Indarberrituta dator aurtengo Sarako Idazleen Biltzarra, topaldiaren 41. saioan. Apirilaren 1ean eta 2an izango da, eta antolatzaileek berrikuntzaz jositako egitaraua aurkeztu dute, mintzaldi, liburu-aurkezpen, kontzertu eta bestelako ikuskizunak iragarriz; 2024ko Biltzar Saria ere banatuko da (Amets Arzallusek eta Jean Duverdiek jasoko dute). Guztira, 120 idazle, 18 argitaletxe eta 13 erakunde eta elkartek parte hartuko dute, tartean Euskaltzaindia izanen dela.
Urteroko ohiturari jarraituz, Euskararen Akademiak erakusmahaia jarriko du Saran, eta, horrez gain, bi liburu aurkeztuko ditu jendaurrean. Apirilaren 1ean izanen da agerpena, goizeko 11:15etan. Bertan, Junes Casenave-Harigile: zortzi pastoral berri (I. tomoa) eta Margarita, Nafarroako erregina (1492-1549). Antzezlanak eta gutunak aurkeztuko dira.
Casenave-Harigileren pastoralak
Junes Casenave-Harigile apezak (1924-2018) pastoral ugari idatzi zituen bere bizitzan. Horietarik 11 taularatuak izan dira, baina beste zortzi ez dira jendaurrean aurkeztu. Hain zuzen, horietako lau bildu ditu Jean-Baptiste Coyos euskaltzainburuordeak liburu honetan, beste laurak bigarren liburu baterako utzi direla.
Liburuki honetan ageri diren lau pastoralak hauexek dira:
Agosti Etxekopar. Donapaleuko apezaren bizitza kontatzen du. Mixel Garikoitzek sorturiko anaidiaren kide egin eta sortzailearen heriotzaren ondoren berak hartu zuen anaidiaren gidaritza. Batez ere, Baionan eta Erroman egin zuen lan Etxekoparrek.
Atarratze. Zuberoako Basabürüa eskualdeko herri nagusia da Atarratze, eta bertako milatik gora urteetako historiako pasadizo garrantzitsuenak kontatzen ditu.
Barkoxe. Entzute handiko herri zuberotar honen historia kontatzen du. Halaber, bertako herritar ospetsuen (Beñat Mardo, P. Topet Etxahun koblakaria, Leon Ütürbürü eta Simon Zetegiet) ibilerak azaltzen ditu.
Dabid erregea. Judeako Dabid erregearen historia aurkezten digu. Bethlemen-en jaioa, artzain xumea eta koblakaria zen. Zaul erregeak Goliat filistear erraldoiaren aurka borrokatzera bultzatu zuen eta Dabidek harri batekin Goliat hankaz gora bota eta garaitzea lortu zuen. Gerora Judeako errege bilakatu zen eta bere bizitza itzaltzen hasia zenean Betsaberekin Zalomon semea izan zuen, gerora erregetza hartuko zuena.
Margarita, Nafarroako erregina
Margarita Frantziako Valois leinuaren kideak toki berezia du Nafarroako historian, Nafarroako Henrike II.a erregearekin ezkondu baitzen. Europa, Margaritak erreinaldien arteko harremanetan ardura handia zuen, bere anaia Frantzisko I.aren zerbitzuan. Ez zen soilik politikan aritu, literaturarentzat grina berezia baitzuen; obra nabarmena utzi zuen eta XVI. mendeko literatura sortzaileen artean erreferente dugu gaur egun. Antzerkia izan zen bere gortean eta inguruan bultzatu zuen artea, eta hainbat moldetako antzezlanak idatzi zituen. Eremu oso zabala landu zuen politikan eta letretan, eta, horrez gain, Joana Albretekoa Nafarroako erreginaren ama izan zen. Ixabel Etxeberria ikerlariak ondu du liburu eder eta mamitsu hau.