Gizartea goitik behera eraldatu du iaz geroztik COVID-19ak, eta lan-arloan ere eragin nabarmena izan du birusak. Etxeratze-aginduak langile asko behartu zituen lehen aldiz etxetik lan egitera, eta enpresek ere lana antolatzeko molde berrira egokitu behar izan zuten. Horrek lan-arloko araudia berritzea ekarri du, eta lehendik ere gure artean genituen bitarteko teknologiko batzuen erabilera areagotu du lantoki gehienetan.
Eraldaketa horrek sustatu dituen oinarrizko hitz batzuk jaso dira Telelanaren oinarrizko lexikoan. Izan ere, Euskaltzaindiaren UZEI erakunde atxikiak Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailea (Euskaltzaindiaren Hiztegia), batetik, eta Euskalterm terminologia-banku publikoa bestetik, abiapuntu hartu ditu lan horretarako, inguruko beste hizkuntzetako terminologia-banku nagusiekin batera. Telelanari eta telelaneko baliabide teknologikoei buruzko euskarazko erabilera ere kontuan hartu da, eta arreta berezia jarri zaio komunikabideetan jasotakoari.
Era berean, Iparraldean zein Hegoaldean indarrean dagoen lan-arloko araudia eta, besteak beste, Lanaren Nazioarteko Erakundeak urrutiko lanaren eta telelanaren inguruko datu estatistikoak biltzeko erabiltzen dituen gidalerroak ere erreferentziatzat hartu dira.
Edonola ere, oinarrizko lexikoa den aldetik, lehen hurbilketa-lana izatea du helburu lexiko honek.