Euskara Batuaren Eskuliburua

zenbatzaileak eta leku-denborazko sintagmak (-ra/-tara: 5 kilometrora/kilometrotara; 5 graduan / 5 gradutan; 5 euroan / 5 eurotan...)

zenbatzaileak eta leku-denborazko sintagmak (-ra/-tara: 5 kilometrora/kilometrotara; 5 graduan / 5 gradutan; 5 euroan / 5 eurotan...)

Erabaki batzuk hartuta dauzka Euskaltzaindiak auzi honi buruz 34. arauan («Hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia») ( zenbatzaileak eta nolakotasuna (-ko/-tako: hiru kiloko haurra / lau hankako mahaia)) eta 110. arauan («Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen»). ( zenbatzaileak eta iraupena (hiru astean / hiru astetan); zenbatzaileak eta maiztasuna (lau astean behin, astero... *zenbatero (> zenbatean behin)))

Baina ez du ezer esan ez hobetsi NORA, NORAKO, NONDIK, NORAINO eta NORANTZ kasuei buruz (ezta NON kasuan ere, iraupena adierazten ez duenean); alegia, ez du araurik eman honako hauen erabileraz: lau urtera ala lau urtetara; zenbat kilometrora? ala zenbat kilometrotara?; 5 graduan ala 5 gradutan; zenbat urte(ta)tik zenbat urte(ta)ra...

 

Hegoaldeko literatura-tradizioko erabileran, -ta- gabekoak dira nagusi (lau urtera, bi kilometrora...); Iparraldean, -tadunak (urtetara, kilometrotara...). Bi moldeak dira zilegi (baina, koherentziagatik, ez da komeni testu berean modu nahasian erabiltzea).

 

Azken urteotan, 34. eta 110. arauek markaturiko bidetik, haietako hobespenak gainerako deklinabide-kasuetara hedatzera jo da, Hegoaldean batez ere; hau da, unitate-izenez eta zenbatzailez osatutako izen-sintagmak mugatu singularrean deklinatzera (mugagabea ere zilegi dela jakinik). Hedatze horrek badu arrazoi funtsatu bat: neurri-unitateak dira hor gakoa. Neurri edo dimentsioetan —luzera, zabalera, edukiera, tenperatura...—, zenbakiak ez ditu hainbat entitate adierazten (‘lau etxe’ esatean, lau etxe ezberdin ulertzen den bezala), baizik eta unitate baten biderkatzea, baina unitate hori bakarra da beti. Horregatik singularra.

Beraz, denbora, prezioa, edukiera edo magnitude baten neurri edo maila adierazteko, mugatu singularra (-AN, -RA, -RAKO, -TIK...) erabiltzera jo dute idazle gehienek (baina berriz diogu mugagabea ere zilegi dela). Hirutik bat bezain zilegi dira hirutatik bat eta hiruetarik bat, euskalkien arabera. Bost euroan bezain zilegi da bost eurotan. Hala ulertu behar dira adibide hauek denak.

Bost euroan dago hegaluze freskoa. (ZENBATEAN?)

—Zenbat euroan saltzen da? —Hiru euroan.  

Tutuaren mutur bat 20 °C-an (20 graduan) dago.  

—Zenbat segundoan egin duzu hori?  

Zarautz 4 km-ra (lau kilometrora) dago. (ZENBATERA?)

Handik 5 s-ra (bost segundora) itzaliko da argia.  

Bost urterako izango da baimen hori. (ZENBATERAKO?)

Korrontearen intentsitatea 5 A-tik (5 amperetik) jaisten bada (ZENBATETIK?)

Bost eurotik lau horretan gastatzen da.  

Abiadura 50 km/h-raino (orduko 50 kilometroraino) iritsi zen. (ZENBATERAINO?)

Tenperatura 100 °C-rantz (100 gradurantz) hurbildu ahala... (ZENBATERANTZ?)

Zenbat molekula daude 20 molean?  

