Aginteran, baiezkoetan, idatz daitezke esaiozu eta emadazu/emaidazu bezalako formak? Horrela idatzi behar dira? Zein aditzekin: esan, eman, ekarri, eraman, entzun, utzi, galdetu, egin...?
Ezezkoetan, idatz daitezke eziozu, ezidazu..., edo beti idatzi behar da ez iezadazu eta abar?
1. Baiezkotan, adizki sasitrinkoa erabiltzekotan, emadazu forma da baturakoa, eta ez emaidazu. Baina ez dira nahitaez horrela idatzi beharrekoak; izan ere, beti dugu adizki osoa aukeran: eman iezadazu.
Euskaltzaindiaren Euskal Aditz Batua liburuan ageri dira galderako aditz horien guztien adizki sasitrinkoak, galde egin / galdetu aditzarenak izan ezik (Orotariko Euskal Hiztegiko corpusean ere oso bakanak dira). Beraz, galdeidazu eta abar ez dira hobestekoak.
2. Ezezkoetan, ez dago araurik eta Euskal Aditz Batuan ere ez da ezer aipatzen sasitrinkoen erabilera horri buruz. Nolanahi ere, galderan ageri diren formen moldeak (eziozu, ezidazu…) ez dira idazkera egokiak, ezezko esaldiaren marka den EZ partikula bereiz idatzi behar baita euskaraz.
Ikus hauek ere: "Aditzaren jokabidea: trinkoak (emadak/*emaidak, uztak/utzizak, pasaidak/pasadak)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: (trinkoak) eman (emadazu/*emaidazu, esaguk/*esaiguk)" (JAGONET), "Aginduak/aholkuak ematea: agintera eta subjuntiboa (ez ezazu / ez dezazula / *ez ezazula; ez beza / ez dezala / *ez bezala)" (JAGONET), "Aginduak ematea: ez ezazu / *etzazu" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.