Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

1. Nazio Batuak

1. Nazio Batuak


1.1. Nazio Batuen Gutuna, 1945eko ekainaren 26koa[1]

I. KAPITULUA
Asmoak eta printzipioak

1. artikulua.— Nazio Batuen asmoak dira:

3. Nazioarteko lankidetza gauzatzea, diskriminaziorik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik, nazioarteko arazoak konpontze aldera, betiere arazo horiek ekonomia, gizarte, kultura edo giza izaerakoak direnean, eta guztion giza eskubideen nahiz oinarrizko askatasunen gaineko errespetua garatu nahiz suspertze aldera; eta

[…]

IV. KAPITULUA
Batzar Orokorra

Eginkizunak eta ahalak

13. artikulua

1. Batzar Orokorrak azterlanak sustatu eta gomendioak egingo ditu, ondoko xede hauetarako:

b. nazioarteko lankidetza sustatzea ekonomia-, gizarte-, kultura-, hezkuntza- eta osasun izaerako gaietan, eta guztion giza eskubideak nahiz oinarrizko askatasunak eraginkor bihurtzen laguntzea, betiere diskriminaziorik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik,

IX. KAPITULUA
Nazioarteko lankidetza ekonomiko eta soziala

55. artikulua

Nazioen arteko harremanak baketsuak eta lagunen artekoak izan daitezen, egonkortasun- eta ongizate-baldintzak sortu behar direnez gero, eta baldintza horiek sortzekotan, betiere eskubideen berdintasunari eta herrien determinazio askeari buruzko printzipioa errespetatuz, eta errespetu hori oinarri moduan harturik, Erakundeak sustatuko du:

a) bizitza-maila altuagoak, guztiontzako lan iraunkorra, eta ekonomia- nahiz gizarte-aurrerapen eta garapenerako baldintzak;

b) ekonomia-, gizarte- eta osasun-arloko nazioarteko arazoak konpontzea, eta horien ondoriozko bestelako arazoak ere, eta kultura- eta hezkuntza-alorretan nazioarteko lankidetza; eta

c) guztion giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiak direla-medio diskriminaziorik egin gabe, eta eskubide eta askatasun horien eraginkortasuna.

XII. KAPITULUA
Administrazio fiduziarioaren nazioarteko araubidea

76. artikulua

Administrazio fiduziarioaren araubidearen oinarrizko helburuak, gutun honen 1. artikuluan aipatutako Nazio Batuen asmoen arabera, honako hauek izango dira:

c. guztion giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen gaineko errespetua sustatzea, diskriminaziorik egin gabe arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik, bai eta munduko herrien arteko mendekotasuna aitortzea ere; eta

[…]


1.2. Justiziako Nazioarteko Auzitegiaren Estatutua, 1945eko ekainaren 26koa[2]

III. KAPITULUA
Prozedura

39. artikulua

1. Auzitegiaren hizkuntza ofizialak frantsesa eta ingelesa izango dira. Aldeek akordatzen badute prozedura frantsesez egitea, epaia hizkuntza horretan emango da. Prozedura ingelesez egitea akordatzen badute, hizkuntza horretan emango da epaia.

2. Baldin eta adostasunik ez badago erabili beharreko hizkuntzari buruz, alde bakoitzak nahi duen hizkuntzan aurkeztu ahal izango ditu bere alegazioak, eta Auzitegiak frantsesez eta ingelesez emango du epaia. Kasu horretan, Auzitegiak erabakiko du bi testuetatik zeinek egingo duen fede.

3. Aldeetako batek eskatzen badu, Auzitegiak baimena emango dio frantsesa edo ingelesa ez den beste edozein hizkuntza erabiltzeko.


1.3. Osasunaren Mundu Erakundearen Konstituzioa, 1946ko uztailaren 22koa[3]

XVIII. KAPITULUA
Interpretazioa

74. artikulua[4].— Konstituzio honen txinerazko, espainierazko, frantsesezko, ingelesezko eta errusierazko testuak era berean joko dira kautotzat.

[…]

New Yorken sinatu zen, 1946ko uztailaren 22an, kopia bakar batean, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz, eta testu bakoitza kautoa da. Jatorrizko testuak Nazio Batuen artxiboetan gordeko dira. Nazio Batuetako idazkari nagusiak behar bezala ziurtatutako kopiak bidaliko dizkie Konferentzian ordezkatutako gobernu guztiei.


1.4. Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorraren Erregelamendua, 1947ko azaroaren 17koa[5]

SARRERA

9. Hirugarren bilkuraldian, Batzar Orokorrak Seigarren Batzordearen txostena aztertu zuen (A/799), eta 1948ko abenduaren 11ko 262 (III) Ebazpenean hauxe ebatzi zuen: gaztelania lan-hizkuntzen artean sartzea eta 44. artikulutik 48.era bitartekoak ildo horretan zuzentzea.[6]

31. Bilkuraldi berean [23 garrenean], Batzar Orokorrak Bosgarren Batzordearen txostena aztertu zuen (A/7472), eta 1968ko abenduaren 21eko 2479 (XXIII) Ebazpenean hauxe ebatzi zuen: errusiera lan-hizkuntzen artean sartzea eta, horrenbestez, 51. artikulua zuzentzea.

34. […]

2837 (XXVI) Ebazpenean, Batzar Orokorrak Batzorde Bereziaren ondorioak ere onetsi zituen, eta ondoriook Erregelamenduaren eranskin batean errepikatzea erabaki zuen; ondorio horiek IV. eranskinean agertzen dira. Gomendioetako batean[7], Erregelamenduaren testuak hizkuntza ofizialetan erkatzeko eskatu zitzaion idazkari nagusiari, testuok bat zetozela ziurtatzeko; eskaera bete egin da, eta egin beharreko argitalpen-aldaketak egin dira artikuluetan.

38. Hogeita zortzigarren bilkuraldian, Batzar Orokorrak Bosgarren Batzordearen eta Seigarren Batzordearen txostenak aztertu zituen (A/9307, A/9464, A/9452 eta A/9452/Add.1), eta, 1973ko abenduaren 18ko 3189 (XXVIII) eta 3190 (XXVIII) ebazpenetan, honako hau erabaki zuen:

a) Txinera Batzarraren lan-hizkuntzen artean sartzea;

b) Arabiera Batzarraren eta haren batzorde nagusien hizkuntza ofizialen eta lan-hizkuntzen artean sartzea.

44. Hogeita hamabosgarren bilkuraldian, Batzar Orokorrak Bosgarren Batzordearen txostena aztertu zuen (A/35/780), eta, 1980ko abenduaren 17ko 35/219 A eta B ebazpenetan, hauxe erabaki zuen: arabiera Batzarraren organo subsidiarioen hizkuntza ofizialen eta lan-hizkuntzen artean sartzea, gehienez ere 1982ko urtarrilaren 1ean, eta, ondorioz, 51., 52., 54. eta 56. artikuluak zuzentzea.

VII. IDAZKARITZA

Idazkaritzaren eginkizunak

47. artikulua

Idazkaritzak jaso, itzuli, inprimatu eta banatuko ditu Batzar Orokorraren, eta haren batzordeen eta organoen dokumentu, txosten eta ebazpenak[8]; beste hizkuntza batzuetara interpretatuko ditu bilkuretan emandako diskurtsoak; bilkuraldien aktak idatzi, inprimatu eta banatuko ditu[9]; dokumentuak behar bezala zaindu eta kontserbatuko ditu Batzarraren artxiboetan; Batzarraren dokumentu guztiak banatuko dizkie Nazio Batuetako kideei, eta, oro har, Batzarrak agintzen dizkion gainerako ataza guztiak beteko ditu.

VIII. HIZKUNTZAK

Hizkuntza ofizialak eta lan-hizkuntzak

51. artikulua[10]

Arabiera, txinera, espainiera, frantsesa, ingelesa eta errusiera izango dira, aldi berean, Batzar Orokorraren, eta haren batzordeen eta azpibatzordeen hizkuntza ofizialak eta lan-hizkuntzak.

Interpretazioa

52. artikulua[11]

Batzar Orokorraren sei hizkuntzetako edozeinetan emandako diskurtsoak beste bostetan interpretatuko dira.

53. artikulua[12]

Edozein ordezkarik egin ahal izango du hitz Batzar Orokorraren hizkuntzak ez diren beste hizkuntzetan. Kasu horretan, interpretazioa eskuratuko du Batzarraren edo batzordearen hizkuntzetako batean. Idazkaritzako interpreteek Batzarraren edo batzordearen gainerako hizkuntzetara egindako interpretazioa hizkuntza horietako lehenengora egindako interpretazioan oinarritu ahal izango da.

Hitzez hitzeko akten eta akta laburtuen hizkuntzak

54. artikulua[13]

Hitzez hitzeko aktak edo akta laburtuak egingo dira Batzar Orokorraren hizkuntzetan, ahal bezain laster.

Nazio Batuen Egunkariko hizkuntzak

55. artikulua[14]

Batzar Orokorraren bilkuraldietan, Nazio Batuen Egunkaria Batzarraren hizkuntzetan argitaratuko da.

Ebazpenen eta gainerako dokumentuen hizkuntzak

56. artikulua[15]

Ebazpenak eta gainerako dokumentu guztiak Batzar Orokorraren hizkuntzetan argitaratuko dira.[16]

Argitalpenak Batzar Orokorraren hizkuntzez bestelako hizkuntzetan

57. artikulua[17]

Batzar Orokorraren, eta haren batzordeen eta azpibatzordeen dokumentuak, Batzarrak hala erabakitzen badu, Batzarraren edo batzordearen hizkuntzak ez diren beste hizkuntzetan ere argitaratuko dira.

IV. ERANSKINA[18]
Batzar Orokorraren prozedurak arrazionalizatzeko eta hura antolatzeko Batzorde Bereziaren ondorioak

VI. DENBORA ERABILGARRIA AHALIK ETA GEHIEN ERABILTZEA

C. Batzarraren Osoko Bilkurari eta batzorde nagusiei aplikatu beharreko neurriak

6. Ordena-arazoak

79. Batzorde Bereziak Batzar Orokorrari gomendatzen dio testu hau onets dezala ordena-arazoen kontzeptuaren deskripzio gisa [229. paragrafoa]:

«b) 73. artikuluaren [114][19] arabera planteatutako ordena-arazoek arazo jakin batzuk dakartzate, zeinek behar baitute presidentearen erabakia; erabaki hori apela daiteke. Ordena-arazook bereizi egiten dira, beraz, 76. artikulutik [117][20] 79. artikulura [120][21] aipatzen diren prozedura-mozioetatik; izan ere, prozedura-moziook bozketa bidez baino ezin dira erabaki, eta horiekiko mozio bat baino gehiago ere har daiteke; izan ere, azken mozio horien arteko lehentasun-ordena 79. artikuluak [120] ezartzen du[22]. Ordena-arazoak ere bereizi egiten dira informazio- edo argibide-eskaeretatik eta xedapen materialei (idazpenak, interpretazio-sistema, aretoko tenperatura), dokumentuei, itzulpenei eta abarri buruzko oharretatik; izan ere, baliteke presidenteak artatu behar izatea horiek, baina ez dute erabaki formalik behar. Hala ere, Nazio Batuetan ezarritako praktikaren arabera, prozedura-mozio bat aurkezteko edo informazioa edo argibideak eskatzeko asmoa duen ordezkari batek, sarritan, “ordena-kontu” bat planteatzen du hitz egiteko. Hitz egite hori, arrazoi praktikoetan oinarritua, ez litzateke nahastu behar 73. artikuluaren [114] araberako ordena-arazoen planteamenduarekin[23].

VIII. DOKUMENTAZIOA[24]

B. Dokumentuak prestatzea eta banatzea

107. Batzorde Bereziak honako hau gomendatzen dio Batzar Orokorrari:

a) Dokumentuak lan-hizkuntza guztietan garaiz banatzeko printzipioa zorrotz bete beharko da.

X. ZENBAIT GAI

E. Erregelamenduari buruzko azterlanak

128. Azkenik, Batzorde Bereziak gomendatzen du Idazkaritza arduratu dadila Batzarraren Erregelamenduaren testuen azterketa konparatua egiteaz hizkuntza ofizialetan, betiere testu guztiak bat datozela ziurtatzeko [354. paragrafoa].

V. ERANSKINA
34/401 Erabakia, Batzar Orokorraren prozedurak arrazionalizatzeko eta hura antolatzeari buruzkoa[25]

III. DOKUMENTAZIOA

24. Organo subsidiarioek gehienez ere irailaren 1ean amaitu beharko dituzte lanak, betiere txostenak lan-hizkuntza guztietan eskuragarri egon daitezen Batzar Orokorraren bilkuraldia hasten den unean aztertzeko, eta Konferentzien Batzordeak erabat hartuko du kontuan xedapen hau.

