Kokapena:
31.2.3a Beste alde batetik, bada beste joskera mota bat perpaus erlatibo arrunten balio semantiko bera izan dezakeena, baina bestelako egitura ageri duena, bi zatitan banatua; lehenbiziko osagaian, galdera hitz bat baliatzen da inkognita balioko erreferentetzat, eta bigarrenean, berriz, haren inkognita- erreferentzia bereko anaforaz erantzuten: hark zer [X edo Y] eskaini (baitizu/dizun), huraxe [X edo Y] onartu.
31.2.3b Adibide horretako parentesiak adierazten duen moduan, bertsio jokatua eta jokatugabea ditugu; horretaz gainera, ohikoa da osorik isildurik geratzea adizkia, hala nola esapide gisako askotan: eguzkia nora, zapiak hara (erlatibo jokatugabetzat hartuko ditugu horrelakoak). Konparatistek dioskutenez, oso prozedura zabaldua da hori (korrelaziozko erlatibatze delakoa) munduko hizkuntzen artean. Zenbaitek areago ere badiote: egitura horren bilakabidetzat ez ote diren hartzekoak gainerako erlatibo motak; honelatsu, alegia, euskaraz:
zer sari (X) eskaini dizun, sari hori (X) |
(sari bat, X) eskaini dizun sari hori (X) |
zer sari (X) eskaini baitizu/dizun, sari hori (X) |
sari hori (X), zeina (X) hark eskaini baitizu/dizun |
31.2.3c Perpaus erlatibo jokatugabeetan kausi daitezke korrelaziozko egiturak, bereziki errefrau eta esaeretan: kea nora, haizea hara.