Euskaltzaindiak eta Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmena berritu dute gaur goizean. Hitzarmenak aurtengo jarduerak hartzen ditu, urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte. Ekitaldian Enrique Maya Iruñeko alkateak, María García Barberena zinegotziak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordeak, eta Sagrario Aleman eta Andres Iñigo euskaltzain nafarrek parte hartu dute.
Hitzarmenak hala ezarrita, Euskaltzaindiak Iruñeko Udalak euskarari buruzko hizkuntza-gaietan eskatzen dizkion aholkularitza-lanak egingo ditu. Gainera, hizkuntza- arloko informazio- eta aholkularitza-zerbitzuak emanen dizkie herritarrei, baita txostenak eta ziurtagiriak egin ere, dela bulego orokorretan, dela Nafarroako ordezkaritzan. Euskaltzaindiak kultura-hedapenerako jarduerak, ikastaroak edo hitzaldiak bultzatuko ditu, kasuan kasuko entitateekiko elkarlanean. Azkenik, Iruñeko Udalaren liburutegi publikoek eta Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskaltzaindiak sustatzen dituen argitalpen eta aldizkarien hamaika ale jasoko dituzte.
Andres Urrutiak hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du, eta azaldu du zein den aspaldiko elkarlan honen xede nagusia, hain zuzen, herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena ematea. "Hitzarmen honek eragin handia izango du –gaineratu du euskaltzainburuak–, eta baliatuko dugu Euskaltzaindian, Nafarroan eta euskararen beste lurraldeetan egiten den lana indartzeko eta gizarteratzeko, egungo baliabideak erabiliz".
Euskaltzaindia erakunde aholku-emaile ofiziala da euskarak darabiltzan hizkuntza-arauak ezartzeko. Erakundeak konpromisoa hartzen du dirulaguntza hitzarmena betetzeko eta harekin lortu nahi diren helburuak lortzeko erabiliko duela, eta, bereziki, Euskaltzaindiak Iruñean duen ordezkaritzari eusteko eta Iruñetik herritarrei eskaintzen dizkien hizkuntza-aholkularitzako zerbitzuak emateko.