Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Euskaltzaindiak Hitzak Lege erakusketa ibiltaria aurkeztu dute gaur Batzar Nagusien egoitzan (Miramon pasealekua). Euskaltzaindiak, Eusko Legebiltzarrarekin, Nafarroako Parlamentuarekin, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiekin elkarlanean antolatu du proiektua.
Aurkezpen ekitaldian, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria eta Iker sailburua, eta Gotzon Lobera legelaria eta erakusketaren koordinatzailea egon dira. Erakusketaren helburu nagusia Euskadiko eta Nafarroako bost ganbera Legegileek eta Baionako Udalak gordeta dituzten euskarazko testu juridiko esanguratsuak modu erakargarrian, ulergarrian eta interaktiboan erakustea da.
Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak aurkezpenean adierazi duen moduan, “behar-beharrezkoa dugu erroak ematen dizkigun hitza eta gure herrian errotutako legea ezagutzea. Gure erreferenteak, gureak. Eta gureak jakinda, gainerakoak. Hitzak Lege erakusketa egokia da horretarako. Zorioneko gaude, beraz”. Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburuak gogoratu du egitasmo hau ere elkarlan mamitsu baten fruitua dela, “hain zuzen, Akademiaren bokazioa horixe baita, euskal kultur-eragile eta erakundeekin batera jokatzea”. Bere aldetik, Gotzon Lobera legegileak erakusketaren gakoa azaldu du, lau eta argiro: "Erakusketa honek mendeetan zehar ezkutatu izan den errealitatea azaleratu nahi du: euskara duela mende askotatik egon dela presente euskararen lurraldeetan bizi ziren pertsonen harreman juridiko pribatuetan, baita lurralde horietako instituzioen jarduera administratiboan ere".
Erakusketak dokumentuen informazioa duten 14 panel fisiko ditu, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Gainera, 2 panel elkarreragile, 3 panel argiztatu eta 2 bitrina jatorrizko dokumentuak erakusteko egongo dira.
Gipuzkoari lotutako dokumentu esanguratsuen artean, honako hauek aurki ditzakegu: Hileta-ondorengo elizkizunak (Bergarako Udalbatzaren 1783ko akta baten itzulpena); Españiaco uritar constitucionalen cartilla civilla (1820); Bergarako ituna (1839); Usurbilgo ordenanatzak (1888); edo Gipuzkoako Batzar Nagusietako dokumentuak (1979-2022).
Hitzak Lege jada izan da Gasteizen, Iruñean eta Bilbon (Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Bizkaiko Batzar Nagusietan), eta Donostian maiatzaren 12ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera: 10:00etatik 14:00etara.
Erakutsiko diren testu bitxi batzuk:
- 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoen testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten du nola jokatu behar zen oinordetzetan eta dohaintzetan.
- Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dute.
- 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek elkarri eman zioten hitz ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziren, eskribaua, berriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntza eskatu zuen eskribauak).
- 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek —elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago.
- 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.
- 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen.
- 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten.
- 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen.
- 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.
- 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948.
- Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.