2015ean plazaratu zen azkena, polonieraz, hebreeraz, finlandieraz, nederlanderaz, georgieraz eta errusieraz. Azken edizio honek hizkuntza horien eta euskal kulturaren eta hizkuntzaren arteko sarrera-azalpen bat dauka bidelagun, Xabier Kintana euskaltzain osoak eta edizio arduradunak paratua. Hona hemen Xabier Kintanak edizio berrien karira idatzitako testua.
Edizioak eta itzulpenak
Euskal literaturako testurik enblematikoena da Linguae vasconum primitiae, eta hori oso iritzi zabaldua izan da euskal literaturaren kritikari eta ikertzaileen artean. Adibidez, Joan Mari Torrealdai euskaltzainak zuzendu zuen Euskal idazleak gaur (Jakin, 1977) liburu mardul hartan, inkesta tankeran berariaz eskatu zitzaien lau pertsonari euskal literaturako hamar libururik onenak hautatzea eta laurek hautatu zuten liburu bera zerrendaren lehen postuan: Linguae vasconum primitiae (1545). Koldo Mitxelenak, Luis Villasantek, Ibon Sarasolak eta Santi Onaindiak aho batez esana. Interesgarria da, apika, Mitxelenak bere hautua arrazoitzeko egindako oharra hemen jasotzea: “Eta inola ere ez lehen liburua delako”.
Testu klasikoekin gertatzen den bezala, hainbat edizio izan ditu, hona hemen aipagarrienak: Brunet (1847), Cazals (1874), Destouesse (1893), Lopez Mendizabal (1933), Lafon (1951), Akesolo (1966), Altuna (1980) eta Lavin (2015).
Itzulpenak ere ez dira gutxi: gaztelaniara edo frantsesera egindakoak alde batera utzita, hauek dira ezagutzen ditugunak: ingelesa (Lejardi&Gifford, 1989; Morris, 1995), alemana (Kabatek, 1995), italiera (Manera, 1995), armeniera (Sarkisian, 2001), galegoa (González, 2013), katalana (Martí, 2013), errumaniera (Cristea, 2013), txinera (Xiao, 2013), kitxua (Chaluisa&Pilataxi, 2013), arabiera (Hares&Hares, 2013), japoniera (Hagio&Yoshida, 2014), nederlandera (Jansen, 2015), finlandiera (Lantto, 2015), georgiera (Gabunia&Sturua, 2015), errusiera (Gabunia&Sturua, 2015), poloniera (Krajewska, 2015), hebreera (Mishor, 2015).
Dena den, agian bertsiorik ezagunenak Xabier Letek edo Oskorrik bere garaian musikatu eta kantatutakoak dira: poema solteak dira, baina horiek dira, ziur aski, gaur egungo euskaldunaren gogoan durundi egiten dutenak.