Beste behin (eta badira sei aldi), LAUTAN HIRU antzerki-jaialdiak Bilboko Zazpi Kaleetako bazterrak astinduko ditu otsailean. Lau astez eta ostegunetan, euskarazko antzerkia izango da nagusi hiriburuko Alde Zaharrean. Guztira 8 ekitaldi eskainiko dira LAUTAN HIRUren barruan: 5 antzezpen, bakarrizketa bat, tailer performatibo eta parte-hartzaile bat, eta bi irakurraldi dramatizatu (azken bi hauek ekitaldi berean). Gainera, EHAZErekin batera antolatutako Ikusle-klubari ere eutsiko zaio.
Aurten, otsailaren 8an, 15ean, 2an eta 29an egingo da LAUTAN HIRU. Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta ohi legez, Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu du egitaraua, hain zuzen, Cafe Bar Bilbaorekin, BIRA Kulturgunearekin eta 7Katurekin batera. Eszenatokiei dagokionez, iazko bost espazioei La Sinsorga kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, sei lekutan programatuko dira lanak: La Sinsorga, Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.
Iaz dramaturgia izan zuen ardatz jaialdiak, eta aurten antzerkiaren gorputzari erreparatuko dio. Honela, estreinako egunean, gorputzaren adierazpen kontzientzia lantzeko tailer performatibo eta parte-hartzailea emango dute Ainhoa Artetxek eta Itsaso Payak, Euskaltzaindiaren egoitzan. Horrez gain, bost antzezpen (tartean bi estreinaldi), bi irakurketa dramatizatu eta Telmo Iruretaren bakarrizketa (hau ere estreinaldia) hartzen ditu aurtengo egitarauak.
Hori bai, LAUTAN HIRUren helburuak ez dira aldatu: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (antzezlan guztiak euskaraz emango dira); antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta.
Gaurko prentsaurrekoan, Andres Urrutia euskaltzainburuak eskertu nahi izan du Bilboko Udalaren babesa eta laguntza, eta horrekin batera Zazpikaleetako kultur eragileekin izandako elkarlana nabarmendu du, “guretzat garrantzitsua delako hori, hots, gizarte- eta kultur-eragileekin batera jokatzea”. Jaialdiak urte hauetan irabazi duen sendotasunaz ere hitz egin du euskaltzainburak: “Mikrokosmos bezalako bat da Lautan Hiru, sortu da giro bat, antzerkia ikusteko gogo bat... Akontezimentu bat da, eta hori garrantzitsua da. Zaleek zaintzen dute jaialdia eta erantzuten diote eskaintzen dugunari, aretoak betez. Euskarak eta euskal antzerkiak bilatu du txoko polit bat Bilbon, arnas leku bat”.
Bere aldetik, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, Agenda 2030 eta Nazioarteko zinegotziak zoriondu egin nahi izan ditu "euskara jatorrian eta helmugan duen jaialdian parte hartuko duten guztiak”. “Euskara eta antzerkia, zein konbinazio berezia. Jakina da halakoetan interesgarriena dela ikuskizunak ikusi eta antzezlanen berezitasunak bertatik bertara gozatzea. Horretara animatzen zaituztet, baina azpimarratu nahi nuke, baita, euskararekiko eta haren zeharkakotasuna sendotzeko denok dugun erantzunkizuna. Jaialdi hau guzti horren adibide garbia da", adierazi du Inunciagak.
Antzerki-ekoizpenari laguntza
2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. 2022koa eman barik gelditu zen, eta aurten Iruñeko La Piel konpainiak jaso du, Beren izenez lanagatik. Lan hau LAUTAN HIRUn estreinatuko da, hain zuzen, otsailaren 22an.
Ikusle kluba
Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, 2022an Ikusle kluba antolatu zen estreinakoz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusle talde batek Franca Rame eta Dario Fo-ren Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlana aztertuko du. Putaren bakarrizketa eroetxean otsailaren 8an taularatuko du Laura Penagos aktoreak, La Sinsorgan, eta Ikusle kluba aurreko egunean bilduko da: otsailaren 7an, 19:00etan, La Sinsorgan bertan. Hala, bizipenak partekatzeko gunea sortu nahi da, helburua antzezlanez gogotik gozatzea dela.
Sarrerak eta zozketak
Urtero legez, bonuak eta sarrerak jarriko dira salgai. Bonuak 7 eurotan, eta jardunaldi bakoitzeko ikuskizun biak ikusteko aukera izango dute erosleek. Sarrera bakarra erosteko aukera ere izango da, jakina (emanaldi bakoitzeko 4 euro).
Bonuak (7 euro) Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA Kulturgunean salduko dira, gaurtik hasi eta agortu arte. Gainera, bonua erosi duten zaleen artean 'opariak' zozkatuko direla astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da beti, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.
Egitaraua
Batez ere, formatu txikiko lanak antzezten dira LAUTAN HIRUn, hala iraupenari, nola muntaketari dagokionez (oro har, 25-50 minutuko piezak izaten dira), eta aurten sei agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15), BIRA Kulturan (Erronda kalea, 2); Cafe Bar Bilbaon (Plaza Barria, 6); 7Katu gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak), Kalderapekon (Txakur kalea, 1) eta La Sinsorga Kulturgunean (Askao kalea, 9).
OTSAILAK 8
- 19:00 (EUSKALTZAINDIA): Gorputzaren adierazpen kontzientzia lantzeko tailer performatibo eta parte-hartzailea / Ainhoa Artetxe eta Itsaso Paya, 45’.:
- 20:15 (LA SINSORGA): Putaren bakarrizketa eroetxean / Laura Penagos, 50’.
OTSAILAK 15
- 19:00 (BIRA): Duzhe Dobre / Iñigo Elosegi, Eneritz Sanchez eta Iñaki Cid, 25’.
- 20:00 (7KATU): Belarriprest / Amaia Bono, 50’.
OTSAILAK 22
- 19:00 (KALDERAPEKO): Beren izenez (estreinaldia) / La Piel konpainia: Lautan3 laguntza, 30’.
- 20:00 (EUSKALTZAINDIA): Goya non-stop / Telmo Irureta, 20’.
OTSAILAK 29
- 19:00 (EUSKALTZAINDIA): The Question (estreinaldia) / Cecilia Paganini eta Gorka Ganso, 15’.
- 20:00 (CAFE BAR BILBAO): XXI. Cafe Bar Bilbao-Tartean sariak (irakurketa dramatizatuak): Arropa zuria / Iñaki Cid (20’) eta Dolu / Pantzo Hirigarai (20’).