Euskararen Gramatika

23.5.3.6. Ahal


23.5.3.6. Ahal

23.5.3.6a Hainbat balio ditu ahal-ek. Izena da, ahal izan aditz modala ere bada (ikus § 23.4.2). Hemendik kanpo utziko ditugu balio horiek, bai eta galderetan ageri den ahal; galdera markatzea beste eginkizunik ez duen heinean, al galdera markaren pareko da. Euskara estandarrean al forman ematen ditugu gaur. Eta alderantziz, al forma ere aurkituko dugu literaturan galdera marka soila baino zerbait gehiago dela. Azken batean, forma biak ageri dira, bai ahal eta bai al, galdera nabarmentzeko eta bestelako balioetan (desira adierazteko edo ‘ziurrenik, dirudienez’ adieran). Euskara estandarrean bereizi egin ditugu bi formok: al utzi dugu galdera nabarmentzeko morfema balioan, eta ahal gainerako balioetan.

23.5.3.6b Orotariko Euskal Hiztegiak ematen dituen bi balio hartuko ditugu hemen kontuan: “probablemente, seguramente, al parecer, por lo visto” (bide-ren baliokidea) eta desira adierazten duena.

Bestelako ñabardurak adierazten dituen ahal-ek funtsean ahal izena duela jatorri pentsa dezakegu eta, horrenbestez, modalitatea adierazten duen ahal izan predikatuko bera dela. Hemen, ordea, jatorrizko esanahia galdu eta kategoria funtzionalen ezaugarriak ditu.

23.5.3.6c Omen/ei, ote edo bidek bezala, adizki jokatuko laguntzailearen aurrean du lekua: Itoko ahal haiz! Ez ahal gara horregatik haserretuko!

23.5.3.6d Ziurtasun osorik eza adierako ahal-ek ebidentzialen artean du bere lekua, bide-ren ondoan. Batez ere Iparraldeko testuetan, batzuetan ‘ziurrenik, dirudienez’ (ziurtasun osoa izan gabe) edo (galde perpausetan) ‘antza denez’ ñabardura ematen dio perpausari: Hogoi eta bortz urthe ahal zituen orduan (Duvoisin); Alabaina, ez ahal zen bera jarria gizon hori herrian auzapez? Norbeitek izendatua zen araiz (Hiriart-Urruti); Ez ahal dituk taxi horiek hain kario. Nor nahik hartzen ditik (J. B. Etxepare); Hori ahal da munduan agertu den ereskinik zaharrena (Mitxelena); Hik egin ahal duk lan itsusi hori, ‘c’est toi probablement qui as fait cette laide action (Maurice Harriet). Adibide horiek beste modu batean ere eman genitzakeen: Hogeita bost urte izango zituen orduan; Taxi horiek ez dira hain garestiak izango edo Hik egin bide duk lan hori; Taxi horiek ez bide dira hain kario.

23.5.3.6e Beste batzuetan ‘desira’ adierazten du: Joango ahal da etxera! Behingoz amaituko ahal da! Hurrengo urteetan zorte hobea izango ahal dugu! Ez ahal dira hain urrun joango! Baina ez ahal zaizkit samurtuko (J. Etxepare); Ez ahal haut, gaixoa, betikotz galduko! (Xalbador); Biziko ahal da luzaroan, etsaiak etsai, behinola ugaria zen familia zahar batetik gelditzen zaigun haur bakar hori! (Mitxelena).

Adizkiaren aspektua prospektiboa izaten da gehienetan, adibide horietan ikus dezakegunez. Baina ez du nahitaez hala izan behar: Gutienetik bederen balinba bederatzi urte hautan jarraiki zauzkigun irakurtzaileetarik zenbaiti zerbeit onik sartu ahal diotegu buruan (Hiriart-Urruti); Gure gaixtakeria guzitik sendatuak giren bezala, munstro eta harramantza guziak suntsitu ahal dira, hek ere, behin betikotz! (Barbier). Balio honetan ezingo genuke ebidentzialitate morfematzat hartu, ez baitu loturarik hiztunaren informazio iturriarekin.

Baina, desiraren eta zalantzaren arteko muga ez da beti garbia. Inguruak, hizkera doinuak eta horien antzekoek agindu ohi dute zein den kasu bakoitzeko esanahia edo ñabardura (EGLU-II 1987b: 514).

Denborazko esanahia hartzen du, bestalde, zenbaitetan ezezko perpausetan: Ez ahal zen etxera heldu, deika zeuzkan poliziak.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper