Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Bilbon euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko baliagarri izango dena.
Hitzarmen hau urtero sinatzen dute eta bertan ezartzen da Euskaltzaindiak Bilboko Udalari lagunduko diola hirian euskara garatzen eta plazaratzen, hizkuntza arloko aholkularitza emanez eta hizkuntza biziberritzeko eta euskal kultura zabaltzeko hitzaldiak eta kultur jarduerak antolatuz.
Euskararen erabilera normalizatu eta zabaltzeko, Bilboko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) dauka. Plan horren hiru helburu nagusiak dira euskararen transmisioa ziurtatzea, erabilera soziala bultzatzea eta hizkuntzaren kalitatea bermatzea. Gaur goizean sinatutako hitzarmenak erronka horiei aurre egiteko balio du, erakunde bien arteko aspaldiko lankidetza baliatuz.