23.5.3.5a Galde perpausetan erabiltzen da, edozein motatakoak izanik ere; hau da, bai/ez motako galderak zein zati galderak: Etorri ote da? Nork utzi ote du atea zabalik? Eta ilargiak noiz ote du bere txangoa egiteko aukera? (P. Zabala); Gure hizkuntzak, ba ote du ezkutukorik azpeitiarrarentzat? (P. Altuna). Baita zehar-galderetan ere: Etorri ote den jakin nahi nuke; Mutu egon da telebistan berria entzun duten arte, eta ez daki orduan ere zerbait esan ote dion (Jon Muñoz); Ta ikusiko ezetedozun uste izan dozunean (Agirre). Bizkaiera literarioan ete aldaera ageri da.
23.5.3.5b Kokaguneari dagokionez, adizki laguntzailearen aurrean ageri da, baita ezezkoetan ere: Ez ote da etorriko? Baina adizki jokatutik bereizi ere ager daiteke, etenen artean emana bezala: Ez dea ote miliun bat Euskaldun […]? (J. Etxepare). Adizkia isilpean dagoela ere ager daiteke: Hori legea ote guretzat? Sagarra da eta arantzak ditu: nor ote? (Irigoien); Norentzat ote, zuretzat ala guretzat? (Igerabide).
23.5.3.5c Adibide horietan ote-ren zeregina ez da galdera markatzea, baizik galderari zalantza kutsu edo ñabardura bat ematea. Argi ikus dezakegu hori honako adibide honetan, idazleak berak azpimarratzen du-eta zer eransten duen ote-k: Arrotako herriak hainbertze urte huntan zuen bezalako mera balinbazuen, merezi zuena baizik ez zuela. Ez ote? Ez, eta oterik gabe oraino. Zu hunen irakurtzen ari ziren bezen segur (Hiriart-Urruti).
23.5.3.5d Gogoeta baten harira mamitzen den galderan ezarriko dugu ote, inguruaren arabera, gogoeta, beldurra, zalantza, susmoa, ustea, irudipena eta abar adierazteko. Ote daraman galderak ez du berez hizketa lagunagandik erantzunik eskatzen; galdera erretorikoak dira ia guztiak: Etorriko ote da Luis, bakarrik etorriko ote da (Oñederra); Pazientziak erre, bere baitan egin zuen: “Noiz amaituko ote du? (Zubizarreta). Monfortek (2020: 194) ere nabarmendu du ote azaltzen den galderak konjeturalak edo erretorikoak direla.
Beste batzuetan galdera bati erantzuteko, edo argibideak emateko erabiltzen ditugu otedun zehar-galderak. Intonazioaren aldetik bereziak, eta esaldia amaitu gabe bezala utzita. Jon? Gaixo ote dabilen… Hotel hori ixtekotan ote dabiltzan… Horregatik ez ote dabilen mendeku bila (K. Izagirre); Otsailean etxe barruko lanak gehiago, ganbara eta arropa konpontze eta beste… Martxoan, berriz, alorrera, laborea egitera; Lanen banaketa ote duen intentzio…! (P. Zabala). Entzundakoari buruzko argibidea ematen da, urruntasunez, omen-ekin baino ziurtasun gutxiagoz (entzun dudala uste dut…; esaten da baina ez dut ziurtasun handirik…)210.
23.5.3.5e Inoiz, gainera, enfasiaren zerbitzuan etor daiteke: Hik esan duala eta, lege ote hori guretzat? Adibide horretan garbi dago azpian benetan ukapena dagoela, hori ez dela lege guretzat. Beste batzuetan, enfasiaren bidez kopuru handia adierazten dugu: Zenbat bertso jarri ote ditu Basarrik! Asko, jakina. Eta nabarmenago eman dezakegu ezezko egitura baliatuz: Zenbat bertso ez ote ditu Basarrik jarri!; Zenbatez zigor handiagoa ez ote du merezi izango Jainkoaren semea hankapean erabili […] eta Jainkoak onginahiz eman dion Espiritua iraintzen duenak! (Elizen arteko Biblia).
210 Askoz deskribapen zehatzagoa aurki daiteke Monforteren tesian (2020), bereziki 5.4. atalean.