Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

4.29. Gomendioa, Eleaniztasuna sustatzeari eta erabiltzeari buruzkoa, eta Ziberespaziorako Irispide Unibertsalari buruzkoa, 2003ko urriaren 17koa


Kokapena: 4. UNESCO

4.29. Gomendioa, Eleaniztasuna sustatzeari eta erabiltzeari buruzkoa, eta Ziberespaziorako Irispide Unibertsalari buruzkoa, 2003ko urriaren 17koa[91]

Hitzaurrea

Konferentzia Orokorrak,

Berretsiz Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta mundu osoan onartutako beste tresna juridiko batzuetan aldarrikatutako giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak erabat gauzatzeari atxiki izana, eta kontuan hartuta 1966ko nazioarteko bi itunak, eskubide zibilei eta politikoei buruzkoa eta eskubide ekonomikoei, sozialei eta kulturalei buruzkoa, hurrenez hurren[92],

Aitortuz Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak eginkizun nagusi eta garrantzitsua duela informazioaren eta komunikazioaren esparruan, bai eta erakunde horren Konferentzia Orokorrak horri buruz hartutako erabakien aplikazioan eta Batzarrak gai horri buruz emandako ebazpenen zatien aplikazioan ere[93],

Gogoratuz UNESCOren Konstituzioaren hitzaurrean honako hau esaten dela: (…) justiziarako, askatasunerako eta bakerako gizadiaren kultura eta hezkuntza zabal-zabal hedatzea ezinbestekoa dela gizakiaren duintasunerako, eta eurok eginbehar sakratu bat direla, zeinak nazio guztiek bete behar baitituzte erantzukizuneko eta elkarri laguntzeko espirituarekin,

Gogoratuz, era berean, Konstituzioaren I. artikuluak UNESCOri, beste helburu batzuen artean, hauxe esleitzen diola: “egokitzat jotzen dituen nazioarteko akordioak gomendatzea, betiere hitzaren eta irudiaren bitartez ideien zirkulazio askea errazteko”[94],

Berretsiz UNESCOren Konferentzia Orokorrak 31. bileran onetsitako Kultura-aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsalean eta, bereziki, haren 5., 6. eta 8. artikuluetan adierazitako printzipioak,

Aipatuz UNESCOren Konferentzia Orokorrak[95] eleaniztasunaren sustapenari eta ziberespazioko informaziorako irispide unibertsalari buruz hartutako ebazpenak,

Sinetsiz informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak agertzeak aukerak ematen dituela hitzaren eta irudiaren bidez ideien zirkulazio askea hobetzeko, baina baita informazioaren munduko gizartean guztion parte-hartzea bermatzeko erronka ere,

Ikusiz munduko informazio-sareetako hizkuntza-aniztasuna eta ziberespazioko informaziorako irispide unibertsala gai nagusiak direla gaur egungo eztabaidetan, eta erabakigarriak izan daitezkeela ezagutzan oinarritutako gizartea sortzeko,

Kontuan hartuz, jabetza intelektualaren arloko nazioarteko tratatu eta akordioak, betiere informaziorako irispide unibertsalaren sustapena errazteko,

Aitortuz teknologia berriak eskuratzeko eta aplikatzeko gaitasunak sortu behar direla, batez ere garapen-bidean dauden herrialdeetan, informazioaren arloan egoera ahulean daudenen mesedetan,

Aitortuz oinarrizko hezkuntza eta alfabetatzea ziberespaziorako irispide unibertsalaren aurretiazko baldintzak direla,

Aintzatetsiz garapen ekonomikoaren mailan dauden aldeek eragina dutela ziberespaziora iristeko aukeretan, eta politika espezifikoak eta elkartasun handiagoa behar direla egungo asimetriak zuzentzeko eta elkarrekiko konfiantza- eta ulermen-giroa sortzeko,

Onetsi egiten du gomendio hau:

Eduki eta sistema eleaniztunak lantzea

1. Sektore publikoak, pribatuak eta gizarte zibilak lan egin beharko lukete, tokiko, nazioko, erregioko eta nazioarteko mailetan, beharrezko baliabideak errazteko eta beharrezko neurriak hartzeko, Interneteko hizkuntza-oztopoak murriztu eta giza trukeak sustatze aldera; horretarako, hezkuntza-, kultura- eta zientzia-edukiak modu digitalean sortzea eta tratatzea sustatuko dute, bai eta horietarako irispidea ere, betiere kultura guztiek hizkuntza guztietan, indigenak barne, hitz egin eta ziberespaziora iritsi ahal izatea bermatzeko.

2. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek Interneten jatorri lokal eta indigenako edukiak ekoizteko gaitasunak sortzea sustatu eta lagundu beharko lukete.

3. Estatu kideek politika nazional egokiak formulatu beharko lituzkete funtsezko gai honi buruz: hizkuntzek ziberespazioan bizirik irauteari buruz; horren helburua hauxe da: ziberespazioan hizkuntzen irakaskuntza sustatzea, ama-hizkuntzak barne. Garapen-bidean dauden herrialdeentzako nazioarteko laguntza eta sorospena areagotu eta zabaldu behar dira, bai hizkuntzen irakaskuntzari buruzko produktu elektronikoen sorkuntza errazteko, produktuotara askatasunez eta doan irits daitezen, bai eremu horretan giza kapitalaren gaitasunak hobetzeko.

4. Estatu kideek, nazioarteko antolakundeek eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien sektoreak ekimen bateratuak bultzatu beharko lituzkete ustiapen-sistemak, bilaketa-tresnak eta sarearen esploratzaileak ikertu, garatu eta prestazio eleaniztun indartsuekin eta lineako hiztegiekin eta tresna terminologikoekin tokian-tokian egokitzeko; gainera, laguntza eman beharko liekete nazioarteko ekimen itunduei, bai guztiek irits ditzaketen itzulpen automatikoko zerbitzuak sortzeko, bai hizkuntza-sistema adimendunak sortzeko, hala nola informazioa zenbait hizkuntzatan berreskuratzen dutenak, laburpen edo sintesiak egiten dituztenak eta hitza ezagutzen dutenak, betiere autoreen itzulpen-eskubidea behar bezala errespetatuz.

5. UNESCOk, nazioarteko beste antolakunde batzuekin lankidetzan, lineako behatoki bateratua sortu beharko luke, zeina arduratuko bailitzateke eleaniztasunaren eta baliabide eta aplikazio eleaniztunen arloan dauden politika, araudi, gomendio tekniko eta jardunbide egokien jarraipena egiten, horien barruan hizkuntzen tratamendu informatikoarekin lotutako berrikuntzak sartzen direlarik.

Sare eta zerbitzuetarako irispidea erraztea

6. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek Interneterako irispide unibertsalaren printzipioa aitortu eta babestu beharko lukete, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. eta 27. artikuluetan definitutako giza eskubideen egikaritzea sustatzeko bitarteko gisa.

7. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek Interneterako irispidea interes publikoko zerbitzu gisa sustatu beharko lukete, eta horretarako herritarren eta gizarte zibilaren autonomia areagotzera bideratutako prozesua indartuko duten politika egokiak hartuko dituzte, eta sustatu egingo dute garapen-bidean dauden herrialdeetan politika horiek behar bezala aplikatzea eta horiei laguntzea, betiere landa-erkidegoen beharrizanei behar bezalako arreta eskainiz.

8. Bereziki, estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek tokiko, nazioko, erregioko eta nazioarteko mailetako mekanismoak eratu beharko lituzkete Interneterako irispide unibertsala errazteko; horretarako, xedapenak hartuko dituzte telekomunikazioetako eta Interneteko tarifak arrazoizkoak izan daitezen, eta arreta berezia jarriko diete zerbitzu publikoko eta hezkuntzako instituzioen, eta biztanle-talde behartsuen eta desgaituen beharrizanei. Horretarako, pizgarri berriak sortu behar dira, adibidez, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren bidez, eta horren helburua hauxe izango da: arlo horretako inbertsioak sustatzea, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko finantza-oztopoak murriztea, hala nola ekipo, programa eta zerbitzu informatikoei aplikatu beharreko aduana-zergak eta -eskubideak.

9. Estatu kideek Interneteko irispideen hornitzaileak animatu beharko lituzkete beren tarifetan deskontuak sartzeko aukera aztertzera, tarifok zerbitzu publikoko establezimenduei aplikatzen zaizkienean, hala nola eskolei, instituzio akademikoei, museoei, artxiboei edo liburutegi publikoei, betiere ziberespaziorako irispide unibertsal bateranzko trantsizio-neurri gisa.

10. Estatu kideek informazioaren arloko estrategiak eta ereduak egitea sustatu beharko lukete, bai erkidegoak errazago iritsi ahal izateko, bai gizarteko sektore guztietara heltzeko; helburu horri begira, besteak beste, erkidego-proiektuak egingo dituzte, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan tokiko animatzaileak eta aholkulariak sortzea bultzatuko dute. Estrategia horiek zerbitzu publikoko establezimenduen arteko lankidetza ere bultzatu behar dute arlo horretan, Interneteko zerbitzuetarako irispidearen kostuak murrizteko bitarteko gisa.

11. Nazioarteko lankidetzaren bidez, interkonexioa sustatu beharko litzateke garapen-bidean dauden herrialdeetako (Interneteko zerbitzuen hornitzaileak, pribatuak nahiz irabazi-asmorik gabeak) eta beste herrialde batzuetako (garapen-bidean daudenak edo industrializatuak) zuzeneko trafiko-truke puntu nazionalen (peering points) artean, kostuak modu negoziatuan banatuz.

12. Erregio-mailako antolakundeek edo foroek erregio arteko eta erregio barruko sareen sorkuntza bultzatu beharko lukete, zeinak zerbitzatu beharko bailituzkete gaitasun handiko erregio-ardatzek (backboneak); horrela, herrialde bakoitza mundu-mailako sare baten barruan konektatuta egongo litzateke, ingurune lehiakor ireki batean.

13. Nazio Batuen sistemaren barruan ahalegin itundu baten beharra dago, garapen sozioekonomikorako sare eta zerbitzu telematikoak erabiltzeari buruzko datuen eta esperientzien aprobetxamendu partekatua sustatzeko; lan horren barruan sartzen da iturri irekiko teknologiak sustatzea, bai eta politikak formulatzea eta garapen-bidean dauden herrialdeetan gaitasunak sortzea ere.

14. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek elkarte egokiak sustatu beharko lituzkete domeinu-izenen kudeaketan, domeinu-izen eleaniztunak barne.

Domeinu publikoko edukien garapena

15. Estatu kideek onartu eta promulgatu beharko lukete artxibo publikoetara edo administrazio publikoen esku dauden artxiboetara linean modu unibertsalean iristeko eskubidea, eta horrek barne hartzen du herritarrek gizarte demokratiko moderno batean behar duten informazio guztia, behar bezala kontuan hartuta konfidentzialtasunari, bizitza pribatuaren babesari eta segurtasun nazionalari buruzko kontsiderazioak, bai eta jabetza intelektualaren eskubideak ere, eskubideok informazio horren erabilerari aplikatzen zaizkion neurrian. Nazioarteko antolakundeek onartu eta aldarrikatu beharko lukete estatu bakoitzak eskubidea duela bere egoera sozial edo ekonomikoari buruzko funtsezko datuetara irispidea izateko.

16. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek domeinu publikoko informazioaren eta jakintzen gordailuak lokalizatu eta sustatu beharko lituzkete, eta guztion eskura jarri; horrela, jendearen sormena eta parte-hartzea areagotzeko ikaskuntza-giroak sortuko lituzkete. Horretarako, domeinu publikoko informazioa kontserbatzeko eta digitalizatzeko behar diren funtsak eman beharko lirateke.

17. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek interes publikoak zein pribatuak errespetatuko dituzten lankidetza-akordioak ezartzera bultzatu beharko lukete, betiere domeinu publikoko informazioa denentzat irisgarri egongo dela bermatzeko, inolako diskriminazio geografiko, ekonomiko, sozial edo kulturalik egin gabe.

18. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek irispide libreko irtenbideak sustatu beharko lituzkete; irtenbide horien barruan dago: arau tekniko eta metodologikoak egitea munduko informazio-sareetan eskuragarri dagoen domeinu publikoko informazioaren trukeari, mugikortasunari, bateragarritasunari eta lineako irisgarritasunari buruz.

19. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek “alfabetatze elektronikoa” sustatu eta erraztu beharko lukete; horren barruan daude: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak zabaltzera eta horien aplikazioan eta erabileran segurtasuna eta konfiantza zabaltzera bideratutako jarduerak. Garrantzi handikoa da informazioaren gizartearen “giza kapitala” garatzea, eta, bereziki, irakaskuntza irekia, integratua eta kulturartekoa, zeina uztartuko baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko behar diren gaitasunak eskuratzearekin. Arlo horretako prestakuntza ez litzateke gaitasun teknikoak eskuratzera mugatu beharko, ezpada printzipio eta balio etikoekiko sentsibilizazioari ere lekua egin beharko lioke.

20. Nazio Batuen sistemaren barruan instituzioen arteko lankidetza indartu beharko litzateke, mundu osoan eskuragarri egongo litzatekeen ezagutza-multzo bat eratzeko, bereziki garapen-bidean dauden herrialdeen eta erkidego behartsuen mesedetan, betiere garapen-proiektu eta -programek sortutako informazio-bolumen ikaragarritik abiatuta.

21. UNESCOk, interesa duten gobernuarteko beste antolakunde batzuekin lankidetza estuan, nazioarteko inbentario bat egiten hasi beharko luke, domeinu publikoko informazioaren lineako ekoizpen eta hedapenari buruzko legeria, araudi eta politikei buruz.

22. Komenigarria izango litzateke informazio-zerbitzuen ekoizle, erabiltzaile eta emaileek dituzten jardunbide egokiak eta borondatezko eta autorregulazioko jarraibide profesional eta etikoak definitzea eta ezartzea, betiere adierazpen-askatasuna errespetatuz.

Eskubideen titularren interesen eta interes orokorraren arteko oreka zuzena berrestea

23. Alde interesdun guztiekin lankidetza estuan, estatu kideek egile-eskubideari buruzko legeria nazionalak eguneratzen eta horiek ziberespaziora egokitzen hasi beharko lukete, betiere egileen interesen eta egile-eskubideen eta haiekin lotutako eskubideen titularren eta publikoaren interesen arteko oreka zuzena erabat kontuan hartuta; izan ere, horiek guztiak egile-eskubideari eta harekin lotutako eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmen eta konbentzioetan jasota daude.

24. Hala dagokionean, estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek egile-eskubideen titularrak eta egile-eskubidea eta harekin lotutako eskubideak babesteko salbuespen eta mugen legezko onuradunak bultzatu beharko lituzkete hauxe zaintzera: salbuespen eta muga horiek obraren ustiapen normalaren aurka egiten ez duten eta eskubideen titularren interes legitimoei justifikaziorik gabeko kalterik eragiten ez dieten kasu berezi batzuei aplikatzen zaizkiela, betiere egile-eskubideari buruz eta interpretazio edo joaldi eta fonogramei buruz Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundearen tratatuetan xedatutakoarekin bat etorriz.

25. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek arreta berezia eskaini beharko liekete berrikuntza teknologikoen ezarpenari eta berrikuntzok informazioa iristeko izan ditzaketen ondorioei, betiere nazioarteko tratatu eta akordioetan ezarritako egile-eskubidea eta harekin lotutako eskubideak babestearen esparruan.

Konferentzia Orokorrak estatu kideei gomendatzen die aurreko xedapenak aplika ditzatela, beren jurisdikzioaren eta lurraldearen barruan gomendio honetan adierazitako arauak eta printzipioak gauzatzeko behar diren legegintza-neurri guztiak edo bestelakoak hartuz.

Konferentzia Orokorrak gomendio hau adieraztea gomendatzen die estatu kideei, informazioaren eta komunikazioaren teknologien politika, estrategia eta azpiegiturei buruzko ekintza publikoaren edo pribatuaren ardura duten agintariei edo zerbitzuei begira; horien guztien barruan hauek daude, besteak beste: Interneten eleaniztasuna erabiltzea, sareak eta zerbitzuak sortzea, Interneteko domeinu publikoko informazioa zabaltzea, eta jabetza intelektualaren eskubideei buruzko gaiak.

Konferentzia Orokorrak estatu kideei gomendatzen die, berak zehazten dituen egunean eta moduan, gomendio hau aplikatzeko hartuak dituzten neurrien berri emateko.

Eranskina

Definizioak

Konbentzio honen ondoreetarako:

a) ardatz nagusi bat (backbone) edukiera handiko sare bat da, ahalmen txikiagoko beste sare batzuk elkarren artean konektatzen dituena;

b) egile-eskubidearen mugak eta salbuespenak egile-eskubideari eta harekin lotutako eskubideei buruzko legeetan ezarritako xedapenak dira; izan ere, eskubideok egilearen eskubidea edo beste titular batzuen eskubidea mugatzen dute, haien obra edo harekin lotutako eskubideen objektu bat ustiatzeari dagozkionez. Muga eta salbuespen horien forma nagusiak nahitaezko lizentziak, legezko lizentziak eta erabilera leiala dira;

c) ziberespazioak informazioaren mundu-azpiegiturarekin lotutako komunikazio digitalaren edo elektronikoaren mundu birtuala izendatzen du;

d) domeinu-izena Interneteko helbide bati ematen zaion izena da, eta erabiltzaileek Interneteko baliabideetarako irispidea izatea errazten du (adibidez, “unesco.org” http://www.unesco.org);

e) hizkuntza-sistema adimendunek konbinatzen dituzte, alde batetik, gaur egungo ordenagailuek datuak azkar prozesatzeko, berreskuratzeko eta manipulatzeko duten gaitasun handia, eta, bestetik, gaitasun abstraktuagoak eta sotilagoak zenbait gauza arrazoitzeko eta ulertzeko, hala nola giza komunikazioko egintza orotan dauden ñabardura inplizituak, baina ez nahitaez esplizituki aipatuak (hizkuntza bakar batean edo hizkuntza batetik bestera), zeinek eskaintzen baitute pertsonen arteko komunikazioaren itxura egiteko maila handia;

f) Interneteko zerbitzuen hornitzailea Interneteko zerbitzuetarako irispidea ematen duen organismoa da;

g) bateragarritasuna gaitasuna da makina desberdinetan jarduten duten eta fabrikatzaile desberdinetatik datozen programa eta ekipo informatikoek dituzten datuak partekatzeko;

h) iturri irekiko teknologiek “iturri irekia”ren oinarrizko irizpideari erantzuten diote: Open Source Initiative (OSI) delakoak egindako ziurtapen-araua, zeinak iturburu-koderako irispide publikoa eta doakoa bermatzen baitu (programaren jarraibideak jatorrizko moduan edo programazio-hizkuntzan);

i) trafikoaren zuzeneko truke esamoldeak hauxe adierazten du: Interneteko zerbitzuen bi hornitzaileren edo gehiagoren arteko harremana, zeinean, hornitzaile horien artean zuzeneko konexioa sortu ondoren, hornitzaileok adosten baitute informazio-paketeak zuzenean konexio horren bidez trukatzea, Interneteko ardatz nagusitik igaro beharrean. Harreman horietan bi zerbitzu-hornitzaile baino gehiagok parte hartzen dutenean, haietako edozeini zuzendutako mezu guztiak, lehenik, truke-zentro batera bideratzen dira, zeina deitzen baita trafikoa zuzenean trukatzeko gune, eta handik azken hartzaileari bidaltzen zaizkio;

j) mugikortasuna ezaugarri bat da, zeinak programa informatiko bati bide ematen baitio berak zenbait ordenagailutan funtziona dezan, makina edo ekipo jakin bat behar izan ordez;

k) domeinu publikoko informazio esamoldeak hauxe izendatzen du: publikoak inolako xedapen juridikorik edo konfidentzialtasun-betebeharrik urratu gabe irits dezakeen informazioa. Horrenbestez, hau adierazten du: alde batetik, lotutako obren edo eskubideen objektuen multzoa da, zeina pertsona orok baimenik gabe ustia dezakeen, esate baterako, legeria nazionalaren edo nazioarteko zuzenbidearen arabera babestuta ez egoteagatik, edo babesaren epea amaituta egoteagatik. Bestalde, gobernuek edo nazioarteko antolakundeek beren borondatez ekoitzi eta zabaldutako datu publikoak eta informazio ofiziala aipatzen ditu;

l) bilaketa-tresna programa bat da, zeinak dokumentuak bilatzen baititu hari zehaztu zaizkion gako-hitzen arabera, eta hitz horiek agertzen diren dokumentuak lokalizatzen edo berreskuratzen ditu;

m) ziberespaziorako irispide unibertsala hauxe da: arrazoizko prezioan, informazioaren azpiegiturarako (bereziki Interneterako) eta giza garapen kolektibo eta indibidualerako funtsezko ezagutzetarako herritar guztiek duten irispide ekitatiboa;

n) sarearen arakatzaile bat web-orriak aurkitzeko eta pantailan aurkezteko erabiltzen den aplikazio informatikoa da.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper