Urtero, Euskaltzaindiak gorazarre egiten die aurreko urtean hildako euskaltzainei, izan oso, emeritu, ohorezko edo urgazle. Ohiturari jarraituz, iaz zendutakoak omenduko ditu Akademiak ostiral honetan, urtarrilak 26 dituela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan (Jargi aretoa). Ekitaldiaren buru izango dira Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Goizeko 10:00etan, Euskaltzaindiak urteko lehen Osoko bilkura egingo du bertan, eta 12:00etan hasiko da Ageriko bilkura, Jargi aretoan. Joxan Goikoetxea eta Olatz Prat musikariek egingo dute sarrerakoa, Izarapean abestia interpretatuz; ondoren, banan-banan irakurriko dira iaz hildako bost euskaltzainen profilak, hots, hilberri-txostenak: Joxe Mari Iturraldek irakurriko du Joan Mari Irigoieni dagokiona, Paulo Agirrebaltzategik Joseba Intxaustirena, Peio Jorajuriak Mixel Oronozena, Lontzo Zugazagak Jose Maria Rementeriarena eta Josu Zabaletak aletuko du Xabier Mendiguren Bereziarturen profila. Tarteka, musikariek beste bi pieza joko dituzte: Ez dolu egin eta Beltz, beltz, beltz.