Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du gaur, Iruñeko udaletxean egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Ibon Sarasola emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Alfontso Mujikak erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengoa.
Gogoratu behar da uztailaren 23an, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean egindako Osoko bilkuran, Akademiak euskaltzain emeritu izendatu zuela Ibon Sarasola euskaltzain osoa; jakina da emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituztela euskaltzain osoek. Ondoren, urriaren 29an amaitu zen hutsune hori betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek Gasteizko Osoko bilkuran (Alfontso Mujika Etxeberria) eta gaurko bilkuran hizkuntzalari gipuzkoarraren aldeko hautua egin dute euskaltzainek.
Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du Mujikak sarrera-hitzaldia paratzeko, eta epe berdina izanen du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Horren buruan, harrera ekitaldia egingo da.
Ibon Sarasola euskaltzain emerituaren lekua beteko duen euskaltzain osoaren profil laburra:
Alfontso Mujika Etxeberriak (Donostia, 1959) Ingeniaritza Tekniko Industriala ikasi zuen EHUn. 1982-1987 bitartean, Donostiako AEKn lan egin zuen, irakasle hasieran, eta AEK-ko Donostialdeko eraketa-arduradun gisa azken hiru urteetan. 1987-1990 bitartean, Udako Euskal Unibertsitateko kudeatzailea izan zen.
1990az geroztik, Elhuyarren dihardu hizkuntza-teknikari: Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoaren erredaktorea izan zen eta Klaudio Harluxet Fundazioak argitaratutako Euskal Hiztegi Entziklopedikoa 8 liburukiko entziklopediaren erredakzio-burua ere bai (1995); halaber, Telebistako Teknopolis zientzia-dibulgazioko programaren erredaktorea (1999-2001) eta zuzendaria (2000-2002) izan da.
Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kidea da 2008tik eta Nafarroako Unibertsitateko Donostiako Tecnun Ingeniaritza Goi Eskolako irakaslea da 2017az geroztik.
2002tik, Euskaltzaindiaren Exonomastika batzordeko kidea da, eta 2007tik batzorde horretako idazkaria. 2006ko maiatzaren 26an izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta Onomastika batzordeko kidea da 2016tik, eta 2017tik idazkaria.
2016tik, Euskara Batuaren Eskuliburua proiektuaren aholkulari eta ohargilea ere bada. Gainera, 2019an, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak argitaratutako Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak liburuaren idazle eta prestatzailea izan zen.
1918tik 2021era, 94 euskaltzain oso
Hogeita lau euskaltzain osoz, euskaltzain emerituz, euskaltzain urgazlez eta ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 94 euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak.
Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda (guztira, 23): Sagrario Aleman; Adolfo Arejita; Aurelia Arkotxa; Bernardo Atxaga; Miren Azkarate; Jean-Baptiste Coyos; Patxi Goenaga; Roberto González de Viñaspre; Jabier Kaltzakorta; Joseba Lakarra; Alfontso Mujika; Beñat Oihartzabal; Miren Lourdes Oñederra; Paskual Rekalde; Andoni Sagarna; Patxi Salaberri; Pello Salaburu; Ana Toledo; Miriam Urkia; Andres Urrutia; Xarles Videgain; Patxi Zabaleta; eta Mikel Zalbide.
Eta hauek dira egungo emerituen izenak: Jean-Louis Davant; Andres Iñigo; Xabier Kintana; Jose Luis Lizundia; Txomin Peillen; Patxi Uribarren; eta Ibon Sarasola.