzakotzat hartzea, ekonomia eta gizartea berrosatzeko helburuarekin Europako programak garatzen direnean, eta, zehatz-mehatz, PHARE programaren eremuan.

e) Hizkuntza gutxituen artean, edo Europako Erkidegoko hizkuntzak xede-hizkuntza direla, liburuak eta literaturako lanak itzul daitezen, eta filmei azpitituluak jar dakizkien, sustatzea.

f) Hizkuntza gutxituak sustatzeko orduan bermatzea Europako Erkidegoak ez diela kalterik egiten garrantzi handiagoko hizkuntza nazionalei; aitzitik, bermatu behar da sustatze horrek ez diola inola ere kalterik egiten eremu zabaleko hizkuntza horien irakaskuntzari.

12. Itsasoz bestaldeko hizkuntzak estatu kideetako lurralde jakin batzuetan hitz egiten direnean, hizkuntza horiek eta kontinenteko hizkuntzek eskubide eta xedapen berberak izatea eskatzen du.

13. Lurralde-hizkuntza ez diren berezko hizkuntzen kasuan (berbarako, ijitoen hizkuntza, sinto hizkuntza eta yiddish izenekoa), organo eskudun guztiei eskatzen die mutatis mutandis aplikatzea ebazpen honetan ezarritako gomendioak.

14. Azpimarratzen du ebazpen honetan jasotako gomendioek ez dutela inola ere mehatxupean jartzen estatu kideen lurralde-osotasuna, ezta ordena publikoa ere. Gainera, gomendio horiek ez dira interpretatu behar, edozein jarduera edo ekintza burutzeko eskubide gisa, baldin eta jarduera edo ekintza horrek urratzen baditu Nazio Batuen Gutunak dituen helburuak edota nazioarteko legerian ezarritako betebeharretatik beste edozein.

15. Bere lehendakariari agintzen dio ebazpen hau helaraz diezaien Europako Batzordeari, Kontseiluari, estatu kideetako gobernu zentralei nahiz erregioetako gobernuei, Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioari, Europako Tokietako eta Erregioetako Botereen Batzar Iraunkorrari, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Batzarrari, Nazio Batuei eta UNESCOri.


7.2.6. Nizako Tratatua,
2000ko abenduaren 7koa,
Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna[113]

III. TITULUA
Berdintasuna

21. artikulua.— Diskriminaziorik ez

1. Diskriminazio oro debekatuta dago, batez ere, diskriminazioaren eragilea denean sexua, arraza, kolorea, etnia- edo gizarte-jatorriak, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa, pentsamoldeak, iritzi politikoak nahiz beste edozein motatako iritziak, gutxiengo nazional bateko izatea, ondarea, jaiotza, desgaitasuna, adina edota sexu-orientazioa.

2. Nazionalitatearen ondoriozko diskriminazio oro debekatuta dago tratatuak aplikatzen diren eremuan, aipatu tratatu horiek kasuan kasuko xedapenetan ezarritakoari kalterik egin gabe.

22. artikulua.— Kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna

Batasunak errespetatu egiten du kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna.


7.2.7. Nizako Tratatua, 2001eko otsailaren 26koa, Europar Batasunaren Tratatua, Europako erkidegoak eratzeko tratatuak eta zenbait egintza aldatzen dituena[114][115]

LEHEN ZATIA
Funtsezko aldaketak

2. artikulua

45) 290. artikuluaren ordez testu hau jarriko da:

«290. artikulua

»Kontseiluak finkatuko du, aho batez, Erkidegoko instituzioen hizkuntza-araubidea, Justizia Auzitegiaren Estatutuan aurreikusitako xedapenei kalterik egin gabe».

3. artikulua

24) 190 artikuluaren ordez testu hau jarriko da:

«190. artikulua

»Kontseiluak finkatuko du, aho batez, Erkidegoko instituzioen hizkuntza-araubidea, Justizia Auzitegiaren Estatutuan aurreikusitako xedapenei kalterik egin gabe».

BIGARREN ZATIA
Xedapen iragankorrak eta azken xedapenak

13. artikulua

Tratatu hau ale bakar batean idatzi da hurrengo hizkuntzetan: alemanez, danieraz, espainieraz, finlandieraz, frantsesez, grezieraz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, nederlanderaz, portugesez eta suedieraz. Testu horiek guztiak kautoak dira, eta Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboetan jasoko dira. Gobernu horrek kopia kautotu bana igorriko die gainerako estatuetako gobernu sinatzaileei.

B. protokoloa, Europar Batasunaren Tratatuaren, Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren eranskina dena

Justizia Auzitegiaren Estatutuaren Protokoloa

V. TITULUA
Azken xedapenak

64. artikulua

Estatutu honetan, Justizia Auzitegiari eta Lehen Auzialdiko Auzitegiari aplikatu beharreko arauak onartzen diren arte, Justizia Auzitegiaren Prozedura Erregelamenduan eta Lehen Auzialdiko Auzitegiaren Prozedura Erregelamenduan hizkuntza-araubideari buruz ezarritako xedapenak izango dira aplikagarri. Xedapen horiek aldatzeko edo indargabetzeko, estatutu honetan aldaketak egiteko ezarritako prozeduraren arabera jokatu beharko da.


7.2.8. Europako Parlamentuaren 2001eko abenduaren 13ko Ebazpena, Europako Hizkuntza Erregional eta Gutxituei buruzkoa[116]

Europako Parlamentuak,

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1934/2000/EE Erabakia, 2000ko uztailaren 17koa, zeinak ezartzen baitu Hizkuntzen Europako Urtea 2001[117],

— Ikusiz Kontseiluaren 2001eko azaroaren 23ko Ebazpena, hizkuntza-aniztasunari eta hizkuntzen ikaskuntzari buruzkoa,

— Ikusiz Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 22. artikulua, zeinak hizkuntza-aniztasuna bermatzen baitu,

— Ikusiz hizkuntza erregional eta gutxituei buruzko aurreko ebazpenak, honako hauei buruzkoak barne:

— Gutxiengo Etnikoen Eskubideen Erkidegoko Gutuna (1981eko urriaren 16a)[118],

— Hizkuntza eta kultura gutxituen aldeko neurriak (1983ko otsailaren 11)[119],

— Europako Erkidegoko gutxiengo erregional eta etnikoen hizkuntzak eta kulturak (1987ko urriaren 30a)[120],

— Europako Erkidegoko hizkuntzen egoera eta katalanaren egoera (1990eko abenduaren 11)[121],

— Europako Erkidegoko kultura- eta hizkuntza-gutxiengoak (1994ko otsailaren 9a)[122],

A. Kontuan hartuz ezen Europako hizkuntza guztiak berdinak direla balioari eta duintasunari dagozkienez, eta Europako kulturaren eta zibilizazioaren zati direla,

B. Kontuan hartuz ezen Batasunaren hizkuntza-aniztasuna zaindu eta eleaniztasuna sustatu behar dela, bere hizkuntzekiko errespetu berberarekin eta subsidiariotasun-printzipioari kalterik egin gabe,

C. Kontuan hartuz ezen Europar Batasuneko 40 milioi herritarrek, zeinek 60 hizkuntza-komunitate baino gehiago ordezkatzen baitituzte, hizkuntza erregional bat edo eremu urriko hizkuntza bat erabiltzen dutela,

D. Kontuan hartuz Kontseiluaren eta Batzordearen ekimena, zeinaren helburua baita Hizkuntzen Europako Urtea sustatzea, eta pozik hartuz erregioetako edo eremu urriko hizkuntza-komunitateek Europar Batasun osoan parte hartu izana,

E. Kontuan hartuz ezen Hizkuntzen Europako Urtearen helburu nagusiak honako hauek zirela: sentsibilizazio handiagoa lortzea Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunaren aberastasunari buruz; ahalik eta pertsona gehienei jakinaraztea zein abantaila eskaintzen duen gaitasunak zenbait hizkuntzatan eskuratzeak, garapen pertsonalerako eta kulturen arteko ulermenerako, hizkuntzok funtsezko elementu diren aldetik; sustatzea estatu kideetan legez bizi diren pertsona guztiek bizitza osoan zehar hizkuntzak eta haiei lotutako gaiak ikas ditzaten, kontuan hartu gabe zein den pertsona horien adina, jatorria edo maila; eta hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntzari buruzko informazioa bildu eta hedatzea,

F. Kontuan hartuz ezen, hizkuntzek bizirik iraun dezaten, hizkuntzok erabili behar direla, eta horrek berekin dakarrela hizkuntzok teknologia berrietan erabiltzea eta teknologia berriak garatzea, hala nola itzulpen-programak,

G. Kontuan hartuz ezen eremu urriko hizkuntzak dituzten erkidegoek ekarpen garrantzitsua egin ahal izango dutela Europaren etorkizunari buruzko eztabaidaren ingurumarian,

H. Kontuan hartuz ezen Batzordeak programa-proiektu bat aurkezteko aukera aztertzea erabaki duela, zeinaren helburua izango baita hizkuntza erregional eta gutxituak sustatu eta babestea,

1. Berresten du ezen estatu kideek eta Batzordeak neurriak hartu behar dituztela herritar guztiek aukera izan dezaten hizkuntzak komunikazio-xedeetarako ikasteko, hizkuntzok ikastea oinarria baita Europa eleaniztun eta kulturaniztun batean elkarrekiko ulermena eta tolerantzia, mugikortasun pertsonala eta informaziorako irispidea hobetzeko;

2. Azpimarratzen du ezen garrantzitsua dela Europarentzat hizkuntzen bizitza osoko ikaskuntza bermatzea;

3. Batzordeari eskatzen dio, gehien jota 2002ko abenduaren 31n, Hizkuntzen Europako Urtearen emaitzen ebaluazioari buruzko txosten zehatza aurkez dezala, bai eta horri buruzko datu zehatzak biltzen dituen ebaluazio orokorra ere, arreta berezia jarriz hizkuntza erregional eta gutxituetan;

4. Batzordeari eskatzen dio neurri zehatzak proposa ditzala hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko;

5. Batzordeari eskatzen dio jarraipena eman diezaiola 2001eko Hizkuntzen Europako Urtearen barruan egindako lanari, 2003. urtea amaitu baino lehen urte anitzeko programa bat sortzeko hizkuntzei buruz, eta funtsak eslei ditzala programa horren esparruan hizkuntza erregional eta gutxituetarako;

6. Eskatzen du ezen, Europar Batasuna zabaltzeari dagokionez, Kontseiluak eta Batzordeak eska diezaietela Batasunari atxiki nahi dioten herrialde hautagaiei hizkuntza eta kultura erregionalak edo gutxituak errespeta ditzatela, eta osorik bete dezatela Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 22. artikuluan xedatutakoa, eta sina ditzatela atxikitze-bidean egindako aurrerapenei buruzko aldizkako txostenen 1.1. eta 1.2. atalak; uste du ezen Europar Batasunak erantzukizuna duela estatu kideei eta estatu hautagaiei babesa emateko, euren kulturak garatu eta haien barruko hizkuntza-aniztasuna babeste aldera;

7. Azpimarratzen du ezen Europako Parlamentuak onetsi duela milioi bat euro esleitzea 2002ko aurrekontuan prestakuntza-ekintzetarako, zeinen helburua baita hizkuntza, dialekto eta kultura erregional eta gutxituak sustatu eta zaintzea, eta errepikatzen du Batzordeak bermatu behar duela funts horiek behar bezala erabiliko direla, eta Batzordeari eskatzen dio oinarri bat aurki dezala hizkuntza erregional eta gutxituen, dialektoen eta kulturen sustapena eta zaintza finantzatzen jarraitzeko;

8. Kontseiluari eskatzen dio berma dezala Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 22. artikuluaren aplikazioa hurrengo Gobernuarteko Konferentziaren gai-zerrendan sartuko dela;

9. Estatu kideei eskatzen die Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna sinatzeko eta berronesteko, baldin eta oraindik hori egin ez badute;

10. Lehendakariari eskatzen dio ebazpen hau Batzordeari, Kontseiluari, Erregioetako Lantaldeari eta estatu kideetako parlamentu eta batzar guztiei helarazteko, bai eta Hizkuntza Gutxituetarako Europako Bulegoari ere.


7.2.9. Gor-itsuen Eskubideei buruzko Europako Parlamentuaren Adierazpena, 2004ko apirilaren 1ekoa[123]

Europako Parlamentuak,

– Erregelamenduaren 51. artikulua ikusita,

– EEren Tratatuaren 13. artikulua eta giza duintasunaren printzipioa ikusita,

A. Kontuan hartuta gor-itsutasuna desgaitasun espezifiko bat dela, zeina baitatza ikusmenaren eta entzumenaren narriadura konbinatuan, eta horrek informazioa, komunikazioa eta mugikortasuna eskuratzea zailtzen duela,

B. Kontuan hartuta Europar Batasunean 150.000 gor-itsu inguru daudela,

C. Kontuan hartuta pertsona horietako batzuk erabat itsuak eta gorrak direla, baina gehienek zentzumen bati edo biei eusten dietela,

D. Kontuan hartuta esandako desgaitasun espezifiko hori duten pertsonek ezagutza espezializatuak dituzten pertsonen laguntza berezia behar dutela,

1. Europar Batasuneko instituzioei eta estatu kideei eskatzen die gor-itsuen eskubideak aitortzeko eta errespetatzeko;

2. Adierazten du gor-itsuek Europar Batasuneko gainerako herritarren eskubide berberak izan beharko lituzketela, eta eskubide horiek legeria egoki baten bidez bermatu beharko liratekeela estatu kide bakoitzean, honako hauek barne:

– Europar Batasuneko bizitza demokratikoan parte hartzeko eskubidea,

– lan egiteko eta prestakuntza iristeko eskubidea, argiztapen, kontraste eta egokitzapen egokiekin,

– pertsonarengan oinarritutako osasun- eta gizarte-zainketak jasotzeko eskubidea,

– bizitza osoko ikaskuntzarako eskubidea,

– gor-itsuentzako gidari-komunikatzaile, interprete edota bitartekarien bidez laguntza pertsonalizatua jasotzeko eskubidea;


7.2.10. Erromako Tratatua, Europarentzat Konstituzio bat eratzen duen Tratatua,
2004ko urriaren 29koa[124]

I. ZATIA

I. TITULUA
Batasunaren definizioa eta helburuak

I-3 artikulua.— Batasunaren xedeak

1. Batasunak bakea, bere balioak eta bere herrien ongizatea sustatzea du helburu.

2. Batasunak barne-mugarik gabeko askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparrua eskainiko die herritarrei, eta lehia askea eta faltsutu gabea izango duen barne-merkatua.

3. Batasunak Europaren garapen jasangarriaren alde egingo du lan, horretarako oinarritzat hartuta ekonomia-hazkunde orekatua eta prezioen egonkortasuna, enplegu betea eta gizartearen aurrerabidea jomuga dituen lehiakortasun handiko merkatuko ekonomia soziala eta ingurumenaren babes-maila eta kalitatearen hobekuntza-maila handia. Era berean, aurrerabide zientifikoa eta teknikoa ere sustatuko ditu.

Batasunak gizarteko bazterketaren eta diskriminazioaren aurka egingo du, eta gizarte-justizia eta -babesa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, belaunaldien arteko elkartasuna eta haurren eskubideen babesa sustatuko ditu.

Batasunak estatu kideen arteko ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta elkartasuna bultzatuko ditu.

Batasunak bere kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatuko du, eta Europaren kultura-ondarea zaintzeko eta garatzeko ardura izango du.

4. Munduko gainerakoekin dituen harremanetan Batasunak bere balioak eta interesak indartu eta sustatuko ditu. Bakea, segurtasuna, Lurraren garapen jasangarria, herrien arteko elkartasuna eta errespetua, merkataritza aske eta zuzena, pobretasuna ezabatzea eta giza eskubideak —batez ere haurren eskubideak— babestea, nazioarteko zuzenbidea zorrotz bete eta garatzea, eta, bereziki, Nazio Batuen Gutunaren printzipioen errespetua bultzatuko ditu.

5. Batasunak bitarteko egokiak erabiliko ditu bere helburuak lortzeko, Konstituzioan ematen zaizkion eskumenen arabera.

II. ZATIA
Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna

III. TITULUA
Berdintasuna

II-82 artikulua.— Kultura-aniztasuna, erlijio-aniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna

Batasunak kultura-aniztasuna, erlijio-aniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna errespetatzen ditu.

III. ZATIA
Batasunaren politikak eta funtzionamendua

III. TITULUA
Barne-politikak eta -ekintzak

V. KAPITULUA
Eremuak, zeinetan Batasunak erabaki baitezake laguntza-, koordinazio- eta osatze-ekintza bat egitea
3. atala
Kultura

III-280 artikulua

1. Estatu kideetako kulturak suspertzen lagunduko du Batasunak, barruko aniztasun nazionala eta erregionala errespetatuz, eta, aldi berean, kultura-ondare erkidea nabarmenduz.

2. Batasunaren ekintzaren helburua izango da estatu kideen arteko lankidetza sustatzea eta, beharrezkoa bada, honako eremu hauetan estatu horien lana babestea eta osatzea:

a) Europako herrien kultura eta historia hobeto ezagutu eta zabaltzea;

b) Europarako garrantzizkoa den kultura-ondarea zaindu eta babestea;

c) merkataritza-izaerarik ez duten kultura-trukeak;

d) arte eta literaturako sorkuntza, ikus-entzunezkoen sektorea barnean hartuta.

3. Batasunak eta estatu kideek lankidetza bultzatuko dute, batetik, hirugarren herrialdeekin, bestetik, kultura-gaietan eskumenak dituzten nazioarteko erakundeekin, eta batez ere Europako Kontseiluarekin.

4. Konstituzio honen beste xedapenen indarrez jardun behar duenean, Batasunak kultura-ikuspegiak ere hartuko ditu kontuan, bereziki bertako kulturen aniztasuna errespetatu eta sustatzeko.

5. Errazagoa izan dadin artikulu honetan aipaturik datozen helburuak lortzea:

a) Europar legeak edo esparru-legeak hainbat sustapen-neurri zehaztuko du, estatu kideen lege- eta erregelamendu-xedapenak harmonizatzeko ahalegin oro alde batera utzita. Erregioetako Lantaldeari aurretiaz kontsulta eginda onetsiko da europar lege edo esparru-lege hori;

b) Batzordeak proposaturik, Kontseiluak gomendioak emango ditu.

IV. ZATIA
Xedapen orokorrak eta azken xedapenak

IV-448 artikulua.— Testu kautoak eta itzulpenak

1. Tratatu hau ale bakar batean idatzi da hurrengo hizkuntzetan: alemanez, txekieraz, danieraz, eslovakieraz, eslovenieraz, espainieraz, estonieraz, finlandieraz, frantsesez, grezieraz, hungarieraz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, letonieraz, lituanieraz, malteraz, nederlanderaz, polonieraz, portugesez eta suedieraz. Testu horiek guztiak kautoak dira, eta Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboetan jasoko dira. Gobernu horrek kopia kautotu bana igorriko die gainerako estatuetako gobernu sinatzaileei.

2. Tratatu hau estatu kideek zehaztuko dituzten beste hizkuntzetara itzuli ahal izango da, baldin eta estatu horietako konstituzio-ordenamenduaren arabera maila ofiziala badute lurralde osoan edo zati batean. Kasuan kasuko estatu kideak itzulpen horien kopia ziurtatua bidaliko du, Kontseiluaren artxiboetan gordetzeko.


7.2.11. Lisboako Tratatua, 2007ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Tratatua eta Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatua aldatu dituena[125]

I. TITULUA
Xedapen erkideak

3. artikulua
(Europar Batasunaren Tratatuaren lehengo 2. artikulua)

3. […]

[…]

[…]

Batasunak bere kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatuko du, eta Europaren kultura-ondarea zaintzeko eta garatzeko ardura izango du.

VI. TITULUA
Azken xedapenak

55. artikulua
(Europar Batasunaren Tratatuaren lehengo 53. artikulua)

1. Tratatu hau ale bakar batean idatzi da hurrengo hizkuntzetan: alemanez, bulgarieraz, txekieraz, kroazieraz, danieraz, eslovakieraz, eslovenieraz, espainieraz, estonieraz, finlandieraz, frantsesez, grezieraz, hungarieraz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, letonieraz, lituanieraz, malteraz, nederlanderaz, polonieraz, portugesez, errumanieraz eta suedieraz. Testu horiek guztiak kautoak dira, eta Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboetan jasoko dira. Gobernu horrek kopia kautotu bana igorriko die gainerako estatuetako gobernu sinatzaileei.

2. 2. Tratatu hau estatu kideek zehaztuko dituzten beste hizkuntzetara ere itzuli ahal izango da, baldin eta hizkuntza horiek estatu horietako konstituzio-ordenamenduaren arabera maila ofiziala badute lurralde osoan edo zati batean. Kasuan kasuko estatu kideak itzulpen horien kopia ziurtatua bidaliko du, Kontseiluaren artxiboetan gordetzeko.

BIGARREN ZATIA
Diskriminaziorik eza eta Batasuneko herritartasuna

20. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 17. artikulua)

[…]

2. Batasuneko herritarrak tratatuetan ezarritako eskubideen titular eta eginbeharren mendeko dira. Besteak beste, eskubide hauek dituzte:

[…]

d) Tratatuen hizkuntzetako bat erabiltzeko eta erantzuna hizkuntza horrexetan jasotzeko eskubidea dute, Europako Parlamentuari eskaerak egin, Europako Arartekoarengana jo eta Batasuneko instituzio eta organo aholku-emaileei zuzentzean.

24. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 21. artikulua)

[…]

[…]

[…]

Batasuneko herritar orok idatziz jo ahal izango du artikulu honetan edo Europar Batasunaren Tratatuaren 13. artikuluan aipatutako instituzio edo organismoetatik edozeinetara tratatu horren 55. artikuluko 1. apartatuan aipatutako hizkuntzetako batean, eta erantzuna hizkuntza horretan jaso ahal izango du.

VII. TITULUA
Lehiari, fiskalitateari, eta legeriak hurbiltzeari buruzko arau erkideak

3. KAPITULUA
Legeriak elkarri hurbiltzea

118. artikulua

[…]

Kontseiluak, legegintza-prozedura berezi baten arabera, erregelamenduen bidez ezarriko ditu Europako tituluen hizkuntza-araubideak. Kontseiluak, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, aho batez erabakiko du.

XII. TITULUA
Hezkuntza, lanbide-heziketa, gazteria eta kirola

165. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 149. artikulua)

1. Batasunak kalitatezko hezkuntza garatzen lagunduko du, estatu kideen arteko lankidetza sustatuz, eta, beharrezkoa izanez gero, estatuon ekintza bultzatuz eta osatuz, betiere estatuen erantzukizunak errespetatuz irakaskuntzaren edukiei eta hezkuntza-sistemaren antolaketari dagokienez, eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz.

[…]

2. Batasunaren ekintzak puntu hauek ditu jomuga:

— irakaskuntzan europartasuna garatzea, batez ere estatu kideetako hizkuntzak ikasiz eta zabalduz;

[…]

XIII. TITULUA
Kultura

167. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 151. artikulua)

1. Estatu kideetako kulturak suspertzen lagunduko du Batasunak, barruko aniztasun nazionala eta erregionala errespetatuz, eta, aldi berean, kultura-ondare erkidea nabarmenduz.

2. Batasunaren ekintzak estatu kideen arteko lankidetza suspertuko du, eta, beharrezkoa izanez gero, estatuon ekintza bultzatu eta osatuko du eremu hauetan:

— Europako herrien kultura eta historia hobeto ezagutu eta zabaltzen;

— Europarako garrantzizkoa den kultura-ondarea zaindu eta babesten;

— merkataritzakoak ez diren kultura-trukeak egiten;

— arte eta literaturako sorkuntzan, ikus-entzunezkoen sektorea barnean hartuta.

3. Batasunak eta estatu kideek lankidetza sustatuko dute, batetik, hirugarren herrialdeekin, bestetik, kultura-gaietan eskumenak dituzten nazioarteko erakundeekin, eta batez ere Europako Kontseiluarekin.

4. Tratatu honetako beste xedapenen indarrez jardun behar duenean, Batasunak kultura-ikuspegiak hartuko ditu kontuan, bereziki bertako kultura-aniztasuna errespetatu eta sustatzeko.

5. Errazagoa izan dadin artikulu honetako helburuak lortzea:

— Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintza-prozedura arruntaren arabera, eta Erregioetako Lantaldeari kontsulta egin ondoren, sustapen-neurriak hartuko dituzte, estatu kideetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahaleginak albo batera utzita.

— Batzordeak proposaturik, Kontseiluak gomendioak emango ditu.

II. TITULUA
Merkataritza-politika bateratua

207. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 133. artikulua)

[…]

[…]

3. Hirugarren herrialde edo nazioarteko erakunde batekin edo batzuekin akordioak negoziatu edo egin behar badira, 218. artikulua aplikatu beharko da, artikulu honetako berariazko xedapenei kalterik egin gabe.

[…]

4. Hirugarren apartatuan aipaturiko akordioak negoziatzeko eta egiteko, Kontseiluak gehiengo kalifikatu bidez erabakiko du.

[…]

Honako akordio hauek negoziatzeko eta egiteko ere, Kontseiluak aho batez hartuko ditu erabakiak:

a) kulturako eta ikus-entzunezko zerbitzu-merkataritzaren eremuko akordioak, baldin eta akordio horiek Batasuneko kulturen eta hizkuntzen aniztasunari kalte egin badiezaiokete;

[…]

SEIGARREN ZATIA
Xedapen instituzional eta finantzarioak

I. TITULUA
Xedapen instituzionalak

3. KAPITULUA
Batasunaren organo aholku-emaileak

300. artikulua

[…]

2. Ekonomia eta Gizarte Lantaldea osatzeko, enpresaburuen eta langileen erakundeetatik eta gizarte zibilaren ordezkaritza duten beste sektore batzuetatik hartuko dira ordezkariak, batez ere, eremu sozioekonomikotik zein herritar-, lanbide- eta kultura-eremuetatik.

[…]

ZAZPIGARREN ZATIA
Xedapen orokorrak eta azken xedapenak

342. artikulua
(Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren lehengo 290. artikulua)

Kontseiluak erregelamenduen bitartez finkatuko du Batasuneko instituzioen hizkuntza-araubidea, aho batez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Estatutuan aurreikusitako xedapenei kalterik egin gabe.

1. protokoloa, estatuetako parlamentuek Europar Batasunean duten egitekoari buruzkoa

4. artikulua

Legegintzako egintza baten proiektua Batasuneko hizkuntza ofizialetan idatzirik estatuetako parlamentuen esku uzten den unetik, proiektu hori Kontseiluaren behin-behineko gai-zerrendan sartzen den arte —onartua izan dadin edo legegintza-prozedura batean horri buruzko jarrera bat har dadin—, zortzi asteko tarte bat utzi beharko da. Presako kasuetan, salbuespenak egin ahal izango dira, eta Kontseiluaren egintzan edo jarreran aipatuko dira salbuespen horien arrazoiak. Behar bezala arrazoitutako presako kasuetan izan ezik, ezin izango da inolako akordiorik egin legegintzako egintza proiektu baten gainean. Legegintzako egintza proiektu bat Kontseiluaren behin-behineko gai-zerrendan sartu eta proiektu horri buruzko jarrera bat hartu arte, hamar eguneko tartea igaro beharko da, behar bezala arrazoitutako presako kasuetan izan ezik.

2. protokoloa, subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioen aplikazioari buruzkoa

6. artikulua

Estatuetako parlamentu orok eta parlamentu horietako ganbera orok, legegintzako egintza baten proiektua igortzen denetik kontatzen hasita zortzi asteko epean, irizpen arrazoitu bat igorri ahalko die Europako Parlamentuko lehendakariari, Kontseiluko lehendakariari eta Batzordeko lehendakariari, Batasuneko hizkuntza ofizialetan idatzita; bertan, proiektua subsidiariotasun-printzipioari zergatik ez zaion egokitzen azaldu beharko du. Estatuko parlamentu bakoitzaren edo estatuko parlamentuetako ganbera bakoitzaren egitekoa da, hala dagokionean, legegintza-eskumenak dituzten parlamentu erregionalei kontsultatzea.

3. protokoloa, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Estatutuari buruzkoa

V. TITULUA
Azken xedapenak

64. artikulua

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari aplikatu beharreko hizkuntza-araubideari buruzko arauak Kontseiluaren erregelamendu baten bidez ezarriko dira; Kontseiluak aho batez erabakiko du. Erregelamendu hori onartuko da, dela Justizia Auzitegiak eskatuta eta Batzordeari eta Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda, dela Batzordeak proposatuta eta Justizia Auzitegiari eta Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda.

Arau horiek onartzen diren arte, Justizia Auzitegiaren Prozedura Erregelamenduan eta Auzitegi Orokorraren Prozedura Erregelamenduan hizkuntza-araubideari buruz ezarritako xedapenak izango dira aplikagarri. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 253. eta 254. artikuluetan xedatutakoa gorabehera, xedapen horiek aldatzeko edo indargabetzeko, Kontseiluaren ahobatezko onespena beharko da.

I. eranskina
Europar Batasuneko Funtzio Publikoko Auzitegia

7. artikulua

2. Auzitegi Orokorraren hizkuntza-araubideari buruzko xedapenak Funtzio Publikoko Auzitegiari ere aplikatuko zaizkio.

26. protokoloa, interes orokorreko zerbitzuei buruzkoa

1. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 14. artikuluari jarraituz, Batasunaren balio erkideek, ekonomia-interes orokorreko zerbitzuei dagozkienez, zehazki honako printzipio hauek hartzen dituzte barne:

[…]

— ekonomia-interes orokorreko zerbitzuak askotarikoak dira, eta geografia-, gizarte- eta kultura-egoera desberdinen ondorioz erabiltzaileek izan ditzaketen beharrak eta lehentasunak ere oso desberdinak dira;

[…]


29. protokoloa, estatu kideetako irrati-difusio publikoaren sistemari buruzkoa

TRATATUGILE GORENEK,

AINTZATETSIZ estatu kideetako irrati-difusio publikoaren sistema zuzenean lotzen dela gizarte bakoitzak demokrazia, gizarte eta kulturako gaietan dituen beharrekin eta komunikabideen pluraltasuna zaindu beharrarekin,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

Tratatuetako xedapenak estatu kideek irrati-difusioaren zerbitzu publikoa finantzatzeko duten ahalmenari kalterik egin gabe izango dira, betiere, finantzaketa hori irrati-difusioko organismoei ematen bazaie estatu kide bakoitzak zerbitzu publiko horren eginkizunak izendatu, zehaztu eta antolatuta dauzkan moduan bete ditzan, eta, bestetik, finantzaketa horrek Batasuneko merkataritza-baldintzei eta lehiari interes komunaren kontrakoa litzatekeen neurri batean erasaten ez badie, betiere, zerbitzu publiko horren eginkizuna gauzatzen dela kontuan hartuta.

A. Tratatuetako xedapenei buruzko adierazpenak

16. Europar Batasunaren Tratatuaren 53. artikuluko 2. apartatuari buruzko adierazpena

Konferentziak hau uste du: Tratatuak 53. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren hizkuntzetara itzultzeko aukera emanez, Batasuneko kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatzeko xedea betetzen laguntzen dela, alegia, 2. artikuluko 3. apartatuaren laugarren paragrafoan adierazitako xedea. Hala, Konferentziak baieztatu egiten du Batasunak Europaren kultura-aniztasunaren alde eta aipatutako hizkuntza horiei eta beste batzuei arreta berezia jartzen jarraitzearen alde hartzen duen konpromisoa.

Konferentziak gomendio hau egiten du: 53. artikuluko 2. apartatuan aitortzen den aukera erabili nahi duten estatu kideek, Lisboako Tratatua sinatutako egunean hasitako sei hilabeteko epearen barruan, jakinarazi diezaiotela Kontseiluari tratatuak zein hizkuntzatara itzuliko diren.


7.2.12. Europako Parlamentuaren Ebazpena, 2009ko martxoaren 24koa, eleaniztasunari buruzkoa: Europarentzako abantaila eta konpromiso partekatua (2008/2225(INI))[126]

(2010/C 117 E/10)

Europako Parlamentuak,

— Ikusiz Europako Erkidegoaren Tratatuaren 149. eta 151. artikuluak,

— Ikusiz Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 21. eta 22. artikuluak,

— Ikusiz Kultura-ondare Immateriala Babesteko UNESCOren 2003ko Konbentzioa,

— Ikusiz Batzordearen Komunikazioa, 2008ko irailaren 18koa, “Eleaniztasuna: Europarentzako abantaila eta konpromiso partekatua” (COM(2008)0566), eta hari datxekion Batzordearen zerbitzuen lan-dokumentua (SEC(2008)2443, SEC(2008)2444 eta SEC(2008)2445).

— Ikusiz Batzordearen 2007ko apirilaren 13ko Komunikazioa, Hizkuntza-ezagutzei buruzko Europako inkestarako esparrua”(COM(2007) 0184) izenekoa,

— Ikusiz Batzordearen lan-dokumentua, 2007ko azaroaren 15ekoa, “Hizkuntzen ikaskuntza eta hizkuntza-aniztasuna” sustatzeko ekintza-planaren aplikazioari buruzko txostena (COM(2007)0554) izenekoa, eta hari datxekion Batzordearen zerbitzuen lan-dokumentua (SEC(2007)1222),

— Ikusiz Globalizazio-bidean dagoen Mundu batean Kulturarako Europako Agendari buruzko 2008ko apirilaren 10eko Ebazpena [127],

— Ikusiz Eleaniztasunerako Esparru-estrategia Berriari buruzko 2006ko azaroaren 15eko Ebazpena[128],

— Ikusiz 2006ko apirilaren 27ko Ebazpena, Europar Batasunean eleaniztasuna eta hizkuntzen ikaskuntza sustatzeari buruzkoa: hizkuntza-gaitasunaren Europako adierazlea[129],

— Ikusiz 2003ko irailaren 4ko Ebazpena, Europako erregioetako eta eremu urriko hizkuntzei buruz Batzordeari emandako gomendioekin —hizkuntza gutxituak Europar Batasunean, kultura-hedapenaren eta -aniztasunaren testuinguruan[130]—,

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1934/2000/EE Erabakia, 2000ko uztailaren 17koa, Hizkuntzen Europako Urtea 2001 ezartzen duena[131],

— Ikusiz Europako Kontseiluaren Bartzelonako Lehendakaritzak 2002ko martxoaren 15ean eta 16an ateratako ondorioak,

— Ikusiz Hezkuntza, Gazteria eta Kultura Kontseiluak 2008ko maiatzaren 21ean eta 22an, bereziki, eleaniztasunari buruz emandako ondorioak,

— Ikusiz, Kontseiluaren baitan batzartuta, Kontseiluaren eta estatu kideetako gobernuen ordezkarien 2008ko azaroaren 20ko ondorioak, zeinak baitira Batasunaren eta estatu kideen kanpo-harremanetan kultura-aniztasuna eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzeari buruzkoak[132],

— Ikusiz Erregioetako Lantaldeak eleaniztasunari buruz 2008ko ekainaren 18an eta 19an[133] emandako irizpena eta Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak eleaniztasunari buruz 2008ko irailaren 18an emandako irizpena,

— Ikusiz Erregelamenduaren 45. artikulua,

— Ikusiz Kultura eta Hezkuntza Batzordearen txostena eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Batzordearen iritzia (A6-0092/2009),

A. Kontuan hartuz hizkuntza- eta kultura-aniztasunak modu esanguratsuan markatzen duela Europar Batasuneko herritarren eguneroko bizitza, bai komunikabideen irismenaren ondorioz, bai mugikortasun gero eta handiagoaren ondorioz, bai migrazioen ondorioz eta bai globalizazioaren aurrerapenaren ondorioz,

B. Kontuan hartuz askotariko hizkuntza-ezagutzak eskuratzea oso garrantzitsua dela EBko herritar guztiek goza dezaten Batasunaren barruan askatasunez zirkulatzeak eta Batasunak hirugarren herrialdeekin dituen harremanek eskaintzen dituzten abantaila ekonomiko, sozial eta kulturalez,

C. Kontuan hartuz eleaniztasuna gero eta garrantzitsuagoa dela estatu kideen arteko harremanetan, kultura-aniztunak diren gure gizarteetako elkarbizitzaren eremuan eta Europar Batasuneko politika erkideetan,

D. Kontuan hartuz eleaniztasunaren ebaluazioa onartutako tresnetan oinarrituta baliozkotu behar dela, hala nola Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratua eta beste batzuk,

E. Kontuan hartuz Europako hizkuntza batzuk funtsezko zubi direla hirugarren herrialdeekiko harremanetan, baita munduko hainbat erregiotako herri eta nazioen arteko harremanetan ere,

F. Kontuan hartuz hizkuntza-aniztasuna herritarrei aitortutako eskubidea dela Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 21. eta 22. artikuluetan, eta kontuan hartuz eleaniztasunak ere helburua izan beharko lukeela aniztasunaren eta tolerantziaren errespetua bultzatzeko, betiere estatu kideetako hizkuntza-komunitateen artean gerta litezkeen gatazka aktibo edo pasiboak saiheste aldera,

1. Atsegin handiz hartu du Batzordeak eleaniztasunari buruz egindako komunikazioaren argitalpena, bai eta Kontseiluak hari eskainitako arreta ere;

2. Denboran zehar eleaniztasunari eta kultura-aniztasunari buruz hartu dituen jarrerak berresten ditu;

3. Berriro dio ezen jarduera publikoaren alderdi guztietan EBko hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna aitortzeko dagoen beharrizana nabarmendu behar dela;

4. Uste du Europako hizkuntza-aniztasuna aktibo kultural garrantzitsua dela, eta ez litzatekeela egokia izango Europar Batasuna hizkuntza nagusi bakarrera mugatzea;

5. Uste du funtsezkoa dela EBko instituzioek hizkuntza-berdintasunaren printzipio hori errespetatzeari dagokionez duten zeregina, bai estatu kideen arteko harremanetan eta EBko instituzioetan euretan, bai EBko herritarrek administrazio nazionalekin eta Erkidegoko eta nazioarteko instituzio eta organismoekin dituzten harremanetan;

6. Gogoratzen du ezen eleaniztasunaren garrantzia ez dela agortzen alderdi ekonomiko eta sozialetan; izan ere, kontuan hartu behar dira eremu kultural eta zientifikoko sorkuntza eta transmisioa, bai eta literatura-itzulpenak zein teknikoak herritarren bizitzan eta EBren epe luzerako garapenean duten garrantzia ere; era berean, gogoratzen du garrantzitsua dela hizkuntzek prestakuntzan eta identitatea finkatzean duten zeregina;

7. Azpimarratzen du ezen eleaniztasuna zeharkako gaia dela, eta eragin sakona duela Europako herritarren bizitzetan; beraz, estatu kideei eskatzen die eleaniztasuna txertatzeko hezkuntzaz bestelako politiketan, hala nola etengabeko ikaskuntzan, gizarte-inklusioan, enpleguan, hedabideetan eta ikerketan;

8. Uste du oso garrantzitsua dela itzulpengintzari laguntzeko programa espezifikoak eta terminologia-oinarri eleaniztunen sareak sortzea;

9. Gogoratzen du ezen informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eleaniztasuna sustatzeko erabili behar direla, eta, horregatik, nabarmentzen direla nazioarteko arau egokiaren —ISO 10646, hizkuntza guztietako alfabetoak irudikatzea ahalbidetzen duena— zeregina eta erabilera Europako eta estatu kideetako administrazio-sistemetan eta komunikabideetan;

10. Proposatzen du itzultzailearen eta interpretearen Europako egun bat ezar dadila edo lanbide horiek kontuan hartu eta balioets daitezela, urtero irailaren 26an ospatzen den Hizkuntzen Europako Egunaren esparruan;

11. Adierazten du funtsezkoa dela eleaniztasuna zaintzea hizkuntza ofizial bi edo gehiago dauden herrialde edo erregioetan;

12. Nabarmentzen du badagoela beharrizanik hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten estatu kideetan hizkuntza arteko ulergarritasun osoa bermatzeko, batez ere adineko pertsonei dagokienez eta justiziaren, osasunaren, administrazioaren eta enpleguaren sektoreetan;

13. Lanean beste estatu kide batzuetako herritarrekin harremanetan dauden funtzionarioek Europar Batasuneko bigarren hizkuntza bat ikas dezaten bultzatzen du;

14. Beharrezkotzat eta egokitzat jotzen du helduaroan atzerriko hizkuntzak ikasteko aukerak sortzea, lanbide-heziketako eta etengabeko prestakuntzako programen bidez, garapen pertsonal eta profesionalari begira;

15. Nabarmentzen du eskoletan arreta eta laguntza berezia eman behar zaiela beren ama-hizkuntzan hezkuntzarik jaso ezin duten ikasleei, eta oso ondo hartu du Batzordeak eskoletan “ama-hizkuntza eta beste bi” sustatzeko egin duen proposamena;

16. Deitoratzen du Batzordeak orain arte hizkuntza-aniztasunaren eta hizkuntzen ikaskuntzaren eremuan urte anitzeko programarik edo hizkuntza-aniztasunerako eta hizkuntzen ikaskuntzarako Europako agentziarik sortu ez izana, Europako Parlamentuak 2003ko irailaren 4an gehiengo handiarekin hartutako ebazpenean eskatu zen bezala;

17. Era berean nabarmentzen du zein garrantzitsua den harrerako herrialdeko hizkuntza ofizialak jakitea etorkinak eta haien familiak erabat integratzeko, eta azpimarratzen du gobernu nazionalek hizkuntza-ikastaro bereziak eraginkortasunez sustatu behar dituztela, batez ere emakumeentzat eta adin aurreratuko pertsonentzat; estatu kideei eskatzen die etorkinen aurrean arduraz jokatzeko, harrerako herrialdeko hizkuntza eta kultura ikasteko beharrezkoak diren bitartekoak emanez, nahiz eta beren hizkuntza mantentzea ahalbidetu eta sustatu;

18. Gogoratzen du, arrazoi horiengatik, funtsezkoa dela ingurumari horretan irakaskuntzaren kalitatea bermatzea, irakasleen prestakuntza egokia barne;

19. Uste du berriro balioetsi behar dela eskolaurreko hezkuntzan hizkuntzen ikaskuntza, eta, batez ere, haurrak eskolatuta dauden herrialdeko hizkuntza nazionalaren ikaskuntza;

20. Uste du, umeen intereserako, haurrok bizi diren herrialdeko hizkuntzan hitz egiteko aukera izan beharko luketela, eskolaurrearen osteko hezkuntzan edo prestakuntzan diskriminaziorik ez dutela jasango bermatzeko, eta jarduera guztietan berdintasunean parte hartzeko gai izango direla bermatzeko;

21. Estatu kideei iradokitzen die aukera azter dezatela zenbait hezkuntza-mailatan irakasleen trukeak egiteko, betiere irakasgai batzuk zenbait hizkuntzatan irakasteko, eta uste du aukera hori baliatu ahal izango litzatekeela, batez ere mugako erregioetan, horren bitartez langileen mugikortasuna eta herritarren artean hizkuntzen ezagutza hobetzeko;

22. Ezinbestekotzat jotzen du hizkuntza-ikasle eta -irakasleen mugikortasuna eta trukeak sustatzea; gogoratzen du Europar Batasunaren barruan hizkuntza-irakasleen mugimendu arinak lagundu egingo duela ahalik eta irakasle gehienek harreman eraginkorra izan dezaten eurek irakasten dituzten hizkuntzen jatorrizko ingurunearekin;

23. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die irakasleen lan-mugikortasuna eta herrialdeetako eskola-zentroen arteko lankidetza faboratzeko, betiere teknologia- eta kultura-ikuspuntutik proiektu pedagogiko berritzaileak egiteari begira;

24. Gutxiengoen ama-hizkuntzak, autoktonoak eta atzerritarrak, eskola-programetan edo erkidegoari irekitako curriculumetik kanpoko jardueren esparruan derrigortasunik gabe sar daitezen bultzatzen eta babesten du;

25. Kontseiluari eskatzen dio urtero txosten bat egin dezala eleaniztasunak estatu kideetako hezkuntza-sistema formal eta informaletan, lanbide-heziketan eta helduentzako hezkuntzan egiten dituen aurrerapenei buruz, eta arreta jar dezala, alde batetik, hizkuntza nazionalen, erregionalen eta gutxituen prebalentziaren eta, bestetik, immigrazioaren arteko erlazioan;

26. Konpromiso iraunkorra berretsi du Europar Batasunean hizkuntzen ikaskuntza, eleaniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna sustatzeko, hizkuntza erregional eta gutxituak barne, zeren babestu eta mantendu beharreko kultura-ondasunak baitira; uste du eleaniztasuna funtsezkoa dela komunikazio eraginkorra lortzeko, eta pertsonen arteko ulermena eta, ondorioz, aniztasunaren eta gutxiengoen onarpena errazten dituen tresna dela;

27. Gomendatzen du estatu kideetako ikasketa-planetan atzerriko hirugarren hizkuntza baten aukerako ikasketa jaso dadin, bigarren hezkuntzan hasita;

28. Azpimarratzen du ezen auzo-herrialdeetako hizkuntzak ikastea garrantzitsua dela, Europar Batasunean komunikazioak errazteko eta elkar ulertzeko modu gisa, aldi berean hura indartuz;

29. Gomendatzen du auzo-herrialde eta -erregioetako hizkuntzen ikaskuntza lagundu dadin, batez ere mugako erregioetan;

30. Berriro dio ezen garrantzitsua dela hizkuntzen irakaskuntzarako eredu eta planteamendu pedagogiko berritzaileen garapena sustatu eta lagundu dadin, hizkuntza-ezagutzak eskuratzea sustatzeko, bai eta herritarren sentsibilizazioa eta motibazioa sustatzeko ere;

31. Proposatzen du hezkuntza-maila guztietan, eta ingurune geografikoa edozein dela ere, atzerriko hizkuntzetako irakasle kualifikatuak egotea;

32. Gomendatzen du hizkuntza bizietako irakasleen Europako federazioei eta elkarteei aplikatu beharreko programei eta metodologiei buruz galdetzea;

33. Errepikatzen du ezen, helburu horiek lortzeko, irakurzaletasuna sustatzeko eta literatura-sorkuntza zabaltzeko politiken beharrizana dagoela;

34. Gogo onez hartzen du Batzordearen asmoa, zeinaren bidez abian jarri nahi baitira hedabideen eta teknologia berrien bidez hizkuntzak ikasteak dituen abantailei buruzko informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak; kanpainok egiteko, Batzordeari eskatzen dio, oinarri gisa har ditzan haur migratzaileek hizkuntzak ikasteari buruzko eta jatorrizko herrialdeko hizkuntza eta kultura hartzen dituen estatu kidean irakasteari buruzko kontsultetatik ateratako ondorioak;

35. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera gomendatzen eta bultzatzen du, hizkuntzak irakasteko ezinbesteko tresna gisa;

36. Berresten du ezen bere lehentasun politikoa Europar Batasuneko beste hizkuntza batzuk ikasiz hizkuntza-ezagutzak eskuratzea dela; hizkuntza horietako batek auzo-herrialde bateko hizkuntza izan behar du, eta besteak, berriz, nazioarteko “lingua franca” bat; bere ustez, horrek gaitasunak eta kualifikazioak emango lizkieke herritarrei gizarte demokratikoan parte hartzeko, herritartasunari, enplegagarritasunari eta beste kultura batzuen ezagutza aktiboari dagokienez;

37. Iradokitzen du eleaniztasunaren maila egokia ere bermatzea komunikabide sozialetan eta Interneten eskainitako edukietan, eta, bereziki, Europar Batasunarekin zerikusia duten gune eta atari europarren hizkuntza-politikan, zeinetan erabat errespetatu behar baita Europako eleaniztasuna, Europar Batasuneko 23[134] hizkuntza ofizialei dagokienez behintzat;

38. Ohartzen da ezen telebistako programetan azpitituluak erabiltzeak EBko hizkuntzen ikaskuntza eta praktika erraztuko dituela eta ikus-entzunezko ekoizpenen kultura-ingurumariaren ulermena hobetuko duela;

39. EBri eskatzen dio aprobetxa ditzala Europako hizkuntzek haren kanpo-harremanetan berez dituzten onurak, eta eskatzen dio balio erantsi hori zaindu dezala munduko gainerako herrialdeekiko elkarrizketa kultural, ekonomiko eta sozialaren esparruan, betiere EBk nazioartean duen presentzia indartzeko eta balioesteko, eta hirugarren herrialdeei mesede egiteko, EBk sustatutako garapen-politikaren espirituan;

40. Kontseiluari proposatzen dio, gizarte zibilarekin batera, hizkuntza-aniztasunari buruzko Europako lehenengo konferentzia antola dezala, gai hori sakon aztertzeko, eta hori guztia Nazio Batuetako Hizkuntza Indigenetako Adituen Nazioarteko Taldeak 2008ko maiatzeko zazpigarren bileran Gai Indigenetarako Foro Iraunkorraren txostenean egindako gomendioarekin bat etorriz (E/2008/43 txostena[135]);

41. Uste du, etengabeko ikaskuntzaren esparruan, behar beste bitarteko eman beharko litzatekeela adin-kategoria guztietako herritarrei beren hizkuntza-gaitasunak garatzen eta hobetzen laguntzeko, oinarri iraunkor batean oinarrituta, hizkuntzen ikaskuntza egokia iritsi ahal izango lukete, bai eta komunikazioa errazteko beste tresna batzuk iritsi ere, hizkuntzen ikaskuntza goiztiarra barne, haien gizarteratzea, lan-ikuspegiak eta ongizatea hobetzeko helburuarekin;

42. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die neurriak susta ditzatela egoera ahulean dauden pertsonei edo migratzaileak direnei edo gutxiengo nazionaletakoak direnei hizkuntzen ikaskuntza errazteko, betiere harrerako herrialdeko edo erregioko hizkuntza edo hizkuntzak ikas ditzaten, eta horren helburua gizarteratzea lortzea eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzea da; ohartzen da ezen etorkinek beren ama-hizkuntza erabili behar dutela beren hizkuntza-gaitasuna garatzeko; horrenbesterekin, estatu kideei eskatzen die susta dezatela pertsona bakoitzaren hizkuntza nagusiaren erabilera bezala hizkuntza nazional(ar)en ikaskuntza;

43. Europako hizkuntzen nazioarteko proiekzioari babes handiagoa ematearen alde egiten du, zeren hizkuntzok Europako proiektuaren balio erantsia baitira; izan ere, funtsezkoak dira EBren eta hirugarren herrialdeen artean dauden lotura linguistiko, historiko eta kulturaletarako, herrialde horietan balio demokratikoak sustatzeko dagoen espirituarekin bat etorriz;

44. Uste du Europako enpresei, eta bereziki ETEei, laguntza eraginkorra eman behar zaiela hizkuntzak irakasteko eta erabiltzeko, betiere munduko merkatuetan eta, bereziki, goraka ari diren merkatuetara irits daitezen sustatze aldera;

45. Azpimarratzen du ezen kontsumitzaileek eskubidea dutela beren bizilekuko merkatuan saldutako produktuei buruzko informazioa toki horretako hizkuntza ofizialean edo ofizialetan jasotzeko;

46. Bereziki nabarmentzen ditu kultura-jatorri desberdinetako pertsonen arteko komunikazio-ezak ekar ditzakeen arriskuak eta pertsona eleaniztunen eta elebakarren arteko gizarte-etena; bereziki adierazten du ezen hizkuntza-gaitasunik ezak oztopo handia izaten jarraitzen duela atzerriko langileak estatu kide askotan gizarte- eta lan-merkatura sartzeko; horregatik, Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die neurriak har ditzaten, betiere pertsona eleaniztunen, zeinek Europar Batasunean aukera hobeak baitituzte, eta pertsona elebakarren arteko arraila murrizteko, azken hauek aukera askotatik baztertuta gelditzen baitira.

47. Uste du hirugarren herrialdeetako hizkuntzen ikaskuntza babestu behar dela, baita EBn ere;

48. Eskatzen du hizkuntza-gaitasunaren adierazleek EBko hizkuntza ofizial guztiak lehenbailehen barne har ditzatela, hark eragotzi gabe Europar Batasunean hitz egiten diren beste hizkuntza batzuetara ere zabaltzea;

49. Uste du ezen datu-bilketak lau hizkuntza-gaitasunei buruzko probak jaso behar dituela, hau da, idatzizko hizkuntzaren ulermena, ahozko hizkuntzaren ulermena, idatzizko adierazpena eta ahozko adierazpena;

50. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ahaleginak egin ditzatela koordinazio-metodo irekiaren bidez estatu kideen arteko lankidetza hobetzeko, betiere eleaniztasunaren eremuan esperientzien eta jardunbide egokien trukea errazteko, kontuan hartuta ondorio ekonomiko positiboak, adibidez, enpresa eleaniztunetan gertatzen direnak;

51. Lehendakariari agintzen dio ebazpen hau Kontseiluari, Batzordeari eta estatu kideetako gobernu eta parlamentuei helarazteko.


7.2.13. Europako Parlamentuaren 2013ko irailaren 11ko ebazpena, desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzkoa[136]

Europako Parlamentuak,

Ikusirik Europar Batasunaren Tratatuaren 2. artikulua eta 3. artikulua, 3. apartatua,

Ikusirik Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 21. artikulua, 1. apartatua, eta 22. artikulua,

Ikusirik Europako Batzordearen Euromosaic azterlana, Europako hizkuntzen desagerpenaren berri ematen duena gaur egun indarrean diren lanabesek ez dituztelako babesten,

Ikusirik Kultura-ondare immateriala babesteko Unescoren 2003ko urriaren 17ko Konbentzioa, ahozko tradizio eta adierazpideak kontuan hartzen dituena, hizkuntza barne, kultura-ondare immaterialaren bideratzaile den aldetik,

Ikusirik Kultura-adierazpideen aniztasuna babestu eta sustatzeko Unescoren 2005eko urriaren 20ko Konbentzioa,

Ikusirik Unescok argitaratutako Arriskuan dauden Munduko Hizkuntzen Atlasa,

Ikusirik Europako Kontseiluko Europako Tokietako eta Erregioetako Botereen Lantaldearen 2010eko martxoaren 18ko ebazpena, «Les langues minoritaires : un atout pour le développement régional» (Hizkuntza gutxituak: garapen erregionalerako aukera) izenburupean (301/2010)[137],

Ikusirik Europako Kontseiluaren 12423/2010 txostena, 1769/2010 ebazpena eta 1944/2010 gomendioa,

Ikusirik Batzordearen 2008ko irailaren 18ko Adierazpena, «Eleaniztasuna: Europarentzat abantaila eta konpromiso partekatua» izenburupean (COM(2008)0566),

Ikusirik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko gomendioa, bizitza osoko ikaskuntzarako gaitasun giltzarriei buruzkoa[138],

Ikusirik Erregioetako Lantaldearen iritzia, Lisboako Tratatuaren arabera Hizkuntza-gutxiengo historikoen babesari eta garapenari buruzkoa[139],

Ikusirik Kontseiluaren 2008ko azaroaren 21eko ebazpena, eleaniztasunari buruzko estrategia europarrari buruzkoa[140],

Ikusirik Europako Kontseiluaren 1992ko azaroaren 5eko Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna,

Ikusirik Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (1996),

Ikusirik Gutxiengo Nazionalak Babesteko Esparru-konbentzioa (1995),

Ikusirik haren 2004ko urtarrilaren 14ko ebazpena, kultura-aniztasuna babestu eta sustatzeari buruzkoa: Europako erregioen eta Unesco eta Europako Kontseilua bezalako nazioarteko erakundeen zeregina[141], eta haren 2003ko irailaren 4ko ebazpena, Europako hizkuntza erregionalei eta gutxituei buruzkoa —hizkuntza gutxituak Europar Batasunean hedapenaren eta kultura-aniztasunaren testuinguruan—[142],

Ikusirik haren 2003ko urtarrilaren 14ko ebazpena, tokian tokiko eta erregioetako aginteek Europaren eraikuntzan duten egitekoari buruzkoa[143], Europako hizkuntza-aniztasunari dagokiona,

Ikusirik haren 2009ko martxoaren 24ko ebazpena, eleaniztasunari buruzkoa: Eleaniztasuna: Europarentzat abantaila eta konpromiso partekatua[144],

Ikusirik Europako Parlamentuaren 2008ko irailaren 25eko ebazpena, Europako hirugarren sektoreko hedabideei buruzkoa[145],

Ikusirik haren Erregelamenduaren 48. artikulua,

Ikusirik Kultura eta Hezkuntza Batzordearen txostena (A7-0239/2013),

A. Aintzat harturik Lisboako Tratatuak Europar Batasunaren kultura- eta hizkuntza-ondarea bere zabalean babesteko eta sustatzeko helburua indartzen duela;

B. Aintzat harturik hizkuntzen eta kulturen aniztasuna Europar Batasunaren funtsezko sor-arau dela, Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 22. artikuluan finkatzen den bezala: «Batasunak kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatzen du»;

C. Aintzat harturik hizkuntzen aniztasuna herritarren eskubide gisa aitortuta dagoela Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 21. eta 22. artikuluetan eta, ondorioz, hizkuntza bakarra ezarri nahi izatea Batasunaren funtsezko balioak ahultzea eta urratzea dela;

D. Aintzat harturik desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak Europako kultura-ondarearen osagaitzat hartu beharko liratekeela, eta ez helburu politiko, etniko nahiz lurraldetasunezkoak bultzatzeko bide gisa;

E. Aintzat harturik Europako hizkuntza guztiek balio eta duintasun bera dutela, bertako kulturen eta zibilizazioen osagai direla eta gizadiaren aberasgarri;

F. Aintzat harturik barne kohesio handiko gizarte eleaniztunek, eleaniztasuna modu demokratiko eta jasangarrian kudeatzen dutenek, pluraltasuna areagotzen dutela, irekiagoak direla eta hizkuntza-aniztasun orok dakarren aberastasuna handitzeko ere baliagarriagoak direla;

G. Aintzat harturik hizkuntza guztiek, baita desagertzeko arriskuan daudenek ere, Europar Batasunaren aberastasuna eta aniztasuna eta europar nortasunaren oinarriak indartzen dituzten historiaren, gizartearen eta kulturaren jakinbidea islatzen dutela eta, horregatik, herrialde bakoitzeko hizkuntza-aniztasuna eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak egotea aukera gisa ulertu behar dela, ez zama bat bezala, eta bere horretan bultzatu eta sustatu beharko liratekeela;

H. Aintzat harturik Unescok, Arriskuan dauden Munduko Hizkuntzen Atlasean zehazten duela hizkuntza bat desagertzeko arriskuan dela baldin eta honako irizpide zientifikoren bat edo batzuk betetzen ez baditu: hizkuntzaren belaunaldi arteko transmisioa, hiztun kopurua, hiztunen proportzioa biztanleria osoan, hizkuntzaren erabilera eremu publiko eta pribatuetan, hedabide berriekiko egoera, hizkuntza ikasteko eta irakasteko materialak egotea, gobernu eta instituzioen hizkuntzarekiko jarrerak eta politikak, ofizialtasuna eta erabilera ofiziala bereziki, hiztunen hizkuntzarekiko jarrera, dokumentazioaren mota eta kalitatea;

I. Aintzat harturik Kultura-adierazpideen aniztasuna babestu eta sustatzeko Unescoren 2005eko Konbentzioaren arabera estatu kideek kulturgintza, kultura-ondasunak eta -zerbitzuak babesteko neurri egokiak hartu ditzaketela, bereziki ekintza, ondasun eta zerbitzu horietan erabilitako hizkuntzei dagozkien neurriak, bai bakoitzaren lurraldean kultura-adierazpideen aniztasuna sustatze aldera, bai nazioarteko akordioen mailan;

J. Aintzat harturik Europako Kontseiluaren Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna, Batasunaren kide diren hamasei estatuk berronetsitakoa, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen babeserako erreferentzia dela eta gutxiengoen babeserako tresna, bi hauek izanik estatuek Batasunean sartzeko bete behar dituzten Kopenhageko irizpideetan finkatutako puntuetako bi;

K. Aintzat harturik Unescok dioenez Europako herrialde guztietan, itsasoz haraindiko Europaren mendeko lurraldeetan eta Batasuneko gizatalde nomaden baitan badirela belaunaldi artean ahoz baino transmititzen ez diren hizkuntzak eta, horrenbesterekin, desagertzeko arriskuan direla jo behar dela; desagertzeko arriskuan dauden Europako zenbait hizkuntza, mugez gaindiko gizatalde batzuetan mintzatzen direla eta babes-maila desberdinak dituztela hiztunak kokatutako estatu kidearen edota erregioaren arabera;

L. Aintzat harturik, horrela, zenbait herrialde eta erregiotan badirela desagertzeko arriskuan dauden edota desagertzen ari diren hizkuntza erregional eta gutxituak, alboko herrialdeetan ofizialtasuna eta gehiengoa duten bitartean;

M. Aintzat harturik, naturaren aniztasun biologikoa bezalaxe, Europako kulturen eta hizkuntzen aniztasuna gure gizarteen garapen jasangarrirako beharrezko den ondare biziaren osagai direla eta, horregatik, desagertzeko arriskutik zaindu eta babestu beharra dagoela;

N. Aintzat harturik hizkuntza-aniztasunaren errespetuak gizarte-kohesioa indartzen duela, elkar-ulertzea, autoestimua eta irekitasuna areagotuz, eta hizkuntza-aniztasunak kulturarako irispidea errazten duela eta sormena eta kultura-artekotasuna pizten dituela, herrien eta herrialdeen arteko lankidetza bultzatzeaz gain;

O. Aintzat harturik Lisboako Tratatuaren 167. artikuluak argi eta garbi adierazten duela «Batasunak estatu kideetako kulturen loratzea bultzatuko du, beren aniztasun nazional eta erregionalarekiko errespetuaren barruan» eta, beraz, animatzen du ez bakarrik Batasuneko hizkuntza-ondarearen aberastasuna, aniztasun horren zati bat denez, zaindu eta babesteko ekitera, baizik eta baita ondare hori hobetzen eta loratzen ahalegintzera, estatu kideek garatutako politikez gain;

P. Aintzat harturik Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunak, hizkuntza ofizialez gain, estatu kideetako hizkuntza koofizialak, hizkuntza erregionalak eta inongo ofizialtasun-mailarik ez duten hizkuntzak ere hartzen dituela;

Q. Aintzat harturik desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzei buruz ari garenean lurralde jakin batean bakarrik arriskupean dauden hizkuntzak sartzen direla, eremu batean hiztun-kopurua nabarmen behera doanean eta errolda batetik hurrengora egindako estatistikek hiztunen kopurua nabarmen jaitsi dela erakusten dutenean;

R. Aintzat harturik estatu kideetako hizkuntza ofizialak arriskuan izan daitezkeela Batasunaren beste eremu batzuetan;

S. Aintzat harturik, zenbait hizkuntzaren egoeraren larriagatik, arreta berezia eskaini beharko litzaiekeela suntsitzeko arriskuan dauden hizkuntzei, kulturen eta hizkuntzen aniztasuna onartuz, jasaten dituzten aurreiritziak aurkaratzeko neurriak hartuz eta asimilazio-ikuspegia baztertuz, bai Europa mailan, bai estatuen mailan;

T. Aintzat harturik eraginkorrena ikasketak ama-hizkuntzan egitea dela;

U. Aintzat harturik haurrek ikasketak txiki-txikitatik ama-hizkuntzan eginez eta alboz albo hizkuntza ofiziala ikasiz, hizkuntza gehiago ikasteko ahalmena areagotuko dutela, eta eleaniztasuna europar gazteentzat abantailatsu dela;

V. Aintzat harturik Europan arriskuan dauden hizkuntzek jasaten duten mehatxua arindu daitekeela baldin eta bizitza publikoan eta justizia-administrazioan hizkuntza horiek modu proportzionalean tratatzen badira, betiere berdintasun-arauz eta aniztasunaren mesedetan;

W. Aintzat harturik hizkuntza baten irautean eta geroratzean garrantzi handia dutela sarritan eskolaz kanpoko heziketak eta heziketa ez-formalak, eta garrantzizkoa dela testuinguru horretan arte-elkarteek eta artistek betetzen duten lekua aitortzea;

X. Aintzat harturik desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen kontuei ez zaiela behar bezalako arreta berezia eskaini Europako Batzordearen eleaniztasunarekiko politiken esparruan; kontuan hartuz azken bi urte anitzeko finantza-esparruetan (2000-2007 eta 2007-2013) hizkuntza horientzako europar finantzaketak murrizketa nabarmenak jasan dituela, horren ondorioz hizkuntzon estualdiak areagotuz, eta hurrengo urte anitzeko finantza-esparruan (2014-2020) beste horrenbeste gertatu ez dadin kontu egin behar dela;

1. Eskatzen die Europar Batasunari eta estatu kideei arreta handiagoa eskaini diezaiotela desagertzeko arriskuan dauden Europako hainbat hizkuntzak jasaten duten egoera larriari eta konpromiso sendoa har dezatela Batasunaren hizkuntza- eta kultura-ondarearen aniztasun aparta zaintzeko eta sustatzeko, hizkuntzok suspertzeko politika ekintzaile eta handizaleak garatuz eta helburu horretarako arrazoizko aurrekontua bideratuz; gomendatzen du, halaber, politika horien xede izan dadila gizatalde horiek gorpuzten duten hizkuntza- eta kultura-aniztasunaz Europar Batasuneko herritarrak jabetzea; estatu kideak bultzatzen ditu desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak sustatzeko ekintza-planak aurkeztera, Europako zenbait hiztun-erkidegotan eskuragarri dauden jarduera onenak partekatzean oinarrituta;

2. Eskatzen die estatu kideetako gobernuei gaitzetsi ditzatela desagertzeko arriskuan dauden hiztun-erkidegoen nortasunaren eta hizkuntzaren erabileraren zein horien kultura-instituzioen aurka bideratu diren edo bideratzen diren jarduera guztiak, dela diskriminazioaren bidez, dela behartutako zein zeharkako asimilazioaren bidez;

3. Dei egiten die oraindik egin ez duten estatu kideei Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna berronetsi eta indarrean jar dezaten; Gutuna, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen babeserako erreferentziakoa dela adierazten du eta Kopenhageko irizpideetan zehaztutako gutxiengoen babeserako tresnetako bat da, Europar Batasunera sartzeko estatuek bete beharrekoa;

4. Eskatzen die estatu kideei eta Batzordeari errespetatu ditzatela Kultura-adierazpideen aniztasuna babestu eta sustatzeko Unescok egindako 2005eko Konbentzioari atxiki zitzaizkionean hartu zituzten konpromisoak, bai beren lurraldeetan, bai nazioarteko akordioetan;

5. Eskatzen die Batasuneko agintariei gehitu dezatela hizkuntza-aniztasunaren benetako errespetua eta bereziki Europako hizkuntza ez-hegemonikoen babesa Batasunean estatu kide gisa sartzeko estatu guztiek bete beharreko baldintzen artean;

6. Eskatzen die Batzordeari eta estatu kideetako gobernuei eta erregioetako agintariei ezarri ditzatela programak desagertzeko arriskuan dauden hizkuntza-komunitateenganako eta erkidego etnikoenganako tolerantzia, beren hizkuntza- eta kultura-balioekiko errespetua eta gizatalde horiekiko errespetua sustatzeko gizartean;

7. Ohartarazten ditu estatu kideetako gobernuek eta erregioetako agintariek kontuan izan dezatela desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza baten irauteak hizkuntza hori erabiltzen duen gizataldearen irautea eta garapena eskatzen dituela, eta, beraz, hizkuntza babesteko politikak abiaraztean, kultura eta hezkuntza kontuan hartzeaz gain, ikuspegi ekonomiko eta sozialak era kontuan izan behar direla;

8. Eskatzen dio Europako Batzordeari desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babesteko neurri politiko zehatzak proposatu ditzala; eskatzen die, halaber, Europako Batzordeari eta Kontseiluari Tratatuak aitortzen dizkien eskumenen esparruan, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak eta hizkuntza-aniztasuna babesteko Europar Batasunaren politikak finkatu eta programak planifikatu ditzatela, 2014-2020 epealdirako Batasunaren laguntza finantzariorako tresnak erabiliz, bereziki hizkuntza horiek dokumentatzeko programak eta baita hezkuntza- eta prestakuntza-programak, gizarteratze-programak, gazteria eta kirol arlokoak, ikerketa eta garapena, kultura eta komunikabideen programa, egitura-funtsak (Kohesio-funtsak, FEDER, Europako Gizarte-funtsa, Europako lurralde-lankidetza, eta FEADER) eta teknologia berriak, gizarte-komunikabideak eta multimedia-plataformak sustatzeko sortutako tresna eta plataforma guztiak, edukien eta aplikazioen sorkuntzarako laguntzak barne; uste du tresna hauek gizatalde eta erregio horietaz haratagoko ekintza eta programa zabalagoetan, kulturaren zein ekonomiaren arloan, erabili behar direla; eskatzen dio Europako Batzordeari abiarazi dezala hausnarketa bat desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzekin lotutako proiektuek aurkitzen dituzten oztopo administratibo eta burokratikoei buruz, eragindako hiztun-erkidegoen txikitasunaren ondorioz;

9. Eskatzen du, atzerapenik egin ezin daitekeenez, babes-ekintzetarako finantzaketa erraz eskuratzekoa izan dadila eta ahalik eta argiena, erabili nahi luketen eragileek epe jakinean eskuragarri izan dezaten arriskuan dauden hizkuntzei modu eraginkorrean laguntzeko;

10. Uste du Europar Batasunak estatu kideei lagundu behar diela eta bultzatu behar dituela desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza ama-hizkuntza gisa haurtzarotik ikastea ahalbidetuko duen hizkuntza-politika bat ezartzera; adierazten du, zientifikoki frogatu den bezala, bi hizkuntza edo gehiago ikastea sustatzea onuragarri izango litzatekeela haurrentzat eta aurrerago hizkuntza gehiago ikasten lagunduko liekeela, hizkuntza belaunaldi artean geroratzea indartzeaz gain, eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen hiztunei laguntza konkretua emango liekeela ahulduta dagoen guneetan belaunaldi arteko hizkuntza-transmisioa indarberritzeko;

11. Babesten du arriskuan dauden hizkuntzen irakaskuntza adin guztietako ikasleentzako metodologia egokiekin indartzea, urrutiko irakaskuntza barne, eleaniztasunean eta hizkuntza-pluraltasunean oinarritutako benetako europar herritartasuna garatu dadin;

12. Ezagutzen ditu Batzordearen eleaniztasun-programak; irizten dio proiektugileek programa horiek eskaintzen dituzten aukerak baliatu ahal izan beharko lituzketela eta, kontuan harturik desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak irautearen alde borrokatzen diren hiztun-erkidegoak maiz oso talde txikiak izan ohi direla, eskatzen dio Batzordeari ez ditzala gizatalde horien intereseko programak dirulaguntzetatik salbuetsi finantza-ekarpenaren urriagatik, onuradun-kopuru mugatuagatik edota eragindako eremuaren txikitasunagatik, eta, aitzitik, programa horietarako irismena erraztu dezala eta argitaratu ditzala finantzaketa lortzeko baldintzei buruzko orientabideak emanez; eskatzen die estatu kideei desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzetako talde eta erkidego txiki horien bitartekari eta eragile bihur daitezela Batasunaren funtsak baliatu ditzaten, aldi berean gogoraraziz hizkuntza-aniztasunerako Europar Batasunaren finantzaketa ez dela aurreikusitako helburutik desbideratu behar, ez eta mehatxupeko hizkuntzak helburu politiko zabalagoak lortzeko erabiltzen dituzten ekintzak bultzatzeko erabili ere;

13. Uste du hizkuntza biziberritzeko politika arnasa luzeko ahalegina dela, alor desberdinetako askotariko ekintza koordinatuen plangintzan oinarritua, bereziki irakaskuntzan (haur- eta lehen-hezkuntza direlarik horretarako garrantzizkoenak, gurasoen hizkuntza-prestakuntzarekin batera), administrazioan, hedabideetako emanaldietan (irratiak eta telebista-kateak sortzeko eta garatzeko aukera barne), artean eta bizitza publikoko alor guztietan. Horrek guztiak epe luzean eskuragarri izango diren baliabideak eskatzen ditu; uste du programa horiek lantzea, hiztun-erkidegoen arteko jarduera onenak partekatzea eta ebaluazio-prozedurak ezartzea sostengatu beharko liratekeela;

14. Gogorarazten du gehienbat ahozkoak diren hizkuntzen normalizazioa lortzeko ahaleginei eutsi beharra;

15. Eskatzen die estatu kideei arreta handiagoa jarri diezaietela eta gehiago lagundu diezaietela desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzei buruzko goi-mailako irakaskuntzari eta ikerketari;

16. Uste du teknologia berriak baliagarri gertatu daitezkeela desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzen ezagutza, zabalkundea, irakaskuntza eta irautea bultzatzeko;

17. Azpimarratzen du desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak familiaren baitan belaunaldi artean geroratzeak duen garrantzia eta baita hizkuntza horien irakaskuntza sustatzearena ere, beharrezko balitz hezkuntza-sistema berezi baten baitan; horregatik, bultzatzen ditu estatu kideak eta agintari erregionalak hezkuntza-politikak eta irakasmaterialak garatu ditzaten;

18. Uste du garrantzitsua dela, hizkuntzak indarberritzeko, baztertuta geratu diren hizkuntzak eta gehienbat familia girora mugatuta daudenak gizartean jendaurrean erabili ahal izatea;

19. Eskatzen dio Batzordeari lan egin dezala desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babesteko eta sustatzeko programa eta ekimenak sortu dituzten nazioarteko erakundeekin, hala nola Unescorekin eta Europako Kontseiluarekin;

20. Gomendatzen die estatu kideei arriskuan dauden hizkuntzen bilakaeraren jarraipena egin dezatela, estatuko agintariek bezala hizkuntza propioak dituzten lurraldeetako agintariek, hizkuntza horiek ofizialak izan ala ez;

21. Irizten dio hedabideek, berriek bereziki, zeregin garrantzitsua bete dezaketela desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babesteko orduan, etorkizuneko belaunaldiekiko bereziki; nabarmentzen du, gainera, teknologia berriak ere erabili zitezkeela helburu horiek lortzeko;

22. Eskatzen die bereziki toki-agintariei, hizkuntzak biziberritzeko neurriak hartu ditzatela egoera iraultzeko, azken hiztunaren heriotzak hizkuntza baten desagerpena baitakar eskuarki;

23. Uste du digitalizazioa hizkuntzen desagerpena saihesteko modu bat izan daitekeela; eskatzen die, beraz, toki-agintariei hizkuntza horietako liburuak eta grabazioak eta baita hizkuntza-ondarearen beste adierazpideak bildu ditzatela eta linean jarri ditzatela herritarren eskura;

24. Proposatzen du nazioarteko erkidegoak eta estatu kideek gaitu ditzatela desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen hiztun-erkidegoak jabetu daitezen beren hizkuntzak erabiltzea eta babestea balio bat dela bai gizataldearentzat berarentzat eta bai Europarentzat ere;

25. Eskatzen dio Batzordeari etengabe babestu dezala, hainbat programaren bitartez, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak suspertzeko estatuez gaindiko sareak eta Europa mailako ekimen eta ekintzak, eta Unescok hasitako Arriskuan dauden Munduko Hizkuntzen Atlasa osatzen laguntzeko beharra azpimarratzen du, haren betikotasuna ziurtatuz, eta hizkuntza bakoitzaren egoeraren eta desagerpena saihesteko ezarritako politiken emaitzaren jarraipena egitea ahalbidetuko duen adierazle homogeneo sorta bat garatzekoa;

26. Eskatzen dio Batzordeari Euromosaic azterlanarekin abiatutako ikerketari jarraitu diezaiola eta zerrendatu ditzala Europako hizkuntzaren baten desagerpen-arriskua nabarmen gutxitu duten prebentzio-neurrien adibideak; gomendatzen du, hizkuntza-komunitateen artean ezagutza, trebetasun eta jarduera onenak elkar-trukatzea bultzatze aldera, Europako hizkuntza-sareek aztertu ditzatela, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak zaintzeko, babesteko eta suspertzeko estatu kideek abian jarritako politikak, eta Batzordeak gomendioak egin ditzala horretan oinarrituta;

27. Eskatzen dio Batzordeari bultzatu dezala desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen ikaskuntzari eta indarberritzeari eta Europan herritar elebidun eta eleaniztunak izateak dakartzan onura kognitibo eta gizartekoiei buruzko ikerketa;

28. Eskatzen die estatu kideei, baldin eta oraindik egin ez badute, sinatu eta berronetsi ditzatela Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna eta 1995eko Gutxiengo Nazionalak Babesteko Esparru-konbentzioa;

29. Eskatzen dio Batzordeari Batasunean desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babesteko neurri posibleak aztertu ditzala;

30. Eskatzen dio Batzordeari lagundu ditzala desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak sustatzen lagunduko duten proiektu pilotuak eta hiztun-erkidegoek eurek landutako ekintza-planak;

31. Uste du Batasunak hizkuntza-aniztasuna bultzatu behar duela hirugarren herrialdeekiko harremanetan eta, bereziki, Europar Batasunean sartu nahi dutenekikoetan;

32. Eskatzen dio Batzordeari gogoeta egin dezala desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babestu, zaindu eta suspertzeko Europa mailako neurri berezituak hartzeko aukeraz;

33. Uste du eleaniztasuna sustatzearekin lotutako programak funtsezko direla auzo-herrialdeen estrategia politikoetarako edota Europar Batasunean sartzeko hautagai eta hautagai potentzial direnenetarako;

34. Uste du Batzordeak hizkuntzak indarberritzeari emandako laguntzak arreta berezia eman behar diela hedabide digitalen eremuko ekimenei, sare sozialak barne, belaunaldi gazteenak desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen alde konprometitu daitezen;

35. Uste du Batzordeak arreta jarri behar diola estatu kide eta erregio batzuen politikak arriskuan jartzen ari direla beren lurraldeetako hizkuntzen irautea, Europa mailan arriskuan ez badaude ere;

36. Ohartarazten du badirela webgune baliagarriak desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak sustatzeko proiektuetarako finantzaketa eskaintzen duten Europar Batasunaren programei buruzko informazioa zabaltzeko, eta eskatzen dio Batzordeari deialdi berri bat zabaldu dezala webgune horiek 2014-2020 epealdirako programekin eguneratzeko eta informazioa areagotu dezala, bereziki, dagokien hiztun-erkidegoei bideratuta;

37. Agindua ematen dio lehendakariari ebazpen hau Kontseiluari eta Batzordeari helarazi diezaiela, eta baita estatu kideetako gobernu eta parlamentuei ere.


7.2.14. Europako Parlamentuaren Ebazpena, 2016ko azaroaren 23koa, zeinu-hizkuntza eta zeinu-hizkuntzaren interprete profesionalei buruzkoa (2016/2952(RSP))[146]

(2018/C 224/09)

Europako Parlamentuak,

— Ikusiz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 2., 5., 9., 10., 19., 168. eta 216.2 artikuluak eta Europar Batasunaren Tratatuaren (EBT) 2. eta 21. artikuluak,

— Ikusiz Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna,

— Ikusiz Gorrentzako Zeinu-hizkuntzei buruzko 1988ko ekainaren 17ko[147] eta Mimika-hizkuntzari buruzko 1998ko azaroaren 18ko ebazpenak[148],

— Ikusiz Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa (DBEO) eta hura Batasunean 2011ko urtarrilaren 21ean indarrean jartzea, Kontseiluaren 2009ko azaroaren 26ko 2010/48/EE Erabakiarekin bat etorriz, zeina baita Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa Europako Erkidegoak egiteari buruzkoa[149],

— Ikusiz 2016ko uztailaren 7ko Ebazpena, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren aplikazioari buruzkoa, eta arreta berezia jarriz Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Batzordearen azken oharretan[150],

— Ikusiz Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Batzordearen 2016ko 4. ohar orokorra, hezkuntza inklusiborako eskubideari buruzkoa[151],

— Ikusiz Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Europako Hitzarmena, Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Ituna eta Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Ituna,

— Ikusiz Kontseiluaren 2000/78/EE Zuzentaraua, 2000ko azaroaren 27koa, enpleguan eta okupazioan tratu-berdintasunerako esparru orokorra ezartzeari buruzkoa (“Enpleguko Berdintasunari buruzko Zuzentaraua”)[152],

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005eko irailaren 7ko 2005/36/EE Zuzentaraua, lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa[153],

— Ikusiz 2016ko apirilaren 12ko Ebazpena, Erasmus+ eta Lanbide-hezkuntza eta -heziketan (LHH) mugikortasuna sustatzeko beste tresna batzuei buruzkoa —ikaskuntza iraunkorrean oinarritutako ikuspegia[154]—,

— Ikusiz Berdintasunari eta Diskriminaziorik ezari buruzko Gazteriaren Europako Foroaren dokumentua[155],

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko abenduaren 2ko zuzentarau-proposamena, estatu kideen lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak hurbiltzeari buruzkoa, produktuen eta zerbitzuen irisgarritasun-baldintzei dagokienez (COM(2015)0615),

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko abenduaren 3ko zuzentarau-proposamena, sektore publikoko organismoen webguneen irisgarritasunari buruzkoa (COM(2012)0721),

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko urriaren 20ko 2010/64/EB Zuzentaraua, prozesu penaletako interpretazio- eta itzulpen-eskubideari buruzkoa[156],

— Ikusiz Zeinu-hizkuntzaren interpreteen Europako Foroaren (EFSLI) argitalpena, zeinu-hizkuntzaren interpreteen ikaskuntzaren emaitzei eta haien prestakuntzarako aukera-berdintasunaren aldeko ebaluazio-jarraibideei buruzkoa eta Europar Batasun osoko herritar gorrentzako kalitatezko zerbitzuei buruzkoa[157],

— Ikusiz EFSLIk eta Gorren Europako Batasunak (EUD) nazioarteko eta Europako bileretan zeinu-hizkuntzen interpreteentzat emandako orientabideak[158],

— Ikusiz Konferentzien Interpreteen Nazioarteko Elkarteak (KINE) talde mistoetan lan egiten duten ahozko hizkuntzen interpreteentzat emandako orientabideak [159],

— Ikusiz atzerrian lan egiten dutenek edo ikasten dutenek zeinu-hizkuntza interpretatzeko zerbitzuak jasotzeko duten eskubideari buruz EFSLIk egindako txostena[160],

— Ikusiz Erregelamenduaren 123. artikuluaren 2. apartatua,

A. Kontuan hartuz ezen, eskubide osoko herritar diren aldetik, desgaitasuna duten pertsona guztiek, bereziki emakumeek eta haurrek, gorrek eta hipoakusikoek, zeinu-hizkuntza erabiltzen dutenek zein hura erabiltzen ez dutenek, eskubide-berdintasuna dutela, eta eskubidea dutela duintasun besterenezinerako, tratu-berdintasunerako, bizitza independenterako, autonomiarako eta gizartean bete-betean parte hartzeko;

B. Kontuan hartuz ezen EBFTk Batasunari betebeharra ezartzen diola, bere politikak eta jarduketak zehaztean eta exekutatzean, gertatzen den desgaitasun-diskriminazio ororen aurka borrokatzeko (10. artikulua), eta, era berean, diskriminazio-mota horri aurre egiteko lege-xedapenak hartzeko ahala ematen diola (19. artikulua);

C. Kontuan hartuz ezen Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 21. eta 26. artikuluek berariaz debekatzen dutela desgaitasunagatiko diskriminazioa, eta desgaitasuna duten pertsonek gizartean baldintza berberetan parte hartzea aurreikusten dutela;

D. Kontuan hartuz ezen Europar Batasunean[161] gutxi gorabehera milioi bat erabiltzaile gorrek erabiltzen dituztela zeinu-hizkuntzak, eta 51 milioi herritar hipoakusiko daudela[162], horietako askok zeinu-hizkuntza ere erabiltzen dutela;

E. Kontuan hartuz ezen zeinu-hizkuntza nazionalek eta erregionalek hizkuntza natural baten berezko ezaugarri guztiak dituztela eta berezko gramatika eta joskera dituztela, ahozko hizkuntzek bezala[163];

F. Kontuan hartuz ezen Batasunaren eleaniztasun-politikak atzerriko hizkuntzen ikaskuntza sustatzen duela eta haren helburuetako bat dela europar guztiek, ama-hizkuntzaz gain, gutxienez bi hizkuntzaz hitz egitea; zeinu-hizkuntza nazionalak eta erregionalak ikasteak eta sustatzeak helburu hori lortzen lagun dezaketela;

G. Kontuan hartuz ezen irisgarritasuna aurretiazko betekizuna dela desgaitasuna duten pertsonak modu independentean bizi ahal izateko eta gizartean bete-betean eta baldintza berdinetan parte hartu ahal izateko[164];

H. Kontuan hartuz ezen irisgarritasuna ez dela soilik ingurunearen irisgarritasun fisikora mugatzen, baizik eta informazioaren eta komunikazioaren irisgarritasuna ere barne hartzen duela, baita zeinu-hizkuntzan aurkeztutako edukiak ere[165];

I. Kontuan hartuz ezen zeinu-hizkuntzen interprete profesionalen helburuak eta eginkizunak eta ahozko hizkuntzen interpreteenak berdinak direla;

J. Kontuan hartuz ezen zeinu-hizkuntzaren interpreteen egoera heterogeneoa dela estatu kideetan, zeren senideen laguntza informaletik hasi eta unibertsitate-prestakuntza eta kualifikazio osoa duten interprete profesionaletaraino iristen baita;

K. Kontuan hartuz ezen estatu kide guztietan zeinu-hizkuntzaren interprete profesional eta kualifikatuak falta direla, eta zeinu-hizkuntzen erabiltzaileen eta interpreteen arteko ratioa 8:1 eta 2.500:1 artekoa dela, 160:1 batezbestekoarekin[166];

L. Kontuan hartuz ezen eskabidea[167] aurkeztu dela, zeinean eskatzen baitzaio Parlamentuari onar dezala eskaerak Batasuneko zeinu-hizkuntza nazionaletan eta erregionaletan aurkeztea;

M. Kontuan hartuz ezen Europar Batasuneko Zeinu-hizkuntzei buruzko Bruselako Adierazpenak[168] zeinu-hizkuntza naturalen erabilera ez diskriminatzailearen alde egiten duela, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak eskatzen duen bezala, zeina Batasunak eta estatu kide guztiek berronetsi baitute, batek izan ezik;

N. Kontuan hartuz ezen telebista publikoko eta pribatuko azpitituluen maila eta kalitatea nabarmen aldatzen dela estatu kideen artean, zeren aldatzen baita % 10 baino gutxiagotik ia % 100era, kalitatea oso aldakorra delarik[169]; kontuan hartuz ezen estatu kide gehienetan datuak falta direla telebistako zeinu-hizkuntzaren interpretazio-mailari buruz;

O. Kontuan hartuz ezen hizkuntza-teknologia berrien garapena zeinu-hizkuntzen erabiltzaileentzat onuragarria izan litekeela;

P. Kontuan hartuz ezen DBEOren arabera, arrazoizko egokitzapenak ukatzea diskriminazioa dela, eta, Enpleguko Berdintasunari buruzko Zuzentarauaren arabera, arrazoizko egokitzapenak egin behar direla tratu-berdintasunaren printzipioa errespetatzen dela bermatzeko;

Q. Kontuan hartuz ezen gaur egun ez dagoela irispiderik herritar gorrek, gor-itsuek eta hipoakusikoek Europako Parlamentuko diputatuekin eta Europako instituzioen administratzaileekin eta Batasuneko instituzioetatik pertsona horiekin zuzenean komunikatzeko;

Zeinu-hizkuntzaren interprete kualifikatuak eta profesionalak

1. Nabarmentzen du ezen zeinu-hizkuntzaren interprete kualifikatuak eta profesionalak behar direla, eta ikuspegi honen bidez soilik erantzun ahal izango zaiela:

a) estatu kideetan eta Batasuneko instituzioetan zeinu-hizkuntza nazionalak eta erregionalak ofizialki aitortzea,

b) prestakuntza arautua (unibertsitatekoa edo antzekoa, hiru urteko arduraldi osoko ikasketen baliokidea, zeina baitagokio ahozko hizkuntzen interpreteen derrigorrezko prestakuntzari)[170],

c) erregistroa (egiaztatze ofizialeko sistema eta kalitate-kontrola, etengabeko lanbide-hobekuntza bezala),

d) lanbidearen aitortze ofiziala;

2. Aitortzen du zeinu-hizkuntzak interpretatzeko kalitate handiko zerbitzuak ematea:

a) kalitatearen ebaluazio objektiboaren mende dagoela, eta alde interesdun guztiek parte hartzen dutela,

b) lanbide-kualifikazioetan oinarritzen dela,

c) gorren erkidegoa ordezkatzen duten adituen parte-hartzea behar duela;

d) zeinu-hizkuntzaren interpreteak prestatzeko eta enplegatzeko baliabide nahikoak izatearen mende dagoela;

3. Aitortzen du zeinu-hizkuntzaren interpretazioa ordainsari egokia merezi duen zerbitzu profesionala dela;

Irisgarritasunaren eta arrazoizko doikuntzen arteko bereizketa[171]

4. Aitortzen du ezen irisgarritasunak talde jakin batzuei mesede egiten diela eta pixkanaka aplikatzen diren arauen multzo batean oinarritzen dela;

5. Jakitun da ezin dela zama neurrigaberik edo bidegaberik alegatu irisgarritasuna bermatzen ez dela justifikatzeko;

6. Aitortzen du ezen arrazoizko egokitzapenak pertsonari buruzkoak direla eta irisgarritasunaren eginbeharraren osagarri direla;

7. Era berean, adierazten du ezen pertsona batek neurriak eska ditzakeela arrazoizko egokitzapenak egiteko, baita irisgarritasuna bermatzeko betebeharra bete ondoren ere;

8. Uste du ezen zeinu-hizkuntzaren interpretazioa ematea irisgarritasuneko neurri bat edo arrazoizko doikuntza bat izan daitekeela, egoeraren arabera;

Irisgarritasuna

9. Nabarmentzen du ezen herritar gorrek, gor-itsuek eta hipoakusikoek gainerakoen informazio eta komunikazio bera iritsi behar dutela zeinu-hizkuntzaren interpretazioaren, azpitituluen, ahots-ezagutzaren edo komunikazio-modu alternatiboen bidez, ahozko hizkuntzen interpretazioa barne;

10. Azpimarratzen du ezen zerbitzu publikoek eta gobernu-zerbitzuek, lineako edukiek barne, zuzeneko bitartekarien bidez irisgarriak izan behar dutela, in situ dauden zeinu-hizkuntzaren interpreteen bidez, bai eta Internet eta urruneko zerbitzu alternatiboen bidez ere, hala komeni denean;

11. Konpromisoa berresten du prozesu politikoa, besteak beste, ahalik eta irisgarrien egiteko zeinu-hizkuntzen interprete profesionalen zerbitzuen bitartez; adierazten du ezen horrek hauteskundeak, kontsulta publikoak eta bestelako egintzak barne hartzen dituela;

12. Nabarmentzen du ezen hizkuntza-teknologiek gero eta zeregin handiagoa dutela eremu digitalerako irispidea berdintasunean eskaintzeko mundu guztiari;

13. Irisgarritasuna bermatzeko gutxieneko arau batzuen garrantzia aitortzen du, batez ere teknologia berriei eta goraka ari direnei begira, hala nola Internet bidez zerbitzuak ematea zeinu-hizkuntza interpretatzeko eta azpitituluak jartzeko;

14. Adierazten du ezen osasun-arreta ematea estatu kideen eskumena den arren, gorren, gor-itsuen eta hipoakusikoen beharrizanez arduratu beharko lukeela, adibidez, zeinu-hizkuntzaren interprete profesionalak emanez eta langileak sentsibilizatzeko prestakuntza emanez, eta arreta berezia eskainiz emakumeei eta haurrei;

15. Aitortzen du ezen gorren, gor-itsuen eta hipoakusikoen justiziarako irispidearen berdintasuna soilik berma daitekeela, baldin eta kualifikazio egokia duten zeinu-hizkuntzaren interprete profesionalak jartzen badira;

16. Jakitun da oso garrantzitsua dela interpretazio- eta itzulpen-zerbitzu zuzen eta zehatzak izatea, batez ere auzitegietan eta beste ingurumari juridiko batzuetan; beraz, errepikatzen du ezen garrantzitsua dela zeinu-hizkuntzen interprete profesional espezializatuak eta oso kualifikatuak izatea, bereziki ingurumari horietan;

17. Nabarmentzen du ezen laguntza eta neurri espezifikoak areagotu behar direla, hala nola zeinu-hizkuntzen interpretazioa, eta hondamendiei buruzko informazioa denbora errealean eta idatziz iristea, betiere desgaitasunen bat duten pertsonen alde, arrisku-egoeretan, gatazka armatuetan, giza larrialdietan eta hondamendi naturaletan[172];

Enplegua, hezkuntza eta prestakuntza

18. Adierazten du ezen arrazoizko doikuntza-neurriak hartu behar direla, besteak beste, zeinu-hizkuntzaren interprete profesionalen zerbitzuak ematea, betiere enplegurako, hezkuntzarako eta prestakuntzarako irispidea baldintza berdinetan bermatze aldera;

19. Nabarmentzen du ezen informazio orekatua eta osoa eman behar dela zeinu-hizkuntzari buruz eta entzuteko desgaitasuna dakarren guztiari buruz, horrela gurasoek erabakiak jakinaren gainean hartu ahal izan ditzaten, seme-alaben interesik onena zainduz;

20. Nabarmentzen du ezen goiz esku hartzeko programak funtsezkoak direla haurrentzat, bizitzarako gaitasunak garatzeari dagozkionez, hizkuntza-gaitasunak barne; era berean, adierazten du ezen egokiena dela programa horiek gorren portaera-ereduak txertatzea;

21. Azpimarratzen du ezen ikasle gorrek, gor-itsuek eta hipoakusikoek eta haien gurasoek aukera izan behar dutela beren inguruko zeinu-hizkuntza erregionala edo nazionala ikasteko eskolaurreko eta eskolako zerbitzuen bitartez[173];

22. Behin eta berriz dio zeinu-hizkuntza ikasketa-programetan sartu behar dela, zeinu-hizkuntzaren inguruan sentsibilizatzeko eta haren erabilera areagotzeko;

23. Azpimarratzen du ezen neurriak hartu behar direla gorren erkidegoen hizkuntza-identitatea aitortzeko eta sustatzeko[174];

24. Estatu kideei eskatzen die zeinu-hizkuntzaren ikaskuntza sustatzeko, atzerriko hizkuntzena bezalaxe;

25. Nabarmentzen du ezen zeinu-hizkuntzaren interprete kualifikatuek eta zeinu-hizkuntzan gaituta dauden eta hezkuntza elebidun inklusiboko inguruneetan eraginkortasunez lan egiteko behar diren gaitasunak dituzten irakasleek funtsezko ekarpena egiten dutela haur eta gazte gorren eskola-arrakastarako eta arrakasta akademikorako, eta irakaskuntzan emaitza hobeak eta epe luzerako langabezia-tasa txikiagoak lortzen laguntzen dutela;

26. Nabarmentzen du ezen, oro har, ez dagoela zeinu-hizkuntzaren eskuliburu elebidunik ez eta material didaktikorik formatu eta hizkera irisgarrietan;

27. Eskatzen du Batasunean gorren, gor-itsuen eta hipoakusikoen zirkulazio askearen printzipioa errespetatzen dela bermatzeko, bereziki Erasmus+ eta antzeko mugikortasun-programen ingurumarian, eta orobat eskatzen du jagon behar dela parte-hartzaileei neurriz kanpoko zamak ez emateko interpretazio-beharrizanez arduratu behar izateagatik;

28. Pozik hartzen du Desgaitasunaren Europako Txartelaren inguruko proiektu pilotua; deitoratzen du zeinu-hizkuntzen interpretazioa ez egotea proiektuan sartuta, horrek nabarmen oztopatzen baitu langile eta ikasle gorren, gor-itsuen eta hipoakusikoen zirkulazio-askatasuna Batasunean;

Europar Batasuneko instituzioak

29. Aitortzen du ezen Batasuneko instituzioek jardunbide egokien eredu izan behar dutela, bai langileentzat, bai kargudunentzat, bai bekadunentzat, baita Batasuneko herritarren aurrean ere, betiere arrazoizko doikuntzei eta irisgarritasunari dagokienez, besteak beste, zeinu-hizkuntzen interpretazioari dagokionez;

30. Pozik hartzen du ikustea gaur egun Batasuneko instituzioek, beharrizanen arabera, ekitaldi publikoen eta batzorde-bileren irisgarritasuna aurreikusten dutela; uste du ezen azpitituluak eta ahots-ezagutza neurri alternatibotzat hartu behar direla, zeinak bidezkoak eta beharrezkoak baitira zeinu-hizkuntza erabiltzen ez duten hipoakusikoentzat, eta garrantzitsuak baitira, era berean, Batasuneko instituzioetako enplegatuentzat, arrazoizko doikuntzei dagozkienez, betiere Enpleguan eta okupazioan tratu-berdintasuna emateko esparru orokorrari buruzko 2000/78/EE, 2000 Zuzentarauaren 5. artikuluarekin bat etorriz;

31. Aitortzen du ezen Batasuneko instituzioek badutela sistema bat zeinu-hizkuntzen interpretazioa errazteko euren interpretazio-zerbitzuen bidez, irisgarritasuna bermatze aldera; instituzioei eskatzen die lehendik dauden sistemak ere erabil ditzatela langileei edo kargudunei arrazoizko egokitzapenak egiteko orduan, bai pertsonek bai instituzioek jasaten dituzten administrazio-zamak eraginkortasunez murrizte aldera;

32. Instituzioei gogo beroz eskatzen die ofizialki eman diezaietela zeinu-hizkuntzen interpretatzaileei ahozko hizkuntzen interpretatzaileei ematen zaien kontsiderazio bera instituzioei edota haien langileei eta kargudunei ematen dizkieten interpretazio-zerbitzuei dagokienez, laguntza teknologikorako, prestatzeko materialerako eta dokumentuetarako irispidea barne;

33. Eurostati eskatzen dio zaindu dezala zeinu-hizkuntzaren erabiltzaile gorrei, gor-itsuei eta hipoakusikoei buruzko estatistikak eman diezazkiela Batasuneko instituzioei, azkenok desgaitasunaren eta hizkuntzen arloan dituzten politikak hobeto zehaztu, aplikatu eta aztertu ditzaten;

34. Parlamentuko bisitarien zerbitzuari eskatzen dio kontuan har ditzala bisitari gorren, gor-itsuen eta hipoakusikoen beharrizanak, betiere zeinu-hizkuntza erregional edo nazional batean zuzenean sartzeko aukera eta ahotsa ezagutzeko zerbitzuak eskainiz;

35. Instituzioei eskatzen die Batasunaren INSIGN proiektu pilotu osoa exekuta dezaten; proiektu horrek Parlamentuaren 2012ko abenduaren 12ko erabakiari erantzuten dio, zeina baita zeinu-hizkuntzaren aplikazio eta zerbitzu bat denbora errealean ezartzeari buruzkoari, eta haren helburua baita gorren eta hipoakusikoen eta Batasuneko instituzioen arteko komunikazioa hobetzea[175];

36. Lehendakariari agintzen dio ebazpen hau Kontseiluari, Batzordeari eta estatu kideetako gobernu eta parlamentuei helarazteko.


