Euskaltzaindiak gorazarrea egin die iaz hildako euskaltzainei, beraien bizitzak eta euskara eta euskal kulturaren alde eginiko ahaleginak gogoratuz. Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izan da, Jargi aretoan. Ekitaldiaren buru izan dira Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Joxan Goikoetxea eta Olatz Prat musikariek egin dute sarrerakoa, oraintsu zendu den Maite Idirin abeslari eta ohorezko euskaltzainaren Mendiko borda kantua interpretatuz. Ondoren, banan-banan irakurri dira iaz hildako bost euskaltzainen profilak, hots, hilberri-txostenak: Joxe Mari Iturraldek irakurri du Joan Mari Irigoien (Altza, 1948 – Donostia, 2023) euskaltzain urgazleari dagokiona, Paulo Agirrebaltzategik Joseba Intxausti (Segura, 1936 – Donostia, 2023) ohorezko euskaltzainarena, Peio Jorajuriak Mixel Oronoz (Baigorri, 1935 - Kanbo, 2023) ohorezko euskaltzainarena, Lontzo Zugazagak Jose Maria Rementeria (Etxebarria, 1940-2023) ohorezkoarena eta Josu Zabaletak aletu du Xabier Mendiguren Bereziartu (Ezkio, 1945 – Donostian, 2023) ohorezkoaren profila. Tarteka, musikariek beste hiru pieza jo dituzte, hain zuzen, Izarapean, Ez dolu egin eta Beltz, beltz, beltz.
Joxe Mari Iturralde euskaltzain urgazleak ondo ezagutu zuen Joan Mari Irigoien, eta idazlearen ezaugarri nagusiak agertu ditu jendaurrean: “Euskara eta literatura izan dira ardatz nagusi Joan Mari Irigoienentzat aspaldi idazten hasi zenetik. Ohikoa ez den benetako bokazioa izan du euskara eta literaturarekiko, eta, joan den arte, ez dio inoiz uko egin bokazio horri”. Irigoienek nobela eta poesia landu zituen batez ere, eta bere lanik aipagarrienak dira Babilonia eta Lur bat haratago.
Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak Joseba Intxaustiren bizitza gogoratu du, labur. Nabarmendu ditu urte luzez Jakin aldizkarian zuzendari bezala eginiko lanak, baina ez hori bakarrik, “euskararen eta euskal kulturaren alorreko hainbat ekimenen diseinatzailea edota kudeatzailea izan baitzen Joseba”. Besteak beste, UZEI, Euskal Hitz, Euskara Denona, Bidegileak, Euskal Kulturaren aldeko Fundazioa.... Historialaria ere bazen Intxausti, “euskararen historia sozialaren ikertzailea eta Joanes Etxeberri EHS institutuaren sortzailea eta zuzendaria”.
Peio Jorajuria euskaltzain urgazleak irakurri du Mixel Oronozen hilberri-txostena. “Erretreta hartu-eta berehala buru belarri engaiatu zen euskararen eta euskal kulturaren alde, hala nola Euskal Konfederazioan, euskararen sustapen eta zaintza lanetan… Leku guztietan euskararen ofizialtasuna etengabe aldarrikatuz”, ekarri du gogora Jorajuriak. Bestalde, azpimarratu du marrazkilari fina ere bazela Oronoz, “musikari ona (organo-jole) eta idazlea”, 13 liburu ondu baitzituen Baigorriko euskaltzaleak.
Lontzo Zugazaga ohorezko euskaltzainak aletu du Jose Maria Rementeriaren ibilbide oparoa. “Parrokiaz gain, Jose Marik kargu ugari izan zituen elizbarrutian, tartean Pastoraltzako kontseilukide, Katekesirako gotzain-ordezkari eta V. Lurraldeko gotzain-bikario izan zela”. Itzultzaile nekaezina izan zen Rementeria Bibliaren eta Liturgiaren alorrean: Elizen arteko Biblia, Meza Liburua eta Mezako Irakurgaiak liburuak eta Jainkoaren Herriaren Otoitza aipa genitzake”. Etxebarriko apaiza ikertzaile fina eta zehatza zela ere nabarmendu du Zugazagak, Euskerazko Dotrinak: Kristau katekesia Trentoko Kontziliotik Vatikanoko I. Kontziliora ikerlan argigarri eta garrantzitsua aipatuz.
Azkenik, Josu Zabaleta ohorezko euskaltzainak Xabier Mendiguren Bereziarturen bizitza eta lanak gogoratu ditu. “Euskal idazle eta itzultzailea, munduko traduktologia modernoa euskal itzulpengintzara ekartzen langile nekaezina” izan zela adierazi du, “XX. mende bukaerako eta XXI. hasierako Euskal Herriko itzulpen jarduna modernizatzen eragilerik indartsuenetako bat” izan zuela. Zentzu horretan, aipatu du Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sortzaileetakoa eta hamar urtez bertako irakasle eta zuzendaria ere izan zela Mendiguren, eta, horrez gain, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen eta Senez aldizkariaren sortzaileetakoa. “Saiakerak eta artikuluak idatzi eta literaturazko eta filosofiazko hainbat liburu argitaratu zituen gaztelania, frantses, ingeles, italiera, alemanera eta errusieratik itzulita. Horrez gainera, *Itzulidatz* lantaldearen sortzaileetakoa izan zen Xabier, Euskalgintzako Kontseiluaren sortzaileetakoa eta lehenengo idazkari nagusia, eta EH 11 kolore mugimenduaren bozeramailea ere bai”, agertu du Zabaletak.