Gaur goizean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gidatu du Ordaindu gabeko letra bat liburua aurkezteko ekitaldia. Liburuak poeta bilbotarraren hamabi olerki biltzen ditu, gaztelaniaz eta euskaraz emanak, eta, horrez gain, orain arte ikusi bako irudi ugari. Argitalpena bideratzeko, Blas de Otero Fundazioa eta Euskaltzaindia aritu dira udalarekin elkarlanean .
Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan izan da ekitaldia, eta han egon dira, Bilboko alkatearekin batera, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia, Andres Urrutia euskaltzainburua eta José Fernández de la Sota Blas de Otero Fundazioaren zuzendaria.
Blas de Otero sarritan agertu zen haserre euskaraz ikasteko aukera lapurtu ziotelako. Hala zioen 1968ko Euskeraz egin dezagun poema famatuko lehen lerroetan: “Jaio nintzelarik, egin zidaten aurrenekoa mihia moztea izan zen./ Hori ziria sartu zidatena. / Orozkotik eta Durangaldetik nator. / Eskubide osoa neukan neure aurrekoen hizkuntza eskuratzeko. / Amamari entzuten niona baratzeko sagarrondo eta gereziondoen artean. / Protesta dezadan. / Ordaindu ez didaten letra erreklamatzen dut.”. Gaurko ekitaldian, Juan Mari Aburtok eta Andres Urrutiak aitortu dute poetarekin zegoen zorra kitatu dela, “modu sinbolikoan bada ere”; hain zuzen, ordaindu gabeko letra hori kobratu duela poetak, bera hil eta 43 urtera bada ere.
Sortzaile bilbotarraren 12 poema euskaratu dira orain liburu berria gertatzeko, eta itzultzaileen zerrenda beste horrenbeste euskal idazlek osatzen dute (Gabriel Aresti, Luigi Anselmi, Joseba Sarrionandia, Miren Agur Meabe, Felipe Juaristi, Leire Bilbao, Kirmen Uribe, Beatriz Chivite, Gerardo Markuleta, Harkaitz Cano, Haritz Gorrotxategi eta Bernardo Atxaga).