7.2.15. Europako Parlamentuaren Ebazpena, 2018ko otsailaren 7koa, Batasuneko estatu kideetako gutxiengoen babesari eta diskriminaziorik ezari buruzkoa (2017/2937(RSP))[176]

(2018/C 463/03)

Europako Parlamentuak,

— Ikusiz Europar Batasunaren Tratatuaren (EBT) 2. eta 3. artikuluak,

— Ikusiz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 10. 19., 21. eta 167. artikuluak,

— Ikusiz EBFTren 20. eta 227. artikuluetan eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 44. artikuluan jasotako eskea egiteko eskubidea,

— Ikusiz Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 21. eta 22. artikuluak,

— Ikusiz EBTren hitzaurrea,

— Ikusiz Europako Kontseiluaren Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioa, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Hitzarmenaren 12. protokoloa eta Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna,

— Ikusiz Kontseiluaren 2000/43/EE Zuzentaraua, 2000ko ekainaren 29koa, zeina baita pertsonen, horien arraza- nahiz etnia-jatorria gorabehera, tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa[177] (Arraza-berdintasunari buruzko Zuzentaraua),

— Ikusiz Kontseiluaren 2000/78/EE Zuzentaraua, 2000ko azaroaren 27koa, enpleguan eta okupazioan tratu-berdintasunerako esparru orokorra ezartzeari buruzkoa[178] (“Enpleguko Berdintasunari buruzko Zuzentaraua”),

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004/38/EE Zuzentaraua, zeina baita Batasuneko herritarrak eta haien senideak estatu kideen lurraldeetan aske ibiltzeko eta bizitzeko eskubideari buruzkoa, eta zeinaren bidez 1612/68/EEE Erregelamendua aldatu baitzen, eta 64/221/EEE, 68/360/EEE, 72/194/EEE, 73/148/EEE, 75/34/EEE, 75/35/EEE, 90/364/EEE, 90/365/EEE eta 93/96/EEE[179] (Zirkulazio-askatasunari buruzko Zuzentaraua) zuzentarauak indargabetu baitziren,

— Ikusiz Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko Auzitegi Nagusiaren 2017ko otsailaren 3ko epaia, zeina baita T-646/13, Minority SafePack gaiari buruzkoa —one million signatures for diversity in Europe / Batzordea— [180],

— Ikusiz haren ebazpenak, oinarrizko eskubideek Europar Batasunean duten egoerari buruzkoak,

— Ikusiz 2005eko ekainaren 8ko Ebazpena, zeina baita Europar Batasunean gutxiengoen babesari eta diskriminazioaren aurka borrokatzeko politikei buruzkoa[181],

— Ikusiz 2013ko irailaren 11ko Ebazpena, zeina baita desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzkoa[182],

— Ikusiz 2014ko martxoaren 12ko Ebazpena, zeina baita EBko herritarrei buruzko 2013ko txostenari buruzkoa —EBko herritarrak: zuen eskubideak, zuen etorkizuna[183],

— Ikusiz 2016ko abenduaren 15eko Ebazpena, Eskaeren Batzordearen 2015eko jarduerei buruzkoa[184],

— Ikusiz 2017ko urriaren 25eko Ebazpena, zeina baita ijitoak Batasunean integratzeko alderdiei buruzkoa, oinarrizko eskubideei dagokienez: ijitoen aurkako borrokari aurre egitea[185],

— Ikusiz 2017ko abenduaren 12ko Ebazpena, Europar Batasuneko herritarrei buruzko 2017ko txostenari buruzkoa: Aldaketa demokratikoko Batasunean herritarren eskubideak indartuz[186],

— Ikusiz 2017ko apirileko azterlana, zeina Europako Parlamentuko Gaien C Sailak agindu baitzuen Eskaeren Batzordeak eskatuta, eta zeinaren gaia baitzen “As emerging from petitions received” izenekoa (Jasotako eskaeretan ikusitako diskriminazio-kasuak),

— Ikusiz 2017ko abuztuko azterlana, zeina Europako Parlamentuko Gaien C Sailak agindu baitzuen, Askatasun Zibilen, Justiziaren eta Barne-gaien Batzordeak eskatuta, eta zeinaren izenburua baitzen “Towards a comprehensive EU protection system for minorities” (Batasuneko gutxiengoen babes orokorraren sistema baterantz),

— Ikusiz 2017ko maiatzeko azterlana, zeina Europako Parlamentuko Gaien B Sailak agindu baitzuen, Kultura eta Hezkuntza Batzordeak eskatuta, eta zeinaren izenburua baitzen “Minority Languages and Education: Best Practices and Pitfalls” (Hizkuntza gutxituak eta hezkuntza: jardunbide onenak eta zailtasunak),

— Ikusiz Eskaeren Batzordeak 2017ko maiatzaren 4an antolatu zuen entzunaldi publikoa, zeinaren izenburua baitzen “Europar Batasuneko estatu kideetan Batasuneko herritarrak diskriminatzearen aurkako borroka eta gutxiengoen babesa”[187],

— Ikusiz Erregelamenduaren 216. artikuluaren 2. apartatua,

A. Kontuan hartuz Eskaeren Batzordeak zenbait eskaera jaso dituela, zeinek islatzen baitute badela kezkarik Batasuneko gutxiengoetako herritarrak diskriminatzen dituzten zenbait jardunbideren inguruan, eta planteatutako gaiei buruzko entzunaldia antolatu duela;

B. Kontuan hartuz ezen gutxiengoen eskubideen eta zuzenbide-estatuaren printzipioaren artean lotura handia dagoela; EBTren 2. artikuluak berariaz aipatzen dituela gutxiengoetako pertsonen eskubideak, eta eskubide horiek tratatuetan jasotako gainerako eskubideei emandako tratu bera merezi dutela;

C. Kontuan hartuz ezen EBFTren 10. artikuluak ezartzen duela, politika eta ekintzak zehaztu eta exekutatzeko lanetan, Batasuna ahaleginduko dela sexua, arraza edo jatorri etnikoa, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu-orientazioa arrazoi dituen diskriminazio ororen kontra borrokatzen;

D. Kontuan hartuz ezen, nazioarteko akordioak gutxiengoen eskubideei dagozkienez esparru sendoa badira ere, oraindik ere hobetzeko tarte handia dagoela gutxiengoen eskubideen babesa Europar Batasunean praktikan jartzeko moduari dagokionez;

E. Kontuan hartuz ezen pertsona guztiek eskubide eta betebehar berberak dituztela Batasunean gizarteko kide aktibo eta integratuak izategatik;

F. Kontuan hartuz ezen gutxiengoen eskubideak defendatzea funtsezko betekizuna dela Batasunari atxiki nahi dioten herrialdeentzat, eta hori Kopenhageko irizpideetan aurreikusita dagoela;

G. Kontuan hartuz ezen jatorri etnikoagatiko diskriminazioa dela diskriminatzeko modurik ohikoena, eta sexu-orientazioagatiko diskriminazioa nabarmen handitu dela, Eurobarometroak diskriminazioari buruz egindako azken inkestaren arabera[188];

H. Kontuan hartuz ezen Batzordeak tratu-berdintasunari buruzko zuzentarau baterako egindako proposamenak (COM(2008)0426) hainbat eremu hartzen dituela bere baitan, hala nola hezkuntza, gizarte-babesa, ondasun eta zerbitzuetarako irispidea eta horien hornidura;

I. Kontuan hartuz ezen zehatz-mehatz aztertu behar direla gutxiengoen eskubideen inguruko diskriminazioaren eremuan Eskaeren Batzordeak jasotako eskaerak, betiere herritarrek azaldutako kezkak ulertzeko eta konponbideak proposatzeko;

J. Kontuan hartuz ezen zenbait eskaerak erakusten dutela gutxiengoek diskriminazioa jasaten dutela beren oinarrizko eskubideak egikaritzean, eta horrek kezka sortzen duela gutxiengoen erkidegoen etorkizunari dagokionez, bereziki ingurumena kutsatzen duten jarduerak kontuan hartuta;

K. Kontuan hartuz ezen estatu kideetan gutxiengo nazionalekin lotutako kultura-ondarea babestu eta indartu behar dela —zeina baita erkidegoen, taldeen eta gizabanakoen kultura-identitatearen funtsezko elementua—, eta babes eta indartze horiek funtsezko zeregina dutela gizarte-kohesioan;

L. Kontuan hartuz ezen estatu kideek argi eta garbi erantzukizuna dutela erromani-erkidegoko kideak diskriminatzen dituzten jardunbideen aurkako neurri zuzentzaileak hartzeko, bereziki administrazio-agintari nazional eta erregionalekiko harremanetan;

M. Kontuan hartuz ezen eskatzaileak kezkatuta daudela Batasunak orokorrean ez duelako erantzunik eman ez eta haiek babestu beren hizkuntza-eskubideen inguruan eta gutxiengoen beste eskubide batzuen inguruan, zeinak ezarrita baitaude Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean eta Batasuneko Zuzenbidearen printzipio orokorren zati baitira, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak dioen bezala;

1. Deitoratzen du gutxiengoetako pertsonek oztopoak aurkitzen jarraitzea beren oinarrizko eskubideen errespetua bermatzeko orduan, eta gorrotoa eragitearen eta gorrotoak eragindako delituen biktima izaten jarraitzea;

2. Uste du estatu kideek gutxiengoen eskubideak sistematikoki defendatu behar dituztela eta aldian-aldian ebaluatu behar dutela eskubide horiek errespetatzen diren;

Gutxiengo autoktonoen, nazionalen eta linguistikoen diskriminazioaren aurkako borroka: erantzukizun nazionala eta Batasunarena

3. Adierazten du ezen gutxiengoen arazoei ez zaiela behar besteko garrantzirik eman Batasunaren agendan, eta berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko ikuspegi integratua babesten du, betiere estatu kideek beren gizarteetan herritarren aniztasuna behar bezala tratatzen dutela bermatzeko;

4. Uste du Batasuna dela gutxiengoen eskubideak babesteko eta sustatzeko erantzulea; uste du beharrezkoa dela Batasunaren lege-esparrua hobetzea gutxiengoetako pertsonen eskubideak modu orohartzailean babesteko;

5. Azpimarratzen du ezen Batasuneko instituzioek badutela zereginik gutxiengoen babesarekin zerikusia duten gaiei buruz sentsibilizatzeko, eta estatu kideak kultura-aniztasunaren eta tolerantziaren sustapenean animatzeko eta laguntzeko, batez ere hezkuntzaren bidez;

6. Nabarmentzen du ezen kultura-ondarearen arloko edozein politikaren garapenak integratzailea eta parte-hartzailea izan behar duela, tokian tokiko erkidegoetan oinarritu behar duela, eta gutxiengoen erkidegoekin kontsulta eta elkarrizketa aurreikusi behar dituela;

7. Adierazten du ezen Batasunak ez duela tresna eraginkorrik gutxiengoen eskubideak errespetatzen diren gainbegiratzeko; Batasunean gutxiengo autoktonoen eta hizkuntza-gutxiengoen egoeraren jarraipen eraginkorra egitea eskatzen du; uste du Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak estatu kideetako gutxiengo nazionalen aurkako diskriminazioaren jarraipen hobea egin behar duela;

8. Aitortzen du ezen estatu kideek zeregin garrantzitsua betetzen dutela gutxiengo autoktonoen, nazionalen edo linguistikoen babesean; gogoratzen du ezen Europar Batasuneko tratatuetan eta Oinarrizko Eskubideen Gutunean jasota daudela gutxiengo nazionalen babesa eta hizkuntzagatik edo gutxiengo nazional bateko kide izateagatik diskriminatzeko debekua;

9. Deitoratzen du oraindik ebatzi gabe egotea Europar Batasunean gutxiengoen babesari eta diskriminazioaren aurka borrokatzeko politikei buruzko ebazpenean azaldutako gaiak;

Gutxiengoei buruzko Batasunaren esparru juridikoa: erronkak eta aukerak

10. Nabarmentzen du ezen gutxiengo nazionalen eskubideak eta horien babesa funtsezkoak direla zuzenbide-estatuarentzat, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundearen (ESLE) Kopenhageko Dokumentuan ezartzen den bezala;

11. Estatu kideei eskatzen die jagon dezatela beren ordenamendu juridikoek bermatzen dutela gutxiengoetako pertsonak diskriminatzen ez direla eta nazioarteko arau egokietan oinarritutako babes-neurri espezifikoak hartzen dituztela; gaitzesten du funtzionario publikoek gutxiengoetako pertsonei egiten dieten edozein tratu diskriminatzaile; iradokitzen du agintari eskudunek erabil ditzatela salaketarako ezarritako neurriak eta, behar izanez gero, zehatu ditzatela diskriminazio-kasuak;

12. Nabarmentzen du ezen estatu kideetan modu iraunkorrean bizi diren baina herritar-estatuturik ez duten pertsonen egoera eta estatus juridikoa aztertu behar direla;

13. Nabarmentzen du ezen gutxiengo nazionalen natura- eta kultura-ondareko baliabideak gizarte-kohesioaren funtsezko zutabeak direla, eta etorkizuneko belaunaldientzat guztiz zaindu beharreko aktibotzat hartu behar direla, are jarduera kutsatzaileak bertan behera utziz ere;

14. Estatu kide guztiei eskatzen die sinatu, berronetsi eta aplikatu ditzatela Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioa, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Hitzarmenaren 12. protokoloa eta Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna, edo euren konpromisoak egunera ditzatela eurei dagozkien nazioarteko akordioen esparruan; azpimarratzen du ezen gutxiengo autoktonoek eta hizkuntza-gutxiengoek dokumentu horietan ezarritako printzipioen arabera tratatuak izan behar dutela;

15. Eskatzen du berrikus daitezela Arraza-berdintasunari buruzko Zuzentaraua eta Enpleguko Berdintasunari buruzko Zuzentaraua; oso deitoratzen du aurrerapen gutxi egin dela tratu-berdintasunari buruzko zuzentarau-proposamena onartzean, eta Batzordeari eta Kontseiluari eskatzen die negoziazioak berriz has ditzatela legegintzaldi hau amaitu baino lehen burutzeko;

Eremu urriko hizkuntzen babesa eta defentsa

16. Estatu kideak adoretzen ditu hizkuntza gutxitu bat erabiltzeko eskubidearen defentsa bermatzera eta Batasunaren barruan hizkuntza-aniztasuna babestera, Batasunaren tratatuekin bat etorriz;

17. Uste du ezen hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten erkidegoetan, hizkuntza baten eskubideak errespetatu behar direla beste hizkuntza baten eskubideak mugatu gabe, estatu kide bakoitzaren ordena konstituzionalaren arabera;

18. Batzordeari eskatzen dio indartu ditzala hizkuntza erregional eta gutxituen irakaskuntza eta erabilera, Batasunean hizkuntza-diskriminazioa eragozteko bide gisa;

[…]

22. Lehendakariari agintzen dio ebazpen hau Kontseiluari, Batzordeari eta estatu kideetako gobernu eta parlamentuei helarazteko.


7.2.16. Europako Parlamentuaren Ebazpena, 2018ko irailaren 11koa, Aro Digitaleko Hizkuntza-berdintasunari buruzkoa (2018/2028(INI))[189]

Europako Parlamentuak,

— Ikusiz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 2. artikulua eta 3. artikuluaren 3. apartatua,

— Ikusiz Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 21., 1. eta 22. artikuluak,

— Ikusiz Unescoren Kultura-ondare Immateriala babesteko Konbentzioa, 2003koa,

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko azaroaren 17ko 2003/98/EE Zuzentaraua, Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzkoa[190],

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 2013/37/EB Zuzentaraua, zeinak aldatzen baitu Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko 2003/98/EE Zuzentaraua[191],

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko azaroaren 25eko 2015/2240 (EB) Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baita elkarreragingarritasun-irtenbideei eta esparru erkideei buruzko programa bat administrazio publiko, enpresa eta herritar europarrentzat (ISA2 programa), sektore publikoa modernizatzeko bitarteko gisa[192],

— Ikusiz Kontseiluaren 2008ko azaroaren 21eko Ebazpena, eleaniztasunaren aldeko europar estrategiari buruzkoa (2008/C 320/01),[193]

— Ikusiz Kontseiluaren 2013ko abenduaren 3ko Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baita Horizon 2020 —Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru-programa (2014-2020) eta indargabetzen baitira 2006/971/EE, 2006/972/EE, 2006/973/EE, 2006/974/EE eta 2006/975/EE erabakiak[194],

— Ikusiz Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa, zeina Batasunak 2010ean berronetsi baitzuen;

— Ikusiz Batzordearen 2008ko irailaren 18ko Komunikazioa, zeinaren izenburua baita “Eleaniztasuna: Europarentzako abantaila eta konpromiso partekatua” (COM(2008)0566),

— Ikusiz Batzordearen 2010eko abuztuaren 26ko Komunikazioa, Europarako Agenda Digitala (COM(2010)0245),

— Ikusiz Batzordearen 2012ko urtarrilaren 11ko Komunikazioa, “Merkataritza elektronikoaren eta lineako zerbitzuen merkatu digital bakarrean konfiantza areagotzeko esparru koherentea” (COM(2011)0942),

— Ikusiz Batzordearen 2015eko maiatzaren 6ko Komunikazioa, “Europako Merkatu Digital Bakarrerako Estrategia” (COM(2015)0192),

— Ikusiz Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordearen irizpena, Batzordeak Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeari eta Erregioetako Lantaldeari egindako Komunikazioari buruzkoa, zeinaren izenburua “Europarako Agenda Digitala” baita (COM(2010)0245)[195],

— Ikusiz Eleaniztasunaren sustapenari eta erabilerari eta ziberespaziorako irispide unibertsalari buruzko Gomendioa, zeina onetsi baitzuen UNESCOren Konferentzia Orokorrak 2003ko urriaren 15ean Parisen egindako 32. bilkuran onetsia,

— Ikusiz Eurobarometro berezia (386) izeneko txostena, “Europarrak eta haien hizkuntzak” izenekoa, zeina 2012ko ekainean argitaratu baitzen,

— Ikusiz Europako Kontseiluaren Bartzelonako Lehendakaritzak 2002ko martxoaren 15ean eta 16an ateratako ondorioak (SN 100/1/02 REV 1),

— Ikusiz Gorrentzako Zeinu-hizkuntzei buruzko 1988ko ekainaren 17ko Ebazpena[196],

— Ikusiz 2004ko urtarrilaren 14ko Ebazpena, kultura-aniztasuna zaindu eta sustatzeari buruzkoa: Europako erregioen eta Unesco eta Europako Kontseilua[197] bezalako nazioarteko antolakundeen zeregina, eta ikusiz 2003ko irailaren 4ko Ebazpena, Europako hizkuntza erregionalei eta eremu urriko hizkuntzei buruzkoa —hizkuntza gutxituak Europar Batasunean, kultura-hedapenaren eta -aniztasunaren ingurumarian[198]—,

— Ikusiz 2009ko martxoaren 24ko Ebazpena, zeinaren izena baita eleaniztasunari buruzkoa: Europarentzako abantaila eta konpromiso partekatua[199],

— Ikusiz 2013ko irailaren 11ko Ebazpena, zeina baita desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzkoa[200],

— Ikusiz 2018ko otsailaren 7ko Ebazpena, Batasuneko estatu kideetako gutxiengoen babesari eta diskriminaziorik ezari buruzkoa[201],

— Ikusiz Europako Parlamentuko Azterlanen Zerbitzuak (EPRS) eta Prospektiba Zientifikoaren Unitateak (STOA) egindako azterlana, zeinaren izenburua baita “Hizkuntza-berdintasuna aro digitalean: giza hizkuntzaren proiektu baterantz”, eta zeina 2017ko martxoan argitaratu baitzen.

— Ikusiz Barne-erregelamenduaren 52. artikulua,

— Ikusiz Kultura eta Hezkuntza Batzordearen txostena, eta Industria, Ikerketa eta Energia Batzordearen iritzia (A8-0228/2018),

A. Kontuan hartuz ezen hizkuntzaren teknologiek komunikazioa erraztu diezaieketela entzuteko eta ikusteko desgaitasunak dituzten pertsonei, bai eta dislexikoak ere, eta kontuan hartuz ezen, txosten honen ondorioetarako, “hizkuntzaren teknologia” gisa hauek ulertzen direla: mintzatzen diren hizkuntzen zerbitzuan daudenak ez ezik, zeinu-hizkuntzen zerbitzuan daudenak ere, zeren zeinu-hizkuntzok baitira Europako hizkuntza-aniztasunaren elementu garrantzitsu bat;

B. Kontuan hartuz ezen hizkuntzaren teknologien garapenak ikerketako hainbat eremu eta diziplina hartzen dituela barne, tartean, hizkuntzalaritza konputazionala, adimen artifiziala, informatika eta hizkuntzalaritza (aplikazioak, hala nola hizkuntza naturalaren tratamendua, testu-analisia, ahots-teknologia eta datu-meatzaritza, besteak beste);

C. Kontuan hartuz ezen, 386 Eurobarometro bereziaren arabera, zeinaren izenburua “Europarrak eta haien hizkuntzak”, europar erdiek baino gehiagok (% 54), elkarrizketa bat izan dezaketela beste hizkuntza batean; haietako laurdenek (% 25) badakitela gutxienez bi hizkuntza gehiagotan hitz egiten, eta hamarretik batek (% 10) gutxienez hiru hizkuntzatan gaitasuna duela;

D. Kontuan hartuz ezen Europar Batasunean 24 hizkuntza ofizial eta beste 60 hizkuntza nazional eta erregional baino gehiago daudela, migratzaileen hizkuntzez gain, eta kontuan hartuz ezen badirela, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren esparruan (DBEO), estatuek aitortutako zeinu-hizkuntzak, eta kontuan hartuz ezen eleaniztasuna Europako kultura-aniztasunaren aktibo nagusietako bat dela eta, aldi berean, benetako erronka garrantzitsuenetako bat dela Batasun benetan integratua sortzeko.

E. Kontuan hartuz ezen toki-erkidegoei, hala nola indigenei, landetakoei edo urrunekoei, banda zabalerako irispideari buruzko oztopo geografikoak, sozialak eta ekonomikoak gainditzen laguntzea funtsezko betekizuna dela eleaniztasunaren arloan Batasunaren politika eraginkorra lortzeko;

F. Kontuan hartuz ezen eleaniztasuna Batasunaren zenbait politikaren jarduketa-eremuan sartzen dela, hala nola kultura, hezkuntza, ekonomia, merkatu digital bakarra, ikaskuntza iraunkorra, enplegua, gizarteratzea, lehiakortasuna, gazteria, gizarte zibila, mugikortasuna, ikerketa eta komunikabideak; kontuan hartuz ezen beharrezkoa dela arreta handiagoa jartzea kulturen arteko eta hizkuntzen arteko elkarrizketarako oztopoak ezabatzeari eta elkar ulertzea sustatzeari;

G. Kontuan hartuz ezen Batzordeak onartzen duela merkatu digital bakarrak eleaniztuna izan behar duela; kontuan hartuz ezen ez dela Batasunaren inolako politika erkiderik proposatu hizkuntza-oztopoen arazoari heltzeko;

H. Kontuan hartuz ezen hizkuntzaren teknologiak eguneroko produktu eta zerbitzu digital ia guztietan erabiltzen direla, zeren gehienak hizkuntzaren bidez baliatzen baitira neurri batean (batez ere Internetekin lotutako produktuetan, hala nola bilaketa-tresnak, sare sozialak eta merkataritza elektronikoko zerbitzuak); kontuan hartuz ezen teknologia horiek erabiltzeak, era berean, Europako herritarren eguneroko ongizaterako funtsezko garrantzia duten sektoreetan eragiten duela, hala nola hezkuntzan, kulturan eta osasunean;

I. Kontuan hartuz ezen mugaz haraindiko merkataritza elektronikoa oso urria dela; izan ere, 2015ean, Europako herritarren % 16k soilik egin zizkien erosketak Europar Batasuneko beste herrialde batzuei linean; kontuan hartuz ezen hizkuntzaren teknologiek Europaren etorkizunari lagun diezaioketela mugaz haraindiko eta hizkuntzen arteko komunikazioari, hazkunde ekonomikoari eta gizarte-egonkortasunari dagozkienez, eta kontuan hartuz ezen oztopo naturalak murriztu ditzaketela, aldi berean kohesioa eta konbergentzia errespetatuz eta sustatuz, eta Batasunaren lehiakortasuna indartuz mundu osoan;

J. Kontuan hartuz ezen garapen teknologikoa gero eta gehiago oinarritzen dela hizkuntzan, eta ondorioak dituela hazkunderako eta gizarterako; kontuan hartuz ezen premiazkoa dela hizkuntzekiko politika sentibera gehiago egitea, eta premiazkoa dela, ikerketa teknologikoa ez ezik, diziplina anitzekoa ere egitea, bai eta komunikazio digitalean eta hizkuntza-teknologietan heztea eta horrek hazkundearekin eta gizartearekin duen lotura ere;

K. Kontuan hartuz ezen Bartzelonako helburua betetzeak, hau da, herritarrek euren burua ama-hizkuntzan eta beste bi hizkuntzatan komunikatu ahal izateak, aukera gehiago emango liekeela pertsonei kultura-, hezkuntza- eta zientzia-edukia formatu digitalean iristeko eta herritar gisa parte hartzeko, bai eta merkatu digital bakarrera iristeko ere; kontuan hartuz bitarteko eta tresna gehigarriak, bereziki hizkuntza-teknologiek eskaintzen dituztenak, funtsezkoak direla Europako eleaniztasuna behar bezala kudeatzeko eta pertsonen eleaniztasuna sustatzeko;

L. Kontuan hartuz ezen aurrerapen garrantzitsuak egin direla adimen artifizialaren eremuan eta hizkuntza digitalaren teknologien arloan garapen-erritmoa oso azkarra izan dela; kontuan hartuz ezen hizkuntzan oinarritutako adimen artifizialak aukera berriak eskaintzen dituela komunikazio digitalerako, digitalki hobetutako komunikaziorako, teknologiaren bidez gaitutako komunikaziorako, eta lankidetzarako, Europako hizkuntza guztietan (eta harago), eta hizkuntza ezberdinetako hiztunei irispide berdinzalea eskaintzen diela informaziorako eta ezagutzarako, sareko informazioaren teknologien funtzionalitateak hobetuz.

M. Kontuan hartuz ezen lankidetzaren, elkartasunaren, berdintasunaren, aitorpenaren eta errespetuaren Europako balio erkideak ulertu behar direla herritar guztiek teknologia digitaletarako irispide oso eta ekitatiboa izatearen zentzuan, eta horrek, Europako kohesioa eta ongizatea hobetzeaz gain, merkatu digital eleaniztun bakarra ere ahalbidetuko lukeela;

N. Kontuan hartuz ezen hizkuntza gutxituetan eta gutxiago erabiltzen diren hizkuntzetan tresna teknologikoak, hala nola bideo-jolasak edo hezkuntza-aplikazioak, eskura izatea funtsezkoa dela hizkuntza-gaitasunak garatzeko, batez ere haurren kasuan;

O. Kontuan hartuz ezen gutxien hitz egiten diren Europako hizkuntzetako hiztunek beharra dutela euren burua kulturaren ikuspegitik modu esanguratsuan agertu ahal izateko eta toki-hizkuntzetan beren eduki kulturala sortzeko;

P. Kontuan hartuz ezen metodo batzuk agertu direla, hala nola ikasketa sakona, eta metodook indar konputazional handiagoan eta datuen kopuru ikaragarrietarako irispidean oinarritzen direla, eta metodo horiek hizkuntzaren teknologiak hizkuntza-oztopoak gainditzeko benetako irtenbide bihurtzen ari direla;

Q. Kontuan hartuz ezen hizkuntza-oztopoek eragin nabarmena dutela Europako identitatearen eraikuntzan eta Europako integrazio-prozesuaren etorkizunean; kontuan hartuz ezen Batasuneko erabakiak eta politikak herritarrei haien ama-hizkuntzan komunikatu behar zaizkiela, bai Interneten, bai gainerako hedabideetan;

R. Kontuan hartuz ezen hizkuntza makrodatuen altxorraren zati handi bat dela, eta altxor hori etengabe handitzen doala;

S. Kontuan hartuz ezen datuen kopuru itzela giza hizkuntzetan adierazten dela; kontuan hartuz ezen hizkuntzaren teknologiak menderatzeak zerbitzu eta produktu informatiko berritzaile ugari ahalbidetu ahal izango lituzkeela industrian, merkataritzan, gobernuan, ikerketan, zerbitzu publikoetan eta administrazioan, betiere merkatuko oztopoak eta kostuak murriztuz;

Gaur egungo oztopoak Europako aro digitalean hizkuntza-berdintasuna lortzeko

1. Deitoratzen du, politika egokirik ez dagoenez, Europan gaur egun gero eta eten teknologiko handiagoa egotea baliabide gehien duten hizkuntzen eta baliabide gutxien duten hizkuntzen artean, direla azkenok ofizialak, koofizialak nahiz ez-ofizialak Europar Batasunean; era berean, deitoratzen du Europako hogei hizkuntza baino gehiago galzori digitalean egotea; ikusten du ezen Europar Batasunak eta haren instituzioek eginbeharra dutela Europako kontinenteko hizkuntza-aniztasuna balioesteko, sustatzeko eta errespetatzeko;

2. Adierazten du ezen azken hamarkadan teknologia digitalak eragin nabarmena izan duela hizkuntzaren bilakaeran, eta eragin hori ebaluatzea oraindik ere zaila dela; arduradun politikoei gomendatzen die sakon azter ditzatela komunikazio digitalak gazteen alfabetatze-gaitasunak murrizten dituela erakusten duten azterlanak, zeinaren ondorio baita oztopoak sortzea gramatikan eta belaunaldien arteko irakurketan eta idazketan, bai eta hizkuntza orokorrean narriatzea ere; uste du komunikazio digitalak balio behar duela hizkuntzak zabaltzeko, aberasteko eta aurrera eramateko, eta asmo horiek alfabetatze nazionalean eta alfabetatze-politiketan islatu behar direla;

3. Adierazten du ezen Europako hizkuntza gutxituak oso ahulak direla, ikerketarako tresna, baliabide eta finantzaketa falta larria dagoelako, eta horrek eragotzi eta murriztu egiten dituela ikertzaileen jarduerak, zeren ikertzaileok ezin baitituzte hizkuntzaren teknologiak erabat aprobetxatu, nahiz eta behar diren gaitasun teknologikoak izan;

4. Gogoan hartzen du gero eta eten digital handiagoa dagoela hedatuen dauden hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen artean, eta Europako gizartea gero eta digitalizatuago dagoela, eta horrek desberdintasunak eragiten dituela informazioa iristeari dagozkionez, bereziki kualifikazio txikia duten pertsonentzat, adinekoak direnentzat eta errenta txikia edo ingurune behartsuetatik datozenentzat; azpimarratzen du ezen desberdintasun hori murriztu egingo litzatekeela edukiak hizkuntza desberdinetan eskainiz;

5. Ikusten du ezen Europak oinarri zientifiko sendoa duela hizkuntzaren ingeniaritzan eta teknologian, eta Europari giza hizkuntzaren teknologiek aukera itzela dakarkiotela, bai ekonomiaren aldetik, bai kulturaren aldetik; hala ere, ikusten ere du ezen oso atzean jarraitzen duela, zeren merkatua zatikatuta baitago, ez baita behar adina inbertitzen ezagutzan eta kulturan, ikerketa gaizki koordinatuta baitago, finantzaketa ez baita behar bestekoa, eta oztopo juridikoak baitaude; era berean ikusten du ezen gaur egun merkatua europarrak ez diren eragileek menderatzen dutela, zeinek ez baitiete arretarik Europa eleaniztunaren beharrizan espezifikoei ematen; azpimarratzen du ezen eredu hori aldatu behar dela, eta Europaren aitzindaritza indartu behar dela hizkuntzaren teknologietan, horretarako, proiektu bat sortuz, zeina diseinatu behar baita Europako beharrizan eta eskariei beren-beregi erantzuteko;

6. Adierazten du ezen hizkuntzaren teknologiak ingelesez daudela eskuragarri, lehenik eta behin; jakitun da ezen fabrikatzaile handiek eta munduko eta Europako enpresek hizkuntzaren teknologia ere garatu ohi dutela Europako hizkuntza nagusietarako, eta merkatu handi samarretan jarduten dutela: espainiera, frantsesa eta alemana (izan ere, hizkuntza horiek ez dute baliabiderik bigarren mailako zenbait arlotan); hala ere, nabarmentzen du ezen beharrezkoa dela Batasunaren mailan ekintza orokor bati ekitea (politika, finantzaketa, ikerketa eta hezkuntza), betiere, hizkuntza-teknologien garapena zaintzeko hiztun kopuru txikia edo ertaina duten Batasuneko hizkuntza ofizialei zuzenduta, bai eta garapen horren esparruan hizkuntza erregional eta gutxituak sartzeko eta sustatzeko Batasunaren mailako ekintza espezifikoak ere (politika, finantzaketa, ikerketa eta hezkuntza);

7. Berriro dio ezen ikuspegi teknologiko berriak hobeto erabili behar direla, zeinak oinarritzen baitira indar konputazional handiagoan eta datuen kopuru esanguratsuetarako irispide hobean, betiere, ikaskuntza sakoneko sare neuronalen garapena sustatzeko; izan ere, sareok giza hizkuntzaren teknologiak (GHT) benetako irtenbide bihurtzen dituzte hizkuntza-oztopoak gainditzeko; horrenbestez, Batzordeari eskatzen dio behar adinako finantzaketa berma dezala garapen teknologiko hori laguntzeko;

8. Adierazten du ezen hiztun kopuru txikiena duten hizkuntzek alde interesdunen laguntza egokia behar dutela, hala nola marka diakritikoetarako burdinurtu tipografikoak, teklatuen fabrikatzaileak eta edukiak kudeatzeko sistemak, horien helburua delarik hizkuntza horietako edukiak behar bezala biltegiratu, prozesatu eta bistaratzea; eskatzen du Batzordeak azter dezala zelan piztu daitekeen laguntza hori eta hori aurkez dezala Batasunaren barruko kontratazio-prozesuan gomendio gisa;

9. Estatu kideei eskatzen die zerbitzu digitaletan hizkuntza anitzen erabilera sustatzeko, hala nola aplikazio mugikorretan;

10. Kezkaz ikusten du ezen merkatu digital bakarrak zatikatuta jarraitzen duela zenbait oztoporengatik, hizkuntza-oztopoak barne, eta, horrela, hauek oztopatzen direla: lineako merkataritza, sare sozialen eta beste komunikazio-bide batzuen bidezko komunikazioa, eta kultura-, sormen- eta ikus-entzunezko edukien mugaz haraindiko trukea, bai eta Europa osoko zerbitzu publikoen hedapen zabalagoa ere; azpimarratzen du ezen Europako kultura-aniztasuna eta eleaniztasuna irabazten irten ahal izango liratekeela mugaz haraindiko irispidea edukiz gero edukietarako, bereziki hezkuntza-xedeetarako; Batzordeari eskatzen dio estrategia sendo eta koordinatua gara dezan merkatu digital eleaniztun bakarrerako;

11. Adierazten du ezen du hizkuntza-teknologiek ez dutela inolako zereginik Europako agenda politikoan, nahiz eta hizkuntza-aniztasunaren errespetua tratatuetan ezarrita egon;

12. Nabarmentzen du ezen Batasunak finantzatutako ikerketa-sareok, hala nola FLaReNet, CLARIN, HBP eta META-NET (META-SHARE barne), zeregin garrantzitsua dutela hizkuntzaren teknologien Europako plataforma bat eraikitzeko bidean;

Hizkuntzaren teknologiako politiketarako esparru instituzionala hobetzea EB mailan

13. Kontseiluari eskatzen dio gomendio bat egin dezala Batasuneko kultura- eta hizkuntza-aniztasuna babestu eta sustatzeari buruz, baita hizkuntza-teknologien eremuan ere;

14. Gomendatzen du ezen, Europan hizkuntza-teknologien ikusgarritasuna areagotzeko, Batzordeak komisario baten zorroari eslei diezaiola “eleaniztasunaren eta hizkuntza-teknologien” eremua; uste du ezen komisario eskudunak bere gain hartu beharko lukeela hizkuntza-aniztasuna eta -berdintasuna Europa mailan sustatzea, hizkuntza-aniztasunak Europaren etorkizunerako duen garrantzia kontuan hartuta;

15. Iradokitzen du ezen Batasunean babes juridiko integrala ezar dadila Europako hirurogei inguru hizkuntza erregional eta gutxituetarako, iradokitzen ere du mundu digitalean gutxiengo etniko eta linguistikoen eskubideak aitor daitezela, bai eta Batasuneko hizkuntza ofizial eta ez-ofizial guztietako hiztunentzat ama-hizkuntzako hezkuntza berma dadila ere;

16. Estatu kideak adoretzen ditu, zeinek dagoeneko garatu baitituzte hizkuntza-teknologien eremuan arrakasta izan duten estrategia politikoak, beren esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzera, horren helburua delarik nazioetako, erregioetako eta tokian tokiko beste agintari batzuei beren estrategiak garatzen laguntzea;

17. Estatu kideei eskatzen die ezen hizkuntzarekin lotutako politika globalak gara ditzatela, eta baliabideak eslei ditzatela eta tresna egokiak erabil ditzatela eremu digitalean hizkuntza-aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzeko eta errazteko; nabarmentzen du Batasunak eta estatu kideek, unibertsitateekin eta beste instituzio publiko batzuekin batera, erantzukizun partekatua dutela beren hizkuntzak mundu digitalean babesten eta Batasuneko hizkuntza guztietarako datu-baseak eta itzulpen-teknologiak garatzen laguntzeko, hiztun gutxiago duten hizkuntzak barne; eskatzen du ezen ikerketaren eta industriaren arteko koordinazioa ezar dadila hizkuntzen itzulpenerako ahalbide digitalak hobetzeko, eta irispide irekia egon dadila datuetarako, zeinak beharrekoak baitira aurrerapen teknologikorako;

18. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen gara ditzatela merkatu digitalean eleaniztasuna bultzatzeko estrategia eta neurri politikoak; ingurumari horretan, Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die zehatz ditzatela Europako hizkuntza guztiek izan behar dituzten gutxieneko hizkuntza-baliabideak —hala nola datu-multzoak, glosarioak, ahots-erregistroak, corpus iruzkinduak, itzulpen-memoriak eta eduki entziklopedikoak—, betiere hizkuntza horiek digitalki ez galtzeko;

19. Gomendatzen du ezen Batzordeak kontuan har dezala hizkuntza-aniztasunari buruzko zentro bat sortzea, zeinak indartuko baitu gutxiago erabiltzen diren hizkuntzek, erregionalek eta gutxituek, baita hizkuntza-teknologien eremuan ere, duten garrantziaz kontzientziatzeko;

20. Batzordeari eskatzen dio berrikus dezala eleaniztasunerako esparru-estrategia, eta ekintza-plan argia proposa dezala, eremu digitalean hizkuntza-aniztasuna sustatzeko eta hizkuntza-oztopoak gainditzeko moduari buruz;

21. Batzordeari eskatzen dio lehentasuna eman diezaiela, hizkuntzaren teknologiaren arloan, tamaina txikikoak diren eta beren hizkuntza propioa duten estatu kideei, horrela, estatu horiei azaltzen zaizkien hizkuntza-erronkei erantzun ahal izateko;

22. Errepikatzen du ezen hizkuntzaren teknologien garapenak erraztu egingo duela bideo-jolasak eta aplikazio informatikoak hizkuntza gutxituetara eta eremu urrikoetara azpititulatzea, bikoiztea eta itzultzea;

23. Nabarmentzen du ezen hizkuntzen arteko eten teknologikoa murriztu beharra dagoela, ezagutzen eta teknologien transferentzia indartuz;

24. Estatu kideei eskatzen die modu eraginkorrak aurkez ditzatela beren jatorrizko hizkuntzak finkatzeko;

Batasunaren ikerketa-politiketarako gomendioak

25. Batzordeari eskatzen dio ezen finantzaketa-programa bat egin dezala, eskala handian eta epe luzean, hizkuntzaren teknologien arloko ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren eremuetan, erregio, nazio eta Europa mailan, programa hori Europako beharrizanei eta eskariei erantzuteko beren-beregi diseinatua delarik; nabarmentzen du ezen programa horrek hizkuntza naturalaren ikaskuntza sakona jorratu beharko lukeela, eta ezagutzen, azpiegituren eta baliabideen transferentziaren eraginkortasuna areagotu beharko lukeela, betiere, horrela, teknologia eta zerbitzu berritzaileak garatzeko, arlo honetan etortzeko dauden aurrerapen zientifikoak egiteko eta Europako hizkuntzen arteko eten digitala murrizten laguntze aldera; nabarmentzen du ezen hori egin beharko litzatekeela ikerketa-zentroen, mundu akademikoaren, enpresen —bereziki, ETEen eta goraka ari diren enpresen— eta beste alde interesdun batzuen parte-hartzearekin; azpimarratzen du ezen proiektu irekia izan behar duela, hodeian eta elkarreragingarria, zeinak eskainiko baititu errendimendu handiko oinarrizko tresnak, eskalako moldagarritasun handia dutenak, hizkuntzaren teknologien aplikazio desberdinetarako;

26. Uste du ezen Batasuneko informazioaren eta komunikazioaren teknologien integratzaileek pizgarri ekonomikoak jaso behar dituztela hodeian oinarritutako zerbitzuen prestazioa bizkortzeko, betiere giza hizkuntzaren teknologiak (GHT) haien merkataritza elektronikoko aplikazioetan arin integratu ahal izate aldera, bereziki ETEek itzulpen automatikoak eskaintzen dituen abantailak aprobetxa ditzaten zaintze aldera;

27. Azpimarratzen du ezen Europak bere aitzindaritza segurtatu behar duela hizkuntzan oinarritutako adimen artifizialaren eremuan; gogoratzen du ezen Batasuneko enpresak direla egokienak kultura-, gizarte- eta ekonomia-arloetan guk dugun eskari espezifikora egokitutako konponbideak eskaintzeko;

28. Uste du ezen egungo finantzaketa-sistemen barruko programa espezifikoek, hala nola Horizon 2020k, eta haien atzetik datozen finantzaketa-programek epe luzerako oinarrizko ikerketa eta ezagutzen eta teknologiaren transferentzia bultzatu behar dituztela herrialdeen eta erregioen artean;

29. Gomendatzen du ezen hizkuntzaren teknologien Europako plataforma bat sor dadila Europako hizkuntza guztietako ordezkariekin, betiere eremu teknologiko horretako iturburu-kode irekiko baliabideak, zerbitzuak eta paketeak elkarri jakinarazteko, batez ere unibertsitateen eta ikerketa-zentroen artean, eta, aldi berean, egon litezkeen finantzaketa-sistemek kode irekiko erkidegoekin lan egin ahal izatea eta horientzat irisgarriak izatea bermatzeko;

30. Gomendatzen du ezen zenbait proiektu sor edo zabal daitezela, hala nola hizkuntza-aniztasun digitaleko proiektua, zeinek ikertuko baitituzte Europako hizkuntza guztien beharrizan digitalak, hiztun oso gutxi duten hizkuntzetatik hasi eta hiztun asko dutenetaraino, betiere eten digitalari aurre egiteko eta hizkuntza horiek etorkizun digital jasangarrirako prestatzen laguntzeko;

31. Gomendatzen du egunera dadila Meta-NETen liburu zurien bilduma, 2012an argitaratutako Europa osoko inkesta bat, zeinaren gaia izan baitzen hizkuntzaren teknologien, Europako hizkuntza guztientzat eskuragarri dauden baliabideen, hizkuntza-oztopoei eta arlo horretako politikei buruzko informazioaren egoera, betiere hizkuntzaren teknologiaren arloko politikak ebaluatu eta garatu ahal izateko;

32. Batzordeari eskatzen dio GHT finantzatzeko plataforma bat sor dezala; horretarako, oinarri gisa hartuko da Horizon 2020 Ikerketa eta Garapen Teknologikoaren Zazpigarren Esparru-programaren eta “Europa Konektatu” mekanismoaren exekuzioa; gainera, uste du ezen Batzordeak hizkuntzaren ikaskuntza sakona bermatzeko beharrezkoak diren ikerketa-eremuak nabarmendu behar dituela, hala nola hizkuntzalaritza konputazionala, hizkuntzalaritza, adimen artifiziala, hizkuntzaren teknologia, informatika eta zientzia kognitiboa;

33. Adierazten du ezen hizkuntza oztopo izan daitekeela ezagutza zientifikoak transferitzeko; ikusten du ezen oihartzun handiko aldizkari zientifiko gehienak ingelesez argitaratzen direla, eta horrek aldaketa garrantzitsua dakarrela ezagutza akademikoen sorkuntzan eta hedapenean; nabarmentzen du ezen beharrezkoa dela ezagutza sortzeko baldintza horiek islatzea Europako ikerketa- eta berrikuntza-politika eta -programetan; Batzordeari eskatzen dio irtenbideak bila ditzala ezagutza zientifikoak ingelesaz bestelako hizkuntzetan eskuragarri jartzen direla bermatzeko, eta hizkuntza naturalerako adimen artifizialaren garapena laguntzeko;

Europan hizkuntza-teknologien etorkizuna hobetzeko hezkuntza-politikak

34. Uste du ezen, egungo egoera dela eta, non Europakoak ez diren eragileek hizkuntza-teknologien merkatua menderatzen duten, Europako hezkuntza-politikek honako helburu hauek izan behar dituztela: talentua Europan atxikitzea, hizkuntzaren teknologiekin lotutako egungo hezkuntza-beharrizanak aztertzea —eragindako eremu eta diziplina guztiak barne—, horren ondoriozko jarraibideak ematea, Europa mailan esku-hartze organikoei eta partekatuei ekin ahal izateko, eta eskola-umeak eta ikasleak sentiberatzea hizkuntzaren teknologien sektorean dauden aukera profesionalei buruz, hizkuntzan oinarritutako adimen artifizialaren industria barne;

35. Uste du ezen aldi berean egin behar direla hizkuntza gutxitu eta erregionaletarako material didaktiko digitalak, zeina garrantzitsua baita diskriminaziorik ezaren ikuspegitik, bai eta hizkuntzen arteko berdintasuna eta tratu ekitatiboa bermatzeko ere;

36. Uste du ezen beharrezkoa dela gero eta emakume gehiagoren parte-hartzea sustatzea hizkuntzaren teknologiei buruzko Europako azterlanetan, hura faktore erabakigarria baita ikerketa eta berrikuntza garatzeko;

37. Proposatzen du ezen Batzordeak eta estatu kideek hizkuntza-teknologien erabilera susta dezatela Europako herritarren arteko kultura- eta hezkuntza-trukeetan, hala nola Erasmus + programa edo Erasmus + programaren lineako hizkuntza-laguntza; horren helburua, berriz, hauxe da: hizkuntza-aniztasunak kulturen arteko elkarrizketarako eta elkar ulertzeko ekar ditzakeen oztopoak murriztea, batez ere idatzizko eta ikus-entzunezko euskarrietan;

38. Estatu kideei gomendatzen die ezen alfabetatze digitaleko programak gara ditzatela Europako hizkuntza gutxitu eta erregionaletan, eta hizkuntza-teknologiari buruzko prestakuntza eta haren tresnak sar ditzatela eskolen, unibertsitateen eta lanbide-heziketako ikastetxeen ikasketa-planetan; gainera, nabarmentzen du ezen alfabetatzea oraindik ere faktore garrantzitsua dela, eta erkidegoen inklusio digitalean aurrera egiteko aurretiazko betekizun absolutua;

39. Nabarmentzen du ezen estatu kideek eskaini behar dutela hezkuntza-instituzioek Batasuneko hizkuntzen digitalizazioa hobetzeko behar duten laguntza;

Hizkuntzaren teknologiak: onurak enpresa pribatuentzat zein organismo publikoentzat

40. Nabarmentzen du ezen beharra dagoela kulturaren eta sormenaren sektorean hizkuntzaren teknologien erabilera handitzera bideratutako inbertsio-tresnen eta azelerazio-programen garapena bultzatzeko, betiere baliabide gutxi duten erkidegoetan bereziki pentsatuz eta, sektorea ahulagoa den arloetan, gaitasunen garapena sustatuz hizkuntza-teknologietan;

41. Europako enpresa txiki eta ertainei eta goraka ari diren enpresei gaitasunak emateko eta gaitzeko jarduera eta finantzaketa egokia sustatzera adoretzen du, horrela hizkuntza-teknologiak erraz eskura ditzaten eta teknologiok erabil ditzaten lineako negozioak hedatzeko, merkatu berrietan sartuz eta aukerak garatuz; horrela, haien berrikuntza bultzatuko dute eta lanpostuak sortuko dituzte;

42. Batasuneko instituzioei eskatzen die kontzientziarazteko zein onura dakarkien enpresei, organismo publikoei eta herritarrei lineako zerbitzu, eduki eta produktuak hainbat hizkuntzatan eskura izateak, gutxien erabiltzen diren hizkuntzak, erregionalak eta gutxituak barne, betiere hizkuntza-oztopoak gainditzeko eta hizkuntza-komunitateen kultura-ondarea zaintzen laguntzeko;

43. Babesa ematen du Europako, nazioetako, eta, hala badagokio, erregioetako eta tokian tokiko administrazio eleaniztunak ezartzeko hizkuntzaren teknologia berritzaile, integratzaile eta asistentzialen bidez; horrek hizkuntzen eta hizkuntza-komunitateen arteko desberdintasunak murriztuko ditu, aukera ekitatiboa sustatuko du zerbitzuak iristeko, eta Europan enpresen, herritarren eta langileen mugikortasuna bultzatuko du, eta merkatu digital eleaniztun eta inklusiboa sortzea bermatuko du;

44. Maila guztietako administrazioei eskatzen die irispidea hobetu dezatela hainbat hizkuntzatan dauden lineako zerbitzu eta informazioetarako, batez ere mugaz haraindiko erregioetako zerbitzuen kasuan eta kulturari buruzko gaietarako, eta lehendik dauden doako lengoaiaren eta kode irekiaren teknologiak baliatzeko, itzulpen automatikoa, ahotsaren ezagutza eta ahots-sintesia, eta hizkuntza-sistema adimendunak barne; esaterako, informazio eleaniztuna berreskuratzen dutenak, laburpenak/sintesiak eta ahozko ulermena egiten dituztenak, betiere emandako zerbitzuen irisgarritasuna hobetzeko;

45. Nabarmentzen du ezen datuen eta testuen meatzaritzako teknikak garrantzitsuak direla hizkuntzaren teknologiak garatzeko; nabarmentzen du beharra dagoela industriaren eta datuen jabeen arteko lankidetza indartzeko; era berean, nabarmentzen du ezen beharra dagoela arau-esparrua egokitzeko, eta hizkuntza-baliabideen erabilera irekiagoa eta elkarreragingarriagoa bermatzeko, bai eta baliabide horiek biltzekoa ere; adierazten du ezen informazio sentikorra ez litzatekeela merkataritza-enpresen eta haien erabilera askeko programen esku utzi behar, zeren ez baitago argi zelan erabiliko lituzketen enpresa horiek eurek lortutako ezagutzak, esaterako, osasunari buruzko informazioaren kasuan;


7.2.17. Europako Parlamentuaren Ebazpena, 2018ko azaroaren 13koa, Europako Gutxiengoentzako Gutxieneko Arauei buruzkoa (2018/2036(INI))[202]

(2020/C 363/03)

Europako Parlamentuak,

— Ikusiz Europar Batasunaren Tratatuaren (EBT) 2. artikulua eta 3. artikuluaren 3. apartatua, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 19. artikulua,

— Ikusiz Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 10., 21. eta 22. artikuluak,

— Ikusiz Kontseiluaren 2000/43/EE Zuzentaraua, 2000ko ekainaren 29koa, zeina baita pertsonen, horien arraza- nahiz etnia-jatorria gorabehera, tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa[203] (Arraza-berdintasunari buruzko Zuzentaraua),

— Ikusiz Kopenhageko irizpideak, baita herrialde hautagai batek Batasunari atxiki nahi badio bete behar dituen Batasuneko arau guztiak ere (altxorra),

— Ikusiz Nazio Batuen Adierazpena, Gutxiengo Nazional edo Etnikoetako, Erlijiosoetako eta Linguistikoetako Pertsonen Eskubideei buruzkoa, eta Nazio Batuen Adierazpena, Herri Indigenen Eskubideei buruzkoa,

— Ikusiz Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1948an onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala,

—Ikusiz Nazio Batuen A/RES/60/7 Ebazpena, Batzar Orokorrak 2005eko azaroaren 1ean hartutakoa, “Holokaustoa gogoratzea” izenburukoa,

— Ikusiz Giza Eskubideak babesteko Europako Hitzarmena eta hari lotutako protokoloak, bereziki diskriminaziorik ezari buruzko 12. protokoloa,

— Ikusiz Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren (FRA) 2018ko oinarrizko eskubideei buruzko txostena, eta gutxiengoei eta diskriminazioari buruzko Europar Batasunaren bigarren inkesta (EU-MIDIS II),

— Ikusiz 2006ko abenduaren 13an onartutako Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa eta haren Hautazko Protokoloa (A/RES/61/106), 2006ko abenduaren 13an onetsitakoak,

— Ikusiz Gutxiengo Nazionalak babesteko Europako Kontseiluaren Esparru-konbentzioa eta Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna,

— Ikusiz Europako Kontseiluaren Batzar Parlamentarioaren 1985eko Ebazpena, 2014an hartutakoa, Europako Gutxiengo Nazionalen Egoerari eta Eskubideei buruzkoa,

— Ikusiz Europako Kontseiluaren Batzar Parlamentarioaren 2153. Ebazpena, 2017an hartutakoa, ijitoen eta travellerren inklusioa sustatzeari buruzkoa,

— Ikusiz Europako Kontseiluaren Batzar Parlamentarioaren 2196. Ebazpena, 2018an hartutakoa, Europan hizkuntza erregional eta gutxituen babes eta sustapenari buruzkoa,

— Ikusiz Europako Kontseiluaren Tokietako eta Erregioetako Botereen Kongresuaren 424. Ebazpena, 2017an hartutakoa, gaur egungo Europako hizkuntza erregional eta gutxituei buruzkoa,

— Ikusiz Europako Kontseiluaren Batzar Parlamentarioaren 1201. Gomendioa, 1993an hartutakoa, Gutxiengoen Eskubideei buruzko Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren protokolo gehigarrirakoa,

Ikusiz Europako Kontseiluko Ministroen Batzordearen Adierazpena, 2012ko otsailaren 1ean hartutakoa, antigitanismoaren eta ijitoen aurkako eta indarkeria arrazistaren gorakadari buruzkoa,

— Ikusiz Europako Kontseiluaren eta Europar Batasunaren arteko harremanei buruzko 5. jarraibidea, 2005eko maiatzaren 16an eta 17an Varsovian egindako estatuburuen eta gobernuburuen hirugarren gailurrean hartutakoa,

— Ikusiz Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundearen (ESLE) Kopenhageko Dokumentua, 1990ekoa, eta ikusiz gutxiengoen eskubideei buruzko jarraibide eta gomendio tematiko ugariak, zeinak argitaratu baitzituzten Gutxiengo Nazionaletarako ESLEko goi-komisarioak eta Instituzio Demokratikoen eta Giza Eskubideen ESLEko Bulegoak,

— Ikusiz 2018ko otsailaren 7ko Ebazpena, Batasuneko estatu kideetako gutxiengoen babesari eta diskriminaziorik ezari buruzkoa[204],

— Ikusiz 2017ko urriaren 25eko Ebazpena, zeina baita ijitoak Batasunean integratzeko alderdiei buruzkoa, oinarrizko eskubideei dagokienez: ijitoen aurkako borrokari aurre egitea[205],

— Ikusiz Kontseiluaren 2008ko azaroaren 28ko 2008/913/JAI Esparru-erabakia, Zigor Zuzenbidearen bidez arrazakeriaren eta xenofobiaren modu eta adierazpen jakin batzuen aurka borrokatzeari buruzkoa,[206]

— Ikusiz 2016ko abenduaren 13ko Ebazpena, oinarrizko eskubideek Europar Batasunean duten egoerari buruzkoa[207],

— Ikusiz 2015eko apirilaren 15eko Ebazpena, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna zela-eta —antigitanismoa Europan eta Bigarren Mundu Gerran ijito-herriari eragindako genozidioa oroitzeko EBk aitortzeko eguna—[208],

— Ikusiz 2013ko irailaren 11ko Ebazpena, zeina baita desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzkoa[209],

— Ikusiz 2005eko ekainaren 8ko Ebazpena, zeina baita Europar Batasunean gutxiengoen babesari eta diskriminazioaren aurka borrokatzeko politikei buruzkoa[210],

— Ikusiz 2017ko abenduaren 12ko Ebazpena, Europar Batasuneko herritarrei buruzko 2017ko txostenari buruzkoa: Aldaketa demokratikoko Batasunean herritarren eskubideak indartuz[211],

— Ikusiz 2016ko urriaren 25eko Ebazpena, zeinak Batzordeari gomendio batzuk ematen baitizkio, Batasunak demokraziarako, zuzenbide-estaturako eta oinarrizko eskubideetarako mekanismo bat ezartzeari buruzkoak,[212]

— Ikusiz Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (EBJA) epaiak eta jurisprudentzia, bereziki T-646/13 auzikoa (Minority SafePack — one million signatures for diversity in Europe/Batzordea), eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) jurisprudentzia,

— Ikusiz FRAren txostenak eta azterlanak, adibidez, “Gutxiengoetako Pertsonak errespetatu eta babesteari buruzko 2008-2010 aldiko txostena”, bai eta estatuetako, Europako eta nazioarteko antolakundeek eta GKEek gai horri buruz egindako gainerako txostenak ere,

— Ikusiz Europako Parlamentuko Gutxiengo Tradizionalen, Erkidego Nazionalen eta Hizkuntzen Taldeartearen jarduerak eta ondorioak,

— Ikusiz Barne-erregelamenduaren 52. artikulua,

— Ikusiz Askatasun Zibilen, Justiziaren eta Barne-gaien Batzordearen txostena, eta Kultura eta Hezkuntza Batzordearen iritzia (A8-0353/2018),

A. Kontuan hartuz ezen gutxiengoetako pertsonen eskubideak giza eskubideen zati direla, zeinak baitira unibertsalak, zatiezinak eta independenteak; kontuan hartuz ezen gutxiengoen eskubideak babestea eta sustatzea funtsezkoa dela bakerako, segurtasunerako eta egonkortasunerako, eta tolerantzia, elkarrekiko errespetua eta elkar-ulertzea eta lurralde berean bizi diren pertsona guztien arteko lankidetza sustatzeko;

B. Kontuan hartuz ezen Batasuna kulturen, hizkuntzen, erlijioen, tradizioen eta historiaren arragoa dela, eta horiek guztiek askotariko herritarren erkidegoa osatzen dutela, haien oinarrizko balio erkideek batuta daudelarik; kontuan hartuz ezen aberastasun hori ez dela berezkoa, baizik eta babestu eta elikatu egin behar dela;

C. Kontuan hartuz ezen Batasuneko herritarren % 8 inguru gutxiengo nazional bateko kide dela eta gutxi gorabehera % 10ek hizkuntza erregional edo gutxitu batean hitz egiten duela; kontuan hartuz ezen jazarpenak, diskriminazioak eta indarkeriak mugatu egiten dutela pertsonek beren oinarrizko eskubide eta askatasunak erabat baliatzeko duten gaitasuna, eta ahuldu egiten dutela pertsona horiek gizartean berdintasunez parte hartzea;

D. Kontuan hartuz ezen gutxiengoetako pertsonen eskubideen babesa lagungarria izan daitekeela Europarentzat etorkizun iraunkorra eraikitzeko, eta duintasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen errespetua bermatzeko; kontuan hartuz ezen onurak ez direla gutxiengoetara mugatzen, zeren babes eta sustapen horrek egonkortasuna, garapen ekonomikoa eta guztiontzako oparotasuna ekarriko baititu;

E. Kontuan hartuz ezen Lisboako Tratatuak Europar Batasuneko Zuzenbidean “gutxiengoetako pertsonak” terminoa sartu zuela, zeina baita Batasunaren Zuzenbidearen historiaren lehenengo erreferentzia esplizitua; kontuan hartuz ezen EBTren 2. artikuluak ezartzen duela Batasuna giza duintasunaren errespetuan, askatasunean, demokrazian, berdintasunean, zuzenbide-estatuaren nagusitasunean eta giza eskubideen errespetuan oinarritzen dela, horietan gutxiengoetako pertsonen eskubideak barne daudelarik, eta balio horiek erkideak direla estatu kideentzat, aniztasuna, diskriminaziorik eza, tolerantzia, justizia, elkartasuna eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ezaugarri dituen gizarte batean; kontuan hartuz ezen balio horiek erkideak direla estatu kide guztientzat, eta eskubideok estatu horietako bakoitzak eta Batasunak modu aktiboan errespetatu eta sustatu behar dituztela politika guztietan, bai barnekoetan, bai kanpokoetan, modu koherentean; kontuan hartuz ezen eskubideok tratatuetan ezarritako gainerako eskubideen tratu bera merezi dutela;

F. Kontuan hartuz ezen Batasunaren tratatuek, nazioarteko zuzenbideak horri buruz duen ikuspegiari jarraituz, ez dutela “gutxienez” terminoa definitzen; kontuan hartuz ezen, EBTren 17. artikuluaren arabera, Batzordeak tratatuak aplikatzen direla jagon behar duela;

G. Kontuan hartuz ezen EBFTren 19. artikuluak ezartzen duela Kontseiluak, aho batez, ekintza egokiak hartu ahal izango dituela diskriminazioaren aurka borrokatzeko, betiere legegintzako prozedura berezi baten arabera eta Europako Parlamentuak onetsi ondoren;

H. Kontuan hartuz ezen Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak “gutxiengo nazional”en nozioa Batasuneko Zuzenbidearen termino bihurtzen duela; kontuan hartuz ezen Gutunaren 21. artikuluak beren-beregi nabarmentzen duela diskriminazioa debekatuta dagoela; kontuan hartuz ezen arreta berezia eskaini behar zaiola pertsonen oinarrizko eskubideen babesari egoera ahulenetan;

I. Kontuan hartuz ezen, Batasuneko herritartasuna definitzerakoan, EBTren 9. artikuluak beren-beregi xedatzen duela ezen Batasunak bere herritarren berdintasun-printzipioa errespetatuko duela, herritar horiek berdin jasoko baitute beren instituzio, organo eta organismoen arreta;

J. Kontuan hartuz ezen Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioa eta Hizkuntzen Gutuna gutxiengoak babesteko nazioarteko sistemaren lorpen garrantzitsuak direla, eta estatu partaideentzako nazioarteko tresna arauemaile garrantzitsuak; kontuan hartuz ezen akordio horien eragina ahuldu egiten dela berronespen-prozesuaren moteltasunagatik, aldeek egindako erreserbengatik eta kontrol-ahalen ezagatik, horrela Esparru-konbentzioa eta Gutuna estatuen borondate onaren mende gelditzen direlarik; kontuan hartuz ezen epai, erabaki eta gomendioak modu sistematikoan ez aplikatzeak ere nazioarteko tresna bi horien ez-betetzea normalizatzera dakarrela;

K. Kontuan hartuz ezen jardunbide onenak estatu kide batzuetan dagoeneko aplikatzen direla, hala nola Italia (Trentino-Adige Garaia / Tirol Hegoaldea) edo Alemania (Schleswig-Holstein), bada, jardunbideok kontuan hartu behar dira gutxiengoetako pertsonen eskubideak babesteko gutxieneko arau erkideak garatzerakoan;

L. Kontuan hartuz ezen gutxiengoetako pertsonen eskubideak bermatzen direla alde anitzeko nazioarteko akordioetan nahiz aldebikoetan, eta eskubideok estatu askoren konstituzio-ordenan berresten direla, eta eskubide horiek betetzea funtsezko betekizuna dela zuzenbide-estatua ebaluatzeko;

M. Kontuan hartuz ezen Arraza-berdintasunari buruzko Zuzentaraua funtsezko neurri juridikoa dela etnia- eta arraza-diskriminazioaren aurka borrokatzeko; kontuan hartuz ezen zenbait estatu kidek oraindik ez dutela zuzentarau hori erabat aplikatu; kontuan hartuz ezen zuzentarau horren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, praktikan erabateko berdintasuna bermatzeko, tratu-berdintasunaren printzipioak ez duela eragotziko estatu kide batek neurri espezifikoak mantentzea edo hartzea arraza-jatorri edo etnia-jatorri jakin bateko pertsonei eragiten dieten desabantailak prebenitzeko edo konpentsatzeko;

N. Kontuan hartuz ezen Batasunaren “Aniztasunean batuta” leloak, zeina 2000. urtetik aurrera onartu baitzen, nabarmentzen duela Europar Batasunaren funtsezko balioetako bat dela;

O. Kontuan hartuz ezen Kopenhageko irizpideak Batasunari atxikitzeko irizpideen zati direla; kontuan hartuz ezen Kopenhageko hiru irizpideetako batek argi eta garbi behartzen dituela herrialdeak demokrazia, zuzenbide-estatua, giza eskubideak eta gutxiengoen errespetua eta babesa bermatzera; kontuan hartuz ezen ez dagoela gutxiengoen eskubideen bestelako kontrolik, herrialde hautagai bat estatu kide bihurtzen denean;

P. Kontuan hartuz ezen esperientziak erakutsi duela aurre-atxikitze fasean dauden herrialdeak prestatuago daudela Kopenhageko irizpideak betetzeko; kontuan hartuz ezen, atxikitzearen ondoren irizpide horiek beteko direla bermatzeko esparru egokirik ez egoteagatik, estatu kideek atzerakada larria jasan dezaketela atxikitzearen ondoren; kontuan hartuz ezen Batasunak oraindik ere ez duela Europako arau erkiderik estatu kideetan gutxiengoak babesteko;

Q. Kontuan hartuz ezen, gaur egun, Batasunak eraginkortasun mugatuko tresnak dituela diskriminazioaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren adierazpen sistematiko eta instituzionalei erantzuteko; kontuan hartuz ezen, Batzordeari dei ugari egin arren, neurri mugatuak baino ez direla hartu gutxiengoetako pertsonen babes eraginkorra bermatzeko;

R. Kontuan hartuz ezen beharrezkoa dela zuzenbide-estatuaren mekanismo eta prozesu sendoak garatzea, Tratatuaren printzipio eta balioak Batasun osoan errespetatzen direla bermatzeko; kontuan hartuz ezen gutxiengoetako pertsonen eskubideak errespetatzea balio horiek osatzen dituzten elementuetako bat dela; kontuan hartuz ezen mekanismo eraginkorrek egon beharko luketela oraingo hutsuneak betetzeko; kontuan hartuz ezen mekanismo horiek frogetan oinarrituta egon behar dutela, objektiboak eta ez-diskriminatzaileak izan behar dutela, eta subsidiariotasunaren, beharrizanaren eta proportzionaltasunaren printzipioak errespetatu behar dituztela, hala estatu kideetako nola Batasuneko instituzioei aplikatzeko modukoak izan behar dutela, eta mailakako ikuspegi batean oinarritu behar dutela, zeinak barne hartzen baititu prebentziozko alderdia bezala alderdi zuzentzailea; kontuan hartuz ezen 2016ko urriaren 25eko Ebazpenean, zeinean gomendioak egiten baitzaizkio Batzordeari Batasunak mekanismo bat ezar dezan demokraziarako, zuzenbide-estaturako eta oinarrizko eskubideetarako, Parlamentuak berretsi duela horri buruzko babesa, eta hori funtsezkoa izan litekeela Europako ikuspegi koordinatua hartzeko gobernantzari buruz, zeina oraingoz ez baitago;

S. Kontuan hartuz ezen hizkuntzak, zeinak baitira kulturaren adierazpen zuzenekoenak, identitate europarraren zati integral direla; kontuan hartuz ezen hizkuntza-aniztasunarekiko errespetua Batasunaren funtsezko balioa dela, adibidez, Gutunaren 22. artikuluan eta EBTren hitzaurrean xedatzen den bezala, zeinean irakurtzen baita “Europaren jaraunspen kultural, erlijioso eta humanista, hortik abiatuta garatu baitira pertsonaren eskubide bortxaezinak eta besterenezinak, askatasuna, demokrazia, berdintasuna eta zuzenbide-estatua bezalako balio unibertsalak”;

T. Kontuan hartuz ezen hizkuntza-aniztasuna erregio bateko kultura-aberastasunaren zati garrantzitsua dela; Batasunean 40 eta 50 milioi pertsona inguruk hitz egiten dutela 60 hizkuntza erregional eta gutxituetatik bat, eta horietako batzuk arrisku larrian daudela; hizkuntza gutxituen gainbehera Europa osoan antzeman daitekeela; erkidego txikiek hitz egiten dituzten eta izaera ofizialik ez duten hizkuntzak desagertzeko arriskupean daudela;

U. Kontuan hartuz ezen mila pertsonatik batek zeinu-hizkuntza nazionala erabiltzen duela lehen hizkuntza gisa; kontuan hartuz ezen hizkuntza horiei hizkuntza ofizialen estatutua eman behar zaiela;

V. Kontuan hartuz ezen gizarte inklusiboetan identitate indibiduala eta identitate nazionala garrantzitsuak direla eta bietako batek ere ez duela bestea baztertzen; kontuan hartuz ezen estatu kideek gutxiengoei dagozkienez dituzten sistema legegile nazionalek hutsune garrantzitsuak dituztela, eta harmonizazio- eta simetria-maila txikia adierazten dutela;

W. Kontuan hartuz ezen Europako kultura-ondarea aberatsa eta askotarikoa dela; kontuan hartuz ezen kultura-ondareak herritarren bizitza aberasten duela; kontuan hartuz ezen EBTren 3. artikuluan xedatzen dela, besteak beste, Europar Batasunak errespetatu egingo duela bere kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna, eta jagon egingo dituela Europako kultura-ondarearen kontserbazioa eta garapena; kontuan hartuz ezen Europan mendeetan zehar bizi izan diren gutxiengoetako pertsonek ondare aberats, bakar eta askotariko hori osatzen dutela, eta europar identitatearen zati integratzaile direla;

X. Kontuan hartuz ezen alde handiak daudela gutxiengoen aitorpenari eta haien eskubideen errespetuari dagozkienez; kontuan hartuz ezen Batasun osoko gutxiengoek diskriminazio instituzionalizatu bati aurre egiten jarraitzen dutela eta mespretxuzko estereotipoen mende daudela, eta, sarritan, ikusten dutela haiek eskuratutako eskubideak murriztuta daudela edo modu selektiboan aplikatzen direla;

Y. Kontuan hartuz ezen ezberdintasun bat dagoela gutxiengoen babesaren eta diskriminazioaren aurkako borroka-politiken artean; kontuan hartuz ezen diskriminaziorik eza ez dela nahikoa asimilazioa geldiarazteko; kontuan hartuz ezen benetako berdintasuna diskriminaziorik ezaz haratago doala, eta esan nahi duela gutxiengoei haien eskubideak bermatzea, hala nola identitaterako, hizkuntza erabiltzeko eta hezkuntzarako eskubidea, eskubide kulturaletarako eta herritartasun-eskubideak eta abar, gehiengoaren baldintza berberetan baliatzeko;

Z. Kontuan hartuz ezen Europar Batasunean indarkeria xenofoboaren eta gorrotoa eragitearen gorakadak, sarritan, eskuin muturreko indarrek sustatuta, gutxiengoetako pertsonei eragiten diela eta haiei zuzentzen zaiela;

AA. Kontuan hartuz ezen gutxiengoetako kide diren Batasuneko herritarrek Europa mailan gehiago egitea itxaroten dutela beren eskubideak babesteko, horri buruz Europako Parlamentuari aurkeztutako eskabide ugariak erakusten duen bezala;

AB. Kontuan hartuz ezen Minority SafePack Europako herri-ekimenak Batasun osoan 1.215.879 sinadura jaso dituela, zeinek Europako herritar horien borondatea agertzen baitute, Batasun mailan gutxiengoei buruzko politikak arautzen dituen lege-esparrua indartzeko;

AC. Kontuan hartuz ezen nabarmen hobetu daitekeela Batasuneko gutxiengoen eskubideak babesteko modua; kontuan hartuz ezen instituzio demokratikoen legitimitatea gizarteko talde guztien partaidetzan eta ordezkaritzan oinarritzen dela, talde horien barruan gutxiengoetako pertsonak daudelarik;

1. Gogoratzen du ezen estatu kideak behartuta daudela gutxiengoei giza eskubideen egikaritze osoa bermatzera, gizabanako eta erkidego gisa;

2. Gogoratzen du ezen gutxiengoen babesa Kopenhageko irizpideetako bat dela, bai herrialde hautagaientzat, bai estatu kideentzat, baina ez dagoela inolako bermerik herrialde hautagaiek Kopenhageko irizpideen arabera hartutako konpromisoak errespetatuko dituztela bermatzeko, estatu kide bihurtzen direnean;

3. Adierazten du ezen Batasunak oraindik ez duela tresna eraginkorrik gutxiengoen eskubideak kontrolatzeko eta balioesteko; deitoratzen du, gutxiengoen babesaren eremuan, Batasunak ziurtzat jo izana bere estatu kideek gutxiengoen eskubideak errespetatzen dituztela edo kanpoko gainbegiratze-tresnen esku utzi dituela, hala nola Nazio Batuenak, Europako Kontseiluarenak edo ESLErenak;

4. Adierazten du ezen Kopenhageko irizpideak errespetatzeko —zeinak estatuek bete egin behar baitituzte Batasunari atxiki aurretik eta ondoren—, etengabeko jarraipena egin behar dela eta etengabeko elkarrizketak egon behar duela Parlamentuan, Batzordean eta Kontseiluan, bai eta instituzio horien artean ere; nabarmentzen du ezen beharra dagoela Batasunaren mailan gutxiengoentzako babes-sistema orokor bat sortzeko, betiere gainbegiratze-mekanismo sendo batekin batera;

5. Gogoratzen du ezen, EBTren 17. artikuluaren 1. apartatuaren arabera, Batzordeak, tratatuen zaindari den aldetik, baduela legitimitaterik eta aginpiderik estatu kide guztiek zuzenbide-estatua eta EBTren 2. artikuluan aipatutako beste balio batzuk errespeta ditzaten zaintzeko; beraz, uste du ezen Batzordeak hartutako neurriek ez dutela estatu kideen subiranotasuna bortxatzen, Batzordeak bere helburua gauzatzeko eta estatu kidea atxiki aurretik zeuden baldintzak betetzen jarraitzen duela bermatzeko;

6. Gogoratzen du ezen estatu kide guztiek eskubidea dutela gutxiengo nazionaletako pertsonak definitzeko, gaur egungo nazioarteko arauen esparruan;

7. Gogoratzen du ezen ez dagoela arau erkiderik gutxiengoek Batasunaren politikan dituzten eskubideetarako, ez eta interpretazio erkiderik ere jakiteko nor har daitekeen gutxiengo bateko pertsona gisa; adierazten du ezen ez dagoela gutxiengoaren definiziorik, Gutxiengo Nazional edo Etnikoetako, Erlijiosoetako eta Linguistikoetako Pertsonen Eskubideen Nazio Batuen Adierazpenean, ez eta Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioan ere; nabarmentzen du ezen beharra dagoela gutxiengo nazional edo etnikoak, erlijiosoak eta linguistikoak babesteko, definizioa zein den kontuan hartu gabe; eta berriro dio ezen edozein definizio modu malguan aplikatu behar dela, zeren onuradunak gutxiengoen eskubideen babesean de facto sartzea bilakaera-prozesu baten zati izan ohi baita, zeinak, denboraren poderioz, onarpen formala ekar dezakeen; gomendatzen du ezen, subsidiariotasun, proportzionaltasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioei dagokienez, “gutxiengo nazional”aren definizioaren oinarriak Europako Kontseiluaren Batzar Parlamentarioaren 1201. Gomendioan (1993) jasotako definizioan oinarritu behar duela; izan ere, gomendio hori egin zen Giza Eskubideen Europako Hitzarmenari protokolo bat eransteko gutxiengoen eskubideei buruz; gutxiengoek, berriz, baldintza hauek dituzte:

— estatu horretako lurraldean bizi dira eta hango herritarrak dira;

— estatu horrekiko lotura sendo eta iraunkorrak mantentzen dituzte denbora luzez;

— etnia-, kultura-, erlijio- edo hizkuntza-ezaugarri bereizgarriak dituzte;

— nahikoa adierazgarriak dira, baina estatu horretako edo estatu horretako erregio bateko gainerako biztanleak baino gutxiago,

— interesa dute beren identitate erkidea osatzen duen guztia, beren kultura, tradizioak, erlijioa edo hizkuntza barne, batera babesteko;

8. Gogora dakar Europako Kontseiluaren eta Europar Batasunaren arteko harremanei buruzko 5. jarraibidea, 2005eko maiatzaren 16an eta 17an Varsovian batzartu ziren Europako Kontseiluko estatu kideetako estatuburuek eta gobernuburuek onartu zuten bezala; izan ere, jarraibide horretan baieztatzen da ezen Batasunak ahaleginak egingo dituela bere eskumenen eremuan sartzen diren Europako Kontseiluaren hitzarmenen alderdiak Batasuneko Zuzenbidera ekartzeko;

9. Ikusten du ezen Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioko eta Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuneko (“Hizkuntzen Gutuna”) xedapen batzuk Batasunaren eskumenetan sartzen direla, eta gogora dakar FRAk ondorio hau atera zuela: Batasunak ez dauka gutxiengo nazionalen babesa berez arautzeko legegintza-eskumen orokorrik, baina legeak egin ditzake gutxiengoei dagozkien zenbait gairi buruz;

10. Uste du ezen beharrezkoa dela Batasunean gutxiengoak babesteko gutxieneko arauei buruzko legegintza-proposamen bat egitea, eraginaren ebaluazio egoki bat egin ondoren eta estatu kideei aplikatu beharreko subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioen arabera, betiere gutxiengoen egoera hobetzeko eta estatu kide guztietan lehendik dauden eskubideak babesteko, eta, aldi berean, erregela bikoitzak saihesteko; uste du ezen, aldi berean subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioak errespetatuz, arau horiek hasi behar dutela dagoeneko nazioarteko tresna juridikoetan kodetuta daudenetatik, zeinek tinko ainguratuta egon behar baitute Batasunean demokrazia, zuzenbide-estatua eta oinarrizko eskubideak bermatzen dituen esparru juridiko batean, eta neurri horiek haien funtzionamenduaren gainbegiratze-mekanismo bat izan behar dutela; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die jagon dezatela beren ordenamendu juridikoek berma dezatela gutxiengoetako pertsonak ez direla diskriminatzen eta babes-neurri espezifikoak har eta aplika ditzatela;

11. Gogoratzen du ezen gutxiengoen eskubideak babestea Batasunak demokraziari, zuzenbide-estatuari eta oinarrizko eskubideei buruzko itun bat egiteko proposamenaren zati bat dela; horri dagokionez, gogoratzen du 2016ko urriaren 25eko Ebazpenean egindako eskabidea, zeina baitzen Batasunak mekanismo bat ezartzeko demokraziarako, zuzenbide-estaturako eta oinarrizko eskubideetarako duen mekanismoari buruz, eta berriz eskatzen dio Batzordeari proposamen bat aurkez dezala demokraziari, zuzenbide-estatuari eta oinarrizko eskubideei buruzko Batasunaren itun bat egiteko; Batzordeari eskatzen dio gutxiengoen eskubideak sar ditzala Batasunak demokraziarako, zuzenbide-estaturako eta oinarrizko eskubideetarako duen mekanismoaren eremu posible guztietan;

12. Batzordea adoretzen du Batasunaren mailan organo bat sortzera (dauden egituren barruan edo organo bereizi gisa), Batasuneko gutxiengoak aitortu eta babesteko;

13. Atsegin handiz hartzen du Minority SafePack Europako herri-ekimenaren kanpainaren erregistro eta sinaduren bilketaren arrakasta; izan ere, ekimen horrek gutxiengoen babeserako Europako esparru baten alde egiten du; Batzordea adoretzen du aurrera egiteko moduak aztertzera, gutxiengoen interesak eta beharrizanak hobeto ordezkatuta egon daitezen Europar Batasunean.

14. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu babestu dezatela gutxiengo nazionaletako pertsonek beren identitatea zaindu, babestu eta garatzeko duten eskubidea, eta beharrezko neurriak har ditzatela gutxiengoek parte-hartze eraginkorra izan dezaten bizitza sozial, ekonomiko eta kulturalean eta gai publikoetan;

15. Gogoratzen du ezen Batasuneko herritartasunerako irispidea estatu kide bateko nazionalitatearen bidez eskuratzen dela, eta nazionalitate hori lege nazionalek arautzen dutela; gogoratzen du ezen, herritartasun nazionalerako irispidearen ingurumarian, estatu kideek Batasuneko Zuzenbidearen printzipioak bete behar dituztela, hala nola proportzionaltasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak, zeinak zabal garatuta baitaude EBJAren jurisprudentzian; kontuan hartzen du ezen EBFTren 20. artikuluak xedatzen duela Batasuneko herritar izango dela estatu kide bateko nazionalitatea duen pertsona oro, tratatuetan eta Gutunean ezarritako eskubideak eta betebeharrak dituelarik; gogoratzen du ezen, tratatuen arabera, Batasuneko herritar orok Batasuneko instituzioen arretaren onuradun izan behar duela berdintasunean;

16. Gogoratzen du ezen oso arduratuta dagoela Europan ijito aberrigabe asko daudelako, eta horrek ijitoei gizarte-, hezkuntza- eta osasun-zerbitzuetarako irispidea erabat ukatzea dakar, bai eta ijitoak gizartearen marjinetara baztertzea ere; estatu kideei eskatzen die aberrigabetasuna ezabatzeko eta pertsona guztiek oinarrizko giza eskubideak baliatzeko aukera bermatzeko;

17. Estatu kideak adoretzen ditu neurri eraginkorrak hartzera gutxiengoetako pertsonei osasun-sistemara iristeko edozein oztopo kentze aldera; ikusten du ezen gutxiengoen taldeek irispide txikiagoa dutela osasun-zerbitzuetarako eta osasun-informaziorako; Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu aukera bermatzera gutxiengoei osasun-laguntza, fisikoa zein mentala, eta diskriminaziorik gabe, jasotzeko;

18. Europar Batasunari eta estatu kideei eskatzen die berronets ditzatela Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioa eta Hizkuntzen Gutuna, eta errespeta ditzatela dokumentu horietan ezarritako printzipioak; estatu kideei eta Batzordeari eskatzen die egintzarik ez hartzeko printzipio horien aurka; nabarmentzen du ezen, gutxieneko administrazio-arauak ezartzen dituzten bitartean, instituzioek eta estatu kideek ez dutela legerik ez administrazio-neurririk hartuko gutxiengoetako pertsonen eskubideak ahuldu edo zapaltzeko;

19. Berresten du ezen herri indigenek, beren eskubideak egikaritzean, diskriminazio-mota guztietatik aske egon behar dutela, eta eskubidea izan behar dutela duintasunerako eta beren kulturaren, tradizioen, historiaren eta asmoen aniztasunerako, eta hori behar bezala islatu beharko da hezkuntzan eta jendaurreko informazioan; estatu kideak adoretzen ditu Herrialde Independenteetako Herri Indigena eta Tribalei buruzko Konbentzioa (LANEren 169. Konbentzioa) berronestera, baldin eta oraindik hori berretsi ez badute;

20. Uste du ezen gutxieneko arau erkideak garatu behar direla Batasuneko gutxiengoetako pertsonen eskubideak babesteko, betiere auzotasun onaren eta adiskidetasunezko harremanen prozedura-printzipioei jarraituz eta estatu kideen arteko zein Batasunekoak ez diren auzo-herrialdeekiko lankidetza bermatuz, nazioarteko arau eta estandarren aplikazioa oinarri hartuta; uste du ezen Europako arau erkideak eta gutxieneko arauak hartzeak ez dituela kaltetu behar jada gutxiengoetako pertsonak babesten dituzten eskubideak eta arauak; gogoratzen du ezen beharra dagoela ESLEren esparruan hartutako konpromisoak eta garatutako printzipioak exekutatzeko, bereziki haren jarraibide eta gomendio tematikoak; gogoratzen du ezen Batzordeak atxikitze-negoziazioetan jada kontuan hartu dituela arau horiek Kopenhageko irizpideen esparruan; horri dagokionez, Batzordeari eskatzen dio, arau berak aplika diezazkiela Batasuneko estatu kide guztiei;

21. Azpimarratzen du ezen diskriminaziorik ezeko politikek berez ez dituztela konpontzen gutxiengoek dituzten arazoak, eta ez dutela haien asimilazioa prebenitzen; ikusten du ezen gutxiengoetako pertsonak kategoria berezia direla errekurtso-eskubideari dagozkionez, eta beharrizan espezifikoak dituztela, zeinak bete egin behar baitira gutxiengooi berdintasun oso eta eraginkorra bermatzeko, eta beharrezkoa dela haien eskubideak errespetatu eta sustatzea, besteak beste, euren burua askatasunez adierazteko eskubidea, eta haien identitate kulturala edo linguistikoa zaintzeko eta garatzeko eskubidea, betiere gutxiengo horiek bizi diren estatuaren identitatea, balioak eta printzipioak errespetatuz; Batzordeari eskatzen dio susta dezala Batasuneko hizkuntza- eta kultura-aniztasuna aldian-aldian kontrolatzea;

22. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen jarrai dezatela berdintasunari buruzko datu fidagarri eta sendoen bilketa babesten eta finantzatzen, betiere gutxiengoen ordezkariekin kontsultak eginez desberdintasunak eta diskriminazioa neurtzeko; eskatzen du ezen Batasunaren mailan jarraipen eraginkorra egin dadila gutxiengo nazional eta etnikoen egoerari buruz; uste du ezen FRAk hobeto egin behar duela estatu kideetako gutxiengo nazional eta etnikoen aurkako diskriminazioaren jarraipena;

23. Aitortzen du ezen gizarte zibilak eta gobernuz kanpoko erakundeek zeregin garrantzitsua dutela gutxiengoen babesean, diskriminazioaren aurkako borrokan eta gutxiengoen eskubideen sustapenean; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die behar adinako finantzaketa eta antolakunde horien babesa sustatzeko;

24. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen gutxiengoen babesa zain dezatela eta gutxiengoon barruko desberdintasunei hel diezaietela, zeren gutxiengoetako pertsonek aurre egin behar baitiete sarritan askotariko eta sektore arteko diskriminazioei; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ikerketak egin ditzatela askotariko eta sektorearteko diskriminazioaren arazo konplexuari heltzeko;

Diskriminazioaren, gorrotoak eragindako delituen eta gorrotoa eragitearen aurkako borroka

25. Adierazten du ezen arduratuta dagoela arrazakeriak, xenofobiak edo erlijio-intolerantziak eragin eta Europako gutxiengoen aurka zuzendutako gorroto-delituen gorakada kezkagarriagatik; Batasunari eta estatu kideei eskatzen die ezen borroka areagotu dezatela gorroto-delituen eta diskriminazio-jarrera eta -portaeren aurka; Batzordeari eta FRAri eskatzen die ezen lanean jarrai dezatela estatu kideetako gutxiengoen aurkako gorroto-delituen eta gorrotoa eragitearen kontrolari buruz, eta aldian-aldian informa dezatela kasu eta joerei buruz.

26. Argi eta garbi gaitzesten ditu diskriminazio-mota guztiak, arrazoia edozein dela ere, eta bereizketa-modu guztiak, gorrotoaren diskurtsoa, gorrotoak eta gizarte-esklusioak eragindako delituak, eta Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen argi eta garbi gaitzets eta zeha dezatela gutxiengo nazional edo etnikoen aurka egindako basakerien ukapena; ikusiz 2017ko urriaren 25eko Ebazpena, zeina baita ijitoak Batasunean integratzearen alderdiei buruzkoa, aspektu horiek oinarrizko eskubideekin lotuta daudenean: borroka egitea antigitanismoaren aurka; gogoratzen du ezen Europako herritar guztiek laguntza eta babesa jaso behar dituztela neurri berean, haien jatorri etnikoa edo kulturala edozein dela ere; Batzordeari eskatzen dio Europako esparru bat sor dezala, eta estatu kideei eskatzen die plan nazional espezifikoak egin ditzatela indarkeria xenofoboari eta gutxiengoetako pertsonen aurkako gorroto-eragiteari aurre egiteko;

27. Azpimarratzen du ezen estatu kideek elkarrekiko harreman adiskidetsuak eta egonkorrak sustatu behar dituztela, eta estatu kideok adoretzen ditu auzo-herrialdeekin elkarrizketa irekia eta laguntzakoa izatera, batez ere hizkuntza eta kultura desberdinak dituzten mugako erregioetan;

28. Europako Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu Batasuneko herritarrak aniztasunaren inguruan sentsibilizatzeko kontzientziazio-jarduerak sartzera, bai eta gutxiengoen kulturen adierazpen-modu baketsuak sustatzera ere; estatu kideak adoretzen ditu gutxiengo nazional eta etnikoen historia barne har dezaten eta beren eskoletan tolerantziaren kultura susta dezaten, ikasketa-planen zati gisa; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen kultura-elkarrizketak abiaraz ditzatela baita ere ikastetxeetan, eta ez horietan bakarrik, gutxiengoetako taldeen aurkako gorrotoaren modu eta aurpegi ezberdinei buruz; estatu kideak adoretzen ditu eurek jagon dezaten diskriminaziorik eza eta gutxiengoetako pertsonen historia eta eskubideak hezkuntza-sistema nazionalaren edukietan txerta daitezen;

29. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu kanpainak egitera gorrotoari eragiteko diskurtsoen aurka, polizia-indarren barruan borroka-unitateak sortzera gorrotoak eragindako delituen aurka, betiere gutxiengoen taldeek dituzten erronken ezagutzan oinarrituta, eta adoretzen ditu etengabeko prestakuntzako jarduerak egitera, bai eta legearen aurrean gutxiengoetako pertsonen berdintasuna bermatzera ere, eta justizia eta eskubide prozesalak iristeko berdintasuna bermatzera.

30. Uste du ezen Batzordeak eta estatu kideek jagon behar dutela gutxiengoetako kideek beren eskubideak beldurrik gabe egikaritu ahal izatea; horri dagokionez, estatu kideei eskatzen die giza eskubideei, herritartasun demokratikoari eta alfabetatze politikoari buruzko derrigorrezko hezkuntza sar dezatela maila guztietako eskola-programetan; Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu nahitaezko prestakuntza eman diezaieten arduradun politikoei, zeinak funtsezkoak baitira Batasuneko eta estatu kideetako legeria zuzen aplikatzeko, eta prest egon behar baitute herritar guztiak zerbitzatzeko giza eskubideen ikuspegitik; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen sektorearteko diskriminazioari hel diezaiotela bai politiketan, bai finantzaketa-programetan;

31. Estatu kideak adoretzen ditu egiaren eta adiskidetzearen batzorde nazionalak ezartzera, elkarrekiko konfiantza sortze aldera, horren helburua delarik mendeetan zehar gutxiengoetako kideen jazarpena, bazterketa eta arbuioa aitortzea, eta gai horiek dokumentatzea; estatu kideei eskatzen die zalantzarik gabe gaitzets eta zeha dezatela gutxiengo nazionaletako kideen aurka egindako basakerien ukapena, eta estatu kideok adoretzen ditu gutxiengoen taldeak oroitzeko egiten diren egun nagusiak ospatu eta ohoratzera, hala nola erromani-holokaustoa oroitzeko jardunaldia; estatu kideak adoratzen ditu gutxiengoen taldeen historia eta kultura erakutsiko dituzten instituzioak sortzera, zeinei laguntza finantzario eta administratiboa emango baitzaie;

32. Funtsezkotzat jotzen du gutxiengoen taldeek gizartearen, ekonomiaren, politikaren eta kulturaren eremuetan aktiboki eta modu esanguratsuan parte hartzea; beraz, Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die estrategiak egin ditzatela, zeinek beren barruan neurri proaktiboak eta erreakziokoak izango baitituzte, betiere gutxiengoen taldeetako ordezkariekin egindako kontsulta errealetan eta sistematikoetan oinarrituta, eta estatu kideoi eskatzen ere die gutxiengoen talde horiek sar ditzatela maila guztietan, baita tokikoan ere, abian jartzen diren programa eta proiektu orokorren kudeaketan, jarraipenean eta ebaluazioan, horren helburua delarik programa eta proiektuon izaera inklusibo eta ez-diskriminatzailea zaintzea;

33. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen berma dezatela Arraza-berdintasunari buruzko Zuzentaraua erabat aplikatzen eta betetzen dela, eta adoretzen ditu diskriminazioaren aurkako borrokari buruzko legeriari buruzko kontzientziazio-kanpainetan parte hartzera; uste du ezen estatu kideek jagon egin behar dutela zehapenak behar bezain eraginkorrak, neurritsuak eta disuasiozkoak direla, zuzentarauak eskatzen duen bezala; Batzordeari eskatzen dio zuzentarauaren aplikazioa behar bezala gainbegiratzeko;

34. Deitoratzen du 2008ko Tratu-berdintasunari buruzko Zuzentarau-proposamenak (COM(2008)0426) Kontseiluaren onespenaren zain jarraitzea; berriz ere dei egiten dio Kontseiluari bere jarrera lehenbailehen har dezan;

Gutxiengo nazional eta etnikoak

35. Gogoan hartzen du ezen gutxiengo nazional eta etnikoak lurralde berean bizi izan diren gutxiengoetako pertsonen taldeak direla, zeinek identitate erkide bat partekatzen baitute, kasu batzuetan mugak aldatzearen ondorioz, eta beste batzuetan luzaroan eremu jakin batean beren identitatea zaintzen jakinez bizitzearen ondorioz; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen gutxiengo nazionalen identitate kultural eta linguistikoa babes dezatela, eta baldintzak sor ditzatela identitate hori sustatzeko; nabarmentzen du ezen Batasuneko erregioetako eta tokietako agintariek eginkizun garrantzitsua dutela gutxiengo nazional eta etnikoak babesteko, eta uste du ezen administrazioa berrantolatzeak eta lurraldea berriro mugatzeak ez dietela ondorio negatiborik ekarri behar haiei; estatu kideak adoretzen ditu finantza-baliabideak ematera gutxiengoen eskubideak aurrekontu zentralaren pentzudan aplikatzeko, betiere toki-aurrekontuak gehiegi ez zamatzeko;

36. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu gutxiengo nazional eta etnikoen aukera-berdintasuna bermatzera, gizartearen bizitza politiko eta sozialean parte hartzeko; estatu kideak adoretzen ditu gutxiengo nazional eta etnikoen ordezkaritza erraztuko duten hauteskunde-sistemak eta -legeak hartzera; estatu kideei eskatzen die ezen neurri zuzentzaileak berehala har ditzatela jaiotzen inskripzio diskriminatzailea amaitzeko, gutxiengoen taldeetako kideen jaiotzak diskriminaziorik gabe inskribatzeko, eta berma dezatela luzatzen diren nortasun-txartelak ez direla diskriminatzaileak;

37. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu gutxiengoen arloko egungo politiken azterketa koherentea egitera, betiere indarguneak eta erronkak argitzeko, eta gutxiengo nazional eta etnikoen eskubideen errespetua bermatzeko;

38. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziari (FRA) eskatzen dio ezen irizpen bat egin dezala gutxiengo nazionaletako pertsonen eskubideak babesteko eta sustatzeko bitartekoak sortzeko moduei buruz, EBJAk T-646/13 gaian emandako epaiarekin bat etorriz;

Kultura-arloko eskubideak

39. Azpimarratzen du ezen kultura-jarduerak funtsezko eremuak direla gutxiengo nazionalen identitatea zaintzeko, eta gutxiengoen tradizioak zaintzea eta balio artistikoak ama-hizkuntzan adieraztea bereziki garrantzitsuak direla europar aniztasuna zaintzeko; adierazten du ezen gutxiengoen kultura-ondarea mantentzea interes erkidekoa dela Batasunarentzat eta estatu kideentzat; Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu gutxiengoen kultura-eskubideak babestu, hobetu eta susta ditzaten;

40. Gogoratzen du ezen funtsezkoa dela “kultura” zer den ulertzea, betiere gutxiengoen eskubideen irismena definitzeko; adierazten du ezen, zentzu zabalean, kultura erkidego baten jarduera eta lorpen material eta immaterial guztien batura dela, bai eta beste erkidego batzuetatik bereizten duena ere; nabarmentzen du ezen kultura-eskubideek hauek hartu behar dituztela barne: bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea, kulturaz gozatzeko eskubidea, kide izateko taldea aukeratzeko eskubidea, hizkuntza-eskubideak, eta ondare kultural eta zientifikoen babesa.

41. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu gutxiengo nazionalek eta etnikoek Batasuneko kultura-ondareari egiten dioten ekarpena aitortzera, gutxiengoetako pertsonen ordezkariekiko elkarrizketa indartzera, eta politika eta ekintza koordinatuak identifikatzera eta aplikatzera beren kulturaren babesa eta garapena modu jasangarrian kudeatzeko; estatu kideak adoretzen ditu praktikak maila nazionalean instituzionalizatzeko maila egokia bermatzera, betiere kultura-eskubideak babesteko;

42. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu gutxiengo nazional eta etnikoak eta horietako pertsonak elkartu eta laguntzera kultura-ondarea zaintzeko, garatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko beharrezkoak diren ezagutza eta kualifikazioak sustatzen; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen ezar eta manten ditzatela gutxiengoetako pertsonentzako funtsezko kultura-funtsak, maila horizontalean zein bertikalean, betiere kultura-erkidegoen kultura-bizitzari laguntza eraginkor, garden eta ekitatiboa bermatze aldera.

43. Nabarmentzen du ezen komunikabideek funtsezko zeregina betetzen dutela eskubide kulturalei eta linguistikoei dagozkienez; gogoratzen du ezen informazioa eta edukia jaso eta argitaratu ahal izatea, eta horiek norberak erabat uler ditzakeen eta bere burua komunika dezakeen hizkuntza batean iristea aldez aurreko baldintza dela bizitza publikoan, ekonomikoan, sozialean eta kulturalean berdintasunez eta eraginkortasunez parte hartzeko; horri dagokionez, ikusten du arreta berezia jarri behar zaiela mugetako eta landetako eremuetan eta eremu bakartuetan bizi diren gutxiengo nazional eta etnikoetako pertsonen beharrizanei; kezkatuta dagoela adierazten du zeren hizkuntza erregional eta gutxituetan argitaratzen edo emititzen dituzten komunikabideak gutxi finantzatzen baitira; Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu gutxiengoak ordezkatzen dituzten antolakundeei edo komunikabideei finantzaketa egokia ematera, horren helburua delarik gutxiengoak eta kultura-identitateak babesten laguntzeko, eta euren ikuspuntuak, hizkuntza eta kultura gehiengoarekin partekatzeko aukera emateko;

44. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen berma dezatela komunikabideek independentziaz jardun dezaketela, hedabideetan hizkuntza gutxituen erabilera susta dezatela eta gutxiengo nazional eta etnikoak kontuan har ditzatela komunikabideen zerbitzuei lizentziak ematerakoan, bai eta irrati- eta telebista-igorgailuak esleitzerakoan ere; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen funts egokiak eman diezazkietela gutxiengoen antolakunde ordezkariei, bai gutxiengoen taldeetako kide-izatea eta talde horiekiko identifikazioa sustatzeko, bai gehiengoaren arreta erakartzeko gutxiengoen talde horien identitateetarantz, historietarantz eta kulturetarantz;

45. Gogoratzen du ezen komunikabide publikoek funtsezko garrantzia dutela eduki horiek sustatzeko orduan, batez ere tokian tokiko eta erregioetako enteen kontrol demokratikoaren esparruan; Batzordea adoretzen du baldintza juridikoak eta erregelamenduzkoak sortzera gutxiengoak bizi diren erregioetan ikus-entzunezko zerbitzuak emateko eta ikus-entzunezko edukiak transmititzeko eta jasotzeko askatasuna bermatze aldera, betiere gutxiengoetako kideek edukiak beren ama-hizkuntzan ikusi edo entzun ahal izan ditzaten, geoblokeaturik egon gabe;

46. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen baliabide egokien bitartez berma dezatela ikus-entzunezko komunikabideek ez dezatela inolako bultzadarik jarri gutxiengoetako pertsonen aurkako indarkerian edo gorrotoan; nabarmentzen du ezen komunikabideek zeregin garrantzitsua dutela gutxiengoen eskubideen urratzeak zabaltzeko orduan, zeren, urratzeok salatzen ez badira, eguneroko errealitateek ikusezinak izaten jarraitzen baitute;

47. Estatu kideak adoretzen ditu haiek har ez dezaten egintza politiko eta juridikoetatik eta neurri murriztaileak ezartzera bideratutako politiketatik bat ere, hala nola azpitituluak jartzeko edota itzultzeko betebeharrak eta hizkuntza ofizialetako programetarako nahitaezko kuotak; Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu erregioetako komunikabideen edo hizkuntza gutxituetako komunikabideen presentzia ahalbidetzera eta sustatzera, baita lineako interfazeetan ere; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen berma dezatela finantzaketa egokia edo dirulaguntzak emango zaizkiela gutxiengo nazional eta etnikoak ordezkatzen dituzten antolakundeei eta komunikabideei, betiere haien beharrizanak eta ezaugarri espezifiko erregionalak kontuan hartuta;

48. Estatu kideei eskatzen die ezen, Kultura Ondarearen Europako Urtearen espirituan, beren gutxiengoen kulturak balioets eta susta ditzatela, betiere gutxiengoon historiaren eta tradizioen zabalkundea sustatuz eta direnak direlako erkidego horien isolamendua saihestuz;

49. Nabarmentzen du ezen kultura-ondarearen arloko edozein politikaren garapenak integratzailea eta parte-hartzailea izan behar duela, tokian tokiko erkidegoetan oinarritu behar duela, eta gutxiengoen erkidegoekin kontsulta eta elkarrizketa aurreikusi behar dituela;

Hezkuntzarako eskubidea

50. Adierazten du ezen hezkuntzak berebiziko garrantzia duela sozializazioan eta identitatearen garapenean, eta oraindik ere tresna nagusia dela arriskuan dauden hizkuntza gutxituak biziberritzeko eta zaintzeko; nabarmentzen du ezen gutxiengo nazional bateko pertsona orok eskubidea duela hezkuntza hizkuntza gutxituan jasotzeko; nabarmentzen du ezen ama-hizkuntzako hezkuntzarekin jarraitzea ezinbestekoa dela kultura- eta hizkuntza-identitatea zaintzeko; gogoan hartzen du ezen, hezkuntza hizkuntza gutxituetan hartzeari dagokionez, ez dagoela jardunbide egoki bakarrik gutxiengo nazional eta etniko guztientzat; adierazten du ezen beharra dagoela zeinu-hizkuntza erabiltzen duten pertsonei arreta berezia jartzeko;

51. Gogoratzen du ezen Gutxiengo Nazionalak babesteko Europako Kontseiluaren Esparru-konbentzioaren 14. artikuluak estatu kideei gomendatzen diela ahaleginak egin ditzatela, ahal den neurrian eta beren hezkuntza-sistemaren esparruan, gutxiengo nazionaletako pertsonek aukera izan dezaten kasuan kasuko hizkuntza gutxitua ikasteko edo irakaskuntza hizkuntza horretan jaso dezaten, horrek guztiak eragotzi gabe hizkuntza ofiziala ikastea edo hura irakastea;

52. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen beren etorkizuneko ekintzetan tresna egokiak gaitu ditzatela gutxiengo nazional eta etnikoak bizi diren lurraldeetan mintzatzen diren hizkuntzen erabilera ofiziala sustatzeko eta babesteko, toki- edo erregio-mailan, betiere Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioaren eta Hizkuntzen Gutunaren printzipioekin bat etorriz, eta, aldi berean, jagongo du hizkuntza erregional eta gutxituak babestu eta sustatzea ez doala hizkuntza ofizialen kalterako, ez eta haiek ikasteko betebeharraren kalterako ere;

53. Deitoratzen du ezen estatu kide batzuek oraindik ez dutela berronetsi Hizkuntzen Gutuna, eta berronetsi duten batzuek ere ez dutela eraginkortasunez aplikatzen; adierazten du ezen zapuztuta dagoela zeren orain dauden eskubideak ez baitira estatu kide batzuetan aplikatzen edo eskubideok ageri-agerian urratzen baitira;

54. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen jagon dezatela, nazioarteko arauekin bat etorriz, gutxiengo nazional eta etnikoetako pertsonek beren eskubideak bermatuta dituztela, eta aukera egokiak dituztela hizkuntza gutxituetan eskolatzeari eta irakaskuntza beren ama-hizkuntzan jasotzeari dagokienez, bai irakaskuntza-zentro publikoetan, bai pribatuetan; estatu kideak adoretzen ditu hezkuntza-politika egokiak formulatzera eta gutxiengo nazional eta etnikoen beharrizanei ondoen erantzuten dieten politikarik onenak aplikatzera, hezkuntza-programa espezifikoen edo ikasketa-plan eta testuliburu berezien bitartez ere; estatu kideak adoretzen ditu irakasleen prestakuntza finantzatzen laguntzera, irakaskuntza eraginkorra hizkuntza gutxitu batean bermatzeko, eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntzaren arloko jardunbiderik onenak hizkuntza ofizialen irakaskuntzarako metodologian txertatzera, hezkuntza hizkuntza gutxitu batean ematen duten eskoletarako ikasketa-planei dagokienez; nabarmentzen du ezen estatu kideek jagon behar dutela hizkuntza erregional eta gutxituak eta hizkuntza ofiziala metodo egokiak erabiliz irakasten direla;

55. Estatu kideak adoretzen ditu hizkuntza erregional edo gutxitu bat ama-hizkuntza gisa hitz egiten duten pertsonek aukera izan dezaten hizkuntza ofiziala behar bezala ikasteko, atzerriko hizkuntzen eta bigarren hizkuntzen irakaskuntzaren jardunbide egokiak Estatuko hizkuntza ofiziala irakasteko hartutako ikuspegi metodologikoan txertatuz;

56. Azpimarratzen du ezen gutxiengoetako pertsonek ere gehiengoaren hizkuntza, historia eta kultura ikasi behar dituztela, eta gehiengo horretako ikasleek, publikoak oro har bezala, gutxiengoen historiarekin eta kulturarekin ohitu behar dutela eta hizkuntza gutxituak ikasteko aukera izan behar dutela;

57. Estatu kideak adoretzen ditu hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztunen eskakizunak betetzen dituzten testuliburuak egitera, edo, hori ezinezkoa bada, hizkuntza horietan argitaratutako beste herrialde batzuetako testuliburuen erabilera erraztera, direnak direlako hizkuntzak erabiltzen dituzten herrialdeetako hezkuntza-arloko organismo arautzaileekin lankidetzan jardunez;

58. Azpimarratzen du ezen oso garrantzitsua dela goi-mailako irakaskuntza ama-hizkuntzan ematea eta terminologia espezifikoari buruzko ezagutzak dituzten espezialistak prestatzea, batez ere kasuan kasuko hizkuntzako hiztun ugari dituzten erregioetan; nabarmentzen du ezen behar-beharrezkoa dela medikuei hizkuntza gutxituetan irakastea;

59. Estatu kideetako gobernuak adoretzen ditu gutxiengoen ordezkariek beren hezkuntza-sistemen antolaketari buruzko eztabaidetan parte harraraztera;

60. Estatu kideak adoretzen ditu lehentasun-atalaseak definitzera hizkuntza erregional eta gutxituak ikasteko, betiere hezkuntzan ekitatea bermatze aldera; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen susta dezatela gutxiengo nazional eta etnikoetako pertsonek irakaskuntza hizkuntza gutxituan, bereziki ama-hizkuntzan, jasotzeko duten eskubidea, bai gutxiengo horien presentzia handia duten eremuetan, bai landa-eremuetan eta bai giza kokagune oso sakabanatuak dituzten eremuetan ere, baldin eta eskari nahikoa badago; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen berma dezatela hezkuntza-politika eta erreformek ez dutela eskolatzea hizkuntza gutxituetan jasotzeko eskubidea mugatzen;

61. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu hezkuntza-sistemetan hizkuntza erregional eta gutxituetarako laguntza integratua maila bertikalean izan dezaten sustatzera, zehazki, estatu kideetako hezkuntza-ministerioetan eta Batzordearen barruan unitateak sortuz, zeinek ardura izango baitute hizkuntza gutxitu eta erregionaletan ematen den irakaskuntza ikasketa-planetan sartzeko; estatu kideak adoretzen ditu, hizkuntza gutxituetarako, ikasteko lerro jarraitua sustatzera, eskolaurreko hezkuntzatik hirugarren mailako hezkuntzaraino;

62. Nabarmentzen du ezen irakasleen prestakuntza eta kalitate oneko testuliburuetarako eta ikasmaterialetarako irispidea aurretiazko ezinbesteko baldintzak direla ikasleei kalitateko hezkuntza bermatzeko; uste du ezen ikasketa-planek, ikasmaterialek eta historiako testuliburuek irudi justua, zehatza eta informatiboa eman behar dutela gutxiengoen taldeen gizarte eta kulturei buruz; ikusten du ezen, hezkuntza hizkuntza gutxituan emateari buruz, badagoela zabal-zabal aitortutako arazo bat, zeina baita kalitateko behar beste ikasmaterialik ez egotea eta hizkuntza gutxituetan behar bezala erakusteko behar adina irakasle kualifikaturik ez egotea; ikusten du ezen historiaren irakaskuntza multidimentsionalak betekizuna izan behar duela eskola guztietan, bai gehiengoen erkidegoetan, bai gutxiengoen erkidegoetan; nabarmentzen du ezen garrantzitsua dela irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak garatzea, betiere irakaskuntzaren maila guztietan eta eskola-modalitate guztietan dauden beharrizanei erantzuteko;

63. Azpimarratzen du ezen hizkuntza gutxituak irakasteak gehiengoen eta gutxiengoen artean elkar ulertzen laguntzen duela, eta erkidegoak elkarrengana hurbiltzen dituela; estatu kideak adoretzen ditu neurri positiboak aplikatzera gutxiengoen ordezkaritza egokia bermatzeko irakaskuntzan, bai eta administrazio publikoan eta agentzia exekutiboetan ere, nazio-, erregio- eta udal-mailan;

64. Batzordea adoretzen du programak indartzera, zeinen eginkizun nagusia izango baita Europako hizkuntza erregional eta gutxituetan ematen den hezkuntzaren arloko esperientziak eta jardunbiderik onenak trukatzea; Batasunari eta Batzordeari eskatzen die “Erasmus+”, “Europa Sortzailea” eta “Herritarrentzako Europa” programen etorkizuneko sorkuntzan hizkuntza erregional eta gutxituak gehiago nabarmentzeko, betiere urte anitzeko finantza-esparru berriaren ingurumarian;

65. Oso deitoratzen du ezen Batasuneko estatu kide batzuetan gutxiengoetako ikasleak ez direla irakaskuntza orokorreko sistemako instituzioetan sartzen, ezpada eskola berezietara bideratzen direla, betiere eskolak emateko erabiltzen den hizkuntza behar bezala ez dakitela argudiatuz; gogoratzen du ezen hizkuntza gutxitu batean ematen den irakaskuntza edo gutxiengo partikular bateko kide izatea ezin direla aitzakia gisa erabili identitatearen ondorioz haurrak eskolatik bereizteko; estatu kideei eskatzen die ez dezatela bereizketa-modu hori aplika eta neurri egokiak har ditzatela ikasle horiek eskola normaletan eskolatuta egon ahal izan daitezen; estatu kideei eskatzen die azter dezatela oinarrizko giza eskubideei eta gutxiengoen eskubideei buruzko gaiak sartzea, bereziki eskola-programetan, hezkuntzaren bidez kultura-aniztasuna eta tolerantzia sustatzeko modu gisa;

Hizkuntza-eskubideak

66. Gogoan hartzen du ezen hizkuntza gutxiengoen kultura-identitatearen eta giza eskubideen funtsezko elementua dela; nabarmentzen du beharrezkoa dela hizkuntza gutxitua erabiltzeko eskubidea sustatu beharra dagoela, dela pribatuan, dela jendaurrean, inolako diskriminaziorik egin gabe, gutxiengoetako pertsonen populazio handia dagoen eremuetan, gainera, jagon behar dela hizkuntza hori belaunaldiz belaunaldi transmititu ahal izatea, eta beharra dagoela Batasunean hizkuntza-aniztasuna babesteko; Europako Batzordeari eskatzen dio ezen indar dezala hizkuntza erregionalen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko plana, Europar Batasunean hizkuntza-diskriminazioa eragozteko eta hizkuntza-aniztasuna sustatzeko bitarteko posible gisa; gogoratzen du ezen gutxiengo horretako kide ez diren pertsonek hizkuntza gutxituen ezagutza sustatzea elkar-ulertzea eta -aitortzea sustatzeko modu bat dela;

67. Nabarmentzen du ezen 2013ko irailaren 11ko Ebazpenean, zeina baita desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzkoa[213], Parlamentuak gogorarazi zuela ezen Batzordeak arreta jarri beharko lukeela egitate jakin batean, zeina baita estatu kide eta erregio batzuek, beren politikekin, beren mugen barruan hizkuntzen iraupena arriskuan jartzen dutela, nahiz eta hizkuntza horiek ez egon arriskuan Europan; Batzordeari eskatzen dio azter dezala zein diren hizkuntza horien erabilera eragozten duten administrazio- eta legegintza-oztopoak;

68. Adierazten du ezen, 24 hizkuntza ofizialez gain, Europar Batasunak beste 60 hizkuntza ere hartzen dituela, zeinak ere haren hizkuntza- eta kultura-ondarearen zati baitira eta erregio jakin batzuetan edo talde espezifikoetan 40 milioi pertsona mintzatzen baitira; adierazten du ezen Europar Batasunaren eleaniztasuna bakarra dela nazioarteko antolakundeen mailan; adierazten du ezen eleaniztasunaren printzipioa Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean ezarrita dagoela, zeinak Europar Batasuna behartzen baitu hizkuntza-aniztasuna errespetatzera eta hizkuntza- eta kultura-ondare aberatsa babestera, hizkuntzen ikaskuntza eta hizkuntza-aniztasuna sustatuz;

69. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu, administrazio-agintarien eta zerbitzu publikoko antolakundeen ingurumarian, hizkuntza erregional eta gutxituak praktikan erabil daitezen ahalbidetu eta sustatzera, betiere proportzionaltasun-printzipioari jarraituz, adibidez, partikularren eta antolakundeen, alde batetik, eta agintari publikoen arteko harremanetan, bestetik; estatu kideak adoretzen ditu informazioa eta zerbitzu publikoak hizkuntza horietan ematea erraztera, bai eta Interneten ere, gutxiengo nazional eta etnikoetako pertsonak modu esanguratsuan dauden eremuetan;

70. Estatu kideak adoretzen ditu hizkuntza gutxitu eta erregionaletarako irispidea sustatzera, bai itzulpen, bikoizketa eta azpititulazioko jarduerak finantzatuz eta babestuz, bai terminologia egokia eta ez-diskriminatzailea kodifikatuz erregistro administratibo, komertzial, ekonomiko, sozial, tekniko eta juridikoetan;

71. Direnak direlako eremuetako udal-agintariak adoretzen ditu aukera ematera hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzeko; estatu kideak, berriz, adoretzen ditu orientabide gisa estatu-mailan lehendik dauden jardunbide egokiez baliatzera;

72. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu hizkuntza erregional eta gutxituen erabilera sustatzera tokian-tokian eta erregioetan; ingurumari horretan, udal-agintariak aktiboki adoretzen ditu praktikan hizkuntza horien erabilera bermatzera;

73. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu jagotera gutxiengo nazionaletako biztanleen presentzia nabarmena duten eremuetan zuzen idatz daitezela segurtasuneko markatzea eta etiketatzea, nahitaezko jarraibide garrantzitsuak eta inportazioari buruz herritarrei egiten zaizkien iragarki publikoak, zeinak agintariek edo sektore pribatuak ematen baitituzte, bai eta toponimoak eta izendapen topografikoak ere, eta eskuragarri egon daitezela erregio jakin batean erabili ohi diren hizkuntzetan, bai eta hiriguneetara sartzeko eta haietatik irteteko seinaleak eta gainerako bide-seinale informatibo guztiak ere;

74. Gogoan hartzen du hizkuntza erregional eta gutxituen irudikapen bisuala —bide-seinaleak, kale-izenak, administrazio-erakundeen, erakunde publikoen eta merkataritza-erakundeen izenak, eta abar— funtsezkoa dela gutxiengo nazional edo etnikoen eskubideak sustatzeko eta babesteko, zeren hizkuntza erregional eta gutxituen ezinbesteko erabilera islatzen eta laguntzen baitu, eta gutxiengo nazional edo etnikoetako pertsonak adoretzen baititu beren hizkuntza-identitate espezifikoa eta hizkuntza-eskubideak erabili, zaindu eta garatzera, beren toki-identitate multietnikoa adieraztera, eta beren identifikazioa indartzera toki edo erregio jakin batean bizi diren taldeetako kide gisa;

75. Estatu kideei eskatzen die ez egiteko edo ezabatzeko gutxiengoei estatu jakin bateko lanbideen espektro osora iristea eragozten dieten praktika juridikoak; estatu kideei eskatzen die zerbitzu juridikoetara eta judizialetara irispide egokia bermatzeko; nabarmentzen du ezen gutxiengoen ordezkariei ere esplizituki jakinarazi behar zaiela beren legeria nazionalaren arabera zein prozedura bete behar diren baldin eta gutxiengo bateko kide gisa dituzten eskubideak urratzen badira;

76. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu aitortzera gutxiengo nazional bateko pertsona orok eskubidea duela bere abizena (patronimikoa) eta ponte-izena hizkuntza gutxituan erabiltzeko, bai eta horiek ofizialki aitortuak izan daitezen ere, are Batasunaren zirkulazio askearen ingurumarian;

77. Batzordea eta estatu kideak adoretzen ditu ekintzak abiaraztera edozein oztopo administratibo edo finantzariori aurrea hartzeko, baldin eta oztopook Europako eta nazioetako hizkuntza-aniztasuna kaltetu ahal badute eta gutxiengo nazional eta etnikoetako pertsonen hizkuntza-eskubideak egikaritzea eta aplikatzea eragotzi ahal badituzte; estatu kideei eskatzen die hizkuntza-jardunbide diskriminatzaileei amaiera emateko;

Ondorioa

78. Batzordeari eskatzen dio ezen Batasunaren gutxieneko arauen esparru erkide bat egin dezala gutxiengoak babesteko; gomendatzen du ezen esparru erkide horrek etapa neurgarriak eta aldizkako jakinarazpen bat aurreikus ditzala; esparru horrek, gutxienez, honako hauek izango ditu:

— estatu kideetako jardunbide egokien berri emango duten jarraibideak lantzea, betiere gutxiengoen eskubideen babesean inplikatutako alde interesdunekin lankidetzan jardunez,

— Batzordearen gomendioa, zeinak kontuan hartuko baititu orain dauden neurri nazionalak, subsidiariotasuna eta proportzionaltasuna,

— zuzentarau-proposamen legegilea, zeina egingo bailitzateke eraginaren ebaluazio egokia egin ondoren eta estatu kideei aplikatu beharreko subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioen arabera; proposamen horren oinarri Batasuneko gutxiengoentzako gutxieneko arauei buruzko puntuak izango lirateke, eta irizpide eta zehapen argiak sartuko lirateke;

79. Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die ezen jagon dezatela esparruak datuen bilketa barne hartzen duela, bai eta zaintzarako eta salaketarako metodologiak ere, zeinak oinarrituko baitira tokian bertan egindako lanetan, eta bideratuko baitira finantza- eta kalitate-alderdietara; izan ere, elementu horiek balio dute probetan oinarritutako politika eraginkorrak babesteko, eta lagungarriak izan daitezke hartutako estrategia, ekintza eta neurrien eraginkortasuna hobetzeko;

80. Lehendakariari eskatzen dio ezen igor diezaiela ebazpen hau Kontseiluari, Batzordeari, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziari, estatu kideetako eta herrialde hautagaietako gobernu eta parlamentuei, ESLEri, ELGAri, Europako Kontseiluari eta Nazio Batuei.


7.2.18. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/788 (EB) Erregelamendua, 2019ko apirilaren 17koa, Europako Herri-ekimenari buruzkoa[214]

Europako Parlamentuak eta Europar Batasuneko Kontseiluak,

[…]

Ikusiz Erregioetako Lantaldearen irizpena[215],

[…]

Hau kontuan hartuz:

[…]

11. Europako herri-ekimenak inklusiboagoak eta ikusgarriagoak izan daitezen, antolatzaileek, beren sustapen- eta komunikazio-jardueretarako, Batasuneko instituzioen hizkuntza ofizialez bestelako hizkuntzak erabil ditzakete, baldin eta, estatu kideen konstituzio-ordenamenduarekin bat etorriz, hizkuntza horiek ofizialak badira haien lurralde osoan edo zati batean.

[…]

Erregelamendu hau hartu dute:

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

4. artikulua.— Batzordearen eta estatu kideen informazioa eta laguntza

1. […]
Batzordeak Europako herri-ekimenari buruzko gida bat jarriko du herritarren eskura, linean, paperean eta Batasuneko instituzioen hizkuntza ofizial guztietan.

4. Batzordeak, 6. artikuluaren arabera, ekimen bat erregistratu ondoren, edukiaren itzulpena, eranskinarena barne, eskuratuko du Batasuneko instituzioen hizkuntza ofizial guztietara, II. eranskinean ezarritako mugen barruan, betiere erregistroan argitaratzeko eta erregelamendu honen araberako babes-adierazpenak jasotzean erabiltzeko.

Antolatzaileen taldeak, gainera, ekimenari buruzko informazio gehigarriaren itzulpena Batasuneko instituzioen hizkuntza ofizial guztietara egingo du, eta, hala badagokio, baita II. eranskinean aipatzen den egintza juridikoaren proiektuarena ere, 6. artikuluaren 2. apartatuaren arabera aurkeztuta. Itzulpen horiek antolatzaileen taldearen ardurapekoak izango dira. Antolatzaileen taldeak emandako itzulpenen edukia bat etorriko da 6. artikuluaren 2. apartatuarekin bat etorriz aurkeztutako ekimenaren edukiarekin.

Batzordeak bermatuko du ezen 6. artikuluaren 2. apartatuarekin bat etorriz aurkeztutako Europako herritarren ekimenari buruzko informazioa eta apartatu honekin bat etorriz aurkeztutako itzulpenak erregistroan eta webgune publikoan argitaratuko direla.

II. KAPITULUA
Prozedura-xedapenak

6. artikulua.— Erregistroa

2. Antolatzaileen taldeak erregistro-eskabidea aurkeztuko dio Batzordeari erregistroaren bidez. Eskabidea aurkezten duenean, antolatzaileen taldeak honako hauek ere egin beharko ditu:

a) II. eranskinean agertzen den informazioa Batasuneko instituzioen hizkuntza ofizialetako batean transmititzea;

III. KAPITULUA
Beste xedapen batzuk

21. artikulua.— Xedapen nazionalen komunikazioa

2. Batzordeak xedapen horiek argitaratuko ditu estatu kideek, 1. apartatuarekin bat etorriz, komunikaziorako erabiltzen duten hizkuntzan.

II. ERANSKINA
Ekimen bat erregistratzeko eskatzen diren datuak

1. Ekimenaren izenburua, gehienez, 100 karakterekoa.[216]

2. Batzordeak erabaki behar duen ekimenaren helburuak, gehienez ere 1.100 karakteretan tarterik gabe (hizkuntzaren arabera doitutako batezbestekoa). [217]

Antolatzaileen taldeak eranskin bat eman ahal izango du ekimenaren gaiari, helburuei eta aurrekariei buruz; eranskin horrek, gehienez ere, 5.000 karaktere izango ditu, tarterik gabe (hizkuntzaren arabera doitutako batezbestekoa). [218]


7.2.19. Europako Parlamentuko Mahaiaren Erabakia, 2019ko uztailaren 1ekoa, Eleaniztasunaren Jokabide-kodeari buruzkoa[219]

Europako Parlamentuko Mahaiak,

— Ikusiz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua, eta, bereziki, haren 24. eta 342. artikuluak,

— Ikusiz Kontseiluaren 1. Erregelamendua, 1958koa, zeinaren bidez finkatzen baita Europako Ekonomia Erkidegoko hizkuntza-araubidea,

— Ikusiz Europako Parlamentuaren Barne-erregelamendua, eta, bereziki, 25. artikuluaren 2. eta 9. apartatuak, 32. artikuluaren 1. apartatua, 167., 168. artikuluak, 180. artikuluaren 6. apartatua, 203., 204., 205. artikuluak, 208. artikuluaren 9. apartatua, eta 226. artikuluaren 6. apartatua, eta IV. eranskineko 7. puntua,

— Ikusiz Europako Parlamentuaren, Europar Batasuneko Kontseiluaren eta Europako Batzordearen 2016ko apirilaren 13ko “Legeak hobeto egin” erakundearteko akordioa[220],

— Ikusiz Europako Parlamentuaren, Europar Batasuneko Kontseiluaren eta Europako Batzordearen Baterako Adierazpena, 2007ko ekainaren 13koa, erabakiak batera hartzeko prozeduraren modalitate praktikoei buruzkoa, eta, zehazki, haren 7., 8. eta 40. apartatuak,

— Ikusiz Legegintza-prozedura Arruntaren Esparruan negoziatzeko 2017ko irailaren 28ko Jokabide-kodea,

— Ikusiz Mahaiaren 2011ko abenduaren 12ko Erabakia, zeina baita “Erabateko eleaniztasuna, baliabideak eraginkortasunez erabiliz Europako Parlamentuak 2012ko ekitaldirako duen aurrekontuari buruzko erabakia interpretatzerakoan eta aplikatzerakoan”,

— Ikusiz Mahaiaren 2014ko abenduaren 15eko Erabakia, batzorde parlamentarioen eskuordetzek Europako Parlamentuko hiru lantokietatik kanpora egin beharreko joan-etorriei buruzko arauei buruzkoa, eta, bereziki, haren 6. artikulua,

— Ikusiz Lehendakarien Konferentziaren 2015eko urriaren 15eko Erabakia, hauteskunde-behaketarako misioak arautzen dituzten aplikazio-xedapenei buruzkoa, eta, bereziki, haren 6. artikulua,

— Ikusiz Europako Parlamentuaren 2013ko irailaren 10eko Ebazpena, zeina baita “Europako Parlamentuan interpretazio-zerbitzu eraginkorragoak eta errentagarriagoak lortzeko bidean”[221],

— Ikusiz Europako Arartekoarekin 2006ko martxoaren 15ean sinatutako lankidetzarako esparru-akordioa,

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren arteko praktika administratiboen modalitateak, zeinak baitira 2011ko uztailaren 26koak, EBFTko 294. artikuluaren 4. paragrafoa aplikatzeko, baldin eta lehenengo irakurraldian akordioa badago,

— Ikusiz Europako Parlamentuak, Erregioetako Lantaldeak eta Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak 2014ko otsailaren 5ean sinatutako lankidetza-akordioa,

Hau kontuan izanik:

(1) 2013ko ekitaldirako aurreikuspenen egoerari buruzko 2012ko martxoaren 29ko Ebazpenean, Parlamentuak eleaniztasunaren printzipioa defendatu zuen, eta Parlamentuaren izaera bakarra nabarmendu zuen, betiere interpretazio- eta itzulpen-beharrizanei zegokienez; aldi berean, instituzioen arteko lankidetzak eremu horretan duen garrantzia azpimarratu zuen.

(2) Parlamentuak egindako dokumentuek ahalik eta kalitate-mailarik handiena izan behar dute. Arreta berezia eskaini behar zaio kalitateari, Parlamentuak legegile gisa diharduenean, betiere “Legeak hobeto egin” erakundearteko akordioan ezarritako betekizunekin bat etorriz.

(3) Parlamentuko hizkuntza-zerbitzuen kalitate-maila handiari eusteko, zeina baita ezinbesteko faktorea diputatuek beren aukerako hizkuntzan hitz egiteko duten eskubidea erabat bermatzeko, erabiltzaile guztiek zorrotz errespetatu behar dituzte jokabide-kode honetan ezarritako betebeharrak hizkuntza-zerbitzuetara jotzeko orduan.

(4) Eleaniztasun integralaren aplikazio iraunkorra hizkuntza-zerbitzuen erabiltzaileen kontzientziazio osoaren mende dago, betiere zerbitzu horiek emateak dakarren kostuari dagokionez, eta, horrenbesterekin, zerbitzu horiek ahalik eta hobekien erabiltzeko ardura handiagoa hartzearen mende, baliabideak eraginkortasunez erabiliz.

(5) Zabalkuntza baten ondoren hizkuntza-baliabide gutxi dago denbora-tarte jakin batean, bada, tarte horretan neurri partikularrak behar dira baliabide horiek banatzeko.

Onetsi egiten du erabaki hau:

1. artikulua.— Xedapen orokorrak

1. Diputatuen hizkuntza-eskubideak Europako Parlamentuaren Erregelamenduan daude araututa. Eskubide horiek eleaniztasun integralaren printzipioetan oinarrituta bermatzen dira, baliabideak eraginkortasunez erabiliz. Jokabide-kode honek behar diren garapen-arauak finkatzen ditu, eta, bereziki, zein diren bete beharreko lehentasunak, baldin eta hizkuntza-baliabideek aukerarik ematen ez ez badute eskatutako zerbitzu guztiak emateko.

2. Europako Parlamentuak eskaintzen dituen hizkuntza-zerbitzuak honelaxe kudeatzen dira: “erabateko eleaniztasuna, baliabideak eraginkortasunez erabiliz” izenekoaren printzipioen arabera.

Horrela, oso-osorik errespetatzen da diputatuek aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko duten eskubidea, Europako Parlamentuaren Erregelamenduaren arabera. Eleaniztasunari ezarri behar zaizkion baliabideak honelaxe kudeatuko dira: erabiltzaileen benetako beharrizanen, haien arduraren eta hizkuntza-zerbitzuen eskabideen plangintza hobearen arabera. Erabiltzaileek gaitasun osoa dute beren hizkuntza-beharrizanak definitzeko, baina zerbitzu hornitzaileari dagokio eskatutako zerbitzuak bermatzeko behar diren prozedurak eta erabakiak definitzea.

3. Bilkuraldi partzialen egutegi-proiektua eta bilkuraldi partzialetatik at kanpoko jardueretarako erreserbatutako asteen egutegi-proiektua, zeinak Lehendakarien Konferentziari aurkezten baitzaizkio, kontuan hartuko dituzte, ahal den neurrian, “erabateko eleaniztasuna, baliabideak eraginkortasunez erabiliz” agiriaren betebeharrak, betiere Instituzioko organo ofizialen lana egiteko.

4. Interpretazio- eta itzulpen-zerbitzuak erabiltzaileentzat eta 2. eta 14. artikuluetan zerrendatutako dokumentuen kategorietarako erreserbatuko dira. Mahaiak beren-beregi eta salbuespenez baimenik ematen ez badu, ezingo zaie halakorik eman ez banakako diputatuei, ez kanpoko organismoei. Amaiera juridiko-linguistikoa 10. artikuluan zerrendatutako dokumentuen kategorietarako erreserbatuko da.

5. Alderdi politikoen bilerak “Talde Politikoen Bilerei buruzko Erregelamendua”ren arabera arautzen dira. Hizkuntza-baliabideek ez badute uzten taldeei ematen taldeok eskatutako zerbitzu guztiak, jokabide-kode honetan ezarritako prozedurak aplikatuko dira.

I. ZATIA
Interpretazioa

2. artikulua.— Interpretazioaren erabiltzaileentzako lehentasun-hurrenkera

1. Interpretazioa erabiltzaileentzat erreserbatuko da, lehentasun-hurrenkera honetan:

a) Osoko Bilkura;

b) lehentasunezko bilera politikoak, hala nola lehendakariaren bilerak, Parlamentuko organoenak (Europako Parlamentuaren Erregelamenduaren I. tituluko III. kapituluan definitutakoaren arabera), haren lantaldeenak eta adiskidetze-batzordeenak;

c) i) batzordeak, eskuordetza parlamentarioak, hiru aldeko elkarrizketak eta ordezko txostengileen bilerak: batzordeei erreserbatutako aldietan zehar, batzorde eta eskuordetza parlamentarioek eta hiru aldeko elkarrizketek lehentasuna izango dute gainerako erabiltzaileekiko, a) eta b) letretan aipatutakoak izan ezik;

ii) talde politikoak: bilkuraldi partzialetan eta taldeentzat erreserbatutako aldietan, talde politikoek lehentasuna izango dute gainerako erabiltzaile guztiekiko, a) eta b) letretan aipatutakoak izan ezik;

d) Europako Parlamentuaren eta EBko estatuetako parlamentuen baterako bilerak;

e) prentsaurrekoak, hedabideetako informazio-ekintza instituzionalak, mintegiak barne; komunikazioko beste ekintza instituzional batzuk;

f) Mahaiak eta Lehendakarien Konferentziak baimendutako gainerako organo ofizialak;

g) administrazio-egintza batzuk, zeinetarako idazkari nagusiak baimendu baitu interpretazioa.

Interpretazioa, funtsean, Parlamentuko organoen bileretarako erreserbatuko da. Beraz, administrazio-bileretarako interpretazioa soilik eman ahal izango da, baldin eta aldez aurretik idazkari nagusiak hura baimendu badu; horretarako, erabiltzaileak behar bezala justifikatutako eskabidea eta Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak (LKIZN) egindako irizpen teknikoa hartuko dira oinarritzat; izan ere, irizpide horren gaia hauxe da: zein baliabide dagoen bilerari denbora-tarte bat esleitzeko, zeinean bilera askorik ez dagoen.

2. Parlamentuak interpretazio-zerbitzua emango die, era berean, ACP-UE Batzar Parlamentario Parekideari (Cotonouko Akordioaren 1. protokoloaren arabera), eta Mediterraneorako Batasunaren Batzar Parlamentarioari, Batzar Parlamentario Euro-Latinoamerikarrari, EuroNest Batzar Parlamentarioari eta bilera parlamentario mistoei (indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz), bai eta Europako Arartekoari ere (2006ko martxoaren 15eko Lankidetzarako Esparru Akordioarekin bat etorriz).

3. Bestalde, Parlamentuak interpretazio-zerbitzuak eskainiko dizkie Europako beste instituzio batzuei, eta Erregioetako Lantaldeari eta Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeari, 2014ko otsailaren 5eko lankidetza-akordioaren esparruan.

3. artikulua.— Interpretazioaren kudeaketa

1. Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak baino ez du emango 2. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan aipatzen diren erabiltzaile guztientzako interpretazioa.

2. Interpretazioa araubide misto baten arabera egingo da, eta oinarri gisa hartuko dira 4. artikuluaren 1. apartatuan definitutako interpretazio-profilak eta interpretazio-sistema guztiak, zeinak halakotzat onartuta baitaude, betiere hizkuntza-beharrizan errealen eta interpreteen merkatuko eskuragarritasunen arabera. Diputatuek beren aukerako hizkuntza ofizialari edo ofizialei buruzko informazioa ematea sustatuko da, interpretazio-profilak finkatzeko bilera-mota jakin batzuetarako, zeinetan hizkuntza-baliabideak ez diren nahikoak eskatutako zerbitzu guztiak emateko.

3. Interpretazio-baliabideen kudeaketaren oinarria sistema bat da, zeinak informazioa trukatzea ahalbidetuko baitu, 2. artikuluak emandako zentzuan, erabiltzaileen, zerbitzu eskatzaileen eta Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiaren artean.

4. Diputatuek, nork bere buruz, ad personam interpretazio-zerbitzua erabili ahal izango dute, baldin eta zerbitzu horretarako eskubidearekin eginkizunak egikaritzen badituzte, 1. eranskinean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.— Lantokietako bileren hizkuntza-araubidea

1. Bilerak lantokietan egiteko, Osoko Bilkurak izan ezik, erabiltzaile orok, bere burua eratzen duenean, interpretazio-profil bat finkatu eta eguneratuko du, betiere dena delako organoa osatzen duten diputatuei emandako informazioa eta bilera ofizialetarako hizkuntza ofizial bat edo gehiago aukeratu izana kontuan hartuta.

Interpretazio-profilak honelaxe hartuko ditu kontuan hizkuntzak:

a) Profil estandarra: lehenengoz aukeratutako hizkuntzetan oinarritua; diputatuek adieraziko dute zein hizkuntzatan mintza daitezkeen edota zein hizkuntzatan jaso dezaketen interpretazioa, eta azalduko da zein den bilera-gelan gehien egin daitekeena.

b) Profil asimetrikoa: lehenengoz aukeratutako hizkuntzetan oinarritua; diputatuek adieraziko dute zein hizkuntzatan hitz egin nahi duten eta zein diren bigarren hizkuntzak interpretazioa jasotzeko, baldin eta lehenengo aukera baliagarri ez badago.

Salbuespeneko inguruabarretan, bigarren aukerako hizkuntzetan datzan oinarrizko profil bat eman ahal izango da; izan ere, diputatuek adieraziko dute zein den bigarren hizkuntza hori hitz egiteko edota interpretazioa jasotzeko, baldin eta lehenengo aukera baliagarri ez badago.

2. Organoko idazkaritzari dagokio profila kudeatzea, organoburuarekin ados jarrita. Profila aldian-aldian eguneratuko da, eskatutako eta benetan erabilitako hizkuntzen arabera, eskumena duten zerbitzuak ados jarrita.

3. Interpretazio-profil estandarra oinarri hartuta antolatuko dira bilerak, arau orokor gisa. Diputatu eta gonbidatu ofizialak bilera partikular batera joateak aukera ematen duenean hizkuntza bat beharrezkoa ez dela ziur jakiteko, organoko idazkaritzak berehala emango die horren berri gainerako interpretazio-profilak zati batean edo osorik aplikatzeko batera plantea dezaketen zerbitzuei.

5. artikulua.— Lantokietatik kanpoko bileren hizkuntza-araubidea

Batzorde eta eskuordetza parlamentarioak

1. Hizkuntza-araubidea Erregelamenduaren 167. artikuluko 3. eta 4. apartatuen arabera ezarriko da, bilerara joango diren kideek hara joango direla baieztatu ondoren; baieztapen hori, gutxienez, bileraren aurreko bigarren asteko ostegunean egingo da.

2. Kanpoko jarduera parlamentarioetarako erreserbatutako asteetan egindako misioetarako, interpretazio estandarreko profilak barne hartu ahal izango ditu batzordearen edo eskuordetzaren interpretazio estandarraren hizkuntza-profileko bost hizkuntza gehienez. Beste hizkuntza batzuk modu asimetrikoan eskaini ahal izango dira, baldin eta horrek ez badu eskatzen interpretazio-kabinen edota interpreteen kopurua handitzea. Salbuespeneko inguruabarretan, Mahaiak bost hizkuntza baino gehiagotan interpretatzea baimendu ahal izango du, betiere aurrekontu-baliabideek eta jardun dezaketen interpreteen kopuruak horretarako aukera ematen dutenean[222].

3. Kanpoko jarduera parlamentarioetarako erreserbatutako asteetatik at egindako misioei dagokienez, misioetarako hizkuntza-araubide mugatua aplikatuko da, zeinak ezin izango baitu gainditu hizkuntza bakar baterako interpretazioa batzordearen edo eskuordetzaren interpretazio-profil estandarretik.

Talde politikoak

4. Gehienez ere interpretazio estandarraren profileko hizkuntzen % 60ko interpretazio aktiboa eskainiko da, eta hizkuntza aktiboen kopurua ezin izango da zazpitik gorakoa izan. Taldean ordezkatutako beste hizkuntza batzuen interpretazio pasiboa modu asimetrikoan eskaini ahal izango da, baldin eta horrek ez badu eskatzen interpretazio-kabinen edota interpreteen kopurua handitzea.

Herrialde anfitrioiaren hizkuntza ez bada taldearen interpretazio estandarreko hizkuntza-profilekoa, beste hizkuntza horretan interpretazio aktiboa eta pasiboa ere eskaini ahal izango dira.

Salbuespeneko inguruabarretan, lehenengo eta bigarren paragrafoetan xedatutakoaren salbuespenak baimendu ahal izango ditu Mahaiak. Hala badagokio, taldeari eskatu ahal izango dio eskatutako salbuespenak eragindako gastuetan parte hartzeko.

6. artikulua.— Interpretazioa behar duten bilera-eskabideak programatu, koordinatu eta izapidetzea

1. Barne Politiken eta Kanpo Politiken zuzendaritza nagusiek eta talde politikoetako idazkari nagusiek beren organo iraunkorren eskabideak[223] aurkeztuko dizkiote Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiari, betiere, hiru hilabete aurretik, eta bileren mailakatze orekatua bermatuko dute lan-asteko ordu-tarte guztietan[224].

2. Bileren Egutegiko Zerbitzuak, alde batetik, eta talde politikoetako idazkari nagusiek, bestetik, beharrezko neurriak hartuko dituzte euren erabiltzaileen eskabideak koordinatzeko, bereziki ezohiko eta azken orduko bileren eskabideak direnean.

3. Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu eskatzaileak finkatutako lehentasunen arabera izapidetuko ditu eskabideak, kontuan hartuta 2. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako lehentasun-hurrenkera eta 4. artikuluaren 1. apartatuan definitutako interpretazio-profilak.

4. Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusia, zerbitzu eskatzaileekin batera, behar den koordinazioaz arduratuko da, baldin eta erabiltzaile batek interpretazioa behar duen bilerarako eskabidea aurkezten badu normalean beste erabiltzaile batentzat erreserbatutako ordu-tarte baterako. Hala ere, erabiltzaileari dagokio, bidezkoa denean, agintari politikoen erabakia jasotzea, parlamentuko egutegiaren salbuespena eskatzen denean.

5. Lehentasun-maila bereko eskabideak aldi berean egiten direnean edo 8. artikuluaren 1. apartatuko a) letran eta 2. apartatuko a) letran jasotako ezinbesteko kasuak gertatzen direnean, gaia aldez aurretik baimendu beharko du idazkari nagusiak, oinarritzat hartuta erabiltzaileak eta Bilera Egutegiko Zerbitzuak behar bezala justifikatutako eskabidea, eta baliabideen eskuragarritasunari buruzko irizpen teknikoa, zeina egin behar baitu Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak[225].

7. artikulua.— Programazioaren printzipioak

1. Bilkura-asteetan izan ezik, eta erabilgarri dauden giza baliabideen arabera, interpretazioa duten bilera paraleloen kopurua ez da inoiz izango 16 bilera baino gehiagokoa egunean[226]. Gehieneko kopuru horren barruan, honako muga hauek aplikatuko dira:

— gehienez ere 5 bilera egin ahal izango dira, zeinetan 23[227] hizkuntza ofizialetaraino bete ahal izango baitira (horietako baterako, osoko bilkurarako, hizkuntza ofizial guztiak bete ahal izango dira);

— 4 bilera gehigarri, zeinetan 16 hizkuntza ofizial ere bete ahal izango baitira[228];

— 5 bilera gehigarri, zeinetan 12 hizkuntza ofizialetaraino bete ahal baitira; eta

— 2 bilera gehigarri, zeinetan 6 hizkuntza ofizial ere bete ahal izango baitira;

2. Batzordeek beren ohiko bilerak antolatuko dituzte batzordearen bileretarako erreserbatutako asteetan, eta ordua aukeratuko dute hauen artean:

— A tartea: asteleheneko eguerditik astearte arratsaldera (gehienez 3 lanaldi erdi), eta

— B tartea: asteazken goizetik ostegun arratsaldera (4 lanaldi erdi gehienez).

Batzorde-bileretarako astearte eta asteazken arratsaldeetan, 5 ordu-tarte erreserbatuko dira hiru aldeko elkarrizketetarako eta horiei lotutako ordezko txostengileen bileretarako, eta 11 ordu-tarte batzorde-bileretarako, edo 4 ordu-tarte hiru aldeko elkarrizketetarako eta horiei lotutako ordezko txostengileen bileretarako, baldin eta 12 batzorde-bilera egiten badira; gainera, eskuordetzen bileretarako ordu-tarteak, hasieran, ostegun arratsaldeko ordu-tarteetan programatuko dira.

3. Bileretarako interpretazioak gehienez lau ordu iraungo du lanaldi erdiko, salbu eta 2. artikuluaren 1. apartatuko a) eta b) letretan aipatutako erabiltzaileen bilerak. Muga hori gainditzen denean, beharrezkoak diren interpretazio-baliabide gehigarriak kontuan hartuko dira 7. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako mugaren ondorioetarako.

4. Ez dira baimenduko bilerak luzatzeko in situ aurkezten diren eskabideak.

8. artikulua.— Interpretazioa eta hizkuntza-estaldura behar dituzten bilera-eskabideak aurkezteko eta ezerezteko epeak

Lantokietako bilerak

1. Lantokietan egiten diren bileretarako, epe hauek aplikatuko dira:

a) Bilerak egiteko eskabideak

Ezinbesteko kasuetan edo Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak ezarritako epeetan izan ezik, eskabide guztiak

— bilera osagarria egitekoak[229],

— bilera geroratzekoak, edo

— bilera-lekua aldatzekoak

gehienez ere bilera egiteko aurreikusitako data baino astebete lehenago aurkeztu beharko dira, edo bi aste lehenago, baldin eta eskabideak jarduera handieneko tarte bati eragiten badio[230].

Eskabide horiek 6. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera izapidetuko dira.

b) Hizkuntza-estaldura hartzeko eskabideak

Hizkuntza ofizial gehigarri bat estaltzeko eskabide oro, gutxienez, bilerarako aurreikusitako data baino bi aste lehenago aurkeztu beharko da. Epe hori igarotakoan, baliabideek ahalbidetzen badute bakarrik baimenduko da eskabidea.

Azken epea bileraren aurreko asteko ostegunaren eguerdian amaituko da, bai hizkuntza gehigarriak estaltzeko eskabideak aurkezteko (baliabideak eskuratzeko bermerik gabe), bai aurkeztutako eskabideak berresteko. Epe horren ondoren aurkeztutako eskabide berrientzat, Bileren Egutegiko Zerbitzuak aztertuko du, Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiarekin batera, ea aplika daitekeen interpretazio-profil ez-estandar bat zati batean edo osorik, salbu eta ordu-tarte berean bileraren bat deuseztatzearen ondorioz baliabideak badaude edo eskabideak jarduera gutxiko tarte bati eragiten badio[231].

Batasunetik kanpoko hizkuntza bat estaltzeko eskabide oro, gutxienez, bilerarako aurreikusitako data baino lau aste lehenago aurkeztu beharko da.

c) Ezereztea

Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak bilera- edo hizkuntza-ezerezte ororen berri jaso beharko du ahalik eta lasterren, eta, edozelan ere, bileraren aurreko asteko ostegun eguerdian gutxienez. Ezerezteko epea izango da sortutako gastuak kalkulatzeko oinarria, zeina kontuan hartuko baitu Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak txostena aurkezterakoan 15. artikuluarekin bat etorriz.

Lantokietatik kanpoko bilerak

1. Lantokietatik kanpo egiten diren bileretarako, epe hauek aplikatuko dira:

a) Bilerak egiteko eskabideak

Ezinbesteko kasuetan edo datak Parlamentuak finkatzen ez dituenean izan ezik, eskabide guztiak

— bilera osagarria egitekoak[232],

— bilera geroratzekoak, edo

— bilera-lekua aldatzekoak

gehienez ere bilera egiteko aurreikusitako data baino sei aste lehenago aurkeztu beharko dira. Eskabide horiek 6. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera izapidetuko dira.

b) Hizkuntza-estaldura hartzeko eskabideak

5. artikulua dela bide, hizkuntza ofizial gehigarri bat estaltzeko eskabide oro, gutxienez, bilerarako aurreikusitako data baino sei aste lehenago aurkeztu beharko da.

Azken epea bileraren aurreko bigarren asteko ostegunaren eguerdian amaituko da, bai hizkuntza gehigarriak estaltzeko eskabideak aurkezteko (baliabideak eskuratzeko bermerik gabe), bai aurkeztutako eskabideak berresteko.

Epe horren ondoren aurkeztutako eskabideei dagokienez, Bileren Egutegiko Zerbitzuak aztertuko du, Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiarekin batera, ea aplika daitekeen interpretazio-profil ez-estandar bat zati batean edo osorik.

c) Ezereztea

Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak bilera- edo hizkuntza-ezerezte ororen berri jaso beharko du ahalik eta lasterren, eta, edozelan ere, bileraren aurreko bigarren asteko ostegun eguerdian gutxienez. Ezerezteko epea izango da sortutako gastuak kalkulatzeko oinarria, zeina kontuan hartuko baitu Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak txostena aurkezterakoan 15. artikuluarekin bat etorriz.

II. ZATIA
Amaiera juridiko-linguistikoa eta hizkuntza-egiaztapena[233]

9. artikulua.— Amaiera juridiko-linguistikoa edo hizkuntza-egiaztapena behar duten testuak aurkeztea eta atzera botatzea

1. Itzultzera bidali aurretik, amaiera juridiko-linguistikoa edo hizkuntza-egiaztapena behar duten batzorde parlamentarioen testu guztiak hauei aurkeztuko zaizkie:

— testu legegileen kasuan, Legegintza-egintzen Zuzendaritzari, amaiera juridiko-linguistikoa emateko,

— testu ez-legegileen kasuan, Itzulpen Zuzendaritza Nagusiari, hizkuntza egiaztatzeko[234].

2. Barne-erregelamenduaren 74. artikuluko 4. apartatuaren arabera behin-behinean erabakitako testuen kasuan izan ezik, amaitzeko edo egiaztatzeko ataza, hasieran, lanegun bateko epean amaituko da, testua jasotzen denetik zenbatzen hasita.

Amaitzeko edo egiaztatzeko atazaren esparruan, aldaketa ez-teknikoak soilik egin ahal izango zaizkio batzordean onetsitako testu bati, baldin eta batzordeko idazkaritzarekin hala adosten bada, batzordeburuaren ardurapean.

Testu amaituek edo egiaztatuek, batzordeko idazkaritzarekin adostutakoaren arabera, batzordeak itzulpenetarako eta ondorengo bertsioak sortzeko lehenago aurkeztutako testua ordeztuko dute. Automatikoki, testuaren kopia elektroniko bat (copy-back) bidaliko da batzordeko idazkaritzara.

3. Legegintza-egintzen Zuzendaritzak eta Itzulpen Zuzendaritza Nagusiak lanegun bateko epean amaitu ahal izan ditzaten amaitze- edo egiaztatze-atazak, batzordeetako idazkaritzek bermatuko dute testuaren arduradun izendatutako pertsona prest egongo dela epe horretan testu horri buruzko galdera guztiei erantzuteko.

4. Artikulu honetan ezarritako epea luzatu egingo da testu luzeak badira, 13. artikuluaren 1. apartatuaren arabera, edo, batzorde interesduneko idazkaritzarekin ados jarrita, zuzenketa-sorta oso handiak badaude, edo lan-zamaren ezohiko kontzentrazioa badago, edo inguruabarrek epe global luzeagoa ahalbidetzen badute.

5. Barne-erregelamenduaren 74. artikuluko 4. apartatuarekin bat etorriz, legegintza-prozedura arruntaren arabera, Kontseiluarekin behin-behineko akordio bat lortzen denean, Parlamentuko edo Kontseiluko itzulpen-zerbitzuek egindako itzulpenak jaso eta hurrengo sei asteetan osatuko ditu Legegintza-egintzen Zuzendaritzak amaiera juridiko-linguistikoaren atazak, hala ezartzen baita Erabakiak batera hartzeko Prozeduraren Modalitate Praktikoei buruzko 2007ko ekainaren 13ko Baterako Adierazpenaren 40. puntuan, eta EBFTren 294. artikuluko 4. apartatua aplikatzeko 2011ko ekainaren 26ko xedapen praktiko administratiboetan, baldin eta erabakiak lehenengo irakurraldian hartzen badira.

6. 10. artikuluaren 3. apartatuan eta 11. artikuluaren 3. apartatuan aipatutako testuak amaitzeko eta egiaztatzeko, zerbitzu eskatzailearen arabera ezarriko dira epeak, kasuz kasu.

10. artikulua.— Amaiera juridiko-linguistikorako lehentasun-hurrenkera

1. Legegintza-egintzen Zuzendaritzak honako dokumentu-kategoria hauek amaituko ditu, adierazitako lehentasun-hurrenkeraren arabera:

a) Legegintza-prozedura arruntaren arabera Kontseiluarekin lortutako behin-behineko akordioak;

b) batzorde parlamentarioen behin betiko legegintza-txostenak, zeinetan batzordeok, 71. artikuluaren 1. apartatuarekin bat etorriz, erabakia hartu baitute negoziazioak hasteko;

c) batzorde parlamentarioen behin betiko legegintza-txostenak eta txostenoi Osoko Bilkuran aurkeztutako zuzenketak;

d) behin betiko legegintza-txostenetarako transakzio-zuzenketak;

e) batzorde parlamentarioen legegintza-txostenaren proiektuak;

f) batzorde parlamentarioen legegintza-iritziak;

g) batzorde parlamentarioen legegintza-iritzien proiektuak;

h) batzorde eskudunetan edo iritzia emateko batzorde eskudunetan aurkeztutako zuzenketak.

Gainera, b) letratik h) letrara bitartean aipatutako testuei dagokienez, Osoko Bilkuran bozkatu behar diren testuetako zatiak baino ez dira amaituko, eta horrek justifikazioak eta zioen azalpenak baztertzen ditu.

2. Legegintza-egintzen Zuzendaritzak batzorde parlamentarioen lanaren jarraipena egingo du eta, eskatzen zaionean, diputatuei eta batzordeetako idazkaritzei aholkularitza eta laguntza emango dizkie 1. apartatuan aipatutako testu legegileen idazketari buruz.

3. Lege-egintzen Zuzendaritzak 1. apartatuan aipatutakoez bestelako testuak amaitu ahal izango ditu, baldin eta bere giza baliabideek horretarako aukera ematen badiote.

11. artikulua.— Hizkuntza-egiaztapenerako lehentasun-hurrenkera

1. Itzulpen Zuzendaritza Nagusiak honako dokumentu-kategoria hauek amaituko ditu, adierazitako lehentasun-hurrenkeraren arabera:

a) batzorde parlamentarioen behin betiko txosten ez-legegileak eta txostenoi Osoko Bilkuran aurkeztutako zuzenketak;

b) batzorde parlamentarioen txosten ez-legegilearen proiektuak;

c) batzorde parlamentarioen iritzi ez-legegileak;

d) batzorde parlamentarioen iritzi ez-legegileen proiektuak;

e) ebazpen-proposamenak;

f) behin betiko txosten ez-legegileetarako transakzio-zuzenketak.

Gainera, a) letratik d) letrara bitartean eta f) letran aipatutako testuei dagokienez, Osoko Bilkuran bozkatu behar diren testuetako zatiak baino ez dira egiaztatuko, eta horrek justifikazioak eta zioen azalpenak baztertzen ditu.

2. Itzulpen Zuzendaritza Nagusiak batzorde parlamentarioen lanaren jarraipena egingo du eta, eskatzen zaionean, diputatuei eta batzordeetako idazkaritzei aholkularitza eta laguntza emango dizkie 1. apartatuan aipatutako testu ez-legegile parlamentarioen idazketari buruz.

3. Itzulpen Zuzendaritza Nagusiak 1. apartatuan aipatutakoez bestelako testuak egiaztatu ahal izango ditu, baldin eta bere giza baliabideek horretarako aukera ematen badiote.

III. ZATIA
Itzulpena

12. artikulua.— Jatorrizkoen aurkezpena eta kalitatea, eta hasierako plangintza amaiera-, egiaztapen- eta itzulpen-zerbitzuetarako

1. Itzulpen-eskabideak aplikazio informatiko egokien bidez aurkeztuko dira. Aldi berean, zerbitzu eskatzaileak biltegi egokian utziko du itzultzeko dokumentuaren jatorrizko testua. Jatorrizko testuak indarrean dauden ereduak eta balizatze-arauak errespetatuko ditu. Kalitate tekniko egokia izango du,·itzulpen-tresna informatiko egokiak erabili ahal izateko[235]. Gainera, hizkuntza- eta idazketa-kalitate egokia izan beharko du, eta beharrezkoak diren erreferentzia guztiak izan beharko ditu, itzulpen-lana ez bikoizteko eta itzulitako testuaren koherentzia eta kalitatea bermatzeko.

2. Beren lan-programan oinarrituta, batzordeetako idazkaritzek eta itzulpen-zerbitzuen gainerako eskatzaile guztiek aurreikusitako lan-zamaren berri emango diete hiru hilean behin legelari-hizkuntzalarien zerbitzuei eta itzulpen-zerbitzuei. Testu bereziki luzeak edota salbuespeneko zuzenketa-sorta handiak aurreikusten direnean, presaz jakinaraziko zaie hori alde interesdun guztiei.

3. Legelari-hizkuntzalarien zerbitzuek eta itzulpen-zerbitzuek ere premiaz abisatuko diete batzordeetako idazkaritzei eta itzulpen-zerbitzuen gainerako eskatzaile guztiei, eskatutako epea errespetatzeko zailtasunak aurreikusten dituztenean.

13. artikulua.— Amaitzeko, egiaztatzeko eta itzultzeko epeak[236]

1. Batzordeko idazkaritzak edo ordezkaritzako idazkaritzak aurkeztuko ditu batzorde edo eskuordetza parlamentarioan aztertu behar diren testuak, betiere aplikazio informatiko egokien bidez, eta itzulpena egiteko eskatzen duen bilera egin baino 10 lanegun lehenago gutxienez. 10 laneguneko epearen barruan lanegun bat sartuko du amaitu edo egiaztatzeko, bai Legegintza-egintzen Zuzendaritzak, bai Itzulpen Zuzendaritza Nagusiak (salbu eta testu luzeen kasuan —zortzi orrialde estandar baino gehiago—, zeinetarako 2 lanegun baimenduko baitira amaitu edo egiaztatzeko). Betiere epe hori errespetatuz, itzulitako testuak formatu elektronikoan emango dira, itzulpena egiteko eskatzen duen bilera egin baino bi lanegun lehenago gutxienez. Testuak ondoren inprimatuko dira eta itzulpena behar duen bileran banatuko dira.

2. Batzorde parlamentarioek onetsitako behin betiko txostenak bilkuraldi partzial bateko gai-zerrendan sartu ahal izango dira, baldin eta Legegintza-egintzen Zuzendaritzari igorri bazaizkio egiaztatzeko, eta behin betiko legegintza-txostenen eta Erregelamenduari egindako zuzenketen kasuan, amaitzeko, edo Itzulpen Zuzendaritza Nagusiari, hizkuntza-egiaztapenerako, gutxienez

a) bilkuraldi partziala hasi baino hilabete lehenago, lehenengo irakurketarako legegintza-txostenen kasuan (COD*** I);

b) bilkuraldi partzialaren aurreko laugarren lan-asteko ostiralean, kontsulta-prozedurarekin edo onespen-prozedurarekin bat etorriz onetsitako legegintza-txostenen kasuan (CNS, NLE, APP) eta norberaren ekimeneko txostenen kasuan (INL, INI);

c) Bilkuraldi partzialaren aurreko hirugarren lan-asteko ostiralean, gainerako txostenen kasuan.

Betiere epe hori errespetatuz, txostenak hizkuntza ofizial guztietan emango zaizkie taldeei, bilkuraldi partzialaren aurreko bigarren asteko ostiraleko 12:00ak baino lehen. Hala ere, lehenengo irakurketarako lege-txostenak (COD*** I) aplikazio informatiko egokien bidez aurkezten direnetik 10 laneguneko epean emango dira.

Behin betiko txostenak, amaitzeko, Legegintza-egintzen Zuzendaritzari bidaliko zaizkio (testu legegileen kasuan), edo Itzulpen Zuzendaritza Nagusiari, hizkuntza-egiaztapenerako (testu ez-legegileen kasuan), txostenok batzordean onetsi eta ahalik eta lasterren, eta, printzipioz, onetsi eta gehienez ere bi laneguneko epean.

Barne-erregelamenduaren 71. artikuluko 1. apartatuarekin bat etorriz, batzorde batek negoziazioak hastea erabaki badu behin betiko legegintza-txosten batean oinarrituta, ez da aplikatuko artikulu honen 2. apartatuko a) letran aurreikusitako hilabeteko epea. Legegintza-egintzen Zuzendaritzak eta Itzulpen Zuzendaritza Nagusiak bermatuko dute behin betiko legegintza-txosten horiek amaituko direla eta jatorrizko hizkuntza-bertsioa lehentasunez zabalduko dela txostenok aplikazio informatiko egokien bidez aurkeztu ondoren.

3. Barne-erregelamenduaren 74. artikuluko 4. apartatuarekin bat etorriz, legegintza-prozedura arruntaren arabera Kontseiluarekin behin-behineko akordio bat lortzen denean, akordatutako testua Parlamentuko itzulpen-zerbitzuei aurkeztuko zaie, 10 egun balioduneko epean. Presazko kasuetan, epe laburragoa aplikatu ahal izango da, instituzioen artean akordatutako legegintza-egutegia kontuan hartuta.

4. Galderen eta interpelazioen kasuan, itzulpenak egiteko epeak honako hauek izango dira:

a) idatzizko erantzuna eskatzen duten galderak: 5 lanegun;

b) idatzizko erantzuna eskatzen duten lehentasuneko galderak: 3 lanegun;

c) ahozko erantzuna eskatzen duten galderak: lanegun bat;

d) idatzizko erantzuna eskatzen duten interpelazio nagusiak: 3 lanegun.

5. Gainerako testu guztietarako, salbu eta lehendakariari, Parlamentuko organoei, adiskidetze-batzordeei, idazkari nagusiari edo Zerbitzu Juridikoari zuzendutako dokumentuetarako, gutxienez 10 laneguneko epe orokorra aplikatuko da itzulpena egiteko.

6. Lehendakariak 1. eta 2. apartatuetan aipatutako epeen salbuespen bat baimendu ahal izango du, presako testuen kasuan, tratatuek eskatutako epeengatik edo Lehendakarien Konferentziak ezarritako lehentasunengatik, instituzioek erabakitako legegintza-egutegiak ikusita.

7. Artikulu honetan ezarritako epeak luzatu ahal izango dira, itzulpena eskatzen duen zerbitzu interesdunarekin ados jarrita, baldin eta testu bereziki luzeak badira, bereziki zuzenketa-sorta oso handiak badaude, edo lan-zamaren ezohiko kontzentrazioa badago, edo inguruabarrek epe global luzeagoa ahalbidetzen badute, edo 15. artikuluaren 2. apartatuarekin bat etorriz salbuespena baimendu zaien testuak badira.

8. Osoko Bilkuran aztertu behar diren talde politikoen dokumentuei dagokienez, Lehendakarien Konferentziak, oro har, gai-zerrendan, bilkuraldi partzialaren aurreko asteko asteazkeneko 13:00 orduak finkatuko ditu aurkezteko epe gisa.

Epe hori igarota, ez da inolako aldaketarik onartuko taldeak aurkeztutako testuan.

9. Diputatuek eskatu ahal izango dute eurek aukeratzen duten hizkuntza ofizialera itzultzeko Osoko Bilkurako eztabaiden laburpenak edo beren jarduera parlamentarioarekin zuzenean lotutako beste testu batzuk. Diputatu guztiek eskubidea izango dute urtean 30 orrialde itzul dakizkien, hizkuntza-konbinazio guztietan. Eskubide hori pertsonala izango da, ezin izango da transferitu eta ezin izango da urte batetik bestera luzatu. Itzultzeko epea 10 lanegunekoa izango da.

Parlamentuko beste organo ofizial batzuek eskatu ahal izango dute hitzez hitzeko aktaren laburpenen itzulpena, bereziki esku-hartze baten edo batzuen ondorioz neurriak hartu behar direnean.

10. Lehendakariaren testuak, Parlamentuko organoenak, adiskidetze-batzordeenak, idazkari nagusiarenak edo Zerbitzu Juridikoarenak, bai eta Barne-erregelamenduaren 163. artikuluko 2. apartatuarekin bat etorriz presakotzat jotako testuak edo Barne-erregelamenduaren 111. eta 112. artikuluekin bat etorriz epe laburtuan edo presazko kasuetan aurkeztutako testuak ere, ahal bezain laster itzuliko dira baliabideen arabera, 14. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkera eta eskatutako epea kontuan hartuta.

14. artikulua.— Ematen diren itzulpen-zerbitzuak

1. Itzulpen Zuzendaritza Nagusiak honako dokumentu-kategoria hauek egiaztatuko ditu, adierazitako lehentasun-hurrenkeraren arabera:

a) Osoko Bilkuran bozkatu behar diren dokumentuak:

— Erregelamenduaren 74. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz erabakitako testuak;

— batzorde parlamentarioen behin betiko legegintza-txostenak, zeinetan batzordeok, 71. artikuluaren 1. apartatuarekin bat etorriz, erabakia hartu baitute negoziazioak hasteko,

— legegintza-txostenak eta horiei egindako zuzenketak,

— txosten ez-legegileak eta horiei egindako zuzenketak,

— ebazpen-proposamenak eta horiei egindako zuzenketak;

b) lehendakariari, Parlamentuko organoei, adiskidetze-batzordeei, idazkari nagusiari edo Zerbitzu Juridikoari zuzendutako lehentasuneko dokumentuak;

c) batzordean aztertu behar diren dokumentuak, zeinak Osoko Bilkuran bozkatu behar baitira: txosten-proiektuak, zuzenketak, transakzio-zuzenketak, iritzi-proiektuak, behin betiko iritziak, ebazpen-proposamenen proiektuak;

d) batzordean aztertu behar diren beste dokumentu batzuk: lan-dokumentuak, laburpenak eta informazio-oharrak.

2. Itzulpen-zerbitzuak ere emango zaizkie erabiltzaile hauei:

a) eskuordetza parlamentarioei (eskuordetza bakoitzak aukeratutako bi hizkuntza ofizialetan);

b) talde politikoei[237];

c) Mahaiak eta Lehendakarien Konferentziak baimendutako gainerako organo ofizialei;

d) diputatuei, jarduera parlamentarioekin zuzenean lotutako testuei dagokienez, 13. artikuluaren 9. apartatuan ezarritako mugen barruan;

e) sail tematikoei eta azterlan parlamentarioen zerbitzuei;

f) Idazkaritza Nagusiari, administrazio- eta komunikazio-beharrizanei dagokienez.

3. Parlamentuak itzulpen-zerbitzua emango die, era berean, ACP-UE Batzar Parlamentario Parekideari (Cotonouko Akordioaren 1. protokoloaren arabera), Mediterraneorako Batasunaren Batzar Parlamentarioari, Batzar Parlamentario Euro-Latinoamerikarrari eta EuroNest Batzar Parlamentarioari (indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz), bai eta Europako Arartekoari ere (2006ko martxoaren 15eko Lankidetzarako Esparru-akordioarekin bat etorriz).

4. Gainera, Parlamentuak itzulpen-zerbitzuak eskainiko dizkie Erregioetako Lantaldeari eta Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeari, 2014ko otsailaren 5eko lankidetza-akordioaren esparruan.

15. artikulua.— Itzuli behar diren testuen luzera

1. Itzuli behar diren testuei gehieneko muga hauek aplikatuko zaizkie:

a) lan-dokumentuak eta zioen azalpena:

7 orrialde txosten ez-legegileetan

6 orrialde legegintza-txostenetan

12 orrialde legegintza-ekimeneko txostenetan

12 orrialde exekuzio-txostenetan

3 orrialde legegintza-iritzietan

b) ebazpen-proposamenen proiektuak:

4 orrialde, kontuan hartuzkoak barne, baina ikusizkoak alde batera utzita

c) “iradokizunak”, iritzi ez-legegileetan: orrialde bat

d) zuzenketen justifikazioak: 500 karaktere

e) laburpenak: 5 orrialde

f) idatzizko erantzuna eskatzen duten galderak: 200 hitz

g) idatzizko erantzuna eskatzen duten interpelazio nagusiak: 500 hitz

h) Barne-erregelamenduaren 143. artikuluarekin bat etorriz aurkeztutako ebazpen-proposamenak: 200 hitz

Orrialdetzat hartzen da 1.500 karaktere inprimatuko testua (tarteak kenduta).

2. Batzorde parlamentario batek salbuespen bat baimendu ahal izango dio bere txostengileari 1. apartatuan finkatutako mugei dagokienez, baldin eta urtean 45 orrialdeko erreserba gainditzen ez bada. Batzordeko Lehendakarien Konferentziari salbuespenaren berri emango zaio aldez aurretik, betiere salbuespen hori esleitutako erreserbarekin bat datorrela bermatzeko. Batzordeak urteko erreserba agortzen duenean, Mahaiaren baimena beharko da erreserba agortu ondorengo salbuespen guztietarako.

IV. ZATIA
Azken xedapenak

16. artikulua.— Erabiltzaileak eta hizkuntza-zerbitzuak erantzule egitea

1. Interpretazio- eta itzulpen-zerbitzuek sei hilean behin emango diete erabiltzaileei hizkuntza-prestazioen eskabideek eragindako kostuen eta kode honen betetze-mailaren berri.

2. Bilera bakoitzaren amaieran, interpreteen taldeko buruak, bileraren idazkaritzarekin ados jarrita, eskatu baina erabili ez diren interpretazio-zerbitzuen zerrenda bat ezarriko du. Zerrenda hori Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko zuzendari nagusiari igorriko zaio, dena delako bileraren idazkaritzari kopia bat bidalita, eta, era berean, bileraren hasieraren benetako orduaren eta amaieraren berri emango zaio.

3. Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak, zerbitzu bezeroei kontsulta egin ondoren, txosten bat gertatuko du analisi kuantitatibo eta kualitatiboak egite aldera, betiere azaltzeko zein izan diren arrazoiak eskabide berantiarrak eta ezerezteak egiteko edo eskatutako hizkuntzak ez erabiltzeko.

4. Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak txosten bat igorriko dio idazkari nagusiari urtean behin, interpretazio-instalazioak dituzten bilera-aretoen benetako okupazioari buruz.

5. Bestalde, interpretazio- eta itzulpen-zerbitzuek beren prestazioen erabilerari buruzko txosten bana idatziko dute, eta Mahaiari igorriko dizkiote txostenok. Txosten horietan egindako hizkuntza-zerbitzuen azterketa jasoko da, erabiltzaileek aurkeztutako eskabideei eta zerbitzu horiek emateak eragindako gastuei dagokienez.

17. artikulua.— Zabalkuntza baten ondorengo aldi baterako neurriak

Baliabideek hizkuntza berri batean zerbitzu osoa bermatzeko aukera emango duten bitartean, aldi baterako neurriak ezarri ahal izango dira interpretazio- eta itzulpen-baliabideak banatzeko, eskura dauden baliabideak kontuan hartuta.

18. artikulua.— Indarrean jartzea

Erabaki hau, haren bertsio aldatuan, 2019ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean. 2014ko ekainaren 16ko Jokabide-kodea ordezten du.

Eranskina: Ad personam interpretazio-zerbitzuari buruzko araudia

1. eranskina
Ad personam interpretazio-zerbitzuari buruzko araudia

1. Aplikazio-eremua

Banakako interpretazio-zerbitzuak eman ahal izango zaizkie diputatuei, ondoren adieraziko diren baldintzetan, ad personam interpretazio-zerbitzu gisa.

2. Erabiltzaileak

Zerbitzu hau erabiltzeko eskubidea izango dute Europako Parlamentuko lehendakariordeek, kuestoreek, batzordeburuek, txostengileek, ordezko txostengileek, iritzi-txostengileek, ordezko iritzi-txostengileek eta talde politikoen koordinatzaileek.

3. Eskuragarritasuna eta epeak

  • Ad personam interpretazio-zerbitzua Bruselan eta Estrasburgon baino ez da emango, lanegunetan (jaiegun ofizialetan eta bulegoak ixteko egunetan izan ezik).
  • Eskabideak bilera-eguna izan baino gutxienez hiru lanegun lehenago aurkeztu beharko dira.
  • Zerbitzu hau hizkuntza ofizial guztietan emango da, malteran eta irlanderan izan ezik.
  • Interpretazio-metodo hau erabili ohi da: esan osteko interpretazioa edo interpretazio xuxurlatua (chuchotage. Beste metodo batzuk ere erabili ahal izango dira, hala nola aldibereko interpretazioa edo “maletatxo”duna (aldibereko interpretazioa soinu-ekipo eramangarri batekin), baldin eta Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak hala erabakitzen badu; erabaki hori hartuko da eskura dauden baliabideen, beharrezko instalazioen eta eskabidearen xehetasunen arabera. Telekonferentzietara edo bideokonferentzietara jo ahal izateko, nahikoa aurrerapenez jakinarazi beharko zaio Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiari, beronek hori egitea bideragarria dela egiazta dezan. Telefonoz (Skype, etab.) eta filmak interpretatuz ez da horrelako zerbitzurik emango.

4. Xedapen logistikoak

  • Diputatuaren bulegoa ez den areto bat erabiltzea aurreikusten denean, erreserba diputatuaren langileen kontura izango da, indarrean dauden arauen arabera. Eskabide guztiak diputatuari esleitutako “kreditu”tik kenduko dira, baita geroago eskabidea ezerezten bada ere.
  • Toki geografikoa, data, ordua edo hizkuntzak aldatzea eskatzen bada, eskabide berritzat hartuko da, eta diputatuari esleitutako “kreditu”tik kenduko da.
  • Ordu-zati bat lanordu oso gisa zenbatuko da.
  • Interpreteari bileraren lekuan itxaroteko eskatzen bazaio, denbora hori lan-denbora gisa zenbatuko da.

5. Erabilera-baldintzak

  • Diputatuak ezin izango du bere kabuz erabaki bilerarako aurreikusitako denbora gainditzea, zeren interpreteak beste diputatu batekin konpromisoa hartu ahal izan baitu aurreikusitako amaiera-orduaren ondoren, baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzeko. Gauza bera aplikatzen zaie interpretazio-metodoari edo erabilitako hizkuntzei buruzko aldaketei. Aldaketa horiek ezin izango dira unean bertan negoziatu interpretearekin; aitzitik, kontratazioaz arduratzen den unitateko buruarekin soilik aztertu beharko dira aldaketok.
  • Ordubeteko bilera jakin batzuetarako, zeinetan bi hizkuntza erabiltzen baitira, interprete bakarra nahikoa izan daiteke. Bileraren iraupenak edo hizkuntzen kopuruak interprete bat baino gehiago eskatzen badu, hori diputatuari esleitutako “kreditu”tik kenduko da. Logistikako eta Konferentzien Interpretazioko Zuzendaritza Nagusiak bakarrik izango du ahalmena beharrezko interprete-kopurua zehazteko. Kreditu hori pertsonala izango da, ezin izango da transferitu eta ezin izango da urte batetik bestera luzatu.
  • Diputatuek ezin izango dituzte interprete jakin baten zerbitzuak eskatu.
  • Interpreteei ezin zaie eskatu idatzizko itzulpenik egiteko.
  • Interpretearen duintasun profesionala errespetatu beharko da une oro.


7.2.20. Europako Parlamentuaren Ebazpena, 2020ko abenduaren 17koa, “Minority SafePack – Europako aniztasunaren aldeko milioi bat sinadura” Europako herri-ekimenari buruzkoa (2020/2846(RSP))[238]

Europako Parlamentuak,

— Ikusiz “Minority SafePack – Europako aniztasunaren aldeko milioi bat sinadura” Europako herri-ekimena (ECIXXXX),

—Ikusiz Europar Batasunaren Tratatua, eta bereziki haren 2. artikulua, 3. artikuluaren 3. apartatua eta 11. artikuluaren 4. artikulua,

— Ikusiz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua (EBFT), eta, bereziki, haren 19., 24., 53.1. artikulua, 63., 79.2 artikulua, 107.3 artikuluaren e) letra, 108.4 artikulua, 109., 118., 165.4 artikulua, 167.5 artikulua, 173.3. artikulua, 177., 178. eta 182.1 artikulua,

— Ikusiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/788 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 17koa, Europako Herri-ekimenari buruzkoa[239],

— Ikusiz Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna (aurrerantzean, “Gutuna”) eta, bereziki, haren 10., 21., 22. eta 51. artikuluak,

— Ikusiz Europako Kontseiluaren 1993ko ekainaren 21eko eta 22ko ondorioak, zeinetan ezartzen baitira herrialde batek Europar Batasunari atxiki ahal izateko bete behar dituen betekizunak (Kopenhageko irizpideak),

— Ikusiz Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 27. artikulua eta Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Ituna, biak Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1966ko abenduaren 16an onetsiak,

— Ikusiz Europako Kontseiluaren Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioa eta Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna, bai eta haiei dagozkien jarraipen-organoen irizpenak,

— Ikusiz Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundearen (ESLE) Kopenhageko Dokumentua, 1990ekoa, eta ikusiz gutxiengoen eskubideei buruzko jarraibide eta gomendio tematiko ugariak, zeinak argitaratu baitzituzten Gutxiengo Nazionaletarako ESLEko goi-komisarioak eta Instituzio Demokratikoen eta Giza Eskubideen ESLEko Bulegoak,

—Ikusiz Europako Parlamentuaren Ebazpena, 2018ko azaroaren 13koa, Europar Batasuneko Gutxiengoentzako Gutxieneko Arauei buruzkoa (2018/2036(INI))[240],

— Ikusiz 2018ko otsailaren 7ko Ebazpena, Batasuneko estatu kideetako gutxiengoen babesari eta diskriminaziorik ezari buruzkoa[241],

— Ikusiz 2018ko irailaren 11ko Ebazpena, Aro Digitaleko Hizkuntza-Berdintasunari buruzkoa[242],

— Ikusiz 2013ko irailaren 11ko Ebazpena, zeina baita desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzkoa[243],

— Ikusiz Kontseiluaren 2019ko maiatzaren 22ko Gomendioa, hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ikuspegi orokorrari buruzkoa[244],

— Ikusiz Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakiak eta jurisprudentzia, bereziki T-646/13 auzikoa (Minority SafePack — one million signatures for diversity in Europe/ Europako Batzordearen aurka), eta T-397/17 auzikoa (Errumania Europako Batzordearen aurka)[245],

— Ikusiz Batzordearen 2017/652 (EB) Erabakia, 2017ko martxoaren 29koa, “Minority SafePack — one million signatures for diversity in Europe” herri-ekimenaren proposamenari buruzkoa[246],

— Ikusiz 2020ko urriaren 15eko entzunaldi publikoa, “Minority SafePack” Europako herri-ekimenari buruzkoa, zeina antolatu baitzuten Kultura eta Hezkuntza Batzordeak, Askatasun Zibilen, Justiziaren eta Barne-gaien Batzordeak eta Eskaeren Batzordeak,

— Ikusiz “Minority SafePack” Europako herri-ekimenaren proposamena, betiere Batzordearengandik itxaroten diren legegintza-egintzei dagokienez, oinarri hartuta Europako herri-ekimena, zeina Batzordeari helarazi baitzaio sinadurak aurkeztu eta Parlamentuan entzunaldi publikoan aurkeztu ondoren,

– Ikusiz Barne-erregelamenduaren 222. artikuluaren 8. apartatua,

A. Kontuan hartuz ezen, EBTren 2. artikuluarekin bat etorriz, Batasunak oinarrizko balioak dituela gizakiaren duintasunaren errespetua, askatasuna, demokrazia, berdintasuna, zuzenbide-estatua eta giza eskubideen errespetua, gutxiengoetako pertsonen eskubideak ere barnean direla.

B. Kontuan hartuz ezen EBTren 3. artikuluko 3. apartatuak ezartzen duela Batasunaren helburuetako bat estatu kideen arteko ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta elkartasuna sustatzea dela, bai eta haien kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatzea, eta Europako kultura-ondarearen kontserbazioa eta garapena zaintzea ere;

C. Kontuan hartuz ezen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 6. artikuluak onartzen duela Batasunak eskumenak dituela ekintzak gauzatzeko kulturaren eta hezkuntzaren eremuetan estatu kideen ekintza lagundu, koordinatu edo osatze aldera; kontuan hartuz ezen Batzordeak aktiboki lagundu behar diela estatu kideei eremu politiko horietan, zeinak ere kezka berezi baitira gutxiengoetako pertsonentzat;

D. Kontuan hartuz ezen, EBFTren 10. artikuluarekin bat etorriz, Batasunak, bere politikak eta ekintzak zehaztu eta exekutatzean, arrazagatiko edo jatorri etnikoagatiko diskriminazio ororen aurka borrokatu behar duela, besteak beste;

E. Kontuan hartuz ezen Gutunaren 21. artikuluko 1. apartatuan debekatzen dela diskriminazio oro, eta bereziki hauek: sexua, arraza, kolorea, etnia- zein gizarte-jatorria, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa zein sinesmenak, iritzi politikoak zein beste edozein iritzi, gutxiengo nazional batekoa izatea, ondarea, jaiotza, desgaitasuna, adina nahiz sexu-orientazioa direla-eta egindako diskriminazioak.

F. Kontuan hartuz ezen Gutunaren 22. artikuluan xedatzen dela Batasunak kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatzen duela;

G. Kontuan hartuz ezen kultura-aniztasunarekiko errespetua jasota dagoela EBFTren 167. artikuluan;

H. Kontuan hartuz ezen Batasuneko herritarren % 8 inguru gutxiengo nazional bateko kide dela eta gutxi gorabehera % 10 hizkuntza erregional edo gutxitu batean mintzatzen dela; kontuan hartuz ezen pertsona horiek Batasunaren kultura-aberastasunaren funtsezko elementu direla beren hizkuntza eta kultura bakarren bitartez;

I. Kontuan hartuz ezen Europako gutxiengoaren kontzeptu orokorra hizkuntza juridiko eta akademikoaren termino-sorta zabal batek estaltzen duela; kontuan hartuz ezen sarritan gizarte-talde horiek modu askotara aipatzen direla, hala nola gutxiengo nazionalak, talde etnikoak, gutxiengo tradizionalak edo autoktonoak, nazionalitateak, erregio konstituzionaletako biztanleak, hizkuntza-gutxiengoak, hizkuntza gutxituetan mintzatzen diren taldeak, hizkuntza-taldeak, etab.; kontuan hartuz ezen, Europa osoan erabiltzen diren terminoak erabiltzeak dakarren zailtasuna saihesteko, Europako Kontseiluak “gutxiengo nazional” terminora jotzen duela Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioan, zeina baita Europako gutxiengoak babesteko nazioarteko araudirik zorrotzena oraindik ere; kontuan hartuz ezen “Minority SafePack” Europako herri-ekimenak “gutxiengo nazionalak eta hizkuntza-gutxiengoak” terminoak erabiltzen dituela gutxiengo horiei erreferentzia egiten dienean;

J. Kontuan hartuz ezen gutxiengo nazional eta linguistiko gehienek aurre egin behar diotela asimilazioa eta hizkuntzak galtzeko joera bizkortzeari, eta horrek berekin dakarrela Batasunaren barruan hizkuntza eta kultura pobretzea eta aniztasuna galtzea, eta aniztasun hori Batasunak babestu behar duela tratatuak direla-bide; kontuan hartuz ezen hezkuntza dela hizkuntza gutxituak biziberritzeko eta zaintzeko tresna nagusia;

K. Kontuan hartuz ezen arriskuan dauden munduko hizkuntzen Unesco Atlasean Batasuneko estatu kideetako 186 hizkuntza sartzen direla hizkuntza ahulen edo arriskuan dauden hizkuntzen kategorietan, bai eta beste hiru hizkuntza galdutako hizkuntzen kategorian;

L. Kontuan hartuz ezen “Minority SafePack” Europako herri-ekimena (aurrerantzean, “ekimena”) Batzordeari aurkeztu zitzaiola 2013ko uztailaren 15ean, eta bertan Batasunaren jarduketa bat eskatu zela gutxiengo nazionalei eta linguistikoei laguntzeko hamaika eremutan;

M. Kontuan hartuz ezen 2013ko irailaren 13an Batzordeak ez zuela uste izan ekimena erregistratzeko behar besteko oinarririk zegoenik; kontuan hartuz ezen ekimenaren antolatzaileek errekurtsoa jarri zutela Europar Batasuneko Justizia Auzitegian (EBJA), eta 2017ko otsailaren 3an EBJAren Auzitegi Nagusiak epaia eman zuela, zeinak Batzordearen erabakia deuseztatu baitzuen;

N. Kontuan hartuz ezen, Auzitegi Nagusiaren epaia betetzeko beharrezko neurriak hartzeko, Batzordeak ekimenaren onargarritasun juridikoa berrikusi zuela, eta, 2017/652 (EB) Erabakiaren bidez, hasierako hamaika eremuetatik bederatzitan erregistratu zuela;

O. Kontuan hartuz ezen, Europako Herri-ekimenari buruzko Erregelamenduaren 15. artikuluarekin bat etorriz, Batzordeak lege-onargarritasuna aztertzeko, ekimenaren funtsa aztertu behar dela sinadura-bilketa amaitu ondoren; kontuan hartuz ezen Batzordeak ekimenari buruzko ondorio juridiko eta politikoak aurkeztu dituela, Batasunaren tratatuetan oinarrituta;

P. Kontuan hartuz ezen, 2019ko irailaren 24ko epaian, T-391/17 auzian, Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuela Batzordeak Europako “Minority SafePack” herri-ekimena erregistratzeko hartutako erabakia;

Q. Kontuan hartuz ezen 2017ko apirilaren 3tik 2018ko apirilaren 3ra bitartean Batasunean 1.123.422 sinadura ziurtatu jaso zirela, eta gutxieneko atalase nazionala lortu zela hamaika estatu kidetan;

R. Kontuan hartuz ezen Europako herri-ekimena nazioz haraindiko demokrazia parte-hartzailearen lehenengo tresna dela munduan, eta Batasuneko instituzioekin zuzenean lankidetzan aritzeko aukera ematen diela herritarrei;

S. Kontuan hartuz ezen “Minority SafePack” Europako bosgarren herri-ekimena izan dela orain arte aurrera egiten, orain arte aurkeztu diren seietatik;

T. Kontuan hartuz ezen, 2019/788 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluarekin bat etorriz, Parlamentuak, entzunaldi publiko bat antolatu ondoren, Europako herri-ekimen bakoitzaren babes politikoa ebaluatu behar duela; kontuan hartuz ezen, haren Barne-erregelamenduaren 222. artikuluaren arabera, Parlamentuak 2020ko urriaren 15ean egin zuela entzunaldi publikoa;

1. Berresten du ezen babes irmoa ematen diola Europako herri-ekimenaren tresnari, eta haren ahalmena erabat aprobetxatzeko eskatzen duela; azpimarratzen du ezen Europako herri-ekimena aparteko abagunea dela herritarrek erabaki dezaten zein diren euren nahiak eta horiek artikula ditzaten, eta Batasunak neurriak har ditzala eska dezaten; nabarmentzen du ezinbestekoa dela herritarrek eurei doazkien prozesu politikoetan aktiboki parte har dezaten ahalbidetzea, eta ahalbidetze hori funtsezkoa dela Europa integratzeko proiektua herritarrengana hurbiltzeko;

2. Adierazten du ezen Europako Herri-ekimenari buruzko Erregelamendu berria 2020ko urtarrilaren 1ean jarri zela indarrean, eta funtsezkoa dela Europako eta nazioetako instituzioek ahal duten guztia egitea Batasuneko partaidetza-tresna hori berraktibatzea arrakastatsua izan dadin; nabarmentzen du ezen Batzordeak behar bezalako arreta eman behar diela Batasuneko 1,1 milioi herritarrek baino gehiagok “Minority SafePack” bitartez egindako eskaerei;

3. Gogoratzen du ezen gutxiengoetako pertsonen babesa Batasunaren funtsezko balio esplizitua dela, demokraziarekin, zuzenbide-estatuarekin eta giza eskubideen errespetuarekin batera, EBTren 2. artikuluan ezartzen den bezala;

4. Gogoratzen du ezen EBTren 3. artikuluko 3. apartatuak ezartzen duela Batasunak errespetatu behar duela bere kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna, eta jagon behar duela Europako kultura-ondarearen kontserbazio eta garapena; azpimarratzen du ezen hizkuntza eta kultura gutxituak Batasunaren kulturaren eta ondarearen zati besterenezinak direla; azpimarratzen du ezen Batasunak estatu kideen jarduketak sustatu behar dituela, gutxiengoetako pertsonen eskubideak babesten direla bermatzeko;

5. Berriz ere deitzen dio Batzordeari[247], subsidiariotasun-printzipioarekin bat etorriz, Batasuneko gutxieneko arauen esparru erkide bat egin dezan, betiere gutxiengoetako pertsonen eskubideak babeste aldera; izan ere, arau horiek irmo ainguratuta egon behar dute esparru juridiko batean, zeinak Batasunean bermatuko baititu demokrazia, zuzenbide-estatua eta oinarrizko eskubideak;

6. Estatu kideei eskatzen die beharrezko neurri guztiak har ditzatela eta defenda ditzatela gutxiengoetako pertsonen eskubideak, eta berma dezatela eskubide horiek erabat errespetatzen direla;

7. Uste du ezen, hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten erkidegoetan, hizkuntza-eskubideak errespetatu behar direla, talde baten eskubideak besteenekin alderatuta mugatu gabe, betiere ordena konstituzionalarekin eta estatu kide bakoitzaren legeriarekin bat etorriz; uste du ezen hizkuntza erregionalen sustapenak eta hizkuntza-komunitateen babesak pertsona guztien oinarrizko eskubideak errespetatu behar dituztela;

8. Uste du ezen Europar Batasunak Europa osoko eleaniztasunaren inguruko sentsibilizazioa egiten jarraitu behar duela bere programen bidez, eta eleaniztasunaren abantailak aktiboki sustatuz;

9. Gogoratzen du ezen ez dagoela Europar Batasuneko gutxiengo nazional eta linguistiko bateko pertsona baten definizio erkiderik; nabarmentzen du ezen gutxiengo guztiak babestu behar direla, definizioa edozein dela ere, eta nabarmentzen du ezen definizioak malgutasunez aplikatu behar direla, eta, aldi berean, subsidiariotasunaren, proportzionaltasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatu behar direla;

10. Lankidetza eskatzen du, zeina indartuko baita Europar Batasunaren eta Europako Kontseiluaren artean, betiere gutxiengo nazionalen eta linguistikoen eskubideak babesteari dagokionez; adierazten du ezen lankidetza horrek Europar Batasunari aukera emango liokeela Europako Kontseiluaren lorpenak eta esperientzia aprobetxatzeko, eta bide emango liokeela Europako Kontseiluari eraginkortasun handiagoz aplika ditzan Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioari buruz eta Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutunari buruz egindako gomendioak; estatu kideak adoretzen ditu Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioa eta Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna abian jartzera eta berronestera;

Europako herri-ekimenaren bederatzi proposamenak direla eta

11. Aitortzen du ezen gutxiengo nazionalak eta linguistikoak babesteko erantzukizuna batez ere estatu kideetako agintariei dagokiela; hala ere, adierazten du Batasunak funtsezko zeregina betetzen duela estatu kideetako agintariei ahalegin horretan laguntzeko orduan; adierazten du ezen bere estatu kideetako batzuk eredu egokiak direla zenbait erkidegoren errespetuzko eta harmoniazko bizikidetzaren arloan, bai eta hizkuntza eta kultura biziberritzeko politikei dagozkienez ere; estatu kideei eskatzen die elkarri truka diezazkiotela gutxiengoetako pertsonen eskubideen babes eta laguntzari buruzko jardunbiderik onenak, eta Batasunari eskatzen dio elkar-trukatze horiek erraztu ditzala;

12. Uste du ezen gutxiengo nazional eta linguistikoetako pertsonen aldeko kultura- eta hizkuntza-identitatea babesteko neurriek ekintza positiboa izan behar dutela xede, bai eta hezkuntzaren, kulturaren eta zerbitzu publikoen eremuetan ere;

13. Adierazten du ezen kezkatuta dagoela, arrazakeriak, xenofobiak edo intolerantziak eraginda, Europako gutxiengo nazional eta linguistikoetako pertsonen aurkako gorroto-delituek eta gorrotoa eragitearen delituek gora egin dutelako; Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die kanpainak abian jar ditzatela gorrotoa eragitearen aurka, eta borrokan egin dezatela gutxiengo nazional eta linguistikoetako pertsona horien aurkako arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko;

14. Aitortzen du ezen gutxiengo nazionalek eta linguistikoek ekarpena egin diotela Batasunaren kultura-ondareari, eta komunikabideek betetzen duten zeregina nabarmentzen du;

15. Adierazten du ezen hizkuntza-aniztasuna Europako kultura-aberastasunaren osagai baliotsua dela, eta aniztasun hori babestu egin behar dela, hizkuntza erregional eta gutxituak belaunaldi batetik bestera transmititu ahal dela bermatzeko; adierazten du ezen kezkatuta dagoela desagertzeko arriskuan dauden hizkuntza erregional eta gutxituengatik; azpimarratzen du ezen eremu horretan neurri gehiago hartu behar direla; beraz, Batzordeari eta estatu kideei eskatzen die Batasun osoan hizkuntzen ikaskuntza susta dezatela, hizkuntza gutxituen ikaskuntza barne; adierazten du ezen ekimenak eskatzen duela hizkuntza-aniztasunerako Europako zentro bat sor dezala Europako hizkuntzen aniztasun handia babesteko;

16. Europar Batasunari eta estatu kideei eskatzen die ezen kontuan har ditzatela gutxiengo nazionalen edo linguistikoen beharrizanak beren finantzaketa-programak diseinatzerakoan; uste du ezen eleaniztasuna eta kultura-aniztasuna babestea erregioetako garapenaren eta berrikuntzaren motorra dela, eta, beraz, uste du ezen Europako egitura- eta inbertsio-funtsek eta kohesio-funtsek hori izan behar dutela kontuan; uste du ezen kultura- eta hizkuntza-aniztasuna aztertzeko “Europa Horizontea”ren pentzudako finantzaketak eta horrek Batasuneko erregioen garapen ekonomikoan dituen ondorioek bide emango luketela gutxiengo nazional eta linguistikoentzako politika publikoak hobeto orientatzeko;

17. Hizkuntzak kulturan betetzen duen zeregina aitortzen du; adierazten du ezen kezkatuta dagoela hizkuntza erregional eta gutxituetako kultura-operadore aktiboek erronka gehigarri bati aurre egin ahal izan diezaioten, alegia, publiko zabal batengana heltzeko eta finantza- eta administrazio-baliabideak eskuratzeko; estatu kideei eskatzen die ezen kontuan izan dezatela erregioetako egoera, eta neurriak aurreikus ditzatela kultura-operadoreei laguntza emateko euren kulturaren askatasuna adierazten, edozein dela ere hizkuntzaren edo bestelako berezitasunak;

18. Uste du ezen Batasuneko herritar guztiek modua izan behar dutela kulturaz eta denbora-pasaz beren hizkuntzan gozatzeko; adierazten du ezen, sarritan, hizkuntza-gutxiengoak txikiegiak direla edo ez dutela laguntza instituzionalik beren komunikazio-zerbitzuen sistema orohartzailea sortzeko; Batzordeari eskatzen dio, ingurumari horretan, ebaluazio bat egin dezala eta neurri egokienak har ditzala komunikazio-zerbitzu horien garapena babesteko; ikusten du ezen, “Minority SafePack” ekimena Batzordeari 2013an aurkeztu zitzaionetik, legegileek funtsezko proposamenak egin dituztela egile-eskubideei eta ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei buruz; gogoan hartzen du Batzordeak berriki egindako jakinarazpena, zeina baita Blokeo Geografikoari buruzko Erregelamendua lehenengoz epe laburrean berrikusteari buruzkoa (COM(2020)0766), zeinean proposatzen baitu Batzordeak balantze zehatza 2022rako egitea, une horretan gauzatuko baitira erabat Erregelamenduaren ondorioak; pozik hartzen du Batzordearen plana, zeinaren helburua baita ikus-entzunezko edukiei buruz alde interesdunekin hitz egitea, hori dagoelako komunikabideei eta ikus-entzunezko sektoreari buruzko ekintza-planaren barruan; nabarmentzen du ezen beharra dagoela etorkizuneko erregelamenduetan hizkuntza gutxituei buruzko kezkak kontuan hartuko direla bermatzeko;

19. Adierazten du ezen Europar Batasunean aberrigabe asko gutxiengo nazional eta linguistikoetakoak direla; uste du ezen, estatu kideen subiranotasuna eta eskumenak behar bezala kontuan hartuta, neurri positiboak hartu ahal izango liratekeela eta hartzen ari direla horri buruz; adierazten du ezen herritartasuna ematea edo kentzea eskumen nazionala dela;

20. Adierazten du ezen “Minority SafePack – Europako aniztasunaren aldeko milioi bat sinadura” izeneko Europako herri-ekimena babesten duela; Batzordeari eskatzen dio ekimen horri bide eman diezaiola, eta egintza juridikoak proposa ditzala tratatuetan eta Europako Herri-ekimenari buruzko Erregelamenduan oinarrituta, eta subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioarekin bat etorriz; adierazten du ezen Batzordeak erregistratutako ekimenak proposamen legegileak bederatzi eremutan egitea eskatzen duela, eta gogoratzen du ezen eskatzen duela proposamen bakoitza haren merezimenduen arabera egiaztatu eta ebaluatzeko;

21. Lehendakariari agintzen dio ebazpen hau Batzordeari, Kontseiluari, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziari, eta estatu kideetako gobernu eta parlamentuei helarazteko.


7.2.21. Europako Parlamentuaren Barne-erregelamendua, 2021eko abuztuaren 26koa[248]

VII. TITULUA
Bilkuraldiak

III. KAPITULUA
Bilkurak garatzeko arau orokorrak

167. artikulua.— Hizkuntza-araubidea

1. Parlamentuko dokumentu guztiek hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko dute.

2. Diputatu guztiek eskubidea dute Parlamentuan eurek nahi duten hizkuntza ofizialean hitz egiteko. Hizkuntza ofizialetako batean egindako esku-hartzeak aldi berean interpretatuko dira gainerako hizkuntza ofizialetan eta Mahaiak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein hizkuntzatan.

3. Batzorde- eta eskuordetza-bilerek interpretazio-zerbitzua izango dute, batzordeko edo eskuordetzako kide titularrek eta ordezkoek erabilitako eta eskatutako hizkuntza ofizialetatik abiatuta eta hizkuntza horietara bideratuta.

4. Ohiko lantokietatik kanpoko batzorde- edo eskuordetza-bilerek interpretazio-zerbitzua izango dute bilerara joango direla baieztatu duten kideen hizkuntzetatik abiatuta eta hizkuntza horiek xede izanik. Salbuespen gisa, araubide hori malgutu ahal izango da. Mahaiak beharrezko xedapenak hartuko ditu.

5. Bozketa baten emaitza iragarri ondoren, hizkuntza-bertsioen arteko ustezko desadostasunei buruzko eskabideak ebatziko ditu lehendakariak.

7.3. Europako Kontseilua


7.3.1. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Europako Konbentzioa, 1950eko azaroaren 4koa[249]

14. artikulua.— Diskriminazioa debekatzea

Konbentzio honetan aitortutako eskubide eta askatasunen gozamena ezein diskriminaziorik egin gabe bermatu behar da, bereziki sexua, arraza, kolorea, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoak edo bestelakoak, jatorri nazionala edo soziala, gutxiengo nazional bateko kide izatea, aberastasuna, jaiotza edo beste edozein egoera direla-eta.


7.3.2. Europako Kontseiluaren Europako Kultura Konbentzioa, 18.a, 1954ko abenduaren 19koa[250]

Europako Kultura Konbentzioa (Europako Kontseiluaren 18.a.), Parisen 1954ko abenduaren 19an sinatzera irekia. Konbentzio hau sinatu duten gobernuek, Europako Kontseiluko kideek;

Kontuan hartuz Europako Kontseiluaren helburua kide guztien arteko batasun sendoagoa lortzea dela, batez ere kideen ondare erkidea osatzen duten idealak eta printzipioak babestu eta sustatzearren,

Kontuan hartuz Europako herrien arteko elkar ulertzea areagotzeak helburu hori lortzeko bidean aurrera egitea ahalbidetuko lukeela:

Kontuan hartuz, horretarako komeni dela, Kontseiluko kideen artean aldebiko kultura-hitzarmenak egitea ez ezik, Europako kultura zaintzeko eta haren garapena sustatzeko ekintza-politika bateratua onartzea ere.

Europako kultura-konbentzio orokor bat kontzertatzea ebatzi denez gero, Kontseiluko kide guztien eta konbentzio honi atxikitzen zaizkion Europako beste estatuen artean historiako hizkuntzak eta gainerako alde kontratatzaileen zibilizazioa eta zibilizazio erkidea aztertzea helburu hartuta,

Hauxe hitzartu dute:

1. artikulua

Alde kontratatzaile bakoitzak neurri egokiak hartuko ditu Europako kultura-ondare erkideari egiten dion ekarpena babesteko eta haren garapena sustatzeko.

2. artikulua

Alde kontratatzaile bakoitzak, ahal duen neurrian,

a) Bere herritarren artean gainerako alde kontratatzaileen hizkuntzak, historia eta zibilizazioa ikastea sustatuko du, eta herritarroi, beren lurraldean, ikasketa horiek egiteko erraztasunak eskainiko dizkie, eta

b) Ahaleginak egingo ditu bere hizkuntza edo hizkuntzak, historia eta zibilizazioa gainerako alde kontratatzaileen lurraldean ikas daitezen sustatzeko, eta alde kontratatzaileotako herritarrei horrelako ikasketak bere lurraldean egiteko aukera eskaintzeko.

3. artikulua

Alde kontratatzaileek kontsultak egingo dizkiote elkarri Europako Kontseiluaren eremuan beren ekintza kontzertatzeko, betiere Europaren intereseko kultura-jarduerak sustatze aldera.

4. artikulua

Alde kontratatzaile bakoitzak, ahal den neurrian, pertsonen eta kultura-balioko objektuen zirkulazioa eta trukea erraztu beharko ditu, 2. eta 3. artikuluak aplikatzearen ondorioetarako.

5. artikulua

Alde kontratatzaile bakoitzak aintzat hartuko ditu bere zaintzapean dauden eta Europako kultura-balioa duten objektuak, Europako kultura-ondare erkidearen parte diren aldetik, eta behar diren neurriak hartuko ditu objektu horiek kontserbatzeko, eta haietarako irispidea erraztuko du.

6. artikulua

1. Europako Kontseiluko Kultura Adituen Batzordearen bileretan aztertuko dira konbentzio honetako xedapenen aplikazioari buruzko proposamenak eta interpretazioari buruzko gaiak.

2. Estatu orok, Europako Kontseiluko kide izan gabe, 9. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera konbentzio honi atxikitzen bazaio, ordezkari baten edo batzuen esku utzi ahal izango du eskuordetza, aurreko paragrafoan aurreikusitako bileretarako.

3. Artikulu honen lehenengo paragrafoan aurreikusitako bileretan hartutako ondorioak gomendio gisa aurkeztuko zaizkio Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeari, betiere, Kultura Adituen Batzordearen eskumenekoak izanik, gastu gehigarririk ez dakarten administrazio-izaerako gaiekin zerikusia duten erabakiak ez badira.

4. Ministroen Batzordeak edo Kultura Adituen Batzordeak konbentzioari buruz hartutako erabaki oro jakinaraziko die Europako Kontseiluko idazkari nagusiak Kontseiluko kideei eta konbentzio honi atxikitzen zaizkion estatu guztietako gobernuei.

5. Alde kontratatzaile bakoitzak garaiz jakinaraziko dio Europako Kontseiluko idazkari nagusiari Ministroen Batzordearen edo Kultura Adituen Batzordearen erabakien ondorioz konbentzio honetako xedapenak aplikatzeari dagokionez hartzen duen neurri oro.

6. Konbentzio honen aplikazioari buruzko proposamen jakin batzuk alde kontratatzaileen kopuru mugatu bati baino interesatzen ez bazaizkio, proposamen horiek 7. artikuluan agindutakoaren arabera aztertu ahal izango dira, betiere proposamen horiek egiteak Europako Kontseiluari gasturik eragiten ez badio.

7. artikulua

Konbentzio honen helburuak lortzeko, alde kontratatzaile bik edo gehiagok Europako Kontseiluaren egoitzan 6. artikuluko lehenengo paragrafoan aurreikusitako bilerez bestelakoak antolatu nahi badituzte, Kontseiluko idazkari nagusiak beharrezko administrazio-laguntza guztia emango die haiei.

8. artikulua

Ulertuko da konbentzio honetako xedapenek honako hauei eragin diezaieketela:

a) Aldebiko kultura-konbentzio ororen xedapenei, baldin eta alde kontratatzaileetako bat jada sinatzailea bada edo ez bada hain desiragarria alde kontratatzaileetako batek akordio horietako bat geroago amaitzea, edo

b) Pertsona orok, atzerritarren sarrerari, egonaldiari eta irteerari dagokienez, alde kontratatzailearen lurraldean indarrean dauden lege eta erregelamenduen mende jartzeko duen betebeharrari.

9. artikulua

1. Konbentzio hau irekita dago Europako Kontseiluko kideek sina dezaten. Berronetsi egingo da. Berroneste-tresnak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko dira hark gordailutu ditzan.

2. Hiru gobernu sinatzailek beren berronespen-tresna gordailutu bezain laster, konbentzio hau indarrean jarriko da gobernu horientzat.

3. Konbentzioa geroago berronesten duen gobernu sinatzaile ororentzat, berronespen-tresna ematen den egunean jarriko da indarrean konbentzio hau.

4. Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak aho batez erabaki ahal izango du, berak egokitzat jotzen dituen modalitateen arabera, Kontseiluko kide ez den edozein estatu europar gonbidatzea konbentzio honi atxikitzen zaiola deklara dezan. Gonbidapen hori jasotzen duen estatuak bere atxikipena deklaratu ahal izango du, atxikitze-tresna Europako Kontseiluko idazkari nagusiaren esku utzita; atxikipen horrek tresna hori jasotzen den unetik izango ditu ondorioak.

5. Europako Kontseiluko idazkari nagusiak Kontseiluko kide guztiei eta atxikitako estatuei jakinaraziko die berronesteko eta atxikitzeko tresna guztiak gordailutu direla.

10. artikulua

Alde kontratatzaile orok zehaztu ahal izango du zein lurraldetan aplikatuko diren konbentzio honetako xedapenak; horretarako, adierazpen bat bidali beharko dio Europako Kontseiluko idazkari nagusiari, eta azken horrek gainerako alde kontratatzaileei jakinaraziko die.

11. artikulua

1. Konbentzioa indarrean jartzen denetik bost urte igarotakoan, konbentzio hau edonoiz salatu ahal izango du alde kontratatzaile bakoitzak. Salaketa hori Europako Kontseiluko idazkari nagusiari zuzendutako idatzizko jakinarazpenaren bidez egingo da, eta hark gainerako alde kontratatzaileei jakinaraziko die.

2. Aipatutako salaketak Europako Kontseiluko idazkari nagusiak jaso eta sei hilabetera izango ditu ondorioak alde kontratatzaile interesdunarentzat.

Horren fedean, behean aipatuko direnek, haien gobernuek horretarako behar bezala baimenduta, konbentzio hau sinatu dute.

Parisen egina, 1954ko abenduaren 19an, frantsesez eta ingelesez ale bakarrean, zeina Europako Kontseiluaren artxiboetan gordailutuko baita, eta bi testuek era berean emango dute fede. Idazkari nagusiak konbentzio honen kopia ziurtatua igorriko die Gobernu sinatzaileei eta atxikitako gobernu bakoitzari.

Belgikako Erresumako Gobernuaren izenean: P. H. Spaak.

Danimarkako Erresumako Gobernuaren izenean: H. C. Hansen.

Frantziako Errepublikako Gobernuaren izenean: Mendes France.

Alemaniako Errepublika Federaleko Gobernuaren izenean: Blücher.

Greziako Erresumako Gobernuaren izenean: Stephanopoulos.

Hitzarmen hau sinatzeko unean, adierazten dut heleniar gobernuak, «ahal den neurrian» esaldiari, zeina Konbentzioaren 2. eta 4. artikuluetan agertzen baita, eman diezaiola esanahi hau: «Herrialde bakoitzeko legeria kontuan hartuta, eta berezko dituen barne-baldintzek ahalbidetzen duten neurrian».

3. Islandiako Errepublikako Gobernuaren izenean: Kristian Gudmundsfion.

Irlandako Gobernuaren izenean: Liam Cosgrave.

Italiako Errepublikako Gobernuaren izenean: G. Martino.

Luxenburgoko Dukerri Handiko Gobernuaren izenean: Jos. Bech.

Herbehereetako Erresumako Gobernuaren izenean: J. W. Bey

Norvegiako Erresumako Gobernuaren izenean: Halcard Lange.

Sarreko Gobernuaren izenean [Ministroen Batzordearen (54) 18 ebazpena aplikatuz]: Stephanopoulos.

Suediako Erresumako Gobernuaren izenean: K. I. Westman.

Turkiako Errepublikako Gobernuaren izenean: F, Köprölü.

Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuko Gobernuaren izenean: Anthony Eden.

Aipatutako estatuetatik, honako hauek berronetsi dute konbentzioa:

Belgika, 1955eko maiatzaren 11; Danimarka, 1955eko maiatzaren 7a; Frantzia, 1955eko martxoaren 19a; Alemaniako Errepublika Federala, 1955eko azaroaren 17a; Islandia, 1956ko martxoaren 1a: Irlanda, 1955eko martxoaren 11: Luxenburgo, 1956ko uztailaren 30a; Herbehereak, 1956ko otsailaren 8a; Norvegia, 1956ko urtarrilaren 24a; Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua, 1955eko maiatzaren 5a.

Espainia konbentzio honi atxikitzeko tresna Estrasburgon gordailutu zen, Europako Kontseiluko idazkari nagusiaren esku utzita, 1957ko uztailaren 4an.

Guztiek jakin dezaten argitaratzen da hau, eta eransten da ezen Konbentzioa, 9. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera, Espainiarako indarrean jarri dela atxikitze-tresna gordailutu zen egunean.


7.3.3. 1. Erregelamendua, 1958ko apirilaren 15ekoa, Europako Ekonomia Erkidegoko Hizkuntza-araubidea ezartzen duena[251]

Europako Ekonomia Erkidegoko Kontseiluak,

Ikusiz Tratatuaren 217. artikulua, zeinaren bidez Kontseiluak aho batez finkatuko baitu Erkidegoko instituzioen hizkuntza-araubidea, hark eragotzi gabe Justizia Auzitegiaren erregelamenduan aurreikusitako xedapenak.

Aintzatetsiz Tratatua idazteko erabili diren lau hizkuntzak hizkuntza ofizialtzat jotzen direla Erkidegoko estatu kide batean edo gehiagotan,

Erregelamendu hau eman du:

1. artikulua

Erkidegoko instituzioen hizkuntza ofizialak eta lan-hizkuntzak alemana, frantsesa, italiera eta nederlandera izango dira.

2. artikulua

Estatu kide batek edo estatu kide baten jurisdikziopean dagoen pertsona batek instituzioei bidaltzen dizkien testuak hizkuntza ofizialetako batean idatziko dira, bidaltzailearen aukeran. Erantzuna hizkuntza berean idatziko da.

3. artikulua

Instituzioek estatu kide bati edo estatu kide baten jurisdikziopean dagoen pertsona bati bidaltzen dizkioten testuak estatu horretako hizkuntzan idatziko dira.

4. artikulua

Erregelamenduak eta gainerako testu orokorrak lau hizkuntza ofizialetan idatziko dira.

5. artikulua

Erkidegoaren Aldizkari Ofiziala lau hizkuntza ofizialetan argitaratuko da.

6. artikulua

Instituzioek hizkuntza-araubide hau beren barne-erregelamenduetan aplikatzeko modalitateak zehaztu ahal izango dituzte.

7. artikulua

Justizia Auzitegiaren prozeduraren hizkuntza-araubidea haren prozedura-erregelamenduan zehaztuko da.

8. artikulua

Hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten estatu kideei dagokienez, estatu interesdunak hala eskatzen badu, estatu horretako legeriaren arau orokorrek arautuko dute hizkuntza baten erabilera.

Erregelamendu hau nahitaez bete beharrekoa izango da oso-osorik, eta zuzenean aplikatuko da estatu kide bakoitzean.

Bruselan egina, 1958ko apirilaren 15ean.


7.3.4. Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna,
1992ko azaroaren 5ekoa[252][253]

HITZAURREA

Europako Kontseiluko kide diren eta gutun hau sinatzen duten estatuek,

Kontuan harturik Europako Kontseiluaren helburua kide guztien arteko batasun sendoagoa lortzea dela, batez ere kideen ondare erkidea osatzen duten idealak eta printzipioak babestu eta sustatzearren;

Kontuan harturik Europako hizkuntza erregional eta gutxitu historikoen —horietako batzuk denborarekin galtzeko arriskuan daude— babesak Europako ohitura- eta kultura-aberastasuna mantendu eta garatzen laguntzen duela;

Kontuan harturik hizkuntza erregional edo gutxitu bat bizitza pribatuan edo publikoan erabiltzea eskubide preskribaezina dela, Nazio Batuen Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunean jasotako printzipioekin bat, eta Gizakiaren Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Kontseiluaren Konbentzioaren espirituarekin bat;

Aintzat harturik Europako Segurtasun eta Lankidetzako Batzordean egindako lana, eta, bereziki, Helsinkiko 1975eko Azken Akta eta Kopenhageko 1990eko bilera-agiria;

Kultura-artekotasunak eta eleaniztasunak duten balioa azpimarratuz, eta kontuan harturik hizkuntza erregional eta gutxituak babestu eta sustatzea ez litzatekeela hizkuntza ofizialen eta horiek ikasteko beharrizanaren kalterako egin beharko;

Jakitun izanda Europako hizkuntza erregional eta gutxituak Europako erregioetan eta herrialdeetan babestu eta sustatzeak ekarpen garrantzitsua egiten diola demokraziaren eta kultura-aniztasunaren printzipioetan datzan Europa eraikitzeari, nazioen subiranotasunaren eta lurralde-osotasunaren esparruan;

Aintzat harturik Europako erregio bakoitzak dituen berariazko baldintzak eta berezko ohitura historikoak,

ondokoa erabaki dute:

I. ZATIA
Xedapen orokorrak

1. artikulua.— Definizioak

Gutun honen ondorioetarako:

a) “Hizkuntza erregionala edo gutxitua” aipatzerakoan, hauek adierazi nahi dira:

i) Estatu bateko lurraldean bertako biztanleek, estatuko biztanleriaren barruan gutxiengoa izanik, tradizioz hitz egiten dituztenak; eta

ii) hizkuntzok ez dira estatu horretako hizkuntza ofizialak izango; hizkuntza erregional eta gutxituen barruan ez dira sartuko estatuko hizkuntza ofizialaren dialektoak, ez etorkinen hizkuntzak;

b) “hizkuntza erregional edo gutxitua erabiltzen den lurraldea” da gutun honetan aurreikusitako babes- eta sustapen-neurriak hartzea justifikatzeko besteko hiztun-kopurua duen hizkuntzaren geografia-eremua;

c) “lurralderik gabeko hizkuntzak” dira estatuko gainerako biztanleek hitz egiten dituzten hizkuntzak, baina estatuko lurraldean tradizioz hitz egiten diren arren, bertako geografia-eremu jakin bati lotu ezin dakizkiokeenak.

2. artikulua.— Konpromisoak

1. Alde guztiek hartu dute II. zatiko xedapenak bakoitzaren lurraldean hitz egiten diren hizkuntza erregional edo gutxitu guztiei aplikatzeko konpromisoa, baldin eta hizkuntzok 1. artikuluko definizioak betetzen badituzte.

2. Berronetsi, onartu edo onesteko unean adierazitako hizkuntza guztiei dagokienez, 3. artikuluarekin bat, alde bakoitzak gutun honen III. zatiko xedapenen artetik gutxienez hogeita hamabost paragrafo edo apartatu hautatu aplikatzeko konpromisoa hartu du; horietako hiru gutxienez 8. eta 12. artikuluetan hautatu behar dira, eta 9., 10., 11. eta 13. artikuluetan, berriz, bana.

3. artikulua.— Modalitateak

1. Gutuna sinatu duten estatuek berronetsi, onartu edo onesteko agirian zehaztu behar dute hizkuntza erregional eta gutxituetako bakoitza, edo bakoitzaren lurralde osoan edo horren zati batean eremu urriagoa duen hizkuntza ofizial bakoitza, eta horri 2. artikuluko 2. paragrafoarekin bat hautatutako paragrafoak ezarriko zaizkio.

2. Aldeek, geroagoko edozein unetan, berronetsi, onartu edo onesteko agirian zehaztu zituzten paragrafoez aparte Gutunaren beste edozein paragrafotako xedapenen ondoriozko betebeharrak onartzen dituztela jakinaraz diezaiokete Idazkaritza Nagusiari, edo artikulu honen 1. paragrafoa aplikatuko dietela beste hizkuntza erregional edo gutxitu batzuei, edo lurralde osoan edo horren zati batean eremu urriagoa duten beste hizkuntza ofizial batzuei.

3. Aurreko paragrafoan aurreikusitako konpromisoak berronespen, onespen edo onarpenaren partetzat joko dira, eta ondorio berberak izango dituzte jakinarazten diren egunetik bertatik.

4. artikulua.— Dagoeneko badiren babes-estatusak

1. Ezin da interpretatu gutun honen ezein xedapenek Giza Eskubideen Europako Konbentzioak bermatutako eskubideak mugatu edo indargabetzen dituenik.

2. Gutun honen xedapenek ez dituzte murrizten hizkuntza erregional eta gutxituen egoera arautzen duten xedapen mesedegarriagoak, ez eta gutxiengoetako kide diren pertsonen estatutu juridikoa ere; horiek aldeetako batean dagoeneko existitzen dira edo aldebiko edo alde anitzeko berariazko akordioetan jasota daude.

5. artikulua.— Dauden betebeharrak

Gutun honen ezer ezin izango da interpretatu eskubidea ematen duenik Nazio Batuen Gutunaren helburuak edo nazioarteko zuzenbidearen beste betebehar batzuk, estatuen subiranotasunaren eta lurralde-osotasunaren printzipioa barne, urratzen dituen jardueraren bat hasi edo ekintzaren bati ekiteko.

6. artikulua.— Informazioa

Aldeek konpromisoa hartu dute dagozkien agintari, erakunde eta pertsonek gutun honek ezartzen dituen eskubideen eta eginbeharren informazioa jaso dezaten.

II. ZATIA
2. artikuluko 1. paragrafoarekin bat lortu nahi diren helburuak eta printzipioak

7. artikulua.— Helburuak eta printzipioak

1. Hizkuntza erregional eta gutxituei dagokienez, hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeetan eta hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, ondoko helburuak eta printzipioak izango dira aldeen politika, legeria eta jardunaren oinarri:

a) hizkuntza erregional eta gutxituak aitortzea, kultura-aberastasunaren erakusle dira eta;

b) hizkuntza erregional eta gutxituetako bakoitzak hartzen duen geografia-eremua errespetatzea; hala, beraz, administrazio-zatiketak, lehendik hor zeudenak nahiz berriak, ez dira oztopo izango hizkuntza erregional edo gutxitu hori sustatzeko;

c) hizkuntza erregional eta gutxituak sustatzeko ekintza seguru baten beharra, hizkuntzok babestearren;

d) hizkuntza erregional eta gutxituak bizitza publikoan eta pribatuan ahoz eta idatziz erabiltzea erraztu edota sustatzea;

e) Gutun honek hartzen dituen eremuetan, harremanak sortu eta garatzea hizkuntza erregionala edo gutxitua erabiltzen duten taldeen eta estatu berean hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten beste talde batzuen artean, bai eta kultura-harremanak sortzea beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituzten estatuko beste talde batzuekin ere;

f) hizkuntza erregional eta gutxituak irakasteko eta ikasteko modu eta bitarteko egokiak jartzea maila egoki guztien esku;

g) bitartekoak jartzea hizkuntza erregionala edo gutxitua hitz egiten den eremu batean bizi baina hizkuntza hori hitz egiten ez dutenen esku, nahi izanez gero hizkuntza hori ikas dezaten;

h) hizkuntza erregional eta gutxituei buruzko azterketak eta ikerketak sustatzea unibertsitateetan edo zentro baliokideetan;

i) Gutun honek biltzen dituen arloetan, nazioz gaindiko elkar-trukerako era egokiak sustatzea, estatu bitan edo gehiagotan modu berean edo antzekoan erabiltzen diren hizkuntza erregional eta gutxituentzat.

2. Aldeek konpromisoa hartu dute ezabatzeko, oraindik egin ez badute, hizkuntza erregional edo gutxitu bat erabiltzeko egon daitezkeen bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehentasun justifikatu gabe oro, alegia, hizkuntza hori ahultzea edo hori mantendu edo garatzea arriskuan jartzea helburutzat izan dezaketenak.

Hizkuntza erregional eta gutxituen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat, neurrion helburua hizkuntza erregional eta gutxituok erabiltzen dituztenen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna bultzatzea edo hiztun horien egoera partikularrak aintzat hartzea bada.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute, neurri egokiak erabilita, herrialde guztiko hizkuntza-taldeen arteko elkar-ulertzea sustatzeko. Horretarako, batez ere, hizkuntza erregional eta gutxituen errespetua eta horienganako ulermena eta tolerantzia jasoko dute herrialdean eskaintzen den hezkuntzan eta prestakuntzaren helburuen artean, eta helburu bera lortzera animatuko dituzte masa-komunikabideak.

4. Aldeek konpromisoa hartu dute hizkuntza erregional eta gutxituei buruzko politikak definitzerakoan kontuan hartzeko hizkuntza horiek erabiltzen dituzten taldeek adierazitako beharrizanak eta gurariak.

Aldeei eskatu zaie, beharrezkoa denean, hizkuntza erregional eta gutxituekin zerikusia duten gaiei buruz agintariak aholkatzeko organoak sortzeko.

5. Aldeek konpromisoa hartu dute 1etik 4rako paragrafoetan zerrendatutako printzipioak mutatis mutandis aplikatzeko lurralderik gabeko hizkuntzei.

Alabaina, hizkuntza horien kasuan, gutun hau burutzeko hartu beharreko neurrien izaera eta irismena modu malguan ezarriko dira, hizkuntzok erabiltzen dituzten taldeen beharrizanak eta gurariak kontuan hartuta, eta horien ohiturak eta ezaugarriak errespetatuz.


III. ZATIA
Hizkuntza erregional eta gutxituak bizitza publikoan erabiltzearen aldeko neurriak, 2. artikuluko 2. paragrafoa betez hartutako konpromisoekin hartu beharrekoak

8. artikulua.— Irakaskuntza

1. Irakaskuntzaren arloan, hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeari dagokionez, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera eta estatuko hizkuntza ofizialen irakaskuntzari kalterik egin gabe, ondoko konpromisoak hartu dituzte aldeek:

a) i) eskolaurreko hezkuntza kasuan kasuko hizkuntza erregional eta gutxituetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) eskolaurreko hezkuntzaren zati handi bat kasuan kasuko hizkuntza erregional eta gutxituetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) aurreko bi puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten familietako ikasleei, horien kopurua nahikotzat jotzen bada; edo

iv) botere publikoek ez badute zuzeneko eskumenik eskolaurreko hezkuntzan, lehenengo bi puntuetan jasotako neurriak aplikatzea erraztu edota sustatzea;

b) i) lehen mailako irakaskuntza kasuan kasuko hizkuntza erregional eta gutxituetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) lehen mailako irakaskuntzaren zati handi bat kasuan kasuko hizkuntza erregional eta gutxituetako batean bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) lehen mailako irakaskuntzaren barruan, hizkuntza erregional eta gutxituen irakaskuntza curriculumaren parte izatea ezartzea; edo

iv) aurreko hiru puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten familietako ikasleei, horien kopurua nahikotzat jotzen bada;

c) i) bigarren mailako irakaskuntza kasuan kasuko hizkuntza erregional eta gutxituetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) bigarren mailako irakaskuntzaren zati handi bat kasuan kasuko hizkuntza erregional eta gutxituetako batean bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) bigarren mailako irakaskuntzaren barruan, hizkuntza erregional eta gutxituen irakaskuntza curriculumaren parte izatea ezartzea; edo

iv) aurreko hiru puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten ikasleei —edo, horrela ez bada, horien familiek nahi badute—, horien kopurua nahikotzat jotzen bada;

d) i) irakaskuntza tekniko eta profesionala kasuan kasuko hizkuntza erregional eta gutxituetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) irakaskuntza tekniko eta profesionalaren zati handi bat kasuan kasuko hizkuntza erregional eta gutxituetako batean bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) irakaskuntza tekniko eta profesionalaren barruan, hizkuntza erregional eta gutxituen irakaskuntza curriculumaren parte izatea ezartzea; edo

iv) aurreko hiru puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten ikasleei —edo, horrela ez bada, horien familiek nahi badute—, horien kopurua nahikotzat jotzen bada;

e) i) unibertsitate mailako irakaskuntza eta goi-mailako bestelako irakaskuntza-motak hizkuntza erregional eta gutxituetan ezartzea; edo

ii) hizkuntzok unibertsitateko eta goi-mailako irakaskuntzaren ikasgai gisa ikastea ezartzea; edo

iii) Estatuak goi-mailako irakaskuntzako zentroekiko duen zeregina dela eta, i) eta ii) apartatuak ezin izango balira aplikatu, ondokoak ezartzea suspertu edota baimentzea: hizkuntza erregional eta gutxituetan unibertsitate mailako edo goi-mailako bestelako irakaskuntza-motak, edo hizkuntzok unibertsitatean edo goi-mailako irakaskuntzako beste zentro batzuetan ikasi ahal izateko bitartekoak;

f) i) beharrezkoak diren xedapenak ematea, helduen hezkuntzako edo hezkuntza iraunkorreko ikastaroak hein handi batean edo osorik hizkuntza erregional eta gutxituetan eskaintzea bermatu dadin; edo

ii) hizkuntza horiek proposatzea helduen hezkuntzako edo hezkuntza iraunkorreko ikasgai gisa; edo

iii) botere publikoek ez badute zuzeneko eskumenik helduen hezkuntzan, hizkuntza horiek irakastea erraztu edota sustatzea helduen hezkuntzaren edo hezkuntza iraunkorraren barruan;

g) hizkuntza erregional eta gutxituek adierazten duten historia eta kultura irakasten direla bermatzeko xedapenak ematea;

h) irakasleen beharrezko hasierako eta etengabeko prestakuntza bermatzea, Gutuna sinatzen duen alde bakoitzak a)-tik g)-rako paragrafoetatik onartutakoak aplikatzeko;

i) kontrolerako organo bat edo gehiago sortzea, eta horren ardura izango da hizkuntza erregional eta gutxituen irakaskuntza ezartzeko edo garatzeko hartu diren neurrien eta egin diren aurrerapenen jarraipena egitea, eta puntu horiei buruz aldian-aldian txostenak egitea; txostenok jendaurrean jarriko dira.

2. Irakaskuntzaren arloan, eta hizkuntza erregional eta gutxituak tradizioz erabiltzen diren erregioetatik kanpo dauden lurraldeei dagokienez, aldeek konpromisoa hartu dute, hizkuntza erregional eta gutxituetako baten hiztun-kopuruak hori justifikatzen badu, eta irakaskuntzaren maila egokietan, irakaskuntza hizkuntza erregional edo gutxituan egitea edo hizkuntza bera irakastea baimendu, sustatu edo ezartzeko.

9. artikulua.— Justizia

1. Jarraian zehaztuko diren neurriak hartzea justifikatzeko besteko hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztun-kopurua duten agintari judizialen barrutiei dagokienez, zenbait konpromiso hartu dituzte aldeek, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, eta baldintza batekin, alegia, paragrafo honek eskaintzen dituen aukerez baliatzeak ez dezala epaileak hartu justizia ondo administratzeko oztopotzat.

Hauek dira konpromisoak:

a) prozesu penaletan:

i) jurisdikzio-organoek, aldeetako batek eskatuta, prozesua hizkuntza erregionalean edo gutxituan gara dezatela ezartzea; edota

ii) hizkuntza erregionalean edo gutxituan hitz egiteko eskubidea bermatzea akusatuari; edota

iii) errekerimenduak edo frogak, idatzizkoak zein ahozkoak, hizkuntza erregional eta gutxituetako batean formulatuta egote hutsagatik onartezinak ez izatea ezartzea; edota

iv) hizkuntza erregional eta gutxitu horietan ematea, hala eskatuz gero, prozedura judizial bati lotutako egintzak, beharrezkoa bada interpreteak eta itzultzaileak erabilita, eta interesdunei inolako gastu gehigarririk eragin gabe.

b) prozesu zibiletan;

i) jurisdikzio-organoek, aldeetako batek eskatuta, prozesua hizkuntza erregionalean edo gutxituan gara dezatela ezartzea; edota

ii) Alde bat auzitegi baten aurrean bertaratu behar denean, bere hizkuntza erregionalean edo gutxituan hitz egitea baimentzea alde horri, hori dela-eta gastu osagarriei aurre egin behar izan gabe; edota

iii) dokumentuak eta frogak hizkuntza erregionalean edo gutxituan aurkeztea baimentzea, beharrezkoa bada interpreteak eta itzultzaileak erabilita;

c) administrazio-arloan eskudunak diren jurisdikzioen aurreko prozesuetan:

i) jurisdikzioek, auzibidean parte hartzen duten aldeetako batek eskatuta, prozesua hizkuntza erregionalean edo gutxituan gara dezatela ezartzea; edota

ii) alde bat auzitegi baten aurrean bertaratu behar denean, bere hizkuntza erregionalean edo gutxituan hitz egitea baimentzea alde horri, hori dela-eta gastu osagarriei aurre egin behar izan gabe; edota

iii) dokumentuak eta frogak hizkuntza erregionalean edo gutxituan sortzea baimentzea, beharrezkoa bada interpreteak eta itzultzaileak erabilita;

d) neurriak hartzea, b) eta c) paragrafoetako i) eta iii) apartatuen aplikazioak eta interpreteen eta itzulpenen balizko erabilerak ez diezaieten gastu osagarririk ekarri interesdunei.

2. Aldeek hartu dituzten konpromisoak:

a) Estatu batean ezarritako egintza juridikoen baliozkotasuna ez baztertzea, egintzok hizkuntza erregional eta gutxituetako batean idatzita egote hutsagatik; edo

b) Estatu batean ezarritako egintza juridikoek, aldeen artean, duten baliozkotasuna ez baztertzea, egintzok hizkuntza erregional eta gutxituetako batean idatzita egote hutsagatik, eta egintzok hizkuntza hori hitz egiten ez duten hirugarren interesdunen aurka erabili ahal izango direla ezartzea, baldin eta egintzaren edukia erabiltzen duenak berak jakinarazten badie; edo

c) Estatu batean ezarritako egintza juridikoek, aldeen artean, duten baliozkotasuna ez baztertzea, egintzok hizkuntza erregional eta gutxituetako batean idatzita egote hutsagatik.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute hizkuntza erregional eta gutxituetan emateko estatuko lege-testurik garrantzitsuenak eta hizkuntza horien erabiltzaileei bereziki dagozkienak, testuok beste modu batean erabilgarri daudenean izan ezik.

10. artikulua.— Administrazioko agintariak eta zerbitzu publikoak

1. Jarraian zehaztuko diren neurriak hartzea justifikatzeko besteko hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztun-kopurua duten Estatuaren administrazio-agintarien barrutiei dagokienez, eta hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, zenbait konpromiso hartu dituzte aldeek, posiblea den neurrian; hain zuzen ere hauek:

a) i) administrazio-agintariek hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzen dituztela zaintzea; edo

ii) jendearekin harremana duten agintari horien agenteek eurongana hizkuntza horietan jotzen duten pertsonekin hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzen dituztela zaintzea; edo

iii) hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztunek eskaerak ahoz zein idatziz aurkez ditzaketela eta erantzuna hizkuntza horietan jaso dezaketela zaintzea; edo

iv) hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztunek eskaerak ahoz zein idatziz aurkez ditzaketela zaintzea; edo

v) hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztunek hizkuntza horietan idatzitako agiri bat balio osoz aurkez dezaketela zaintzea;

b) maiz erabiltzen diren formularioak eta administrazio-testuak hizkuntza erregional eta gutxituetan, edo bertsio elebidunetan, jartzea jendearen eskueran;

c) dokumentuak hizkuntza erregional eta gutxituetako batean idaztea baimentzea administrazio-agintariei.

2. Jarraian zehaztuko diren neurriak justifikatzeko besteko hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztun-kopurua duten lurraldeetako herri eta erregioetako agintariei dagokienez, ondokoak baimendu edota sustatzeko konpromisoa hartu dute aldeek:

a) hizkuntza erregional eta gutxituen erabilera erregio- edo toki-mailako administrazioan;

b) hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztunek eskaerak ahoz zein idatziz aurkezteko duten aukera;

c) erregioetako agintariek beren testu ofizialak hizkuntza erregional eta gutxituetan ere argitaratzea;

d) toki-agintariek beren testu ofizialak hizkuntza erregional eta gutxituetan ere argitaratzea;

e) hizkuntza erregional eta gutxituetako agintari erregionalek beren batzarretako eztabaidetan hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzea, baina ez da baztertuko, hala ere, estatuko hizkuntza ofizialak erabiltzea;

f) hizkuntza erregional eta gutxituetako toki-agintariek beren batzarretako eztabaidetan hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzea, baina ez da baztertuko, hala ere, estatuko hizkuntza ofizialak erabiltzea;

g) hizkuntza erregional eta gutxituetako toponimiako ohiko formak eta zuzenak erabili edo hartzea, beharrezkoa bada hizkuntza ofizialetako izendapenekin batera.

3. Administrazio-agintariek edo horien kontura jarduten duten beste pertsona batzuek bermatzen dituzten zerbitzu publikoei dagokienez, hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzen diren lurraldeetan, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera eta hori posiblea den neurrian, konpromiso hauek hartu dituzte Gutuna sinatu duten aldeek:

a) zerbitzua ematerakoan hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzen direla zaintzea; edo

b) eskaerak hizkuntza erregional eta gutxituetako batean aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan jasotzea baimentzea hizkuntzotako hiztunei; edo

c) eskaerak hizkuntza erregional eta gutxituetako batean aurkeztea baimentzea hizkuntzotako hiztunei.

4. Aldeek onartu dituzten 1., 2. eta 3. paragrafoetako xedapenak martxan jartzearren, ondoko neurrietako bat edo batzuk hartzera konprometitu dira:

a) idatzizko edo ahozko itzulpena egitera, eskatuz gero;

b) funtzionarioak eta bestelako agente publikoak kopuru nahikoan errekrutatzera, edo, beharrezkoa bada, horiek prestatzera;

c) hizkuntza erregional edo gutxitu bat ezagutzen duten agente publikoek destinoa hizkuntza hori erabiltzen den lurraldeetan izateko egin ditzaketen eskariak asetzea, ahal den neurrian.

5. Aldeek konpromisoa hartu dute, interesdunek hala eskatuz gero, hizkuntza erregional eta gutxituetako patronimikoak erabili edo hartzea baimentzeko.

11. artikulua.— Komunikabideak

1. Aldeek zenbait konpromiso hartu dituzte hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztunei dagozkienez, hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeetan, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, eta agintari publikoek, zuzenean edo zeharka, arlo horretan boterea edo eginkizunen bat duten neurrian, betiere komunikabideen independentzia eta autonomia printzipioak errespetatuz. Konpromisoak hauek dira:

a) irratia eta telebista zerbitzu publikoak diren neurrian:

i) gutxienez irrati-estazio eta telebista-kate bana sortzea hizkuntza erregional eta gutxituetan; edo

ii) hizkuntza erregional eta gutxituetan gutxienez irrati-estazio eta telebista-kate bana sortzea sustatu edota erraztea; edo

iii) beharrezkoak diren xedapenak ematea difusioaren arduradunek hizkuntza erregional eta gutxituetan egindako emanaldiak programatu ditzaten;

b) i) hizkuntza erregional eta gutxituetan gutxienez irrati-estazio bat sortzea sustatu edota erraztea; edo

ii) irrati-programak hizkuntza erregional eta gutxituetan modu erregularrean jaulkitzea sustatu edota erraztea

c) i) hizkuntza erregional eta gutxituetan gutxienez telebista-kate bat sortzea sustatu edota erraztea; edo

ii) telebista-programak hizkuntza erregional eta gutxituetan modu erregularrean zabaltzea sustatu edota erraztea

d) hizkuntza erregional eta gutxituetan egindako entzunezko eta ikus-entzunezko materialen ekoizpena eta zabalkundea sustatu edota erraztea;

e) i) hizkuntza erregional eta gutxituetan gutxienez prentsa-organo bat sortu edota mantentzea sustatu edota erraztea; edo

ii) prentsa-artikuluak hizkuntza erregional eta gutxituetan modu erregularrean argitaratzea sustatu edota erraztea

f) i) hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzen dituzten komunikabideen kostu osagarriak estaltzea, legeak komunikabideentzat, orokorrean, finantza-laguntzaren bat ezarrita duenean; edo

ii) dauden finantza-laguntzak hizkuntza erregional eta gutxituetan sortutako ikus-entzunezko ekoizpenei ere ematea;

g) hizkuntza erregionalean edo gutxituan lan egiten duten komunikabideentzako kazetarien eta beste langile batzuen prestakuntza bultzatzea.

2. Aldeek konpromisoa hartu dute hizkuntza erregionala edo gutxitua edo antzekoa hitz egiten duten hurbileko herrialdeetako biztanleek irrati- eta telebista-emanaldiak modu zuzenean jasotzeko askatasuna izango dutela bermatzeko, bai eta hurbileko herrialdeek hizkuntza horretan egin ditzaketen irrati- eta telebista-emanaldien aurka ez egiteko ere. Konpromisoa hartu dute, bestalde, hizkuntza erregional eta gutxituetako batean edo antzekoan sortutako informazioaren adierazpen-askatasuna eta horren zirkulazio askea dela-eta idatzizko prentsari ez zaiola inolako murrizketarik ezarriko zaintzeko. Aipatutako askatasunak erabiltzeak eginbeharrak eta erantzukizunak dakartza, eta legez ezarritako zenbait formalitate, baldintza, murrizketa edo zehapenen mende egon daiteke. Horiek guztiak beharrezko neurriak dira, gizarte demokratiko batean, segurtasun nazionalerako, lurralde-osotasunerako edo segurtasun publikorako, ordenaren defentsarako eta krimenaren prebentziorako, osasunaren edo moralaren babeserako, hurkoaren ospearen eta eskubideen babeserako, isilpeko informazioak zabaltzea eragozteko, edo botere judizialaren agintea edo inpartzialtasuna bermatzeko.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztunen interesak ordezkatuta egon daitezen edo aintzat har daitezen komunikabideen askatasuna eta pluraltasuna bermatzeko egitekoa duen legearekin bat sor daitezkeen egituretan.

12. artikulua.— Kultura-jarduerak eta -ekipamenduak

1. Kultura-jarduerei eta -ekipamenduei dagokienez —bereziki, liburutegiak, bideotekak, kultura-zentroak, museoak, artxiboak, akademiak, antzokiak eta zinemak, literaturako eta zinema-ekoizpeneko lanak, kultura herrikoiaren adierazpenerako lanak, jaialdiak eta kultura-industriak, teknologia berrien erabilera barru, kontuan hartuta—, zenbait konpromiso hartu dituzte aldeek, hizkuntza horiek erabiltzen diren lurraldeari dagozkionez, eta agintari publikoak arlo horretan eskumena, boterea edo egitekoa duten neurrian.

Konpromiso hauek hartu dituzte:

a) hizkuntza erregional eta gutxituen adierazpidea eta berezko ekimenak sustatzea, eta hizkuntza horietan sortutako lanak eskuratzeko bitartekoak erraztea;

b) hizkuntza erregional eta gutxituetan sortutako lanak beste hizkuntza batzuetan eskuratzeko bitartekoak erraztea, eta, horretarako, itzulpen-, bikoizketa-, postsinkronizazio- eta azpititulazio-lanak lagundu eta garatzea;

c) beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak hizkuntza erregional eta gutxituetan eskuratzeko bitartekoak erraztea, eta, horretarako, itzulpen-, bikoizketa-, postsinkronizazio- eta azpititulazio-lanak lagundu eta garatzea;

d) zenbait kultura-jarduera abiarazteko edo horiei laguntzeko ardura duten organismoek beren ekimenean edo beraiek laguntzen dituzten ekimenetan hizkuntza erregional eta gutxituen ezagutza eta erabilera neurri egokian integratzen dutela zaintzea.

e) hizkuntza erregionala edo gutxitua, bai eta beste biztanleen hizkuntzak ere, menderatzen dituen pertsonala zenbait kultura-jarduera abiarazteko edo horiei laguntzeko ardura duten organismoen eskueran jartzen laguntzea;

f) ekipamenduak hornitzerakoan eta kultura-jarduerak programatzerakoan, hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztunen ordezkariek zuzeneko parte-hartzea izan dezatela bultzatzea;

g) hizkuntza erregional eta gutxituetan sortutako lanak bildu, gordailuan jaso eta aurkeztu edo argitaratzeko ardura duen organismo baten edo gehiagoren sorrera suspertu edota erraztea;

h) beharrezkoa bada, itzulpen-zerbitzuak eta terminologia-ikerketako zerbitzuak sortzea edota sustatu eta finantzatzea, batez ere, hizkuntza erregional edo gutxitu bakoitzean administrazio-, merkataritza-, ekonomia-, gizarte-, teknologia- edo lege-terminologia egokia mantendu eta garatzearren.

2. Hizkuntza erregional eta gutxituak tradizioz erabiltzen diren lurraldeak ez direnei dagokienez, aldeek konpromisoa hartu dute, hizkuntza erregionaleko edo gutxituko hiztunen kopuruak horrelakoa justifikatzen badu, kultura-jarduera eta ekipamendu egokiak sustatu edota ezartzeko, aurreko paragrafoarekin bat.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute leku egokia emateko, beren atzerriko kultura-politikan, hizkuntza erregional eta gutxituei eta horiek islatzen duten kulturari.

13. artikulua.— Ekonomia- eta gizarte-bizitza

1. Ekonomia- eta gizarte-jarduerei dagokienez, aldeek ondoko konpromisoak hartu dituzte, herrialde osorako:

a) beren legerietatik kanpo uztea ekonomia- eta gizarte-bizitzari buruzko dokumentuetan hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzeko aukera, arrazoi justifikagarririk gabe, debekatzen edo mugatzen duen xedapen oro, batez ere lan-kontratuetan eta dokumentu teknikoetan, esaterako, produktuak edo ekipamenduak erabiltzeko jarraibideetan.

b) enpresen barne-araudietan eta egintza pribatuetan hizkuntza erregional eta gutxituen erabilera baztertu edo mugatzen duen edozein klausula sartzea debekatzea, gutxienez hizkuntza bera hitz egiten dutenen artean;

c) ekonomia- eta gizarte-jardueretan hizkuntza erregional eta gutxituen erabilera ahultzeko asmoa duten praktiken aurka egitea;

d) aurreko apartatuetan azaldutako bitartekoak baino beste batzuk erabilita, hizkuntza erregional eta gutxituen erabilera erraztu edota sustatzea.

2. Ekonomia- eta gizarte-jarduerei dagokienez, aldeek zenbait konpromiso hartu dituzte, agintari publikoek eskumena duten neurrian, hizkuntza erregional eta gutxituak erabiltzen diren lurralderako, eta hori posiblea den neurrian. Konpromisoak hauek dira:

a) finantza- eta banku-arloetako arautegien bidez definitzea, merkataritzako erabilerarekin bateragarriak diren baldintzetan, ordainketa-aginduak (txekeak, kanbio-letrak, etab.) edo beste finantza-agiri batzuk idazterakoan hizkuntza erregionalak eta gutxituak erabiltzeko aukera ematen duten modalitateak, edo, horrelakorik ezean, prozesu hori martxan jarri dela zaintzea;

b) zuzenean beren kontrolaren mende dauden ekonomia- eta gizarte-sektoreetan (sektore publikoa), hizkuntza erregional eta gutxituen erabilera sustatzeko ekintzak egitea;

c) ospitale, zaharren egoitza edo bestelako gizarte-ekipamenduetan, horietara osasuna, adina edo beste arrazoi batzuk direla-eta joan behar izan duten hizkuntza erregional eta gutxituetako hiztunei beren hizkuntzan hartu eta artatuak izateko aukera eskainiko dietela zaintzea;

d) modalitate egokiak erabilita, segurtasun-jarraibideak hizkuntza erregional eta gutxituetan ere idatzita egongo direla zaintzea;

e) agintari eskudunek kontsumitzaileen eskubideei buruz eskainitako informazioak hizkuntza erregional eta gutxituetan ere erabilgarri bilakatzea;

14. artikulua.— Mugaz haraindiko elkar-trukeak

Aldeek hartu dituzten konpromisoak:

a) hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten estatuak konprometitzen dira aldebiko edo alde anitzeko akordioak aplikatzera, edo horiek amaitzen saiatzera, beharrezkoa bada, estatu horietan hizkuntza bereko hiztunen arteko harremanak erraztearren, kulturan, irakaskuntzan, lanbide-heziketan eta hezkuntza iraunkorrean;

b) hizkuntza erregional eta gutxituen alde, mugaz haraindiko lankidetza erraztu edota sustatzea, batez ere hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten erregio- edo toki-mailako taldeen artean;

IV. ZATIA
Gutunaren aplikazioa

15. artikulua.— Aldizkako txostenak

1. Jarraitutako politikari buruzko txostena aurkeztuko diote aldeek, aldian-aldian, Europako Kontseiluko idazkari nagusiari, Ministroen Batzordeak ezarriko duen eran, eta gutun honen II. zatiarekin bat. Aldeek III. zatiko xedapenetatik bere egin dituztenak aplikatzeko hartu dituzten neurriei buruzkoa izango da txosten hori. Alde bakoitzak Gutuna berarentzat indarrean jarri ondoko lehenengo urtean aurkeztu behar du, beste txostenak, berriz, lehenengoa aurkeztu ondoren, hiru urtean behin aurkeztu behar dira.

2. Aldeek jendaurrean jarriko dituzte beren txostenak.

16. artikulua.— Txostenen azterketa

1. 15. artikuluan xedatutakoa betez Europako Kontseiluko idazkari nagusiari aurkeztuko zaizkion txostenak 17. artikuluan xedatutakoari jarraiki osatutako adituen batzordeak aztertuko ditu.

2. Gutuna sinatu duten aldeetako baten lurraldean legez eratutako organismoek eta elkarteek alde horrek hartutako konpromisoen inguruko gaiez ohartarazi ahal izango diote adituen batzordeari, gutun honen III. zatiari jarraiki. Alde interesdunari galdetu ondoren, adituen batzordeak aintzat har ditzake informazio horiek artikulu honen 3. paragrafoan aipatzen den txostena prestatzerakoan. Organismo eta elkarte horiek, bestalde, alde batek egindako politikari buruzko adierazpenak egin ahal izango dituzte, II. zatiarekin bat.

3. 1. paragrafoan aipatutako txostenak eta 2. paragrafoan aipatutako informazioak oinarri hartuta, Ministroen Batzordearentzako txosten bat prestatuko du adituen batzordeak. Txosten horri aldeei eskatuko zaizkien oharrak gehituko zaizkio; horiek guztiak jendaurrean jarri ahal izango ditu Ministroen Batzordeak.

4. 3. paragrafoan aipatutako txostenak adituen batzordeak Ministroen Batzordeari egindako proposamenak jasoko ditu, bereziki, Kontseiluak, beharrezkoa bada, alde bati edo batzuei egingo dizkien gomendioak prestatzearren.

5. Europako Kontseiluko idazkari nagusiak bi urteko txosten xehatua, Gutunaren aplikazioari buruzkoa, egingo dio Batzar Parlamentarioari.

17. artikulua.— Adituen batzordea

1. Adituen batzordearen osaeran alde bakoitzeko kide bat egongo da. Kide hori Ministroen Batzordeak aukeratuko du alde bakoitzak proposatutako zerrendako pertsonen artetik; zerrenda horretan egongo direnak zuzentasun osoko pertsonak izango dira eta Gutunak jorratzen dituen arloetan aintzatetsitako gaitasuna dutenak.

2. Adituen batzordeko kideak sei urterako aukeratuko dira eta horien agintaldia berritu ahal izango da. Kide batek ezin badu bere agintaldia bete, 1. paragrafoan aurreikusitako prozedurari jarraiki ordeztuko da, eta hori ordezteko izendatutako kideak lehengoaren agintaldia bukatuko du.

3. Adituen batzordeak onetsiko du bere barne-araudia. Batzorde horren idazkaritza Europako Kontseiluko idazkari nagusiak bermatuko du.

V. ZATIA
Azken xedapenak

18. artikulua

Gutun hau Europako Kontseiluko kide diren estatuek sina dezakete. Berronetsi, onartu edo onetsi egin beharko da. Berronetsi, onartu edo onesteko agiriak Europako Kontseiluko idazkari nagusiari utzi beharko zaizkio gordailuan.

19. artikulua

1. Gutun hau Europako Kontseiluko bost kidek, 18. artikuluan xedatutakoaren arabera, Gutunarekin konprometituta daudela onartzen duten egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean.

2. Gutunarekin konpromisoa hartzeko prest daudela geroago adierazten duten estatuen kasuan, berronetsi, onartu edo onesteko agiria gordailuan utzi den egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean gutun hau.

20. artikulua

1. Gutun hau indarrean jarri ondoren, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak bere esku izango du Europako Kontseiluko kide ez den edozein estaturi Gutunari atxikitzeko gonbita egitea.

2. Gutunarekin bat egin duen edozein estaturen kasuan, atxikitze-agiria Europako Kontseiluko idazkari nagusiari gordailuan utzi zaion egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean gutun hau.

21. artikulua

1. Estatu guztiek, Gutuna sinatzerakoan edo Gutuna berronetsi, onartu, onetsi edo horri atxikitzeko agiria gordailuan uzterakoan, erreserba bat edo gehiago aurkez diezaiekete gutun honen 7. artikuluko 2tik 5erako paragrafoei. Ez da beste erreserbarik onartuko.

2. Aurreko paragrafoaren arabera erreserbaren bat aurkeztu duen edozein estatu sinatzailek erreserba hori osorik edo zati batean ken dezake; horretarako, jakinarazpen bat bidali behar dio Europako Kontseiluko idazkari nagusiari. Erreserba kentzeak idazkari nagusiak jakinarazpena jaso duen egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

22. artikulua

1. Alde guztiek, edozein unetan, gutun hau sala dezakete; horretarako, jakinarazpen bat bidali behar diote Europako Kontseiluko idazkari nagusiari.

2. Salaketak idazkari nagusiak jakinarazpena jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita sei hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

23. artikulua

Europako Kontseiluko idazkari nagusiak Kontseiluko kide diren estatuei eta Gutunari atxikitako estatu guztiei jakinaraziko dizkie:

a) sinadura guztiak;

b) Gutuna berronetsi, onartu, onetsi edo horri atxikitzeko agiri oro, gordailuan utzi direnak;

c) Gutun hau, 19. eta 20. artikuluei jarraiki, indarrean jartzen den data oro;

d) 3. artikuluko 2. paragrafoko xedapenak betez jasotako jakinarazpen oro;

e) Gutun honekin zerikusia duen egintza, jakinarazpen edo komunikazio oro.

Horri guztiari jarraiki, behean sinatuko dutenek, horretarako behar bezala ahalmenduta, gutun hau sinatu dute.

Estrasburgon egina 1992ko azaroaren 5ean, frantsesez eta ingelesez, testu biak balio berekoak izanik, Europako Kontseiluko artxiboan jasoko den ale bakarrean. Europako Kontseiluko idazkari nagusiak Gutunaren kopia ziurtatuak bidaliko dizkie Europako Kontseiluko kide diren estatu guztiei eta gutun honi atxikitzeko gonbita egin zaien estatu guztiei.


7.3.5. Esparru-konbentzioa, 1995eko otsailaren 1ekoa, Gutxiengo Nazionalak babestekoa, eta azalpen-txostena [254]

Europako Kontseiluko estatu kideek eta esparru-konbentzio hau sinatu duten gainerako estatuek,

Kontuan hartuz Europako Kontseiluaren helburua kide guztien arteko batasun sendoagoa egitea dela, kideen ondare erkidea osatzen duten idealak eta printzipioak babestu eta sustatzearren;

Kontuan hartuz helburu hori lortzeko dauden bitartekoetako bat giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babestea eta garatzea dela;

Asmoa izanik 1993ko urriaren 9an Vienan hartutako Europako Kontseiluko estatu kideetako estatuburuen eta gobernuburuen Adierazpena garatzea;

Erabakia hartuz bakoitzak bere lurraldean gutxiengo nazionalak babesteko;

Kontuan hartuz Europako historiako nahasmenduek erakutsi dutela gutxiengo nazionalen babesa funtsezkoa dela kontinentearen egonkortasunerako, segurtasun demokratikorako eta bakerako;

Kontuan hartuz gizarte pluralista eta benetan demokratiko batek, gutxiengo nazional bateko pertsona bakoitzaren identitate etniko, kultural, linguistiko eta erlijiosoa errespetatzeaz gain, nortasun hori adieraztea, babestea eta garatzea ahalbidetuko duten baldintza egokiak sortu behar dituela;

Kontuan hartuz beharrezkoa dela tolerantzia- eta elkarrizketa-giroa sortzea, kultura-aniztasuna gizarte bakoitzaren iturri eta faktore izan dadin, ez banatze-iturri, baizik eta aberasteko eragile;

Kontuan hartuz Europa tolerante eta oparoa lortzea ez dagoela estatuen arteko lankidetzaren mende bakarrik, baizik eta tokietako eta erregioetako erakundeen arteko mugaz haraindiko lankidetza ere behar duela, estatu bakoitzaren eraketari eta lurralde-osotasunari kalterik egin gabe;

Kontuan hartuz Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Hitzarmena eta haren protokoloak;

Kontuan hartuz gutxiengo nazionalak babesteari buruzko konpromisoak, zeinak baitaude Nazio Batuen hitzarmen eta adierazpenetan eta Europako Segurtasun eta Lankidetzari buruzko Konferentziaren dokumentuetan, bereziki Kopenhageko 1990eko ekainaren 29ko Dokumentuan;

Erabakia hartuz zein printzipio errespetatu behar diren eta horietatik zein betebehar eratortzen diren zehazteko, betiere estatu kideetan eta tresna honetan alde izan daitezkeen gainerako estatuetan gutxiengo nazionalen eta gutxiengo horietako pertsonen eskubide eta askatasunen babes eraginkorra bermatze aldera, legearen agindupean eta estatuen lurralde-osotasunarekiko eta subiranotasun nazionalarekiko errespetuaren barruan;

Erabakia hartuz esparru-konbentzio honetan adierazitako printzipioak praktikan jartzeko, legeria nazionalen eta gobernu-politika egokien bidez,

Jarraikoa hitzartu dute:

I. TITULUA

1. artikulua

Gutxiengo nazionalak eta gutxiengo horietako pertsonen eskubideak eta askatasunak babestea giza eskubideen nazioarteko babesaren zati bat da, eta, beraz, nazioarteko lankidetzaren esparruan dago.

2. artikulua

Esparru-konbentzio honetako xedapenak fede onez aplikatuko dira, ulermen- eta tolerantzia-espirituarekin, eta auzotasun onaren, adiskidetasunezko harremanen eta estatuen arteko lankidetzaren printzipioekin bat etorriz.

3. artikulua

1. Gutxiengo nazional bateko pertsona orok eskubidea izango du askatasun osoz aukeratzeko halakotzat tratatua izateko edo ez, eta aukera horren eta horri lotutako eskubideen egikaritzeak ez du inolako desabantailarik sortuko.

2. Gutxiengo nazionaletako pertsonek, banaka zein beste batzuekin batera, esparru-konbentzio honetan ezarritako printzipioetatik eratorritako eskubideak eta askatasunak egikaritu ahal izango dituzte.

II. TITULUA

4. artikulua

1. Aldeek konpromisoa hartzen dute gutxiengo nazionaletako pertsonei bermatzeko legearen aurrean berdintasuna izateko eskubidea eta legearen babes berdina izateko eskubidea. Horri dagokionez, debekatuta egongo da gutxiengo nazional bateko kide izatearen gainean oinarritutako diskriminazio oro.

2. Aldeek konpromisoa hartzen dute, beharrezkoa denean, neurri egokiak hartzeko, bizitza ekonomikoaren, sozialaren, politikoaren eta kulturalaren esparru guztietan, gutxiengo nazional bateko pertsonen eta gehiengoko pertsonen arteko berdintasun oso eta eraginkorra sustatzeko. Horri dagokionez, gutxiengo nazionaletako pertsonen baldintza espezifikoak behar bezala hartuko dituzte kontuan.

3. 2. apartatuaren arabera hartutako neurriak ez dira diskriminazio-egintzatzat hartuko.

5. artikulua

1. Aldeek konpromisoa hartu dute, beharrezkoak diren baldintzak sustatzeko, baldintza horiek ahalbide dezaten gutxiengo nazionaletako gizakiek euren kultura iraunarazi eta garatzea, bai eta haien nortasunaren oinarrizko osagaiak babestea ere, hala nola euren erlijioa, hizkuntza, tradizioak eta kultura-ondarea.

2. Aldeek, euren integrazio-politika orokorraren barruan hartutako neurriei kalterik egin gabe, ez dute inolako politika edo praktikarik burutuko, horren helburua bada gutxiengo nazionaletako gizakiak euren borondatearen aurka berdinestea; aitzitik, gizaki horiek babestuko dituzte, berdineste hori helburu duten ekintza guztien aurka.

6. artikulua

1. Aldeek tolerantziarako eta kulturen arteko elkarrizketarako espiritua sustatuko dute, eta neurri eraginkorrak hartuko dituzte beren lurraldean bizi diren pertsona guztien arteko errespetua eta elkar-ulertzea bultzatzeko, edozein izanik ere pertsona horien identitate etniko, kultural, linguistiko edo erlijiosoa, eta, bereziki, hezkuntzaren, kulturaren eta komunikabideen esparruetan.

2. Aldeek konpromisoa hartzen dute neurri egokiak hartzeko beren identitate etniko, kultural, linguistiko edo erlijiosoaren ondorioz mehatxuak edo diskriminazio-, etsaigo- edo indarkeria-ekintzak jasan ditzaketen pertsonak babesteko.

7. artikulua

Aldeek gutxiengo nazional bateko pertsona orori ziurtatuko diote errespetatu egingo zaizkiela batzartze baketsurako, elkartzeko, adierazpen-askatasunerako eta pentsamendu-, kontzientzia- edo erlijio-askatasunerako eskubideak.

8. artikulua

Aldeek konpromisoa hartzen dute aitortzeko ezen gutxiengo nazional bateko pertsona orok bere erlijioa edo sinesmenak adierazteko eskubidea duela, baita baduela erlijio-instituzioak, antolakundeak eta elkarteak sortzeko eskubidea ere.

9. artikulua

1. Aldeek konpromisoa hartzen dute aitortzeko ezen gutxiengo nazional bateko pertsona guztien adierazpen-askatasunerako eskubideak barnean hartzen dituela iritzi-askatasuna eta informazioa eta ideiak hizkuntza gutxituan jaso eta komunikatzeko askatasuna, agintari publikoen esku-sartzerik gabe eta mugak kontuan hartu gabe. Aldeek segurtatuko dute, beren ordenamendu juridikoaren esparruan, gutxiengo nazional bateko pertsonak ez direla diskriminatuko komunikabideetara iristeko orduan.

2. Lehenengo apartatuak ez du eragotziko aldeek soinu-irratiko, telebistako edo zinematografiako enpresei baimen-araubide bat ezartzerik, zeina izango baita ez-diskriminatzailea eta irizpide objektiboetan oinarritua.

3. Aldeek ez dute oztopatuko gutxiengo nazionaletako pertsonek idatzizko hedabideak sortzerik eta erabiltzerik. Soinu-irratiaren eta telebistaren lege-esparruan, ahal den neurrian eta 1. apartatuaren xedapenak kontuan hartuta, gutxiengo nazionaletako pertsonei beren komunikabideak sortzeko eta erabiltzeko aukera emateaz arduratuko dira.

4. Aldeek, beren ordenamendu juridikoen esparruan, neurri egokiak hartuko dituzte gutxiengo nazionaletako pertsonei komunikabideetara iristea errazteko eta tolerantzia sustatzeko eta kultura-aniztasuna ahalbidetzeko.

10. artikulua

1. Aldeek konpromisoa hartu dute, gutxiengo nazionaletako gizaki guztiei aitortzeko, askatasunez eta trabarik gabe, euren hizkuntza gutxiengoz erabiltzeko eskubidea, ahoz eta idatziz.

2. Gutxiengo nazionaletako gizakiak, tradizioz edo kopuru handietan, zein gune geografikotan bizi eta gune horietan, gizaki horiek hala eskatuta eta eskari hori benetako beharrizana denean, aldeek ahaleginak egingo dituzte, ahal den neurrian, zenbait baldintza ziurtatzeko, baldintza horiek ahalbide dezaten gizakien eta administrazio-agintarien arteko harremanetan hizkuntza gutxitua erabiltzea.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute, gutxiengo nazionaletako gizaki guztiei bermatzeko, eperik laburrenean eta eurek ulertzen duten hizkuntza horretan, informazioa jasotzeko eskubidea, atxiloketaren arrazoiei buruz, eta euren aurkako akusazioaren izaera eta arrazoiari buruz; bermatuko dute, orobat, hizkuntza horretan haiek euren burua defendatzeko duten eskubidea, beharrezkoa bada, interpretearen doako laguntzarekin.

11. artikulua

1. Aldeek konpromisoa hartzen dute eskubidea aitortzeko gutxiengo bateko pertsona guztiei haien abizena eta ponte-izenak hizkuntza gutxituan erabiltzeko, bai eta horien aitorpen ofiziala hartzeko eskubidea ere, aldeen ordenamendu juridikoan aurreikusitako modalitateen arabera.

2. Aldeek konpromisoa hartzen dute eskubidea aitortzeko gutxiengo nazional bateko pertsona guztiei beren hizkuntza gutxituan zeinuak, inskripzioak eta gainerako informazio pribatua jendaurrean jartzeko.

3. Tradizioz gutxiengo nazional bateko pertsona ugari bizi diren erregioetan, aldeek ahaleginak egingo dituzte, beren antolamendu juridikoaren esparruan eta, honelakoak badaude, beste estatu batzuekin dituzten akordioen eremuan, eta beren baldintza espezifikoak kontuan hartuta, tokiko izendapen tradizionalak, kaleen izenak eta jendearentzako gainerako adierazpen topografikoak hizkuntza gutxituan ere erakusteko, adierazpen horien eskari nahikoa dagoenean.

12. artikulua

1. Beharrezkoa bada, aldeek neurriak hartuko dituzte hezkuntzaren eta ikerketaren arloetan, gutxiengo nazionalen kultura, historia, hizkuntza eta erlijioaren ezagutza sustatzeko, baita gehiengoarenak ere.

2. Ingurumari horretan, aldeek, bereziki, aukera nahikoak eskainiko dituzte irakasleak prestatzeko eta testuliburuak iristeko, eta erkidego desberdinetako ikasleen eta irakasleen arteko harremanak erraztuko dituzte.

3. Aldeek konpromisoa hartzen dute gutxiengo nazionaletako pertsonentzat aukera-berdintasuna sustatzeko hezkuntzako maila guztietara iriste aldera.

13. artikulua

1. Aldeek, beren hezkuntza-sistemaren esparruan, gutxiengo nazional bateko pertsonei eskubidea aitortuko diete beren irakaskuntza- eta prestakuntza-zentro pribatuak sortzeko eta zuzentzeko.

2. Eskubide hori egikaritzeak ez die finantza-betebeharrik ekarriko aldeei.

14. artikulua

1. Aldeek konpromisoa hartzen dute eskubidea aitortzeko gutxiengo nazional bateko pertsona guztiei beren hizkuntza gutxitua ikasteko.

2. Tradizioz gutxiengo nazionaletako pertsonak bizi diren eremu geografikoetan edo gutxiengo nazionaletako pertsonen kopuru handi samarra bizi den eremu geografikoetan, eskari nahikoa badago, aldeek ahaleginak egingo dituzte, ahal den neurrian eta beren hezkuntza-sistemaren esparruan, gutxiengo horietako pertsonek aukera izan dezaten hizkuntza gutxitu hori ikasteko edo hizkuntza horretan ikasteko.

3. Artikulu honen 3. apartatua aplikatuko da, hargatik eragotzi gabe hizkuntza ofiziala ikastea edo hizkuntza horretan irakastea.

15. artikulua

Aldeek beharrezko baldintzak ezarriko dituzte gutxiengo nazionaletako pertsonek benetan parte har dezaten kultura-, gizarte- eta ekonomia-bizitzan, bai eta gai publikoetan ere, bereziki, beraiei eragiten dieten gaietan.

16. artikulua

Aldeek ez dute neurririk hartuko, gutxiengo nazionaletako pertsonak bizi diren eremu geografikoetako biztanleriaren proportzioak aldatzeko, aldaketa horien helburua esparru-konbentzio honetan ezarritako printzipioetatik eratorritako eskubide eta askatasunak murriztea denean.

17. artikulua

1. Aldeek konpromisoa hartzen dute gutxiengo nazionaletako pertsonen eskubide hau ez oztopatzeko: mugetan zehar beste estatu batzuetan zilegi ezarrita dauden pertsonekin, bereziki identitate etniko, kultural, linguistiko edo erlijiosoa edo kultura-ondare erkidea partekatzen dutenekin harreman aske eta baketsuak ezartzeko eta mantentzeko eskubidea.

2. Aldeek konpromisoa hartzen dute ez oztopatzeko gutxiengo nazionaletako pertsonek gobernuz kanpoko erakundeen jardueretan parte hartzeko duten eskubidea, bai maila nazionalean, bai nazioartean.

18. artikulua

1. Aldeek ahaleginak egingo dituzte, beharrezkoa izanez gero, aldebiko eta alde anitzeko akordioak egiteko beste estatu batzuekin, bereziki auzo-estatuekin, betiere kasuan kasuko gutxiengo nazionaletako pertsonen babesa segurtatzeko.

2. Aldeek, hala badagokio, neurriak hartuko dituzte mugaz haraindiko lankidetza sustatzeko.

19. artikulua

Aldeek konpromisoa hartzen dute esparru-konbentzio honetan ezarritako printzipioak errespetatzeko eta praktikan jartzeko, eta, beharrezkoa bada, nazioarteko tresna juridikoetan, bereziki Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Hitzarmenean, aurreikusitako mugak, murrizketak edo salbuespenak soilik sartuko dituzte, betiere printzipio horietatik eratorritako eskubide eta askatasunetarako egokiak diren neurrian.

III. TITULUA

20. artikulua

Esparru-konbentzio honetan ezarritako printzipioetatik eratorritako eskubide eta askatasunak egikaritzean, gutxiengo nazional bateko pertsona orok legeria nazionala eta besteen eskubideak errespetatuko ditu, batez ere gehiengoko edo beste gutxiengo nazionaletako pertsonen eskubideak.

21. artikulua

Esparru-konbentzio honetako xedapen bakar bat ere ez da interpretatuko nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipioen aurkako edozein jarduera edo egintza egikaritzeko eskubidea dakarren zentzuan, bereziki, estatuen berdintasun subiranoaren, lurralde-osotasunaren eta independentzia politikoaren aurkakoa.

22. artikulua

Esparru-konbentzio honetako xedapen bakar bat ere ez da interpretatuko edozein alde kontratatzaileren legeen arabera edo alde kontratatzailea partaide den beste edozein akordioren arabera aitortutako giza eskubideei eta oinarrizko askatasunei mugak edo salbuespenak ezartzeko.

23. artikulua

Esparru-konbentzio honetan ezarritako printzipioetatik eratorritako eskubide eta askatasunak, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Hitzarmenean edo haren protokoloetan dauden xedapenetako baten xede diren heinean, azken xedapen horien araberakoak direla ulertuko da.

IV. TITULUA

24. artikulua

1. Europako Kontseiluko Ministroen Batzordea arduratuko da alde kontratatzaileek esparru-konbentzio hau abian jartzeaz.

2. Europako Kontseiluko kide ez diren aldeek parte hartuko dute abian jarritako mekanismoan, zehazten diren modalitateen arabera.

25. artikulua

1. Esparru-konbentzio hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, alde kontratatzaile bati dagokionez, azken horrek informazio osoa helaraziko dio Europako Kontseiluko idazkari nagusiari, esparru-konbentzio honetan adierazitako printzipioak gauzatzeko hartu dituen legegintza-neurriei eta bestelako neurriei buruz.

2. Ondoren, alde bakoitzak esparru-konbentzio honen aplikazioari buruzko beste edozein informazio egoki helaraziko dio idazkari nagusiari, bai aldian-aldian, bai eta Ministroen Batzordeak hala eskatzen duen bakoitzean ere.

3. Idazkari nagusiak Ministroen Batzordeari helaraziko dio artikulu honetan xedatutakoaren arabera komunikatutako informazio guztia.

26. artikulua

1. Esparru-konbentzio honetan adierazitako printzipioak gauzatzeko alde batek hartutako neurrien egokitasuna ebaluatzean, Ministroen Batzordeak batzorde aholku-emaile baten laguntza izango du; azken batzorde horretako kideek eskumen aitortua izango dute gutxiengo nazionalak babesteko arloan.

2. Ministroen Batzordeak zehaztuko ditu batzorde aholku-emaile horren osaera eta prozedurak, esparru-konbentzio hau indarrean jarri eta urtebeteko epean.

V. TITULUA

27. artikulua

Esparru-konbentzio hau Europako Kontseiluko kide diren estatuek sina dezakete. Esparru-konbentzioa indarrean jarri arte, Ministroen Batzordeak sinatzeko gonbita egin dion beste edozein estatuk ere sinatu ahal izango du. Berronetsi, onartu edo onetsi egin beharko da. Berronetsi, onartu edo onesteko tresnak Europako Kontseiluko idazkari nagusiaren esku utziko dira, berak haiek gordailutu ditzan.

28. artikulua

1. Esparru-konbentzio hau Europako Kontseiluko hamabi kidek, 27. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Esparru-konbentzioarekin konprometituta daudela onartzen dutela adierazten duten egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean.

2. Esparru-konbentzioarekin lotuta gelditzeko prest daudela geroago adierazten duten estatuen kasuan, berronetsi, onartu edo onesteko tresna aurkezten den egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean esparru-konbentzio hau.

29. artikulua

1. Esparru-konbentzio hau indarrean jarri ondoren, eta estatu kontratatzaileei kontsulta egin ondoren, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak hitzarmen honi atxikitzeko gonbita egin ahal izango die Europako Kontseiluko kide ez den edozein estaturi eta kide ez den beste edozein estaturi, betiere Europako Kontseiluaren Estatutuaren 20.d artikuluan aurreikusitako gehiengoaren bidez, baldin eta 27. artikuluan xedatutakoaren arabera sinatzeko gonbita estatu horiek jaso badute baina oraindik sinatu ez badute.