Ehun eta hamarrean zihoan autobidean (= orduko 110 kilometroko abiaduran)

*Prezioak % 5ean igo dira (> Prezioak % 5 igo dira). ( igo)

*Itsasoko ura bi gradu(t)an igo da (> Itsasoko ura bi gradu igo da).

 

Mugatu singularraren aldeko hobespena, zenbatzaile zehaztuentzat ez ezik, zehaztugabeentzat (zenbait, asko, gutxi, anitz, hainbeste...) ere baliagarri da: urte askoan, segundo gutxian, volt gutxian, hainbeste egunean, hainbeste euroan, zenbait urtean, hainbat orduan, metro gutxira, mende askora, minutu gutxira, zenbait egunera... ( zenbatzaileak eta komunztadura)

 

Unitaterik (euro, gradu, segundo, kilometro, urte, aste, ampere...) ez dagoenean, zenbatzailea daramatenez, MUGAGABEA dagokie:

Hiru txorrotatatik irteten da ura.

Lau nobelatako gaia.

EAEko 9.000 etxetaraino eraman dute zuntz optikoa.

Itzalaldi analogikoa Gipuzkoako 21 herritara helduko da bihar.

 

  Hegoaldeko ohitura Iparraldeko ohitura  

-an/-tan Bost euroan saldu dut. Bost eurotan saldu dut.  

  20 °C-an dago. 20 °C-tan dago.  

-ra/-tara Sei segundora sartu da. Sei segundotara sartu da.  

  Lau kilometrora egon. Lau kilometrotara egon.  

-rako/-tarako Hiru urterako baimena lortu Hiru urtetarako baimena lortu.  

[...]

Baina:

NOLAKO/ZENBATEKO denean (nolakotasuna), -ko mugatu singularra dago hobetsirik:

bost urteko neska

hamar metroko etxea

zazpi segundoko isilunea

hiru hankako mahaia

NON/NOIZ/ZENBATEAN denean, iraupena markatuz, mugatu singularra dago hobetsirik:

Hiru astean izan dira bidaian mendian.

Bost egunean ibili dira mendian.

Hainbat urtean luzatu du kontratua.

NON/NOIZ/ZENBATEAN denean, maiztasuna markatuz, mugatu singularra da erabili beharrekoa:

Lau urtean behin elkartzen dira.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA. “Lexikoa: euroa”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Denbora adieraztea: zenbat ordu (zortzi ordu / zortzi orduan / zortzi orduz)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Kuantifikazioa adieraztea: leku-denborazkoak (bost minutuan/minututan; zortzi urte hauetan/honetan; bost kilometrora/kilometrotara) ”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Espazioa adieraztea: -ra/-tara (hiru kilometrora / hiru kilometrotara)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Kuantifikazioa adieraztea: leku-denborazko kasuak (zenbat denborako/denboratako?; zenbat kilometrora/kilometrotara?; zenbat egunean/egunetan)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Denbora adieraztea: egun, urte (handik hiru urtera/urtetara; lau egunean/egunetan)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Denbora adieraztea: -an/-tan (hiru egunean/egunetan), -ra/-tara (bost urtera / bost urtetara)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Kuantifikazioa adieraztea: euro, litro, ehuneko (eurotan, litrotan, ehunekotan)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Denbora adieraztea: urte (hiru urtean / hiru urtetan / hiru urteetan)”, Jagonet galde-erantzunak.

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (111-112, 169-171).

ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (71-72).

MUJIKA Alfontso (2010). ““ZENBAT EUROAN” / “ZENBAT EUROTAN” / “25 GRADUAN” / “25 GRADUTAN”. Noiz erabili mugatu singularra sintagma zenbatzailedunetan”. http://www.eizie.eus/Argitalpenak/2tzul/noiz-erabili-mugatu-singularra-sintagma-zenbatzailedunetan.

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (85, 222).

EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "-etan: erabilera okerra>", Ehulkuren aholku guztiak.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper