191. arauan Historiaurreko eta Antzinaroko artelanak euskaraz adierazteko irizpideak eta adibideak eman ziren. Haren jarraipen gisa ulertu behar den arau honetan, munduko era guztietako monumentuak euskaraz adierazteko irizpide orokor eta xeheak zehaztu ditu Euskaltzaindiak. Artelanaren izendapenaren egituraren arabera zer aukera eta zer arazo dauden zehaztu ondoren, zer idatzi behar den letra larriz hasita eta zer letra xehez adierazten da arauan, bai eta zer irizpideren arabera erabakitzen den arkitekturako kanpoko artelan baten izena euskaratzea edo jatorrizko forma erabiltzea ere. Halaber zehazten da noiz ezaba daitekeen artelanaren izen generikoa (eliza, zubia, jauregia, dorrea...) eta zergatik, eta kasu berezi batzuetarako irtenbideak ere ematen dira (erdal artikuluekin zer egin, eraikin erlijioso batzuen izenen kasu bereziak...).
Irizpide nagusiak emateaz gainera, mundu osoko artelan ezagunen zerrenda bat ere ematen da arauan, arkitekturako 100dik gora obraz osatua, eta, euskarazko izendapenaz gainera, gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta ingelesezkoa ere ematen dira.
Exonomastika batzordea