2. Esparru-konbentzioari atxikitzen zaion edozein estaturen kasuan, atxikitze-tresna Europako Kontseiluko idazkari nagusiak gordailutzen duen egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean esparru-konbentzio hau.

30. artikulua

1. Berronesteko, onartzeko, onesteko edo atxikitzeko tresna sinatzen edo gordailutzen den unean, edozein estatuk izendatu ahal izango du bere erantzukizunpeko nazioarteko harremanetan dituen lurraldeetatik zeini edo zeintzuei aplikatuko zaien esparru-konbentzio hau.

2. Geroagoko edozein unetan, estatu orok, Europako Kontseiluko idazkari nagusiari zuzendutako adierazpen baten bidez, esparru-konbentzio honen aplikazioa hedatu ahal izango du adierazpen horretan adierazitako beste edozein lurraldetara. Lurralde horri dagokionez, idazkari nagusiak adierazpena jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean.

3. Aurreko bi apartatuei jarraituz egindako adierazpen oro kendu ahal izango da, adierazpen horretan izendatutako lurraldeetako edozeini dagokionez, idazkari nagusiari zuzendutako jakinarazpen baten bidez. Idazkari nagusiak jakinarazpena jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak adierazpen-kentze horrek.

31. artikulua

1. Alde guztiek, edozein unetan, esparru-konbentzio hau sala dezakete; horretarako, jakinarazpen bat bidali behar diote Europako Kontseiluko idazkari nagusiari.

2. Idazkari nagusiak jakinarazpena jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita sei hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak salaketa horrek.

32. artikulua

Europako Kontseiluko idazkari nagusiak Kontseiluko kide diren estatuei, gainerako estatu sinatzaileei eta esparru-konbentzio honi atxikitako estatu guztiei hauxe jakinaraziko die:

a) sinadura guztiak;

b) Esparru-konbentzioa berronesteko, onartzeko, onesteko edo hari atxikitzeko tresna ororen gordailua;

c) Esparru-konbentzio hau, 28., 29. eta 30. artikuluei jarraituz, indarrean jartzeko dagoen data oro;

d) Esparru-konbentzio honi buruzko beste edozein egintza, jakinarazpen edo komunikazio.

Horren fede emanez, behean sinatzen dutenek, horretarako behar bezala baimenduta, esparru-konbentzio hau sinatzen dute.

Estrasburgon egina 1995ko otsailaren 1ean, frantsesez eta ingelesez, testu biak era berean dira kautoak; alde bakarrean egin da, zeina Europako Kontseiluaren artxiboetan gordailutuko baita. Europako Kontseiluko idazkari nagusiak kopia ziurtatu bana bidaliko die Europako Kontseiluko kide diren estatu guztiei eta esparru-konbentzio honi atxikitzeko gonbita jaso duten estatu guztiei.

Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioari buruzko azalpen-txostena

Aurrekari historikoak

l. Europako Kontseiluak zenbaitetan aztertu du gutxiengo nazionalen egoera berrogei urtetik gorako aldi batean. Lehenengo urtean (1949), Batzar Parlamentarioak onartu zuen, Gai Juridiko eta Administratiboen Batzordearen txosten batean, garrantzitsua zela gutxiengo nazionalen eskubideak gehiago babestea. 1961ean, Batzarrak bigarren protokolo gehigarrian artikulu bat sartzea gomendatu zuen, betiere gutxiengo nazionalei Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak (GEEH) babesten ez zituen zenbait eskubide bermatzeko. Azken hori, hain zuzen ere, 14. artikuluan aurreikusitako diskriminaziorik ezaren klausularen arabera “gutxiengo nazional bateko kide izatea” aipatzera mugatzen da. Gutxiengo nazionalak babesteari buruzko artikuluaren proiektuaren idazkera 285(1961) Gomendioan proposatu zen:

“Gutxiengo nazional bateko pertsonak ezin izango dira eskubideaz gabetu, taldeko gainerako kideekin batera eta ordena publikoaren mugen barruan, beren bizitza kulturala izateko, beren hizkuntza erabiltzeko, beren eskolak irekitzeko eta irakaskuntza haiek nahi duten hizkuntzan hartzeko, edo beren erlijioaren profesa egiteko eta hura praktikatzeko.

2. Adituen batzordeak, protokolo hori idazteko aukera eta egokitasuna aztertzeaz arduratu zenak, bere jarduerak atzeratu zituen Belgikako hizkuntza-kasuetan irakaskuntzan erabilitako hizkuntzari buruzko behin betiko erabakia lortu arte (Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Ebazpena, 1968ko uztailaren 23koa, A seriea, 6. zk.). 1973an, adituen batzordeak ondorio hau atera zuen: ikuspegi hertsiki juridikotik, ez zen erabat beharrezkoa gutxiengoen babesa GEEHren xedapen berezi baten xede izatea protokolo gehigarri batean. Hala ere, adituek pentsatu zuten ez zegoela protokolo hori onartzeko oztopo juridiko garrantzitsurik, baldin eta beste arrazoi batzuengatik protokolo hori desiragarritzat jotzen bazen.

3. Geroago, Batzar Parlamentarioak neurri politiko eta juridiko batzuk gomendatu zizkion Ministroen Batzordeari, bereziki gutxiengo nazionalen eskubideei buruzko protokolo edo hitzarmen bat idazteko. 1134(1990) Gomendioak gutxiengo nazionalak babesteko Batzarrak beharrezkotzat jo zituen printzipioen zerrenda bat jasotzen du. 1991ko urrian, Giza Eskubideen Batzorde Zuzendariari (GEBZ) agindu zitzaion azter zezela, ikuspegi juridiko eta politikotik, zein baldintzatan jardun zezakeen Europako Kontseiluak gutxiengo nazionalak babestearen alde, kontuan hartuta Europako Segurtasun eta Lankidetzari buruzko Konferentziak (EKGK) eta Nazio Batuek egindako lana, bai eta Europako Kontseiluan egindako gogoetak ere.

4. 1992ko maiatzean, Ministroen Batzordeak GEBZri agindu zion azter zezala ea bazegoen modurik arau juridikoak egiteko gutxiengo nazionalen babesari buruz. Horretarako, GEBZk adituen batzorde bat (GE-GUTX) eratu zuen, zeinak, 1993ko martxoan esleitu zitzaion agindu berri baten arabera, arau juridiko espezifikoak proposatu behar baitzituen arlo horretan, betiere Europako Kontseiluaren eta ESLKren arteko lanaren osagarritasun-printzipioak kontuan hartuta. GEBZ eta GE-GUTX taldeek zenbait testu hartu zituzten kontuan, bereziki, Zuzenbidearen bidez Demokraziaren alde jotzeko Europako Batzordeak (Veneziako Batzordea deritzonak) idatzitako Gutxiengo Nazionalak babesteko Esparru-konbentzioaren proposamena, Austriak egindako proposamena, GEEHri protokolo gehigarri bat egiteko, zeina jasota baitzegoen Batzarraren 1201(1993) Gomendioan, eta beste proposamen batzuk. Azterlan horren amaieran, GEBZk 1993ko irailaren 8ko txostena egin zion Ministroen Batzordeari, zeinean jaso ziren arlo horretan har zitezkeen zenbait arau juridiko, baita arau juridikook gauzatzeko erabil zitezkeen tresna juridikoak ere. Horri dagokionez, GEBZk adierazi zuen ez zegoela adostasunik “gutxiengo nazional”en esamoldearen interpretazioari buruz.

5. Urrats erabakigarria egin zen Europako Kontseiluko estatu kideetako estatuburuak eta gobernuburuak Vienako goi-bileran batzartu zirenean, 1993ko urriaren 8an eta 9an. Oraingo honetan, egonkortasunari eta bakeari laguntzeko, adostu zuten ezen historiaren gorabeherek Europan ezarritako gutxiengo nazionalak babestu eta errespetatu beharko ziratekeela. Estatuburuek eta gobernuburuek erabaki zuten, bereziki, gutxiengo nazionalak babesteko konpromiso juridikoak sinatuko zituztela. Vienako Adierazpenaren II. eranskinean, besteak beste, honako hau agindu zitzaion Ministroen Batzordeari:

— ahalik eta lasterren idatz zezala esparru-konbentzio bat, zeinean adieraziko baitziren estatu kontratatzaileek gutxiengo nazionalen babesa ziurtatzeko errespetatu behar zituzten printzipioak. Tresna hori, era berean, kide ez diren estatuek sinatu ahal izango zuketen;

— has zezala protokolo osagarri bat idazten Giza Eskubideen Europako Konbentzioarentzat kulturaren eremuan, betiere eskubide indibidualak bermatzen dituzten xedapenen bidez, batez ere gutxiengo nazionaletako pertsonentzat.

6. 1993ko azaroaren 4an, Ministroen Batzordeak batzorde bat sortu zuen ad hoc, gutxiengo nazionalak babesteko (GUTXAHB). Vienan hartutako erabakien isla zen haren mandatua. 1994ko urtarrilaren amaieran, Europako Kontseiluko estatu kideetako adituek osatutako batzorde hori lanean hasi zen, eta bertan parte hartu zuten GEBZko, Kultura Lankidetzarako Kontseiluko (KLK), Masa-komunikabideei buruzko Batzorde Zuzendariko (MKBZ) eta Zuzenbidearen bidez Demokraziaren alde jotzeko Europako Batzordeko ordezkariek. Behatzaile gisa parte hartu zuten, era berean, Gutxiengo Nazionalentzako ESLKren goi-komisarioak eta Europako Erkidegoen Batzordeak.

7. 1994ko apirilaren 15ean, GUTXAHBk behin-behineko txosten bat aurkeztu zion Ministroen Batzordeari, eta horren berri eman zitzaion Batzar Parlamentarioari (7109. dok.). 1994ko maiatzean, Ministroen Batzordearen 94. bilera zela eta, Batzordeak adierazi zuen pozik zegoela Vienako Adierazpenaren ondoriozko mandatua betetzean lortutako aurrerapenekin.

8. Ministroen Batzordeak esparru-konbentzioaren zenbait xedapen idatzi zituen, arbitraje politikoa behar zutenak, bai eta esparru-konbentzio horren aplikazioa gainbegiratzeari buruzko xedapenak ere (ministroen eskuordeen 517bis bilera, 1994ko urriaren 7koa).

9. 1994ko urriaren 10etik 14ra egindako bileran, GUTXAHBk esparru-konbentzioaren proiektua Ministroen Batzordeari aurkeztea erabaki zuen, zeinak 1994ko azaroaren 10ean egindako 95. ministro-bileran hartu zuen testua. Esparru-konbentzio hau Europako Kontseiluko kide diren estatuek sina dezakete.

Kontsiderazio orokorrak

Esparru-konbentzioaren helburuak

10. Esparru-konbentzioa da zuzenbidearen aldetik loteslea den alde anitzeko lehenengo tresna, gutxiengo nazionalak, oro har, babesteko. Haren helburua hauxe da: zehaztea zein diren estatuek gutxiengo nazionalen babesa ziurtatzeko errespetatuko dituzten printzipio juridikoak. Horrela, Europako Kontseiluak Vienako Adierazpenean (Il. eranskina) jasotako deialdia gauzatu du, betiere, ahal den neurrian, Europako Segurtasun eta Lankidetzari buruzko Konferentziak (ESLK) hartutako konpromiso politikoak tresna juridiko bihurtzeko.

Oinarrizko planteamenduak eta kontzeptuak

11. Egoerak askotarikoak zirenez eta konpondu beharreko arazoak askotarikoak zirenez, esparru-konbentzio jakin bat egitea erabaki zen, zeinak, nagusiki, xedapen programatikoak izan behar zituen, zeinetan zehaztuko zen zein zen aldeek helburu jakin batzuk zehazteko hartuko zuten konpromisoa. Xedapen horiek ez dira zuzenean aplikatzekoak izango, eta estatu interesdunei diskrezionalitate-tarte bat utziko diete konpromisopean lortu behar dituzten helburuak aplikatzeko orduan, eta, horrela, estatu bakoitzari aukera ematen diote inguruabar bereziak kontuan hartzeko.

12. Era berean, adierazi behar da ezen esparru-konbentzioak ez duela inolako definiziorik jasotzen “gutxiengo nazional”aren kontzeptuaren inguruan. Hori egitean, planteamendu pragmatiko bat hartzea erabaki zen, zeinaren oinarria izan baitzen aitortzea egungo fasean Europako Kontseiluko estatu kide guztien babes orokorra biltzen duen definizio batera heltzea ezinezkoa dela.

13. Esparru-konbentzio honetan adierazitako printzipioak legeria nazionalaren eta gobernu-politika egokien bidez aplikatuko dira. Horrek ez du esan nahi eskubide kolektiboak aitortzen direnik. Gutxiengo nazionaletako pertsonen babesa nabarmentzen da; pertsonok banaka edo beste batzuekin batera egikaritu ahal izango dituzte beren eskubideak (ikus 3. artikuluko 2. apartatua). Horri dagokionez, esparru-konbentzioak nazioarteko beste antolakunde batzuek onartutako testuen planteamenduari jarraitzen dio.

Esparru-konbentzioaren egitura

14. Hitzaurreaz gain, esparru-konbentzioak bost titulu ditu.

15. I. tituluko xedapenetan, oinarrizko printzipio batzuk aipatzen dira, oro har, zeinek balio baitezakete esparru-konbentzioaren funtsezko gainerako xedapenak argitzeko.

16. II. tituluan printzipio espezifiko batzuk ageri dira.

17. III. tituluak zenbait xedapen jasotzen ditu esparru-konbentzioaren interpretazioari eta aplikazioari buruz.

18. IV. tituluan esparru-konbentzioaren gauzatzea gainbegiratzeari buruzko xedapenak jasotzen dira.

19. Azkenik, V. tituluan azken klausulak agertzen dira, zeinen iturri baita Europako Kontseiluan egindako hitzarmen eta akordioen azken klausulen eredua.

Esparru-konbentzioaren xedapenei buruzko iruzkinak

Hitzaurrea

20. Hitzaurrean azaltzen da zergatik idazten den esparru-konbentzio hau, eta azaltzen da zein diren esparru-konbentzioaren egileen oinarrizko kezka jakin batzuk. Lehenengo hitzekin argi eta garbi adierazten da tresna hau Europako Kontseiluko kide ez diren estatuek sinatu eta berronetsi ahal izango dutela (ikus 27. artikulua).

21. Hitzaurrean Europako Kontseiluaren estatutu-helburua aipatzen da, baita helburu hori lortzeko bitartekoetako bat ere: giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen babesa eta garapena.

22. Era berean, Europako Kontseiluko estatu kideetako estatuburuek eta gobernuburuek Vienan hartutako adierazpena aipatzen da, esparru-konbentzioaren oinarriak ezarri zituena (ikus 5. puntua ere). Izan ere, hitzaurrearen testua adierazpen horretan oinarritzen da neurri handi batean, eta, bereziki, haren eranskinean. Gauza bera esan daiteke esparru-konbentzioaren I. eta II. tituluetan jasotako konpromisoak aukeratzeari buruz.

23. Hitzaurrean esparru-konbentzioaren edukia inspiratzeko beste iturri batzuk aitortzen dira, ez modu orohartzailean: Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Europako Konbentzioa (GEEHE), bai eta gutxiengo nazionalak babesteko konpromisoak dituzten Nazio Batuen eta ESLKren tresnak ere.

24. Hitzaurrean, Europako Kontseiluak eta haren estatu kideek gutxiengo nazionalen existentziak dakarren arriskuari buruz dituzten kezkak islatzen dira, eta Nazio Batuen Gutxiengo Nazional edo Etnikoetako, Erlijiosoetako eta Linguistikoetako Pertsonen Eskubideen Adierazpenaren 1. artikuluko 1. apartatuan dago inspiratuta (Batzar Orokorrak 1992ko abenduaren 18an onartutako 47/135 Ebazpena).

25. Esparru-konbentzioa Europako Kontseiluko kide ez diren estatuei ere irekita dagoenez, eta ikuspegi osoagoa bermatze aldera, printzipio batzuk sartzea erabaki zen, zeinetatik eratortzen baitira GEEHn edo hari erantsitako protokoloetan bermatutako eskubide eta askatasunak (ikus, era berean, horri dagokionez, esparru-konbentzioaren 23. artikulua).

26. Nazio Batuen hitzarmenei eta adierazpenei buruzko aipamenak mundu osoan egindako lana gogorarazten du; esate baterako, Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunean (27. artikulua), eta Hizkuntza- eta Gutxiengo Nazional edo Etnikoetako, Erlijiosoetako eta Linguistikoetako Pertsonen Eskubideen Adierazpenean. Hala ere, aipamen hori ez da zabaltzen testu horietan gutxiengo nazionalari buruz ager daitekeen edozein definiziotara.

27. Arlo horretan ESLKren baitan hartutako konpromisoen aipamenak Vienako Adierazpenaren II. eranskinean adierazitako nahia islatzen du, hau da, Europako Kontseilua ahalegintzea konpromiso politiko horiek, ahal den neurrian, tresna juridikoetan jasotzen. Kopenhageko Dokumentuak, bereziki, orientabide baliagarriak eman zituen esparru-konbentzioa idazteko.

28. Hitzaurreko azken-aurreko paragrafoan esparru-konbentzioaren helburu nagusia adierazten da: gutxiengo nazionalen eta horietako pertsonen eskubideen babes eraginkorra segurtatzea. Era berean, nabarmentzen da ezen babes hori legearen agindupean eta lurralde-osotasuna eta subiranotasun nazionala errespetatuz segurtatu beharko dela.

29. Azken paragrafoaren xedea hauxe da: adieraztea ezen esparru-konbentzio honetan jasotako xedapenak ez direla zuzenean aplikatzekoak. Ez ditu jasotzen aldeek barne-ordenamendu juridikoan nazioarteko tratatuak jasotzeari dagokionez duten eskubidea eta praktika.

I. TITULUA

1. artikulua

30. 1. artikuluaren helburu nagusia hauxe da: zehaztea gutxiengo nazionalen babesa, zeina baita giza eskubideen babesaren zati, ez dagoela estatuei erreserbatutako jabariaren barruan. Babes hori “giza eskubideen nazioarteko babesaren zati dela” dioen adierazpenak ez die inolako eskumenik ematen, esparru-konbentzio hau interpretatzeari dagokionez, GEEHk ezarritako organoei.

31. Artikuluan gutxiengo nazionalen babesa aipatzen da, horiek gutxiengo nazional diren aldetik, bai eta gutxiengo horietako pertsonen eskubide eta askatasunen babesa ere. Bereizketa horrek eta idazketan dagoen ezberdintasunak argi eta garbi adierazten dute ez dela aintzat hartzen gutxiengo nazionalei eskubide kolektiboak aitortzea (ikus 3. artikuluari buruzko iruzkina). Aldeek aitortzen dute, hala ere, gutxiengo nazional baten babesa berma daitekeela gutxiengo horretako pertsonen eskubideak babestuz.

2. artikulua

32. Artikulu honetan esparru-konbentzioaren aplikazioa arautzen duten printzipio batzuk adierazten dira. Besteak beste, haren oinarria Nazio Batuen adierazpena da, zeina baita harreman adiskidetsuei eta estatuen arteko lankidetzari buruzko nazioarteko zuzenbidearen printzipioei buruzkoa, Nazio Batuen Gutunaren arabera [Batzar Orokorraren 1970eko urriaren 24ko 2625(XXV) Ebazpena]. Xedapen honetan jasotako printzipioak orokorrak dira, baina interes berezia dute esparru-konbentzioak aipatzen duen eremuan.

3. artikulua

33. Artikulu honek bi printzipio biltzen ditu, eta printzipio horiek, desberdinak izateari utzi gabe, badute zelanbaiteko harremanik batak bestearekin, eta bi apartatu desberdinetan azaltzen dira.

1. apartatua

34. 1. apartatuan, lehenengo eta behin, gutxiengo nazional bateko pertsona orori eskubidea bermatzen zaio askatasunez aukeratzeko gutxiengo horretako kide gisa tratatua izateko edo ez. Xedapen horrek pertsona horietako bakoitzaren esku uzten du esparru-konbentzioaren printzipioen ondoriozko babesari heldu nahi dion ala ez erabakitzeko eskubidea.

35. Apartatu honek ez du esan nahi pertsona batek arbitrarioki edozein gutxiengo nazionaletakoa izatea aukera dezakeenik. Pertsonaren aukera subjektiboa pertsonaren identitaterako egokiak diren irizpide objektiboei lotuta dago.

36. Era berean, 1. apartatuan xedatzen da ez dela ezein desabantailarik sortu behar xedapen horrek bermatzen duen aukera asketik, ez eta hari lotutako eskubideez egikaritzetik ere. Xedapen honen xedea hauxe da: aukera-askatasunaz baliatzeak zeharkako oztoporik ez duela segurtatzea.

2. apartatua

37. 2. apartatuan xedatzen da ezen esparru-konbentzioan jasotako printzipioetatik ondorioztatzen diren eskubide eta askatasunak banaka edo beste pertsona batzuekin batera egikaritu ahal izango direla. Horrela aitortzen da eskubide eta askatasun horiek batera egikaritzeko aukera, eskubide kolektiboen nozioaren desberdina dena. “Beste batzuk” terminoa ahal den zentzurik zabalenean ulertu beharko da, eta gutxiengo nazional bereko pertsonak, beste gutxiengo bateko pertsonak edo gehiengoko pertsonak sartuko ditu.

II. TITULUA

4. artikulua

38. Artikulu honen helburua berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak gutxiengo nazionaletako pertsonei aplikatzen zaizkiela bermatzea da. Artikulu honetan xedatutakoa esparru-konbentzioaren testuinguruan interpretatu behar da.

1. eta 2. apartatuak

39. 1. apartatuan modu klasikoan adierazten dira bi printzipio horiek. 2. apartatuan nabarmentzen da ezen, gutxiengo nazional bateko kideen eta gehiengoko pertsonen arteko berdintasun oso eta eraginkorra sustatzeko, balitekeela aldeek neurri bereziak hartu behar izatea, zeinetan kontuan hartuko baitira interesdunen baldintza espezifikoak. Neurri horiek egokiak izan behar dute, hau da, proportzionaltasunaren printzipioarekin bat etorri behar dute, betiere beste batzuen eskubideak urra ez daitezen eta beste batzuen aurkako diskriminaziorik gerta ez dadin. Printzipio horrek eskatzen du, bereziki, neurri horiek ez izatea berdintasun oso eta eraginkorraren helburua lortzeko beharrezkoa dena baino iraupen luzeagorik edo irismen zabalagorik.

40. Esparru-konbentzioak ez du aukera-berdintasunaren printzipioa berariaz jorratzen duen xedapen berezirik. Alferrikakotzat jo zen horrelakorik sartzea, printzipioa inplizituki jasota zegoelako artikulu honen 2. apartatuan. 1. apartatuan adierazitako diskriminaziorik ezaren printzipioa dela eta, gauza bera adierazi zen zirkulazio-askatasunari buruz.

3. apartatua

41. 3. apartatuaren helburua hauxe da: argitzea 2. apartatuak aipatu neurriak ez direla jo behar berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen aurkakotzat. Xedapen honen bidez, gutxiengo nazionaletako pertsonei benetako berdintasuna bermatu nahi zaie gehiengoko pertsonei bermatzen zaien modu berean.

5. artikulua

42. Artikulu honen bidez, funtsean, gutxiengo nazionaletako pertsonek beren kultura gorde eta garatu eta beren identitatea zaindu ahal izatea bermatu nahi da.

1. apartatua

43. 1. apartatuan betebeharra ezartzen da helburu hori lortzeko beharrezkoak diren baldintzak sustatzeko. Bertan gutxiengo nazional baten identitatearen funtsezko lau elementu zerrendatzen dira. Xedapen horrek ez du esan nahi desberdintasun etniko, kultural, linguistiko edo erlijioso guztiek gutxiengo nazionalak sortzea ekarriko dutenik (ikus horri buruz ESLKren adituek Genevan, 1991n egindako bileraren txostena, II. atala, 4. apartatua).

44. “Tradizio”en aipamenak ez du esan nahi jardunbiderik onartzen denik zuzenbide nazionalaren edo nazioarteko arauen aurka. Praktika tradizionalen muga ordena publikoa errespetatzea da.

2. apartatua

45. 2. apartatuaren xedea hauxe da: gutxiengo nazionaletako pertsonak haien borondatearen aurka asimilaziotik babestea. Ez du debekatzen borondatezko asimilazioa.

46. Era berean, ez du eragozten aldeek neurriak hartzea integrazio-politika orokor baten esparruan. Horrela, gizarte-kohesioaren garrantzia aitortzen da, eta hitzaurrean adierazten den nahia islatzen da, zeina baita kultura-aniztasuna gizarte bakoitzaren iturri eta faktore izatea, ez zatitzeko, baizik eta aberasteko.

6. artikulua

47. Artikulu honek Vienako Adierazpenaren III. eranskinean adierazitako kezkak islatzen ditu (Arrazakeria, Xenofobia, Antisemitismo eta Intolerantziaren aurkako Borrokari buruzko Adierazpen eta Ekintza-plana).

1. apartatua

48. 1. apartatuan, tolerantziaren eta kulturen arteko elkarrizketaren espiritua nabarmentzen da, eta azpimarratzen da garrantzitsua dela aldeek elkarrekiko errespetua eta elkar-ulertzea sustatzea, bai eta beren lurraldean bizi diren pertsona guztien arteko lankidetza ere. Beren-beregi aipatzen dira hezkuntza, kultura eta komunikabideak, zeren uste baita horiek badutela interes berezirik helburu horiek lortzeko.

49. Gizarte-kohesioa indartzeko, apartatu honen helburua, besteak beste, kulturen arteko tolerantzia eta elkarrizketa sustatzea da, betiere talde etniko, kultural, linguistiko eta erlijiosoetako kideen arteko oztopoak kenduz, eta kulturarteko antolakunde eta mugimenduak animatuz, zeinek elkarrekiko errespetua eta ulermena sustatu nahi baitituzte eta pertsona horiek gizartean integratu nahi baitituzte, aldi berean, haien identitatea zainduz.

2. apartatua

50. Xedapen hau ESLKren Kopenhageko Dokumentuaren 40.2 apartatuan oinarritzen da. Babesteko betebehar hori mehatxuen edo diskriminazioaren, etsaigoaren edo indarkeriaren biktima izan daitezkeen pertsona guztiei dagokie, edozein dela ere mehatxu edo ekintza horien iturria.

7. artikulua

51. Artikulu honen xedea honako hau da: gutxiengo nazional bateko pertsona guztiek artikulu berean aipatzen diren oinarrizko askatasunetarako duten eskubidea zaintzea. Askatasun horiek, jakina, unibertsalak dira, hau da, gutxiengo nazional bateko kide diren edo ez diren pertsona guztiei aplika dakizkieke (ikus, adibidez, GEEHren 9., 10. eta 11. artikuluei dagozkien xedapenak), baina bereziki egokiak dira gutxiengo nazionalak babesteko. Hitzaurreari buruzko iruzkinean azaldutako arrazoiengatik, GEEHn jada jasota dauden konpromisoetako batzuk sartzea erabaki zen.

52. Xedapen horrek betebehar positibo batzuk ekar diezazkieke aldeei, aipatu askatasunak babesteko Estatutik ez datozen urratzeetatik. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak onartu du ezen betebehar positibo horiek GEEHtik erator daitezkeela.

53. 7. artikuluan ezarritako askatasunetako batzuk 8. eta 9. artikuluetan garatzen dira.

8. artikulua

54. Artikulu honek arau zehatzagoak ditu 7. artikuluak baino, erlijio-askatasuna babesteko. Xedapen bakar batean konbinatzen ditu ESLKren Kopenhageko Dokumentuaren 32.2, 32.3 eta 32.6 apartatuetako zenbait elementu. Jakina, askatasun hori pertsona guztiei aitortzen zaie, eta, 4. artikuluarekin bat etorriz, gutxiengo nazional bateko pertsonek ere askatasun horretaz gozatu behar dute. Askatasun horrek egungo ingurumarian duen garrantzia kontuan hartuta, bereziki egokitzat jo zen hari arreta berezia eskaintzea.

9. artikulua

55. Artikulu honek arau zehatzagoak ditu 7. artikuluak baino, adierazpen-askatasuna babesteko.

1. apartatua

56. Lehenengo esaldia GEEHren 10. artikuluko 1. apartatuaren bigarren esaldian oinarritzen da. Nahiz eta esaldi horrek beren-beregi aipatzen duen informazioak eta ideiak hizkuntza gutxituan jasotzeko eta komunikatzeko askatasuna, badakar informazioak eta ideiak gehiengoaren hizkuntzan edo beste hizkuntza batzuetan jasotzeko eta komunikatzeko askatasuna ere.

57. Apartatu honetako bigarren esaldian konpromisoa jasotzen da diskriminaziorik eza bermatzeko komunikabideetarako irispidean. “Beren ordenamendu juridikoaren esparruan” adierazpena txertatu zen konstituzioetako xedapenak errespetatzeko, xedapenok alde bati komunikabideetarako irispidea arautu ahal izateko duen neurria mugatu ahal diotelako.

2. apartatua

58. Apartatu hau GEEHren 10. artikuluko 1. apartatuaren hirugarren esaldian oinarritzen da.

59. Soinu-irrati, telebista edo zinematografiako enpresen baimen-araubidea ez da diskriminatzailea izango, eta irizpide objektiboetan oinarrituko da. GEEHren 10. artikuluko 1. apartatuaren hirugarren esaldian beren-beregi aipatzen ez diren baldintza horiek txertatzea garrantzitsutzat jo zen, tresna honen helburua gutxiengo nazional bateko pertsonak babestea baita.

60. Artikulu honetako 3. apartatuan ere agertzen diren “soinu-irrati” hitzak ez dira agertzen GEEHren 10. artikuluko 1. apartatuari dagokion esaldian. Hitzok terminologia modernoa islatzeko baino ez dira erabiltzen, eta ez dakarte funtsezko zentzu-desberdintasunik GEEHren 10. artikuluarekin alderatuta.

3. apartatua

61. Apartatu honetako lehenengo esaldia idatzizko hedabideen sorkuntza eta erabilerari buruzkoa da, eta funtsean negatiboa den konpromisoa jasotzen du; bigarren esaldiak, berriz, malgutasun handiagoz idatzita dago, eta azpimarratzen du ezen soinu-irratiaren eta telebistaren arloan betebehar positibo bat dagoela (adibidez, maiztasunen adjudikazioa). Bereizketa horrek erakusten du badagoela eskasia erlatiboa erabilgarri dauden maiztasunetan eta arautu beharra dagoela irrati-difusioaren arloa. Ez da beren-beregi aipatu gutxiengo nazional bateko pertsonek komunikabideak sortzeko funtsak lortzeko duten eskubidea, eskubide hori agerikotzat jo baitzen.

4. apartatua

62. Apartatu honetan nabarmentzen da ezen neurri bereziak hartu behar direla gutxiengo nazionaletako pertsonei komunikabideetarako irispidea errazteko, eta tolerantzia eta kultura-aniztasuna sustatzeko. “Neurri egokiak” adierazpena erabili da, hitz berberak erabiltzen dituen 4. artikuluko 2. apartatuaren iruzkinean (ikus 39. puntua) azaldutako arrazoiengatik. Apartatu honek 9. artikuluko 1. apartatuaren azken esaldian jasotako konpromisoa osatzen du. Apartatu honetan aurreikusitako neurriak izan litezke, adibidez, funtsak esleitzea gutxiengoentzat interesgarriak diren eta/edo taldeen arteko elkarrizketa ahalbidetzen duten gaiez arduratzen diren emisioen edo programen ekoizpenerako, edo editoreak eta irrati-difusoreak animatzea, argitaletxeen independentzia-printzipioaren kalterik gabe, gutxiengo nazionalek beren komunikabideetarako irispidea izan dezaten.

10. artikulua

1. apartatua

63. Bereziki garrantzitsua da aitortzea gutxiengo nazional bateko pertsona orok baduela eskubiderik bere hizkuntza gutxitua askatasunez eta oztoporik gabe erabiltzeko. Izan ere, hizkuntza gutxitua erabiltzea, pertsona horientzat, bitarteko nagusietako bat da haien identitatea baieztatzeko eta zaintzeko. Era berean, bitarteko bat da pertsona horiek beren adierazpen-askatasuna egikaritzeko. “Publikoan” adierazpenak esan nahi du, adibidez, leku publiko batean, kanpoan edo beste pertsona batzuen aurrean, baina ez ditu inola ere aipatzen xedapen honen 2. apartatuan ageri diren agintari publikoekiko harremanak.

2. apartatua

64. Xedapen horrek ez ditu barne hartzen gutxiengo nazional bateko pertsonen eta agintari publikoen arteko harreman guztiak. Administrazio-agintariak soilik aipatzen ditu. Hala ere, azken horiek zentzu zabalean ulertu beharko dira, adibidez, herriaren defendatzailea horien barruan dago. Kontuan hartuz izan daitekeela zailtasunik finantza- eta administrazio-arloan, eta bereziki izan litekeela zailtasun teknikorik arlo militarrean, eta gutxiengo nazionaletako pertsonen eta administrazio-agintarien arteko harremanetan hizkuntza gutxitua erabiltzeari buruz, xedapen hau oso modu malguan idatzita dago, eta aldeei diskrezionalitate-tarte zabala uzten die.

65. 2. apartatuko bi baldintzak bete ondoren, ahalegina egin beharko dute aldeek administrazio-agintariekiko harremanetan hizkuntza gutxitu baten erabilera ahalik eta gehien segurtatzeko. Estatuari dagokio irizpide objektiboetan oinarrituta benetako beharrizan bat dagoela egiaztatzea. Estatu kontratatzaileek printzipio hori aplikatzeko behar diren ahalegin guztiak egin behar badituzte ere, “ahal den neurrian” formulak adierazten du ezen zenbait faktore hartu ahal izango direla kontuan, bereziki alde interesdunaren finantza-baliabideak.

66. Aldeek hizkuntza gutxituaren erabilerari buruz hartutako konpromisoak ez dio inola ere eragingo herrialde horretako hizkuntza ofizialaren edo ofizialen izaerari. Gainera, esparru-konbentzioak nahita ez du definitzen hau: “tradizioz gutxiengo nazionaletako pertsonak bizi diren eremu geografikoetan edo gutxiengo nazionaletako pertsonen kopuru handi samarra bizi den eremu geografikoetan”. Izan ere, egokiagoa iruditu zitzaion formulazio malgua hautatzea, zeinak bide emango baitzien alde interesdunei egoera bereziak kontuan hartu ahal izateko. “Tradizioz gutxiengo nazionaletako pertsonak bizi diren eremu geografikoetan” hitzek ez dituzte gutxiengo historikoak aipatzen, ezpada eremu geografiko berean bizitzen jarraitzen dutenak soilik (ikus, era berean, 11. artikuluko 3. apartatua eta 14. artikuluko 2. apartatua).

3. apartatua

67. Apartatu hau Giza Eskubideen Europako Konbentzioaren 5. eta 6. artikuluetan azaltzen diren xedapenetako zenbaitetan oinarritzen da. Ez doa artikulu horietan jasotako bermeez harantzago.

11. artikulua

1. apartatua

68. Konpromiso honen ondorio praktikoak kontuan hartuta, xedapen hau idatzi da, aldeek aukera izan dezaten konpromiso hori beren inguruabar bereziak kontuan hartuta aplikatzeko. Adibidez, aldeek beren hizkuntza ofizialaren alfabetoa erabili ahal izango dute beren forma fonetikoan idazteko gutxiengo nazional bateko pertsona baten izena edo izenak. Pertsonei haien jatorrizko izenari edo izenei uko eginarazi badiete, edo haien izena edo izenak nahitaez aldatu behar izan badituzte, pertsonok aukera izan beharko lukete izen hori edo horiek berreskuratzeko; edozelan ere, kasu hauek salbuetsita daude: eskubide-abusua edo iruzurrezko helburuak dituzten izen-aldaketak aurreikustekoak. Ulertzen da aldeen ordenamendu juridikoak errespetatu egingo dituela, horri dagokionez, gutxiengo nazionalak babesteari buruzko nazioarteko printzipioak.

2. apartatua

69. Apartatu honetan jasotako konpromisoak eskubide hau aipatzen du: pertsona batek duen eskubidea, bere hizkuntza gutxituan zeinuak, inskripzioak eta gainerako informazio pribatuak jendaurrean jartzeko. Jakina, gutxiengo nazionaletako pertsonei eskatu ahal zaie hizkuntza ofiziala edota beste gutxiengo batzuen hizkuntzak erabiltzeko. “Pribatu” adierazpenak ofiziala ez den guztiari egiten dio erreferentzia.

3. apartatua

70. Artikulu honen helburua hauxe da: tokiko izendapenetan, kaleen izenetan eta jendearentzako bestelako adierazpen topografikoetan ere hizkuntza gutxitua erabiltzeko aukera sustatzea. Estatuek xedapen hau aplikatu ahal izango dute, beren baldintza espezifikoak eta ordenamendu juridikoa behar bezala kontuan hartuta, baita, hala badagokio, beste estatu batzuekin dituzten akordioak ere. Xedapen honek hartzen duen arloari dagokionez, ulertzen da aldeak ez daudela behartuta beste estatu batzuekin akordioak egiteko. Alderantziz, ez da baztertzen akordio horiek kontzertatzeko aukera. Era berean, ulertzen da ez dela aldatzen lehendik dauden akordioen izaera juridikoki loteslea. Xedapen honek ez du esan nahi hizkuntza gutxituetan dauden tokiko izenak ofizialki onartzen direnik.

12. artikulua

71. Artikulu honen bidez, bai gutxiengo nazionalen bai gehiengoaren kultura, historia, hizkuntza eta erlijioaren ezagutza sustatu nahi da kulturarteko ikuspegitik (ikus 6. artikuluko 1. apartatua). Helburua tolerantzia- eta elkarrizketa-giroa sortzea da, esparru-konbentzioaren hitzaurrean eta estatuburuen eta gobernuburuen Vienako Adierazpenaren II. eranskinean adierazitakoaren arabera. Bigarren apartatuan ageri den zerrenda ez da orohartzailea, eta, “testuliburuak iristeko” hitzen barruan sartzen da testuliburuak argitaratzea eta haiek beste herrialde batzuetan eskuratzea. Gutxiengo nazionaletako pertsonentzat maila guztietan hezkuntzara iristeko aukera-berdintasuna sustatzeko betebeharrak Vienako Adierazpenean adierazitako kezka islatzen du.

13. artikulua

1. apartatua

72. Aldeek gutxiengo nazionaletako pertsonei irakaskuntza- eta prestakuntza-zentro pribatuak sortzeko eta zuzentzeko eskubidea aitortzeko duten konpromisoa formulatzen da, betiere haien hezkuntza-sistemari eta, bereziki, derrigorrezko hezkuntzari buruzko araudiari kalterik egin gabe. Apartatu honetan aipatzen diren zentroak beste zentroen gainbegiratze-modu berberen mende egon ahal izango dira, bereziki irakaskuntzaren kalitateari dagokionez. Eskatutako baldintzak betetzen direnean, garrantzitsua da emandako tituluak ofizialki aitortzea. Gai honi buruzko legeria nazionala irizpide objektiboetan oinarritu beharko da, eta diskriminaziorik ezaren printzipioa errespetatu.

2. apartatua

73. 1. apartatuan aipatzen den eskubidea egikaritzeak ez dakar inolako finantza-betebeharrik dena delako aldearentzat, baina ez du baztertzen era horretako ekarpenak egiteko aukera.

14. artikulua

1. apartatua

74. Aldeek konpromisoa hartzen dute gutxiengo nazional bateko pertsona orori bere hizkuntza gutxitua ikasteko eskubidea aitortzeko; bada, konpromiso hori pertsona horiek beren identitatea baieztatu eta zaindu ahal izateko bitarteko nagusietako bati dagokio. Ez du ezein salbuespenik onartzen. 2. apartatuan ageri diren printzipioei kalterik egin gabe, apartatu honek ez dakar Estatuaren ekintza positiborik, bereziki finantza-arlokorik.

2. apartatua

75. Xedapen hau hizkuntza gutxitua irakasteari buruzkoa da, eta hizkuntza horretan irakasteari buruzkoa. Kontuan hartuz finantza-, administrazio- eta teknika-zailtasunak izan daitezkeela gutxiengo baten hizkuntza irakasteko edo hizkuntza horretan irakasteko, oso modu malguan idatzi da xedapen hau, aldeei hautemate-tarte handia utzita. Ahalegina egin behar da hizkuntza gutxituaren irakaskuntza edo irakaskuntza hizkuntza horretan egiten dela segurtatzeko; bada, betebehar hori zenbait elementuren mende dago, bereziki, gutxiengo nazionaletako pertsonen “eskari nahikoa”ren mende. “Ahal den neurrian” formulak esan nahi du irakaskuntza hori dena delako aldearen bitartekoen araberakoa izango dela.

76. Testuak nahita ez du “nahiko eskaria” adierazpena definitzen; beraz, aldeei aukera ematen zaie, formulazio malgu horren bidez, beren herrialdeko egoera bereziak kontuan hartzeko. Aldeen esku uzten du aurreikusitako irakaskuntza segurtatzeko bitartekoak eta egiturak aukeratzea, haien hezkuntza-sistemaren arabera.

77. Apartatuan “... aukera izan dezaten gutxiengo horren hizkuntza ikasteko edo hizkuntza horretan ikasteko” formulatutako aukerek ez dute elkar baztertzen. 14. artikuluaren 2. apartatuak ez die estatu aldeei betebeharrik ezartzen hizkuntza gutxituaren irakaskuntza emateko, ez eta irakaskuntza hizkuntza horretan emateko ere, baina horiek ere ez zaizkie eragozten. Irakaskuntza elebiduna bitartekoetako bat izan liteke xedapen honen helburua lortzeko. Apartatu honetan adierazitako konpromisoa eskolaurreko hezkuntzara heda liteke.

3. apartatua

78. Hizkuntza gutxitua ikasteko edo hizkuntza horretan irakasteko aukerak ez dio kalterik egingo hizkuntza ofiziala ikasteari edo hizkuntza horretan irakasteari. Izan ere, hizkuntza ofiziala jakitea gizarte-kohesioko eta integrazioko faktore bat da.

79. Hizkuntza ofizial erregular bat baino gehiago duten estatuei dagokie xedapen honen aplikazioak eragindako gai bereziak arautzea.

15. artikulua

80. Artikulu honetan ezartzen da ezen aldeek beharrezko baldintzak sortuko dituztela gutxiengo nazionaletako pertsonek benetan parte har dezaten kultura-, gizarte- eta ekonomia-bizitzan, bai eta gai publikoetan ere, bereziki, beraiei eragiten dieten gaietan. Bereziki, gutxiengo nazional bateko pertsonen eta gehiengoko pertsonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzeari buruzkoa da. Gutxiengo nazionaletako pertsonek benetan parte hartzeko behar diren baldintzak sortzeko, aldeek honako ekintza hauek sustatu ahal izango dituzte bereziki —beren konstituzio-ordenamenduen esparruan—:

— pertsona horiei kontsulta egitea prozedura egokien bidez eta, bereziki, haiek ordezkatzen dituzten instituzioen bidez, aldeak beraiei zuzenean eragin diezaieketen legegintza- edo administrazio-neurriak aztertzen ari direnean;

— pertsona horiek parte hartzea beraiei zuzenean eragin diezaieketen garapen nazionalaren eta erregionalaren garapen-planak eta -programak egiten, aplikatzen eta ebaluatzen;

— pertsona horiekin lankidetzan azterlanak egitea, aurreikusitako garapen-jarduerek pertsona horiengan izan dezaketen eragina ebaluatzeko;

— gutxiengo nazionaletako pertsonek erabakiak hartzeko prozesuan eta hautatutako organoetan parte-hartze eraginkorra izatea, bai nazio-mailan, bai toki-mailan;

— administrazio-modu deszentralizatuak edo tokian tokikoak.

16. artikulua

81. Artikulu honen helburua babesa eskaintzea da gutxiengo nazionaletako pertsonak bizi diren eremuetan biztanleriaren proportzio erlatiboak aldatzen dituzten neurrien aurka, eta esparru-konbentzio honen ondoriozko eskubideak eta askatasunak murriztu nahi dituzten neurrien aurka. Neurri horien adibideak izan litezke desjabetzea, kanporatzea edo administrazio-barrutien mugak aldatzea, eskubide eta askatasun horien erabilera murrizte aldera (“gerrymandering”).

82. Artikulu honek esparru-konbentziotik eratorritako eskubideak eta askatasunak murrizteko neurriak baino ez ditu debekatzen. Ezinezkotzat jotzen da debekua eskubide eta askatasun horiek murriztea dakarten neurrietara zabaltzea, zeren neurri horiek, batzuetan, guztiz justifikatuta egon baitaitezke eta legitimoak izan (adibidez, herrixka bateko biztanleak birkokatzea presa bat eraikitzeko).

17. artikulua

83. Artikulu honetan, gutxiengo nazional bateko pertsonen kultura mantendu eta garatzeko eta haien identitatea babesteko garrantzitsuak diren bi konpromiso biltzen dira (ikus 5. artikuluaren 1. apartatua ere). Lehenengo apartatuan, muga nazionaletatik haragoko harremanak askatasunez eta bakez ezartzeko eta mantentzeko eskubidea jorratzen da; bigarren apartatuan, berriz, gobernuz kanpoko erakundeen jardueretan parte hartzeko eskubidea babesten da (horri dagokionez, ikus 7. artikuluko xedapenak, biltzeko eta elkartzeko askatasunari buruzkoak).

84. Artikulu honetako xedapenak ESLKren Kopenhageko Dokumentuaren 32.4 eta 32.6 apartatuetan oinarritzen dira neurri handi batean. Ez zen beharrezkotzat jo testuan berariazko xedapenik sartzea Estatuaren lurraldearen barruan harremanak ezartzeko eta mantentzeko eskubideari buruz; izan ere, uste izan zen puntu hori behar bezala babestuta zegoela esparru-konbentzioko beste xedapen batzuetan, bereziki biltzeko eta elkartzeko askatasunari buruzko 7. artikuluan.

18. artikulua

85. Artikulu honetan, aldeei eragin nahi zaie, lehendik dauden nazioarteko tresnez gain, eta egoera espezifikoek justifikatzen duten lekuetan, aldebiko eta alde anitzeko akordioak egiteko gutxiengo nazionalak babeste aldera. Mugaz haraindiko lankidetza ere sustatzen da. Vienako Adierazpenean eta haren II. eranskinean nabarmentzen denez, akordio horiek eta lankidetza hori garrantzitsuak dira tolerantzia, oparotasuna, egonkortasuna eta bakea errazteko.

1. apartatua

86. Aldebiko eta alde anitzeko akordioak egin daitezke, hala nola apartatu honetan jasotakoak, adibidez, kulturaren, hezkuntzaren eta informazioaren arloetan.

2. apartatua

87. Apartatu honetan mugaz haraindiko lankidetzaren garrantzia nabarmentzen da. Estatuen artean informazioak eta esperientziak trukatzea tresna garrantzitsua da elkarrekiko ulermena eta konfiantza sustatzeko. Bereziki, mugaz haraindiko lankidetzak badu abantaila bat: interesdunen nahien eta beharrizanen arabera “neurrira” egin diren akordioak onartzen ditu.

19. artikulua

88. Artikulu honetan aukera aurreikusten da mugak, murrizketak edo salbuespenak ezartzeko. Esparru-konbentzio honetan jasotako konpromisoek baliokidea badute nazioarteko beste tresna juridiko batzuetan, bereziki GEEHn, tresna horietan aurreikusitako mugak, murrizketak edo salbuespenak baino ez dira baimenduko. Esparru-konbentzio honetan jasotako konpromisoek nazioarteko beste tresna batzuetan baliokiderik ez dutenean, soilik baimenduko dira nazioarteko beste tresna batzuetan (esaterako, GEEHn) agertzen diren eta egokiak diren mugak, murrizketak edo salbuespenak.

III. TITULUA

20. artikulua

89. Gutxiengo nazionaletako pertsonek betebeharra dute konstituzioa eta gainerako lege nazionalak errespetatzeko. Hala ere, argi dago legeria nazionalera igortze horrek ez diela aldeei esparru-konbentzioko xedapenak ez errespetatzeko eskubiderik ematen. Gutxiengo nazionaletako pertsonek, gainera, besteen eskubideak errespetatu behar dituzte. Horri dagokionez, egoera hau aipatzen da: gutxiengo nazional bateko pertsonak gutxiengo izatea nazio-mailan, baina gehiengoa Estatuaren lurraldearen zati batean.

21. artikulua

90. Xedapen honetan, nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipioen garrantzia nabarmentzen da, eta zehazten da ezen gutxiengo nazionaletako pertsonen babesa printzipio horietara egokitu behar dela.

22. artikulua

91. Xedapen hau GEEHren 60. artikuluan oinarritzen da, eta oso printzipio ezaguna adierazten du. Horren helburua hauxe da: gutxiengo nazionaletako pertsonek giza eskubideen arloko legegintzako testu mesedegarrienetara jo ahal izatea, testuok direla naziokoak, edo direla nazioartekoak.

23. artikulua

92. Xedapen honetan, esparru-konbentzioaren eta hitzaurrean aipatzen den Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren arteko harremanak jorratzen dira. Esparru-konbentzioak ezin du inola ere aldatu Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean jasotako eskubideen eta askatasunen bermea. Aldiz, esparru-konbentzioan ezarritako printzipioetatik eratorritako eskubide eta askatasunak, baldin baliokideak badituzte Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean, azken hitzarmen horren xedapenen arabera interpretatu beharko dira.

IV. TITULUA

24.-26. artikuluak

93. Esparru-konbentzioaren aplikazioa gainbegiratu ahal izateko, hitzarmen honek Ministroen Batzordearen esku uzten du alde kontratatzaileek esparru-konbentzioa abian jar dezaten. Ministroen Batzordeak zehaztuko du zein modalitate dagoen Europako Kontseiluko kide ez diren aldeek parte har dezaten hitzarmena abiarazteko dagoen mekanismo horretan.

94. Alde bakoitzak esparru-konbentzio hau abiarazteari buruzko beste edozein informazio egoki helaraziko dio idazkari nagusiari, bai aldian-aldian, bai eta Ministroen Batzordeak hala eskatzen duen bakoitzean ere. Idazkari nagusiak Ministroen Batzordeari helaraziko dizkio informazio horiek. Hala ere, urtebeteko epean aurkeztu beharko da, esparru-konbentzioa indarrean jartzen denetik, eta alde bakoitzari dagokionez, lehenengo txostena, zeinaren helburua baita informazio osoa ematea esparru-konbentzioan jasotako konpromisoak gauzatzeko aldeak hartutako legegintza-neurriei eta bestelako neurriei buruz. Geroago bidalitako txostenak lehenengo txostenean jasotako informazioak osatzeko erabiltzen dira.

95. Esparru-konbentzioa abian jartzeko gainbegiratzearen eraginkortasuna segurtatzeko, batzorde aholku-emailea sortzea aurreikusten da. Batzorde aholku-emaile horren ataza Ministroen Batzordeari laguntzea da, azken honek esparru-konbentzioan jasotako printzipioak gauzatzeko alde batek hartutako neurrien egokitasuna baloratzen duenean.

96. Ministroen Batzordeari dagokio, esparru-konbentzioa indarrean jarri eta urtebeteko epean, batzorde aholku-emailearen osaera eta prozedurak zehaztea; batzorde aholku-emaileko kideek gaitasun aitortua izan beharko dute gutxiengo nazionalak babesteko arloan.

97. Esparru-konbentzio hau abian jartzen dela gainbegiratzean, ahal den neurrian, gardentasun-printzipioa errespetatuko da. Horri dagokionez, komenigarria izango litzateke aukera planteatzea gainbegiratze horren ondoriozko txostenak eta gainerako testuak argitaratzeko.

V. TITULUA

98. 27. artikulutik 32. artikulura bitartean jasotako azken xedapenak Europako Kontseiluan sinatutako hitzarmenei eta akordioei aplikatu beharreko azken klausulen ereduan oinarritzen dira. Ez zen artikulurik sartu erreserbei buruz; erreserba horiek nazioarteko zuzenbideak baimentzen duen neurrian baimenduko dira. 27. eta 29. artikuluez gain, atal honetako gainerako artikuluek ez dute iruzkin berezirik behar.

27. eta 29. artikuluak

99. Esparru-konbentzioa Europako Kontseiluko kide diren estatuek sina dezakete, bai eta, Ministroen Batzordeak gonbita eginaz, beste estatu batzuek ere. Argi dago “beste estatu batzuek” ere parte hartzen dutela Europako Segurtasun eta Lankidetzari buruzko Konferentzian. Xedapen hauetan Vienako Adierazpena hartzen da kontuan; horren arabera, esparru-konbentzioak irekita egon beharko luke kide ez diren estatuek sina dezaten (ikus Europako Kontseiluaren Gailurraren Vienako Adierazpenaren II. eranskina).


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
Library zlibrary project
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper