Mintzola egitasmoaren bidez, Gipuzkoako Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren babesarekin, ikerketa sustatzeko bi deialdi egin zituen Euskaltzaindiak 2022ko urrian: bata, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu amaierako bost lan saritzeko; eta bestea, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko bost ikerketa-lan edota master-amaierako lan saritzeko.
Deialdi batera zein bestera aurkeztutako lanak aztertu ondoren, gradu amaierako bi lan saritzeko erabakia hartu du epaimahaiak:
- Ane Iriondo Arizmendiren Elgoibarko 16-30 urte bitarteko gazteen hizkuntza mudantzak.
- Odei Guirado Irasuegiren Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-plana.
Saridunek 2023ko ekainaren 15era bitarteko epea izango dute lanak eginda entregatzeko.
Hizkuntza mudantzak eta murgiltze-planak
Odei Guiradok Pulunpa (e)ta Xin! murgiltze-plana jorratuko du bere gradu-amaierako lanean. Baina, zer da Pulunpa (e)ta Xin? “Euskal Herrira iritsi berria den erdal jatorriko ikasleentzat garatutako harrera- eta murgiltze-plan integrala da”, azaldu du Guiradok. Egitasmoa Ikastolen Hizkuntza Proiektuan kokatzen da eta Zirimola Ikastolen Aisialdi Proiektua du oinarri. “Horrela, gutxiagotutako hizkuntza eta kultura baten testuinguruan gaudela aintzat hartuta, euskaratik eta euskaraz lan egiteko esku-hartze pedagogikoa proposatzen du, horren ardatz dituela euskara, hizkera eta ikastolako eremu informalak, kulturartekotasuna, emozioak, ludikotasuna, jolasa eta atxikimendua”, gaineratu du.
Lehen aldiz, iritsi berriak diren bi haurrei harrera egiteko, Orereta Ikastolan aplikatu da harrera-plana; zehazki LH4 mailan. Ikertzailearen ustez, “esku-hartzearen ostean, emaitzek erakutsi dute egoki eragin daitekeela erdal jatorriko haurren euskalduntzean, euskararekiko, euskal kulturarekiko, eta komunitatearekiko atxikimendua sustatuz. Hain zuzen, euskaratik eta euskaraz ikastolako eremu informalak baliatuz, jolastuz, gozatuz, partekatuz, eta adimen emozionala landuz”.
Elgoibarko 16 eta 30 urte bitarteko gazteek dituzten hizkuntza mudantzak aztertuko ditu Ane Iriondok. “Gazteok egoera ezberdinetan hizkuntza batetik bestera aldatzeko joera izaten dugu. Hizkuntza aldaketa edota hizkuntza mudantza horiek, bizitzako bost egoeretan edota taldetan sailkatzen dira: eskola, institutua, unibertsitatea, lan mundua eta maila pribatuan. Ikerketa honetan 2., 3., eta 4., egoeretan jarriko dugu fokua, eta gazteen arteko hizkuntza aldaketa horietan, generoak, hezkuntzak eta inguruko pertsonak izango dira ardatz. Izan ere, gaur egun Elgoibarren, emakumezkoen artean, euskaraz hitz egiteko eta momentu oro hizkuntza horretan aritzeko joera dago. Gizonezkoetan, ordea, kontrakoa gertatzen da: egoera ezberdinetan hizkuntza bat edo beste erabiltzen dute. Baina, joera horren ardatza hezkuntzan dagoela esan dezakegu, izan ere, umetan ikasitako eskolak asko baldintzatzen du: Ikastolara euskaldun familiak joaten dira eta Herri Eskolan, aldiz, etorkinen seme-alabak dira nagusi”, azaldu du ikertzaile gipuzkoarrak.
Deialdien helburua
Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktoretza-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hori aitortzea, eta unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, euskaraz egiten ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea da deialdi hauen helburua.