21.4.2a [PS … -ENTZAT] sintagma ‘adjuntua’ izan ohi da: Opari hau ekarri dute zuretzat. Hemen, [PS zuretzat] ez da aditzak hautatua. Aldiz, perpaus horretantxe ageri den [DS opari hau] sintagma ekarri aditzaren osagarria da, hori gabe predikazioa herren geldituko litzateke.
21.4.2b Esamolde batzuetan, hala ere, zenbait konparatiborekin adibidez, PS destinatibo hau ‘osagarri’ dela pentsa liteke: Etxe hau garestiegia da {guretzat/guretzako}; Biontzat/biondako lain baduzue. Hemen destinatiboa ageri da […-EGI] konparatiboak hala eskatzen baitu (§ 32.2.2.1c). Alegia, [PS guretzat] eta [PS biontzat] garestiegi-k edo lain-ek hautatuak dira (§ 32.10.2). Alegia, etxe hau garestiegia da diogunean, ‘zeren arabera den garestiegi’ aditzera ematen digu zuretzat osagaiak. Hortaz, PS hau -egi edo lain/aski-ren osagarritzat har dezakegu. Osagarria inplizitua ere izan daiteke eta, horrenbestez, aditzera eman gabe utzi: Lotsagabeegia zara (horretarako). Beste adjektibo batzuekin ere (on, egoki, kaltegarri…) ikus genezake destinatiboa: Besagaineko oinazearentzat ona; Herriarentzat mesedegarri…