Euskaltzaindiak Aniztasuna: hizkeren berba-mintzoak argitalpena plazaratu du. Berean, Akademiaren mendeurrenaren baitan Bilboko Euskal Museoan antolatu zen II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarrean jasotako txosten, ohar eta agiriak biltzen dira: tartean, nazioarteko dialektologia egitasmo nagusiak, hizkuntzaren bariazioa eta faktore eragileak, eta hizkuntza atlas batzuen corpusak -Euskararen Herri Hizkeren Atlasarena barne-.
Baina liburuaren asmoa haratago doa, Adolfo Arejita Herri Hizkeren Atlasaren zuzendariak aitortzen duenez: “Dialektologia ikerketei buruzko ikuspegi gaurkotua ematen du liburuak: gaur egun zertan diren, non egin behar den indarra,... Aldi berean, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren -EHHA- emaitzak jasotzen ditu. Baina etorkizunari begira ere jartzen gara argitalpen honetan, eta aurrerantzean dialektologia ikerketak nola planteatu behar diren aztertzen da bertan”. “Hizkuntzen, eta berariaz euskararen aniztasuna, islatu nahi du liburu honek, baina ahalegin handia egin dugu Euskal Herrian egiten duguna beste lurralde batzuetan egiten diren lanekin erkatzeko”, gaineratu du Arejitak.
Azkenik, 2019an Bilbon egin zen jardunaldian ondorio garbi bat atera zutela argitu du, hots, euskararen atlasgintza ez dela orain arte egindakoaz agortu: “Ikertze-ildo berriak irekiz doazkigu. Batetik, orain artean bildutako eduki oparoari ahalik eta onurarik handiena ateratzea dugu eginkizun. Bestetik, ageri zaizkigun hutsarteak bete behar ditugu. Eta denaren gainetik, euskararen dialektologiak hizkuntzaren biziberritze eta normalkuntzari dakarkiokeenari hats eman behar diogu”.