Bi metroko aldea dago hemendik hara da araua. Baina beste honetan nola esan behar genuke: Beasaindik hiru kilometrora dago Ataun ala Beasaindik hiru kilometrotara dago Ataun?
Euskaltzaindiak adlatiboaren edo NORA kasuaren (-ra) erabilerari buruz ez du araurik eman, nahiz arauturik dauden -ko atzizkiarena zenbatzailedun sintagmetan (34. araua: hiru kilometroko bidea, bi urteko haurra, hamar metroko garaiera…) eta -n inesiboarena (110. araua: lau urtean bizi izan da Afrikan).
NORA kasuan, Hegoaldeko literatura-tradizioko erabileran, -ta- gabeak erabili dira nagusiki (Beasaindik hiru kilometrora). Iparraldeko hizkeretan, aldiz, mugagabea erabili izan da gehiago (kilometrotara). Horregatik, bi egiturak ontzat ematen dira. Dena dela, egun, Hegoaldeko erabilerarako, -ta- gabeak dirudi arruntagoa.
Horrez gainera, ikus hauek ere: "Denbora adieraztea: -an/-tan (hiru egunean/egunetan), -ra/-tara (bost urtera / bost urtetara)" (JAGONET), "Kuantifikazioa adieraztea: leku-denborazko kasuak (zenbat denborako/denboratako?; zenbat kilometrora/kilometrotara?; zenbat egunean/egunetan)" (JAGONET), "Kuantifikazioa adieraztea: leku-denborazkoak (bost minutuan/minututan; zortzi urte hauetan/honetan; bost kilometrora/kilometrotara) " (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > sintagma-egiturak
Unitate-mota: hitzak > izenak, zenbakiak > kardinalak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.