JAGONET galde-erantzunak

Kuantifikazioa adieraztea: leku-denborazkoak (bost minutuan/minututan; zortzi urte hauetan/honetan; bost kilometrora/kilometrotara)

Esaldi-bikote hauetan, zein dira molde egokiak?:

a) 5 minutuan egin du lan ala 5 minututan egin du lan?

b) Azken zortzi urte hauetan ala azken zortzi urte honetan?

c) Zenbat urtetik zenbat urtera ala zenbat urtetatik zenbat urtetara?

Azken hiru urtetik hona ala azken hiru urtetatik hona?

3 metrotik 5 metro bitartera ala 3 metrotatik 5 metro bitartera?

d) 5 kilometrora aurkituko duzu ala 5 kilometrotara?

Ezkerretara jo ala ezkerrera jo?

Kontu horien gaineko araugintza 110. arauak (“Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen”) eta 34. arauak (“Hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia”) jasotzen dute batez ere. Euskara Batuaren Eskuliburuan ere zabal garatuta dago kontua: "zenbatzaileak eta iraupena (hiru astean / hiru astetan)" (EBE), "zenbatzaileak eta maiztasuna (lau astean behin, astero... *zenbatero (> zenbatean behin))" (EBE) eta "zenbatzaileak eta leku-denborazko sintagmak (-ra/-tara: 5 kilometrora/kilometrotara; 5 graduan / 5 gradutan; 5 euroan / 5 eurotan...)" (EBE).

a) NON kasuan, mugatua erabiltzea hobetsi da denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean (hiru astean); baina denbora ezberdinetakoa adierazteko mugagabea erabili behar da soilik: hiru egunetan etorri izan da herrira (hiru egun ezberdinetan). Galderako adibidean, 5 minutuan egin du lan da molde egokia.

Iraupena beste bi modu hauetara ere eman daiteke:

- Instrumentalaren bidez (-z), eta orduan beti doa mugagabean: Hiru orduz hitz egin. Zenbat egunez egongo zara kanpoan?

- NOR kasua baliatuz (batez ere egon aditzarekin gertatzen da hala): zortzi orduan / zortzi orduz / zortzi ordu egon da zure zain.

b) Erakuslea erabiltzean, singularrean ere erabil daiteke, denbora-unitatea osotasun bezala hartzen bada: azken zortzi urte honetan eta azken zortzi urte hauetan esan daiteke.

c) Maiztasunaren kontzeptua adierazteko, zilegi da forma hauetako edozein erabiltzea: lau urtez behin / lau urterik behin / lau urtetarik behin / lau urtetik behin elkartzen dira. Lau urtetarik lau urtetara / lau urtetik lau urtera. Euskalkien arabera, forma bat edo beste nagusitzen da.

d) -ra atzizkiaz ez da araurik eman; beraz, ez dago ez gomendiorik, ez hobespenik. Hegoaldeko ohituran, -ta- gabekoak dira nagusi: 5 kilometrora.

Ezkerretara ala ezkerrera? Bi moldeak erabili izan dira tradizioan; ezkerrera singularra gehiago, hala ere. Ikus "ezkerrean/ezkerretan" (EBE).

Erantzun horietaz gainera, ikus hauek ere: "Denbora adieraztea: -an/-tan (hiru egunean/egunetan), -ra/-tara (bost urtera / bost urtetara)" (JAGONET), "Espazioa adieraztea: -ra/-tara (hiru kilometrora / hiru kilometrotara)" (JAGONET), "Zenbakiak: proportzioak (hirutik bi / hirutatik bi) " (JAGONET), "Kuantifikazioa adieraztea: leku-denborazko kasuak (zenbat denborako/denboratako?; zenbat kilometrora/kilometrotara?; zenbat egunean/egunetan)" (JAGONET), "Kuantifikazioa adieraztea: metro (lau metrora/metrotara; lau metroan/metrotan)" (JAGONET)

 

Data: 2020-05-14

Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > zenbatzaileak, sintaxia > sintagma-egiturak

Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak, zenbakiak > kardinalak

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper