Kokapena:
38.9a Modu eta kausa adieren arteko hurbiltasunak eraginda, nola edo nolatan galdetzaileak moduaz galdetzeko ez ezik, kausaz galde egiteko ere erabiltzen dira ez gutxitan: Nola utzi duzu aukera hori galtzen?; Nolatan ez didazu lehenago esan? Era berean, nola-rekin eginiko nola… {bait-; -n} formak modu-konparazioko perpausak eratzeko ez ezik, azalpena adierazten duten perpausak eratzeko ere erabiltzen dira zenbaitetan, -nez gero perpausen parekoak: {Nola zuhurra den ∼ Zuhurra denez gero}, aholku egokiak emango dizkigu.
Zeren partikularekin eginiko formetan gertatzen den banaketaren antzekoa gertatzen da nola-rekin egindakoetan ere: -n menderagailua mendebaldeko euskalkietakoa da batez ere: Berdin litzateke zaldi esan beharrean asto esango bagenu. Baina nola ez dugun elkar hartuko asto esatean, ezin genezake nahi dugun bezala hizkera alda (Mitxelena); Nola nire larrua / den aski handia, / nirekin egin nahi du / segurki zahagia (A. P. Iturriaga). Aldiz, bait- menderagailua ekialdekoa da batik bat, mendebaldeko idazleek ezezaguna ez badute ere: Baina nola baitzen kaskoz arinxkoa, mundua ikusteko hartzen du gogoa (Goihetxe); Nola han bainaiz sortua, han utziko dut mundua (J. B. Elizanburu); Gu bizi ginen etxea nola baitzegoen Lezoko partean, aita, ama eta […] Lezoko kanposantuan lur hartuak dira (S. Salaberria). Bizkaieran, bestalde, zelan… -n forma erabiltzen da: Zelan inork ez dituen elkarren gainean tolestu, […] zulo, tarte, hutsune eta inguruetatik sartzen zaie ura polito-polito (Agirre); Jakin begite […] zelan den berau orritsu eta besangaz zabala, bere azpian zaharren Batzarrak oraindik egingo direla (Arrese Beitia).
38.9b Esan bezala, forma honekin eginiko perpausek azalpenezko balioa dute; perpaus nagusian esaten denaren justifikazioa eskaintzen dute: Nola Bretainiak mintzaira bat baitu gurea bezala zaharra eta alde guztiz ederra, mintzaira horretako gizon jakintsuenak ikusi nahi izan ditut (J. P. Arbelbide); Baina nola hutsegilea judua baitzen […] juduen aldeko kazeta guztiak berehala isildu ziren (Hiriart-Urruti). Ez dirudi, ordea, dedukziozko azalpenetan erabiltzen denik: ??Nola burumakur baitatoz, partida galdu dute. Are gutxiago, dedukziozkoa nagusiaren ondoan dela: *Partida galdu dute, nola burumakur baitatoz.
Nola … halatan korrelazioak konparazioa bideratzen du askotan, baina azalpena ere eman dezake aditzera zenbaitetan: Eta nola bi gauza egiten baititu, halatan ditu merezi ere bi pena eta gaztigu (Axular).
38.9c Kausa adierazten duenean {nola / zelan}… -n perpausa gehienetan nagusiaren ezkerretara kokatzen da: Nola izango duen urdaia lodia, hartuko dut honekin nik diru handia (A. P. Iturriaga). Mendeko perpausaren barnean, berriz, nola / zelan hitzak, galdetzaile izateari utzi dionez, ez du aditzaren aurre- aurrean joan beharrik. Perpausaren hasieran eman daiteke: Eta nola Murtutsen berririk ez baitzuten, galdegin zioten bertze apez-kondaira ttipi bat (Lafitte). Baina baita barnean: Eta nahimenak nola adimenari jarraitzen dion, bizi-nahia ere horrelakoxea dugu (Villasante). Eta aditzaren aurre-aurrean: Gobernu txarra zelan zeukan, hamar urte gehiago iruditzen zuen (Arrese Beitia).