Euskara ibiltaria erakusketa interaktiboa Durangoko Plateruenan izango da maiatzaren 15era arte. Gaur izan da estreinaldia, eta ekitaldian parte hartu dute Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Alvaro Parro Laboral Kutxako Bizkaiko komunikazio arduradunak eta Adolfo Arejita Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendariak. Bere berbaldian, Mireia Elkoroiribek adierazi du erakusketak euskara eta euskal kultura hobeto ezagutarazten laguntzen duela, eta azpimarratu du garrantzitsua dela "euskara eguneroko errealitate gisa bultzatzea, egunero erabiliz". "Gure sustraiak ezagutu eta horiek gure bizitzako esparru guztietan berreskuratzeko ahaleginetan jarraitzen dugu -gaineratu du alkate andreak-; eta, nola ez, teknologi berrietan, esaterako Interneten". Bere aldetik, Andres Urrutiak erakundeen arteko elkarlanaren garrantziaz hitz egin du, eta Akademiak Laboral Kutxarekin 70. hamarkadatik duen harremana ere nabarmendu nahi izan du agerpenean. Beste horrenbeste esan du Alvaro Parrok, eta gogoratu du Laboral Kutxak euskara eta euskal kulturarekin duen konpromisoa "irmoa" dela.
Erakusketa ibiltariaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta azken urteotan plazaratutako argitalpenak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.
Erakusketa bost atal nagusitan dago banatua -Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza-, eta atal bakoitzean Atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.
Zentzumenei eragiten dien erakusketa ere bada Euskara Ibiltaria: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa dena, usaintzekoa. Erakusketa honetan bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, XIX. eta XX. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) oinarri
Adolfo Arejita EHHA egitasmoko zuzendariak honakoa nabarmendu du gaurko agerraldian: “80. hamarkadan Hizkuntza Atlasa lantzen hasi ginenean euskal hiztunek altxor hori eman ziguten eta Euskaltzaindiak, orain, gizarteari itzuli nahiko lioke. Hori da, besteak beste, erakusketaren helburua.”
Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara ibiltariaren helburua ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aldakortasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratutakoa eta dagoeneko hamaika liburuki dituena. Proiektua XX. mendeko 80ko hamarkadan abiatu zuten ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroa Garaian 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12), 319 berriemaile eta 2.857 galdera, 1987 eta 1992 artean, 5.000 ordutik gora elkarrizketaren bidez grabatzeko.
Plateruena: ordutegiak eta bisita gidatuak
Erakusketa ibiltaria ostegun, ostiral eta larunbatetan egongo da zabalik. Ostegun eta ostiraletan 17:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan 10:30etatik 13:30etara.
Horrez gain, doako bisita gidatuak ere antolatu dira:
- Apirilaren 27an (larunbata): 11:30ean (euskaraz) eta 12:30ean (gaztelaniaz).
- Maiatzaren 3an (ostirala): 18:00etan (gaztelaniaz).
- Maiatzaren 9an (osteguna): 18:00etan (euskaraz).
Bertaratu nahi duen orok Durangoko turismo bulegoan eman beharko du izena. 94 6033938 telefono zenbakira ere deitu daiteke, edo turismo@durango.eus posta elektronikora idatzi.