Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak jardunaldi mamitsua antolatu dute gaur SAF-en egoitzan. Bertan, hizkuntza-zuzenbidearen bilakaera aztertu da batik bat, hots, euskararen ikuspegitik hizkuntza-zuzenbideak duen egoeraz eta garrantziaz jardun dute hizlariek. Miren Azkarate euskaltzain osoak eta Sabino Arana Fundazioaren Patronatuko kideak aurkeztu ditu hizlariak, banan-banan, eta Andres Urrutiak esan du komeni dela zuzenbidearen bidez garatu diren legeak aurrera eramatea, baina interpretazio gaurkotua emanez.
Aitor Esteban Kongresuko diputatuak Espainiako Erresumako hizkuntza-erregelamendua aztertu du, betiere Kongresuari eta Senatuari dagokienez. Gogoratu du 2022ko ekainean PSOEk Kongresuko araudia aldatzearen kontra egin zuela, hots, Kongresuan Estatuko hizkuntza koofizialen erabilera sartzeko aldaketaren kontra. “Eta orain begira, behartuta bada ere, onartu dute”, gaineratu du. Aldaketa horren bultzatzaileak katalanak izan direla aitortu du Estebanek, batez ere, “Esquerra Republicana”. 2010ean, Espainiako Senatuan emandako aldaketa ere aipatu du: “Araudi horren arabera, Senatuan hizkuntza koofizialak erabil daitezke. Noiz? Mahaiburu berriak bere lehen interbentzioa egiten duenean, hori bai, gaztelaniaz gero esango duen berdina esateko izan behar du; mozioetan ere erabil daiteke; eta herritarrek edo erakundeek paper bat aurkezten dutenean; idazki horiek Senatuko itzulpen-zerbitzuak itzultzen ditu gero”.
“Oraingo eskaera hau –Kongresuan gertatu dena– Junts per Catalunya-k aurkeztu zuela esan du Estebanek, PSOEren gobernuaren borondatea probatzeko. “Guk lagundu egin genien –onartu du–, baina katalanek moldatu zuten testua. Guk gero kezkatzen gaituzten beste gauza batzuk erantsi genituen”. Oraingo egoera ere argitu nahi izan du EAJren diputatuak: “Kongresuko Osoko bilkuretan edozein gai edo prozedura-motatan erabil daitezke hizkuntza koofizialak. Senatuan, ostera, mozioetarako edo Autonomia Erkidegoetako mahaietan bakarrik”.
Jaime Tapia magistratuak Euskara eta Justizia EAEn. Gogoeta deritzon berbaldia eman du. Tapiak bere hitzaldiari hasiera eman dio esanez etorkizunari begira baikor azaltzen dela, “gizarteak aldaketak eskatzen dituelako, eta eragile juridikoen euskararen aldeko joerak ere hori adierazten didalako. Horri gehitzen badiogu botere publikoek aldaketak egitearen aldeko borondate tinko eta irmoa erakutsi dutela, aurrera egingo dugula uste dut”.
Baina onartu du, bestalde, azken 25 urteotan Justizian aldaketa gutxi izan direla. Zergatik? Bere ustez, “zenbait arazo politikoren erruz, botere judizialen aginteen, Espainiako Gobernuaren eta Parlamentuaren borondate ezaren erruz”. Salbuespen bakarra Eusko Jaurlaritza izan dela gehitu du. Ondoren esan du lehen oztopoa desagertu dela, bigarrena politikoki konpon daitekeela eta hirugarrena ere gainditu ahal dela, “nahi izanez gero”.
EAEko Justiziaren administrazioan gaur egun euskarak daukan egoera ere azaldu du Tapiak. “Prozedurei gagozkiela, oso gutxitan erabiltzen da euskara”, baina esan du funtzionarioen artean euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin duela nabarmen, eta horrek ahalbidetu duela herritarren eta funtzionarioen arteko ahozko eta idatzizko harremana euskaraz izatea. “Horretan EAEko Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko 2011-2020 arteko planak badu zerikusirik, funtzionarioen hizkuntza gaitasunak gora egin baitu”. Eta bestelako datuak ere eman ditu hori dena ziurtatzeko: “EAEko Justizia administrazioan erabiltzen diren dokumentu elebidunen kopurua nabarmen hazi da, % 35etik % 61era, eta aurrerakada hori jurisdikzio eta lurralde guztietan gertatu da”.
