Egoki egina al dago adibideokin egin den zuzen/oker sailkapena?
Bizitzari zentzua emateko, fedea hartu zuen oinarri (zuzen)
Bizitzari zentzua emateko, fedea hartu zuen oinarritzat (oker)
Zure erabakia ontzat eman dugu (zuzen)
Zu zinen, beraz! Bada, nik Olegiko Patxitzat utzi zintudan (zuzen)
Maisutzat hartu eta apaiza izaki (zuzen)
Txomin hartu dugu musika-irakasletzat (oker)
Txomin hartu dugu musika-irakasle (zuzen)
-tzat prolatiboa sarri askotan oker erabiltzen ote dugun susmoa daukat. Gauza segurua eta ziurra denean, uste dut ez dela prolatiboa erabili behar, beti ez behintzat, uste edo iritziarekin baizik.
Bestalde, hemen sartu dut beste zalantza bat ere, predikatu osagarriei baitagokie hau ere:
Mariaje hartu dugu laguntzaile bezala (oker)
Mariaje hartu dugu laguntzaile (zuzen)
Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna, 491. or. hartuz gero, prolatiboa (-tzat) aditz jakin batzuei loturiko predikatu osagarriak hartzen duen atzizkia da, eta ustea adierazten du batzuetan, baina ez beti. Orotariko Euskal Hiztegiko adibideek erakusten dute EGLUko interpretazioa zuzena dela Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I, 305. or.. Beraz, kriadu hartu / kriadutzat hartu kontuan hartuz, ezin da esan okerrak direnik galderako Txomin hartu dugu musika-irakasletzat edo fedea hartu oinarritzat.
Bi egitura horiek jasota daude Euskaltzaindiaren Hiztegian, hartu sarreraren 23. eta 24. adieretan [EH:hartu].
Anbiguotasuna ere gerta daiteke zu erregetzat hartu zaitut bezalakoetan, bi esanahi izan baititzake: ‘errege zarela uste izan dut (baina ez da hala)’ eta ‘errege zara niretzat’.
Bestalde, galderako bigarren parteko bezala dela eta, Euskal Gramatika Laburrak hauxe dio Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna, 493. or.: "Erabilera dela eta, gero eta zabaltzenago ari da bezala, legez, gisa eta antzeko elementuez osaturiko esapideren bat erabiltzeko joera -tzat kasu-markaren ordez: Sorgin bezala hartu ninduten. Askoz ere zuzenago ematen du beste honek: Sorgintzat hartu ninduten. Baina gauzak ez daude beti nahi bezain argi Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I, 308. or.. Euskaltzaindiaren Hiztegian bertan ere molde horretako esaldi batzuk badaude jasorik bezala sarreraren laugarren adieran [EH:bezala].
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > aditza, sintaxia > sintagma-egiturak
Unitate-mota: hitzak-aditzak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.