Joan den martxoan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak, Kantabriako, Asturiasko Printzerriko eta Galiziako presidenteekin batera, Makroeskualde Atlantikoa eratzeko eginiko proposamena begi onez eta aukera gisa ikusten du Euskaltzaindiak. Mugikortasunaren, energia trantsizioaren eta bestelako gaien eremuan ez ezik, Arku Atlantikoan bizi diren hiztun-elkarte txikiagotuak ikusarazteko eta biziberritzeko ere bai.
Ez da ahaztu behar eremu horretan, besteak beste, galizieraz, asturieraz, euskaraz, okzitanieraz edo bretoieraz hitz egiten duten milaka pertsona bizi direla eta hiztun-elkarte horiek hainbat errealitate dituztela, ezagutzaren, biziberritzearen eta aitortzaren ikusmoldetik. Gainera, badira hiztun-elkarte batzuk bizirik dirautenak estatu batean baino gehiagotan. Euskaltzaindia sortu zenetik, oso kontuan hartu du Akademiak euskara mugaz gaindiko hizkuntza dela eta euskararen lurralde guztietan lan egin behar dela hiztunen kopurua hazteko zein erabilera indartzeko; horren haritik, hiztun-elkarte guztiei dagokie gutxieneko aitortza biziberritzeko aukerak izan ditzaten.
Horiek horrela, Euskaltzaindiak I. Urkullu Lehendakariari eskatuko dio hizkuntza eta kultura txikiak (ere) kontuan har daitezen Makroeskualde Atlantikoaren zereginak finkatzen direnean. Era berean, Euskaltzaindia prest dago, Makroeskualde horren altzoan, sare bat antolatzeko Real Academia Galega, Academia de la Llingua Asturiana, Lo Congrès permanent de la lenga occitana, Ofis Publik ar Brezhoneg eta bestelako elkarte nahiz erakundeekin, hiztun-elkarte txikiagotuak Europako erakundeetan ikusarazteko, haien arteko lankidetza indartzeko, egitasmoak partekatzeko, bai eta pilatutako ezagutza transferitzeko ere, bereziki, teknologia berriak erabiliz.