22.7.4a Adberbio horietako batzuk maila adberbio hutsak dira, ez dira beste zereginetan agertuko, aldamenean adjektibo edo beste adberbio bat behar dute, eta ezin dira bestelako inguruneetan agertu: *Badaki txit.
22.7.4b Baina gehienak maila adberbioak izateaz gain bakarrik ere erabil daitezke: Oren oro arras dugu erortzeko perila (Etxeberri Ziburukoa); Biziki erakuts diezaion nola herioan ez den deus (Leizarraga); Ez al din hire amak nahikoa hire ahizpari emandakoarekin? (Etxaniz); Ordutik hona franko aldatu dira gauzak (Mitxelena); Noiz niro erran, franko ditudala pakatu? (Egiategi) eta abar. Franko adberbioa arrunta da beste/bertze-rekin agertzea: Bertze franko bide daude ofizio horretakoak zeruan (Lizarraga).
Beste zenbaitetan intentsitatearen neurrien gorabeherak onartzen dituzten aditzen lagungarri izan daitezke, oso eta bestelako maila adberbioen pareko: Eta ez dira orduan sobera harrituko, mundua gaizto, neke eta idorxko atzematen badute (J. B. Etxepare).