30. Ahal den neurrian, estatu kideek ez dute eskatuko banakako komunikazioak Batzar Orokorraren dokumentu gisa banatzeko, eta horren ordez, beharrezkoa denean, estatu kideok dokumentu horiek aurkeztu dituzten hizkuntza ofizialetan banatzeko eskatuko dute, ahozko ohar batekin batera.


1.5. Genozidio-delitua prebenitu eta zehatzeko Konbentzioa, 1948ko abenduaren 9ko 260 A (XX) Ebazpena[26]

X. artikulua

Konbentzio honek 1948ko abenduaren 9ko data izango du; berebat, konbentzioaren testuak kautoak izango dira ingelesez, txineraz, espainieraz, frantsesez eta errusieraz egindakoak.


1.6. Giza Eskubideen Adierazpen
Unibertsala, 1948ko abenduaren 10ekoa[27]

HITZAURREA

Kontuan izanik munduko askatasuna, justizia eta bakea giza familiako kide guztien berezko duintasunean eta eskubide berdin eta ukaezinetan oinarritzen direla;

Kontuan izanik giza eskubideak ez ezagutzearen eta gutxiestearen ondorioz, giza kontzientziari irain egiten dioten basakeriak gertatu izan direla; eta gizon-emakumeek, beldur eta gabezia orotatik aske, hitz egiteko askatasuna eta sinesmen-askatasuna izango dituzten munduaren etorrera aldarrikatu dela gizakiaren helburu nagusi;

Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek babestea, gizaki-tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin;

Kontuan izanik ezinbestekoa dela, baita ere, herrialdeen artean harreman lagunkoiak bultzatzea;

Kontuan izanik Nazio Batuetako kide diren herriek gizakiaren oinarrizko eskubideetan, gizakiaren duintasun eta balioan eta gizonen eta emakumeen eskubideen arteko berdintasunean duten fedea tinko azaldu dutela agerian; eta, askatasunaren ikuspegi zabalago baten barruan, gizarte aurrerakuntza sustatzeko eta bizitza-maila jasotzeko erabakita daudela adierazi dutela;

Kontuan izanik estatu kideek, Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean, gizakiaren oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetu orokorra eta eraginkorra ziurtatzeko hitza eman dutela;

Kontuan izanik emandako hitz hori osotasunean betetzeko garrantzi handikoa dela eskubide eta askatasun horiek berdin ulertzea;

BATZAR OROKORRAK
GIZA ESKUBIDEEN ADIERAZPEN UNIBERTSAL HAU EGITEN DU,

herri eta nazio guztiek izan beharreko jomuga legez. Beronen xedea da, bai gizabanakoek, bai instituzioek, adierazpen honetan etengabe oinarrituta, alde batetik, eskubide eta askatasun hauen errespetua bultzatzea irakaskuntzaren eta hezkuntzaren bidez, eta, bestetik, maila nazionalean eta nazioarte mailan arian-arian neurriak hartzea, era eraginkorrean eta orokorrean ezar daitezen ziurtatzeko, bai elkarkide diren estatuetako herrien artean, baita horien jurisdikzioaren mendean dauden lurraldeetan ere.

1. artikulua

Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta, ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.

2. artikulua

Gizaki orori dagozkio adierazpen honetako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereiziko arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik.

Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den; ezta hango politikari, legeei edo nazioarteko egoerari, nahiz eta herri hori independentea, besteren administrazio fiduziarioaren mendeko lurraldea, autonomiarik gabea edo nola-halako subiranotasun-mugak dituena izan.

3. artikulua

Gizabanako guztiek dute bizitzeko, aske izateko eta segurtasunerako eskubidea.

4. artikulua

Inor ez da izango besteren esklabo edo jopu; debekatuta dago esklabotza eta esklaboen salerosketa oro.

5. artikulua

Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere.

6. artikulua

Edozein gizon-emakumek du, nonahi, lege-nortasundun dela aitor diezaioten eskubidea.

7. artikulua

Gizon-emakume guztiak berdinak dira legearen aurrean eta denek dute, diskriminaziorik gabe, legezko babesa izateko eskubidea. Denek dute adierazpen hau hausten duen edozein diskriminazioaren aurka eta diskriminazio horren eragileen aurka babes berbera izateko eskubidea.

8. artikulua

Pertsona orok du konstituzioak edo legeek gizon-emakumeei aitortzen dizkieten oinarrizko eskubideak hausten dituzten egintzetatik babesteko, norbere herrialdeko auzitegi eskudunetan errekurtso eraginkorra jartzeko eskubidea.

9. artikulua

Inor ezingo da arrazoirik gabe atxilotu, preso hartu edo erbesteratu.

10. artikulua

Pertsona orok eskubidea du, berdintasun osoan, auzitegi independente eta inpartzialean jendaurrean hitz egin eta zuzentasunez entzun diezaioten, nahiz bere eskubide eta betebeharrak erabakitzeko, nahiz bere aurkako salaketa penalak aztertzeko.

11. artikulua

1. Delituagatik salatutakoak eskubidea du errugabetzat jo dezaten, errudun dela legez eta jendaurreko epaiketan frogatzen ez den bitartean. Epaiketan bere burua zaintzeko berme guztiak ziurtatuko zaizkio.

2. Egintzak edo ez-betetzeak izandakoan, herrialdeko edo nazioarteko legeriaren arabera delitu ez baziren, ezingo da inor kondenatu. Delitua egitean aplikagarri den zigorra baino larriagorik ere ezingo zaio jarri.

12. artikulua

Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo postan esku-sartzerik, ezta inoren ohore edo izen onari eraso egiterik ere. Nornahik du esku-sartze edo eraso horien aurka legezko babesa izateko eskubidea.

13. artikulua

1. Pertsona orok du joan eta etorri aske ibiltzeko eskubidea eta estatu baten lurraldean bizilekua aukeratzekoa.

2. Pertsona orok du edozein herrialdetatik alde egiteko eskubidea, baita norberetik ere, eta norbere herrialdera itzultzekoa.

14. artikulua

1. Jazarpena jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea.

2. Eskubide horretara ezin izango da jo delitu arruntek sortutako auzibideko egintza baten aurka, ezta Nazio Batuen helburu eta irizpideen aurkako egintzak direla-eta ere.

15. artikulua

1. Pertsona orok du nazionalitatea izateko eskubidea.

2. Inori ezingo zaio arrazoirik gabe nazionalitatea kendu, ezta nazionalitatea aldatzeko eskubidea ukatu ere.

16. artikulua

1. Gizonek eta emakumeek, ezkon-adinetik aurrera, ezkontzeko eta familia eratzeko eskubidea dute, arraza, nazionalitate edo erlijioagatiko inolako mugarik gabe; eta, ezkontzari dagokionez, eskubide berberak dituzte bai ezkonduta jarraituz gero eta bai ezkontza-lotura ezabatuz gero ere.

2. Ezkongaien baimen aske eta osoz ez bada, ez dago ezkontzerik.

3. Familia da gizartearen oinarri jatorra eta berezkoa, eta estatuaren eta gizartearen babesa izateko eskubidea du.

17. artikulua

1. Pertsona orok du jabe izateko eskubidea, bakarka nahiz taldean.

2. Arrazoirik gabe, ez zaio inori haren jabetza kenduko.

18. artikulua

Pertsona orok pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunerako eskubidea du; eskubide horren barne da erlijio edo sinesmena aldatzeko askatasuna eta baita norbere erlijioa edo sinesmena bakarka nahiz taldean, jendaurrean edo pribatuan irakaskuntzaz, jardueraz, kultuz eta aginduak gordez azaltzeko askatasuna ere.

19. artikulua

Gizabanako guztiek dute iritzi- eta adierazpen-askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen du erlijioa eta sinesmena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpideez jaso eta zabaltzekoa.

20. artikulua

1. Nornahik du bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea.

2. Inor ezingo da behartu elkarte bateko kide izatera.

21. artikulua

1. Pertsona orok du bere herrialdeko gobernuan parte hartzeko eskubidea, zuzenean nahiz libre aukeratutako ordezkarien bitartez.

2. Pertsona orok du berdintasunez norbere herrialdeko funtzio publikoan sartzeko eskubidea.

3. Herriaren borondatea da botere publikoaren agintearen oinarria; borondate hori aldian-aldian egingo diren benetako hauteskundeetan adieraziko da. Hauteskundeok bozketa orokor eta berdinez eta isilpeko boto bidez egingo dira, edo boto askatasuna bermatzen duen beste bide batez.

22. artikulua

Pertsona orok du, gizarteko kide denez gero, gizarte-segurantza izateko eskubidea eta, herrialdearen ahaleginaz eta nazioarteko laguntzaz, estatu bakoitzaren antolaketa eta baliabideak kontuan izanik, gizabanakoaren duintasunerako eta nortasuna garatzeko ezinbestekoak diren eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak aseta izatekoa.

23. artikulua

1. Pertsona orok du lan egiteko eskubidea, lana aukeratzekoa, lan-baldintza bidezkoak eta egokiak izatekoa, eta langabeziaren aurkako laguntza jasotzekoa.

2. Pertsona orok du, diskriminaziorik gabe, lan beragatik soldata berbera jasotzeko eskubidea.

3. Lanean ari denak bidezko lansaria eta aski zaiona jasotzeko eskubidea du, bai bera eta bai bere familia, giza duintasunari dagokion bezala bizitzeko bestekoa. Horretarako aski ez bada lansaria gizarte-laguntzako beste baliabide batzuen bidez osatuko da.

4. Pertsona orok du, norbere interesen alde egiteko, sindikatuak eratu eta sindikatuko kide izateko eskubidea.

24. artikulua

Pertsona orori dagozkio atsedenerako eskubidea, aisiarakoa, lanaldiaren iraupen mugatua izatekoa eta aldian-aldian ordaindutako oporrak izatekoa.

25. artikulua

1. Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku-sorospena eta gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna, elbarritasuna, alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahi gabe galtzeko beste kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere.

2. Amek eta haurrek laguntza bereziak jasotzeko eskubidea dute. Haur guztiek, senar-emazteengandik nahiz ezkontzatik kanpo jaiotakoek, gizartearen babes berbera izateko eskubidea dute.

26. artikulua

1. Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea. Hezkuntza doakoa izango da oinarrizko ikasketei dagokienez behintzat. Oinarrizko ikasketak egitea nahitaezkoa izango da; heziketa teknikoa eta lanbiderakoa, orokorra; eta denek izango dute goi-mailako ikasketak egiteko aukera bera, norberaren merezimenduen arabera.

2. Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea izango da, eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua indartzea; herrialde, arraza eta erlijio guztien arteko elkar-ulertze, jasankortasun eta adiskidetasunaren alde egingo du; eta Nazio Batuen jarduna bultzatuko du, bakeak iraun dezan.

3. Gurasoek lehentasunezko eskubidea izango dute seme-alabei emango zaien hezkuntza mota aukeratzeko.

27. artikulua

1. Pertsona orok du eskubidea, erkidegoaren kultura-ekitaldietan aske parte hartzeko, artelanez gozatzeko, eta zientzia-aurrerakuntzan eta horri darizkion irabazietan parte hartzeko.

2. Zientzia, literatura edo arte mailan egindako lanen egile diren pertsona guztiek dute horregatik dagozkien interesak eta materialak babes dakizkien eskubidea.

28. artikulua

Pertsona ororen eskubidea da nazioarteko gizarte-ordena ezartzea, eta, ordena horretan, adierazpen honetako eskubide eta askatasunak era eraginkorrean garatzea.

29. artikulua

1. Pertsona orok erkidegoarekiko eginbeharrak ere baditu, erkidegoa baita haren nortasuna guztiz eta era askean garatzeko toki bakarra.

2. Pertsona orok, gainerako herritarren eskubide eta askatasunen errespetua ziurtatzeko eta gizarte demokratiko baten moral, ordena publiko eta ongizate orokorreko bidezko eskakizunak betetzeko legez ezartzen diren mugak baino ez ditu izango dagozkion eskubide eta askatasunez baliatzeko orduan.

3. Eskubide eta askatasun hauez ezingo da inor baliatu Nazio Batuen helburu eta irizpideen aurka.

30. artikulua

Adierazpen honetan jasotako ezertan ezingo da ulertu estatuari edo talde edo gizabanakoren bati adierazpen honetan bertan adierazitako edozein eskubide eta askatasun deuseztatzeko jarduerak edo egintzak burutzeko eskubidea ematen zaionik.


1.7. Pertsonen salerosketa zigortzeari eta inoren prostituzioa esplotatzeari buruzko Hitzarmena,
1949ko abenduaren 2koa[28]

13. artikulua

[…]

Erregu-eskaerak honelaxe egingo dira: […] 3) eskaera egiten duen estatuaren ordezkari diplomatiko edo kontsularraren bidez, zeina akreditatuta baitago eskaera hartzen duen estatuan; ordezkari horrek erregu-eskaerak zuzenean bidaliko dizkio agintaritza judizial eskudunari edo eskaera hartzen duen estatuko gobernuak adierazitako agintaritzari, eta erregu-eskaerak betearazteko dokumentuak zuzenean jaso beharko ditu agintaritza horretatik.

1. eta 3. kasuetan, beti igorriko zaio erregu-eskaeraren kopia bat eskaera hartzen duen estatuko agintaritza judizialari.

Aurkako akordiorik izan ezean, erregu-eskaerak eskabidea egin duen agintaritzaren hizkuntzan idatziko dira, baina eskaera hartu duen estatuak bere hizkuntzara itzultzea eskatu ahal izango du, eskaera egin duen agintariak jatorrizkoaren arabera ziurtatuta.


1.8. Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioa,
1951ko uztailaren 28koa[29]

Genevan egina, 1951ko uztailaren 28an, ale bakarrean, berori gordailutuko dela Nazio Batuen artxiboetan; berebat, frantsesez eta ingelesez egindako testuak kautoak dira; ildo beretik, behar bezala ziurtatutako kopiak emango zaizkie Nazio Batuen estatu kide guztiei eta 39. artikuluak aipatu estatuei, hain zuzen ere, kide ez direnei.


1.9. Esklabotzari buruzko Konbentzioa, 1926ko irailaren 25ean Genevan sinatutakoa, eraldatzeko Protokoloa,
1953ko urriaren 23ko 794 (VIII) Ebazpena[30]

V artikulua

Protokolo hau Nazio Batuen idazkaritzaren artxiboetan gordailutuko da; eta kautoak izango dira txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden protokolo-testuak. Konbentzioaren testu kautoak ingelesa eta frantsesa direnez gero eta konbentzioa eranskinaren arabera eraldatu behar denez gero, eranskinaren ingelesezko eta frantsesezko testuak ere kautoak izango dira; txineraz, espainieraz eta errusieraz dauden testuak, ordea, itzulpenak izango dira. Idazkari nagusiak egingo ditu protokoloaren kopia ziurtatuak, eta eranskinarekin batera Konbentzioaren estatu aldeei igorriko dizkie, baita Nazio Batuen gainerako estatu kideei ere. III. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eraldaketak indarrean jartzen direnean, idazkari nagusiak prestatuko ditu modu horretan eraldatutako konbentzioaren kopia ziurtatuak, estatuei igortzeko, Nazio Batuen kide ez direnei barne.


1.10. Aberrigabeen Estatutuari buruzko Konbentzioa,
1954ko irailaren 28koa[31]

New Yorken egina, 1954ko irailaren 28an, ale bakarrean, berori gordailutuko dela Nazio Batuen artxiboetan; berebat, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz egindako testuak kautoak dira; ildo beretik, behar bezala ziurtatutako kopiak emango zaizkie Nazio Batuen estatu kide guztiei eta 35. artikuluak aipatu estatuei, hain zuzen ere, kide ez direnei.


1.11. Esklabotza, esklaboen salerosketa eta esklabotzaren antzeko instituzio eta praktikak ezabatzeari buruzko Konbentzio osagarria,
1956ko apirilaren 30eko 608 (XXI) Ebazpena[32]

15. artikulua

Konbentzio hau Nazio Batuen idazkaritzaren artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak izango dira txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden testuak. Idazkari nagusiak Konbentzioaren kopia ziurtatu kautoak luzatuko ditu estatu aldeei igortzeko, baita Nazio Batuen eta organismo espezializatuen gainerako estatu kideei ere.


1.12. Haurren Eskubideen Adierazpena, 1959ko azaroaren 20koa[33]

HITZAURREA

[…]

Kontuan hartuz, Nazio Batuek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aldarrikatu dutela ezen pertsona orok adierazpen horretan aipatutako eskubide eta askatasun guztiak dituela, inolako bereizketarik egin gabe, arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, iritzi politikoa edo bestelako iritzia, jatorri nazionala edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein ezaugarri dela bide,

[…]

Batzar Orokorrak,

[…]

1. printzipioa

Adierazpen honetan aipatutako eskubide guztiak izango dituzte haurrek. Eskubideok aitortu egingo zaizkie haurrei, inolako salbuespenik gabe, eta bereizketarik edo diskriminaziorik egin gabe, haurraren edo haren familiaren arraza, kolore, sexu, hizkuntza, kultura, erlijio, iritzi politikoa edo bestelako iritzia, jatorri nazionala edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein tasun dela bide.


1.13. Herrialde eta herri kolonialei independentzia emateari buruzko Adierazpena,
1960ko abenduaren 14ko 1514 (XV) Ebazpena[34]

[Batzar Orokorra,]

[…]

Jakitun izanik beharrezkoa dela egonkortasun- nahiz ongizate-baldintzak eta harreman baketsu eta adiskidetsuak sortzea, zeinak oinarritzen baitira eskubideen berdintasun-printzipioen eta herriek duten determinazio askerako eskubide-printzipioen errespetuan; eta giza eskubide eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta eskubide eta askatasun horien eraginkortasuna ziurtatzea, inolako bereizketarik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik,

[…]


1.14. Aberrigabetasun-kasuak gutxitzeko Konbentzioa,
1961eko abuztuaren 30ekoa[35]

21. artikulua

Konbentzio hau Nazio Batuen idazkari nagusiak erregistratuko du indarrean jartzen den datan.

Hori guztiori aitortuz, behean dauden ahalguztidunek konbentzio hau sinatzen dute.

New Yorken egina, 1961eko abuztuaren 30ean, ale bakarrean, berori gordailutuko da Nazio Batuen artxiboetan; berebat, fede ematen dute txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz egindako testuek; ildo beretik, Nazio Batuen idazkari nagusiak behar bezala ziurtatutako kopiak emango zaizkie Nazio Batuen estatu kide guztiei eta konbentzio honen 16. artikuluak aipatu estatuei, hain zuzen ere, kide ez direnei.


1.15. Ezkontzarako adostasunari buruzko, ezkontzeko gutxiengo adinari buruzko eta ezkontzen erregistroari buruzko Konbentzioa,
1962ko azaroaren 7ko 1763 A (XVII) Ebazpena[36]

[Estatu kontratatzaileek,]

Asmoa izanik, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz, guztion giza eskubide eta oinarrizko askatasunak errespetatu eta bete behar direla, eta bi horiek sustatu behar direla inolako bereizketarik egin gabe arraza-, sexu-, hizkuntza- eta erlijio-arrazoiengatik.

[…]

10. artikulua

1. Konbentzio hau Nazio Batuen artxiboetan gordailutuko da; berebat, fede emango dute, maila berean, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden testuek.

2. Nazio Batuen idazkari nagusiak Konbentzioaren kopia ziurtatu bana igorriko die Nazio Batuen kide guztiei eta 4. artikuluaren 1. paragrafoak aipatu kide ez diren estatuei.


1.16. Arraza-diskriminazioaren mota guztiak ezabatzeari buruzko Nazio Batuen Adierazpena, 1963ko azaroaren 20koa[37]

[Batzar Orokorrak,]

Kontuan hartuz Nazio Batuen Gutuna gizaki guztien duintasun- eta berdintasun-printzipioan oinarritzen dela eta, funtsezko helburuen artean, besteak beste, guztion giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua garatzeko eta sustatzeko nazioarteko lankidetza gauzatzea duela, arraza, sexu, hizkuntza edo erlijioagatiko bereizketarik egin gabe,

[…]


1.17. Ezkontzarako adostasunari buruzko, ezkontzeko gutxiengo adinari buruzko eta ezkontzen erregistroari buruzko Gomendioa,
1965eko azaroaren 1eko 2018 (XX) Ebazpena[38]

[Batzar Orokorrak,]

[…]

Gogoratuz, era berean, Nazio Batuen Gutunaren 13. artikuluaren 1. paragrafoko B atalarekin bat etorriz, Batzar Orokorrak gomendioak egin ditzakeela denon giza eskubide eta oinarrizko askatasunak gauzatzen laguntzeko, diskriminaziorik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik,

[…]


1.18. Arraza-diskriminazioaren mota guztiak ezabatzeko Nazioarteko Konbentzioa,
1965eko abenduaren 21eko 2106 A (XX) Ebazpena[39]

[Konbentzio honetako estatu aldeek,]

Kontuan hartuz, Nazio Batuen Gutunaren oinarri direla duintasun- eta berdintasun-printzipioak, gizaki guztiei datxezkienak, eta estatu kide guztiek, Erakundearekin lankidetzan arituz, neurriak hartzeko konpromisoa hartu dutela, elkarrekin edo bananduta, Nazio Batuen helburuetako bat gauzatzeko, alegia, guztion giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta eraginkorra sustatzea eta bultzatzea, diskriminaziorik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik.

[…]


1.19. Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Protokoloa,
1966ko abenduaren 16ko 2198 (XXI) Ebazpena[40]

XI. artikulua.— Nazio Batuen idazkaritzaren artxiboetan gordailutzea

Protokolo honen ale bat Batzar Orokorraren buruak eta Nazio Batuen idazkari nagusiak sinatuta, Nazio Batuen idazkaritzaren artxiboetan gordailututa geratuko da. Era berean, Protokoloaren testuak, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz eginikoak, kautotasun berekoak dira. Idazkari nagusiak testuaren kopia ziurtatuak igorriko dizkie Nazio Batuen estatu kide guztiei eta V. supra artikuluan aipatutako gainerako estatuei.


1.20. Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Ituna, 1966ko abenduaren 16koa[41]

V. ZATIA

27. artikulua

Estatuetan etnia-, erlijio- edo hizkuntza-gutxiengoak daudenean, gutxiengo horietako gizakiei ez zaie ukatuko, haiek, talde bereko beste kideekin batera, duten eskubidea, euren kultura-bizitza izateko, euren erlijioa eduki eta praktikatzeko, bai eta euren hizkuntza erabiltzeko ere.


1.21. Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunaren Hautazko Protokoloa
1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) Ebazpena[42]

14. artikulua

1. Protokolo hau Nazio Batuen artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak izango dira txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden protokolo-testuak.

2. Nazio Batuetako idazkari nagusiak protokolo honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie Itunaren 48. artikuluan aipatutako estatu guztiei.


1.22. Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Ituna, 1966ko abenduaren 16koa[43]

2. artikulua

1. Itun honetan alde diren estatuek konpromisoa hartu dute, bakarka nahiz nazioarteko laguntza eta lankidetzarekin, zenbait neurri hartzeko, batik bat neurri ekonomiko eta teknikoak, ahalik eta baliabide gehien erabilita, hemen aitortutako eskubideen eraginkortasun osoa mailaz maila erdiesteko; horretarako, bide egoki guztiak baliatuko dituzte, eta, bereziki, legegintzako neurriak hartuko.

2. Itun honetan alde diren estatuek konpromisoa hartu dute, itun honetan bertan aipatu eskubideen egikaritza bermatzeko, diskriminaziorik egin gabe, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo beste era bateko iritzi, nazioko nahiz gizarteko jatorri, maila ekonomiko, jaiotza nahiz bestelako gizarte-izateak direla medio.

3. Garatze bidean dauden herriek, giza eskubideak eta herri horien nazioko ekonomia behar bezala kontuan harturik, zehaztu ahal izango dute zein neurritan bermatuko dizkieten euren naziokoak ez diren pertsonei itun honetan aitortutako eskubideak.


1.23. Teherango Aldarrikapena, 1968ko maiatzaren 13an, Giza Eskubideen Nazioarteko Konferentziak hartutakoa[44]

Giza Eskubideen Nazioarteko Konferentziak aldarrikatua, Teheranen, 1968ko maiatzaren 13an.

Giza Eskubideen Nazioarteko Konferentzia Teheranen bildu da 1968ko apirilaren 22tik maiatzaren 13a arte, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onetsi zenetik igarotako hogei urteetan zein aurrerapen gertatu den aztertzeko eta etorkizunerako egitaraua prestatzeko.

Azterturik Nazio Batuek, giza eskubideei eta oinarrizko askatasunei zor zaien errespetua sustatu eta bultzatzeko, zenbait jarduera burutu dituela, eta jarduera horien ondorioz zenbait arazo sortu direla;

Kontuan harturik Konferentziak berak onetsitako ebazpenak;

Kontuan izanik Giza Eskubideen Nazioarteko Urtea gertatu dela munduan aurretiaz inoiz izan ez den aldaketarekin batera;

Aintzat harturik zientziaren eta teknologiaren aurrerapen azkarrak aukera berriak eskaintzen dituela,

Sinetsirik, liskarrak eta indarkeria munduko hamaika tokitan nagusitzen ari direnean, inoiz baino beharrezkoagoak direla gizakien arteko elkartasuna eta interdependentzia;

Kontuan izanik bakea dela gizadiaren gurari unibertsala, eta bake hori eta justizia ere ezinbestekoak direla giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak bete-betean gauzatzeko;

Modu solemnean aldarrikatzen du:

1. Ezinbestekoa dela nazioarteko erkidegoak bere betebehar solemnea betetzea, hots, giza eskubideei eta oinarrizko askatasunei zor zaien errespetua guztiontzat sustatu eta bultzatzea, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio eta iritzi politikoetan edo bestelako iritzietan oinarritutako bereizketetatik bat ere egin gabe.


1.24. Gerrako Krimenen eta Gizadiaren aurkako Krimenen Preskribaezintasunari buruzko Konbentzioa
1968ko azaroaren 26ko 2391 (XXIII) Ebazpena[45]

XI. artikulua

Konbentzio honek 1968ko azaroaren 26ko data izango du; berebat, Konbentzioaren testuak kautoak izango dira txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz egindakoak.


1.25. Gizarte-mailan Aurreratze- eta Garatze-bideari buruzko Adierazpena,
1969ko abenduaren 11ko 2542 (XXIV) Ebazpena[46]

I. ZATIA
Printzipioak

1. artikulua

Herri guztiek eta gizaki guztiek dute eskubidea duintasunez bizitzeko eta gizarte-aurrerabidearen emaitzekin gozatzeko, arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, nazionalitatea, jatorri etnikoa, familia- edo gizarte-egoera, iritzi politiko edo bestelakoengatik inolako diskriminaziorik egin gabe. Eurek, era berean, garapen hori lortzen lagundu beharko dute.


1.26. Aurrerapen zientifikoa eta teknologikoa bakearen mesedetan eta gizakientzako modu onuragarrian erabiltzeari buruzko Adierazpena,
1975eko azaroaren 10eko 3384 (XXIX) Ebazpena[47]

Batzar Orokorrak,

[…]

Modu solemnean aldarrikatzen du:

7. Estatu guztiek hartuko dituzte beharrezko neurriak, legegintza-esparrukoak barne, ziurtatzeko zientzia- eta teknologia-lorpenak erabiliko direla giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak osotasunean betetzeko, diskriminaziorik egin gabe arraza, sexu, hizkuntza edo erlijio-sinesmen arrazoiengatik.


1.27. Ezinduen Eskubideen Adierazpena,
1975eko abenduaren 9ko 3447 (XXIX) Ebazpena[48]

[…]

1. “Ezindu” hitzak izendatzen du pertsona ezgaitu oro, oso-osorik edo zati batean, bere kautan gai ez dena norbanako gisa edo gizartearen barnean, bizimodu arruntaren beharrizanak diruz estaltzeko, bere ahalmen fisiko edo adimenekoen urritasunagatik, horiek sortze-sortzetik izan ala ez.

2. Ezinduak adierazpen honetan dauden eskubide guztiak izango ditu. Ezindu orori aitortu behar zaizkio eskubide horiek, salbuespenik, bereizketarik eta diskriminaziorik egin gabe, arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelako iritzia, jatorri nazionala edo gizarte-jatorria, jaiotza edo beste edozein egoera dela bide, hori guztiori ezinduari berari nahiz haren familiari dagokionez.

3. Ezinduak eskubidea du, erro-errotik, bere giza duintasuna errespetatua izan dadin. Ezinduak, edozein izanik ere bere arazoen eta urritasunen jatorria, izaera edo larritasuna, bere adineko herrikideen oinarrizko eskubide berberak ditu; horrek dakar, beraz, behar den begirunezko bizimodua izateko eskubidea, ahalik eta modurik arruntenean eta osoenean.


1.28. Erlijioan edo sinesmenetan oinarritutako intolerantzia eta diskriminazio-modu guztiak ezabatzeari buruzko Adierazpena,
1981eko azaroaren 25eko 36/55 Ebazpena[49]

[Batzar Orokorrak,]

Kontuan hartuz Nazio Batuen Gutunaren oinarrizko printzipioetako bat pertsona guztien berezko duintasun eta berdintasuna dela, eta estatu kide guztiek neurri bateratuak eta bakoitzak bere aldetik hartzeko konpromisoa hartu dutela, Nazio Batuen Erakundearekin lankidetzan, guztion giza eskubide eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsal eta eraginkorra bultzatu eta suspertzeko, arraza, sexu, hizkuntza eta erlijio diskriminaziorik gabe,

[…]


1.29. Non bizi eta herrialde horretako nazionalak ez diren norbanakoen giza eskubideei buruzko Adierazpena,
1985eko abenduaren 13ko 40/144 Ebazpena[50]

Batzar Orokorrak,

Kontuan hartuz Nazio Batuen Gutunak gizaki guztien giza eskubide eta oinarrizko askatasunak errespetatzea eta betetzea sustatzen dituela, inolako bereizketarik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- eta erlijio-arrazoiengatik,

Kontuan hartuz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak aldarrikatutakoaren arabera, gizaki guztiak aske jaiotzen direla, berdinak izanik duintasunari eta eskubideei begira, eta pertsona orok adierazpen horretan aldarrikatutako eskubide eta askatasunak badituela, inolako bereizketarik egin gabe, arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelako iritzia, nazio- edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein ezaugarri direla bide.

[…]

Jakitun izanik nazioarteko giza eskubideen itunen estatu aldeek konpromisoa hartzen dutela bermatzeko itun horietan aldarrikatutako eskubideak inolako diskriminaziorik egin gabe egikarituko direla, arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelako iritzia, nazio- edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein ezaugarri dela bide.

