2020an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Paskual Rekalde hizkuntzalari nafarra. Orain, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari. Larunbatean, maiatzak 21 dituela, izanen da ekitaldia, Amaiurko herriko plazan. Euskaltzaindiak Osoko Bilkura eginen du 10etan, Elizondon, eta 12etan hasiko da ekitaldi instituzionala, Amaiurren: hasmentan, Mikel Altzuart Dutari bertsolari baztandarrak pare bat bertso botako ditu; segidan, Amaiurren Kantuz abesbatzak Amaiur zintzo eta leiala abestia kantatuko du; ondoren, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Ixabel Aleman Amaiur herriko alkateak ongietorria eginen diete bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera.
Ondoren, Paskual Rekaldek sarrera-hitzaldia irakurriko du, eta hiru gai nagusi jorratuko ditu mintzaldian: euskara batua eta mintzamoldeak; Baztango hitzen ekarpena Euskaltzaindiaren Hiztegiari; eta Amaiurko toki-izenak, etxe-izenak, pertsona-izenak... (ezagun zein ezezagun). Miriam Urkia euskaltzain osoak emanen dio erantzuna, eta gero euskaltzain berriak zin egin beharko dio bere karguari, euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela esanez. Azkenik, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu Rekaldek euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren akabailan dantza-saioa eginen dute Amaiurko eskolako haurrek eta ekitaldira hurbildutakoek zintzurra bustitzeko aukera izanen dute.
Euskaltzainek, agintariek, senideek eta gonbidatuek Gaztelu elkartean bazkalduko dute. Bazkalondoan herriko arkeologia museoa bisitatzeko aukera izanen da, eta, eguraldiak lagunduz gero, baita Amaiurko gazteluaren hondakinak ere.