Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko bi deialdi argitaratu zituen martxoan. Bat, gradu- eta master-amaierako zazpi lan saritzeko, eta bestea, hiru ikerketa-lan monografiko diruz laguntzeko. Denera, hamabi eskaera aurkeztu dira, eta epaimahaiak ondoko zortzi egitasmoak saritzea erabaki du:
- Beasaingo gazteen kafe-tertulia (Maddi Aiestaran).
- Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio-jolasak (Iñigo Otaegi eta Jon Basauri).
- Hizkuntza nahasmenduaren aztarna bila euskaraz: kasu-marka eta aditz komunztadura (Ainhoa Leyaristi).
- Iruñerriko gazteen hizkera (Audrey Serrano).
- Ergatiboaren erabilera euskara-gaztelania kode-alternantzian: kasu azterketa (Endika Uriarte).
- Lexikoaren aldakortasuna Imozko hizkeran. Inkesta linguistikoak (Alazne Fernández de Muniain).
- Aldudeko ibarreko euskara (Oier Urreizti).
- Kode-alternantziaren erabilera eta jarrera euskaldunengan (Mikel Pérez).
Gradu- eta master-amaierako lanak onduko dituen Ikertzaile bakoitzak 1.500 euro jasoko ditu, eta irailaren 29ra arteko epea dute proiektuak garatzeko.
Ikerketa-lan monografikoaren saridunak 3.000 euroko laguntza jasoko du eta 2024ko otsailaren 29ra bitarteko epealdia izango du ikerketa-lana entregatzeko.
Deialdien helburua
Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktoretza-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hori aitortzea, eta unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea da deialdi honen helburua.