[…]

5. artikulua

1. Atzerritarrek ondorengo eskubideak izango dituzte, eurak zein estatutan egon eta, estatu horren legeria nazionalaren arabera eta estatu horrek dituen nazioarteko betebeharren mende,

c) Berdintasunerako eskubidea auzitegien eta gainerako organoen eta justizia-administrazioaren agintari arduradunen aurrean eta, behar denean, interpretearen doako laguntza izateko eskubidea zigor-jardunetan eta, legeak halakoa xedatzen duenean, bestelako jardunetan ere;

f) Nork bere hizkuntza, kultura eta tradizioak gordetzeko eskubidea;

[…]


1.30. Garapenerako Eskubideari buruzko Adierazpena,
1986ko abenduaren 4ko 41/128 Ebazpena[51]

[Batzar Orokorrak,]

Kontuan hartuz Nazio Batuen Gutunaren asmo eta printzipioak, nazioarteko lankidetza gauzatzeari buruzkoak, diskriminaziorik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik, nazioarteko arazoak konpontze aldera, arazo horiek ekonomia, gizarte, kultura edo giza izaerakoak direnean, eta guztion giza eskubideen zein oinarrizko askatasunen errespetua garatu nahiz suspertze aldera.

[…]

Jakitun izanik, Gutunaren arabera, guztiontzako giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta eragina sustatzeko betebeharraz, betiere, inolako diskriminaziorik egin gabe, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politikoa edo bestelako iritzia, nazio- edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein ezaugarri dela bide,

[…]

6. artikulua

1. Estatu guztiek elkarrekin lan egin behar dute giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta eragina sustatzeko, bultzatzeko eta indartzeko, inolako diskriminaziorik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik.


1.31. Haurren Eskubideei buruzko
Konbentzioa, 1989ko azaroaren 20koa[52]

30. artikulua

Estatuetan etnia-, erlijio- edo hizkuntza-gutxiengoak daudenean, edo jatorri indigena duten gizakiak daudenean, gutxiengo horietako haurrei edota haur indigenei ez zaie ukatuko, haiek, talde bereko beste kideekin batera, duten eskubidea, euren kultura-bizitza izateko, euren erlijioa eduki eta praktikatzeko, bai eta euren hizkuntza erabiltzeko ere.


1.32. Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunaren Hautazko bigarren Protokoloa, heriotza-zigorra indarrik gabe uzteko helburua duena;
1989ko abenduaren 15eko 44/128 Ebazpena[53]

11. artikulua

1. Protokolo hau Nazio Batuen artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak izango dira arabieraz, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden protokolo-testuak.

2. Nazio Batuetako idazkari nagusiak protokolo honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie Itunaren 48. artikuluan aipatutako estatu guztiei.


1.33. Rioko Adierazpena, Ingurumen eta Garapenari buruzkoa, 1992ko ekainaren 3tik 14rakoa[54]

22. printzipioa

Herri indigenek eta euren erkidegoek, bai eta tokian tokiko beste erkidego batzuek ere, euren jakiteen ondorioz eta tradizio-praktiken ondorioz, funtsezko eginkizuna betetzen dute, ingurumena antolatu eta garatzeko orduan. Estatuek behar bezala aitortu beharko lituzkete haien identitatea, kultura eta interesak, bai eta horiei guztiei lagundu ere, eta, garapen jasangarria lortzeko helburu horretan, haien benetako parte-hartzea ahalbidetu beharko lukete.


1.34. Gutxiengo Nazional edo Etnikoetako, Erlijiosoetako eta Linguistikoetako Pertsonen Eskubideen Adierazpena, 1992ko abenduaren 18koa[55]

1. artikulua

1. Estatuek, euren lurraldeen barruan, babestu egingo dituzte gutxiengoen existentzia eta nazio- nahiz etnia-, kultura-, erlijio- eta hizkuntza-identitatea, eta identitate hori sustatzeko baldintzak eragingo dituzte.

2. Estatuek, helburu horiek guztiak lortzeko, neurri egokiak hartuko dituzte, legegintzaren arloan nahiz bestelakoetan.


1.35. Vienako Adierazpena eta Ekintza-plana, 1993ko ekainaren 25ean, Giza Eskubideen Munduko Konferentziak hartutakoak[56]:
19. eta 20. puntuak

19. Gutxiengo-taldeetako pertsonen eskubideak sustatzeko eta babesteko jarduerek garrantzi handia dutenez gero, eta, pertsona horiek bizi diren estatuetako gizarte- eta politika-egonkortasunari begira, jarduerok lagungarri oso gertatzen direnez gero,

Giza Eskubideen Munduko Konferentziak baieztatzen du estatuen betebeharra dela, gutxiengo-taldeetako pertsonek giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak, bete-betean eta eragingarritasunez, diskriminaziorik gabe eta legearen arabera berdintasun-egoera osoan, egikaritzen dituztela jagotea, Nazio Batuek Gutxiengo Nazional edo Etnikoetako, Erlijiosoetako eta Linguistikoetako Pertsonen Eskubideei buruz emandako adierazpenarekin bat.

Gutxiengo-taldeetako pertsonek eskubidea dute euren kultura izateko, euren erlijioa eduki eta praktikatzeko, eta euren hizkuntza jendaurrean eta arlo pribatuan erabiltzeko, askatasun osoz eta inoren esku-sartze edo diskriminaziorik gabe.

20. Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen du herri indigenei berez dagokien duintasuna, eta herri horiek garapenari eta gizartearen aniztasunari egindako ekarpen paregabea. Halaber, irmotasunez baieztatzen du nazioarteko erkidegoaren erabakia dela herri indigenen ekonomia-, gizarte- eta kultura-ongizatea bermatzea, eta herri horiei garapen jasangarriaren onurak helaraztea. Estatuek bermatu behar dute, herri indigenek gizartearen alde guztietan bete-betean eta askatasunez parte hartzea, bereziki, herrioi dagozkien arazoetan. Kontuan izanik herri indigenen eskubideak sustatzeko eta babesteko jarduerek garrantzi handia dutela, eta, herri horiek bizi diren estatuetako gizarte- eta politika-egonkortasunari begira, jarduerok lagungarri oso gertatu direla, estatuek nazioarteko zuzenbidearekin bat datozen urrats positibo eta itunduak egin behar dituzte, giza eskubide guztiei eta herri indigenen askatasunei zor zaien errespetua bermatzeko, berdintasuna eta diskriminaziorik eza oinarri harturik. Estatuek, orobat, aitortu behar dituzte herri indigenen nortasun desberdinak, kultura desberdinak eta gizartea antolatzeko sistema desberdinak, bai eta horien guztien balioa eta aniztasuna ere.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
Library zlibrary project
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper