Euskaltzaindiak 2018an aurkeztu zuen jendaurrean webgune berritua. Ordutik, urtero egin izan dira aldaketa txikiak, baina oraingo honetan harago joan da Euskararen Akademia, eginiko aldaketak esanguratsuak eta mamitsuak baitira. Hala, Akademiak webgunea osatu duela esan daiteke, betiere erabiltzaileen mesedetan.
Hauexek dira osatu edo ezarri diren atalak, banan-banan:
Euskaltzaindiaren Hiztegia: egituratze eta itxura berria
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren hizkuntza-baliabidea eguneratu da: batetik, bilatzaile berria garatu da, funtzionalagoa, bilaketa-aukera berriak eskainita; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain eta, beraz, zehatzagoa da.
Itxura berria du hiztegiak, baina, era berean, gehitu egin zaizkio 2023ko lehen eguneratzean zuzendu edo osatu diren sarrera eta azpisarrerak eta bertan txertatu diren sarrera eta azpisarrera berriak. Honela, 2022ko uztailetik abendura, 1.959 forma moldatu ziren, eta 404 forma berri gehitu (176 sarrera eta 228 azpisarrera).
Forma berriei gagozkiela, batez ere, gaurko corpusetan maiz ageri direnak, egunerokoak, gehitu dira (bioeraikuntza, erresilientzia, gentrifikazio, administrazio(-)isiltasun, argazkia atera, asto(-)lan, demaseko, gizarte(-)langile, langile(-)mugimendu, zuntz(-)haustura...). Gainera, estatu bateko hiriburu ez diren hirietako herritarren izenak ere landu dira (bartzelonar, mallorcar, newyorktar...), horiek guztiak Exonomastika batzordearekin batera. Bai eta udalerri ez diren herritarren izenak ere (itziartar, igeldoar, urrestildar). Onomastika batzordearekin batera landu da atal hori.
Azken eguneraketan, bereziki, hiztegi barruan jasota zeuden esapide asko bistaratzeko lana egin da, adibideen artean galduta antzean zeudenak, eta maiz azalpena ere eskatzen dutenak: astoa saldu eta mandoa erosi ('nola-halako egoera batetik beste txarrago batera igaro'), begi txarra ez izan, odolean eraman, onddoak bezala, perretxikoen moduan, soka luzea ekarri, txapela kentzeko moduko, urre(-)bitsetan bizi, zakutik edo zorrotik (Ipar. 'moduren batean'), zapi zikinak eguzkitara atera...
Horrez gain, adibidetegia berrikusi da: hornitu dira adibiderik gabe zeuden adierak, bai eta adibide zaharkituak berriez ordeztu ere. 1.517 adibide gehitu/kendu/moldatu dira aipaturiko epean.
Guztira 48.305 forma ditu orain hiztegiak (38.222 sarrera eta 10.083 azpisarrera), eta 67.722 adiera.
2023ko lehen eguneratzea: gehitu edo moldatu diren forma guztiak HEMEN.
Adorez Hiztegia; erdaretako ordainen bilatzailea
Adorez hiztegiaren ardura daraman lantaldearekiko hitzarmen baten bidez, Adorez Hiztegiaren datu-basea Euskaltzaindiaren Hiztegiaren datu-basean txertatu egin da, emaitzak modu konbinatuan ikus daitezkeelarik: euskara > gaztelania hizkuntza-parea dago integratuta.
Azkueren Hiztegia
Euskaltzaindiaren titulartasunarena den Azkueren Hiztegiaren edukia eta datu-basea Euskaltzaindiaren Hiztegiaren datu-basean txertatu da, eta emaitzak modu konbinatuan ikus daitezke Aurten baik eginiko aplikazio baten bidez. Euskara > gaztelania eta euskara > frantsesa baliokideak ikus daitezke Euskaltzaindiaren Hiztegiaren emaitzekin batera.
Orotariko Euskal Hiztegiaren eguneratzea
Orotariko Euskal Hiztegiaren (OEH) 11. argitaraldia ere egin da. Bertan, 26 sarrera eta 34 azpisarrera berri eta TEI (Text Encoding Initiative) delako testu-kodeketaren arabera egituratutako 7.377 adibide berri agertzen dira. Azkenik, Bartolome Olaetxearen Kristinauben Doktrina osorik arakatu eta bertako adibideak gehitu dira.
Euskararen Gramatika liburuaren online bertsioa
Euskararen Gramatika lanaren lineako bertsioa argitaratu du Akademiak webgunean. Liburuaren eduki osoa modu aberastuan ematen da, kontsulta-modu desberdinak eskainiz (aurkibidea eta testu libreko bilaketa). Testua bera ere aberastu da: barne-estekak, laguntza kontestualak, nabigazio hierarkikoa... Eta, azkenik, osorik jaisteko aukera ere badago.
Euskaltzaindiak 2021ean aurkeztu zuen XXI. mendeko Euskararen Gramatika. Azken hogeita bost urte hauetan argitaratu diren gramatikek baliatzen dituzten kontzeptuak aintzat hartu ziren gramatika berria egiterakoan. Edozein kasutan, deskribatzailea da gramatika hau, ez arauemailea.
EODAren eguneratzea
Pertsona-izen epizenoen azalpen-testuak eguneratu dira Euskal Onomastikaren Datutegian (EODA). Testua eguneratzeaz gain, deskribapenaren barruan estekak gehitu dira, hiru baliabideetara: EH, OEH eta EODA.
Hizkuntza-baliabideen menuaren eguneratzea eta gaztelaniazko bertsioa
Webgunearen berritzean, Hizkuntza-baliabideak atalaren menu-egitura berria prestatu da. Horrez gain, Euskaltzaindiaren webgunearen gaztelaniazko bertsio berria ere landu da. Hasiera batean, webgunearen alderdi instituzionala izango da gaztelaniaz erakutsiko dena.
Hildako euskaltzainen ataria: osoak, ohorezkoak eta urgazleak
Hildako euskaltzainen azpiatala gehitu zaio webguneari. Bertan, euskaltzain osoen, ohorezkoen eta urgazleen fitxa biografiko osoak ikus eta irakur daitezke.
Argitalpen berria: Towards a Methodological Model for a Social History...
Etxeberri bildumako 8. zenbakia PDF eta ePub bertsioetan eskaintzen da, eta 500 orrialde pasatxo ditu.
Towards a Methodological Model for a Social History of Languages: a basque contribution liburua online irakurtzeko sistema garatu da. ePub formatutik abiatuta, edozein gailutan irakurtzeko bisorea landu da (bisore hori etorkizunean online formatuan argitaratzen den Euskaltzaindiaren edozein liburutan erabili ahal izango da).
Hizkuntzen Historia Soziala iker-eremua gaur egun zertan den aurkeztu ez ezik, metodologia historiko soziolinguistiko zehatza eta zorrotza eskaintzen du Euskararen Historia Soziala egitasmoaren testuinguruan idatzitako liburuak.
Eredu berritzailea izanik eta nazioarteko ikertzaileek izan dezaketen interesa ikusita, soziolinguistikari lotutako metodologiaren ingeleseko bertsioa paratu dute Mikel Zalbidek eta Lionel Jolyk (Euskaltzaindia – Euskararen Historia Soziala egitasmoa).