Igandean hauteskunde orokorrak egingo dituztela eta, hizpide izango da Italia egunotan. Horregatik, Italiarekin zerikusia duten kontu batzuk gogora ekarri nahi ditugu, besteak beste, araututako formekin bat ez datozen leku-izenak ikusten baitira zenbaitetan.
Esate baterako, honelako esaldiak aurki daitezke sarean:
«Ospe handiko performancea egin zuen Esther Ferrer artistak *Bolognako geltokian hartutako hainbat trenetan.»
«Umberto Eco *Piamonten jaio zen 1932an.»
«*Vesubio sumendiaren erupzio batek labaz eta errautsez estali zuen Ponpeia.»
«Denboraleak Liguria eta *Emilia-Romaña eskualdeetan ere kalte handiak eragin ditu.»
«Baionan detektatutako lehen COVID kasua Italian bidaia bat egitetik zetorren, *Lonbardiatik.»
«*Kalabriako herri batean ekimen berritzailea jarri dute martxan despopulazioari aurre egiteko.»
Italia (edo Italiako Errepublika) estatuko herritarren jende-izena italiar da. Herritar‐izen eta jatorri‐adjektibo konposatu jasoetan italo- forma erabiltzen da. Gogoratu horrelakoak marratxoz idaztekoak direla, gainerako koordinazio-elkarteak bezala. Hona adibide batzuk:
«Italo‐suitzarrak gero eta gehiago dira Suitzan.»
«Futbolari italo‐argentinarrak.»
Italiako hiriburua Erroma da, eta hiri hori izendatzeko hiri betierekoa ezizen deskriptiboa ere erabili ohi da. Horrelakoei buruz Euskara Batuaren Eskuliburuak gogorarazten duenez, leku- edo pertsona-izenen ondoan, atributu gisa edo haien ordez, erabiltzen diren ezizen deskriptiboak ez dira letra larriz ematekoak.
Gogoan izan Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daitekeen EODA datutegia ezin erabilgarriagoa dela toponimoen inguruko zalantzak argitzeko. Adibidez, datutegi horretan jasotakoaren arabera, honela idaztekoak lirateke gorago aipatutako esaldiak:
«Ospe handiko performancea egin zuen Esther Ferrer artistak Boloniako geltokian hartutako hainbat trenetan.»
«Umberto Eco Piemonten jaio zen 1932an.»
«Vesuvio sumendiaren erupzio batek labaz eta errautsez estali zuen Ponpeia.»
«Denboraleak Liguria eta Emilia-Romagna eskualdeetan ere kalte handiak eragin ditu.»
«Baionan detektatutako lehen COVID kasua Italian bidaia bat egitetik zetorren, Lombardiatik.»
«Calabriako herri batean ekimen berritzailea jarri dute martxan despopulazioari aurre egiteko.»
Leku-izen horiei dagokienez, azken ohar bat: Lombardiako herritarrak izendatzeko lombardiar formaz gain, langobardo ere arautu du Euskaltzaindiak.
Ikus halaber: