2022an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra. Orain, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraituz, sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari. Larunbatean, apirilak 22 dituela, izango da ekitaldia, Lekeitioko basilikan. Euskaltzaindiak Osoko bilkura egingo du 10etan, herriko udaletxean, eta 12etan hasiko da ekitaldi instituzionala.
Hasteko, Miren Agur Meabek lore-eskaintza egingo dio R.M. Azkueri, lehen euskaltzainburua basilikan bertan hilobiratuta baitago. Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak ongietorria egingo diete bertaratutakoei. Protokoloak agintzen dituen bestelako hitz eta aurrekarien ostean, Itsaso bete mezu sarrera-hitzaldia irakurriko du idazle lekeitiarrak. Honela, itsasoak bere ibilbide poetikoan izan dituen agerpideez mintzatuko da, poema zatiak oinarritzat hartuta. Meabek hamahiru puntutan laburbilduko du berbaldia: Bizi-aroen portua; Arranegi versus Goikokalea; Hondartza, prisma bat; Orografiari buruzko apunteak; Itsas zoologiaren lagin batzuk; Oinarrizko gastronomia; Kresala, pasioaren perfumea; Itsasoa, doluaren gordailu; Genealogia femeninoaren ozeano horiek; Ur-mitoen gazitasunaz; Tresnak: belak, arrauna, amuak eta mapak; Itsas belarrien bilduma; Sormenaren ur irauliak; Harea, arbel eta lehengai.
Castillo Suárez euskaltzain osoak emango dio erantzuna, Galtzearen arteaz testuarekin. Hona hemen idatziaren abantzu labur bat. “Galerei aurre egiteko idazten du Miren Agur Meabek. Agur esateko ere bai. Negar egiten du galerei neurria hartzeko. Idatzi egiten du gaitzetik ateratzeko. Baina, batzuetan, ez dago mina arintzerik, boligrafoak ez daki bereizten zer den lehenago, negarra edo mina, idatzia edo sentitutakoa, nahigabea edo gonbitoa. Batzuetan bihozmina biderkatu eta oinaze bihurtzen da, gainera. Orduan, nahiago du gorputzik eduki ez, eta testu hasikin bihurtu, esaldi mataza, ohar kaier. Finean, idaztea galtzen eta erratzen ikastea da”. Galtzearen arteaz egin zuen Elizabeth Bishop poeta estatubatuarrak poema zoragarria, eta poema horretatik abiatuta, Castillo Suárezek Miren Agur Meaberen poetikaren nondik norakoak azalduko ditu.
Akabuan, euskaltzain berriak karguaren zina egin beharko du, euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela esanez. Gero, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu Meabek euskaltzainburuaren eskutik, eta, azkenik, andreen aurreskuak zarratuko du ekitaldia.