Kokapena:
2.10a Gramatika honetan bereiziko ditugu, batetik, postposizioak (-n inesiboa; -tik ablatiboa; -ra adlatiboa; -z instrumentala, etab.: ikus 20. kapitulua eta § 21.6), eta bestetik, egiturazko kasu markak (-ø absolutiboa; -k ergatiboa; -i datiboa: ikus 18. kapitulua). Morfologiatik begiratuta, denak postposizioak direla esan liteke. Hortaz, galde liteke ea zergatik bereiz tratatzen ditugun egiturazko kasu direlakoak eta postposizio sintagmak. Bereizketa egin behar da, dudarik gabe. Izan ere, egiturazko kasua erakusten duten sintagmek zeregin berezia dute perpausean. Adibidez, subjektua, egiturazko kasu horietako baten bidez markatua egon ohi da, absolutiboaz batzuetan eta ergatiboaz besteetan. Aditzaren komunztaduran ere hiru kasu horiek hartzen dute parte, ez inesiboak edo adlatiboak, adibidez. Bestalde, egiturazko kasu direlako horiek ez dira -ko postposizioarekin elkartzen: *gizonariko gutuna (cf. gizonari eman diodan gutuna / gizonaren gutuna); *trenako bidea (cf. trena doan bidea / trenaren bidea). Aldiz, besteak bai: etxera-ko bidea; urrez-ko lepokoa; elkarreki(n)-ko errespetua… Hortaz, denak postposizio izanik ere, arrazoi sendoak badira multzo berean ez sartzeko. Horregatik, zenbaitek proposatzen duen moduan, kasuzko postposizioak (ø absolutiboaz gainera, -k ergatiboa, -(r)i datiboa eta -(r)en genitiboa) eta adberbiozko postposizioak (-n, -tik, -ra, -z…) bereiz litezke. Nolanahi ere, gramatika honetan, azken hauei deituko diegu postposizio edo postposizio sintagma. Lehenbizikoei zuzeneko deitura emango diegu: DS absolutiboa, DS ergatiboa, DS datiboa eta DS genitiboa.
2.10b Esanak esan, postposizioek beren sintagma osatzen dutela onartuko dugu, postposizio sintagma (PS), alegia, postposizioa buru duen sintagma: etxe eder hartan, menditik, Gernikara, zutaz… PSak dira. Sintagma hauen burua eskuin muturrean itsatsia ageri den postposizioa izango da, eta ezkerraldean, berriz, buru horren osagarria den DSa edo beste PSa egongo da. Buru horiek postposizio itsatsiak (§ 19.2) ez ezik, postposizio askeak (§ 19.3) ere izan daitezke. Adibidez:
etxe eder hartan menditik Gernikara bost herri haietara |
[PS [DS etxe eder har-][P ta-n]] [PS [DS mendi-] [P -tik]] [PS [DS Gernika-] [P -ra]] [PS [DS bost herri haiek] [P ta-ra]] |
zutaz zein etxetan |
[PS [DS zu-] [P ta-z]] [PS [DS zein etxe] [P ta-n]] |
jendearengan elkarrengan zuregatik zuretzat gurekin |
[PS [DS jendea-ren] [P ga-n]] [PS [DS elkar-en] [P ga-n]] [PS [DS zu-re] [P ga-tik]] [PS [DS zu-re] [P -tzat]] [PS [DS gu-re] [P ki-n]] |
zure barruan gure ondotik horri buruz |
[PS [DS zu-re] [P barru-(a)-n]] [PS [DS gu-re] [P ondo-tik]] [PS [DS hor- -i] [P buru-z]] |
etorri zarenez gero |
[PS [PS [KonpS etorri zara -en] -(e)z] [P gero]] |
etorri zaren bezala |
[PS [KonpS øi etorri zara -en] [P bezalai]] |