Epaileen artean ere gora egin du euskararen ezagutzak, baina oraindik urria dela onartu du Tapiak (284 epailetik 34k dute euskaren ezagutza halamoduzkoa). Finean, magistratuak esan du Justizia administrazioan euskara normalizatu nahi bada, interpreteen eskutik izan daitekeela, “konponbide bat izan daiteke epe motzean, hori bai, horrek ezin du komunikazio zuzena ordezkatu”. Zentzu horretan, oztopo judirikoak kentzea ezinbestekoa dela esan du.
Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskararen Akademiak bideratu duen Hizkuntza-zuzenbidea proiektuaren sorrera azaldu du bere berbaldiaren sarreran: zergatiak eta helburuak. Helburuen artean bat nabarmendu du Urrutiak, hain zuzen, “hizkuntzei buruz eta beren-beregi euskarari buruz maila juridiko desberdinetan emandako araubideak euskaraz biltzea eta gizarteari eskaintzea”. Ondoren, jurilinguistika diziplina berriaren nondik norakoak jorratu ditu, batez ere horrek “euskara bezalako hizkuntza gutxituentzat zer ekar dezakeen” egoki gogoetatzeko. Hitz batez, hizkuntzaren eta zuzenbidearen arteko loturak eta guruzbideak plazaratzeko abagunea profitatu du euskaltzainburuak, euskararen errealitatetik abiatuta beti ere.
Hizkuntza-eskubideen kontzeptua eta Elebide
Hizkuntza-eskubideen kontzeptuari buruz aritu da gero Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazlea. "Hizkuntza-eskubideak XX. gizaldiaren lehenengo erdialdean ingurumari eleaniztunetarako arautu zen, eta helburu-eskubide gisa kontzeptualizatu; denboragarrenean, erkidego elebakarrek ere euren biztanleentzat arautzen dituzte hizkuntza-eskubideak erkidego horietako herritarrentzat ere tresna-eskubide gisa ere arautuz", azaldu du Loberak. Laburbilduz, hizkuntza-eskubideak “kontzeptuaren eta haien hartzaileen ikuspegietatik” aldatu direla esan du legelari bizkaitarrak.
Azkenik, Elebidek eginiko ibilbidea eta etorkizuneko erronkak agertu ditu Joseba Lozano Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak. Lozanok gogoratu du EAEko herritar guztiei hizkuntza-eskubide berak aitortzen zaizkiela, baina onartu du, halaber, “legezko berdintasun formalak talka egiten duela sarritan errealitatearekin”, jakina denez, errealitatean euskara gaztelania baino ahulago baitago. Ondorioz, “herritarrek egunero-egunero eta han-hemen sentitzen dute urratu egiten zaizkiela legez dagozkien hizkuntza-eskubideak”.
Horretaz oharturik, EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Elebide sortu zuen 2006an, hain zuzen, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua. “Tresna honek ispiluaren aurrean jartzen du Administrazioa egunero, eta herritarrei esaten zaie gobernua hor dagoela guzti-guztien hizkuntza eskubideak uneoro defendatzeko”, ELEBIDEren eginkizun nagusia baita “EAEko herritar guztien hizkuntza eskubideak sustatu eta bermatzea”.
Datu eta kopuruei begira, hauxe argitu du Lozanok: Izapidetutako ia kexa guztietan (% 96) euskal hiztunek nozitu dute eskubide urraketa, eta % 4tan erdaldunek. Kexa horien % 80 esparru publikoan gertatzen direla ere esan du, “baina horrek ez du esan nahi sektore pribatuan euskara hobeto bermatzen denik, inondik inora, euskaldunek ere badakitelako sektore publikoa prestatuago dagoela zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan emateko”.
Elebidek eraginkorra izan nahi duela adierazi du Lozanok, “baina errealitateari begiratze hutsarekin badakigu asko geratzen zaigula oraindik egiteko”. “Jarraitu beharra dago tresnak eta bideak ezartzen hizkuntza ahulenaren alde, ez hizkuntza indartsuenari kalte egiteko, baizik eta hizkuntza biek aukera berdinak izan ditzaten. Ez dezagun ahaztu gaztelaniaren etorkizuna bermatuta dagoela, eta euskararena ez”, ohartarazi du. “Aurrera egin behar dugu naturaltasunez eta normaltasunez –ekin dio Lozanok–, presarik gabe baina gelditu barik, gure helburua lortu arte: euskararen eta gaztelaniaren arteko benetako berdintasuna eta bizikidetza”.