Euskaltzaindiak 329 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2021eko bigarrenurterdianeginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu gaur sareratu den eguneratzeak.
Hartara, azken sei hilabeteotan 329 forma berri jaso ditu Akademiak bere hiztegian, hain zuzen ere, 211 sarrera eta 118 azpisarrera. Era berean, 306 forma moldatu edo findu ditu: 261 sarrera eta 45 azpisarrera.
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak esan du “asko eta askotarikoa” dela azken sei hilabeteotan landu den materiala. “Hitz berriei erreparatu bai, baina batez ere lehendik dauden sarrerak eta azpisarrerak berrikusten, osatzen eta zuzentzen ibili gara, lan hori ez baita inoiz amaitzen”, azaldu du Urkiak.
Forma berriak
Azken sei hilabeteotan hitz ugari gehitu zaizkio hiztegiari. Gutxi batzuk aipatzearren: apuratu, narko, hormatzar, efektibo, dietista, kafetxo, ponentzia, artefaktu, arpilatze, faktoria, light, literal, lurrazpi, joskintza, partzela, tik-tak, txikitero, pisukide, ibuprofeno, doktrinamendu, podcast...
Azpisarrera berrien artean ere badira berrikuntzak. Esaterako, arrisku(-)egoera, haur(-)eskola, orri(-)bazter, setio(-)egoera, sexu(-)abusu; sexu(-)eraso, hil ala biziko, lan(-)istripu, larrialdi(-)zerbitzu, off-eko ahots, berri(-)agentzia, klima(-)aldaketa, klima(-)larrialdi, esklusiban, foru(-)zuzenbide gehitu zaizkio hiztegiari.
Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.596 forma ditu guztira (40.002 sarrera eta 9.594 azpisarrera) eta 68.695 adiera (horietatik 2.420 azpiadierak dira).